Iragarkia
59. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 24a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BARAÑAIN
Kategoriaz igotzeko lehiaketa berria, aurrekoaren ordezkoa, Udaltzaingoko agente lehenaren lau plaza betetzeko
2026ko 42. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 26an, deialdi bat argitara eman zen, Udaltzaingoko agente lehenaren lau plaza betetzeko kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez. Ikusirik deialdi horretan akatsak daudela, beste deialdi bat argitaratzen da haren ordez, eta eskaerak aurkezteko epea irekitzen da berriz ere. Epea hamabost egun naturalekoa izanen da, aldaketa hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta berariaz aditzera ematen da ez aurkeztutzat joko direla orain arte jasotako eskabideak, 2026ko 42. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 26koan, ezarritako epean aurkeztutakoak, alegia.
Argitara ematen da orok jakin dezan, eta aditzera ematen da deialdiaren aurka, aukeran, errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, aurretik organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bestela,
b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Barañainen, 2026ko martxoaren 10ean.–Alkatea, María Lecumberri Bonilla.
DEIALDIA, KATEGORIAZ IGOTZEKO LEHIAKETAREN BIDEZ BETE DAITEZEN UDALTZAINGOKO AGENTE LEHENAREN 4 PLAZA, BARAÑAINGO UDALEKOAK
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez betetzea Udaltzaingoko agente lehenaren lau plaza Barañaingo Udalean, plantilla organikoan honela identifikaturik daudenak: 4.4 (hizkuntza-eskakizuna: B2, nahitaezkoa), 4.5, 4.6 eta 4.7.
Plazak txanda hauetan banatuko dira:
a) 3 plaza barne-igoerako txandan, Barañaingo Udaleko Udaltzaingoko kideentzat, hain zuzen: 4.4 (hizkuntza-eskakizunarekin), 4.6 eta 4.7 plazak.
b) Plaza bat igoera-txanda irekian, Nafarroako polizia-kidego guztietako kideentzat, betiere ezarritako baldintzak betetzen badituzte: 4.5 plaza.
Barne-igoerako txandan hutsik dauden plazak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan plaza eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute igoera-txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekiko lehia garbian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.
Barne-igoerako txandan betetzen ez diren plaza hutsak bete gabe utziko dira, txanda irekian bete gabe gelditu direnak metatuta, horrelakorik baldin bada.
1.2. Zerbitzu berezietako egoeran deklaratuta dauden izangaiek, Nafarroako polizia-kidegoetako kideen igoerarako trebakuntza-ikastaroak egin bitartean, jasoko dituzte beren jatorrizko lanpostuan aitortuta dauzkaten ordainsariak, osorik, deialdia egiten duen administrazio publikoarengandik, egoera horrek dirauen bitartean.
1.3. Izendatzen diren izangaiek Udaltzaingoko agente lehenaren eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean ezarritakoak, eta, foru-lege horretan ezartzen diren mailetatik, C mailaren barnean geldituko dira sailkaturik.
1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.
2.–Aplikatzekoa den araudia.
Prozedura hau honako arau hauen mende egonen da: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, onesten duena Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, onesten duena Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak; eta deialdi honen oinarriak.
3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
3.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
3.1.1. Barne-igoerako txanda:
a) Gutxienez hiru urteko antzinatasun izatea, agente-enpleguan jabetza hartu zuten egunetik.
b) Jatorrizko lanpostuan egotea jarduneko zerbitzuan, edo zerbitzu berezietan edo eszedentzian.
c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien balio bereko beste bat edukitzea.
3.1.2. Igoera-txanda irekia:
a) Gutxienez hiru urteko antzinatasuna izatea, Nafarroako polizia-kidegoetako agente-enpleguan jabetza hartu zuten egunetik.
b) Udal-agenteak: gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea udal-agentearen enpleguan jabetza hartu zuten egunetik, eta frogatzea gainditu dutela Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolak emandako Oinarrizko Trebakuntza Ikastaroa, beharrezkoa baita polizia izateko.
c) Jatorrizko lanpostuan egotea jarduneko zerbitzuan, edo zerbitzu berezietan edo eszedentzian.
d) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien balio bereko beste bat edukitzea.
3.2. Bi txandetarako.
Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik (zehazki, arau honetan tipifikatutako delitu batengatik: Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. titulua), ezta gizakien salerosketaren delitu batengatik ere (zehazki, arau honetan tipifikatutako delitu batengatik: Zigor Kodearen VII bis titulua).
Baldintza hori betetzen dela frogatuko da Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztuz (erregistro hori arauturik dago abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez).
3.3. Eskuratu nahi izanez gero euskara jakin beharra (B2 maila) ezarrita daukan plaza elebidun bat, maila hori frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat edukitzea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberakoa (horiek jaso dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean –2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa–), edo ofizialki baliokidetzat jotako beste titulu bat, edo, bestela, izangaiak behar den hizkuntza-maila duela frogatzeko berariaz antolatzen den proba gainditzea.
3.4. Bi txandetako izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dituzte betebehar horiek.
4.–Eskabideak.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak zer epetan eta non aurkeztu behar diren.
Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Barañaingo Udaleko Erregistro Orokorrean, Herritarrendako Harrera Bulegoan (Udaletxeko plaza z.g., 31010 Barañain), edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Barañaingo Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Barañaingo Udalaren egoitza elektronikoan dago (https://sedeelectronica.baranain.es/). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabideak eta behar diren gainerako agiriak aurkezteko, edozein formatu erabil daiteke, erregistro orokor elektronikoan fitxategiak eransteko ezarrita daudenen artetik.
Eskaera posta-bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu eta Barañaingo Udalaren erregistrora igorri baino lehen. Haietan, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela oposizioan parte hartzeko baldintza guzti-guztiak, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.
Eskabideak eredu baten araberakoak izan behar dira, zeina eskura baitago https://www.baranain.es/eu/gaurkotasuna/lan-publikoa/ helbidean eta www.baranain.eus web-orrian.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4.2. Eskabidea aurkezteko unean, barne-igoerako txandako izangaiek (Barañaingo Udaltzaingoko kideak), eskabideaz gain, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Udalak ofizioz aurkeztuko du interesdunak hiru urteko antzinatasuna gutxienez ere baduela frogatzen duen dokumentazioa, Barañaingo Udaltzaingoko agente-enpleguan jabetza hartuz geroztik, bai eta haren egoera administratiboari buruzkoa eta egindako eta aitortutako zerbitzuei buruzkoa ere.
–Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen frogagiriak. Baldin administrazio honen esku badaude izangaiek alegatzen dituzten merezimenduak, izangaiak esan egin beharko du, eta berariaz adierazi beharko du zer prozedura zehatzetan dauden.
–Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa, zeina arautu baitzen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez.
4.3. Eskabidea aurkezteko unean, igoera-txanda irekiko izangaiek (Nafarroako polizia-kidegoetako kideak eta udal-agenteak), eskabideaz gain, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Organo eskudunak emandako ziurtagiria, frogatzen duena interesdunak baduela gutxienez 3 urteko antzinatasuna Nafarroako polizia-kidego bateko kide gisa jabetza hartu zuen egunetik kontatzen hasita. Ziurtagiri berean adierazi beharko da interesdunaren egoera administratiboa zein den.
–Udal-agenteek gehituko dute organo eskudunak emandako ziurtagiria, frogatzen duena interesdunak baduela gutxienez 3 urteko antzinatasuna, udal-agentearen enpleguan jabetza hartu zuenetik zenbatzen hasita. Ziurtagiri berean adierazi beharko da interesdunaren egoera administratiboa zein den.
–Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ziurtagiria, frogatzen duena interesdunak gainditu duela polizia izateko beharrezkoa den Oinarrizko Ikastaroa, eskola horrek emandakoa. Betebehar hau Administrazioak ofizioz egiaztatuko du, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak deialdia egin duen organoaren aurrean egindako ziurtagiriaren bitartez.
–Izangaiek alegatutako merezimenduen frogagiriak. Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatu beharko dira.
–3.1.2.d oinarrian eskatutako titulazio akademikoa.
–Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa, zeina arautu baitzen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez.
Noiznahi zuzentzen ahalko dira eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, ofizioz nahiz interesdunak eskaturik.
4.4. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
5.–Onartuen behin-behineko zerrendak, erreklamazioak eta behin betiko zerrendak.
5.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, eta aginduko du argitara daitezela Udalaren iragarki-taulan eta webgunean.
5.2. Behin-behineko zerrendak Interneteko www.baranain.es/eu/ helbidean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
Ezarritako epean parte hartzeko eskabiderik aurkezten ez bada, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, deialdiko plazak bete gabe utziko dira. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpen baten bidez izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko dira, eta argitara emanen dira Udalaren webgunean. Interesdunen eskura egonen dira, orobat, Udalaren iragarki-taulan. Ebazpenean zehaztuko da kategoriaz igotzeko lehiaketa osatzen duten probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
5.4. Aurreko apartatuetan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan datu hauek baizik ez dira jasoko: polizia-agentearen edo udal-agentearen zenbakia eta Nafarroako zein polizia-kidegotakoa den edo zein den atxikipeneko toki-erakundea.
6.–Kalifikazio-epaimahaia.
6.1. Osaera.
Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: María Lecumberri Bonilla, Barañaingo Udaleko alkatea.
–Ordezkoa: Fátima Sesma Vallés, Barañaingo Udaleko zinegotzia.
–Epaimahaikidea: Carlos Javier Eransus Virto, Barañaingo Udaltzaingoko burua.
–Ordezkoa: María Luisa Garcia Villorejo, Barañaingo Udaltzaingoko agente lehena.
–Epaimahaikidea: Jesús Mendinueta Lacunza, Iruñeko Udaltzaingoko inspektoreordea.
–Ordezkoa: Luis Manuel Iribarren Arregui, Iruñeko Udaltzaingoko komisarioa.
–Epaimahaikidea: Barañaingo Udaleko Langileen Batzordeko ordezkariek izendaturiko ordezkari bat.
–Ordezkoa: Barañaingo Udaleko Langileen Batzordeko ordezkariek izendaturiko ordezkari bat.
–Epaimahaikide idazkaria: Patricia Solabre Recalde, Barañaingo Udaleko aholkulari juridikoa.
–Ordezkoa: Asunción Nieto Zabala, Barañaingo Udaleko idazkaria.
6.2. Eraketa eta jarduna.
Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien legezko ordezkoek.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.
Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hala jakinarazi deialdia egin duen organoari, baldin gertatzen bada administrazio-prozeduraren arauetan abstentziorako ezarritako arrazoiren bat. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7.–Oposizioa nola eginen den.
7.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketak hiru fase izanen ditu, lehenik lehiaketaldia, gero proba teoriko praktikoa eta proba psikoteknikoak, eta, azkenik, trebakuntza-ikastaroa, oinarri hauetan adierazten den bezala.
Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan hasiko diren kategoriaz igotzeko lehiaketa osatzen duten probak. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Barañaingo Udalaren webgunean (www.baranain.es/eu/) eta iragarki-taulan emanen dira argitara, gutxienez ere 48 ordu lehenago.
7.2. Lehiaketaldia.
7.2.1. Lehiaketaldian, lehiakideek aurkeztutako eta behar bezala frogatutako merezimenduak baloratuko dira, eta gehienez 82,50 puntu izanen dituzte:
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.
b) Polizia-eginkizunarekin lotutako prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 25 puntu, gehienez.
c) Hizkuntzak jakitea: euskara, frantsesa, ingelesa eta/edo alemana: 20,00 puntu, gehienez ere (5 puntu, gehienez, hizkuntza bakoitzeko).
d) Sariak: 2,5 puntu, gehienez.
Epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu aurreko apartatuetarako aurkeztu eta justifikatutako merezimenduak, deialdi honen II. eranskineko baremoaren arabera.
Lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezteko unean aurkeztu eta frogatu beharko dira merezimendu horiek, agiri bidez. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.
Epaimahaiak inola ere ezin izanen du frogatutzat hartu aurkeztu ez den eta agiri batez frogatu ez den merezimendurik, eta ezin izanen du eman, atal bakoitzeko, adierazitako gehieneko puntuazioa baino puntu gehiago.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiakideek alegatutako merezimenduen gainean.
Fase hau bukatutakoan, epaimahaiak Barañaingo Udalaren webgunean (www.baranain.es/eu/) eta iragarki-taulan argitaratuko ditu behin-behineko puntuazioak, eta erreklamazioak aurkezteko 5 egun naturaleko epea irekiko du, argitaratzen diren egunetik hasita, izangaiek alega dezaten beren eskubideen arabera komeni zaiena.
Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsi, eta argitara emanen ditu Barañaingo Udalaren webgunean (www.baranain.es/eu/) eta iragarki-taulan.
7.3. Proba teoriko-praktikoaren eta proba psikoteknikoen fasea.
7.3.1. Proba teoriko-praktikoaren eta proba psikoteknikoen fasean proba hauek eginen dira:
a) Lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruzko proba teoriko-praktikoa: 150 puntu gehienez.
b) Proba psikoteknikoak: 70 puntu gehienez.
Proba guztiak deialdi bakarraren bidez eginen dira. Bazterturik geldituko dira haietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.
7.3.2. Proba teoriko-praktikoan (7.3.1 ataleko a letran zehaztua) 150 puntu lor daitezke gehienez: test motako azterketa bat egin beharko da, 100 galderakoa, III. eranskineko gai-zerrendari buruz. Galdera bakoitzak hiru erantzun izanen ditu aukeran. Galdera zuzen bakoitzeko 1,5 puntu emanen dira, eta oker bakoitzeko, 0,5 puntu kenduko.
Proba hau baztertzailea izanen da eta, gainditzeko, 75 puntu lortu beharko dira gutxienez.
Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
7.3.3. Honela eginen dira proba psikoteknikoko (7.3.1 ataleko b letran zehaztua) gaitasun-probak: zenbait proba eginen dira, zehazteko izangaia zer neurritan egokitzen den lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen ditu proba horiek (Psikologia Aplikatuaren Atala, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutukoa), eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Proba psikoteknikoko gaitasun-proba ez da baztertzailea izanen, eta 0tik 70 puntura bitarte baloratuko da.
Proba psikoteknikoa egiteko, honako hauek bakarrik onartuko dira, aurreko proba gainditu dutenen artean, alegatutako merezimenduen puntuazioa ere baturik: guztizko puntuazio onena duten barne-igoerako txandako 18 izangaiak eta guztizko puntuazio onena duten igoera-txanda irekiko 8 izangaiak. Baldin 18. edo 8. postuan, hurrenez hurren, puntuazio bera duten izangai bat baino gehiago badaude, guztiak onartuko dira probara. Gainerako izangaiak deialditik baztertuta geldituko dira.
–Proba honela eginen da:
Profil profesiografikoa zehaztea: profil hori proposatuko dute NAPIko Psikologia Aplikatuaren Atalak eta deialdiko kalifikazio-epaimahaiak, edo hark izendatutako langileek. Azken kasu horretan, lanpostuaren beharrak eta eskakizunak ezagutu beharko dituzte. Analisi horretatik abiatuta, zehaztuko dira ebaluatu beharreko faktoreak edo gaitasunak, bai eta eginkizunak behar bezala gauzatzeko beharrezkoak diren eskakizunak ere. Profil profesiografikoaren proposamena epaimahaiari helaraziko zaio, probak hasi aurretik onar dezan.
Kalifikazio-epaimahaia, probak egin aurretik, arduratuko da garrantzizkotzat jotzen diren afera guztiak bitarteko egokien bidez argitaratzeaz. Horretarako, NAPIko arlo psikoteknikoko teknikariekin koordinatuko da, eta horiek emanen dizkiote profilean jasotako eta baloratu beharreko faktoreak, bai eta zuzentzeko eta kalifikatzeko irizpideak ere.
Probak bi zati izanen ditu:
- Lehenbizikoan ariketa psikotekniko bat edo batzuk eginen dira. Galde-sortak izanen dira, oro har nortasunari buruzkoak edo laneko gaitasunei eta/edo trebetasunei buruzkoak.
- Bigarrenean, elkarrizketa pertsonala eginen da, eta/edo talde-lanekoa, eta, hala, lehenbiziko zatiko galde-sortarekin alderatuko dira.
Deialdiaren 7.3 oinarriko proba bakoitza, hautapenaldiaren barnean, kalifikatutakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren webgunean (www.baranain.es/eu/) eta iragarki-taulan, eta bost egun naturaleko epea irekiko du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten.
Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira, eta horiek ere argitaratuko dira Udalaren webgunean (www.baranain.es/eu/) eta iragarki-taulan; azalduko da zein izangaik gainditu duten proba eta zein izangai gelditu diren bazterturik, kasuaren arabera, bai eta hurrengo proba non, noiz eta zer ordutan eginen den, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.
7.4. Euskararen jakite-maila frogatzea.
7.4.1. Merezimenduen balorazioaren behin betiko emaitzak argitaratu ondoren, epaimahaiak bost egun balioduneko epea irekiko du izangaiek hauta dezaten, baldin euskarazko plaza elebiduna eskuratu nahi badute (4.4), honako aukera hauetako bat:
a) Merezimenduekin batera jada aurkeztu ez badute, aurkeztu beharreko euskara-maila (B2) frogatzen duten titulu edo ziurtagirietako bat. Tituluak edo ziurtagiriak bat etorri beharko du Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin, eta jasorik egon Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean ageri den zerrendan (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), edo, bestela, ofizialki baliokidetzat hartzen den titulazioa edo egiaztagiria izan beharko du.
b) Eskatzea euskara-maila neurtzeko proba egin diezaietela.
Euskara-maila neurtzeko proba bat egin beharko dute, bada, euskara-maila neurtzeko proba egin diezaietela eskatu duten izangaiek, bai eta, halaber, eskatutako hizkuntza-maila –oinarri honetan ezartzen den epean– behar bezala frogatu ez duten izangaiek ere.
Horretarako, epaimahaiak eskatuko du Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren laguntza. Organo horrek hizkuntza-maila neurtzeko berariazko ariketa bat eginen du, eta izangaiei "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen die eskatzen den euskarazko jakite-mailarako (B2).
Horretarako, epaimahaiak iragarriko du azterketa non, noiz eta zer ordutan eginen den, eta deitutako izangaien zerrenda argitaratuko du Barañaingo Udalaren webgunean (www.baranain.es/eu/) eta iragarki-taulan.
Euskararen maila neurtzeko probaren kalifikazioa burututakoan, emaitzak jendaurrean jarriko dira Barañaingo Udalaren webgunean (www.baranain.es/eu/) eta iragarki-taulan.
7.5. Alegatutako eta behar bezala frogatutako merezimenduak baloratu ondoren, eta probetako puntuak baturik (proba teoriko-praktikoa eta proba psikoteknikoak), epaimahaiak argitara emanen ditu parte-hartzaileek lortutako puntuazioak Barañaingo Udalaren webgunean (www.baranain.es/eu/) eta iragarki-taulan, eta 5 egun naturaleko epea irekiko du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena erreklama eta alega dezaten balorazio horri buruz.
Erreklamazioetarako epea iraganik eta epaimahaiak haiek ebatzitakoan, epaimahaiak Barañaingo Udalaren webgunean (www.baranain.es/eu/) eta iragarki-taulan argitaratuko du izangaien zerrenda, lehiaketan guztira lortutako puntuazioak adierazirik.
Berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasun handiena aitorturik daukatenen alde joko da. Berdinketak badirau, proba teorikoan nota onena lortu duenak eskuratuko du eskubidea. Hala ere berdinketak badirau, lehiakide zaharrenaren alde ebatziko da.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolarako plazak: libre dauden plaza guztiak zehaztu ondoren, epaimahaiak prestatuko du Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolarako onartutako izangaien zerrenda, igoerarako ikastaroan parte har dezaten, betiere lortutako puntuazioaren ordenan. Epaimahaiak zerrenda horren berri emanen dio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari.
8.–Igoerarako trebakuntza-ikastaroa.
8.1. Zerbitzu berezien egoeran deklaratzea.
Barañaingo Udaltzaingoko agente lehenaren enpleguan sartzeko ikastaroa egiteko, zeina Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietarako Eskolak emanen baitu, beharrezkoa izanen da izangaiek –hots, hautapen-prozesua gainditu duten eta bete beharreko plaza hutsen kopuruan sartzen diren izangaiek– zerbitzu berezien egoeran deklaratzeko eska diezaioten dagokien Nafarroako administrazio publikoari; hori guztia, azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 50.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legea).
Trebakuntza-ikastaroa egiteko onartutakoen zerrendarekin batera adieraziko da ikastaroa zer toki, egun eta ordutan hasiko den.
8.2. Izaera baztertzailea.
Trebakuntza-ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, eta eskolak berak erabakitzen duena iraunen du.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren trebakuntza-ikastaroa baztertzailea izanen da; hala, izangaiak ikastaroko arlo guztiak gainditu beharko ditu, eta gehienez, guztira, 250 puntu eskuratzen ahalko dira. Arauturik egonen da irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuaren arabera (haren bidez onetsi zen Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako erregelamendua) eta aplikagarri diren gainerako xedapenen arabera.
Oinarrizko trebakuntza-ikastaroan, izangaiak kalifikatuko dira, ateratako puntuazioaren hurrenkeran. Kalifikazio-epaimahairentzat lotesleak izanen dira aipatutako ikastaroan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak. Kalifikazio horiek emanen ditu deialdi honetan ezarritako puntuazioaren arabera.
Oinarrizko trebakuntza-ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira oposiziotik.
8.3. Azken kalifikazioa.
Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa izanen da hautapen-prozesu osoko puntuazioen batura, hots, kontua harturik lehiaketaldia, proba teoriko-praktikoaren eta proba psikoteknikoen fasea eta, azkenik, trebakuntza-ikastaroa.
Trebakuntza-ikastaroa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztizko puntuazioaren arabera ordenatua, eta igorriko du gainditu duten izangaiak izendatzeko proposamena.
8.4. Ikastaroa bukatutakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezien egoeran deklaratu zenean betetzen ari zen plazara.
Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko sisteman, segituko baitu jatorrizko plazan zuenarekin.
Zerbitzu berezietako egoeran deklaratuta dauden izangaiek, Nafarroako polizia kidegoetako kideak mailaz igotzeko trebakuntza-ikastaroak egin bitartean, jasoko dituzte beren jatorrizko plazan aitortuta dauzkaten ordainsariak, osorik, deialdia egiten duen administrazio publikoarengandik, egoera horrek dirauen bitartean.
Izangaiek beren jatorriko administrazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, aurreko paragrafoan adierazten diren alderdien gainekoa, eta hartan zehaztuko da trebakuntza-ikastaroa hasteko dataren aurreko hilean kontzeptu horiengatik jasotakoa.
Zerbitzu berezien egoera bukatutakoan, aurreko atalean aipatutako ordainsari-erregimena izateari utziko zaio, eta horrek ez du ekarriko eskuratutako eskubiderik, ez eskubide pasiborik sortuko, ez eta deialdiko plazaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.
9.–Gainditu dutenen zerrenda.
Trebakuntza-ikastaroa bukatu eta kalifikazio-epaimahaiaren behin betiko proposamena lortutakoan, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, plaza hutsak esleitzeko eta izendapenak egiteko.
10.–Izendapena eta plazaz jabetzea.
10.1. Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Tokiko Gobernu Batzarrak Barañaingo Udaltzaingoko funtzionario eta agente lehen izendatuko ditu kategoriaz igotzeko lehiaketa gainditu duten izangaiak, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeran, eta aginduko du izendapena argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
10.2. Izendatutako izangaiek karguaren jabetza hartuko dute haien izendapenean erabakitzen den egunean. Behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, plazaz jabetzen ez direnek igoerarako eskubidea galduko dute.
11.–Datu pertsonalak babestea.
11.1. Datuen babesa.
Barañaingo Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu-deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.
11.2. Oinarri juridikoa.
251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena, eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.
11.3. Datuak zenbat denboraz gordeko diren.
Aipatutako helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira datuak, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izaten ahal duen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio-arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
11.4. Datuen hartzaileak.
Datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarrean dagoen legedia betez, eta Udalaren ediktu-taulan eta webgunean emanen dira argitara.
Eskubideak: jakinarazten dizugu badituzula datuetara irispidea izateko eskubidea, datu horiek zuzentzeko eskubidea, zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horiek erabiltzeko, jo beharko duzu Barañaingo Udalaren Erregistro Orokorrera edo egoitza elektronikora (www.baranain.es). Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio-egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Iragarkiaren kodea: L2603926
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
