59. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

19/2026 FORU DEKRETUA, martxoaren 4koa, Urbasa eta Andia mendietako natura-baliabideak antolatzeko plana aldatzen duena. Plan hori uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

ZIOEN AZALPENA

Uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Urbasa eta Andia mendietako natura-baliabideak antolatzeko plana. Urbasa eta Andia mendietako natura-baliabideak antolatzeko planaren 1. artikuluan ezartzen da zein diren haren helburuak. Hona hemen:

a) Lurraldeko baliabideak eta ekosistemak zehaztu eta horien kontserbazio-egoera zein den adieraztea.

b) Natura-baliabideak kontserbatu, leheneratu eta hobetzeko neurrien aplikazioa sustatzea, hala behar denean.

c) Behar diren babes-araubideak adieraztea, legez ezarritako kategorien arabera.

d) Kontserbazio-egoera ikusi ondoren ezarri beharreko mugapenak zehaztea.

e) Politika sektorialak orientatzeko eta jarduerak antolatzeko irizpideak formulatzea.

Planak bermatzen du Urbasa eta Andia mendietako parke naturalaren balio naturalak kontserbatzea. Plana eguneratu beharra dago, ikusirik plana aspaldi onetsi zela eta parke naturaleko patronatua eratzen duten sektoreek hala eskatu dutela behin baino gehiagotan. Patronatu hori kontsultarako organo bat da, eta hartan parte hartzen dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkariek, toki-erakunde mugakideetakoek, Urbasa eta Andia mendietako Larre Batzordekoek, Limitaciones Mendietako Batzarrekoek, Nafarroako Mendi Federaziokoek eta abarrek.

Egungo araudiak mugatu egiten du horrelako ekimenak garatzea, parke naturalaren kontserbazioarekin eta jarduera tradizionalen garapenarekin bateraezinak izan badaitezke.

Zehazki, Urbasa eta Andia mendietako natura-baliabideak antolatzeko planaren 21. artikuluan, honako hau zehazten da merkataritza-jarduerei buruz:

1. Debekatuta dago merkataritza-jarduerak egitea. Halaber, debekatuta dago golf-zelaiak instalatzea.

2. Aurrekoa gorabehera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak honako hauek baimentzen ahalko ditu:

a) Artisau-produktuak saltzeko postuak jartzea, inguruko biztanleek ustiatu ditzaten.

b) Azken urte hauetan ustiatzen ari diren ostalaritzako establezimenduak, baldin haien titularrak inguruko herritarrak badira, jarduera horretarako gai diren eta egun dauden eraikinetan badaude, jarduera sailkatuen gaineko araudia betetzen badute eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren baimena badute.

c) Freskagarriak eta izozkiak saltzeko postuak, horretarako baimendutako tokietan.

d) Urbasako jauregiari dagokionez, eraikina turismo-helburuetarako erabiltzea posible egiten duten jarduerak, betiere ez bada azalera eraikia handitzen, parkea deklaratu zen egunean zegoena kontuan hartuta.

Eduki horrek ez die erantzuten egungo eskaerei, batez ere ingurumen-hezkuntzari loturiko jarduerak garatzeari dagokionez; izan ere, ingurumen-hezkuntza tresna eraginkorra da parkearen erabilera publikorako plana ezartzen laguntzeko.

Beharrezkoa da merkataritza-jardueren baimena malgutzea, eta bermatu behar da bateragarriak direla Urbasa-Andia KBEaren kudeaketa-planean jasotako natura-balioen kontserbazioarekin eta neurriekin. Plan hori urriaren 8ko 228/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen, eta gaur egun berrikusten ari dira.

Urbasako natura-baliabideak antolatzeko planaren aldaketaren berri eman zaio parke naturaleko patronatuari, 2025eko martxoaren 14an egin bilkuran, eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluak adostasuna eman du 2025eko ekainaren 6an egin bilkuran.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita seiko martxoaren lauan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Urbasa eta Andiako natura-baliabideak antolatzeko plana aldatzea (uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen plan hori).

Aldatu egin da 21. artikulua. Hau izanen da haren testua:

"21. artikulua. Merkataritza-jarduerak.

Ingurumenaren arloan eskuduna den departamentuak baimena ematen ahalko die merkataritza-jarduerei, baldin eta bateragarriak badira Urbasa eta Andia parke naturaleko kontserbazio-helburuekin eta erabilera tradizionalekin".

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru-dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2026ko martxoaren 4an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2603601