57. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

72E/2026 EBAZPENA, martxoaren 11koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2026ko martxoaren 17rako iragarritako greba dela-eta, baliabideen gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehazten dituena.

ELA, LAB, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek, batetik, eta CGT-LKN, CNT eta Asociación sindical Solidari sindikatuek, bestetik, martxoaren 17an 0:00etatik 24:00etara lanuzte orokorra egiteko deia egin dute. Txandakako funtzionamendua duten unitateen kasuan, greba lehenengo txandan hasiko da, nahiz eta martxoaren 17a baino lehen hasi, eta azken txanda bukatutakoan bukatuko da, nahiz eta hilaren 17ko 24:00etatik aurrera bukatu.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatzen dituen zerbitzu publikoen eremuan, alde batetik, genero indarkeriaren biktimentzako eta haien seme-alabentzako harrera-baliabideak daude (larrialdi zentroa, babes etxea eta egoitza-pisuak), eta, bestetik, Sexu-indarkerietarako Arreta Integraleko Zentroak arreta espezializatua ematen die sexu-indarkeriaren biktima izan diren edo bizirik atera diren 16 urtetik gorako emakumeei, hala gaur egunekoei nola lehengoei, eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan.

Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dagokio LGTBI+ pertsonei arreta emateko Kattalingune Zerbitzuaren titulartasuna.

Horren ondorioz, erabiltzaileei arreta egokia emateko ezinbestekoak diren zerbitzuen estaldura bermatuko duten gutxieneko zerbitzuak ezarri behar dira.

Gutxieneko zerbitzu hauek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla emakumezko erabiltzaileei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Horregatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 26ko 134/2025 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2026ko martxoaren 17rako iragarritako greba dela-eta, honako gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da greba-eskubidea:

–Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eremuan, ez da gutxieneko zerbitzurik ezarri.

–LGTBI+ pertsonei arreta emateko Kattalingune Zerbitzuaren eremuan, ez da gutxieneko zerbitzurik ezarri.

–Genero-indarkeriaren biktimentzako eta haien seme-alabentzako harrera-baliabideen eremuan, jaiegunetan arreta emateko aurreikusita dagoen langile kopuru bera ezartzen da gutxieneko zerbitzu gisa.

–Sexu-indarkerietarako Arreta Integraleko Zentroaren eremuan, jaiegunetan arreta emateko aurreikusita dagoen langile kopuru bera ezartzen da gutxieneko zerbitzu gisa.

2. Aurreko atalean adierazitako funtsezko zerbitzuak enpresa bakoitzeko zuzendaritzak izendatuko dituen langileek beteko dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Ebazpen honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan nahasmenduak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3. Ebazpen hau greba batzordeari, Xilema Programas SLri, Gizain-Gizarte Zerbitzu Publikoak Kudeatzeko Nafarroako Fundazioari eta Emotional Technologies 22 SLri jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea ebazpen honek ez diola amaiera ematen administrazio bideari, eta, haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Lan Harremanen Atalera igortzea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2026ko martxoaren 11n.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.

Iragarkiaren kodea: F2603975