Iragarkia
57. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
28E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 2koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita "toki entitateei kulturako plan estrategikoak sortzeko laguntzak" izeneko dirulaguntzen deialdia. DDBN kodea: 890648.
Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legeak 37. artikuluan adierazten du kultur arloko departamentu eskudunak urtero ezarriko dituela zehazten diren kultur sektoreetarako dirulaguntzak eta laguntzak.
2024-2028 Nafarroako Kulturaren Plan Estrategikoaren esparruan, Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak txostena egin du, eta bertan proposatu du onestea "Toki entitateendako laguntzak, kulturako plan estrategikoak sortzeko" deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak, 30.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Bestetik, kontuan hartzen da betetzen direla aipatutako gastua baimentzeko beharrezkoak diren helburua eta legez ezarritako baldintzak eta betebeharrak, eta espedientean ageri dela kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna.
Espedientean Idazkaritza Tekniko Nagusiak egindako txosten juridikoa dago, baita Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna ere, zeinek azaltzen baitute egokiak eta legezkoak direla hala dirulaguntza nola oinarri arautzaileen onespena.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea honako dirulaguntza honen deialdia: "Toki entitateendako laguntzak, kulturako plan estrategikoak sortzeko".
2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.
3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:
AURREKONTU PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A20000-A2010-7609-334103: Toki entitateendako laguntzen deialdia, kulturako plan estrategikoak sortzeko | 2026 | 30000,00 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi hau erregistratzea Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.
6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko martxoaren 2an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
TOKI ENTITATEENDAKO LAGUNTZAK, KULTURAKO PLAN ESTRATEGIKOAK SORTZEKO
OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.
1.1. Deialdiaren xedea da Nafarroako Foru Komunitateko udalerriei laguntza ekonomikoa ematea, beren eremuan kulturaren plan estrategikoa egin dezaten.
1.2. Helburua da entitatearen kultur eremuaren diagnostikoa eta plangintza egitea, 2024-2028 Nafarroako Kulturaren Plan Estrategikoarekin eta Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearekin bat etor dadin.
1.3. Kulturaren plan estrategikoak egitura bat izan beharko du, eta honako alderdi hauek jaso beharko ditu, gutxienez: herriko kultur eremuaren diagnostikoa, helburuak, gauzatu beharreko neurriak, kronograma, baliabideak eta ebaluazioa.
Era berean, plan hori egiteko parte hartzeko prozesua egin beharko da, eta horren emaitza izanen da hurrengo urteetarako udalerriko Kulturaren Plan Estrategikoa.
1.4. 2026ko azaroaren 20an, memoria eta deialdiaren justifikazioak entregatzeko epemugan, burututa egon beharko dute herriaren kultur diagnostikoak, parte hartzeko prozesuak eta Kulturaren Plan Estrategikoaren dokumentuak. Dokumentu hori geroago onartzen ahalko da formalki, udalaren eskumenen esparruan.
2. Entitate onuradunen betekizunak.
2.1. Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak eskatzen ahalko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko udalek, plantilla organikoan gutxienez bi urteko antzinatasuna badute eta kultur kudeaketako profesional lanpostua badute, funtzionarioa edo kontratatua (kultur teknikaria, kultur koordinatzailea).
2.2. Hala badagokio, udalek beren kultur jarduerak kudeatzeko baliatzen dituzten entitateak izaten ahalko dira onuradunak, baita udalek eratutako fundazioak ere.
2.3. Halaber, Nafarroako udalerriek 2.000 biztanle baino gehiago eta 25.000 biztanle baino gutxiago izan behar dituzte deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.
2.4. Entitate eskatzaile guztiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.
2.5. Eskatzaileek ez dute laguntzen deialdian parte hartzen ahalko zehatu edo kondenatu badituzte, administrazio ebazpen irmo baten edo epai judizial irmo baten bidez, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3. Aurrekontu-kontsignazioa eta laguntzen zenbatekoa.
3.1. Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak 2026ko aurrekontuko "Toki entitateendako laguntzak, kulturako plan estrategikoak sortzeko" izeneko A20000 A2010 7609 334103 partidaren kargura finantzatuko dira, 30.000 euroko muga gainditu gabe.
3.2. Kulturaren plan estrategiko bakoitza sortzeko laguntzaren zenbatekoa ez da izaten ahalko, inola ere, onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa. Gehienez ere 10.000 euro emanen dira entitate eskatzaile eta kulturako plan estrategiko bakoitzeko.
Eskatutako dirulaguntza II. eranskinean (aurrekontua) adierazi behar da. Eskatutako zenbatekoak 3.2 puntuan ezarritako mugak gainditzen baditu, murriztu eginen da muga horietara egokitu arte.
3.3. Entitate onuradunetako batek laguntzari uko egiten badio laguntza emateko unean, hura hurrengo eskatzaileari emanen zaio, puntuazio-ordenaren arabera, baldin eta 7. oinarri arautzailean eskatzen den gutxieneko puntuazioa gainditu badu
4. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
4.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.2. Entitate eskatzaile bakoitzak kultur plangintza estrategikorako proiektu bakarra aurkezten ahalko du eta herrirako bakarrik izanen da.
4.3. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.nafarroa.eus).
Eskaera egiten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago egin ahal izatea modu elektronikoan. Kasu horretan, data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.
Eskaera eredua eta entregatu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira; horiek guztiak dagokion Tramiteen Katalogoaren fitxan egonen dira eskuragarri (https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/convocatoria-de-ayudas-a-entidades-locales-para-la-generacion-de-planes-estrategicos-de-cultura?back=true&pageBackId=7572859).
4.4. Deialdi honetan parte hartzen duten entitate eskatzaileek agiri hauek entregatu beharko dituzte:
a) I. eranskina (Eskabidea).
b) II. Eranskina (Aurrekontua).
c) Memoria bat, honako hauek jasoko dituena:
–Herrirako kulturaren plan estrategikoa sortzeko interesa eta lortu beharreko helburuak. Memoria 2024-2028 Nafarroako Kulturaren Plan Estrategikoaren (https://participa.navarra.es/processes/pecn24-28?locale=eu) eta Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen testuinguruan kokatu beharko da.
–Kulturaren plan estrategikoa sortzeko proposatutako egitura eta kanpo-laguntzarekin sortuko diren dokumentu entregagarriak; gutxienez, herriaren kultur diagnostikoa, parte hartzeko prozesua eta herriaren hurrengo urteetarako Plan Estrategikoaren behin betiko dokumentua izan beharko ditu.
–Gauzatu beharreko lan metodologia: kanpo-laguntza, koordinazio prozesua nola burutuko den, parte hartuko duten eragileak eta herriko kulturaren plan estrategikoa behar bezala gauzatzeko egokitzat jotzen den informazio guztia.
–Lanerako kronograma.
–Herriko kulturaren plan estrategikoa ebaluatzeko eta jarraipena egiteko proposamena.
d) Kulturaren plan estrategikoa sortzeko eta martxan jartzeko hedapen-plana.
e) Udalak azken 5 urteetan kulturaren, gizartearen eta kulturaren eremuan eta gazteen, berdintasunaren, klima-aldaketaren eta hiri-agendaren eremuan egindako plangintza estrategikoko lanak edo parte hartzeko prozesuak egiaztatzen dituzten agiriak.
f) Erakundearen kultur kudeaketan aditua den pertsonak kultur plan estrategikoak sortzeko prestakuntza baduela egiaztatzen duten agiriak.
g) Erakundearen kultur kudeaketan adituak plangintzarekin, estrategiekin, komunikazioarekin eta zabalkundearekin, aurrekontuekin eta herritarren parte hartzearekin lotutako bestelako prestakuntzarik duen egiaztatzen duten agiriak.
h) Kontu-hartzailetzaren, Idazkaritzaren edo Idazkaritza/Kontu-hartzailetzaren ziurtagiria, alkatearen oniritziarekin, edo, bestela, entitatearen Idazkaritzaren ziurtagiria, entitatearen Gerentziaren edo presidentearen oniritziarekin. Ziurtagiri horretan, entitateak plantilla organikoan kultur kudeaketako profesionalaren lanpostua duela adieraziko da, funtzionarioa edo kontratatua (kultur teknikaria, kultur koordinatzailea) eta gutxienez bi urteko antzinatasuna duena.
Planteatzen diren dokumentu guztiak hizkuntza inklusiboa erabilita idatzi beharko dira.
4.5. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentuak entregatzen ez badira edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, entitate eskatzaileari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak entrega ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.
4.6. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.
5. Gastu diruz lagungarriak.
5.1. Diruz laguntzen ahal diren gastutzat hartuko dira, deialdi honen ondorioetarako, zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriak dituztenak eta 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko azaroaren 20ra bitartean –biak barne– egin eta ordaintzen direnak, betiere entitateak herriko kulturaren plan estrategikoa sortzeko kontratatutako kanpo-laguntzari eta hedapen-planari lotutako gastuak badira.
5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:
–Prozesuarekin lotutako joan-etorrien, dieten edo logistikaren gastuak.
–Kostu finkoak eta langileen gastu finkoak.
–Ikastaro, tailer edo hitzaldien gastuak.
–Proiektuaren ezaugarriekin zerikusirik ez dutenak, herrirako kulturaren plan estrategiko bat sortzearen esparruan.
5.3. Onuradunak diruz lagundutako jarduera osorik edo hein batean azpikontratatzen ahalko du, kultur arloko plangintza estrategikoan esperientzia duen herriko kulturaren plan estrategikoa sortzeko kanpo-laguntzari dagokiona.
6. Laguntzak emateko prozedura.
6.1. Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabilita emanen dira, 7. oinarri arautzailean azaltzen diren balorazio irizpideak aplikatuta lortzen den puntuazioaren ondoriozko lehentasun hurrenkerari jarraikiz, 2. oinarrian ezarritako mugekin.
6.2. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak antolatu eta izapidetuko du prozedura. Halaber, ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 7. arauan ezarritako balorazio irizpideen arabera
Proiektuak hobeki baloratzeko eta ebazpen proposamena eman aurretik, instrukzio-organoak beharrezkotzat jotzen dituen aholkularitza eta txosten teknikoak eskatzen ahalko ditu. Entitate eskatzaileekin loturarik ez duten aditu independenteek egin beharko dituzte txosten horiek.
Aipatutako atalak dirulaguntza emateko ebazpen proposamena eginen dio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari.
7. Proiektuen balorazioa.
Eskaerak 100 puntuz baloratuko dira, gehienez ere, jarraian aipatzen diren irizpideekin bat, eta horren arabera, puntuazio handienetik txikienera arteko lehentasun hurrenkera bat ezarriko da:
7.1. Herrian kulturaren plan estrategiko bat sortzearen interesa eta helburuak.
Guztira 60 puntu lortzen ahal dira. Laguntzen helburu nagusiak betetzen direla bermatzeko, atal honetan gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten eskaerak baztertuko dira.
Proiektuaren egokitasuna xedeak, helburu estrategikoak eta helburu operatiboak lortzeko. Proposatutako plangintzan helburuen arteko koherentzia baloratuko da. Proposamena 2024-2028 Nafarroako Kulturaren Plan Estrategikoan eta Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legean kokatzea baloratuko da. | Gehienez 10 puntu |
Herriko kulturaren plan estrategikoa eta horren faseak lortzeko planteatutako egitura. Baloratuko da proposamena gauzatuko den testuingurura egokitzea, baita plana sortzeko planteatutako egitura, faseak eta herrirako kulturaren plan estrategiko baten ondoriozko entregagaiak ere. | Gehienez 10 puntu |
Parte hartzeko prozesuaren lan metodologia. Parte hartzeko prozesuaren zehaztasun maila eta nola gauzatuko den baloratuko da (eragileak, sektoreak edo diziplinak eta prozesua). | Gehienez 10 puntu |
Proiektua komunikatzeko balioko duen hedapen-planaren egitura. Baloratuko dira kanpoko eta barneko komunikazioa/hedapena, kronograma eta egitekoak diren ekintzak. Bi puntu emanen dira egindako ekintza bakoitzeko. | Gehienez 10 puntu |
Azken 5 urteetan (2025eko abenduaren 31ra arte) Udalak egindako plangintza estrategikoko lanak kulturaren eta gizartearen esparruan edo gazteriaren, berdintasunaren, klima-aldaketaren, hiri-agendaren eta abarren eremuan egindako parte hartzeko prozesuak. Zehaztutako ekintza bakoitzagatik, adierazitako data baino lehenago egina bada, puntu 2. | Gehienez 10 puntu |
Herrian kulturaren plan estrategikoak dituen eraginak neurtzeko ebaluazio eta jarraipen tresnei buruzko proposamena. Herriko kulturaren plan estrategikoaren jarraipena egiteko tresnak sartzea baloratuko da, baita horiek zenbateraino betetzen diren ere. | Gehienez 10 puntu |
7.2. Bideragarritasuna eta kaudimen teknikoa eta ekonomikoa, herriko kulturaren plan estrategikoa sortzeko.
Guztira 40 puntu lortzen ahal dira. Laguntzen helburu nagusiak betetzen direla bermatzeko, atal honetan gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten eskaerak baztertuko dira.
Proiektuaren bideragarritasuna, kaudimen teknikoa eta aurrekontu-kaudimena. a) Plana sortzeko proposamenaren aurrekontu sinesgarri eta orekatua baldin badago (5 puntu gehienez) b) Proiektuak bere helburuak lortzeko behar dituen giza baliabideak eta baliabide materialak baditu (5 puntu gehienez). | Gehienez 10 puntu |
Kaudimen teknikoa eta prestakuntzazkoa plangintzan. a) Erakundearen kultur kudeaketan aditua den pertsonak prestakuntza badu kulturaren plan estrategikoak sortzeko. 5 puntu gehienez, egindako prestakuntza bakoitzeko; guztira, 10 puntu. b) Erakundearen kultur kudeaketan adituak beste prestakuntza batzuk baditu plangintzarekin, estrategiekin, komunikazioarekin eta zabalkundearekin, aurrekontuekin eta herritarren parte-hartzearekin lotuta. 5 puntu gehienez, egindako prestakuntza bakoitzeko; guztira, 10 puntu. | Gehienez 20 puntu |
Toki entitatearen baliabideak a) Toki entitateak ekonomia- eta aurrekontu-baliabiderik badu hurrengo urteetako Kulturaren Plan Estrategikoaren ondoriozko dokumentua betetzeko. 5 puntu gehienez, hartutako konpromiso bakoitzeko. | Gehienez 10 puntu |
8. Laguntzak emateko ebazpena.
8.1. Eskaerak egiteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.
Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.
8.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuz jakinaraziko dira (https://www.navarra.es/eu/tramiteak), eta eskaeran emandako helbide elektronikora bidaliko dira.
8.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz. Presuntziozko ezespenaren aurka, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
8.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jotzen ahal da, helbide elektroniko honen bidez: plancultura@navarra.es.
9. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultura mezenasgoaren ondorioetarako.
9.1. Maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren 27.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira arau horretan jasotako zerga-pizgarriak aplikatzearen ondorioetarako.
9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22 artikuluan ezarritako baldintza eta betebeharrak (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).
10. Entitate onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
10.1. Deialdi honen babesean diruz laguntzen den kulturaren plan estrategikoa egiteko erabili beharko da dirulaguntza, ez beste deusetarako.
10.2. Horretarako, entitate onuradunak Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari jakinarazi beharko dio plana gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean bertan, baldin eta zerbait aldatzea ekartzen badu. Diruz lagundutako jardueretan edo horien kostuan edozein aldaketa egiteko, aurrez atal horren adostasuna beharko da, eta baimena emanen da baldin eta diruz lagundutako jardueran funtsezko aldaketarik ez bada.
10.3. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalean frogatu beharko dute diruz lagundutako plana eta egindako gastuak egin dituztela, 11. oinarrian adierazitako epean eta moduan.
10.4. Jasotako laguntza aipatzea eta kulturaren plan estrategikoaren behin betiko dokumentuan erreferentzia hau jartzea: «Kulturaren Plan Estrategikoak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren "Toki entitateendako laguntzak, kulturako plan estrategikoak sortzeko" deialdiaren bidez emandakoa, eta haren logotipo ofiziala, Agenda 2030 logoarekin, zeina esaldi horri lotuta agertu beharko baita beti.

Logotipoa eta hura erreproduzitzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orri honetan lortuko dira: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala edo haren Argitalpen Atalaren bidez.
10.5. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak kulturaren plan estrategikoa sortu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.
10.6. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari.
Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
10.7. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
10.8. Publizitatean, informazioan edo dokumentuetan hizkuntza edo irudi sexistarik ez erabiltzea. Era berean, hizkera inklusiboa erabiliko da sortzen diren dokumentu guztietan.
10.9. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen ondoriozko betebeharrak betetzea.
10.10. Onuradunek, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.
11. Ordainketa eta justifikatzeko epea eta modua.
11.1. Emandako laguntzen zenbatekoa Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak txostena egin ondoren ordainduko da, ordainketa bakarrean, kulturaren plan estrategikoa burutu ondoren, baldin eta behar diren justifikazio agiriak eman badira.
11.2. Ordainketa egiteko eskaera eta frogagiriak entregatzeko epea 2026ko azaroaren 20an agortuko da, egun hori barne.
11.3. Ordainketa egiteko eskaerarekin batera agiri hauek entregatu behar dira:
a) Memoria bat, herriko plan estrategikoa sortzeko prozesua jasoko duena (faseak, kultur diagnostikoaren laburpena, parte hartzeko prozesua, hedapen-plana eta hurrengo urteetarako herriko plan estrategikoaren azken entregagaiaren laburpena).
b) Gastuen justifikazioa, fakturarekin eta egindako ordainketarekin.
–Faktura zenbakia eta data (toki entitateei frogagiri gisa ematen zaizkien fakturak apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera egin beharko dira; izan ere, foru dekretu horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zen).
–Zenbatekoa (BEZa barne, entitateak ezin badu konpentsatu).
–Kontu-hartzailetzaren, idazkaritzaren edo idazkari/kontu-hartzailetzaren ziurtagiria, alkatearen oniritziarekin, edo, bestela, entitatearen idazkaritzaren ziurtagiria, entitatearen gerentziaren edo presidentearen oniritziarekin, entitateak emandako informazioan agertzen diren datuak egiazkoak direla ziurtatzeko, baita gardentasun betebeharrak eta, hala badagokio, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen kontratazio publikoaren araudia betetzen direla ziurtatzeko ere.
11.4. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.
11.5. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko gastu guztia justifikatu beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko gastu guztia justifikatzen ez bada, proportzioan murriztuko da laguntza.
11.6. Justifikazioaren edukia egoki haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.
12. Kobratzeko eskubidea galtzea eta dirua itzultzea.
Entitate onuradunek betetzen ez badute dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osorik edo zati bat, edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko dute foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.
Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak. Ez-betetzetzat hartuko da justifikazioa entregatzea egun bat eta 5 egun bitarteko atzerapenarekin, oinarrietako 11. puntuan ezarritako epea kontuan hartuta, eta emandako dirulaguntzaren gaineko %2ko zigorra ezarriko da.
13. Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna eta konkurrentzia.
13.1. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste erakunde pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, enpresa edo profesional onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
Deialdi honen bidez dirulaguntza lortuz gero, ez da proiektu bera aurkezten ahalko Nafarroako Gobernuaren beste deialdi batzuetan.
13.2. Beste entitate batzuek emandako dirulaguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, ordainduko den zenbatekoa onartutako laguntza baino txikiagoa izanen da, baldin laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.
14. Arau-hausteak eta zehapenak.
14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.
14.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan.
15. Dirulaguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.
16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Aurkeztutako dokumentazioa:
I. eranskina (Eskabidea).
II. Eranskina (Aurrekontua).
Memoria deskribatzailea, 4.4 c) puntuan adierazitakoaren araberakoa.
Hedapen-plana, 4.4.d) puntuan adierazitakoaren arabera.
Udalak azken 5 urteetan kulturaren, gizartearen eta kulturaren eremuan eta gazteen, berdintasunaren, klima-aldaketaren eta hiri-agendaren eremuan egindako plangintza estrategikoko lanak edo parte hartzeko prozesuak egiaztatzen dituzten agiriak.
Erakundearen kultur kudeaketan aditua den pertsonak kultur plan estrategikoak sortzeko prestakuntza baduela egiaztatzen duten agiriak.
Erakundearen kultur kudeaketan adituak plangintzarekin, estrategiekin, komunikazioarekin eta zabalkundearekin, aurrekontuekin eta herritarren parte hartzearekin lotutako bestelako prestakuntzarik duen egiaztatzen duten agiriak.
Kontu-hartzailetzaren, Idazkaritzaren edo Idazkaritza/Kontu-hartzailetzaren ziurtagiria, alkatearen oniritziarekin, edo, bestela, entitatearen Idazkaritzaren ziurtagiria, entitatearen Gerentziaren edo presidentearen oniritziarekin. Ziurtagiri horretan, entitateak plantilla organikoan kultur kudeaketako profesionalaren lanpostua duela adieraziko da, funtzionarioa edo kontratatua (kultur teknikaria, kultur koordinatzailea) eta gutxienez bi urteko antzinatasuna duena.
DATU PERTSONALEN BABESA.
Eskatzaileak, berak emandako datuei dagokienez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa bete beharko du. Erregelamendu hori datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa da (EUR-lexerako esteka: https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=CELEX:32016R0679), eta bestetik, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak honako hauetan xedatutakoa beteko du datu pertsonalen tratamenduan: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena (EUR-lex atariko esteka), eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673). Erregelamendu horren 13. artikuluan xedatutakoa betez, hauxe jakinarazten da:
TRATAMENDUAREN ARDURADUNA | Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua. Navarrería kalea 39, 31001 Iruña. culturaydeporte@navarra.es |
DATUEN BABESERAKO ORDEZKARIA | Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritza. dpd@navarra.es |
TRATAMENDUAREN XEDEA | Deialdi hau kudeatzea. |
TRATAMENDUAREN LEGITIMAZIOA | Ahal publikoak betetzean edota interes publikoko aferetan egin beharreko tratamendua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikulua), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat. |
DATUEN JATORRIA | Identifikazio eta harremanetarako datuak, datu fiskalak eta lanekoak, finantza eta banku datuak, eta, kasua bada, datu akademikoak eta profesionalak, eskaeratik jasoko dira, eta, errekerimendua egin ondoan, baita beste edozein administraziotatik ere, batez ere Zerga Administrazioko Estatu Agentziatik, Nafarroako Zerga Ogasunetik eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusitik. |
DATUAK GORDETZEKO EPEA | Datuak zein xedetarako bildu diren, halako xedea lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta xede horren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboei eta dokumentazioari buruzko araudian ezarritakoa aplikatuko da. Nolanahi ere, datuak gordetzen ahalko dira interes publikoko gaiak artxibatzeko, ikerketa zientifiko edo historikoetarako edota helburu estatistikoetarako. |
DATUEN LAGAPENA | Ez da aurreikusten datuak hirugarrenei lagatzea, salbu eta araudiak baimentzen badu edo ukitutakoek adostasuna ematen badute. |
ERABILTZEN AHAL DIREN ESKUBIDEAK | Tratatzeko bildu diren datu pertsonalei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, eta noiznahi erabil dezakete eskubide hori. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar zaio datuak tratatzeko arduradunari, arestian esandako helbidera, araudi indardunak ezarritako moduan. Datuen babesaren gaineko eskubideak urratu zaizkiela uste dutenek erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan. https://www.aepd.es/. |
..............................(e)n, 2026...............(e)ko .................................aren .................(e)(a)n.
(Sinadura)
Izen-abizenak
NAFARROAKO GOBERNUA. KULTURA, KIROL ETA TURISMO DEPARTAMENTUA.
Iragarkiaren kodea: F2603521
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
