57. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 20a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

TRANTSIZIO EKOLOGIKORAKO ETA ERRONKA DEMOGRAFIKORAKO MINISTERIOA

Ebazpena, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak emana, zeinaren bidez ezesten baita aurretiazko administrazio-baimenaren eta eraikitzeko administrazio-baimenaren eskaera, Energía Inagotable de Kyoko SLk egina, Zaragozako, Nafarroako eta Arabako probintzietan 7 MW-eko potentzia instalatuko Kyoko haize-parkea eta haren ebakuazio-azpiegitura ezartzeko proiekturako, eta erabakitzen baita PEol-522.SEE/DGPEM/PEol-255 espedientea artxibatzea

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta haren horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, honakoak kontuan hartuz:

I.–AURREKARIAK

Lehenengoa.–Proiektuaren aurretiazko administrazio-baimena.

Energía Inagotable de Kyoko SLk, 2021eko martxoaren 29an (2021eko maiatzaren 7an zuzendu zen), aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen Kyoko haize-parkerako (49,5 MW) eta haren ebakuazio-azpiegiturarako, zeina honako hauek osatua baita: 30 kV-eko lurpeko lineak Malpica 30/220 kV-eko azpiestazioraino; Malpica 30/220 kV-eko azpiestazioa; Bayo 30/220/400 kV-eko azpiestazioa; Promotores Vitoria 220 kV-eko azpiestazioa; eta Malpica 30/220 kV-eko azpiestaziotik Vitoria AE 220 kV-eko azpiestaziora arteko ebakuazio-linea (Red Electricarena). Proiektuak udal mugarte hauek ukitzen ditu: Biota, Uncastillo, Sádaba eta Castiliscar, Zaragozako probintzian; Zarrakaztelu, Kaseda, Gallipentzu, Murillo el Fruto, Uxue, Pitillas, Beire, Erriberri, Tafalla, Artaxoa, Añorbe, Eneritz, Adios, Muruzabal, Uterga, Legarda, Zizur, Oltza, Itza, Arakil, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Altsasu, Nafarroako probintzian; eta Ziordia, Asparrena, Donemiliaga, Agurain, Barrundia, Burgu, Arratzua eta Gasteiz, Arabako probintzian.

Politika Energetikoaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusiak, 2021eko ekainaren 18an, metatzeko erabakia hartu zuen honako haize-parke hauen aurretiazko administrazio-baimenari buruzko espedienteak batera izapidetzeko: Luna (49,5 MW), Kaede (40,6 MW), Kodama (49,5 MW), Makami (49,5 MW), Kaminari (49,5 MW), Kairi (49,5 MW), Amikiri (16,5 MW), Delfino (49,5 MW), Fukei (49,5 MW), Cadmo (49,5 MW), Belerofonte (49,5 MW) eta Kyoko (49,5 MW), Zaragozako probintzian, eta gauza bera haien ebakuazio-azpiegitura komunari dagokionez, Zaragoza, Nafarroa eta Arabako probintzietan (lotutako espediente kodea: PEol-522 AC).

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin da instalazioaren proiektuaz eta haren ingurumen-inpaktuaren azterketaz, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin da, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko irailaren 18ko Ebazpenaren bidez. Ebazpen horretan ingurumen arloko baldintzak ezartzen dira, egindako ingurumen-ebaluazioaren ondoriozko prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak barne. Ebazpena 2023ko 241. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 9koan.

Politika Energetikoaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko abenduaren 18ko Ebazpenaren bidez, aurretiazko administrazio-baimena eman zitzaion Energía Inagotable de Kyoko SLri Kyoko haize-parkerako (7 MW-eko potentzia), Zaragozako probintzian, eta haren ebakuazio-azpiegiturarako, Zaragoza, Nafarroa eta Arabako probintzietan. Baimen hori 2024ko 7. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 8koan.

Ebazpen horretan honako hau adierazten da berariaz:

"Ekoizpen instalazioak egokitu beharko du ingurumen-inpaktuaren adierazpen horren edukira eta izapidetzean sustatzaileak onartutako baldintzetara. Zehazki, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean eskatutako baldintzak eta aldaketak bete beharko dira, eta, hala badagokio, energia ateratzeko azpiegiturako edozein elementu lurperatu, aplikatzekoa izanen baita abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115. artikuluan ezarritakoa (errege dekretu horren bidez energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedura arautu ziren), aurretiazko administrazio-baimena lortu duten sorkuntzarako instalazioen aldaketei dagokienez, eta artikulu horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira. Aurretiazko administrazio-baimena lortu behar da ingurumen-inpaktuaren adierazpena betetzearen ondorioz proposatzen eta egiten diren aldaketetarako, baldin ez badira betetzen aipatutako errege dekretuaren 115.2 artikuluko baldintzak."

Beraz, aurretiazko administrazio-baimenaren ebazpenak berariaz jasotzen du sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintza eta neurri guztiak bete behar dituela.

Bigarrena.–Proiektuaren aldaketetarako aurretiazko administrazio-baimenaren eta eraikitzeko administrazio-baimenaren eskaera.

Energía Inagotable de Kyoko SLk, 2024ko maiatzaren 24an, aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen Kyoko haize-parkearen (7 MW) eta haren ebakuazio-azpiegituren proiektuaren aldaketarako, eta eraikitzeko administrazio-baimena, proiekturako. Ebakuazio-azpiegitura honako hauek osatua da: 30 kV-eko lurpeko lineak, Malpica 30/220 kV-eko azpiestazioraino; Malpica 30/220 kV-eko azpiestazioa; Bayo 30/220/400 kV-eko azpiestazioa; Promotores Vitoria 220 kV-eko azpiestazioa; eta Malpica 30/220 kV-eko azpiestaziotik Vitoria AE 220 kV-eko azpiestaziora arteko ebakuazio-linea (Red Electricarena). Proiektuak udal mugarte hauek ukitzen ditu: Biota, Uncastillo, Sádaba eta Castiliscar, Zaragozako probintzian; Zarrakaztelu, Kaseda, Gallipentzu, Murillo el Fruto, Uxue, Pitillas, Beire, Erriberri, Tafalla, Artaxoa, Añorbe, Eneritz, Adios, Muruzabal, Uterga, Legarda, Zizur, Oltza, Itza, Arakil, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Altsasu, Nafarroako probintzian; eta Ziordia, Asparrena, Donemiliaga, Agurain, Barrundia, Burgu, Arratzua eta Gasteiz, Arabako probintzian.

Hirugarrena.–Sartzeko eta konektatzeko baimenak.

Sagra I eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituren proiektuak garraio sarera sartzeko eta konektatzeko baimena lortu du, Red Eléctrica de España SAUren jabetzako Vitoria 220 kV-eko azpiestazioan; baimena eman zaio sarera sartzeko bideragarritasun txostenaren bidez, konexiorako baldintza teknikoak betetzeari buruzko txostenaren bidez eta konexiorako baldintza teknikoen egiaztapenari buruzko txostenaren bidez.

Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzko abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuaren arabera, instalazioak sarbide-baimena du, 2021eko otsailaren 17koa.

Horrela, instalazioak egiaztatu beharko du eraikitzeko administrazio-baimena lortzeko urrats administratiboa bete duela 2025eko martxoaren 17a baino lehen, bat etorriz ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuarekin, non energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste arlo batzuetako neurriak onesten baitira (gero, errege lege-dekretu hori ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege-dekretuaren bidez aldatu zen, zeinak zenbait neurri hartu eta luzatzen baititu Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko, La Palma uhartea berreraikitzen laguntzeko eta kalteberatasun beste egoera batzuei aurre egiteko).

2025eko maiatzaren 13an, Red Eléctrica de España SAUren idazki bat sartu zen ministerio honen erregistroan, zeinaren bidez jakinarazten baita iraungi egin direla ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuan xedatutakoa aplikatuz emandako sarbide- eta konexio-baimenak (errege lege-dekretu horren bidez, energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste arlo batzuetako neurriak onesten dira).

Laugarrena.–Entzunaldiaren izapidea.

2025eko irailaren 8an entzunaldiaren izapidea jakinarazi zen proiekturako aurretiazko administrazio-baimenaren eta eraikitzeko administrazio-baimenaren eskaera ezesten duen ebazpen-proposamenari buruz, SGIISE/PEol-522 espedientean.

2025eko irailaren 29an, sustatzaileak alegazio batzuk aurkeztu zituen proposamenari dagokionez, eta honako hau adierazi zuen:

"Lehenago adierazi den bezala, sartzeko eta konektatzeko baimenak galtzea ez zen nik ordezkatzen dudanaren ekintza-ezaren ondorio izan, baizik eta, berak nahi ez bazuen ere, ezinezkoa izan zelako administrazio-izapidetzea osatzea administrazio publikoek beraiek emandako txostenetan ezarritako baldintzen arabera. Horregatik, ez da bidezkoa jarritako bermea betearaztea, 1183/2020 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera."

II.–OINARRI JURIDIKOAK

Lehena.–Aplikatu beharreko arauak.

Kontuan hartu da hauetan ezarritakoa: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; 1183/2020 Errege Dekretua, abenduaren 29koa, Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzkoa; eta 23/2020 Errege Lege-dekretua, ekainaren 23koa, Energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste eremu batzuetako neurriak onesten dituena.

Bigarrena.–Energia elektrikoa ekoizteko instalazioen baimena.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak energia elektrikoa ekoizteko jarduerei buruzko 21. artikuluan xedatzen duenez, energia elektrikoa ekoizteko instalazio bakoitza abian jartzeko, aldatzeko, aldi baterako ixteko, eskualdatzeko eta behin betiko ixteko, 53. artikuluan eta hori garatzeko araudian ezarritako baimen-araubidea bete beharko da aldez aurretik.

Bat etorrita abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 3.13 artikuluarekin, Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkio, lege horretan ezarritako baldintzetan, honako eskumen hauek:

"Honako instalazio elektriko hauek baimentzea:

a) Energia elektrikoa ekoizteko penintsulako instalazioak –ebakuazio-azpiegiturak ere barnean hartuta–, 50 MW elektrikotik gorako potentzia elektrikoa instalatuta dutenak; penintsulako lehen mailako garraio-instalazioak eta 380 kV-eko edo gehiagoko tentsio-hartuneak".

b) Autonomia erkidego baten lurralde-eremua gainditzen duten ekoizpen-instalazioak, barne direla horien ebakuazio-azpiegiturak, bigarren mailako garraioa, banaketa, harguneak, zuzeneko lineak eta 3.000 kW-etik gorako potentzia duten ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazioetako azpiegitura elektrikoak, bai eta Estatuaren eskumeneko sorkuntza instalazioei konektatutako linea zuzenak ere".

53. artikuluak garraiorako, banaketarako, ekoizpenerako eta zuzeneko lineetarako instalazio berriak martxan jartzea arautzen du, eta honako administrazio-baimen hauek lortu behar dituela ezartzen du: aurretiazko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta ustiatzeko baimena.

Aurretiazko administrazio-baimenari dagokionez, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan xedatzen da ezen instalazioaren aurreproiektuarekin batera izapidetuko dela dokumentu tekniko gisa, eta, behar izatera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioarekin batera, bat etorriz abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin, eta baimendutako enpresari eskubidea emanen dio instalazio jakin bat baldintza zehatz batzuetan egiteko. Elektrizitatea sortzeko instalazioen administrazio-baimena ezin izanen da eman baldin eta titularrak ez baditu aldez aurretik lortu kasuan kasuko garraio edo banaketa sareetarako sarbide- eta konexio-baimenak. Halaber, baimen eskaerak bete beharko ditu urriaren 1eko 39/2015 Legean oro har jasotako administrazio baldintza orokorrak, baita aplikatzekoa den araudi sektorialean jasotako baldintza orokor teknikoak ere.

Bestalde, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak, 121., 122., 123. eta 124. artikuluetan, arautzen ditu, oro har, administrazio-baimenaren eskaerarekin lotutako zenbait kontu. Zehazki, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 124. artikuluak ezartzen du ezen energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioen proiektuei ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa eginen zaiela, arlo horretan aplikatu beharreko legeriak hala exijitzen duenean.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluak ezartzen duenez, organo substantibo horrek behar bezala hartu beharko du kontuan, proiektua baimentzeko prozeduran, egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

Era berean, eraikitzeko administrazio-baimenak instalazioa eraikitzeko aukera ematen dio titularrari, eskatzen diren baldintza teknikoak betez. Baimen hori eskatzeko, titularrak exekuzio proiektu bat aurkeztuko du, erantzukizunpeko adierazpena erantsita, aplikatzekoa zaion araudia betetzen dela frogatzeko. Aurretiazko administrazio-baimenak eta eraikitzeko administrazio-baimena bata bestearen ondotik, aldi berean edo batera izapidetu eta ebazten ahalko dira.

Aurrekoa zehaztu egin behar da, Auzitegi Gorenaren zenbait epaitan jasotakoaren arabera, bai eta abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan aurreikusitako baimen-araubidearen ondorio ere, eta, besteak beste, martxoaren 8ko 1046/2010 Epaian adierazten denez: "Argi dago ezin izanen litzatekeela exekuzio-proiektua onetsi (hau da, instalazioaren proiektu zehatza, titularrari hura eraikitzeko edo ezartzeko aukera ematen diona, 115.b artikuluaren arabera) administrazio-baimena eman aurretik, baimen hori instalazioaren aurreproiektu bati buruzkoa baita eta ingurumen-izapideak benetan betetzen dituela egiaztatzen baitu". Onura publikoa zehazki deklaratzeko eskaerari dagokionez, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 143.2 artikuluak ezartzen du ezen eskaera hori administrazio-baimenaren eskaerarekin eta/edo exekuzio proiektua onesteko eskaerarekin batera egin daitekeela; hala ere, horri dagokionez, Auzitegi Gorenak ezarritako jurisprudentziak, besteak beste otsailaren 25eko 932/2010 Epaian eta martxoaren 22ko 1591/2010 Epaian, honako hau zehazten du: "aintzat hartuta onura publikoa deklaratzeak bide ematen diola, beste izapiderik gabe, ukitutako ondasun zehatzak desjabetzeko prozedurari (zehazki, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 15. artikuluan jasotzen den berariazko izapiderik gabe), ezin da hura onetsi ukitutako ondasun horiek guztiz eta behin betiko zehaztuta egon gabe, eta hori ez da gertatzen exekuzio proiektua onetsi arte".

Hirugarrena.–Elektrizitatea garraiatzeko eta banatzeko sareetara sartzeko eta konektatzeko administrazio-urratsak betetzea.

Ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege Dekretuak, zeinaren bidez energiaren arloko eta beste eremu batzuetako neurriak onesten baitira ekonomia suspertzeko asmoz, 1. artikuluaren 1. apartatuan xedatzen du sarbide-baimenen titularrek, errege lege-dekretu horrek indarra hartzen duenetik aurrera, 37 hilabeteko epean lortu beharko dutela eraikitzeko administrazio-baimena. Gero, epe hori 49 hilabetera luzatu zen, abenduaren 27ko 8/2023 Errege Lege-dekretuaren 28. artikuluaren arabera (errege lege-dekretu horren bidez, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko eta lehortearen ondorioak arintzeko neurriak hartu ziren).

Goian adierazitakoa abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluarekin lotu behar da; izan ere, artikulu horren arabera ezin da sorkuntzarako instalazioetako administrazio-baimenik eman titularrak ez baditu aldez aurretik lortu banaketa- edo garraio-sareetarako sarbide- eta konexio-baimenak.

Jarraian, honako hau gehitzen da ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuaren 1. artikuluaren 2. apartatuan:

"Administrazio-urrats horiek behar den moduan eta epean bete direla frogatzen ez bazaio sarearen kudeatzaileari, besterik gabe iraungiko dira emandako sarbide-baimenak, bai eta, hala badagokio, sarbide- eta konexio-baimenak ere, eta administrazio-baimenak emateko eskumena duen organoak berehala betearaziko ditu berme ekonomikoak, garraio- eta banaketa-sareetarako sarbide-eskaera tramitatzeko aurkeztutakoak. Hala ere, sustatzaileari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldekoa ez bada, berme horiek ez dira betearaziko."

Laugarrena.–Berme ekonomikoak.

Sustatzaileak aurkeztutako bermeei abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretua (energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzkoa) aplikatuko zaie, zehazki, 23.6 artikuluan ezarritakoa, eta hark hala eskatuz gero.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, egindako izapideak kontuan hartuta, eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluarekin bat etorriz, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak, energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak eta energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak arautzen dituenak, ematen dizkion eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Bakarra.–Ezestea aurretiazko administrazio-baimenaren eta eraikitzeko administrazio-baimenaren eskaera, Energía Inagotable de Kyoko SLk egina, Kyoko haize-parkea eta haren ebakuazio-azpiegitura ezartzeko proiekturako, eta erabakitzea Peol-522 espedientea artxibatzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Energiaren Estatuko Idazkaritzari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Epe hori iraganik errekurtsoa jarri gabe, ebazpena irmoa izanen da ondorio guztietarako. Hilabetekako epeak zenbatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

2026ko otsailaren 3an–Zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.

Iragarkiaren kodea: E2603505