59. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERASKOAIN

Ordenantza, hobariak arautzen dituena zirkulazioaren gaineko zergan ibilgailu historiko eta klasikoetarako. Behin betiko onespena

Beraskoaingo Udalak, 2025eko azaroaren 13an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea honako ordenantza hau: Ordenantza, hobariak arautzen dituena zirkulazioaren gaineko zergan ibilgailu historiko eta klasikoetarako.

Espedientea jendaurrean jarri zen, iragarkia argitaratuta 2025eko 242. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 4an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko epean ez zaio inolako alegaziorik aurkeztu espedienteari. Beraz, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin (foru lege hori Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa da, eta aipatutako artikulua aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Argitara ematen da, aipatutako ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan.

ORDENANTZA FISKALA, TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA IBILGAILU HISTORIKO ETA KLASIKOEN HOBARIETARAKO

1. artikulua. Izaera eta oinarriak.

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga zuzeneko zerga bat da, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean derrigorrez ezarria (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea). Zerga hori ordenantza fiskal honen bidez arautuko da, eta ordenantzaren arauak aipatu foru arauaren 159.etik 166.era bitarteko artikuluetan (biak barne) ezarritakoari atxikitzen zaizkio.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza fiskal honetan xedatutakoaren ondorioetarako eta 1247/1995 Errege Dekretuaren 1. artikuluaren arabera, ibilgailu bat historiko deklaratzen ahal da baldin honako irizpide bat edo batzuk betetzen baditu eta, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren arabera, kalifikazio hori badu.

1.–Gutxienez 30 urteko antzinatasuna edukitzea fabrikazio datatik edo lehen matrikulazioaren datatik.

2.–Jada ekoizten ez den modeloa izatea.

3.–Jatorrizko egoeran egotea; hots, aldaketa tekniko esanguratsurik ez izatea honako hauetan:

–Motorra

–Balaztak

–Esekidura

–Direkzioa

4.–Interes historikoa edo berezia izatea arrazoi hauetakoren batengatik:

–Ekitaldi historikoetan edo lehiaketetan parte hartzea.

–Pertsona nabarmen batena izatea.

–Garai edo berrikuntza tekniko baten erakusgarri izatea.

Ibilgailu historikoen kalifikazioa eduki gabe 25 urteko edo gehiagoko antzinatasuna dutenak ibilgailu klasikotzat (ez du lege definiziorik) joko dira ordenantza honen aplikazioaren ondorioetarako.

3. artikulua. Hobariak.

1.–Hobari hauek aplikatuko dira trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan:

–Ibilgailu klasikoek %50eko hobaria izanen dute trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan.

–Ibilgailu historikoak salbuetsita egonen dira trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga ordaintzetik.

2.–Ordenantza honetan ezarritako hobariak eta salbuespenak erregutuak izanen dira, eta interesdunek horiek ematea eskatu beharko dute, baldin eta aldez aurretik baldintzak betetzen badituzte eta Udalari egiaztatzen badiote horiek emateko eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duen agiria.

–Zirkulazio-baimenaren kopia.

–Ibilgailuaren ikuskapen teknikoaren txartelaren kopia. Txartelean, hala badagokio, ibilgailuaren erreforma eta haren data adieraziko dira.

–Ibilgailu historikoaren kalifikazio-agiriaren kopia, halakorik badu.

3.–Hobaria jasotzeko baldintza izanen da egunean izatea Beraskoaingo Udalarekiko zerga-betebeharrak; halaxe eskatuko da hobaria onartzeko, eta, betetzen ez bada, hobaria galdu eginen da.

4.–Hobariek eta salbuespenek ondorioak izanen dituzte, halakorik bada, zein zergalditan eskatu diren, haren hurrengo zergaldian, hain zuzen.

Beraskoainen, 2026ko otsailaren 10ean.–Alkatea, Pablo Riezu Merino.

Iragarkiaren kodea: L2602013