59. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANGUREN

Udal ordenantza, arautzen duena gazteentzako bi udal etxebizitzaren errentamendua Arangurengo Kontzejuan. Behin betiko onespena

Arangurengo Udalak, 2025eko abenduaren 18ko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea ordenantza hau: udal ordenantza, arautzen duena gazteentzako bi udal etxebizitzaren errentamendua Arangurengo Kontzejuan.

Ordenantza jendaurrean egon zen hogeita hamar egunez, 2026ko urtarrilaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (10. zk.) argitaratu zenetik, eta ez zen erreklamaziorik, eragozpenik edo oharrik aurkeztu.

Beraz, behin betiko onetsi da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da osorik:

UDAL ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA GAZTEENTZAKO BI UDAL ETXEBIZITZAREN ERRENTAMENDUA ARANGURENGO KONTZEJUAN

Gaur egun, gazteek, gure herrietako bizilagunek, beren ingurunean gelditu ahal izateko etxebizitza-premia handia dute. Era berean, beste bizilagun batzuk ere zailtasunak dituzte udalerrian etxebizitza bat erosteko edo alokatzeko orduan.

Egoera horren aurrean, Arangurengo Kontzejuak eta Aranguren Ibarreko Udalak uste dute gazteei laguntzeko neurriak hartu behar direla, independizatu ahal izateko eta zailtasunak dituzten familiei laguntzeko. Era berean, azken hamarkadetan landa-inguruneak jasaten ari diren despopulazioa arintzeko neurriak hartu behar dira. Arazo horiek direla eta, Arangurengo Kontzejuak eta Aranguren Ibarreko Udalak Arangurengo Kontzejuko bi etxebizitzaren errentamendua erregulatzea erabaki dute.

Udalaren ekimen hori gauzatzeko, ordenantza bat egin eta onetsi behar da, arautu behar baitira hizpide ditugun bi etxebizitzak eskuratzeko prozedura eta errentamenduen oinarrizko baldintzak.

1. artikulua. Xedea.

Gazteei eta beharrik handiena duten familiei laguntzeko neurri horren bitartez, merkatuan jarriko dira Arangurengo bi udal etxebizitza, eta horiek alokairuan emateko araubidea arautuko da.

Eskuratzeko erregimena alokairu kontratua izanen da, eta, batez ere, Arangurengo eta Aranguren Ibarreko (Taxoare, Zolina, Labiano, Lakidain eta Mutiloa) gazteei alokairuko etxebizitza bat eskuratzea erraztera bideratuta egonen da.

Udalak zer baliabide dituen eta zer eskaera jaso duen, horren arabera erabakiko du zer etxebizitza jarriko dituen merkatuan.

2. artikulua. Onuradunak.

Etxebizitzen onuradun izan daitezke familia unitate bateko kide diren eta etxebizitzarik ez duten pertsonak; betiere, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

1.–18 urte baino gehiago eta 35 urte baino gutxiago izatea, eta Arangurengo Kontzejuan azken 3 urteetan etenik gabe erroldatuta egotea.

Eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Etxebizitzarik jabetzan ez izatea edo, izatekotan, hark bizigarritasun baldintzak betetzen ez dituela egiaztatzea.

b) Erantzukizunpean adieraztea etxebizitza ohiko bizileku izanen duela, modu efektiboan bizi behar baitu onuradunak udalerrian. Udal zerbitzuek ziurtatzeaz gain, aldiro egiaztatuko da baldintza hori betetzen dela.

c) Akusatuta edo auzipetuta ez egotea, eta kondenarik jaso ez izana Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean araututako emakumeen aurkako ezen indarkeria motatan, ezta sexu-izaerako edozein delitutan ere.

Ezarritako baldintzak betetzen dituzten bi eskatzaile edo gehiago egonez gero, lehentasuna emanen zaio adingabeak ardurapean dituen familia-unitateari edo pertsonari, bai eta guraso bakarreko familiei edo emakumeen kontrako indarkeriaren biktimei ere (8. artikuluari jarraiki egiaztatuta).

Eskatutako baldintzak betetzen dituzten bi eskatzaile edo gehiago badaude, zozketa eginen da.

Arangurengo Kontzejuan erroldatutako 18 urtetik gorako eta 35 urtetik beherako pertsonarik ez badago, etxebizitza horiek honela alokatzeko aukera ezarriko da:

2.–18 urte baino gehiago eta 35 urte baino gutxiago izatea, eta Taxoare, Zolina, Labiano edo Lakidaineko Kontzejuan azken 3 urteetan etenik gabe erroldatuta egotea.

2.1 artikuluan ezarritako baldintza berberak bete beharko dira.

Herri horietako pertsona batek baino gehiagok baldintzak betetzen badituzte, zozketa eginen da.

3.–18 urte baino gehiago eta 35 urte baino gutxiago izatea, eta Mutiloan azken 3 urteetan etenik gabe erroldatuta egotea.

2.1 artikuluan ezarritako baldintza berberak bete beharko dira.

4.–Salbuespenez, eta baldintzak betetzen dituen interesdunik ez badago, Aranguren Ibarreko Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari lagako zaizkio bi etxebizitzak.

3. artikulua. Epea.

Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legean xedatutako iraupena izanen dute errentamendu kontratuek, jarraian adierazten diren berezitasunekin:

a) Etxebizitza kontratuaren hasierako iraupena urtebetekoa izanen da, familia unitateen edo emakumeen kontrako indarkeriaren biktimen kasuan. Epe hori luzatzen ahalko da etxebizitza errentan hartu duenak hala eskatuta, bost urtez gehienez ere, hasierako epea barnean dela.

b) Gerta liteke etxebizitzak egoera puntualetan erabili behar izatea, hala nola behar aitortua dagoenean eta/edo larrialdiko egoeretan. Horrelakoetan, kontratuaren iraupena kasu bakoitzaren inguruabarren eta egoeraren araberakoa izanen da. Beste horrenbeste gertatuko da Udalaren interesekoak diren beste eskaera batzuekin. Salbuespenezko kasu horietan, etxebizitzaren erabilera behin-behinekoa izanen da eta, horrenbestez, errentamenduak edo lagapenak Hiri Errentamenduei buruzko Legearen 3.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela joko da, hau da, ez da hartuko ohiko bizilekuaren errentamendu edo lagapentzat.

c) Epe hori igarota, eskatzaileak irizpideak betetzen jarraitzen badu (18 urtetik gorakoa eta 35 urtetik beherakoa izatea eta Arangurengo Kontzejuan erroldatuta egotea), eta baldintzak betetzen dituen interesdunik ez badago, alokairua urtero luzatzen ahalko da, gehienez ere beste hiru urtez (urtez urte luza daitezke, guztira 8), betiere oraindik baldintzak betetzen badira.

Baldintzaren bat betetzeari uzten bazaio edo interesdun bat agertzen bada, ez da luzapen gehiagorik emanen.

4. artikulua. Kudeaketa- eta kontrol-organoak.

Balorazio Batzorde Misto bat izendatuko da, zerbitzuaren jarraipena egin eta eskaerak balioetsiko dituena. Alokairu horiek eman, kudeatu eta betearazteko prozeduraz arduratuko da, eta egokitzat jotzen dituen teknikarien laguntza eskatzen ahalko du. Teknikari horiek parte hartzeko aukera izanen dute, baina ez, ordea, botoa ematekoa.

Hona Balorazio Batzorde Misto hori osatuko duten kideak:

1. Arangurengo Kontzejuko alkatea, batzordeburu ere izanen dena, edo hark eskuordetzen duen zinegotzia.

2. Arangurengo Kontzejuko zinegotziak (bat edo bi).

3. Arangurengo Udaleko zinegotzi bat.

4. Arangurengo Udaleko teknikariak (bat edo bi).

5. artikulua. Batzordearen, edo, hala badagokio, batzordeburuaren eginkizunak.

1. Etxebizitzak adjudikatzeko prozesua behar bezala betetzen ari den zaintzea, ordenantza honetan araututakoari jarraikiz.

2. Eskabideak baloratzea eta onartutakoen zerrenda egitea.

3. Aurkeztutako erreklamazioen berri ematea, horrelakorik egonez gero.

4. Egoki diren ebazpenak proposatzea Arangurengo Kontzejuari, udal ordenantza hau aplikatuz; eta aldaketak proposatzea ordenantzaren testuan.

5. Etxebizitzak adjudikatzeko hautaketa prozesu berriak deitzeko proposamena egitea Arangurengo Kontzejuari, baldin etxebizitzarik badago hutsik edo zerbitzuaren eskari berriak badaude.

6. Pisu hauek kudeatzearen ondorioz sor daitezkeen gainerako eginkizunak gauzatzea.

6. artikulua. Etxebizitzak adjudikatzeko edo prozeduratik kanporatzeko eskumena.

Arangurengo Kontzejuak proposamen lotesle bat eginen dio Udalari, alokairuko etxebizitzak nork okupatuko dituen adieraziz.

Arangurengo Udala izanen da errentamenduak adjudikatzeaz arduratuko dena, proposamenak aztertu ondoren.

7. artikulua. Eskabidea.

Arangurengo Kontzejuak zehazten duen epearen barruan eskaera aurkeztean, udal etxebizitza bat alokairuan eskuratzeko prozedura abiaraziko da. Horretarako, eskabide orokorra eginen zaio Arangurengo Udalari egoitza elektronikoaren bidez edo aurrez aurre Arangurengo udaletxeko bulegoetan.

8. artikulua. Dokumentazioa.

Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:

1. Familiako edo familia-unitateko kide bakoitzaren NANaren fotokopia.

2. Familia-liburuaren fotokopia.

3. Eskatzailea atzerritarra bada, Espainiako lurraldean legezko bizilekua duela egiaztatzen duen agiria.

4. Emakumeen kontrako indarkeriaren biktimen kasuan, hiru puntu hauetako bat egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar da:

  • Biktimaren aldeko indarreko babes-agindua.
  • Kondena-epai irmoa, oro har, azken 5 urteetakoa.
  • Aurreko baldintzetakoren bat betetzen ez bada, emakumeei arreta emateko baliabide espezializatuek egindako txostena (ELUZ, BAIT, gizarte-zerbitzuak, laguntza psikologikoko zerbitzuak, etab.).

5. Sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituengatiko eta gizakien salerosketagatiko aurrekari penalen ziurtagiria.

6. Etxebizitza eskatu aurreko urtebetean izandako diru-sarreren erantzukizunpeko aitorpena, eta ondasunen nahiz eskubideen titulartasunarena. Dokumentu horiek familia-unitateko kide guztienak izanen dira.

7. Katastroko egiaztagiria, familia-unitateko kideak titular dituzten ondasunei buruzkoa, horrelakorik izanez gero betiere.

8. Familia-unitateko kideen lan egoeraren egiaztagiriak (lan kontratuak; jarduera ekonomikoen gaineko zergaren ordainagiria, autonomoen kasuan; langabezian egotearen egiaztagiria, hala badagokio, eta abar).

9. artikulua. Deialdia.

1. Etxebizitzen eskaera ikusita, Arangurengo kontzejuburuak interesdunek bi etxebizitzak alokatzeko eskaera egiteko prozedura deituko du. Deialdian adieraziko da zenbat etxebizitza adjudikatuko diren eta horien ezaugarriak zein diren.

2. Deialdiaren berri emanen da modu egokian, Udalaren iragarki oholean eta web orrian ediktuak jarriz.

3. Hogei egun balioduneko epea egonen da eskaerak aurkezteko, iragarkia argitaratzen denetik hasita.

4. Deialditik kanpo izanen dira larrialdi egoeren edo premiazko eta Udalaren interesekotzat jo daitezkeen beste egoera batzuen ondorioz eskatzen diren etxebizitzak. Horrelakoetan, oro har, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eginen du esleipena, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren Batzordeak proposamena egin ondotik.

10. artikulua. Izapidetzea.

Deialdia egin eta eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Balorazio Batzorde Mistoa bildu eginen da, aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta interesdunek aurkeztutako dokumentazioa egiaztatzeko. Batzordeak, orduan, Administrazio Prozeduraren Legearekin bat, beste agiri batzuk edo emandako datuen egiaztagiriak eskatzen ahalko ditu. Azkenik, Arangurengo Kontzejuak proposamen bat idatziko dio Arangurengo Udalari, behin betiko esleipena egin dezan, hala badagokio.

Arangurengo Kontzejua proposamenetik aldentzen ahalko da, Balorazio Batzorde Mistoari informazioa edo argibideak eskatzeko prozedura eteten ahalko du, edo esleipen-proposamena egiten ahalko dio Arangurengo Udalari.

Edonola ere, hartzen diren erabakiek behar bezala arrazoituta egon behar dute.

Interesdun guztiei jakinaraziko zaie erabakia, haren bidez ebatziko baita espedientea eta prozedura burutuko.

11. artikulua. Eskaeren balorazioa. Irizpideak.

Balorazio Batzorde Mistoak eskabideak baloratu ondoren, Arangurengo Kontzejuak Arangurengo Kontzejuko bi etxebizitzak esleitzeko proposamena eginen du, horretarako udal ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileak aintzat hartuta.

12. artikulua. Proposamena.

Etxebizitzak esleitzeko proposamena idatziko du Balorazio Batzorde Mistoak eta, idazki horretan, hauek agertuko dira:

a) Etxebizitzak esleitu zaizkien pertsonen zerrenda, bakoitzari zer etxebizitza esleitu zaion adierazita.

b) Ezarritako baldintzak bete arren, esleipenik lortu ez duten pertsonen zerrenda.

c) Prozeduratik baztertutako pertsonen zerrenda.

13. artikulua. Eskatzailerik eza.

2.1, 2.2 eta 2.3 artikuluaren arabera esleipena egiteko ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez badago, etxebizitzak Arangurengo Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzura pasatuko dira, etxebizitzak zerbitzu horrek esleitu ditzan erabiltzaileen artean.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak Arangurengo Kontzejuari jakinarazi beharko dio etxebizitza horiek nortzuk okupatuko dituzten eta zenbat denborarako erabiliko diren.

14. artikulua. Prezioa.

Alokairuaren prezioa hilean 370,00 eurokoa izanen da 2026an.

Alokairua urtebete baino gehiago luzatzen bada, Nafarroako kontsumoko prezioen indizetik eratorriko aldakuntza aplikatuko da.

Ordainketa helbideratuta egon beharko da, eta hil bakoitzaren 1etik 7ra bitartean kobratuko da.

15. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.

Arangurengo Udalak poliza bat kontratatuko du poltsako etxebizitzetarako. Horrez gain, maizter bakoitzak aseguruak kontratatzen ahal ditu bere aldetik.

16. artikulua. Interpretazioa.

Arangurengo Kontzejuari dagokio, Arangurengo Udalarekin batera, udal ordenantza hau oso-osorik interpretatzea.

17. artikulua. Udal etxebizitza erabiltzeko baldintzak.

Arangurengo Kontzejuak, Arangurengo Udalarekin batera, kasuak bideratu eta baloratu ondoren, alokairu kontratu bat formalizatuko du etxebizitzen hartzaile diren familia-unitateetako bakoitzarekin, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 25eko 29/1994 Legearen 2. artikuluaren arabera.

Arangurengo Kontzejua zorrotza eta irmoa izanen da errentamenduaren agortze epea betetzeko orduan, eta adjudikaziodunak hitz emanen du alokairua azkendu eta etxebizitza hustuko duela, epea igarotzen denean. Inola ere ez da 8 urtetik gorako luzapenik onartzen ahalko.

Pertsona batek Arangurengo Kontzejuko bi etxebizitzetakoren batekin zuen alokairu harremana azkentzen badu, urte natural bat pasa beharko da berriz eskatu ahal izan arte Arangurengo Kontzejuko alokairu libreko bi etxebizitza horietako bat.

18. artikulua. Maizterren betebeharrak udal etxebizitzarekiko.

Maizterren ardura izanen da alokairu librearen bidez eskuratutako etxebizitzaren egoera onari eustea eta mantentze lanak egitea. Printzipio hori urratzen bada, segituan utzi beharko dute etxebizitza edo eten eginen da kontratua. Era berean, maizterrek espazio komunei erabilera egokia eman beharko diete, eta bizikidetzako jarrera onak bete beharko dituzte.

Horretarako, argazkien inbentario bat eginen da maizter bakoitza sartu eta ateratzen denean, Arangurengo Kontzejuak behar diren mantentze-doikuntzak egin ditzan alokairu berri bakoitzerako.

Halaber, etxebizitzetan sor litezkeen kalteen erantzuleak maizterrak izanen dira. Kontratuan jasoko da zer ondorio ekarriko duen kasu bakoitzak.

Errentarien legezko betebeharra izanen da Arangurengo Kontzejuaren erabakiz egiten diren hobekuntza eta mantentze lanak ordaintzea.

Etxebizitzaren erabiltzaileei dagokie horniduren kontsumoak pagatzea (ura eta energia), baita komunitate gastuak ere.

Erabiltzaileek hileko alokairuaren pareko fidantza jarriko dute, itzuliko zaiena erabilera bukatuta, etxebizitza berrikusi ondoren.

Errentamenduaren lehen bi urteetatik aurrera, adjudikaziodunek urtero egiaztatu beharko dute deialdian ezarritako baldintzek bere horretan jarraitzen dutela. Besteak beste, etxebizitzaren adjudikaziodun den familia-unitate osoak etxebizitza horretan izan beharko du errolda, modu jarraituan.

Luzapena eskatzea erabakitzen bada, nahitaezkoa izanen da 2 hilabete lehenago luzapena eskatzea, inguruabar pertsonalak, familiarenak eta ekonomikoak aldatu ote diren egiaztatzeko.

Balorazio Batzorde Mistoak erregistro bat eginen du adjudikaziodunekin, eta bertan jasoko ditu baldintzetan gertatzen diren eguneraketak.

Udal etxebizitza behar bezala erabiltzen, ongi kontserbatzen eta mantentzen jarraitu beharko du, konpromiso horiek urratuz gero etxebizitzatik berehala joan beharko baita.

Etxebizitza onuradunen ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzea alokairuak irauten duen bitartean, eta espedientean jasotzen ez diren pertsonek etxebizitza erabiltzea berariaz debekatuta dagoela onartzea.

Etxebizitza ez azpikontratatzea edo hirugarrenei osorik edo partzialki lagatzea; hori ez betetzeak lagapena deuseztatzea ekarriko du.

Bizikidetzako arau komunak errespetatzea.

Obrarik ez egitea udal baimenik gabe.

Udal erregistroan aurkeztutako eskabidearen bitartez, egoera sozial edo ekonomikoan izandako edozein aldaketaren berri ematea, eta Udalari jakinaraztea instalazioan matxurarik badago.

19. artikulua. Betebeharrak.

Arangurengo Kontzejuak eta Arangurengo Udalak Hiri Errentamenduei buruzko Legearen 21. artikuluan ezarritako jarduketak egin beharko dituzte, etxebizitza zaintzeko betebeharrei dagozkienak.

Arangurengo Udalak erantzukizun zibileko aseguru poliza bat eduki beharko du kontratatuta poltsako etxebizitzetarako. Horrez gain, maizter bakoitzak aseguruak kontratatzen ahalko ditu bere aldetik. Horixe ezartzen da ordenantza honen 15. artikuluan.

20. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustetzat joko dira, Hiri Errentamenduei buruzko Legearen 27. artikuluan ezartzen diren horiez gain, honako hauek:

a) Eraikinean obrak egitea, Arangurengo Kontzejuak aldez aurretik baimenik eman gabe. Era berean, Arangurengo Kontzejuak, higiezinen jabea denez gero, ez du zertan baimenik eman maizterrak proposatzen dituen obrak egiteko, obra horiek indarreko araudia bete arren.

b) Etxebizitza azpi-alokatzea edo logelak aparte alokatzea, bertan bizi diren pertsonen arteko harremana edozein izanda ere.

c) Errentamendua ez ordaintzea 3 hilabetetik gorako epean.

d) Etxebizitzari ohiko etxebizitza ez den beste erabilera bat ematea: jarduera ekonomikoa egiteko tokia, biltegia, bigarren etxebizitza...

e) Etxebizitzan edo eraikineko espazio komunetan kalteak eragitea, doloa tarteko.

f) Eraikineko bizikidetza giroa asaldatzea, jarduera zaratatsuak, osasungaitzak, kaltegarriak, arriskutsuak edo legez kanpokoak egiteagatik.

21. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak urratzen badira edo aurreko artikuluan ezarritako arau-hausteren bat gertatzen bada, Arangurengo Kontzejuak kalte horien erantzuleak zehazten ahalko ditu. Hala, alokairu kontratua deuseztatzeko aukera ere izanen du.

22. artikulua. Errentamendua etetea, suntsiaraztea eta azkentzea.

Kontratua azkentzeko arrazoi espezifikoa izanen da ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzeari uztea.

Errentamendu kontratua azkendu eginen da, era berean, baldin eta ordenantzan ezarritako gehieneko alokairu epea igarotzen bada edo etxebizitza osorik edo zati batean hirugarren pertsonei azpi-alokatzen bazaie.

Horrez gain, Hiri Errentamenduei buruzko Legearen 26., 27. eta 28. artikuluetan eta ordenantza honetan aurreikusitako kasuetan ere eten, suntsiarazi edo azkenduko dira kontratuak.

23. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, aplikagarriak diren xedapen orokorretan ezarritakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Etxebizitzak esleitzearekin batera, ordenantza honetan xedatua onartzen dute alderdi guztiek (jabeak eta erabiltzaileek).

Bigarrena.–Ordenantza honetan arautzen ez den orotan, Estatuko edo Nafarroako legeei jarraituko zaie, bai eta haiek garatzeko erregelamendu aplikagarriei ere.

Hirugarrena.–Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete iragan arte, epe hori baitute estatuko edo foru komunitateko administrazioek toki-erakundeei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari dagokionez.

Mutiloan, 2026ko martxoaren 2an.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

Iragarkiaren kodea: L2603289