57. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ESA

Oposizio-lehiaketa, bete dadin zerbitzu anitzetako plaza bat

Esako Udalak, 2026ko otsailaren 6ko osoko bilkuran, deialdi honetako oinarriak onetsi zituen: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Udalaren plantilla organikoan hutsik dagoen zerbitzu anitzetako plaza bat. Plaza zenbakia: 3.

OINARRIAK

Lehena.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea, oposizio-lehiaketa bidez eta funtzionarioen araubidean, zerbitzu anitzetako langilearen plaza bat, udal lantaldekoa. Plaza D mailakoa da, lanaldi osoa du, eta 3. lanpostu gisa dago identifikaturik Esako Udalaren plantilla organikoan. Destinoa udal horretan izanen du.

Lan-poltsa bat eratuko da hautapen-prozesua gainditu baina plazarik eskuratzen ez duten gainerako izangaiekin, etorkizunean sortzen diren beharrei erantzuteko. Lan-poltsa horrek ordeztuko du lehendik dagoen beste edozein, eta iraunen du harik eta beste zerrenda bat eratzen den arte.

1.2. Deialdia eta haren oinarriak argitara emanen dira udal honen web-orriaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

1.3. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Esako Udaleko funtzionario bilakatuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta afiliatuko da eta alta emanen zaio Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

1.4. Plazak D mailako ordainsariak izanen ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei dagozkienak, baita plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere; hori guztia, bat etorriz plantilla organikoaren 2026rako proposamenarekin.

1.5. Urteko lanaldia izanen da udal lantaldeko gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.6. Bete beharreko eginkizunak egokituko zaizkie deialdiaren kategoriari eta lanpostuaren mailari, eta, besteak beste, aipamen hutsez eta beste batzuk baztertu gabe, honako hauek izanen dira:

–Hornidura eta saneamendu sareak mantentzea eta kontrolatzea.

–Kaleak eta udalaren hiri zerbitzuak mantentzea, garbitzea eta zaintzea, hala nola eraikinak, kirol instalazioak, hiri altzariak, udal hilerria, komun publikoak eta abar.

–Lorezaintzako mantentze-lanak eta oinarrizko lanak: inaustea, ureztatzea, ongarritzea...

–Oinarrizko lanak egitea arlo hauetan: igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, zurgintza, soldadurak.

–Udalak eskatutako egitura eta aparatuak jarri eta kentzea.

–Ur-biltegia eta klorazioa maneiatzea, hornidura eta ponpaketa sarea kontrolatzea, eta, oro har, arduratzea ur hornidurari lotutako gainerako zereginez.

–Udal igerilekuetako udako kanpainaren protokoloa (irekiera, kontrola eta jarraipena; datuen transmisioa).

–Oinarrizko administrazio-laguntzari loturiko lanak egitea, dokumentazioa banatzea eta bandoak zabaltzea.

–Oinarrizko aplikazio informatikoak erabiltzea.

–Obra-makineria arina maneiatzea.

–Horiez gain, bete beharko du Udalak agintzen dion beste edozein zeregin, bere mailako eginkizunen barnean, betiere.

–Azpikontratatutako enpresek egiten dituzten lanak edo zeharkako kudeaketaren bidezkoak gainbegiratzea.

Bigarrena.–Aplikatu beharreko arauak.

Hautapen-prozesua, oinarri hauetan berariaz xedatua ez dagoen orotan, arau juridiko hauen arabera arautuko da:

–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena.

Hirugarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Hautaprobetan parte hartzeko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta herritar horien ondorengoek eta –legez bananduta ez badaude– ezkontidearenek, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, haien kontura bizi badira.

b) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituen zereginak betetzeko.

c) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

d) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

e) Ez egotea deialdiaren bidez eskuratu nahi den lanbide-kategoriari dagozkion eginkizunak betetzeko desgaitua, epai irmo batengatik edo bidezko deklaratutako diziplinazko kaleratze batengatik. Beste estatu bateko nazionalitatea izanez gero, ez egotea desgaitua edo antzeko egoera batean, edo diziplina-zehapenik edo antzekorik ez izatea, bere estatuan enplegu publikorako sarbidea izatea, baldintza berdinetan, eragozten dionik.

f) B motako gidabaimena izatea.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta eutsi beharko zaie, orobat, hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean, bai eta, aldi baterako kontratazioaren kasuan, kontratazioa egiten den unean ere.

Laugarrena.–Berdintasuna baldintzetan.

Desgaitasuna duten pertsonek gainerako izangaien baldintza berberetan parte har dezakete hautaprobetan, hala xedatzen baita azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Foru Dekretuan (Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten du).

Desgaitasuna duten izangaiek autonomia erkidegoko edo Estatuko Administrazioko organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, egiaztatzen duena, batetik, desgaitasuna dutela, eta, bestetik, badutela gaitasuna deialdi honen bidez bete nahi den lanpostuari dagozkion zereginak betetzeko.

Desgaitasuna duten izangaiek eskatzen ahalko dute probak denboraren eta baliabideen aldetik egokitzeko, eta hautapen-organoak egokitzapenok ezarriko ditu. Horretarako, interesdunek dagokion eskaera aurkeztu beharko dute deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera.

Bosgarrena.–Eskabideak eta izangaien onarpena.

Hautapen-prozesu honetan parte hartzeko eskabideak behar bezala bete beharko dira. Izangaiek adierazi beharko dute hirugarren oinarrian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako. Eskabideok udal honetako alkateari zuzenduko zaizkio, eta aurkeztuko dira erregistro orokorrean, Udalaren egoitza elektronikoan edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste edozein tokitan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Horretarako, 20 egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

Eskabideak lotuko zaizkio I. eranskineko ereduari, eta aurkeztu beharko dira honako hauekin batera:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo beste agiri baliokide batena.

–B motako gidabaimenaren fotokopia.

–Deialdian xedaturiko titulazioaren fotokopia edo hura lortzeko moduan egotea, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, frogatzen duen ziurtagiriarena.

–Deialdi honetan ezarritako moduan balora daitezen alegatzen diren merezimenduak frogatzeko agiriak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta argitara emanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Aditzera emanen dira zein izan diren baztertzeko arrazoiak eta zer epe dagoen akatsak zuzentzeko eta erreklamazioak aurkezteko; zehazki, 10 egun baliodunekoa izanen da.

Erreklamaziorik egonez gero, behin betiko zerrenda onesteko administrazio-egintzan bertan ebatziko dira. Behin betiko zerrenda, hain zuzen, behin-behinekoa bezala argitaratuko da. Ebazpen horretan bertan adieraziko da lehenengo proba noiz, non eta zein ordutan eginen den. Edonola ere, ebazpena argitaratu eta gutxienez 10 egun baliodun igaro eta gero eginen da.

Erreklamaziorik ez badago, behin-behineko zerrenda automatikoki hartuko da behin betikotzat, eta inguruabar horren berri emanen da aurreko paragrafoan adierazitako iragarkian.

Egitezko akatsak noiznahi zuzentzen ahalko dira, ofizioz edo interesdunak eskaturik.

Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dela baldintzaren bat betetzen, interesdunak galduko ditu prozedura honetan parte hartzeagatik dituen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkion erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Seigarrena.–Hautapen-organoa.

Honako hauek osatuko dute hautapen-organoa:

–Burua: Roberto Martínez Luyando, Esako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Carlos Mena Torres, Esako Udaleko alkateordea.

–Lehen kidea: Fermín Tarragona Castro, Burlatako Udaleko obra eta zerbitzuetako arduraduna.

Ordezkoa: izendatzeke.

–Bigarren kidea: Fermín Alonso Astondoa, Atarrabiako Udaleko obra zerbitzuko arduraduna.

Ordezkoa: Nafarroako beste toki-entitate bateko zerbitzu anitzetako enplegatu bat; izendatzeke.

–Hirugarren kidea: Cristina Saldaña Zabalegui, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko NOPLOI) ikuskatzailea .

Ordezkoa: NOPLOIko langile bat; izendatzeke.

–Idazkaria: Juan Carlos González Muñoz, Esako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Inés Carpintero Ruiz, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.

Hautapen-epaimahaiko kideak erantzule izanen dira deialdiaren oinarriak zorrotz betetzearen gainean, bai eta probak egin eta baloratzeko eta emaitzak argitaratzeko ezarritako epeak betetzeari dagokionez ere.

Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Udalari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Alkateak hautapen-organoko kideei eskatzen ahalko die berariazko adierazpen bat aurkez dezatela, frogatzeko ez daudela legez ezarritako abstentzio-arrazoiren baten pean.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horiek gertatzen direnean.

Epaimahaiaren osaera aldatzen bada abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Kide anitzeko organo horren osaerak balio dezan, bertan epaimahaiburuak eta idazkariak egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

Hala behar duten probetarako, hautapen-organoak laguntzaileak edo espezialistak izendatzen ahalko ditu. Horiek beti egonen dira epaimahaiaren zuzeneko zuzendaritzaren eta kontrolaren pean, eta mugatuko dira beren espezialitate teknikoei lotutako zereginetara. Hala, hautapen-organoarekin lankidetzan arituko dira, hitzarekin baina botorik gabe. Aholkulariek eta espezialistek hautapen-organoko kideen abstentzio- eta errekusazio-arrazoi berberak izanen dituzte.

Seigarrena.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

Hautapen-prozesua bi alditan eginen da, hurrenez hurren: lehenik, lehiaketaldia, eta bigarrenik, oposizioaldia.

Hautaprobak hasita, Udalaren web-orrian argitaratuko dira gainerakoak non eta zein ordutan eginen diren zehazteko iragarkiak. Iragarki horiek gutxienez 24 ordu lehenago argitaratu beharko dira ariketa berari buruzkoak direnean, eta 48 ordu lehenago beste ariketa bati buruzkoak direnean.

Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek proba egiteko eskubidea galduko dute, baldin eta dagokion tokian agertzen badira proba hasita dagoela edo agertzen ez badira, nahiz eta arrazoi justifikaturen bat eduki.

Banakako eta ondoz ondoko probak direnez, hautapen-organoak alegatutako arrazoiak kontuan hartzen ahalko ditu eta, ondorioz, izangaia onartu. Dena den, horretarako, probak ezin dira amaituta egon eta onartzeak ezin du urratu gainerako izangaiekiko berdintasun-printzipioa.

Hautapen-organoak noiznahi eskatzen ahalko die izangaiei beren nortasuna frogatzeko. Horretarako, eraman beharko dute NANa edo, halakorik ezean, nortasuna frogatzen duen beste agiri ofizialen bat.

Zortzigarrena.–Lehiaketaldia.

Lehiaketaldiaren bidez, lanpostuaren izaera praktikoa eta jardun jarraitua balioesten dira. Izangaiek eginkizun berberetan edo antzekoetan eskarmentua dutela frogatu behar dute, zerbitzu publikoaren eraginkortasuna eta zerbitzu hori behar bezala emanen dela bermatzearren. Oposizioak izaera baztertzailea du, eta haren bidez, funtsezko ezagutzak eta gaitasunak frogatu behar dira. Proposatutako haztapenak berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatzen ditu, eta arrazoitua dago idazkariaren txosten tekniko-juridikoaren bidez (txostena deialdiaren espedientean sartu da).

Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta oposizioa baino lehen eginen da.

Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean, 3.3 oinarriak dioen bezala, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Bestela, ez dira kontuan hartuko.

Egindako zerbitzuen apartatuan alegatutako merezimenduak frogatu beharko dira dagokion administrazio publikoaren ziurtagirien bidez edo enpresaren ziurtagiriaren bidez, eta ziurtagiri horietan agertu beharko du zenbat denboran lan egin den, zer kategoria profesional bete den, eta lanaldiak zer iraupen zuen.

Kalifikazio-epaimahaiak deialdiko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu alegatutako eta frogatutako merezimenduak.

Agiriek eduki beharko dute aipatutako baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia. Ez dira kontatuko justifikatzen ez diren merezimenduak.

Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu azalpenak eta datu osagarriak, lehiakideek alegatutako merezimenduen gainean.

Lehiaketaldiak 40 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Honela banatuko dira puntuak:

Merezimendu hauek baloratuko dira:

1. Egindako zerbitzuak (25 puntu gehienez): ziurtagiri ofizial batez behar bezala egiaztatutako zerbitzuak baizik ez dira baloratuko.

1.1. Okupatu nahi den lanpostuaren kategoria berean edo goragoko batean lan egin izana deialdia egin duen administrazioan: 0,12 puntu hilabete bakoitzeko.

1.2. Okupatu nahi den lanpostuaren kategoria berean edo goragoko batean lan egin izana Nafarroako toki-entitate batean: 0,10 puntu hilabete bakoitzeko.

1.3. Okupatu nahi den lanpostuaren kategoria berean edo goragoko batean lan egin izana gainerako administrazio publikoetan: 0,08 puntu hilabete bakoitzeko.

2. Prestakuntza ikastaroak, 7 puntu gehienez:

Soilik baloratuko dira toki-entitateetako zerbitzu anitzetako peoiaren lanekin lotura duten berariazko prestakuntza ikastaroen tituluak edo bertaratze ziurtagiriak, betiere erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu badituzte. Honela:

–5 ordutik 10 ordura bitarteko ikastaroak: 0,3 puntu ikastaro bakoitzeko.

–10 ordutik 30 ordura bitarteko ikastaroak: 0,5 puntu ikastaro bakoitzeko.

–30 ordutik 100 ordura bitarteko ikastaroak: 0,7 puntu ikastaro bakoitzeko.

–100 ordutik gorako ikastaroak: 1 puntu ikastaro bakoitzeko.

–200 ordutik gorako ikastaroak: 2 puntu ikastaro bakoitzeko.

3. Lanbide Heziketako tituluak, lotuta daudenak lanpostuko zereginekin, 8 puntu gehienez:

–Erdi-mailako lanbide-arlo hauek: Nekazaritza, Eraikuntza eta Obra Zibila; Elektrizitatea eta Elektronika; Energia eta Ura; Fabrikazio Mekanikoa; Instalazioa eta Mantentze-lanak; Zura; Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak, edo baliokideak: 2,5 puntu titulu bakoitzeko.

–Goi-mailako lanbide-arlo hauek: Nekazaritza, Eraikuntza eta Obra Zibila; Elektrizitatea eta Elektronika; Energia eta Ura; Fabrikazio Mekanikoa; Instalazioa eta Mantentze-lanak; Zura; Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak, edo baliokideak: 5 puntu.

Epaimahaiak bere erabakia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman apartatu bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.

Merezimenduak baloratutakoan, epaimahaiak emaitzak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan, eta Interneten ere kontsultatzen ahalko dira, web-orrian (www.yesa.es). Izangaiek alegazioak egin ditzakete behin-behineko kalifikazio horien aurka, 5 egun balioduneko epean, Esako Udaleko erregistro orokorrean aurkezturik.

Bederatzigarrena.–Oposizioaldia.

Alkatetzak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta ebazpen horretan zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zein ordutan eginen den.

Oposizioaldiko proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Esako Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute.

Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Oposizioaldiko probak honako oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eta ordena berean eginen dira.

Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskaeran hala eskatu badute.

Gehienez 60 puntu eskuratzen ahalko dira, eta proba hauek izanen ditu:

–Lehen proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde-sorta bati. Galdera laburrak edo test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.

Ariketa honetan gehienez ere 20 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez 10 puntu beharko dira; baztertuta geldituko dira, beraz, puntuazio hori lortzen ez duten izangaiak. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira; kalifikazio-epaimahaiak adieraziko du nola, proba egin aurretik.

–Bigarren proba: praktikoa.

Proba praktikoa gai hauetako bati edo batzuei buruzkoa izanen da: elektrizitatea, mekanika, iturgintza, igeltserotza, soldadura eta abar; loturik, betiere, 2. oinarrian zerrendatutako lanpostuaren berezko eginkizunekin, barnean dela mota guztietako makinen erabilera.

Epaimahaiak zehaztuko du zer ariketa eginen diren eta zenbat denbora iraunen duten, haien edukia kontuan hartuta.

Bigarren proban gehienez ere 40 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez 20 puntu beharko dira; baztertuta geldituko dira, beraz, puntuazio hori lortzen ez duten izangaiak.

Kasu batean zein bestean, ariketa lotuta egonen da bete beharreko eginkizunekin eta II. eranskinean zerrendatutako gai espezifikoekin.

Oposizioaldiko kalifikazioa izanen da aldi horretako ariketa bakoitzean lorturiko kalifikazioen batura.

Testak modu anonimoan zuzendu eta kalifikatuko dira; horretarako, pliken sistema erabiliko da, emandako puntuazioen objektibotasuna eta izangaien anonimotasuna bermatzeko.

Proba praktikoaren kalifikazioa, halakorik baldin badago, lortuko da hautapen-batzordeko kide bakoitzak emandako puntuazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuta.

Probak baloratutakoan, epaimahaiak emaitzak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan, eta Interneten ere kontsultatzen ahalko dira, web-orrian (www.yesa.com). Izangaiek alegazioak egin ditzakete behin-behineko kalifikazio horien aurka, 5 egun balioduneko epean, Esako Udaleko erregistro orokorrean aurkezturik.

Hamargarrena.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.

Hautaprobak bukaturik, kalifikazio-epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioekin eta puntuazio-ordenan. Zerrenda hori, orobat, Alkatetzari igorriko dio, espediente osoarekin batera, bai eta probak puntuazio handienarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamena ere.

Halaber, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda osatzeko proposamena igorriko dio, aldi baterako kontratazioetarako poltsa eratzeko, erabil dadin beharrezko kontratazioak egiteko, indarrean dagoen bitartean.

Izendatzeko proposamen hori argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Udalaren iragarki-taulan zein web-orrian.

Proposatzen den izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide batena.

–Deialdiaren 2. atalean eskatzen diren tituluetako baten fotokopia konpultsatua, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

–B motako gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

–Txosten medikoa, frogatzen duena ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.

–Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publiko baten zerbitzutik.

–Zin egitea edo hitzematea errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

–Desgaitasuna alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz egina. Frogagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Epe horren barrenean, eta salbu aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe bere eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, hutsunea beteko da prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin.

Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Alkatetzak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honetan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

Hamaikagarrena.–Gainditzen dutenen zerrendak.

Hautapen-organoak zerrenda hori Alkatetzari igorriko dio, azken bilkurako aktarekin batera. Bertan, probak gainditu dituzten izangaiak agertuko dira. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, galarazi gabe haien eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

Hamabigarrena.–Izendapena eta plazaz jabetzea.

Hautapen-prozesua buruturik, eta probak puntuazio handienarekin gainditu dituen izangaiak lehen aipaturiko agiriak aurkeztu ondoren, Esako Udaleko alkateak ebatziko du hura funtzionario izendatzea, jardun dezan zerbitzu anitzetako peoiaren lanpostuan (3 zenbakidun plaza).

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita.

Ezarritako epearen barruan, salbu aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan, lanpostuaz jabetzen ez bada, Esako Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu, eta baja beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin.

Hamahirugarrena.–Lan-poltsa.

Hautapen-prozesua gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaiekin, eratuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin.

a) Probak gainditu dituzten izangaiak lan-poltsa batean sartuko dira, lanpostu horretan gertatzen diren ordezkapenei eta gorabeherei erantzuteko. Lan-poltsa osatzen dutenei dei egiten ahalko zaie lanpostu hutsa betetzeko edo lanpostuan aldi baterako aritzeko, dela gaixotasun bajengatik, lizentziak hartzeagatik, asistentzia-dispentsengatik edo plaza erreserbatzeko eskubidea duten beste kasu batzuengatik.

b) Lan-poltsa osatzen duten izangaiei deituko zaie puntuazioaren arabera, puntuazio handienetik txikienera.

c) Lan-poltsetan egoteak ez dakar izendapena lortzeko inolako eskubiderik.

Izangaiei aldi baterako lan egiteko dei eginen zaie, lanpostuan aritu daitezen horretarako arrazoiak dirauen bitartean. Kontratua formalizatzeko zehazten zaien dokumentazioa aurkeztu beharko dute, 4. oinarrian aipatutakoa barne.

d) Dei hauek egiten dira, hain zuzen, lanean lehenbailehen hasteko. Hortaz, ahalik eta eraginkorren izateko, Esako Udalak eginen ditu deiok eta prozesuan egindako urrats bakoitza jaso beharko du espedientean. Hala, izangaiari dei eginen dio eta/edo mezu elektroniko bat bidaliko dio, horretarako erabiliz hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabidean adierazitako telefono zenbakia edo helbide elektronikoa. Izangaiek arduratu beharko dute telefono zenbakiak edo helbide elektronikoak eguneratzeaz, hala behar denean. Horretarako, dagokion informazioa eman beharko dute, noiznahi, udal bulegoetan. Behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan, Udalak beste prozedura batzuk ezartzen ahalko ditu.

e) Kontratua egiteko deia egin eta, ezarritako epearen barnean, interesdunak ez badu adierazten lanpostua onartzen duen ala hari uko egiten dion, zerrendaren azken tokira pasatuko da hurrengo kontrataziorako. Bigarrenez uzten badio erantzuteari, ulertuko da uko egiten diola eskainitako lanpostuari, eta horrek ekarriko du automatikoki ematea baja poltsan, salbu eta kasu hauetan:

1.–Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia edukitzea umea izateagatik edo adoptatzeagatik.

3.–Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala nahiz adoptatua.

4.–Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adinagatik, istripuagatik edo eritasunagatik.

5.–Izangaiaren ezkontza edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Foru Legea), parekoa den egoera, baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, ukatutako lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, egoera hori agiriekin eta modu frogagarrian frogatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

Zerrendatik kanpo gelditzea:

Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia egiteko erabili den zerrendatik kanpo:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

Kontratatzen direnei alta emanen zaie Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, eta bertan afiliatuko; beraz, haien kargura egonen da kasuan kasuko kuota, bai eta PFEZaren atxikipena ere (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga), bidezko diren zenbatekoetan.

Hamalaugarrena.–Gorabeherak.

Baimena ematen zaio hautapen-organoari sortzen diren zalantzak argitzeko, deialdi honetako oinarriak interpretatzeko eta hautapen-prozesua behar bezala gauzatzeko erabakiak hartzeko.

Hamabosgarrena.–Oinarrien izaera loteslea.

Oinarri hauek lotesleak dira Udalarendako, hautapen-organoarendako eta hautaprobetan parte hartzen dutenendako. Interesdunek aurkaratzen ahalko dituzte deialdiaren oinarriak eta hautapen-organoaren jardunaren ondoriozko administrazio-egintza guztiak, urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako kasuetan, epeetan eta moduan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Hautapen-epaimahaiko kideak erantzule izanen dira deialdiaren oinarriak zorrotz betetzearen gainean, bai eta probak egin eta baloratzeko eta emaitzak argitaratzeko ezarritako epeak betetzeari dagokionez ere.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

1. Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

2. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu beharko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, jakinarazi eta hurrengo hilabetean.

Deusetan galarazi gabe interesdunek jar dezaten egokitzat jotzen duten beste edozein errekurtso.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA, ZERBITZU ANITZETAKO PLAZA BAT OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIRAKO

Izen-deiturak: ................................................................................................................................; adinez nagusia; NANa: ..............................................; jaioteguna: ..........(e)ko ...............aren ..........(a); jaioterria: ...................................................; nazionalitatea: ...................................................; egungo bizitokia: ..................................................., kalea: ................................................................................, zenbakia: ........., posta-kodea: .........................; telefonoa: .........................................; helbide elektronikoa: .......................................................................................

Zure aurrera azaldu, eta adierazten dut:

Jakin dudala deialdia egin dela Esako Udalarentzat aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratzeko, zerbitzu anitzetako langilearen lanposturako (3 zenbakidun plaza), eta interesaturik nagoela; hortaz,

ADIERAZTEN DUT:

Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa baditudala.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua izan, eta ez nagoela desgaitua ez eta gabetua ere eginkizun publikoak betetzeko.

Betetzen ditudala oinarri hauetan ezarritako baldintzak.

Jakinarazpenetarako, kontuan har daitezela harremanetan jartzeko telefonoak eta helbide elektronikoa, horietara jotzen ahalko baita hautapen-prozesuaren ondoriozko komunikazioetarako.

Horiek horrela, ESKATZEN DUT:

Onartua izatea aipatu den deialdian, Esako Udalak ezarririko oinarriei men eginik; horretarako, eskabide honekin batera honako hauen fotokopia aurkezten dut:

–Nortasun agiri nazionala.

–B motako gidabaimenaren fotokopia.

–Eskatutako titulazio akademikoaren fotokopia.

–Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten agiriak.

.........................(e)n, 2026ko .............................aren .........(e)(a)n

(Sinadura)

ESAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Esako udalerria: kokapena, geografia, biztanleria, parajeak, kaleak, izen ofizialak eta tradiziozkoak.

2. gaia.–Udala. Osaera. Kideak hautatzea. Osoko bilkura, alkatea eta zinegotziak. Bilkuren araubidea.

3. gaia.–Oinarrizko erregelak idazketan, ortografian, aritmetikan, geometrian eta azaleren kalkuluan; hori guztia, deialdian eskatutako prestakuntza mailaren arabera.

4. gaia.–Aplikazio informatikoak erabiltzeko oinarrizko ezagutzak.

5. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze-makineriaren oinarrizko maneiuari buruzko ezagutza.

6. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Tresnak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Kofratuak eta murruak eraikitzea.

7. gaia.–Oinarrizko argi zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak. Argiteria publikoa mantentzea eta kontserbatzea: kableatu-sarea, koadroak eta luminariak.

8. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuitua betetzea eta airez purgatzea, galdara gelak eta haien osagai bereziak, eta iturri publikoak.

9. gaia.–Elektrizitateko eta iturgintzako eskemak ulertzea.

10. gaia.–Pintura. Motak, produktuak, erremintak eta aplikazioa.

11. gaia.–Lorategiak eta berdeguneak zaintzea eta mantentzea: oinarrizko kontzeptuak. Tresnak: eskuzkoak, elektrikoak eta motordunak. Erabilera eta maneiua. Garbiketa eta mantentze-lana. Ureztatzea, ongarritzea eta inaustea. Produktu fitosanitarioak erabiltzeko legedia.

12. gaia.–Laneko segurtasun eta higienearen arloko oinarrizko ezagutzak. Garbiketako kontzeptu orokorrak eta oztopo arkitektonikoak.

13. gaia.–Ur-biltegiak eta horien klorazio-sistemak mantentzea. Kontzeptu orokorrak. Higiene- eta osasun-baldintzak eta segurtasunekoak.

14. gaia.–Udal igerilekuetako mantentze-lanak.

15. gaia.–Obrako makineria arina eta ertaina maneiatzea, eta traktorea, garabi teleskopikoa eta eskorga gidatzea.

Esan, 2026ko otsailaren 6an.–Alkatea, Roberto Martínez Luyando.

Iragarkiaren kodea: L2603114