Iragarkia
57. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
7E/2026 FORU AGINDUA, otsailaren 6koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, dirulaguntza-deialdi hau onesten duena: "Ediziorako laguntzak argitalpen-enpresa eta profesionalentzat, 2026". DDBN kodea: 885891.
Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen 37. artikuluan honakoa adierazita dago: Laguntzak eta dirulaguntzak: Kultura-arloan eskuduna den departamentuak urtero dirulaguntzak eta laguntzak ezarriko ditu kultura-sektore batzuetan.
Edizioaren sektoreko kultura-politikaren esparruan, Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak txostena egin du, eta bertan proposatu du onestea "Ediziorako laguntzak argitalpen-enpresa eta profesionalentzat, 2026" izeneko deialdia eta deialdi horren oinarri arautzaileak, 125.000 euroko gastua baimentzea, eta foru-agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Bestetik, kontuan hartzen da betetzen direla aipatutako gastua baimentzeko beharrezkoak diren helburua eta legez ezarritako baldintzak eta betebeharrak, eta espedientean ageri dela kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. "Ediziorako laguntzak argitalpen-enpresa eta profesionalentzat, 2026" izeneko dirulaguntza-deialdia onestea.
2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru-agindu honen eranskinean jaso direnak.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, kontuan hartuta zenbat eskaera jasotzen diren:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A20000-A2010-4709-334200: Ediziorako laguntzak enpresa pribatuentzat | 2026 | 125.000,00 |
4. Foru-agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi hau erregistratzea Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.
6. Europako Batzordeari helaraztea laguntza honi buruzko informazio laburtua, jakinarazpen elektronikoko sistemaren bidez, ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera, 20 laneguneko epean, indarrean jarri ondotik.
7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko otsailaren 6an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
OINARRI ARAUTZAILEAK
EDIZIORAKO LAGUNTZAK ARGITALPEN-ENPRESA ETA PROFESIONALENTZAT, 2026
1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.
1.1. Deialdiak hauxe du xede: dirulaguntzak ematea argitalpen-enpresei eta profesionalei kultura-edukia duten liburuak argitaratzeko, bai ohiko euskarrian (papera) bai euskarri elektronikoan. Lanek jatorrizkoak eta argitaragabeak behar dute izan. Halaber, faksimileak, aurrenekoz euskaratutako edo gaztelaniaratutako lanak edo agortutako jatorrizko liburuen berrinprimatzeak (baldin eta azken inprimatzea duela 15 urte baino gehiagokoa bada, eduki berriak gutxienez %15 badira eta liburuek maketa eta ISBN berriak badituzte) aurkezten ahalko dira dirulaguntza lortzeko. Aurkeztutako liburuek genero hauetako batekoak izan beharko dute: eleberria, ipuinak, poesia, antzerkia, haur eta gazteentzako literatura, komikia, saiakera eta giza zientziak.
1.2. Deialdiaren helburua da Nafarroan edizioa eta kalitatezko askotariko eskaintza sustatzea, egileen literatur jarduna eta lana bultzatzen dituena. Irakurketari, Liburuari eta Liburutegiei buruzko ekainaren 22ko 10/2007 Legearen atarikoak adierazten duenez, irakurketa garapen pertsonal eta sozialerako oinarrizko tresna da: "Liburua euskarri fisiko bat da, bere baitan giza pentsamenduaren, zientziaren eta literatur sorkuntzaren isla biltzen duena, gizakientzat transzendental eta bakarra den egintza posible eginez, irakurketa alegia". Irakurketak "aberastu eta garatzen du pertsonen gaitasun kritikoa, hain beharrezkoa dena". Bestetik, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen 14. artikuluak ezartzen duenez, "Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak plan eta programak bultzatuko ditu literatur sorkuntzako obretarako (genero guztietakoak) mesedegarriak diren baldintzak sustatzeko, bai eta beste arte-adierazpen batzuekin eta giza zientziekin eta gizarte-zientziekin lotutako gaien azterketa, kritika eta ikerketa ere; horretarako, sortzaile eta idazle berrientzako eta liburu-argitalpenerako laguntza-tresna espezifikoak tankeratuko ditu". Liburuaren izaera oinarrizkoaz gain, kultura zabaltzeko tresna den aldetik, argitalpenaren sektoreak eragin ekonomiko handia du, industria askok lotura baitute harekin: inprimategiak, liburu-dendak, diseinua, egiletza, itzulpengintza, ilustrazioa, banaketa eta abar.
1.3. Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan onartuko dira lanak.
1.4. Lanak 2025eko azaroaren 21etik 2026ko azaroaren 20ra bitarte argitaratutakoak izan beharko dira, biak barne.
1.5. Deialdi honen ondorioetarako, honako hauek ez dira hartuko arte- edo kultura-edukia duten liburutzat:
–Edozein entitate publikok eta beren erakunde autonomoek enkargatutako argitalpenak.
–Testuliburuak, bidaia-gidaliburuak, sukaldaritza-liburuak, entziklopediak, hiztegiak, saltzekoak ez diren lanak, agendak, dietarioak eta antzekoak, gida didaktikoak, gidoiak edo aldizkako argitalpenak.
–Beste hizkuntza batzuetako lanen itzulpenak, jada gaztelaniazko edo euskarazko bertsioa dutenak.
–Oinarrien 1.1 puntuan (Xedea) adierazitako baldintzak betetzen ez dituzten berrinprimatzeak eta berrargitalpenak.
1.6. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira adimen artifizial sortzaileko tekniken bidez osorik edo partez sortutako proiektuak. Instrukzio-organoak egiaztatzen ahalko du proiektuak adimen artifizial sortzailearen bidez egin diren, behar diren tresnak erabiliz.
1.7. Ez da onartuko aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektu argitaratu gaberik.
1.8. Dirulaguntza hauek barne-merkatuarekin bateragarriak diren estatu-laguntzak dira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.3 artikuluaren arabera, eta salbuetsita daude jakinarazteko betebeharretik (Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarrita dago), bat etorriz Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 53.2.f artikuluan ezarritakoarekin (erregelamendu horren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz). Erregelamendu hori 2014ko 187. Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26koan.
Zehazki, erregelamendu hori aplikatzen zaie kulturarako eta ondarearen kontserbaziorako laguntzei (1. artikulua, j letra), 53. artikuluan ezarritako baldintzetan, eta eragin pizgarria dute 6.5.h artikuluaren arabera.
Erregelamenduaren 9. eta 11. artikuluetan ezarritakoaren arabera, Batzordeari igorri behar zaio dirulaguntza honen xede diren laguntzei buruzko informazio laburtua, II. eranskineko formatu normalizatuaren bidez, indarra hartu eta 20 egun balioduneko epean.
2. Enpresa edo profesional eskatzaileen baldintzak.
2.1. Deialdi honetako laguntzak eskatzen ahalko dituzte argitalpen-enpresa guztiek; halakotzat hartzen dira soilik merkataritza-izaerako entitate pribatuak edo pertsona fisikoak, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Profesionalak:
–Alta emanik egotea ekonomia-jardueren gaineko zergaren 864. taldean (idazlea) edo 476. taldean (liburuen edizioa), bai eskaera aurkezten denean bai deialdiko emaitzak argitaratzen direnean.
–Nafarroan erroldaturik egotea 2025eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik. Egoera hori erroldatze-ziurtagiriaren bidez frogatu beharko da, eta laguntzak irauten duen bitartean horri eutsi beharko zaio.
b) Argitalpen-enpresak:
–Legez argitalpen-enpresa gisa eratuta egotea 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen.
–Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan izatea.
2.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako kasuetakoren batean dauden pertsona edo argitalpen-enpresei.
2.3. Ezin izanen dira onuradun izan zehapen administratibo irmo bat edo kondena-epai irmo bat betetzen ari diren entitateak, edo, hala bada, zehapen edo kondena-epai bat betetzeko zain daudenak, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan-praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.
2.4. Lege Gordailuaren betebeharra bete ez duten pertsona edo argitalpen-enpresei ezin izanen zaie laguntzarik eman.
2.5. Orobat, ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan krisian dauden enpresak, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Era berean, laguntza-araubide hau ez da aplikagarria izanen berreskuratze-agindu baten mende dauden enpresentzat, Europar Batzordeak aurretiazko lagapen baten bidez deklaratu badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela, salbu eta hondamendi natural jakin batzuek eragindako kalteei aurre egiteko laguntza-araubideak, aipaturiko erregelamenduaren 1.4.a artikuluan jasota daudenak.
3. Aurrekontu-kontsignazioa eta laguntzen zenbatekoa.
3.1. Deialdiaren zenbatekoa 125.000 eurokoa izanen da.
3.2. Liburu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa, eta gehienez ere 4.000 euro emanen dira liburuko.
Eskatutako dirulaguntza II. eranskinean adierazi behar da. Eskatutako zenbatekoak 3.2 puntuan ezarritako mugak gainditzen baditu, murriztu eginen da muga horietara egokitu arte.
Onartutako aurrekontua entitateak aurkezten duen aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien zenbatekoak kenduta, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat.
3.3. Enpresa edo profesional onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, baldin eta horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu.
4. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
4.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.2. Argitalpen-enpresa edo profesional bakoitzak lau liburu aurkezten ahalko ditu gehienez ere, betiere deialdi honen 1. oinarria betetzen badute.
4.3. Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztu behar dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo Cl@ve eduki beharko da.
Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da.
Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.
Eskaera ereduak eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriek deialdi honen eranskinetako ereduen araberakoak izan behar dute, eta tramiteen katalogoko fitxan egonen dira eskuragarri (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).
4.4. Eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.
A. Argitalpen-enpresa eta profesionalek aurkeztu beharreko dokumentazio komuna:
a) I. eranskina.
b) II a eranskina.
c) II b eranskina, lan bakoitzaren kostuekin, BEZik gabe.
d) Memoria bat, honako hauek jasoko dituena:
–Edukiaren laburpena.
–Zabalkunde-plana. Atal honetan, proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak zehaztu behar dira.
–Egileen curriculum vitae laburra.
e) Liburu osoa edo, gutxienez, argitalpenaren aurkibidea eta kapitulu bat, argitaraldiaren ahalik eta egoera aurreratuenean dagoena eskaera aurkezten den unean. Liburuak 2025eko azaroaren 21etik deialdian emandako laguntzei buruzko ebazpenera bitarte argitaratuak badira, nahitaezkoa izanen da ale bat aurkeztea.
B. Argitalpen-enpresentzako dokumentazio espezifikoa:
a) Entitatearen eskriturak.
b) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.
c) Aurreko bi urteetan (2024 eta 2025) argitaratutako eta berrargitaratutako lanen zerrenda. Zerrendan jaso beharko dira izenburua, egilea, ISBNa eta Lege Gordailua.
C. Profesionalentzako dokumentazio espezifikoa:
a) Eskaera egiten duten unean ekonomia-jardueren gaineko zergaren 864. edo 476. taldean alta emanda daudela frogatzen duen agiria.
b) Erroldatze-ziurtagiria, Nafarroan 2025eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik erroldaturik daudela frogatzen duena.
c) Ekonomia-jardueren gaineko zergaren 864. taldearen (idazlea) kasuan: argitaratutako lanen eta berrargitalpenen zerrenda. Zerrendan jaso beharko dira izenburua, egilea, ISBNa eta Lege Gordailua.
d) Ekonomia-jardueren gaineko zergaren 476. taldearen (liburuen edizioa) kasuan: aurreko bi urteetan (2024 eta 2025) argitaratutako eta berrargitaratutako lanen zerrenda. Zerrendan jaso beharko dira izenburua, egilea, ISBNa eta Lege Gordailua.
4.5. Aurreko deialdietan parte hartu duten entitateek ez dituzte aurreko puntuko B atalean aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non eta ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.
4.6. Eskaera ereduak, deskripzio-memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatu beharko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.
4.7. Dirulaguntza-eskaerak identifikazio-datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, pertsona edo entitate eskatzaileari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.
4.8. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.
5. Gastu diruz lagungarriak.
5.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, eta liburua argitaratu aurreko 12 hilabeteetan eginak direnak. Muga-eguna 2026ko azaroaren 20a izanen da.
Kontuan hartuko dira argitalpen-enpresak edo profesionalak proiektua garatzean egiten dituen gastu diruz lagungarri hauek:
–Argitalpen-produkzioari buruzko gastuak, argitalpenerako behar diren prozesu guztiak barne: azalaren eta barrenaren diseinua eta maketazioa, ilustrazioa, argazkilaritza eta irudien tratamendua (formatuen edo bereizmenen bihurketa, digitalizazioa, ukituak eta garbiketa).
–Erreprodukzio-eskubideak (SGAE eta abar).
–Egile-eskubideak.
–Itzulpen-, idazketa-, zuzenketa- edo dokumentazio-lanak.
–Argitalpenen inprimaketa. Kudeaketa, argitalpen digitalaren plataformekin.
–Multimedia grabatzea, proiektuaren azken produktu osoa edo horren zati bat bada.
–Gastu horiek argitalpen-enpresako langileek edo kanpokoek eginak izan daitezke. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 26. artikuluan xedatutako ondorioetarako, azpikontratazioa izanen da, eta, beraz, gastu diruz lagungarrietatik kanpo geldituko da dirulaguntzaren xede den jarduera beste argitalpen-enpresa batzuekin osorik edo partez ituntzea.
Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:
–Bidalketa-gastuak, biltegikoak, alokairukoak, ekipamendukoak eta banaketa, sustapen eta komunikaziokoak.
–Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.
–Entitateak berreskuratu edo konpentsatzen ahal duen balio erantsiaren gaineko zerga.
6. Tramitazio- eta ebaluazio-organoak.
6.1. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.
6.2. Ebaluazio-batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak izendatuko ditu, ebazpen bidez, batzorde horretako kideak, eta haien izenak Nafarroako Gobernuaren web-atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoan dagoen deialdiaren fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Honako hauek izanen dira:
–Batzordeburua: Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.
–Batzordeko kideak: Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko Argitalpen Batzordeko bi kide, Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko burua, Argitalpen Bulegoko burua eta argitalpenaren sektoreko aditu bat.
–Idazkaria: Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko teknikari bat.
6.3. Balorazio-prozesua.
1. fasea. Deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.7 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.
2. fasea. Ebaluazio-batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jaso eta baloratuko dituzte, nork bere aldetik eta banaka-banaka.
3. fasea. Ebaluazio-batzordeak, puntuazioak bateratzeko bildu eta gero, azken puntuazioa proposatuko du.
Behin onartutako aurrekontuak ezarririk eta proiektu guztien bideragarritasuna segurtaturik, ebaluazio-batzordeak zehaztuko du eskatutako gutxieneko puntuazioak gainditu dituzten proiektuei zer zenbateko dagokien, 3. oinarrian ezarritako mugak kontuan harturik.
Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.
Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.
6.4. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, ebaluazio-batzordearen irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen-proposamena eginen du.
7. Proiektuen balorazioa.
7.1. Gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.
Dirulaguntza jasotzeko, eskaerek 50 puntu eskuratu beharko dituzte gutxienez, eta horietatik 35 puntu, gutxienez, "Argitalpenaren kalitatea eta interesa" atalean lortu behar dira.
Oker betetzen diren datuak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.
7.2. Aurkeztutako proiektuak baloratzeko, batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:
a) Argitalpenaren kalitatea eta interesa, gehienez ere 70 puntu. Alderdi hauek hartuko dira kontuan:
–Lanaren interesa: berrikuntza, originaltasuna eta sormena, aintzat harturik nori zuzentzen zaion (35).
–Lanaren kalitatea, edukien antolamendua, maketazioa, azaleztatzea, inprimaketa eta ilustrazioak izatea (20).
–Egileen ibilbidea (10).
–Lanean genero-estereotipoak hausten dituzten eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen duten edukiak sartzea, bai eta hizkuntza inklusiboa eta ez-diskriminatzailea erabiltzea ere (5).
b) Proiektua bat etortzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren argitalpenen helburuekin, gehienez ere 15 puntu:
–Garaikidetasuna eta tradizioa: Vianako Printzea Erakundearen ezaugarri izan diren edukiak (historia, artea, artearen historia, etnologia eta etnografia, antropologia, arkeologia, ondarea, bibliografia, filologia, literaturaren historia), eta gai-esparru berriak, gaur egungoagoak (soziologia, zinema, antzerkia, musika, dantza, sormen-industriak, museoak, filosofia, arte garaikidea, kultur aniztasuna edo herritarren parte-hartzea) (8).
–Euskararen presentzia (5).
–Emakumeek edizioaren balio-katean parte hartzea (egiletza, diseinua, ilustrazioa, itzulpena, maketazioa) (2).
c) Nafarroarekiko lotura, gehienez ere 5 puntu:
–Lotura izatea Nafarroako errealitate kultural, sozial eta linguistikoarekin, eta Nafarroako balio kulturalak, historikoak, herrikoak eta tradizionalak ezagutarazteko balio duten lanak.
d) Ibilbidea (gehienez ere 10 puntu); honela baloratuko da:
–Ekonomia-jardueren gaineko zergaren 476. taldeko (liburuen edizioa) argitalpen-enpresa edo profesionalen kasuan, gehienez ere 10 puntu emanen dira azken bi urteetako ibilbideagatik (2024 eta 2025), honela baloratuta:
Lan argitaratuak (5):
- 20 liburu edo gehiago: 5 puntu.
- 15-19 liburu: 3 puntu.
- 5-14 liburu: 1 puntu.
Berrargitalpen kopurua (5):
–Puntu bat berrargitaratutako liburu bakoitzeko.
–Ekonomia-jardueren gaineko zergaren 864. taldeko (idazlea) profesionalen kasuan, gehienez ere 10 puntu emanen dira ibilbideagatik, honela baloratuta:
Lan argitaratuak (5):
- 10 liburu edo gehiago: 5 puntu.
- 5-9 liburu: 3 puntu.
- 1-4 liburu: 1 puntu.
Berrargitalpen kopurua (5):
–Puntu bat berrargitaratutako liburu bakoitzeko.
7.3. Erabakia hobeki hartu ahal izateko, batzordeak argibideak eska ditzake aurkeztu den informazioari buruz, baita eskatzailea bera agertzea ere.
8. Laguntzak emateko ebazpena.
8.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.
Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.
8.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuz jakinaraziko dira (https://www.navarra.es/eu/tramiteak), eta eskaeran emandako helbide elektronikora bidaliko dira.
8.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabete bateko epean, administrazio-prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz. Presuntziozko ezespenaren aurka, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio-prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
8.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jotzen ahal da, helbide elektroniko honen bidez: ipvpubli@navarra.es.
9. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultura mezenasgoaren ondorioetarako.
9.1. Maiatzaren 24ko 2/2024 Legegintzako Foru Dekretuaren 27.1) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat joko dira, baldin eta aipatu dekretuaren 25.f) artikuluan adierazitako pertsonek egiten badituzte.
9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 24ko 2/2024 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintza eta betebeharrak (foru-agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).
9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo- eta babesletza-ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo- eta babesletza-modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu beharko dute nolako eragina izan duten laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira.
10. Enpresa edo profesional onuradunen betebeharrak.
10.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, pertsona juridiko diren onuradunek adierazpen bat aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrari buruz, eta, hala badagokio, baita eskatutako dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. eta 12.4 artikuluetan ezarritakoarekin.
Adierazpenaren eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.
Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, gardentasunerako betebeharra urratuz gero, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.
Era berean, dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, III. eranskina (Kultur mezenasgoari buruzko erantzukizunpeko adierazpenak) aurkeztu beharko dute eskatzaileek.
10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den argitalpen-proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.
10.3. Laguntzen diren proiektuak argitaratu beharko dira 2025eko azaroaren 21etik 2026ko azaroaren 20ra bitartean, bi data horiek barne.
10.4. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin diren.
10.5. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta programa aldatzea ekartzen badu.
Diruz lagundutako proiektuan edozein aldaketa egiteko, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna beharko da, eta hark baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio-batzordearen ustean.
10.6. Jasotako laguntzaren aipamena egitea, argitalpenean honako erreferentzia hau sartuz: «Esta obra ha contado con una subvención del Gobierno de Navarra concedida a través de la convocatoria de Ayudas a la Edición del Departamento de Cultura, Deporte y Turismo/ Lan honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat izan du, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak egiten duen Argitalpenetarako Laguntzen deialdiaren bidez emana». Haren ondoan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala azaldu beharko da, Agenda 2030 logoarekin batera. Logoa eta erreferentzia lotuta egon behar dira beti.

Logotipoa eta hura erreproduzitzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orri honetan lortu daitezke: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala. Horrez gain, Argitalpen Atalaren bidez ere lor daitezke.
Logotipoa zuzen agerrarazi dela egiaztatzeko, beharrezkoa izanen da agertuko den orrialdeen proba bat igortzea, PDF formatuan, argitalpena inprentara igorri baino lehen.
Diruz lagundutako liburuek, baldin eta laguntzak emateari buruzko ebazpena eman aurretik argitaratu baziren, betebehar hori bete beharko dute eranskailu bat jarriz argitalpen-enpresen eskuetan dauden aleetan.
10.7. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.
10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari.
Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, enpresa edo pertsona onuradunei aplikatu behar zaizkien merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate-orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.
10.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-lanen xede diren bitartean.
10.11. Argitaratutako liburuaren ale bat aurkeztu beharko dute dirulaguntzaren enpresa edo pertsona onuradunek.
10.12. Enpresa edo pertsona onuradunek konpromisoa hartu behar dute enpresa ez deslokalizatzeko, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen denarekin bat, eta deslokalizatuz gero, jasotako laguntza itzultzeko konpromisoa, arau horretan ezarritako moduan.
11. Ordaintzeko moduak.
Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:
11.1. Oro har:
11.1.1. Ordainketa.
Behin onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.
Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren %50 exekutatu ondoren.
Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:
a) Zerrenda zenbakitu eta zehaztua, egindako gastuen fakturena edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriena, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko. Honako hauek jasoko dira zerrendan: hornitzailearen/igorlearen izena, IFKa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZa, PFEZa eta osoko kopurua) eta ordainketa data. Excel formatuan igorriko da.
b) Orobat aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, baldin eta ordainketa horiek dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen badute eta liburua argitaratu aurreko 12 hilabeteetan eginak badira.
c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga-balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.
Dokumentazio hori erregistro telematikoan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.
Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.
11.1.2. Konturako ordainketa:
Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.
Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioan:
a) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFKa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); zerrenda Excel formatuan igorriko da.
b) Orobat, aurkeztuko dira gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo gastuak justifikatzeko eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, baldin eta dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen badute eta liburua argitaratu aurreko 12 hilabeteetan eginak badira.
Dokumentazio hori erregistro telematikoan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.
Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.
11.2. Salbuespenez:
Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, aurrerakin gisa, eta gehienez esleitutako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da.
Horretarako, entitateak Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari eskatu beharko dio, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funts horiek aldez aurretik eskuratu beharra duela justifikatzeko dokumentazio egokia aurkeztuz: egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko dauzkan gastuak eta jasotzeko dauzkan ordainketak, proiektuarekin lotutakoak.
12. Justifikatzeko epea eta modua.
12.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean edozein aukeratzen dela ere, dirulaguntzaren likidaziorako, enpresa edo pertsona onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2026ko azaroaren 20a baino lehen, egun hori barne:
a) Egindako argitalpenaren ale bat. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalera bidali beharko da.
b) 11.1 oinarrian eskatutako dokumentazioa, erregistro elektronikoaren bidez.
Ordainketa partzialen bat edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.
12.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.
12.3. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.
12.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek gastuaren zenbatekoa jaso beharko dute. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.
12.5. Laugarren hiruhilekoko fakturaren batek egiteke baldin badu diruz lagungarriak diren gastuen barruan PFEZaren atxikipenen likidazioa eta ordainketa, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta diruz lagungarriak diren gastu horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, onuradunak, beranduenez 2027ko urtarrilaren 31n, Foru Ogasunari egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzul ditzala eskatuko zaio.
13. Kobratzeko eskubidea galtzea eta dirua itzultzea.
Entitate onuradunek ez badituzte betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osoki edo partzialki.
Entitate onuradunek ez badituzte betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza itzuli beharko dute, aipatutako foru-legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun-irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
14. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.
14.1. Deialdi honen bidez dirulaguntza lortuz gero, ezin izanen da jaso Nafarroako Gobernuaren bestelako dirulaguntzarik xede eta helburu bererako, 2026an.
14.2. 2026an dirulaguntza hau bateragarria izanen da beste administrazio publiko batzuetatik, beste entitate publiko edo pribatuetatik edo partikularrengandik xede eta helburu beretarako lortutakoekin, kostu diruz lagungarri berberetarako (guztiak nahiz haietako batzuk), baldin eta metaketaren ondorioz ez bada gainditzen aplikatzen ahal zaion laguntzaren intentsitate handiena edo laguntza-zenbateko handiena oinarri arautzaile hauen eta ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren arabera.
14.3. Halaber, dirulaguntza horien zenbatekoa ezin da inola ere izan pertsona edo erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa, izan bakarrik nahiz dirulaguntzaren xedeko jardueraren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta.
Beste entitate batzuek emandako dirulaguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, ordainduko den zenbatekoa onartutako laguntza baino txikiagoa izanen da, baldin laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.
14.4. Laguntza horiek ez zaizkie metatuko kostu diruz lagungarri berberei dagokien "de minimis" motako beste laguntza batzuei baldin metaketa horrek berekin badakar oinarri arautzaile hauetan eta Erregelamenduaren 53. artikuluan ezarritako laguntza-intentsitatea gainditzea.
14.5. Dirulaguntza hauek, zeinak norgehiagokako araubidean emanen baitira, bateragarriak dira Europar Batasuneko barne-merkatuarekin, bat etorriz Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.f artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, barne-merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
15. Arau-hausteak eta zehapenak.
15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.
15.2. Honako arau hauetan ezarritako zehapen-prozedura erabiliko da: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; eta 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa (VI. titulua).
16. Dirulaguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.
17. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA
Tramiteen katalogoan eskura daude aurkeztu beharreko agirien ereduak:
Iragarkiaren kodea: F2603002
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
