57. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORISOAIN

Aldaketa, Etxeko laguntza-zerbitzua arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Orisoaingo Udalaren Kudeaketa Batzordeak, 2025eko abenduaren 22an egin ohiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Etxeko laguntza-zerbitzua arautzen duen ordenantza fiskalaren 10. eta 12. artikuluak eta prezio publikoen II. eta III. eranskinak.

Hasierako onespenaren erabakia argitara eman zen 2026ko 7. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 12an, baita Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan ere; hori dena, jarraikiz xedatutakoari uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurrean egoteko aldia iragan denez inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatutako foru-legearen 325.1.c) in fine eta 326. artikuluen manuak betez, ordenantzan egindako aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Orisoainen, 2026ko otsailaren 24an.–Kudeaketa Batzordeko burua, Miguel Labiano Sevigné.

ORDENANTZA, ETXEKO LAGUNTZA-ZERBITZUAREN PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

Hitzaurrea

Etxeko laguntza-zerbitzuak Nafarroako gizarte-zerbitzuen eskualde oinarrizko guztietan ezarri ziren Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoak arautzen dituen urtarrilaren 16ko 11/1987 Foru Dekretuan babespean. Programa berariazkoak dira, beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonak beren etxeetan gelditzea bilatzen dutenak eta horretara bideratuak. Horretarako, bada, prestazioen multzo bat eskaintzen zaie, etxekoak, pertsonalak eta sozialak.

Mendekotasun organikoa dutenez, etxeko laguntza-zerbitzu bakoitzak bere udal-araudia du, ordenantza bat, gehienetan. Hala ere, nahiz eta zerbitzu bera izan, eta, hortaz, printzipio, eduki eta prestazio antzekoak izan arren, bakoitzak bere udalerriko araudia du. Egoera horren ondorioz, errealitate ezberdinak sortu dira zerbitzu-ematean, bizilekuaren arabera, eta horrek nahasmena eragin du herritarren ikuspegian.

Egoera hori hobetu nahirik, 2004ko ekitaldiaren amaieran, lan-batzorde bat eratu zen eta hartan parte hartu zuten Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak, Oinarrizko Osasun Laguntzako Atalaren bidez, toki-entitateen eta oinarrizko gizarte-zerbitzuetako profesionalen eskariari erantzunez.

Asmoa izan da guztiendako araudi bera ezartzea etxeko laguntza-zerbitzuen esku-hartzearen alderdi funtsezkoen gainean eta, horrela, Nafarroan zerbitzu horiek homogeneizatzeko aurrerapausoak ematea. Landutako gaien artean, aipatzekoak dira zerbitzu-eskaintza oinarrizkoaren definizioa, tarifa-sistema bat prestatzea eta denendako tresna bera ezartzea balorazioak egiteko.

Horren emaitza da ordenantza eredu hau, toki-entitateen eskura jartzen dena. Gizarte-zerbitzu oinarrizkoetako profesionalen ekarpen teknikoak bereganatu ditu eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko Batzorde Betearazleak onetsi du. Tafallako zerbitzura egokitu da, batez ere jatekoen banaketari dagokionez.

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 29. artikuluan xedatutakoarekin bat ezarri da ordenantza hau.

2. artikulua. Etxeko laguntza-zerbitzuaren (ELZa) definizioa.

ELZa udal-zerbitzua da, xede dituena ohiko ingurunean oinarrizko premiak betetzeko mugak dauzkaten herritar guztiak, eta eskaintzen ditu banakako hainbat zerbitzu, izan daitezkeenak aldi baterakoak nahiz iraunkorrak, egoera bakoitzaren arabera, eta bilatzen du pertsona ahalik eta hobekien integratzea bere ingurunean, haren autonomia funtzionala handitzea eta bizi kalitatea hobetzea.

3. artikulua. Etxeko laguntza-zerbitzuaren esku-hartzeak oinarritzat dituen printzipioak.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean bildutako printzipio orokorrak garatzen dituzte.

Gizarte-zerbitzuen sistemak printzipio hauen arabera jardunen du:

a) Unibertsaltasuna: botere publikoek bermatuko dute gizarte-zerbitzuez baliatzeko biztanle guztiek duten eskubidea, bat etorriz berdintasunaren, ekitatearen eta birbanaketaren zuzentasunaren irizpideekin. Halere, baldintza bereziak ezarri ahalko dira, zenbait zerbitzu zehatzez baliatzeko bete beharko direnak.

b) Erantzukizun publikoa: botere publikoek bermatu beharko dute gizarte-zerbitzuen eskuragarritasuna, horretarako arautuz eta jarriz sistemaren funtzionamendurako eta koordinaziorako beharrezkoak diren giza baliabideak eta bitarteko tekniko eta finantzarioak.

c) Berdintasuna: Nafarroako Gobernuak bermatu beharko du Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan gutxieneko prestazio homogeneoak egotea.

d) Solidaritatea: botere publikoen jarduketek jo beharko dute populazioaren kohesio sozialari mesede egitera, eta bultzatuko dute pertsonen arteko desberdintasunak errespetatzea eta onartzea, bizikidetza harmoniatsua izan dadin.

e) Hurbiltasuna eta deszentralizazioa: gizarte-zerbitzuak pertsonengandik ahalik eta hurbilen eman beharko dira, kontuan harturik haien izaera eta ezaugarriak.

f) Herritarren partaidetza: botere publikoek sustatu eta bermatu beharko dute pertsonek, taldeek eta entitateek sistemaren funtzionamenduan parte har dezaten.

g) Laguntza pertsonalizatua eta integrala: gizarte-zerbitzuen sistemak erantzun integrala eman beharko die behar sozialei, laguntza pertsonalizatua emanez behar horiek ezagutzeko.

h) Prebentzioa: gizarte-zerbitzuen sistemak bere jarduketak eta zerbitzuak bideratuko ditu, batez ere, premia sozialeko egoerak gertatzeko arriskua saihestera.

i) Normalizazioa: gizarte-zerbitzuen lehentasuna izanen da pertsonak beren ingurune sozial, familiar eta pertsonalean atxikitzea, eta bermatzea komunitatearen bizitzan parte hartzen dutela, ahal delarik.

j) Norbere autonomia sustatzea: gizarte-zerbitzuen sistema lagungarria izanen da pertsonek behar den gaitasuna beregana dezaten norberaren bizimoduari buruzko erabaki pertsonalak hartzeko eta lehentasunak hautatzeko, eta parte hartu eta molda daitezen alor guztietan (gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan nahiz hezkuntzan).

k) Planifikazioa eta ebaluazioa: botere publikoek ordenan planifikatu beharko dituzte gizarte-zerbitzuen esparruan jarraitu beharreko jomugak, estrategiak, politikak eta jarraibideak, bai eta arazo sozialen eta haiek eragiten dituzten arrazoien berri izateko erabili behar diren bideak eta ekintzak ere, aldizkako ebaluazioaren arabera egoki diren aldaketak ezarriz.

l) Administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza: botere publikoek ziurtatu beharko dute gizarte-zerbitzuen sistemaren berdintasuna, eta ahal den efizientzia eta eraginkortasun handienez funtzionatzen duela, horretarako haien arteko eta ekimen pribatuarekiko koordinazio- eta lankidetza-bideak bultzatuz.

m) Kalitatea: Nafarroako Gobernuak bermatuko du gutxieneko kalitate estandarrak izatea gizarte-zerbitzuen sisteman, eta estandar horiek hobetzea sustatuko du.

n) Boluntarioen lanaren sustapena: botere publikoek herritarren elkartasunezko lankidetza sustatuko dute gizarte-zerbitzuen esparruan, boluntarioen elkarteen parte-hartzearen bitartez, baldin eta haien eginkizunek behar diren profesionalen zerbitzuak ordezten ez badituzte.

4. artikulua. Etxeko laguntza-zerbitzuko programaren ezaugarriak.

Etxeko laguntza-zerbitzua honelako zerbitzua da:

–Balioaniztuna, bere gain hartzen baitu autonomia pertsonala falta duten pertsona edo familia taldeen premia-sorta zabala betetzea.

–Normalizatzailea, inguruneko baliabideak erabiltzen baititu premiak betetzeko.

–Etxekoa, erabiltzailearen etxean egiten baita batez ere.

–Integrala, osotasunean heltzen baitie bizikidetza-unitateen beharrei.

–Prebentiboa, ahalegina egiten baitu eragozteko edo murrizteko gaitasun pertsonalek okerrera egitea eta sostenguak eta gizarte-harremanak galtzea, baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea ere, salbu eta zentroan bizi-kalitate hobea bermatzen bada.

–Osagarria, bateratu baitaiteke oinarrizko beste laguntza batzuekin, helburuak betetzeko.

–Akuilatzailea eta pizgarria, lagunduko duena erabiltzailearen beharrak betetzen haren gaitasunak indartuz, bere aldaketaren eragile eginez eta familiaren partaidetza bultzatuz.

–Teknikoa, esku hartzeko oinarritzat hartzen dituena teknikoki planifikatutako eta egindako jarduerak, behar bezala kualifikatutako profesionalek planifikatu eta egin ere, gainbegiraturik.

–Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak behar baititu bere beharretara egokitutako programa eta jarraipena, baliabide egokienak konbinaturik.

–Oinarritzat hartzen duena errespetatzea laguntza hartzen dutenen eta zaintzaileen hobespenak.

5. artikulua. Helburuak.

Etxeko laguntza-programak honako helburu hauek ditu:

–Laguntza ematea, pertsonek beren ohiko ingurunean iraun dezaten ahalik eta denbora gehienean eta ahalik eta bizi-kalitate handienarekin, prebenituz eta saihestuz zentro batean sartzea beharrik gabe eta, hala, ingurunetik deserrotzea. Horretarako, alternatiba egokia ematea.

–Lortzea pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa, zeinek ahalbidetuko baitute ahalik eta autonomia handiena izatea, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasuna eta autoestimua handitzea.

–Ohiko bizilekuan eskaintzea prestazio multzo bat, erraztuko eta lagunduko duena eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea, modu integralean.

–Jarduketak koordinatzea parte hartzen duten profesionalen sarearekin, batez ere osasun- eta gizarte-sarearekin, baliabide egokiak erabiliz eta aplikatuz, esku-hartzea eraginkorragoa eta efizienteagoa izan dadin.

–Hobetzea oreka pertsonala, familiarena eta ingurunearena, horretarako sendotuz familia-, auzo- eta adiskidetasun-loturak, bultzatuz eta indartuz lankidetza handiagoa izatea sostengu-sare naturalek, bereziki familiarenak, behar bezalako sostenguak emanik zaintzaileei.

–Laguntza ematea pertsonaren nahiz familiaren krisi koiunturaletan, non kaltetzen diren autonomia pertsonala edo soziala.

–Bultzatzea zerbitzuaren hartzaileen gizarte-harremanak eta jarduerak, haien komunitate-ingurunean, prebenitzeko isolatze eta bakardade arazoak.

–Bultzatzea eta bideratzea komunitateko boluntarioen bidezko sostengu soziala, indargarri gisa, zerbitzuaren hartzaileei lagun egiteko.

6. artikulua. Etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileak / hartzaileak.

ELZaren erabiltzaileak izaten ahalko dira pertsona edo bizikidetzako familia-unitate guztiak, baldin erroldaturik badaude egoki den Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Eskualdeko udalerrietariko batean, baldin badute bizi autonomoa egiteko mugarik eta, ondorioz, ezin badituzte beren kabuz bete premia pertsonala eta sozialak, eta, hortaz, laguntza behar badute ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko.

Erabiltzaile izateko, hauexek dute lehentasuna:

–Autonomia pertsonaleko zailtasunak dituzten zaharrek.

–Desgaitasuna dutenek, baldin horrek larriki eragiten badio autonomia pertsonalari.

–Familia-unitateek, baldin beren baitan badituzte adingabeak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten kideak, eta beren etxean ez badute ematerik behar dituzten zaintza eta arreta eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretarako, edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxeko laguntza, bermatze aldera haien garapen normal eta orekatsua.

Premia-maila bera izanik, lehentasuna izanen dute kargaren eskala progresiboan prezio publikoaren %100 baino gutxiago ordaindu behar dutenek.

7. artikulua. Etxeko laguntza-zerbitzuan parte hartzen duten profesionalak.

Honako profesional hauek osatuko dute etxeko laguntza-zerbitzuko oinarrizko lantaldea:

–Gizarte-langilea: eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasuaren azterketa eta balorazioa, komeni den esku-hartze programa diseinatzea eta proiektua gainbegiratzea, haren jarraipena egitea eta ebaluatzea.

–Familia-langilea: berari dagokio egitea eginkizun pertsonalak eta etxekoak, eta laguntza ematea ohiturak eta gaitasunak sortzeko eta mantentzeko; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostenak egin beharko ditu, bere esku-hartze etengabeak dakarren bilakaeraz.

–Aipatutako lanetatik kanpo geldituko dira osasun-arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, behar baldin badute espezializazioa eta baldin badagozkio osasun-arloko baliabideen eskumenari.

–Administrariak: eginen dituzte zerbitzuaren ondoriozko administrazio- eta antolaketa-lanak.

Prestazioak hala behar duenean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko beste profesional batzuek esku hartzen ahalko dute, hala nola honako hauek:

–Hezitzailea: arduratzen da heziketa-lanak egiteaz erabiltzailearekin, haren familiarekin eta inguruarekin, eta, hala, laguntzen du eskuratzen gaitasunak eta trebeziak, on egiten diotenak bizikidetzako gunearen familia-autonomiari.

–Psikologoa: esku hartu behar du sostengu psikosoziala behar duten egoeretan, baita zaintzaileei sostengu eta aholku emateko jardueretan eta zerbitzuko langileen prestakuntza etengabean ere.

–Beste profesional batzuk: eragile soziokulturalak, enplegu-teknikariak, berdintasun-teknikariak...

8. artikulua. Zerbitzua eskuratzeko irizpideak: mendekotasuna baloratzeko tresnak.

Baloratzeko etxeko laguntza zerbitzua nork nola erabiltzen ahalko duen, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak honako hauek hartuko ditu kontuan:

–Ea onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko autonomia funtzionala duten, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak eta tresna bidezkoak egiteko.

–Ea baduten sare naturalaren sostengua, bereziki familiarena.

–Onuradun izan nahi duenaren egoera soziofamiliarra.

Horretarako, erabiliko dira egungo araudiari jarraikiz indarrean dauden balorazio eskalak.

9. artikulua. Zerbitzuen zorroa.

Etxeko laguntza ematearen barrenean, honelako jardueretako bat edo guztiak sartzen dira:

a) Etxeko lanetan sostengua emateko jarduketak. Honako hauek hartuko dira etxeko lanetan sostengu emateko jarduketatzat:

–Erabiltzailearen elikadurarekin zerikusia dutenak, hala nola:

  • Elikagaiak erostea.
  • Etxean janariak prestatzen laguntzea.
  • Etxez etxeko janari zerbitzua.

–Erabiltzailearen arroparekin zerikusia dutenak, hala nola:

  • Etxean nahiz etxetik kanpo arropa garbitzen laguntzea.
  • Arropa berrikustea eta zaintzea.
  • Arropa antolatzea.
  • Arropa lisatzea, etxean nahiz etxetik kanpo.
  • Arropa erostea.

–Bizilekuaren mantentze-lanekin zerikusia dutenak, hala nola:

  • Etxea garbitzea.
  • Konponketa txikiak.
  • Etxearen egoera orokorra gainbegiratzea, etxeko istripuak saihesteko.

b) Sostengu pertsonaleko jarduketak. Honako hauek hartuko dira eguneroko oinarrizko zereginetan sostengu pertsonala emateko jarduketatzat:

–Norberaren garbitasuna eta higienea: gainbegiratzea, eguneroko garbiketa, bainua.

–Janzten eta jaten laguntzea.

–Erabiltzailearen elikadura kontrolatzea.

–Osasun-tratamenduaren jarraipena egitea, oinarrizko osasun-laguntzako taldeekin koordinaturik.

–Etxe barreneko mugikortasunerako sostengua.

–Aisialdiko jarduketak bizilekuaren barnean.

c) Sostengu psikosozialeko jarduketak. Honako hauek hartuko dira laguntza psikosozialeko jarduketatzat:

–Autoestimua sendotzea eta bultzatzea.

–Balio positiboak indartzea, familiaren dinamikan agertzen diren egoera guztiak gainditzeko.

–Sostengua ematea, bakartasun- eta isolamendu-sentimenduen aurrean.

–Antolaketa ekonomikoan eta familiarrean orientazioa ematea.

–Sostengua ematea familiaren higienearen plangintzan.

–Prestakuntza ematea bizikidetza-ohituretan, familian eta ingurukoekin.

–Sostengua ematea gizarteratzeko eta sozializatzeko.

d) Arlo soziokomunitarioan sostengua emateko jarduerak. Honako hauek dira sostengu soziokomunitarioko jarduketak:

–Lagun egitea etxetik kanpo, kudeaketa pertsonaletan laguntzeko.

–Kultura, aisialdi edo denbora libreko jardueretan lagun egitea.

–Boluntarioen esku-hartzea erraztea eta bultzatzea, etxean lagun egiteko.

e) Familiari sostengua emateko jarduketak. Hona hemen familiari sostengua emateko jarduketak:

–Zaintzaileendako prestakuntza eta aholkularitza.

–Zainketen gaineko berariazko prestakuntza.

–Sostengu teknikoa eta gainbegiratzea.

f) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak. Etxeko laguntza-zerbitzuaren bitartez argibideak eta orientazioa ematen da honako hauen gainean:

–Behar den sostengu teknikoko materiala eskuratzea, errazteko etxean zainketak ematea (mailegu-sistema, prestazio ekonomikoen kudeaketa eta abar).

–Etxeko sostengurako baliabide osagarriak, beste erakunde batzuen ardurapekoak, hala nola larrialdietarako telefono-zerbitzua, etxeko laguntzarako dirulaguntzak, eguneko zentroak eta abar.

–Etxebizitza egokitzeko baliabideak.

Etxeko laguntza zerbitzuaren zenbaterainokoa, mendekotasunaren arabera:

–III. maila. Mendekotasun handia: 46-70 ordu hilean.

–II. maila. Mendekotasun larria: 21-45 ordu hilean.

–I. maila. Mendekotasun moderatua: gehienez 20 ordu hilean.

10. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.

Honako hauek dira finantzaketari aplikatu beharreko irizpideak eta printzipioak:

–Zerbitzu-unitatearen definizioa otorduetarako: zerbitzu-unitatea izanen da otordua erabiltzailearen etxean entregatzea.

–Zerbitzu-unitatearen definizioa gainerako zerbitzuetarako: zerbitzu-unitatea neurtzen da kontuan hartuz zenbat denbora ematen den etxean, ordenantzan eskainitako edozein zerbitzu emateko; gehienez ere bi ordu izanen da egun bakoitzean. Erabiltzaileari dagozkion arrazoiak direla medio, ezin bada zerbitzua egiazki egin, egindakotzat joko da eta, hortaz, zergapeko egintza sortuko da, baita prezioa kobratuko ere.

–Familia-unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko erabiliko da PFEZean definitzen den familia-unitatea:

  • Osatzen dutena legez banandurik ez dauden ezkontideek eta, halakorik bada, adingabeko seme-alabek (salbu gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.
  • Osatzen dutena berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek eta, halakorik bada, adingabeko seme-alabek (salbu gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.
  • Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontza-loturarik edo bikote egonkorrik ez dagoenean, osatzen dutena aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek, baldin aurreko apartatuan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

–Ahalmen ekonomikoa zehaztea: kontuan hartuko dira indarrean dagoen PFEZaren azken aitorpena eta familia-unitatearen datu fiskalak.

  • Errenta: urteko diru-sarrerak zenbatesteko irizpideak:
    • Urteko diru-sarrerak = Egiazko diru-sarrerak + Diru-sarrera potentzialak.
    • Egiazko diru-sarrerak: laneko errentengatik, kapital higigarriaren nahiz higiezinaren etekinengatik, lanbide-jardueren etekinengatik eta abarrengatik eskuratutako diru-sarrera egiazkoak baloratuko dira atal honetan.
    • Diru-sarrera potentzialak: ondasun eta eskubideen zenbatespenaren bidezko diru-sarrerak, aitzineko atalean baloratu ez direnak, baloratuko dira atal honetan.
  • Honako hauen etekinen zenbatespena:
    • Hiri-lurreko ondasunak: ohiko bizitegiak ez diren etxebizitzetarako PFEZaren arauen irizpide bera erabiliz eginen da, hau da, %1,30 aplikatuz hiri-lurraren katastroko balioaren gainean, ohiko etxebizitzari dagokionaren kenketa aldez aurretik egin ondotik.
    • Landa-lurreko ondasunak: aprobetxamendu zuzenaren modalitatean herri-lurretako lote arrunt bakoitzagatik ordaindu beharreko kanonaren etekina parekatuz aterako da, eta horretarako landa-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioaren katastroko balioari %2,30 aplikatuko zaio.
  • Gastu kengarriak: kuotan desgrabazioa izateko oinarria eratzen dutenak, arrazoi hauek direla-eta: etxebizitza alokairuan hartu edo erostea, eta mendekotasunagatik emandako laguntzaren ingurukoak (eguneko zentroak, garraioa, etxeko lanak egitea eta bestelakoak). Gastu kengarri horiek agertu beharko dira indarrean den PFEZaren aitorpenean.
  • Hileko per capita errenta garbia: sortzen dena aurreko kontzeptuak batuta eta zatituta familia-unitatea osatzen duten kideen kopuruaz eta 12 hilabetez.

Erabiltzailea PFEZaren aitorpena egitera behartua ez dagoenean, aurreko ekitaldian izandako diru-sarreren arabera zehaztuko da ahalmen ekonomikoa. Diru-sarrerarik ez bada, haien gaineko zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko da.

–Janariaren kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Janariaren kostua izanen da enpresa adjudikaziodunak Tafallako Udalari otordu bakoitzeko fakturatzen dion kostu egiazkoa (BEZa barne).

–Gainerako zerbitzuen kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Zerbitzuaren kostu guztiak egozteko eta benetan emandako laguntzaren guztizko kostuaren balioa kalkulatzeko, ordu bakoitzeko, metodo hau erabiliko da:

Urtero zehaztuko da kostu-zentro bat, eta horri egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko familia-langile baten kostua eta gizarte-langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren %15, azken bi profesional horiek ere zuzenean parte hartzen baitute programaren kudeaketan.

Eginen da guztirako kostua zati lanaldi osoko familia-langile batek etxeko laguntzarako egiten ahal dituen orduen kopurua (lanaldi horren %80); horrela aterako da laguntza orduaren kostua.

–Janariaren tarifaren oinarrizko unitatea zehaztea:

tarifaren oinarrizko unitatea da otordua erabiltzailearen etxera eramatearen kostu egiazkoa.

Prezio publikoa edo tarifa izanen da janariaren benetako kostuaren %100.

–Gainerako zerbitzuen tarifaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Etxean zerbitzua ematen benetan iragandako ordua da tarifaren oinarrizko unitatea. Erabiltzaileari dagozkion arrazoiak direla medio, ezin bada zerbitzua egiazki egin, egindakotzat joko da hala ere.

Laguntza orduaren kostuaren %50 izanen da prezio publikoa edo tarifa.

–Janariaren prezio publikoa kargatzeko eskala progresiboa:

Karga-eskala egotziko zaio familia-unitatearen per capita errenta garbiari, eta oinarrituko da errenta horrek urteko OAEAParekiko gordetzen duen proportzioan (ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa):

ERRENTA-MAILAREN TARTEAK

Tarifaren eskala janariagatik

PCEG (Per Capita Errenta Garbia) < OAEAP (ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa)

Janari bakoitzaren prezio publikoaren 0,20

OAEAP < PCEG > OAEAParen %105

Janari bakoitzaren prezio publikoaren 0,40

OAEAParen %105 < PCEG > OAEAParen %120

Janari bakoitzaren prezio publikoaren 0,50

OAEAParen %120 < PCEG > OAEAParen %135

Janari bakoitzaren prezio publikoaren 0,70

OAEAParen %135 < PCEG > OAEAParen %150

Janari bakoitzaren prezio publikoa

OAEAParen %150 < PCEG > OAEAParen %165

Janari bakoitzaren prezio publikoaren 1,10

OAEAParen %165 < PCEG > OAEAParen %180

Janari bakoitzaren prezio publikoaren 1,20

OAEAParen %180 < PCEG > OAEAParen %195

Janari bakoitzaren prezio publikoaren 1,30

PCEG > OAEAParen %195

Janari bakoitzaren prezio publikoaren 1,40

–Gainerako zerbitzuen prezio publikoa kargatzeko eskala progresiboa:

Karga-eskala egotziko zaio familia-unitatearen per capita errenta garbiari, eta oinarrituko da errenta horrek urteko OAEAParekiko gordetzen duen proportzioan (ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa):

ERRENTA-MAILAREN TARTEAK

TARIFEN ESKALA (zerbitzu-ordua)

PCEG (per capita errenta garbia) < KGP (kontribuziorik gabeko pentsioa)

Prezio publikoaren 0,05

KGP < PCEG > OAEAP

Prezio publikoaren 0,10

OAEAP < PCEG > OAEAParen %105

Prezio publikoaren 0,15

OAEAParen %105 < PCEG > OAEAParen %120

Prezio publikoaren 0,20

OAEAParen %120 < PCEG > OAEAParen %135

Prezio publikoaren 0,30

OAEAParen %135 < PCEG > OAEAParen %150

Prezio publikoaren 0,40

OAEAParen %150 < PCEG > OAEAParen %165

Prezio publikoaren 0,47(*)

OAEAParen %165 < PCEG > OAEAParen %180

Prezio publikoaren 0,55(*)

OAEAParen %180 < PCEG > OAEAParen %195

Prezio publikoaren 0,62(*)

OAEAParen %195 < PCEG > OAEAParen %210

Prezio publikoaren 0,69(*)

OAEAParen %210 < PCEG > OAEAParen %225

Prezio publikoaren 0,77(*)

PCEG > OAEAParen %225

Prezio publikoaren 0,84(*)

(*) Tarte horietan dauden balizko erabiltzaileei laguntza emanen zaie oinarrizko gizarte-zerbitzuan erabili gabeko baliabideak daudenean bakarrik, non ez dauden erabiltzaile horiek Mendekotasunari buruzko Legean ezarritako mendekotasun-mailetan sailkatuta.

11. artikulua. Esku hartzeko protokolo teknikoa.

Esku hartzeko protokolo teknikoak jasotzen ditu ondotik adierazten diren urratsak, eta haien edukia 1. eranskinean azaltzen da:

–Eskaera hartzea eta aurkeztea.

–Kasua aztertzea.

–Egoera diagnostikatzea.

–Banakako laguntzarako proposatzea. Esku-hartzearen diseinua.

–Alderdien arteko konpromisoak formalizatzea.

–Esku-hartzearen hasiera.

–Jarraipena eta ebaluazio jarraitua.

12. artikulua. Kudeaketa-arauak: etxeko laguntza-zerbitzua emateko administrazio-prozedura.

a) Prozeduraren abiatzea:

Etxeko laguntza-zerbitzua emateko prozedura abia daiteke ofizioz edo interesdun baten eskariz:

–Ofizioz. Prozedura ofizioz abiatuko da organo eskudunak hala erabakita, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuek eskaera arrazoitua eginik.

Ofizioz abiatutako prozeduretan, epea kontatzeko, hasiera-eguna izanen da ofiziozko prozedura abiarazten duen ebazpenarena.

Betiere, prozedurak bat eginen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 68.etik 72.era bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin.

–Alderdi batek eskaturik. Alderdi batek eskaturik abiatuz gero, eskabideekin batera aurkeztu beharko da agiri honen 2. eranskinean aipatutako dokumentazio administratiboa gutxienez, eta behar bezala bete beharko da eskabidea.

Aipatutako dokumentazioa gorabehera, espedientea izapidetzen den bitartean, eskatzen ahal dira egokitzat jotzen diren agiri osagarriak, aurkeztutako eskaeraren inguruan.

Eskabideak aurkeztuko dira zerbitzuaren titularra den entitatearen Erregistro Orokorrean, horrek galarazi gabe 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitakoa (lege horrek hizpide ditu Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea); eskabidea aipatutako erregistroan sartzen denetik kontatuko da prozedura izapidetzeko epea.

b) Izapidetzea: eskabideak ez baditu biltzen eskatzen diren datu eta agiri guztiak, interesdunari errekerimendua eginen zaio 10 eguneko epean eman ditzan falta diren datuak edo ekar ditzan aginduzko agiriak, eta ohartaraziko zaio ezen hala egiten ez badu ulertuko dela eskariari uko egin diola, eta, izapide gehiagorik gabe, artxibatu eginen dela.

Eskabidea baloratu eta gero, proposamena helaraziko zaio dagokion organoari, onetsi edo ezeztatu dezan. Proposamenean prestazioaren edukia eta maiztasuna adieraziko dira. Fase honetan sortuko da etxeko laguntza-zerbitzuaren eskaria ebazteko agiri-proposamena.

c) Ebazpena: zerbitzua baiesteaz edo ezesteaz Udalean ebazpena emateko eskumena duen organoa Udaleko alkatea da, edo mankomunitateko edo udalen arteko batasuneko burua, non ez den eskumen hori beste norbaiten esku utzi.

Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, espedientea artxibatuz burutuko da izapidea; aldiz, ebazpena aldekoa bada, zerbitzuaren altaren edo hasieraren eguna erabakiko da, baldin eta ordurik badago baliagarri laguntza emateko. Ordurik ez dagoenean baliagarri, kasua itxaron-zerrendara pasatuko da.

Ematen den ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxaron-zerrendan sartu den harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta, orobat, ebazpenaren kontra zer errekurtso diren bidezko.

Ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, besteak beste:

1.–Zerbitzua ukatzen edo ematen den.

2.–Zerbitzua zer baldintzatan ematen den, eta gutxienez ere hauek:

–Banakako arreta programa.

  • Egin beharreko lanak/jarduketak.
  • Laguntzaren iraupena.
  • Laguntzaren ordutegia.
  • Asteko zer egunetan emanen den laguntza.

–Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.

3.–Onuradunarendako ezarritako beste betebehar edo baldintza batzuk.

4.–Ebazpena dela-eta aurkez daitezkeen administrazio-errekurtsoak.

Interesdunak eskaturik abiatutako prozeduretan, berariazko ebazpenik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu eta, beraz, baietsitzat hartzen ahalko da.

Aurreko puntuak aipatzen duen ebazpenaz gain, prozedurari bukaera emanen dio atzera egiteak, uko egiteak eta espedientea iraungitzat deklaratzeak, bai eta, gerora sortutako arrazoiengatik, prozedurak segitzeko ezintasun materiala gertatzeak ere.

d) Jakinarazpena:

Zerbitzua baietsita, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Jakinarazpen hori izanen da zerbitzuan alta emateko aginduaren pareko; bertan zehaztuko da zer prestazio mota emanen dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion. Era berean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari eta dagokion profesionalari jakinaraziko zaie.

e) Azkentzea edo etetea:

Azkentzea gertatuko da honako egoera hauengatik:

1. Interesdunak hala nahi izateagatik edo uko egiteagatik.

2. Zerbitzua erabiltzeagatik horretarako behar diren baldintzak bete gabe, edo baldintzak betetzeari uzteagatik.

3. Ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

4. Bizilekua beste udalerri batera aldatzeagatik, zahar-egoitza batean sartzeagatik edo heriotzagatik.

5. Gerora sortutako arrazoiak direla eta, zerbitzua ematen segitzeko ezintasun materiala gertatzeagatik.

6. Hiru hilabete baino gehiagotan zerbitzua etenda edukitzeagatik.

7. Egoera hobetzeagatik edo ELZaren esku-hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.

ELZtik irteteko, oinarrizko gizarte-zerbitzuko gizarte-langileak agiri bat sinatu beharko du; delako agirian agertuko dira erabiltzaileari dagozkion datuak eta baja emateko arrazoiak, baita zerbitzua eteteko eguna ere.

Behar den organoak zerbitzuan baja emateko ebazpena emanen du, adierazirik arrazoia eta ebazpenak ondorioak izanen dituen eguna.

Bajaren arrazoiak bigarren eta hirugarren kasuak badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emanen zaio interesdunari.

Etetea: zerbitzua aldi baterako eteten ahalko da.

Gehienez ere 3 hilabete iraunen du.

Lehen hilabetean dagokion tarifa kobratuko da.

Zerbitzua interesdunek eskaturik abiaraziko da berriz. Hilabete baino etenaldi laburragoetan, laguntza berehala berrezarriko da. Etenaldia hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskaria zuzenean sartuko da itxarote-zerrendan.

f) Ebaluazioa, jarraipena eta berrikuspenak:

–Jarraipena eta balorazioa:

Behin zerbitzua hasita, etxeko laguntza-zerbitzuaren ardura duen lantalde teknikoak kasuaren jarraipena eginen du, eta hura dagokion espedientean jasoko da.

Ofizioz, eta PFEZaren aitorpen berri bat dagoenean indarrean, eguneratuko dira familia-unitatearen datu ekonomikoak eta dagokion tasa. Aitorpen hori uztaileko lehenbiziko hamabostaldian aurkeztu beharko da Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan. Behin esleituta, ikusten bada emandako datuak okerrak direla, zuzendu eginen dira.

–Berrikuspena:

Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, erabiltzailearen egoera aldatu bada hasierako baiespena eman zenetik.

Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak. Horretarako, eskaera aurkeztu behar du, berak sinatua edo, bestela, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko profesionalak proposatu beharko du, ikusirik baiespena ekarri zuen egoeran gertatu diren gorabeherak.

Zerbitzu egiteko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, dagokion toki-entitateak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, egokitzeko erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari.

Nolanahi dela ere, aldaketa izapidetzeko, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.

g) Prozedura berezia.

Premia larriei erantzuteko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak proposamen arrazoitua eginez gero, berehala abiatuko da etxeko laguntza-zerbitzua, horrek galarazi gabe geroago izapidetzea, ezarritako prozedurari jarraikiz.

13. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

a) Eskubideak. Etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileek honako eskubide hauek izanen dituzte:

–Banakako esku-hartze planaren berri izatea.

–Laguntza modu egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.

–Aukerako beste baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.

–Laguntzaren araubidean gertatzen diren aldaketen berri garaiz izatea.

–Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.

b) Betebeharrak. Etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Behar den informazio guztia ematea, ezagutzeko prestazioaren beharra ekartzen duten inguruabar pertsonalak, familiarrak eta sozialak.

–Jarrera egokia eta laguntzazkoa agertzea prestazioa gauzatzeko.

–Ez eskatzea banakako arreta programatik kanpoko lan edo jarduerarik.

–Zerbitzuko langileak tratatzea haien duintasunari zor zaion begiruneaz.

–Prestazioaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren arabera, dagokion ordaina pagatuz, hala behar badu, baita zerbitzua ematerik ez dagoenean ere erabiltzaileari egozteko moduko arrazoiak tarteko.

–Egoera pertsonal, familiar, sozial edo ekonomikoan gertatzen zaien edozein aldaketaren berri ematea, baldin badakar etxeko laguntza-zerbitzua aldatzea, etetea edo azkentzea.

1. ERANSKINA.–ESKU-HARTZE TEKNIKOAREN PROTOKOLOA

Honako hauek behar ditu etxeko laguntza-zerbitzuaren esku-hartzea zehazteko beharrezkoa den esku-hartze profesionalaren prozesuak:

a) Eskaerari harrera egitea eta aurkeztea:

Profesionalaren eta eskatzailearen arteko lehen harremana da; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.

Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norentzat eskatzen den, horien guztien berri izanen du profesionalak.

Une horretan, baliabidearen berri ematen da, eta horrek laguntzen du izan daitezkeen espektatibak argitzen; orobat, argibideak eta aholkuak ematen dira etxeko laguntzarako izan daitezkeen beste baliabide batzuez edo eskariari lehen erantzuna ematen ahal lioketen bestelakoez.

Baliabide honen aplikazioaren komenigarritasuna baloratuta, eskaera-eredua emanen zaio eskatzaileari. Hartan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa.

b) Kasua aztertzea: balorazio-tresnak erabiliz, beste baliabide batzuekin koordinatuz (osasuna, hezkuntza), etxean bisitak eginez eta erabiltzailearekin eta sostengu-sare informalarekin solastatuz, baita onuradunak ekartzen duen dokumentazioaren bidez ere, informazioa biltzen da honako hauen gainean: bizikidetza-unitatearen egoera soziosanitarioa, eta zer baliabide dituzten egoerari aurre egiteko pertsonak, familiak eta sostengu-sare informaleko beste batzuek (auzoak, komunitatea).

c) Egoeraren diagnosia, honako hauek zehazteko:

–Erabiltzailearen premia zein den.

–Erabiltzaileak bere kasa asetzen ahal dituen premiak.

–Zer premia betetzen ahal dituen haren laguntzan parte hartzen duen sostengu-sare informalak (familia, auzoak, boluntarioak...).

–Zer premia gelditzen diren bete gabe erabiltzailea etxean atxikitzeko, eta horietarik zenbat har litzakeen ELZak bere gain eta horretarako zer beste baliabide behar liratekeen.

d) Banakako laguntzaren proposamena edo esku-hartzearen diseinua, honako hauek zehazteko:

–Esku-hartzearen helburuak.

–Egin beharreko lanak/jarduketak.

–Laguntzaren maiztasuna.

–Esku hartu behar duten profesionalak.

–Laguntzaren ordutegia.

–Laguntzaren iraupena.

–Alderdien konpromisoak.

–Koordinazio-premiak, bai barnean, jarraipen jarraitua egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.

–Erabiltzaileen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.

e) ELZak erabiltzaileei eta familiari ematen dien laguntzaren planteamendua, eta konpromisoak formalizatzea egin beharreko lanen gainean eta tarteko diren guztien arduraldiaren gainean.

f) Esku-hartzearen hasiera: familia-langilearen esku-hartzearekin abiatzen da, zuzeneko laguntza emanez programatutakoa aplikatuz, eta malgutasun- eta egokitasun-maila handia izanik erabiltzailearen egoeraren bilakaerarekiko. Lehenbizian, funtsezkoa da baloratzea ea hasierako laguntza egokia den, baita bestelako sostengurik behar ote duen ere, eta aski ote diren laguntzarako ematen den denbora nahiz esku hartze planean ezarritako jarduketak. ELZaren laguntzaren hasieran, prestazioaren lehen egunean, gizarte-langilea eta familia-langilea izanen dira hartzailearen etxean, alderdi guztiek sina dezaten konpromisoen kontratua.

g) Jarraipena eta ebaluazio jarraitua: jarraipenean, atzematen ahal dira banakako proiektuan aldaketak egitea dakarten egoerak. Baldin funtsezko aldaketarik izan bada (esaterako, familia-unitateko kideen aldaketa, edo hobekuntza bat autonomian edo gizarte eta familiaren sostenguan, sostengu ekonomikoan eta abarretan) kasua berriz baloratuko da. Aldaketak beste baloraziorik ez baldin badakar, esaterako ordutegiaren aldaketa, langileena eta abar, banakako proiektuan aplikatuko da.

Itxarote-zerrendan daudenen egoerak gehienez ere urtebetean berrikusiko dira.

Espedienteari agiri hauek gehituko zaizkio:

–Gizarte-egoerari buruzko txostena.

–Mendekotasuna baloratzeko tresna.

–Zerbitzua abiatzeko proposamena.

–Banakako laguntzarako proiekturako proposamena.

–Zerbitzuaren baldintzen gaineko dokumentua.

–Alderdiek konpromisoak hartuz gero, haien gaineko dokumentua.

Eskaria eta balorazio profesionala erregistratuko dira behar diren euskarri dokumentaletan (espedientea) eta informatikoetan (SIUSS).

2. ERANSKINA.–ELZA ESKATZEKO AURKEZTU BEHAR DIREN AGIRIAK

ELZa hartzeko eskaria dagokion toki-entitatearen erregistroan aurkeztu beharko da, horretarako ereduan, eta horri agiri hauek gehituko zaizkio, familia-unitatearen kide guztiei buruzkoak (9. puntuan ezarritakoari jarraikiz):

–NANaren, AIZaren edo pasaportearen fotokopia.

–Osasun-txostena, desgaitasunaren ziurtagiria edo mendekotasunarena, halakorik izanez gero.

–Erroldatze- eta bizikidetza-ziurtagiria.

–Azken ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenaren fotokopia. Egin ez badu, PFEZaren aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak emana, eta horrekin batean aitzineko ekitaldiko diru-sarreren gordekinak (nominak, pentsio eta/edo bestelako prestazioak hartu direlako ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak...), edo, halakorik ez bada, dagozkien diru-sarreren zinpeko aitorpena.

–9. puntuko gastu kengarriak PFEZaren aitorpenean eta datu fiskaletan frogatutakoak izanen dira, eta honako hauetatik datozenak:

  • Etxebizitzaren alokairua edo erosketa.
  • Familia-unitateko kideen mendekotasunaren ondoriozko laguntza: eguneko zentroa, garraioa, etxeko lanak egitea, bestelakoak...

Bizikidetza-unitatearen egoera nolakoa den, beste agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da, beharrezkoak badira eskaeraren gaineko ebazpena emateko.

Entitatearen esku dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, ez eta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.

3. ERANSKINA.–PREZIO PUBLIKOAK

2026ko tarifak

Janariaren tarifari dagokion prezio publikoa izanen da hartaz arduratuko den enpresarekin hitzartutako adjudikazio-prezioa: 9,02 euro/otordu (BEZa barne).

Baldin kontratua adjudikatzen bada aurretik ezarritakoa ez den beste prezio batean, adjudikazio berriarena aplikatuko da.

25,20 euro da gainerako zerbitzuen 2026ko tarifak kalkulatzeko prezio publikoa. (Prezio hori atera da ordenantza honetako testuaren 10. artikuluan egindako arauketaren arabera).

Iragarkiaren kodea: L2602907