59. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXEBERRIKO KONTZEJUA

Auzolana arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Ordenantzaren hasierako onespena jendaurrean jartzeko iragarkia argitara eman zen 2025eko 246. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 11n, baita iragarki-taulan ere.

Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jo, eta argitara ematen da haren testu osoa, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Etxeberrin, 2026ko martxoaren 9an.–Kontzejuko burua, Javier Martija Echarri.

ETXEBERRIKO KONTZEJUKO AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Kontzeptua.

Ordenantza honen xedea da auzolana edo herritarren lana arautzea, kontzeju honen mesederako egiten diren lan eta zerbitzuei dagokienez.

2. artikulua. Oinarriak.

–Ordenantza hau, lehenik, arautzen da Etxeberriko auzolanaren ohitura historikoaren bidez; orobat, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53., 54. eta 55. artikuluek xedatzen dutenaren bidez.

3. artikulua. Nahitaezkotasuna eta salbuespenak.

–Auzolana egin beharra dute 18 urtetik 55era bitarteko kideren bat duten familia guztiek, Etxeberrin erroldatuta badaude edo kontzejuan bizi badira urtean 9 hilabetez gutxienez. Hala ere, aukera dago 16tik 60 urtera bitartekoek ere auzolana egiteko.

–Auzolana egiteko, familiatzat hartuko da kide bakarreko nahiz gehiagoko familia, baldin eta bizilagunen udal-erroldan familia-unitatea osatzen badute, eta besteengandik berezitako etxebizitza edo etxe batean bizi badira.

–Familia bakoitzetik kide batek soilik egin beharko du nahitaez auzolana.

–Familia-unitateko edo familiako ordezkariaren ordez beste batek egiten ahal du auzolana, betiere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez aritzeko prest badago. Ordezkapen horren berri aurretik eman behar zaio Kontzejuari, eta parte-hartzaileen zerrendan sartuko du, aseguruarekin egin behar diren komunikazioetarako.

–Auzolana egiteko betebeharretik salbuetsita egonen dira lanerako ezintasun iraunkorreko egoeran daudenak, espetxeratuak, eta desgaitasun fisikoa, intelektuala edo sentsoriala dutenak.

–Familia bakoitzak gutxienez 3 auzolan egin beharko ditu urtean. Egiten ez den auzolan bakoitzeko, 50 euro ordaindu beharko dira konpentsazio gisa, auzolanetan sortutako gastuak ordaintzeko (otorduak, materialak eta abar). Bizilagun batek bere makinaren bat erabiltzen badu lan bat egiteko, Kontzejuak ordainduko du erabilitako erregaia, eta auzolan bat gehiago egin izan balitz bezala zenbatuko da, urteko zenbaketan. Hau da, egun horretan 2 auzolan egin izan balira bezala zebatuko da.

–Kontzejuko ordezkariek konpromisoa hartzen dute urtean gutxienez 5 auzolanetarako deia egiteko, eta familia bakoitzak aukera izanen du horietako bitara ez agertzeko, ezin izanez gero.

4. artikulua. Komunikazioak eta abisuak.

–Etxeberriko Kontzejuko ordezkariek, atzematen diren beharren arabera, 7 egun lehenago eginen dute auzolanerako deialdia, eta adieraziko dute nolako lanak egin beharko diren. Auzolanera joanen direnek beranduenez 48 ordu lehenago erantzun beharko dute, parte-hartzaileen zerrenda bidal dakion aseguru-entitateari.

Iragarkiaren kodea: L2603795