2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ITZA
Deialdia, 2026an kultura eta kirol jardueretarako dirulaguntzak emateko. Laburpena
DDBN kodea: 890768.
Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoarekin (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra); haren testu osoa kontsulta daiteke Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/890768).
Deialdi honen xedea da dirulaguntzak emateko baldintzak ezartzea, Itzako udalerrian kultura eta kirol jarduerak egiteko 2026. urtean. Deialdi honen xedea da sustatzea eta diruz laguntzea udal-esparruan jarduerak eta proiektuak gauza daitezen, kulturaren, kirolaren, euskararen, berdintasunaren eta aniztasunaren arloan, eta horrela Udalaren jarduna osatzea aipaturiko arloetan.
Diruz lagunduko dira 2026an egiten diren programatutako kultura eta kirol jarduerak, udalerriaren lurralde-eremuan, salbu eta, helburua edo inguruabarrak direla eta, udalerriaren barnean gauzatu ezin badira. Gutxieneko gastu-aurrekontuak 200 eurokoa izan behar du. Ez dira diruz lagunduko zenbateko hori baino aurrekontu txikiagoa duten jarduerak.
Diruz lagun daitekeen jarduera, parte hartzeari dagokionez, irekia egonen da Itzako herritar guztiei eta jendeari, oro har, eta bazkide ez izatea ez da arrazoia izanen parte-hartzea ukatzeko. Parte-hartzea ahal den neurrian bermatzeko, entitate edo pertsona eskatzaileak jarduerari buruzko iragarkia edo informazioa igorriko dio Udalari posta elektronikoz, gutxienez ere jarduera egin baino zazpi egun natural lehenago.
Dirulaguntza hauek finantzatuko dira 1.3321.4820003 partidaren kargura, eta erabil daitekeen kreditua 3.000 eurokoa izanen da. Udalaren dirulaguntzak gehienez jardueraren kostuaren %50 finantzatuko du, eta jarduera bakoitzarentzako muga 600 euro izanen da.
2026rako eskaerak aurkezteko epea 2026ko irailaren 4an bukatuko da.
Deialdiaren oinarriak: https://www.municipiodeiza.es/eu/.
Diruz laguntzeko jarduera 2026. urtean egin beharko da.
Itzan, 2026ko martxoaren 3an.–Alkatea, Floria Pistono Favero.
Iragarkiaren kodea: L2603556