59. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

38E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 10ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntzen deialdi hau: pertsona fisikoentzako eta irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuentzako laguntzak, ondare higiezina zaharberritzeko 2026. urtean. DDBN kodea: 892929.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 87. artikuluak ezartzen du kultur arloko eskumena duen departamentuak Nafarroako kultur ondareko ondasunen ikerketa, dokumentazioa, kontserbazioa, berreskurapena, zaharberritzea eta zabalkundea bultzatuko dituela, dirulaguntzen eta bestelako sustapen neurri ekonomikoen bitartez.

Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legeak 37. artikuluan ezartzen duenez, kulturaren arloan eskumenak dituen departamentuak dirulaguntzak eta laguntzak ezarriko ditu urtero foru lege horren 2. artikuluan zerrendatutako printzipioen arabera zehazten diren kultur sektoreentzat. Artikulu horretan, Nafarroako kultur ondare materiala eta immateriala babestea, zaintzea, ezagutaraztea eta garrantzitsutzat jotzea aipatzen da foru legearen alderdi inspiratzaile gisa. Era berean, laguntzen deialdi honekin lagundu nahi da foru lege horren 10. artikulua betetzen.

Deialdi honen xedea da dirulaguntza ekonomikoen bidez laguntzea kultur ondare higiezina kontserbatu, finkatu, birgaitu eta zaharberritzeko lanak, sustatzen dituztenak Nafarroako Foru Komunitatean pertsona fisikoek eta irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuek. Hala, Nafarroako kultur ondarea babestu eta kontserbatzeaz gain, Nafarroako ondare higiezineko ondasunen kontserbazio eta zaharberritzearekin loturiko enpresa txiki eta autonomoei laguntzea ere bilatzen da, administrazio publikoen mende nabarmen dagoen sektore horren enplegagarritasuna sustatuko baita.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, deialdiaren oinarri arautzaileetan adierazitako balorazio-irizpideak eta mugak aplikatuz lortzen diren puntuen araberako lehentasun-hurrenkerari jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2006 Foru Legearen 17. artikuluan ezarrita dagoen bezala.

Gehieneko aurrekontu-zuzkidura 175.000 eurokoa da, A20001-A2100-7809-337105 partidaren kargura (Eraikin babestuetan esku hartzeko laguntzak), eta esku-hartze bakoitzerako eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da onartutako aurrekontuaren %50 baino handiagoa izan. Nolanahi ere, ez da 30.000 eurotik gorakoa izanen eskatzaile bakoitzeko.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntza deialdi hau onestea: pertsona fisikoentzako eta irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuentzako laguntzak, ondare higiezina zaharberritzeko 2026. urtean.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20001-A2100-7809-337105: Eraikin babestuetan esku hartzeko laguntzak

2026

175.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Deialdia eta bere oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Datu-base Nazionalera (DDBN) igortzea.

Iruñean, 2026ko martxoaren 10ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

DEIALDIA, PERTSONA FISIKOENTZAKO ETA IRABAZI-ASMORIK GABEKO ENTITATE PRIBATUENTZAKO LAGUNTZAK EMATEKO, KULTUR ONDAREKO HIGIEZINETAN ESKU HARTZEKO 2026. URTEAN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzen xedea eta araubide juridikoa.

1.1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko kultur ondareko higiezinak kontserbatu, sendotu, birgaitu eta zaharberritzeko esku-hartzeen kostuaren zati bat finantzatzea. Esku-hartze horiek pertsona fisikoek eta irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuek 2026ko ekitaldian sustatuak izanen dira.

Helburua da horrelako esku-hartzeak sustatzea eta Nafarroako kultur ondareko ondasunen titularrei beren kontserbazio- eta babes-betebeharrak betetzen laguntzea, bat etorriz Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearekin.

1.2. Deialdi honen ondorioetarako, Nafarroako kultur ondareko higiezintzat hartuko dira Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen arabera interes kulturaleko ondasunak, ondasun inbentariatuak eta garrantzi lokaleko ondasunak direnak, bai eta berariaz sartuta daudenak ere behin betiko onetsitako udal hirigintza-plangintzako katalogoetan edo Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Ondare Arkitektonikoaren Inbentarioan.

1.3. Dirulaguntzak ematea oinarri hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren bidez arautuko da.

1.4. Dirulaguntzak emateko prozedura eginen da norgehiagokako araubideari jarraikiz.

1.5. Ez dira diruz lagunduko ondasunak ezagutarazteko eta horiei garrantzia emateko jarduketak, hala nola hitzaldiak, bisita gidatuak eta liburuxkak, ezta esku-hartzeak eskatzen dituen baimenak eta lizentziak ere.

2.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Dirulaguntzaren onuradun izaten ahalko dira egoitza soziala eta fiskala Nafarroan duten pertsona fisikoak eta irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuak, baldin eta higiezinen jabe badira eta Nafarroako kultur ondare higiezina kontserbatu, sendotu, birgaitu eta zaharberritzeko lanak sustatzen badituzte.

Onuradun izaten ahalko dira, halaber, ondasun higiezinen gozamendunak eta errentariak, jabetzaren baimena edo adostasuna badute esku-hartzerako.

2.2. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea, eta, horiez gainera, honako hau: ez egotea ez zehapen administratibo edo kondena-epai irmo bat betetzen sexuan edo generoan oinarritutako lan-praktika diskriminatzaileak izateagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiengatik ezarritako zehapen edo kondena-epai bat betetzeko zain ere.

b) Egunean izatea tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

c) Frogatzea higiezinaren jabeak edo gozamendunak edo errentariak direla, zuzenbidean onartutako edozein frogabideren bidez.

d) Frogatzea higiezina Nafarroako kultur ondarea dela, oinarri arautzaileen 1.2 puntuaren arabera.

e) Frogatzea lortu edo eskatu direla jarduerarako behar diren gainerako baimen eta lizentzia guztiak.

2.3. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Toki-entitateak, haien erakunde autonomoak eta partaidetzaren gehiengoa toki-entitateena duten enpresa-entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako 2026ko aurrekontu orokorretan xede bererako dirulaguntzaren partida izendun baten onuradun diren entitateak.

2.4. Ondasun higiezinaren titularkidetasunaren kasuetan, onuradun izaten ahalko dira higiezinaren titularkide diren pertsona fisikoen edo irabazi-asmorik gabeko entitateen taldeak. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, taldekide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, taldearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko da, taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe.

3.–Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.

3.1. Deialdi honen ondorioetarako, diruz lagungarriak dira honako gastu hauek:

a) Kontserbatu, sendotu, birgaitu eta zaharberritzeko lanen proiektu teknikoen idazketaren eta zuzendaritza fakultatiboaren ondoriozko gastuak. Aipatu proiektu teknikoak teknikari eskudunek idatziak izanen dira, bat etorriz Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legean araututakoarekin.

b) Ondare higiezina kontserbatu, sendotu, birgaitu eta zaharberritzeko lanen gastuak.

3.2. Esku-hartzeak 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 13ra bitartean egin eta amaitu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitatean.

3.3. Deialdi honetan ezarritakoaren ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe bat datozenak diruz lagundutako jardueraren izaerarekin. Gastu diruz lagungarrien erosketa kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

3.4. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

a) Finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako esku-hartzea gauzatzeko peritu gastuak eta administrazio gastuak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

c) Zeharkako zergak, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal direnean, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

d) Kapital ondasunak edo ondasun inbentariagarriak sortu edo eskuratzeko erabili behar diren ondasunetan egindako inbertsioak.

e) Esku-hartzearen zabalkundetik eratorritako gastuak edo dirulaguntzaren xedearekin zuzenean lotuta ez daudenak.

f) Udal obra-lizentziaren tasatik eratorritakoak, beharrezkoa denean, edo beste edozein administrazio-baimen edo -zergatik eratorritakoak.

3.5. Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoak, jasotako eskabideak aztertzean, ezartzen ahalko du deialdi honen xedea betetzen duten esku-hartzeak eta gastuak zein diren, eta dirulaguntza-proposamenetik baztertzen ahalko ditu, zati batean edo osorik, ezarritakoa betetzen ez duten jarduerak eta gastuak.

3.6. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoa betez, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean (lanen exekuzioaren kostua izanez gero) edo 12.000 eurotik gorakoa denean (zerbitzu- edo hornidura-kontratuak izanez gero), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen nahikoa entitate.

Aurkeztutako hiru eskaintzen arteko hautapena, justifikazioarekin batera adierazi beharrekoa, efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz eginen da, eta memoria batean justifikatuko da espresuki, proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu ez bada.

4.–Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.

4.1. Esku-hartze bakoitzerako emandako dirulaguntzaren zenbatekoa onartutako aurrekontuaren %50 izanen da gehienez, eta ez du inola ere gaindituko eskatzaile bakoitzeko 30.000 euroko zenbatekoa.

Onartutako aurrekontua izanen da pertsonak eta entitateak aurkeztutako aurrekontua, kenduta deialdi honen 3. oinarrian ezarritakoarekin bat diruz lagungarriak ez diren zenbatekoak.

4.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa. Eskatutako esku-hartzerako emandako beste edozein dirulaguntza publiko jakinarazi beharko zaio Ondare Arkitektonikoaren Atalari.

5.–Aurrekontu-egozpena.

Deialdi honetarako baimendutako gastua 175.000 eurokoa da, eta 2026ko gastuen aurrekontuko honako partida honi egotziko zaio: A20001 A2100 7809 337105 (Eraikin babestuetan esku hartzeko laguntzak).

6.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

6.1. Pertsona juridikoek eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez edo izapideen bilatzaileko deialdiaren fitxaren bidez, URL honetan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-personas-fisicas-y-entidades-privadas-sin-animo-de-lucro-para-intervenciones-en-inmuebles-del-patrimonio-cultural

Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskabidearekin batera aurkezten diren agiriak formatu digitalean aurkeztu beharko dira, lehentasunez.

6.2. Eskabideak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ondare Arkitektonikoaren Atalari zuzenduko zaizkio.

Hurrengo ataletan eskatutako agiriak erantsiko dira, eskatzaileak edo haren legezko ordezkariak sinatuak.

6.2.1. Aurkeztu beharreko agiriak.

A) Agiri administratiboak.

–Eskabidea, entitate eskatzailearen datuak eta beharrezkoak diren baimenak eta adierazpenak zehaztuta. Eskabide-eredua eskuragarri egonen da izapideen bilatzailean, deialdiaren fitxan.

–Entitatearen estatutuak, eskatzailea irabazi-asmorik gabeko entitatea bada.

–Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.

–Higiezinaren jabetza edo gozamendunaren edo errentariaren egoera frogatzeko agiriak, zuzenbidean onartutako edozein frogabideren bidez.

–Jarduerarako behar diren gainerako baimen eta lizentzia guztiak lortu edo eskatu izanaren frogagiriak.

B) Agiri teknikoak:

a) Teknikari eskudunak sinatutako proiektu teknikoa edo azalpen-memoria, agiri grafikoekin batera, hala badagokio, eta dirulaguntzaren xede den esku-hartzearen aurrekontua, legez beharrezkoa ez denean teknikari eskudunak sinatutako proiektu bat idaztea.

b) Aurrekontuan, esku-hartzearen gastu diruz lagungarriak zehaztuko dira, BEZa barne, eta honako hauek jasoko dira gutxienez:

–Proiektuaren barruan 2026an eginen den fasearen guztirako aurrekontua.

–2026rako dirulaguntzaren xede diren obra-kontzeptu edo -partiden kostu zehatza, dagozkien deskribapen eta neurketekin.

C) Hala badagokio, entitate eskatzailearen legezko ordezkariak sinatutako konpromiso hau: esku-hartzera bideratzea diruz lagungarria ez den baina proiektua gauzatzeko beharrezkoa den aurrekontu-zatia.

D) Eskabidea 7. oinarrian xedatutakoaren arabera baloratzeko behar diren gainerako agiriak, hala nola eraikinaren egungo egoeraren argazkiak eta proiektu estrategikoetan sartu izanaren agiriak.

6.3. Ez da eskabide bat baino gehiago onartuko pertsona edo entitate partikular bakoitzeko, eta eskabide bakoitza Nafarroako kultur ondare higiezinean esku hartzeko proiektu edo lan bakar bati buruzkoa izanen da.

6.4. Dirulaguntza-eskabideak identifikazio-datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko agiriak aurkezten ez badira edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, gehienez hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluari.

6.5. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.–Balorazio irizpideak.

7.1. Dirulaguntzak onartu eta haien zenbatekoa zehazteko honako alderdi hauek baloratuko dira, eta gehienez ere 100 puntu emanen dira. 50 puntura iristen ez diren eskabideak ezetsi eginen dira.

7.2. Hauek dira baloratuko diren alderdiak:

a) Esku-hartzearen urgentzia: 30 puntu gehienez.

Balorazioa globala izanen da, higiezinaren egitura- eta eraikuntza-egoerari dagokionez, eta justifikatu egin beharko da, ezin baita kalkulu objektiborik egin.

Kualitatiboki baloratuko da, baremo honen arabera:

–Oso txarra: 30 puntu.

–Txarra: 20 puntu.

–Onargarria: 10 puntu.

–Beste egoera bat: 0-3 puntu.

b) Balio historiko-arkitektonikoa: 25 puntu gehienez.

Baremo honen arabera baloratuko da:

–Interes kulturaleko ondasuna: 25 puntu.

–Ondasun inbentariatua: 20 puntu.

–Garrantzi lokaleko ondasuna edo onetsitako udal hirigintza-plangintzan katalogatua: 15 puntu.

–Beste egoera batzuk: 10 puntu.

c) Kultur eta gizarte ondare izatea: 25 puntu gehienez.

Kontuan hartuko dira interes etnografikoa, immateriala, paisajistikoa eta turistikoa; erabilera eta xede kolektiborako interes soziala; eta zenbateko interesa duten lurraldeko proiektu estrategiko gisa, laguntzen ahal dutelako, besteak beste, gazteak landa-eremuetan finkatzen eta kultur ondareko intereseko ibilbideak sortzen.

d) Agiri teknikoen eta esku-hartzearen egokitasuna: 20 puntu gehienez.

Kontuan hartuko dira, besteak beste, aurkeztutako agiri teknikoen kalitatea, proiektua edo memoria proposatutako esku-hartzera egokitzea, metodologia, eraikuntza-teknika tradizionalak eta horiekin lotutako materialak errespetatu eta erabiltzea, materialen zikloaren ikuspegi integrala eta obra-fasean hondakinak kudeatzea, proposatutako zaharberritzea kultur ondasunari balioa ematera egokitzeko.

Balorazioa globala izanen da, esku-hartzeak higiezinaren kultur balioarekiko duen egokitasunari dagokionez. Kalkulu objektiborik egin ezin denez, kualitatiboki baloratuko da, baremo honen arabera:

–Oso ona: 20 puntu.

–Ona: 15 puntu.

–Egokia: 10 puntu.

–Desegokia: 5 puntu.

–Eskasa: 0 puntu.

7.3. Onartutako aurrekontuari aplikatzen ahal zaion ehunekoa.

Eskabide bakoitza zerrendatutako irizpide guztien arabera baloratuko da, eta lortutako puntuazio guztien baturak emanen du onartutako aurrekontuari aplikatu beharreko ehunekoa, eskala honen arabera:

LORTUTAKO PUNTUAZIOA

AURREKONTU DIRUZ LAGUNGARRITIK LAGUNTZA
JASOTZEN AHALKO DUEN EHUNEKOA

81 eta 100 artean

%50

71 eta 80 artean

%42

61 eta 70 artean

%38

51 eta 60 artean

%34

50 edo hori baino gutxiago

%30

Onartutako aurrekontu bakoitzari dagokion ehunekoa aplikatuta, eskabide bakoitzari emanen zaion zenbatekoa lortzen da.

8.–Izapidetze eta ebaluazio organoak.

8.1. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak izapidetu eta baloratuko ditu eskabideak.

Ondare Arkitektonikoaren Atalak txosten justifikatua emanen du eskabide bakoitzari emandako puntuazioez.

8.2. Ebaluazioa 7. oinarrian ezarritako irizpideen arabera egin ondoren, Ondare Historikoaren Zerbitzuak dirulaguntzak emateko ebazpen-proposamena eginen du.

9.–Laguntza emateko ebazpena.

9.1. Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoak, deialdian ezarritako irizpideen arabera aurkeztutako eskabideak alderatu ondoren, akta bat eginen du, eta, bertan, ebaluazioaren emaitza eta eskabideen hurrenkera zehaztuko ditu. Baloraziorik handiena lortu duten eskabideei emanen zaie dirulaguntza, betiere deialdian finkatutako aurrekontu-zuzkiduraren zenbatekoa gainditu gabe. Berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emanen zaio a), b), c) eta d) ataletan puntuaziorik handiena duenari, hurrenez hurren.

9.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko gehieneko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori ebazpenik eman gabe iraganez gero, eskabidea ezetsitzat joko da.

9.3. Dirulaguntza emateko prozeduran ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak argitaratuko dira izapideen katalogoan eskuragarri dagoen fitxan, URL honetan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-personas-fisicas-y-entidades-privadas-sin-animo-de-lucro-para-intervenciones-en-inmuebles-del-patrimonio-cultural

Halaber, ebazpenak pertsona edo entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie. Deialdiaren ebazpena Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da (Navarrería kalea 39, Iruña).

9.4. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

Ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.5. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, deialdia kudeatzen duen organora jotzen ahal dute interesdunek, posta elektronikoko helbide honen bidez: ayudaspatrimonioarquitectonico@navarra.es.

10.–Dirulaguntzen ordainketa.

10.1. Emandako dirulaguntzak egintza bakar batean ordainduko dira, egindako lanen egiaztagiriak aurkeztu eta onartzen direnean. Nolanahi ere, ordaindu baino lehen, Ondare Arkitektonikoaren Atalak ikuskapen teknikoa eginen du, egindako lanak dirulaguntzaren xederako egokiak direla egiaztatzeko.

10.2. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

Onartutako eta diruz lagundutako aurrekontuaren zenbateko osoa justifikatzen ez bada, eta diruz lagundutako jarduera egin bada, honela kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa: gastu justifikatuen baturari aplikatuko zaio onartutako aurrekontuaren eta emandako dirulaguntzaren artean dagoen ehuneko bera.

10.3. Ezinbestekoa izanen da eskatzaileak Nafarroako Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Diruzaintza Atalean izapidetu izana transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, abonu-kontuaren titular gisa.

11.–Dirulaguntzak justifikatzeko epea eta baldintzak.

11.1. Dirulaguntzen onuradunek justifikatu beharko dute bete dituztela ezarritako baldintzak eta lortu dituztela dirulaguntza emateko ebazpenean aurreikusi diren helburuak.

11.2. Egindako lanak ordaindu izanaren egiaztagiriak aurkezteko azken eguna 2026ko azaroaren 13a izanen da. Gastuen eta ordainketen frogagiriak 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 13ra artekoak izan beharko dira, biak barne.

11.3. Laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, justifikazioko kontua igorri ondoren honako agiri hauekin batera:

a) Jarduketari buruzko memoria, adierazita egindako jarduerak eta noraino bete den onetsitako proposamena.

b) Obra-bukaerako ziurtagiria, obren teknikari zuzendariak sinatua, edo fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio baliokidea duten dokumentuak. Faktura horiek egin beharko dira Fakturazio Betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

Fakturak hurrenez hurren zenbakituta egonen dira, eta partiden arabera antolatuta, adierazita hartzekoduna, zenbatekoa eta jaulkipen data.

Fakturak ordaindu direla frogatu behar da, ordainagiriekin.

Faktura bat baino gehiago aurkezten bada, zerrendarekin batera, Excel taula bat aurkeztuko da, nahitaez. Honako hauek jasoko dira bertan: fakturaren edo frogagiriaren zenbakia, jaulkitzailea, kontzeptua, gastu mota (3.1 oinarriaren arabera), ordainketaren eguna eta zenbateko konputagarria.

11.4. Hasierako eskabidearekin batera ez badituzte aurkeztu esku-hartzerako behar diren baimenak eta lizentziak, onuradunek 2026ko azaroaren 13a baino lehen aurkeztu beharko dituzte agiri horiek.

12.–Onuradunen betebeharrak.

12.1. Onuradunak betebehar hauek ditu:

12.1.1. Administratiboak.

a) Organo emaileari justifikatzea bete direla betebeharrak eta baldintzak, egin dela dirulaguntzaren xedeko esku-hartzea eta lortu dela dirulaguntza eman eta jasotzeko helburua, deialdi honen 11. oinarrian aipatzen den moduan.

b) Onartzea organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta beste kontrol organo eskudun batzuek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

c) Justifikatzea hornitzailea hautatzeko efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak baliatu direla, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Dekretuaren 28.3 artikuluan ezarritakoarekin.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Dirulaguntza onartu dela jakin eta 15 egun naturaleko epean eman beharko da horren berri, eta jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen betiere.

e) Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek (pertsona fisikoak izan ezik) dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren adierazpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaizkien agiriak ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.

Gardentasun betebeharrerako ereduak izapideen bilatzaileko deialdiaren fitxaren bidez betetzen ahalko dira, www.nafarroa.eus web-orrian.

Betebeharra dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, ezarritako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Gertatzen ahal diren zehapen-ondorioak alde batera utzi gabe, entitate onuradunak ez badu betetzen informazioa emateko betebehar hori, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko.

f) Emandako dirulaguntzaren ziurtagiriak aurkeztea, 11. oinarrian aipatzen diren datan eta moduan.

g) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak onuradunari kasu bakoitzean aplikatu behar zaion legedian agindu bezala edukitzea, Egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmenak erabil daitezen bermatzeko asmoz.

h) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.

i) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

12.1.2. Teknikoak.

a) Dirulaguntzak emateko oinarria izan diren lanak onetsitako moduan eta epean gauzatzea.

b) Ondare Arkitektonikoaren Atalari idatziz jakinaraztea esku-hartzearen hasiera- eta amaiera-datak.

c) Ondare Arkitektonikoaren Atalari jakinaraztea proiektuaren edozein aldaketa, haren onespena beharko baitu.

d) Esku-hartzea garaiz bukatzea, oinarri hauetako 11.2 puntuan ezarritako dirulaguntza justifikatzeko epea betetzeko.

12.1.3. Bestelakoak.

Jarduerei buruzko publizitate guztian adieraztea jaso dutela Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren laguntza.

Laguntzen onuradunek Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen 10.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko konpromisoaren adierazpena aurkeztu beharko dute.

Onuradunak Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legean ondare arkitektonikoa babesteko ezarritako neurriak bete beharko ditu. Horrez gain, dirulaguntza zer xedetarako eman zen, horretara bideratu behar ditu esku-hartzearen xede diren ondasun higiezinak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritako gutxieneko aldirako.

13.–Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

Maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira, legegintzako foru dekretu horretan aurreikusitako zerga-pizgarriak aplikatzearen ondorioetarako (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina).

Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzean, bete beharko da maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritakoa (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).

14.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak bateraezinak izanen dira Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntzarekin.

Hala ere, bateragarriak izanen dira bai Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek eta bai beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek xede berarekin emandako beste edozein dirulaguntzarekin. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, enpresa edo profesional onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

15.–Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.

Entitate onuradunek ez badituzte betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osoki edo partzialki.

Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du osoki edo partzialki, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

16.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenetarako, aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa (42. artikulua eta hurrengoak).

Zehapen-prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

17.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

18.–Administrazio-errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2604139