57. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

8E/2026 FORU AGINDUA, otsailaren 6koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita "Ikus-entzunezkoen sektoreak jaialdietan, azoketan eta beste ekitaldi profesional batzuetan parte hartzeko laguntzak (Generazinema, 2026ko sustapena)" deialdia. DDBN kodea: 887481.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean eskatu du "Ikus-entzunezkoen sektoreak jaialdietan, azoketan eta beste ekitaldi profesional batzuetan parte hartzeko laguntzak (Generazinema, 2026ko sustapena)" deialdia onestea, haren oinarri arautzaileak onestea, 20.000,00 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintza eta betebeharrak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean, bidezkoa da deialdia onestea.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea "Ikus-entzunezkoen sektoreak jaialdietan, azoketan eta beste ekitaldi profesional batzuetan parte hartzeko laguntzak (Generazinema, 2026ko sustapena)" deialdia.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTU PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4709-334102: GENERAZINEMA: Ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak

2026

20000,00

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi hau eta oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera bidaltzea.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko otsailaren 6an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA.–IKUS-ENTZUNEZKOEN SEKTOREAK JAIALDIETAN, AZOKETAN ETA BESTE EKITALDI PROFESIONAL BATZUETAN PARTE HARTZEKO LAGUNTZEN DEIALDIAREN (GENERAZINEMA, 2026KO SUSTAPENA) OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiaren xedea da laguntza batzuk arautzea, banakako ebaluazioko araubidean, Nafarroako ikus-entzunezkoen sektore profesionalak ikus-entzunezkoen sektorearekin lotutako jaialdi, merkatu, azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartu dezan, 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitarte, biak barne.

1.2. Deialdi honen helburuak hauek dira: Nafarroako ikus-entzunezkoen sektorea nazioartekotzen laguntzea, finantzaketa-iturriak, koprodukzioa, salmentarako agenteak eta film zinematografikoak eta ikus-entzunezko lanak banatzeko kanalak bilatzea, eta topaketa profesionalak sustatzea.

1.3. Eskabidearen xede den ekitaldi profesionaletako parte hartzearen helburua izanen da proiektu-fasean edo buruturik dagoen film edo ikus-entzunezko lan baten (gutxienez) sustapena. Buruturik egonez gero, gehienez urtebeteko tartea egonen da estatu mailako estreinaldi komertzialaren eta laguntza zein ekitaldirako eskatzen den, haren hasiera-dataren artean.

1.4. Deialdi honetan hiru modalitate daude:

A) modalitatea: Goya sarietarako hautagai diren filmak, izendatutakoak edo saridunak sustatzeko berariaz diseinatutako ekintzak.

B) modalitatea: zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko jaialdietan, azoketan eta ekitaldietan parte hartzea.

1.5. Ekitaldi bakoitzerako eskabide bereiziak aurkeztuko dira.

1.6. Banakako araubideko deialdia denez, beste eskaera batzuk aurkezten ahalko dira lehenengoaren ondoren, betiere beste ekitaldi batzuetarako bada. Laguntza eskaera guztien baturak, osotara, muga izanen du 3.4 oinarrian eskatzaile bakoitzarentzat ezarritako gehienekoa.

2.–Pertsona edo entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek jasotzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Pertsona fisikoak, gutxienez 2025eko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik daudenak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate.

Entitate horiek egoitza soziala eta jarduera Nafarroako Foru Komunitatean izan beharko dute gutxienez 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, eta objektu edo helburu sozial gisa ikus-entzunezko jarduerak edo jarduera zinematografikoak garatzea izan beharko dute.

2.2. Horrez gain, eskatzaileek laguntza eskatzen den ekitaldian sustatuko diren filmen ekoizle titularraren talde artistiko edo teknikoko kide izan beharko dute.

2.3. Aurreko apartatuan aipatutako pertsona fisiko eta juridikoek ekoizle moduan inskribatuta egon beharko dute, eskaera egiten denean, ICAAren Zinemagintzako eta Ikus-entzunezko Enpresen Erregistroan.

2.4. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honako entitate hauek:

a) Toki entitateak, haien erakunde autonomoak eta partaidetzaren gehiengoa Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateena duten enpresa-entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2026ko aurrekontuetan xede bererako partida izenduna duten entitateak.

c) Ikastetxeak edo arte irakaskuntzetako zentroak, eskolak eta/edo akademiak.

d) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

e) Ikus-entzunezkoen sektorearekin lotutako jaialdiak, merkatuak, azokak eta ekitaldi profesionalak.

2.5. Pertsona eta entitate onuradunek bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak. Ezin dira izan onuradunak aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeretako batean dauden pertsonak eta entitateak.

2.6. Pertsona edo entitate eskatzaileek ez dute laguntzen deialdian parte hartzen ahalko zehatu edo kondenatu badituzte, administrazio ebazpen irmo baten edo epai judizial irmo baten bidez, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.–Aurrekontuko esleipena eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdiak 20.000 euroko zenbatekoa izanen du guztira, 2026ko aurrekontuko partida honen kargura: A20002 A2500 4709 334102 GENERAZINEMA: ikus-entzunezko sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak.

3.2. Modalitateka, aurrekontua honela banatuko da:

–A) modalitatea. Goya sarietarako hautagai diren filmak, izendatutakoak edo saridunak sustatzeko berariaz diseinatutako ekintzak: 5.000 euro.

–B) modalitatea. Zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko jaialdietan, azoketan eta ekitaldietan parte hartzea: 15.000 euro.

3.3. Laguntzek ez dute inola ere gaindituko onetsitako aurrekontuaren % 70. Eskaera bakoitzeko laguntzak ez dira diru kopuru hauetatik gorakoak izanen:

–A) modalitatea. Goya sarietarako hautagai diren filmak, izendatutakoak edo saridunak sustatzeko berariaz diseinatutako ekintzak: 3.000 euro.

–B) modalitatea. Zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko jaialdietan, azoketan eta ekitaldietan parte hartzea: 2.000 euro.

3.4. Eskatzaile bakoitzeko, gehienez ere 5.000 eurokoa izanen da laguntza.

3.5. Onetsitako aurrekontua honako honen emaitza izanen da: pertsona edo entitate eskatzaileak aurkeztutako aurrekontua ken berreskuratzen ahal duen BEZari dagozkion zenbatekoak eta, hala denean, deialdi honen 5. oinarrian xedatutakoaren arabera diruz lagungarritzat jotzen ez diren gastuak.

3.6. Aipatutako mugak betetzen badira, eta, bidezko denean dagokion minorazioa aplikatuta, laguntzaren munta enpresak edo profesionalak eskatutakoa izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean eta 3.3 eta 3.4 oinarrietan ezarritako mugak gainditu gabe.

3.7. A modalitaterako dagoen kreditua agortzen ez bada, modalitate horretako gainerako dirua B modalitatearen zenbatekoari gehituko zaio.

3.8. Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez izapidetuko dira, eta eskaerak aurkezten diren hurrenkeran izapidetu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

3.9. Pertsona edo entitate onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, dirulaguntzarik jaso ez duen hurrengo pertsona edo entitate eskatzaileari emanen zaio, baldin eta horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu.

3.10. Aurrekontu-baliabideak deialdi honetan ezarritako epealdien barruan agortzen badira, Vianako Printzea Erakundea-Kultura zuzendari nagusiak itxitzat emanen du eskaerak onartzeko epea, horretarako ezarritako funtsak agortu direla-eta. Horretarako ematen den ebazpena tramiteen bilatzaileko "Ikus-entzunezkoen sektoreak jaialdietan, azoketan eta beste ekitaldi profesional batzuetan parte hartzeko laguntzak (Generazinema, 2026ko sustapena)" deialdiaren fitxan argitaratuko da.

4.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurkezten ahalko dira eskaerak, 2026ko urriaren 31ra arte (egun hori barne).

4.2. Eskaerak honela aurkeztuko dira:

Pertsona juridikoek eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez edo tramiteen bilatzaileko "Ikus-entzunezkoen sektoreak jaialdietan, azoketan eta beste ekitaldi profesional batzuetan parte hartzeko laguntzak (Generazinema, 2026ko sustapena)" deialdiaren fitxaren bidez. Eskaeretan, gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da, zerbitzu arduradunaren eta entitate eskatzaileen arteko komunikazio eta jakinarazpen kanala izanen dena.

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).

Eskaeraren eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen bilatzaileko "Ikus-entzunezkoen sektoreak jaialdietan, azoketan eta beste ekitaldi profesional batzuetan parte hartzeko laguntzak (Generazinema, 2026ko sustapena)" deialdiaren fitxan egonen dira eskuragarri.

4.3. Eskaerarekin batera (I.A eranskinean jasotako ereduaren araberakoa izanen da), agiri hauek aurkeztu beharko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

4.3.1. Dokumentazio orokorra:

a) Eskaera aurkezteko unean ICAAren Zinemagintzako eta Ikus-entzunezko Enpresen Erregistroan alta emanda dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

b) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

I. Pertsona fisikoak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo kideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

II. Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

III. Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia, estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

4.3.2. Dokumentazio berariazkoa:

a) I. eranskina, Excel formatuan, laguntzaren xede den proiektuaren informazio teknikoa eta ekonomikoa jasotzen duena.

Fitxategian sartu beharreko edukiak fitxen arabera:

Aurrekontu diruz lagungarria: bakarrik sartuko dira 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitarteko aldiari dagozkion gastuak (biak barne) eta 5. oinarrian gastu diruz lagungarriak jotzen diren kontzeptuak. Nahitaezkoa da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

Oharrak: 5.1.a) epigrafean ageri diren zenbatekoak ulertzeko argibide egokiak idatziko dira, hau da, ostatu gastuak, mantenu gastuak (bazkariak eta afariak), eta joan-etorrien gastuak.

Onartutako aurrekontua: emandako informaziotik abiatuta, Excel dokumentuak kalkulu automatikoa eginen du onartutako aurrekontutzat hartzen ahal den zenbatekoaren. Organo kudeatzaileak azterketa teknikoa egin ondoren berretsiko da.

I.A eranskina (Eskaera), sinatuta eta PDF formatuan.

I.B eranskina (Proiektuaren informazioa), non jasoko baitira proiektuaren garapenean aurreikusi diren ekintza guztien deskribapen zehatza eta deialdi honen 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak betetzeari buruzko informazioa.

b) Memoria, non ekitaldia, proiektua osatzen duten pertsonak eta ekintzak deskribatuko baitira, bai eta proiektua eta eskatzailearen ibilbidea baloratzeko garrantzitsutzat jotzen den edozein informazio ere.

c) A modalitatean: filma Goya sarietarako hautagaia dela, izendatu dutela edo saria jaso duela frogatzen duen dokumentazioa.

d) B modalitatean: eskatzailearen ibilbidea eta jarduna frogatzen dituen dokumentazioa.

e) Eskatzaileak sustapenaren xede diren filmen ekoizpenarekin duen lotura egiaztatzen duen dokumentazioa, 2.2 oinarriaren arabera.

f) Kasua bada, filmak Nafarroarekin lotura daukala frogatzen duen dokumentazioa.

g) Eskaera telematika bidez bidaltzen ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.4. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko beste deialdiren batean parte hartu duten pertsona edo entitate eskatzaileek ez dituzte aurkeztu beharko 4.3.1 oinarrian aipatzen diren agiriak, non eta ez den agiri horietan aldaketaren bat gertatu.

4.5. Dirulaguntza eskaera aurkeztuta, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, pertsona edo entitate interesdunari errekerimendua eginen zaio akatsa zuzen dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, 10 egun balioduneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

Dokumentazioa aurkeztu ahala ebaluatuko dira eskaerak eta esleituko da dirulaguntza, ebaluazio horretatik ondorioztatzen den neurriaren araberakoa, horretarako aurrekontu kreditua dagoen bitartean.

4.6. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie pertsona edo entitate eskatzaileei.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira.

Eskatzaileak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek onartuko dira dirulaguntzarako:

a) Eskaeraren xede den ekitaldiko akreditazio edo inskripzio kuotaren ordainketa, gehienez ere bi pertsonarenak.

b) Ekitaldiko ostatu gastuak, mantenu gastuak eta joan-etorrien gastuak, gehienez bi pertsonarenak, honako muga hauek gainditu gabe:

I. Ostatu hartzea: gehienez 120 euro pertsona eta egun bakoitzeko. Fakturan gaua igarotzen duten pertsonen datuak jaso beharko dira.

II. Mantenua: gehienez 60 euro pertsonako eta eguneko (bazkarietarako eta afarietarako bakarrik). Fakturen zerrendan, gastua zenbat pertsonari dagokion adierazi behar da.

III. Joan-etorriak:

–Norberaren ibilgailua erabiliz gero, 0,35 euro ordainduko dira kilometroko, gehi aparkalekuen eta bidesarien gastuak.

–Alokatutako ibilgailu bat erabiltzen bada, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira alokairuaren kostua eta erregaia.

–Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da. Gainera, diruz lagungarritzat hartuko dira herri barruko ibilbideetarako taxi edo AIG gastuak.

c) Stand-a alokatzea eta egokitzea.

d) Komunikazioa eta publizitatea: sustapenaren xede diren filmen komunikazio eta publizitate gastuak, hala nola:

–Prentsa eta komunikazio agenteen kontratazio gastuak.

–Argitalpenen edizioa, edozein euskarritan.

–Publizitate kanpainen gastuak.

–Zabalkunde edo komunikazio elementuetarako diseinu grafikoaren gastuak.

–Zabalkunderako edo komunikaziorako bideoen edo ikus-entzunezko piezen edizio gastuak.

–Sustapen materialen gastuak eta, orobat, seinaletika euskarriak eta dekorazioa.

e) Sustapenaren xede diren filmak azpidaztea, betiere laguntza eskatzen den ekitaldirako beharrezkoa bada.

f) Sustapenaren xede diren filmen DCP kopiak sortzea, betiere laguntza eskatzen den ekitaldirako beharrezkoak badira.

A modalitatean, gainera:

g) Filma emateko eta sustatzeko espazioak alokatzea.

h) Protokolozko ekitaldiak, hala nola koktelak eta antzeko beste ekitaldi batzuk, gehienez ere 600 euro.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) 5.1 oinarrian adierazitako arloei ezin egotzi zaizkien gastu kontzeptuak, proiektuarentzat nahikoa beharrezkoak ez direnak edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztuta ez dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzakeenak.

d) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

e) Jatetxe edo catering enpresek fakturatutako gastuak ez diren elikadura edo edari gastuak edo antzekoak.

f) Amortizazio gastuak.

g) Tributuen gastuak.

6.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak izapidetzeko eta ebaluatzeko ardura duen organoa Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atala da. Ebaluazio prozesu osoan zehar, eskatzaileak agertzeko eskatzen ahal da, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

6.2. Organo kudeatzaileak deialdian onartua izateko bete beharreko baldintzei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.5 oinarrian zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

6.3. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak banakako ebaluazioa prestatu, eta deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

7.1. Deialdi honen bidez dirulaguntza lortzea bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak xede eta helburu bererako 2026an eman dezakeen beste batekin.

7.2. Halere, dirulaguntza hau bateragarria izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, 2026. urtean, xede eta helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntzarekin.

7.3. Dirulaguntzen munta ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jardueraren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, pertsona edo entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

8.–Proiektuen balorazioa.

8.1. A modalitateko balorazio irizpideak honako hauek izanen dira:

8.1.1. Academia de las Artes y las Ciencias Cinematográficas de España (Zinemaren Akademia) elkartearen hautaketa prozesua: 40 puntu gehienez:

–Izendatuta egon den sarietako bat bereganatu badu filmak: 40 puntu.

–Filma izendapenaren fasera heldu bada eta gero saririk jaso ez badu: 30 puntu.

–Filma hautagaia izan bada, baina izendapenik eduki ez badu: 20 puntu.

8.1.2. Kanpainaren kalitatea (gehienez 60 puntu):

–Eragina hedabideetan (kontuan edukiko dira hedabide guztietan –telebista, irratia, prentsa orokorra eta espezializatua, blog profesionalak, etab.– agertzen diren elkarrizketak, artikuluak, kritikak, etab., eta publizitate ekintzak eta sare sozialetako ekintzak): gehienez 30 puntu.

–Kanpainaren originaltasuna, eta material grafikoen eta ikus-entzunezko materialen kalitatea: gehienez 30 puntu.

8.2. B modalitateko balorazio irizpideak honako hauek izanen dira:

8.2.1. Ekitaldiaren ezaugarriak eta bertan nola hartzen den parte (gehienez 45 puntu):

–Laguntza eskatzen den ekitaldi profesionalaren ezaugarriak eta eragin esparrua: gehienez 20 puntu.

  • 10 puntu, esparru nazionalekoa bada.
  • 20 puntu, nazioartekoa bada.

–Nola hartzen den parte laguntzaren xede den ekitaldian (gehienez 25 puntu):

  • 10 puntu, administrazio publiko baten eskutik garapenerako edo ekoizpenerako dirulaguntza jaso duen proiektu batean parte hartzen bada.
  • 10 puntu, Navarra Film Industryk programatutako jardueraren batean parte hartzen bada, marka horrek koordinatutako Nafarroako ordezkaritza bat dagoen ekitaldiren batean (ekitaldi horiek https://www.navarrafilmindustry.com/eu/nfi-presentzia-duten-jaialdi-eta-merkatuak webgunean zerrendatzen dira).
  • 5 puntu, proiektua (pitch) laguntzaren xede den ekitaldiak sustatutako foro batean aurkezten bada.

8.2.2. Eskatzailearen ibilbidea eta jarduna (gehienez 30 puntu):

a) Ibilbidea: 1 puntu eskatzaileak jardunean egindako urte oso bakoitzeko (gehienez 10 puntu). Eskatzaileak jardunari zer urtetan ekin zion egiaztatu behar da agiri bidez.

b) Jarduera: 2 puntu azken 5 urteetan ekoitzitako edo banatutako film bakoitzeko (10 puntu gehienez).

c) Dirulaguntzak: 2 puntu eskatzaileak Generazinema Garapena eta/edo Generazinema Ekoizpena deialdietan, ICAAren ekoizpenerako laguntzen deialdian edota Navarra Shortzinema katalogoan jasotako laguntza bakoitzeko (gehienez 10 puntu).

8.2.3. Filmaren lotura Nafarroarekin (gehienez 25 puntu):

–Filmaren zuzendaria Nafarroan erroldatuta badago: 15 puntu.

–Fikziozko filma izatera, Nafarroan grabatuko bada gutxienez % 40: 10 puntu.

–Dokumental edo animazio proiektua izatera, baliabide teknikoen eta giza baliabideen % 40 gutxienez Nafarroan ezarrita badaude: 10 puntu.

8.3. Proiektuak ongi balioesteko, ezinbestekoa da eskatzaileak eskaerarekin batera aurkeztutako memorian 8.1 eta 8.2 oinarrietan ezarritako irizpideei buruzko frogagiriak aurkeztea.

8.4. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio aurkeztutako proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

8.5. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak, funsgabeak direnak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

9.–Laguntza emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak emateko ebazpena Vianako Printzea Erakundea-Kultura zuzendari nagusiak emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaera bakoitza jaso eta biharamunetik hasita. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Ebazpena pertsona eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta argitaratuko da tramiteen bilatzaileko "Ikus-entzunezkoen sektoreak jaialdietan, azoketan eta beste ekitaldi profesional batzuetan parte hartzeko laguntzak (Generazinema, 2026ko sustapena)" deialdiaren fitxan.

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Ustezko ezespenaren aurka pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

10.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuko 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina), deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak, aipatu legearen 25.1.f) artikuluan adierazten diren pertsonek eta entitateek egiten baldin badituzte, gizarte interesekotzat hartuko dira. Ondorio horietarako, eskatzaileek II. eranskina (Mezenasgoaren Erantzukizunpeko Adierazpena) bete beharko dute, zeina Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bidez bete eta izapidetzen ahalko baita.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, pertsona edo entitate onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintza eta betebeharrak (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).

10.3. Era berean, proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgoko edo babesletzako ekarpenak jasotzen dituzten pertsona edo entitate onuradunek IV. eranskineko "Finantzaketa iturriak" apartatuan adierazi beharko dituzte mezenasgoko edo babesletzako modalitateen bidez jasotako ekarpenak.

11.–Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

11.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek (pertsona fisikoak izan ezik) dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.

Ezertan eragotzi gabe bidezko izaten ahal diren zehapenak, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Tramiteen bilatzailean dagoen Generazinema Sustapena laguntzen deialdiaren fitxaren bidez betetzen ahalko dira gardentasun betebeharrerako ereduak.

11.3. Betebeharra dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien % 20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).

11.4. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

11.5. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

11.6. Gainera, pertsona edo entitate onuradunak betebehar hauek edukiko ditu:

a) Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

b) Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

c) Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik onespena eman dezan, baldin eta aldaketak funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

d) Onartzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak proiektua gauzatu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko, behar bezala ikuskatuak eduki beharko ditu kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak, betiere pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatzearen eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.

h) Konpromisoa hartzea enpresa ez deslokalizatzeko, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen denarekin bat, eta deslokalizatzen bada, jasotako laguntza itzultzeko konpromisoa, arau horretan ezarritako moduan.

11.7. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean, ez informazioan. Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da. Horretarako, honako lan hau kontsultatzen ahal da: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad".

12.–Ordainketa, justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Ordainketa.

Oro har, behin pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazioa proiektua bukatutakoan eginen da, eta horretarako azken eguna 2026ko azaroaren 13a izanen da (egun hori barne).

Jarduera egin duela frogatzeko, pertsona edo entitate onuradunak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du (IV. eranskina bertako jarraibideen orrian azaltzen den bezala bete behar da):

a) III. eranskina (Kostuari eta finantzaketari buruzko adierazpena) EXCEL formatuan, gastua justifikatzeko prozesuarekin lotutako informazioa jasotzen duena.

Fitxategian eduki hauek sartu beharko dira, fitxen arabera:

Kostu osoa: proiektuari lotutako gastuen guztizko zenbatekoa epigrafeka. Diruz lagundu daitezkeen gastu guztiak sartzen dira, 1.1 oinarrian ezarritako epearen barruan.

Fakturen zerrenda: diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: fakturaren zenbakia eta data; hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFK; fakturaren kontzeptua; guztizko zenbatekoa (zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta, eta kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, ekoizle eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data.

Nafarroan egindako gastutzat jotzen den zenbatekoaren zatia bereizita jasoko da.

Finantzaketa iturriak: finantzaketa iturrien eta emandako laguntzen zerrenda (benetan kobratu diren kontuan hartu gabe).

Azken memorien datuak: epigrafe honetako c eta d apartatuetako memorietan zehaztutako datu espezifikoak biltzen dira.

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta ordainagiriak. Faktura guztiak, dagozkien ordainagiriekin batera, PDF formatuko artxibo batean sartuko dira, aurreko apartatuko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

Egindako gastutzat joko da oinarri hauetan ezarritako justifikazio aldia bukatu baino lehen benetan ordaindu den gastu oro. Faktura eta frogagiri horiek Fakturazio betebeharrak arautzeko erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz egin beharko dira. Kanpoan gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak.

Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

100 eurotik gorako gastu guztien ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, tiketen, fakturen edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita (bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak –hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak–, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri).

Gastuen eta ordainketen frogagiriak PDF formatuan aurkeztuko dira, III. eranskinean agertzen diren hurrenkeran antolatuta.

c) Egindako jarduera azaltzen duen memoria, proiektuaren gauzatzeari buruzko ebaluazio txostena barne; hartan adieraziko da zenbateraino bete diren hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian adierazitako helburuak.

d) Dirulaguntzaren xedeko jarduerarako jaso dituzten beste diru-sarrera batzuk justifikatzeko dokumentazioa.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

Gastuen eta ordainketen frogagiriak PDF formatuan aurkeztuko dira, III. eranskinean agertzen diren hurrenkeran antolatuta.

12.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

12.3. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

12.4. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

13.–Dirua itzultzea.

Pertsona edo entitate onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14.–Arau hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluaren III. kapituluan.

15.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

16.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

Iragarkiaren kodea: F2602412