Iragarkia
57. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
6E/2026 FORU AGINDUA, otsailaren 6koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi hau: "Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, 2026". DDBN kodea: 885881.
Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen 37. artikuluan honako hau adierazita dago: Urtero, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak dirulaguntzak eta bestelako laguntzak ezarriko ditu erabakitzen diren kultur sektoreetarako.
Argitalpenaren sektoreko kultura politikaren esparruan, Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak txostena egin du, eta bertan proposatu du onestea "Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, 2026" izeneko deialdia eta deialdi horren oinarri arautzaileak, 55.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Bestetik, kontuan hartzen da betetzen direla aipatutako gastua baimentzeko beharrezkoak diren helburua eta legez ezarritako baldintzak eta betebeharrak, eta espedientean ageri dela kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. "Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, 2026" dirulaguntzaren deialdia onestea.
2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A20000-A2010-4816-334200: Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat | 2026 | 55.000.00 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdia eta bere oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Datu-base Nazionalera (DDBN) igortzea.
6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko otsailaren 6an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
OINARRI ARAUTZAILEAK
EDIZIORAKO LAGUNTZAK IRABAZI-ASMORIK GABEKO ENTITATEENTZAT, 2026
1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.
1.1. Deialdiak hauxe du xede: dirulaguntzak ematea irabazi-asmorik gabeko entitateei artearen, kulturaren edo zientziaren gaineko edukiak dituzten liburu eta aldizkariak –ohiko euskarrian (papera) nahiz euskarri digitalean– edo diskoak argitaratzeko. Lanak jatorrizkoak eta argitaragabeak izanen dira, eta 2025eko azaroaren 21etik 2026ko azaroaren 20ra bitarte argitaratuak, bi data horiek barne.
1.2. Deialdi honen helburua da aipatu entitateei loturiko edo entitate horiek bultzaturiko lanen edizioa sustatzea, entitate horiek maiz oso errotuta baitaude beren komunitatean, lurralde osoan presentzia baitute eta lan garrantzitsua egiten baitute: kulturala, artistikoa, memoria berreskuratzekoa eta ondarea zaintzekoa, baita izaera sozial eta komunitariokoa ere.
1.3. Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan onartuko dira lanak.
1.4. Deialdi honen ondorioetarako, ez dira argitalpen artistiko, kultural edo zientifikotzat hartuko:
–Kultur edo eskola buletinak, gida didaktikoak, ikuskizun gidak, urtekariak, auzo aldizkariak, katalogoak eta antzekoak.
–Edozein entitate publikok eta beren erakunde autonomoek enkargatutako argitalpenak.
–Urteko ale guztiak hartuta, espazioaren %30etik gora, batez beste, publizitateari uzten diotenak.
–Beste argitalpen baten gehigarri edo ale berezi gisa edo harekin batera eskaintzen diren argitalpenak.
–Maiztasun egonkorra ez duten aldizkako argitalpenak.
–Web-orriak.
–Erakusketetako katalogoak.
–Balorazio batzordearen iritziz egileak eta haien lanak sustatzeko egiten diren argitalpenak.
–Batzordearen iritziz, nagusiki laguntzaren xede den argitalpenaz bestelako lan edo prozesu sortzaile baterako euskarri izatea helburu duten materialez edo baliabide teknikoez osatuta daudenak.
–Berrinprimatzeak, berrargitaratzeak eta argitaratutako lanen itzulpenak.
1.5. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira adimen artifizial sortzaileko tekniken bidez osorik edo partez sortutako proiektuak. Instrukzio organoak egiaztatzen ahalko du proiektuak adimen artifizial sortzailearen bidez egin diren, behar diren tresnak erabiliz.
1.6. Ez da onartuko aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektu argitaratu gaberik.
1.7. Entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du.
2. Entitate onuradunen betebeharrak.
2.1. Laguntza hauen onuradun izan nahi duten entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Irabazi-asmorik gabeko entitatea izatea. Haren estatutuetan agertuko da helburu kulturala duela. Entitatearen helburu kulturala frogatu behar da, b) puntuan eskatzen den antzinatasunarekin eta c) puntuan eskatzen den Nafarroako egoitza sozial eta fiskalarekin batera.
b) Legez 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitatea izatea.
c) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan izatea.
2.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.
2.3. Ezin izanen dira onuradun izan zehapen administratibo irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ari diren entitateak, edo, hala bada, zehapen eta kondena epai bat betetzeko zain daudenak, sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.
2.4. Kanpoan gelditzen dira, espresuki:
–Toki entitateak, haien erakunde autonomoak, enpresa entitate publikoak.
–Partaidetzaren gehiengoa Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateena duten fundazioak eta sozietate publikoak.
–Sindikatuak eta entitate korporatibo profesionalak.
–Nafarroako Gobernuaren 2026ko aurrekontuetan deialdi honen xede diren proiektuak egiteko partida izenduna duten entitateak.
3. Aurrekontuko egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
3.1. Laguntza horiek finantzatuko dira 2026. urterako Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren gastuetarako aurrekontuko A20000 A2010 4816 334200 aurrekontu partidaren kargura, eta gehienez ere 55.000 euro egonen dira eskuragarri.
Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.
Onartutako aurrekontua entitateak aurkezten duen aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien zenbatekoak kenduta, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat.
Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren arabera eman litezkeen laguntzen baturak deialdian ezarritako zenbatekoa gainditzen badu, entitate onuradunen artean hainbanatuko da eta proportzionalki jaitsiko da zenbatekoa, puntuazioaren arabera.
3.2. Entitate bakoitzeko laguntza ez da 3.000 eurotik gorakoa izanen.
3.3. Entitate onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, hori banatu daiteke proportzionalki 7. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioak lortu dituzten proiektuen artean, oinarri hauetan ezarritako laguntzaren portzentajea eta gehieneko zenbatekoa errespetatuz betiere.
4. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
4.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.2. Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo Cl@ve eduki beharko da. Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatu ez bezalakoa bada, ez aurkeztutzat joko da.
Entitateak aurkeztutako eskaerak baino ez dira onartuko. Kanpoan geldituko dira entitatearen legezko ordezkaritzarik ez duten pertsona fisikoek egindako eskaerak.
4.3. Laguntza eskaera eskaera ereduaren (I. eranskina) arabera aurkeztu beharko da, agiri hauekin batera:
a) II a eranskina: Liburuaren datu orokorrak eta ezaugarri teknikoak.
b) II b eranskina: Lanaren kostuak, BEZa banakatuta.
c) Argitalpen osoa edo, gutxienez, argitalpenaren aurkibidea eta kapitulu bat, edo diskoaren maketa, argitaldiaren ahalik eta egoera aurreratuenean dagoena eskaera aurkezten den unean. Proiektua 2025eko azaroaren 21etik deialdian emandako laguntzei buruzko ebazpenera bitarte editatua bada, nahitaezkoa izanen da ale bat aurkeztea.
d) Memoria bat, honako hauek jasoko dituena:
–Edukiaren laburpena.
–Zabalkunde plana: atal honetan, proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak zehaztuko dira.
–Egilearen curriculum vitae laburra.
e) Entitatearen estatutuak.
f) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.
4.4. Aurreko deialdietan parte hartu duten entitateek ez dituzte aurreko puntuko e) eta f) ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.
4.5. Eskaera ereduak, deskripzio memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.
4.6. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzen dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.
4.7. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie entitate eskatzaileei.
5. Gastu diruz lagungarriak.
5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik diruz lagundutako proiektua gauzatzeko, eta liburua, aldizkaria edo diskoa argitaratu aurreko 12 hilabeteetan eginak badira, muga-eguna 2026ko azaroaren 20a izanik. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira argitalpena garatzean egiten diren hauek:
–Argitalpen produkzioari buruzko gastuak, argitalpenerako behar diren prozesu guztiak barne: azalaren eta barrenaren diseinua eta maketazioa, ilustrazioa, argazkilaritza eta irudien tratamendua (formatuen edo erresoluzioen aldaketa, digitalizazioa, ukituak eta garbiketa).
–Erreprodukzio eskubideak (SGAE, etab.).
–Itzulpena, idazketa, zuzenketa edo dokumentazioa, entitate eskatzaileak eginak ez direnak.
–Argitalpenen inprimaketa. Kudeaketa argitalpen digitalaren plataformekin.
–Grabatzea, proiektuaren azken produktu osoa edo horren zati bat bada, entitate eskatzaileak eginak ez badira. Proiektua gauzatzeko ezinbesteko gastuak, hala nola estudioa alokatzea, grabazio eta argitalpen lanak, musikariak kontratatzea, argazkia, libretoaren diseinua, azala eta galleta, CDaren inprimaketa, etab.
5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:
–Igorketa gastuak, biltegikoak, alokairukoak, ekipamendukoak eta banaketa, sustapen eta komunikaziokoak, baita langileria gastuak ere.
–Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.
–Entitateak berreskuratu edo konpentsatzen ahal duen balio erantsiaren gaineko zerga.
–Ostatu eta bidaia gastuak eta dietak.
6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.
6.1. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.
6.2. Ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak izendatuko ditu, ebazpen bidez, batzorde horretako kideak, eta haien izenak Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoan dagoen deialdiaren fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Honako hauek izanen dira:
–Batzordeburua: Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.
–Batzordeko kideak: Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko Argitalpen Batzordeko bi kide, Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko burua eta Argitalpen Bulegoko burua.
–Idazkaria: Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko teknikaria.
6.3. Balorazio prozesua.
1. fasea. Deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.6 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.
2. fasea. Ebaluazio batzordeak onartzen diren proiektuak jasoko ditu eta baloratuko ditu, kide bakoitzak bere aldetik eta banaka-banaka.
3. fasea. Ebaluazio batzordeak, puntuazioak bateratzeko bildu eta gero, azken puntuazioa proposatuko du.
Behin onartutako aurrekontuak ezarririk eta proiektu guztien bideragarritasuna segurtaturik, ebaluazio batzordeak zehaztuko du zer zenbateko dagokien 7. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioak gainditu dituzten proiektuei, 3. oinarrian ezarritako mugak kontuan harturik.
Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren arabera eman litezkeen laguntzen baturak deialdian ezarritako zenbatekoa gainditzen badu, entitate onuradunen artean hainbanatuko da eta proportzionalki jaitsiko da zenbatekoa, puntuazioaren arabera.
Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du.
6.4. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.
7. Proiektuen balorazioa.
7.1. Aurkeztutako proiektuak baloratzeko eta laguntzen zenbatekoa zehazteko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:
a) Argitalpenaren kalitatea eta interesa, gehienez ere 70 puntu. Alderdi hauek hartuko dira kontuan:
–Lanaren interesa: berrikuntza, originaltasuna eta sormena, aintzat harturik nori zuzentzen zaion (35).
–Lanaren kalitatea, edukien antolamendua, maketazioa, azaleztatzea, inprimaketa eta ilustrazioak izatea (20).
–Egileen ibilbidea (10).
–Lanean genero-estereotipoak hausten dituzten eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen duten edukiak sartzea, bai eta hizkuntza inklusiboa eta ez-diskriminatzailea erabiltzea ere (5).
b) Proiektua bat etortzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren argitalpenen helburuekin, gehienez ere 15 puntu:
–Garaikidetasuna eta tradizioa: Vianako Printzea Erakundearen ezaugarri izan diren edukiak (historia, artea, artearen historia, etnologia eta etnografia, antropologia, arkeologia, ondarea, bibliografia, filologia, literaturaren historia), eta gai esparru berriak, gaur egungoagoak (soziologia, zinema, antzerkia, musika, dantza, sormen industriak, museoak, filosofia, arte garaikidea, kultur aniztasuna edo herritarren parte-hartzea) (8).
–Euskararen presentzia (5).
–Emakumeek edizioaren balio-katean parte hartzea (egiletza, diseinua, maketazioa) (2).
c) Nafarroarekiko lotura, gehienez ere 5 puntu:
–Lotura izatea Nafarroako errealitate kultural, sozial eta linguistikoarekin, eta Nafarroako balio kulturalak, historikoak, herrikoak eta tradizionalak ezagutarazteko balio duten lanak.
d) Entitate eskatzailearen ibilbidea (gehienez ere 10 puntu).
–Entitatearen lurralde eremua edo lurraldeari dagokionez duen garrantzia (gehienez ere 5 puntu).
–Entitateak jardueran emandako urte osoak (5 puntu).
10 urtetik gora: 5 puntu.
7tik 10 urtera bitartekoak: 3 puntu.
4tik 6 urte bitarte: 2 puntu.
Urte 1etik 3 urtera bitarte: 1 puntu.
7.2. Erabakia hobeki hartu ahal izateko, batzordeak argibideak eska ditzake aurkeztu den informazioari buruz, baita eskatzailea bera agertzea ere.
Ez dute inolako laguntzarik jasoko 50 puntu lortzen ez dutenek.
7.3. "Argitalpenaren kalitate artistikoa eta interesa" 7.1.a) atalean gutxienez 35 puntu lortzen ez duten proiektuak ez dira kontuan hartuko.
7.4. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.
8. Laguntzak emateko ebazpena.
8.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.
Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.
8.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barnean ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuta egonen dira (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Horretaz gainera, entitate eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eskaeran berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez.
8.3. Berariazko ezespenaren aurka, entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Presuntziozko ezespenaren aurka, entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
8.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jotzen ahal da, helbide elektroniko honen bidez: ipvpubli@navarra.es.
9. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultura mezenasgoaren ondorioetarako.
9.1. Maiatzaren 24ko 2/2024 Legegintzako Foru Dekretuaren 27.1) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat joko dira.
9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 24ko 2/2024 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintza eta betebeharrak (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).
9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.
10. Entitate onuradunen betebeharrak.
10.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, entitate onuradunek honako hauek aurkeztu beharko dituzte erregistro telematikoaren bidez:
a) Gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena eta, hala badagokio, eskatutako dokumentazioa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. eta 12.4 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.
Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, entitate onuradunek informazioa emateko duten betebeharra urratuz gero, ez zaie emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaie, itzuli egin beharko dute.
b) Hala badagokio, Nafarroako Zerga Ogasunak emandako ziurtagiria, BEZaren aitorpenak egitetik aske edo salbuetsita dagoela egiaztatzen duena.
c) III. eranskina (Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak).
10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.
10.3. Laguntzen diren proiektuak argitaratu beharko dira 2025eko azaroaren 21etik 2026ko azaroaren 20ra bitartean, bi data horiek barne.
10.4. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.
10.5. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta programa aldatzea ekartzen badu.
Diruz lagundutako proiektuan edozein aldaketa egiteko, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna beharko da, eta hark baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.
10.6. Jasotako laguntzaren aipamena egitea, argitalpenean honako erreferentzia hau sartuz: «Esta obra ha contado con una subvención del Gobierno de Navarra concedida a través de la convocatoria de Ayudas a la Edición del Departamento de Cultura, Deporte y Turismo/ Lan honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat izan du, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak egiten duen Argitalpenetarako Laguntzen deialdiaren bidez emana». Haren ondoan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala azalduko da, Agenda 2030 logoarekin batera. Logoa eta erreferentzia lotuta egonen dira beti.

Logotipoa eta hura erreproduzitzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orri honetan lortuko dira: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala edo haren Argitalpen Atalaren bidez.
Logotipoa zuzen agerrarazi dela egiaztatzeko, beharrezkoa izanen da agertuko den orrialdeen proba bat igortzea, PDF formatuan, liburua, aldizkaria edo CDa inprentara igorri baino lehen.
Diruz lagundutako proiektuek, laguntzak emateari buruzko ebazpena eman aurretik argitaratzen direnek, betebehar hori bete beharko dute eranskailu bat jarriz argitalpen enpresen eskuetan dauden aleetan.
10.7. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.
10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari.
Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.
10.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
10.11. Dirulaguntzaren entitate onuradunek argitaratutako lanaren ale bat aurkeztu beharko dute.
10.12. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
11. Ordaintzeko moduak.
Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:
11.1. Oro har:
11.1.1. Ordainketa.
Behin onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.
Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren erdia exekutatu ondoren.
Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:
a) Zerrenda zenbakitu eta zehaztua, egindako gastuen fakturena edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriena, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko. Honako hauek jasoko dira zerrendan: hornitzailearen/igorlearen izena, IFKa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZa, PFEZa eta osoko kopurua) eta ordainketa data. Excel formatuan igorriko da.
b) Orobat, fakturak aurkeztuko dira edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo egindako gastuak justifikatzeko eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, baldin eta ordainketa horiek dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen badute eta liburua, aldizkaria edo diskoa argitaratu aurreko 12 hilabeteetan eginak badira.
c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.
Dokumentazio hori erregistro telematikoan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.
Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.
11.1.2. Konturako ordainketa:
Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.
Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioan:
a) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFKa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); zerrenda Excel formatuan igorriko da.
b) Orobat, aurkeztuko dira gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, baldin eta dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen badute eta liburua, aldizkaria edo diskoa argitaratu aurreko 12 hilabeteetan eginak badira.
Dokumentazio hori erregistro telematikoan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.
Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.
11.2. Salbuespenez:
Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, aurrerakin gisa, eta gehienez esleitutako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da.
Horretarako, entitateak Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari eskatu beharko dio, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funts horiek aldez aurretik eskuratu beharra duela justifikatzeko dokumentazio egokia aurkeztuz: egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko dauzkan gastuak eta jasotzeko dauzkan ordainketak, proiektuarekin lotutakoak.
12. Justifikatzeko epea eta modua.
12.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean edozein aukeratzen dela ere, dirulaguntzaren likidaziorako, entitate onuradunek honako material eta agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2026ko azaroaren 20a baino lehen, egun hori barne, frogagiri gisa:
a) Egindako argitalpenaren ale bat. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalera bidali beharko da.
b) 11.1 oinarrian eskatutako dokumentazioa (erregistro telematikoaren bidez aurkeztuko da nahitaez).
Ordainketa partzialen bat edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.
12.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.
12.3. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.
12.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek gastuaren zenbatekoa jaso beharko dute. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.
12.5. Laugarren hiruhilekoko fakturaren batek egiteke baldin badu diruz lagungarriak diren gastuen barruan PFEZaren atxikipenen likidazioa eta ordainketa, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta diruz lagungarriak diren gastu horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, onuradunak, beranduenez 2027ko urtarrilaren 31n, Foru Ogasunari egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzul ditzala eskatuko zaio.
13. Dirua itzultzea.
13.1. Entitate onuradunek ez badituzte betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osoki edo partzialki.
13.2. Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du osoki edo partzialki, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
13.3. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
14. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.
14.1. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
Deialdi honen bidez dirulaguntza lortuz gero, ezin izanen da proiektu bera aurkeztu Nafarroako Gobernuaren beste deialdi batzuetan.
14.2. Beste entitate batzuek emandako dirulaguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, ordainduko den zenbatekoa onartutako laguntza baino txikiagoa izanen da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.
15. Arau-hausteak eta zehapenak.
15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.
15.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan.
16. Dirulaguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.
17. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA
Tramiteen katalogoan eskura daude aurkeztu beharreko agirien ereduak:
Iragarkiaren kodea: F2602998
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
