1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
483E/2026 EBAZPENA, otsailaren 23koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez gastua baimentzen baita ekonomia sozialeko enpresak sortu eta sustatzeko dirulaguntzen deialdirako eta 2296/2018 Ebazpena aldatzen baita.
Otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, lan bitartekotza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2026. urtea baino lehen onetsi dira.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abuztuaren 20ko 2296/2018 Ebazpenaren bidez, ekonomia sozialeko enpresak sortu eta sustatzeko dirulaguntzak arautu ziren.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Hortaz, bidezkoa da 2026. urterako gastua baimentzea, ekonomia sozialeko enpresak sortu eta sustatzeko dirulaguntzen deialdirako.
Bestetik, beharrezkoa da eguneratzea laguntza teknikorako edo aholkularitza eginkizunetarako kontratatzen ahal den gehieneko zenbatekoa eta horren ehuneko diruz lagungarria; izan ere, kostu horiek handitu egin dira deialdia arautu zenetik, NL-NEZeko zuzendari kudeatzailearen abuztuaren 20ko 2296/2018 Ebazpenaren bidez arautu zen-eta. Onuradunek ahalegina egin behar dute beren kudeaketa ereduak eta lehiakortasun zein enplegu estrategia aldatzeko, diagnostikoak egiteko, ekintza planak abiatzeko eta abar, eta, horrela, ahalegin horretan lagundu nahi zaie. Funtsezkoa da aholkularitza teknikoaren gainean gogoeta egitea, prestakuntza jasotzea, inplikatzea eta jarraipena egitea, eta horretarako, behar diren baliabideak jarri behar dira. Zenbateko hori handituta, mesede egiten zaie beren lehiakortasuna hobetu eta enplegua mantendu eta areagotzeko lanean diharduten enpresei, halako testuinguru batean non lehia globala handia den eta teknologia berriak indarrez sartzen ari diren.
Zenbatekoei buruzko 4. oinarrian ezartzen denez, laguntza teknikoetarako dirulaguntzetan, dirulaguntzaren zenbatekoa proiektuaren kostuaren %75 izanen da, BEZa kenduta, eta gehienez 6.000 euro eskaera bakoitzeko; zenbateko horiek igotzea proposatzen da: eskaera bakoitzeko 8.000 euro gehienez, eta proiektuaren kostuaren %85.
Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Ekonomia sozialeko enpresentzako laguntzen deialdia onestea, enpresak sortzeko eta laguntza teknikorako.
2. 130.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, laguntza teknikoko ekintzetarako dirulaguntzen esparrurako, 2026. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastuen aurrekontuko partida honen kargura:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
950001 96100 4709 241203 "Ekonomia sozialeko enpresentzako laguntzak, enpresak sortzeko eta laguntza teknikorako". | 2026 | 130.000 |
3. 2025eko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2026ko aurrekontuaren kargura erantzutea.
4. Gehienez ere 50.000 euroko zenbateko gehigarria baimentzen ahalko da, aurrekontu-kreditua handitzeagatik beste deialdi batzuetan kreditua sobera egotearen ondorioz. Horretarako, betiere, partida handitu beharko da aurretik. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko beste epe bat hastea ere.
5. "Dirulaguntzaren zenbatekoa" 4. oinarriko 2. atala aldatzea; honako testu hau izanen du:
2. Laguntza teknikoetarako dirulaguntzetan, dirulaguntzaren zenbatekoa proiektuaren kostuaren %85 izanen da, BEZa kenduta, eta gehienez 8.000 eurokoa izanen da eskaera bakoitzeko dirulaguntza.
Iruñean, 2026ko otsailaren 23an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Esther Fernández Razquin.
Iragarkiaren kodea: F2602905