Iragarkia
57. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
53/2026 EBAZPENA, martxoaren 2koa, Hezkuntzako eta Lanbide heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez berariazko sarrera-proben deialdia egiten baita 2026-2027 ikasturtean Nafarroan Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak egiteko.
Goi mailako arte irakaskuntzak arautzen dituen ekainaren 7ko 1/2024 Legearen lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen duenez, lege horren 6.3 artikuluan xedatutako erregelamendu garapena egiten ez den bitartean, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 54., 55., 56. eta 57. artikuluetan xedatutakoa aplikatzen segituko da.
2/2006 Lege Organikoko 57.2 artikuluan ezarrita dago Diseinuko goi mailako ikasketak egiteko, beharrezkoa izanen dela sarrera-proba bat egitea. Proba horretan, ikasketa horiek probetxuz egiteko gaitasunak, jakintzak eta heldutasuna balioetsiko dira.
Halaber, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak, 5.4 artikuluan, zehazten du hezkuntza administrazioei dagokiela, beren eskumenen esparruan, ikasketa horietako berariazko sarrera-probarako deialdia egitea eta hura antolatu, garatu eta ebaluatzea.
Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak egindako aldeko txostena ikusirik, bidezkoa da 2026-2027 ikasturtean Nafarroako Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetako berariazko sarrera-proben deialdia egitea.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Berariazko sarrera-proben deialdia egitea 2026-2027 ikasturtean Nafarroan Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak egiteko, bat etorriz ebazpen honen I. eranskinean jasotzen diren oinarriekin.
2. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera, Eskolatze Bulegora, Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolara, Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolara eta Iruñeko "Creanavarra" Diseinuko goi mailako ikastetxe pribatu baimendunera, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2026ko martxoaren 2an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
I. ERANSKINA.–OINARRIAK
1.–Xedea eta eremua.
Ebazpen honen xedea da Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko berariazko proben deialdian onartu eta sartzeko prozesua arautzea 2026-2027 ikasturterako, bat etorriz Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduan ezarritakoarekin, horren bidez ezarri baitira Diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.
2.–Eragina eta balioa.
Sarrera-proba gainditzeak ahalbidetzen du, bakar-bakarrik, 2026-2027 ikasturtean matrikula egiteko, eta aukera ematen du irakaskuntza horiek ematen dituen estatuko edozein ikastetxetara joateko; betiere, haietan ikasposturik izanez gero.
3.–Probak egiteko tokia eta egunak.
Probak Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan eta Corellako Arte eta Goi mailako Diseinu Eskolan eginen dira, eta izangaiek aukeratzen ahalko dute zein egoitzatan egin nahi dituzten. Nolanahi ere, beste leku bat erabili behar bada, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalari dagokio behar bezala eta aldez aurretik horren berri ematea www.nafarroa.eus orriko zerbitzuen katalogoaren barrenean dagokion fitxan eta Nafarroako Diseinuko goi mailako ikastetxe publikoetako iragarki-tauletan.
Sarrera-probak deialdi bakar batean eginen dira, 2026ko maiatzaren 20tik aurrera, eta behar den denborarekin iragarriko dira, aurreko paragrafoan adierazitako bideak erabiliz.
Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak argitara emanen du zein egun eta tokitan eginen den probaren zati bakoitza, baita emaitzak noiz argitaratuko diren ere, gutxienez 48 ordu lehenago, aipatutako bideak erabiliz.
4.–Betebeharrak.
4.1. Diseinuko goi mailako ikasketetan sartzeko, beharrezkoa izanen da betebehar hauek betetzea:
a) Unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako proba gaindituta edo hauetako titulu bat izatea: Batxilergoko titulua, goi mailako arte irakaskuntzetako titulu bat, unibertsitate titulu bat edo goi mailako teknikari titulu bat.
b) Baldintza horiek betetzen ez badira, 2025a baino lehenagoko ziurtagiri bat izatea, betekizun akademikoak ordezten dituen heldutasun proba gainditu izana egiaztatzen duena. Proba hori hezkuntza administrazioek antolatzen dute, eta urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian aipatzen da (1614/2009 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako goi mailako arte irakaskuntzen antolamendua ezartzen duena).
c) Berariazko sarrera-proba bat gainditzea, irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupide eta trebetasun profesionalak dituela erakusteko.
4.2. Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua dutenak zuzenean sartzen ahal dira Diseinuko goi mailako irakaskuntzetan, berariazko sarrera-proba egin gabe.
5.–Probetan izena ematea.
5.1. Berariazko sarrera-probak egin nahi dituztenek izena emateko orri bat aurkeztu beharko dute, ebazpen honen II. eranskineko ereduari jarraikiz (Nafarroako Gobernuaren web-orria –www.nafarroa.eus–, zerbitzuen katalogoaren barrenean dagokion fitxan), eta adierazi beharko dute zer espezialitate egin nahi duten/dituzten, gehienez ere bi. Bi espezialitate egin nahi izanez gero, lehentasunen arabera adieraziko dira. Eranskin honetako 6. puntuan xedatutakoarekin bat, eginen den probako hiru ariketak ere adieraziko dira. Orobat, adieraziko da zer egoitzatan eginen den proba (Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan edo Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan).
5.2. Honako hauek egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko proba egiteko:
a) Desgaitasunen bat duten pertsonek, horrek galarazten badie probak ohiko baliabideekin egitea. Eskabidearekin batera, minusbaliotasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria, erakunde eskudunak emana, eta irizpen tekniko fakultatiboa aurkeztu beharko dituzte.
b) Ikasteko nahasmenduak eta arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua izateagatik hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituztela egiaztatzen duten pertsonak.
Egokitzapenak indarra duten arauetan xedaturikoari jarraikiz eginen dira. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituen ikaslea dela frogatzeko, "Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituen ikaslearen kondizioa egiaztatzeko ziurtagiria" delakoan adierazitako informazioaren bidez egiaztatu beharko da; derrigorrezko irakaskuntzak edo derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntzak zein ikastetxetan egin dituen, horietako azkeneko orientatzaileak sinatu behar du dokumentu hori, ebazpen honen IV. eranskineko ereduari jarraikiz (Nafarroako Gobernuaren web-orria –www.nafarroa.eus–, zerbitzuen katalogoaren barrenean dagokion fitxan).
Epaimahaiak neurri egokiak eta bidezkoak hartuko ditu denborak eta baliabideak egokitzeko, eta, betiere, errespetatuko du izangaiak frogatu ahal izatea badituela irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupide, gaitasun eta trebetasunak.
5.3. Dokumentazioa.
Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Nortasun agiri nazionalaren, atzerritarraren nortasun txartelaren (bi aldeetatik bi kasuetan), pasaportearen, nortasuna frogatzen duen bidaia agiriaren edo bisaren fotokopia.
b) Diseinuko goi mailako ikasketetan sartzeko probetarako izen-emate gisa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-bilketa kontuan dagokion kopurua sartu izanaren frogagiriaren gordekina. Kopuru hori ezarrita dago otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzkoan, eta hauxe da: 61,79 euro.
Honako zerga-onura hauek aplikatuko dira:
–Kategoria orokorreko familia ugarietako kideak, guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria orokorrekoak) eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: %50eko hobaria.
–Kategoria bereziko familia ugarietako kideak; guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria berezikoak); ekintza terroristen biktimak (baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita haien seme-alabak ere); eta gutxienez %65eko desgaitasun aitortua duten pertsonak: %100eko salbuespena.
c) Kasua bada, familia ugariaren tituluaren fotokopia, guraso bakarreko familiaren tituluarena edo Barne Ministerioak ekintza terroristen biktimentzat, haien ezkontideentzat edo seme-alabentzat emandako ziurtagiriarena, edo biktimaren aldeko babes ebazpen judizialarena, kondena-epaiarena edo biktimaren aldeko kautelazko neurriarena, edo desgaitasunaren ziurtagiriarena.
d) Batxilergoko tituluaren fotokopia edo hura eskatu izanaren gordekina, titulua lortu badu.
e) 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izanaren agiriaren fotokopia, halakorik badu.
f) Goi mailako arte irakaskuntzetako tituluaren fotokopia edo hura eskatu izanaren gordekina, titulua lortu badu.
g) Unibertsitate tituluaren fotokopia edo hura eskatu izanaren gordekina, titulua lortu badu.
h) Goi mailako teknikari tituluaren fotokopia edo hura eskatu izanaren gordekina, titulua lortu badu.
Probetan izena ematean d), f), g) eta h) ataletan aipatutako ikasketen azken maila egiten ari diren izangaiek, aipatutako dokumenturik ez badute, 2026ko uztailaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dituzte, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalari zuzenduta, 5.4 oinarrian ezarritako aurkezpen lekuetan.
i) Diseinuko goi mailako irakaskuntzak egiteko ezarritako betebehar akademikoen ordezko heldutasun proba gainditu izanaren ziurtagiriaren fotokopia (2025 baina lehenagokoa), halakorik badu.
j) 2008tik 2018ra bitartean (biak barne) Nafarroako Foru Komunitatean antolatutako deialdiren batean goi mailako heziketa zikloetan sartzeko lau proba modalitateetako edozeinen zati komuna gainditu duela frogatzen duen agiriaren fotokopia, edo Nafarroako Foru Komunitatean 2019tik 2025era bitartean (biak barne) egindako deialdiren batean Giza Zientziak eta Artea modalitateetakoa gainditu duela frogatzen duen agiriaren fotokopia, halakorik badu.
k) Minusbaliotasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria, erakunde eskudunak emana, hala badagokio, baita irizpen tekniko fakultatiboa eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskaera ere.
l) Kasua bada, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituen ikaslea dela egiaztatzen duen agiria, zer egokitzapen mota behar duen adierazita.
Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei eskaerarekin batera aurkeztutako agirien jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak.
5.4. Eskaera non eta noiz aurkeztu.
Eskaera, aipatu agiriekin batera, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera igorriko da (Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusia, Hezkuntza Departamentua), eta honela aurkezten ahalko da:
a) Bertaratuta: Nafarroako Diseinuko goi mailako ikastetxe publikoetako idazkaritzan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean edo Nafarroako Gobernuko Erregistroko edozein bulegotan.
Nafarroako Diseinuko goi mailako ikastetxe publikoetako idazkaritzan aurkezten diren eskaerak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiko Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera igorriko dira, izena emateko epea bukatu eta biharamunean.
b) Telematika bidez, online, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan, zeina Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-atarian (www.nafarroa.eus) eskura baitago.
c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legeak ezarritako tokietan (16.4 artikulua). Eskaera posta-bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.
Azken kasu horretan, onuradunak iragarri beharko du dokumentazioa igorri duela, mezu elektroniko bat bidaliz ensearti@navarra.es helbidera, igorpenaren gordailu eguna egiaztatzen duen agiriaren kopiarekin batera, aurkezpenaren egun berean.
Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta handik zazpi egun baliodunen buruan bukatuko.
5.5. Eskaera onartuak eta baztertuak.
Izen-emateak formalizatzeko ezarritako epea bukatu ondoren, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak onartu diren eskatzaileen izenen lehenbiziko zerrenda argitaratuko du, behar denean espezialitateen arabera bereizirik, baita baztertutako eskatzaileen izenen zerrenda ere, baztertzeko arrazoia azalduta, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus orriko zerbitzuen katalogoaren barrenean dagokion fitxan). Baztertutako eskatzaileek hiru egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, baztertzeko arrazoia zuzentzeko moduko dokumentazioa aurkezteko edo erreklamazio bat aurkezteko. Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera zuzenduko da dokumentazioa, eta ebazpen honen 5.4 oinarrian aurreikusitako edozein tokitan aurkeztuko da. Atal horrek balizko erreklamazioei erantzunen die, eta, ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko du, lehenago aipatutako bide berberak erabiliz. Baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia zehaztuko du.
6.–Berariazko sarrera-probaren egitura eta edukia.
Probak bost ariketa izanen ditu, eta horietatik hiru egin beharko dira. Izena emateko eskabidean (II. eranskina), eginen diren hiru ariketak adieraziko dira.
6.1 Lehenengo ariketa.
Irudien iruzkina: iruzkin bat egin beharko da, idatziz, proposatutako bi irudi konparatzeko, honako alderdi hauek kontuan hartuta:
Deskribapen zatia: egileak, kokapena, estiloa, irudien deskribapena eta abar.
Zati analitikoa: materialak eta alderdi teknikoak, gaia, konposizioa, argia, kolorea, egituraren elementuak, etab.
Bi irudien testuinguru historikoa. Gehieneko iraupena: 45 minutu.
6.2 Bigarren ariketa.
Geometria metriko laua: ariketa batzuk ebaztea, non trazadura hauek izan daitezkeen: poligono erregularrak egitea, transformazio geometrikoak, irudi baliokideak, tangentziak eta proportzionaltasuna. Gehieneko iraupena: 45 minutu.
6.3 Hirugarren ariketa.
Geometria deskribatzailea: ematen den objektu baten krokis kotatua egitea, esku hutsez, eta objektu bera marraztea zehaztuko den eskalan, tresnak erabiliz. Bi marrazketa horiek arkatzez eginen dira. Gehieneko iraupena: 75 minutu.
6.4 Laugarren ariketa.
Marrazketa artistikoa: proposatutako testu batetik abiatuta, irudi, ilustrazio edo kartel bat egin beharko da, modu librean, eta teknika lehorra erabilita. Iradokitako alderdirik esanguratsuenak jaso beharko ditu. Azken proposamenarekin batera memoria txiki bat aurkeztuko da (200 hitz gehienez). Gehieneko iraupena: 90 minutu.
6.5 Bosgarren ariketa.
Diseinuaren oinarriak: errepikapen diseinu bat egitea, sare modularren erabileran oinarriturik. Gehieneko iraupena: 60 minutu.
Izangaiek beren nortasuna frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute proban, eta probak egiteko behar duten materiala eraman beharko dute, III. eranskinean ezarritakoari jarraikiz (Nafarroako Gobernuaren web-orria –www.nafarroa.eus–, zerbitzuen katalogoaren barrenean dagokion fitxan).
7.–Berariazko sarrera-probaren kalifikazioa eta hura gainditzea.
Probaren kalifikazioa, bi dezimalekin adierazia, izangaiak egindako hiru ariketen batezbesteko aritmetikoa izanen da. Sarrera-proba gainditutzat joko da lortzen den kalifikazioa 5,00 puntukoa edo hortik gorakoa bada. Emaitzak, partzialak zein guztizkoak, kasuan kasuko aktetan jasoko dira, eta Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak argitara emanen ditu Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), zerbitzuen katalogoaren barrenean dagokion fitxan.
Berariazko sarrera-proba gainditzen bada, kasuan kasuko gainditze ziurtagiriarekin egiaztatuko da. Hura Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak emanen du, kasuan kasuko probaren kalifikazio aktarekin bat. Besteak beste, ikasturtea eta lortutako kalifikazioa zehaztuko dira ziurtagiri horretan. Proba oso-osorik gainditzen ez duten izangaiei ez zaie ziurtagiririk emanen, eta ez da ziurtagiri partzialik eginen, ez eta ariketa bakoitzaren kalifikazioari buruzkorik ere.
8.–Nafarroako Gobernuaren eskumeneko ikastetxe publikoetan Diseinuko goi mailako ikasketak egiteko eskaintzen diren ikaspostuak.
Diseinuko goi mailako ikasketen lehen ikasturtean 24 ikaspostu eskainiko dira, bai Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan (Diseinu Grafikoa espezialitatean), bai Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan (Barnealdeen Diseinua espezialitatean).
9.–Ikasleak onartzea.
Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduaren 4 bis artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.
10.–Epaimahaiak.
Epaimahai bakarra eratuko da, mahaiburuak eta mahaikideek osatua. Epaimahaiko kideen kopurua bakoitia izanen da, baina ez hirutik beherakoa.
10.1 Epaimahaiaren osaera.
Epaimahaia osatuko dute honako kidego hauetako karreko funtzionarioek, haietako bat epaimahaiburu dela: Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradun eta irakasleen kidegoak eta/edo Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen kidegoak (Diseinuko espezialitatea). Epaimahaikide gazteena arituko da idazkari.
Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak izendatuko ditu epaimahaikideak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
11.–Erreklamazioak.
Proben kalifikazioen inguruko erreklamazioak, halakorik badago, 5.4 oinarrian adierazitako edozein tokitan aurkeztuko dira, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalari zuzenduak, gehienez ere bi egun balioduneko epean, emaitzak argitaratzen direnetik hasita. Erreklamazioaren arrazoiak argi adierazi behar dira. Erreklamazioak gehienez ere hamar egun balioduneko epean ebatziko dira, erreklamazio epea bukatzen denetik hasita, eta ebazpena interesdunei komunikatuko zaie, jaso dela frogatzeko moduan.
Ebazpen horien kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiari zuzendua, komunikazioa jakinarazi eta hilabeteko epean.
12.–Dokumentazioa gordetzea.
Diseinuko goi mailako ikasketetan sartzeko probetan sortutako dokumentazio guztia Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalean gordeko da bi hilabetez gutxienez, proba horiek bukatu ondoren, salbu eta aurkeztutako erreklamazioei dagokiena, kasu horretan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epea bukatu arte gorde beharko baita.
AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTUAK
Izapideen katalogoaren fitxan dituzu aurkeztu beharreko agiriak:
Iragarkiaren kodea: F2603422
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
