57. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5E/2026 FORU AGINDUA, otsailaren 6koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroan egiten diren jaialdi eta lehiaketa zinematografikoak antolatzeko laguntzen deialdia (Generazinema, 2026ko jaialdiak). DDBN kodea: 887482.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean eskatu du onets dadila Nafarroan egiten diren jaialdi eta lehiaketa zinematografikoak antolatzeko laguntzen deialdia (Generazinema, 2026ko jaialdiak), onets daitezela deialdiaren oinarri arautzaileak, baimen dadila 69.325,00 euroko gastua eta, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila foru agindu hau.

Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintza eta betebeharrak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean, bidezkoa da deialdia onestea.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroan egiten diren jaialdi eta lehiaketa zinematografikoak antolatzeko laguntzen deialdia (Generazinema, 2026ko jaialdiak).

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4709-334102: GENERAZINEMA: Ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak

2026

54.325,00

A20002-A2500-4816-334113: GENERAZINEMA: elkarteentzako laguntzak, ikus-entzunezko jardueretarako

2026

15.000,00

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdia eta bere oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Datu-base Nazionalera (DDBN) igortzea.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko otsailaren 6an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA.–NAFARROAN EGITEN DIREN JAIALDI ETA LEHIAKETA ZINEMATOGRAFIKOAK ANTOLATZEKO LAGUNTZEN DEIALDIA (GENERAZINEMA, 2026KO JAIALDIAK). OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da enpresa eta profesionalentzako laguntza batzuk arautzea, hain zuzen ere, Nafarroan 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra arte (biak barne) eginen diren jaialdi eta lehiaketa zinematografikoak antolatzeko direnak.

1.2. Jaialdi eta lehiaketa zinematografikoak dira zinematografiako eta ikus-entzunezko ekoizpena Nafarroan sustatu eta zabaltzeko asmoz egiten diren agerraldi, erakusketa eta, oro har, antzeko ekitaldi guztiak. Jaialdi eta lehiaketa zinematografikoek izaera kultural edo artistikoa izan beharko dute, eta aurretik gutxienez bi edizio eginak izan beharko dituzte.

1.3. Aurreko edo ondoko faseak kontuan hartu gabe (prestatzeko fasea, baloraziokoa edo itxierakoa), jarduerak herritar guztientzat irekiak izanen dira eta denbora tarte zehatz batean egin behar dira. Tarte hori ez da izanen hiru egunetik beherakoa edo bi hilabetetik gorakoa (elkarren segidakoak ez direnak).

1.4. Eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bateko proposamen bat baino ezin izanen du aurkeztu.

2.–Pertsona edo entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek jasotzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Pertsona fisikoak, Nafarroako Foru Komunitatekoak direnak edo gutxienez 2025eko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik daudenak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate.

c) Elkarteak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitateak.

Entitate eskatzaileek egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean izan beharko dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez 2025eko urtarrilaren 1etik. Gainera, zinematografiako edo ikus-entzunezko jarduerak egin izan beharko dituzte gutxienez data horretatik aurrera.

2.2. Aurreko atalean aipatutako pertsona edo entitateek, eskaera aurkezten den unean, alta emanik egon beharko dute ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZa), dagokion erakundearenean, zinematografiako edo ikus-entzunezko jarduerekin zerikusia duen edozein epigrafetan.

2.3. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honako entitate hauek:

a) Toki entitateak, haien erakunde autonomoak eta partaidetzaren gehiengoa Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateena duten enpresa-entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretan laguntzaren eskaeraren xede den proiektua finantzatzeko partida izenduna duten entitateak.

c) Filmak erakusteko aretoen titularrak diren enpresak.

d) Sindikatuak eta lanbide-elkargoak.

2.4. Nortasun juridikorik ez duten entitateek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahal aski duena.

2.5. Pertsona edo entitate onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak. Ezin izanen dira onuradun izan aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak.

2.6. Eskatzaileek ezin izanen dute laguntzen deialdian parte hartu zehatu edo kondenatu badituzte, administrazio ebazpen irmo baten edo epai judizial irmo baten bidez, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.–Deialdira bideratutako diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honek 69.325,00 euro izanen ditu guztira, honako partida hauen kontura:

–2026ko aurrekontuko A20002 A2500 4709 334102 partida; "GENERAZINEMA: ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak": 54.325,00 euro.

–2026ko aurrekontuko A20002 A2500 4816 334113 "GENERAZINEMA: elkarteentzako laguntzak, ikus-entzunezko jardueretarako": 15.000,00 euro.

3.2. Laguntzen zenbatekoak ezin izanen du gainditu onartutako aurrekontuaren %70 (deialdi honetan ezarritako denbora mugekin eta diruz lagun daitezkeen gastu motak aintzat hartuta). Gainera, proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa 15.000 eurokoa izanen da gehienez ere.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkezten duena izanen da, behin kendurik (bidezkoa denean) deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoaren arabera diruz lagungarriak ez diren gastuak, eta, orobat, balorazio batzordearen iritziz, proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez direnak.

3.3. Aurreko muga horiek betez gero, eta, bidezko denean dagokion deskontua eginda, laguntzaren zenbatekoa enpresak edo profesionalak eskatutakoa izanen da.

3.4. Pertsona edo entitate onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, baldin eta horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu.

3.5. Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran azaltzen dena baino txikiagoa denean, pertsona edo entitate onuradunari eskatuko zaio eskaeran aurkeztutako aurrekontua berregin dezala, konpromisoak eta baldintzak proposatzen den dirulaguntzara egokitzeko. Balorazio batzordeak aurrekontu berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

Nolanahi ere, eskaeraren aurrekontua berregitean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko dira, baita ezarritako balorazio-irizpideak ere.

4.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Pertsona juridikoek eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez edo izapideen bilatzaileko "Generazinema, 2026ko jaialdiak" deialdiaren fitxaren bidez. Eskaeretan, gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da, zerbitzu arduradunaren eta entitate eskatzaileen arteko komunikazio- eta jakinarazpen-kanala izanen dena.

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

4.2. Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).

4.3. Eskaeraren eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta izapideen bilatzaileko "Generazinema, 2026ko jaialdiak" deialdiaren fitxan egonen dira eskuragarri.

4.4. Eskaerarekin batera (I.A eranskinean jasotako ereduaren araberakoa izanen da), agiri hauek aurkeztu beharko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZa) zinematografiako edo ikus-entzunezko jarduerekin zerikusia duen epigraferen batean alta emanda dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

b) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

–Pertsona fisikoak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo kideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

–Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

–Merkataritza sozietateen kasuan: eraketa eskrituraren kopia edo, hala denean, estatutuen aldaketarena, eta Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioaren eta identifikazio fiskaleko kodearen kopiak.

–Elkarteen, fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitateen kasuan, estatutuen kopia eta gutxienez 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera zinematografiako eta/edo ikus-entzunezko jarduerak egin izanaren egiaztagiria.

c) I. eranskina (Informazio teknikoa eta ekonomikoa), EXCEL formatuan, laguntza eskaeraren xede den proiektuaren informazio teknikoa eta ekonomikoa jasotzen duena.

Fitxategian sartu beharreko edukiak fitxen arabera:

Aurrekontu diruz lagungarria: Soil-soilik sartuko dira 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitarteko aldiari dagozkion gastuak (biak barne) eta 5. oinarrian gastu diruz lagungarritzat jotzen direnak, kontuan hartu gabe 5.1.f, 5.1.g eta 5.1.h oinarrietan ezarritako portzentaje-mugak. Nahitaezkoa da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

Soldata-gastuak eta gizarte-segurantzakoak: Aurrekontuan sartutako soldatapeko langileen gastuak jasoko dira, 5.1.j eta 5.3.d oinarrietan ezarritako muga kontuan hartu gabe.

Oharrak: 5.1 oinarrian jasotako zenbatekoak (gonbidatuei dagozkienak) ulertzeko argibide egokiak idatziko dira: Ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietarako gastuak.

Bermatutako finantzaketa: Proiektu bererako jasotako laguntzen eta horien zenbatekoaren aitorpena jasoko du, baita proiektuaren bermatutako finantzaketa eta horren zenbatekoa ere.

Bermatutako finantzaketa egiaztatu beharra dago proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari buruzko puntuak lortzeko (7.1.4 oinarria).

Honako dokumentu hauek erabiltzen ahalko dira: emandako laguntzen ebazpenak, banku-abalak edo elkar bermatzeko sozietate batenak, kontu korrontearen banku-ziurtagiriak, banku-kredituak, inbertitzaile pribatuen ekarpenen ziurtagiriak.

Onartutako aurrekontua: Emandako informaziotik abiatuta, Excel dokumentuak onartutako aurrekontutzat hartzen ahal den zenbatekoaren kalkulu automatikoa eginen du. Organo kudeatzaileak hori berretsiko du, azterketa teknikoa egin ondoren.

I.A eranskina (Eskaera); PDF formatuan aurkeztu beharko da.

I.B eranskina (Proiektuari buruzko informazioa), non jasoko baitira proiektuaren garapenean aurreikusi diren ekintza guztien deskribapen zehatza eta deialdi honen 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak betetzeari buruzko informazioa.

d) Proiektuaren memoria, behar beste informazio garrantzitsu duena proiektuaren eta eskatzailearen ibilbidearen balorazio artistikoa egiteko.

e) Eskaera telematika bidez bidaltzen ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala aurkeztu beharko da.

4.5. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren beste deialdiren batean parte hartu duten pertsona edo entitate eskatzaileek ez dituzte aurreko oinarriaren b) atalean aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.6. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.7. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, pertsona edo entitate interesdunari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean akatsa zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.8. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Enpresak edo profesionalak proiektua garatzean dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Aurrez aurreko jarduerari lotutako gastuak:

–Profesionalen zerbitzuak zuzendaritzarako eta koordinaziorako, zeregin osagarriak –gonbidatuei harrera egitea, laguntzea eta arreta ematea–, aurkezle edo moderatzaileak, hizlariak eta abar.

–Filmak eman eta garraiatzeko eskubideak ordaintzea.

–Interpreteen eta aldibereko itzulpeneko eta azpititulatzeko enpresen zerbitzuen errentamendua.

–Lokalen edo aretoen alokairuak (entitate onuradunaren egoitza sozialaren alokairua izan ezik).

–Jarduerak egiteko zerbitzu teknikoak eta ekipoen alokairua.

b) Online jarduerei eta digitalizazio prozesuei lotutako gastuak:

–Online jardueretarako plataforma birtualak garatzeko gastuak edo erabiltzeko alokairuarenak.

–Programatutako jardueretan hautatutako proiektu edo profesionalekin lotutako edukien ostatatze birtualaren gastuak.

–Online ekitaldietarako dinamizatzaileak kontratatzea.

–Mugikorrerako aplikazioak, 3D/4D aplikazioak eta antzekoak garatzea edo alokatzea.

–Errealitate birtualeko edo murgilgarriko teknologia alokatzea, edo jarduera gauzatzeko interesa duelako justifikatuta dagoen beste bat.

–Adimen artifizialaren teknologia aplikatzea jardueretan, marketin-azterlanetan, bertaratutako jendearekin testatzeak egiteko eta publiko berriei antzemateko.

–Ingurune digitaleko obren komunikazioarekin, sustapenarekin eta banaketarekin lotutako azterlanak.

c) Jasangarritasunari lotutako gastuak:

–Jardueraren karbono-aztarna edo ingurumen-inpaktua neurtzeko analisi edo azterketak.

–Jasangarritasuneko agenteak (ecomanager edo green runner-ak) kontratatzea jarduera gauzatzeko.

–Jasangarritasunaren arloko prestakuntza jarduerak.

–Erakunde aitortuen jasangarritasun ziurtagiriak lortzea.

d) Komunikazio, prentsa eta publizitate gastuak:

–Prentsa eta komunikazio agenteak kontratatzeko gastuak.

–Argitalpenen edizioa, edozein euskarritan.

–Publizitate kanpainen gastuak.

–Zabalkunde edo komunikazio elementuetarako diseinu grafikoaren gastuak.

–Zabalkunderako edo komunikaziorako bideoen edo ikus-entzunezko piezen edizio gastuak.

–Sustapen-materialen eta seinale- eta dekorazio-euskarrien gastuak.

e) Joan-etorrietako, ostatuko eta mantenuko gastuak:

–Profesional gonbidatuenak bakarrik, ez entitate onuraduneko langileenak.

–Ostatu gastuak: gehienez 120 euro pertsona eta egun bakoitzeko. Fakturan gaua igarotzen duten pertsonen datuak jaso beharko dira.

–Joan-etorriak: norberaren ibilgailua erabiliz gero, kilometroko 0,35 euro ordainduko dira gehienez, edo, bestela, erregaiaren gastua gehi aparkalekuaren eta bidesariaren gastuak. Alokatutako ibilgailu bat erabiltzen bada, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira alokairuaren kostua eta erregaia. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da. Gainera, diruz lagungarritzat hartuko dira herri barruko taxi edo AIG gastuak.

–Mantenua: gehienez 60 euro pertsonako eta eguneko (bazkarietarako eta afarietarako bakarrik). Fakturen zerrendan, gastua zenbat pertsonari dagokion adierazi behar da.

f) Protokolozko ekitaldiak, hala nola koktelak eta antzeko ekitaldiak, gehienez 600 euro.

g) Gastu orokorrak, proiektuari egozteko modukoak izan ez arren, diruz lagundutako jarduera egiteko beharrezkoak direnak, jaialdia kudeatzeko aldiarekiko modu proportzionalean. Gastu horiek aurrekontuan sartu beharko dira, eta ezin izanen dute gainditu a) ataletik f) atalera bitarte jasotako zenbatekoen baturaren %5.

h) Pertsona edo entitate onuradunak kontratatutako langileen soldata kostuak eta gizarte segurantza, proiektua abian jartzeko behar direnak, beren arduraldiaren proportzioan. Gastu horiek ez dute gaindituko a) ataletik f) atalera bitarte jasotako zenbatekoen baturaren %30.

i) Proiektuaren garapena finantzatzeko maileguek sortzen dituzten finantza-interesak eta negoziazio gastuak, a) ataletik f) atalera bitarte jasotako zenbatekoen baturaren %20ko mugara arte.

5.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo-ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzu-emateetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta merkatuan hornidura hori egiteko edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Laguntza justifikatzeko unean justifikatuko dira alderdi horiek eta, horretarako, hornitzaile desberdinen hiru eskaintza gutxienez aurkeztu beharko dira, gastua egin aurrekoak.

5.3. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskuratzen ahal baditu.

d) Lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 gainditzen duten entitateko langileen ordainsariak.

e) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

f) Jaialdira gonbidatutakoak ez diren beste pertsona batzuen ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak.

g) Amortizazio gastuak.

h) Tributuen gastuak.

i) Elikagaien, edarien edo antzekoen gastuak, ez direnak jatetxe- edo catering-enpresek fakturatutako gastuak.

6.–Izapidetze eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak izapidetuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarri bezala.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako balorazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak izapideen bilatzaileko "Generazinema, 2026ko jaialdiak" deialdiaren fitxan argitaratuko dira. Honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hori izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Ataleko teknikari bat, edo, bestela, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.

c) Batzordekideak: zinematografiaren edo kultur kudeaketaren arloko 2 aditu, eta Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Ataleko burua, edo, hori izan ezean, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua edo Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua.

6.3. Balorazio eta esleipen prozesua.

1. fasea. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak aztertuko du deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa. Proiektuak baloratzeko, eskaerak aurkezteko epearen barrenean aurkeztutako dokumentazioa baizik ez da baloratuko, edo, kasua bada, zuzentzeko epean aurkeztutakoa.

2. fasea. Balorazio batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jasoko dituzte, balorazioa egiteko. Fase honetan, I.A eranskinean, dagokion laukitxoan, hala adierazi duten eskatzaileek beren proiektuak defendatzen ahalko dituzte balorazio batzordearen aurrean, gehienez 15 minutuko azalpena eginez.

3. fasea. Batzordea bilduko da, aurkeztutako eskaeren puntuazioa ezarriko du, eta dirulaguntza banatuko du 7.1 oinarrian eskatutako 50 puntuak gainditzen dituzten proiektuen artean. Horretarako, lortutako puntuazioen ordena hartuko da kontuan, baita 3.2 eta 3.3 oinarrietan ezarritakoa ere. Banaketa egin ondoren pertsona edo entitate onuradun bati eskatutakoa baino dirulaguntza txikiagoa ematea proposatzen bada, aurrekontua birformulatzeko eskatuko zaio, 3.5 oinarrian adierazten den bezala. Aurrekontu berri horrek balorazio batzordearen adostasuna izan beharko du.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

4. fasea. Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du.

6.4. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak, balorazio batzordeak emandako irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7.–Proiektuen balorazioa.

7.1. Baloratzeko irizpideak hauek izanen dira:

7.1.1. Eskatzailearen eta jaialdiaren ibilbidea (gehienez 15 puntu).

a) Enpresaren edo profesionalaren ibilbidea Nafarroako ikus-entzunezkoen sektorean: jarduera-urte osoak ikus-entzunezkoen sektorean (gehienez 6 puntu):

IBILBIDEA

HAZTAPENA

20 urte baino gehiago

6 puntu

17 eta 20 urte artean

5 puntu

13 eta 16 urte artean

4 puntu

9 eta 12 urte artean

3 puntu

5 eta 8 urte artean

2 puntu

1 eta 4 urte artean

1 puntu

b) Jaialdiak egindako edizio kopurua (gehienez 6 puntu):

EDIZIO KOPURUA

HAZTAPENA

20 edizio baino gehiago

6 puntu

17 eta 20 edizio artean

5 puntu

13 eta 16 edizio artean

4 puntu

9 eta 12 edizio artean

3 puntu

5 eta 8 edizio artean

2 puntu

4 edizio arte

1 puntu

c) Enpresa edo profesional eskatzaileak ikus-entzunezkoen sektorean azken hiru urteetan egindako beste zabalkunde eta prestakuntza jarduera batzuk, laguntzaren xede den jaialdiari lotuta ez daudenak (gehienez 3 puntu).

7.1.2. Proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa (gehienez 45 puntu).

a) Interes kulturala, kontuan hartuta jaialdiaren kalitatea, berezitasuna, berrikuntza eta espezifikotasuna, bai eta Espainiako zinema-jaialdien testuinguruan duen garrantzia eta egokitasuna ere (gehienez 15 puntu).

b) Talde artistikoaren eta betearazlearen gaitasuna eta egokitasuna (gehienez 5 puntu).

c) Erronka demografikoari eta lurralde orekari laguntzea, proiekzioak eta jarduerak hainbat eskualdetan programatuz eta, bereziki, eskaintza zinematografiko urria duten eskualdeetan (gehienez 5 puntu).

d) Jaialdi edo lehiaketak beste jaialdi, elkarte edo entitate batzuekin egiten dituen lankidetza ekintzak, bere eragin eremuan presentzia eta jarraitutasuna izatea bermatzen diotenak ekitaldiak egiten diren egun zehatzetatik harago (gehienez 4 puntu).

e) Zirkuitu nazionalean presentzia txikia duten zinema lanak zabaltzea, gure herrialdean kultura aniztasun handiagoa lortzen laguntzen dutenak (1 puntu baldintza hori betetzen duen film bakoitzeko, gehienez 3 puntu).

f) Nafarroako zinemagileak sustatzea (1 puntu baldintza hori betetzen duen proiektatutako film bakoitzeko, gehienez 3 puntu).

g) Filmen euskarazko jatorrizko bertsioa sustatzea (1 puntu baldintza hori betetzen duen proiektatutako film bakoitzeko, gehienez 2 puntu).

h) Jasangarritasunari laguntzea, emakumeen benetako berdintasuna sustatzea sektorean, publiko berriak erakarri eta prestatzea, eta desgaitasuna duten pertsonen inklusioa (gehienez 3 puntu).

i) Laguntzaren xede den jaialdia eginen den egoitzen kalitate teknikoa (gehienez 5 puntu). Proiekzio-aretoen egokitzapen teknikoa eta proiekzio-formatua hartuko dira kontuan.

7.1.3. Zabalkunde, prestakuntza eta irisgarritasun estrategiak (gehienez 30 puntu).

a) Komunikazio ekintzak.

Komunikazio eta publizitate ekintzen eragin mediatikoa eta inpaktua baloratuko dira. Kontuan hartuko dira telebistan, irratian eta prentsa orokor zein espezializatuan agertutako elkarrizketak, artikuluak, kritikak eta abar, baita blog profesionaletan, podcastetan, sare sozialetan eta abarretan agertutakoak ere. Gainera, kanpainaren originaltasuna eta material grafikoen eta ikus-entzunezkoen kalitatea baloratuko dira (gehienez 10 puntu).

b) Proiektuari erantsitako ekintza pedagogikoak.

Lantegiak, bitartekaritza ekintzak, topaketak eta solasaldiak antolatzea baloratuko da, baita eskoletako haurrentzako eta ikasleentzako proiekzioak, erakusketak eta abar antolatzea ere (gehienez 10 puntu).

c) Zailtasun fisikoak edo psikosozialak dituzten eta gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden ikus-entzuleak emanaldietara joateko ekintzak. Ekintza horietan sartzen dira, oztopo arkitektonikoei lotutakoez gainera, edukiak eskuratzeko berdintasuna bultzatzen duten guztiak (gehienez 10 puntu).

7.1.4. Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (gehienez 10 puntu):

a) Proiektuaren aurrekontu osoaren gainean bermatutako finantzaketaren portzentajea, behar bezala egiaztatua (gehienez 4 puntu):

BERMATUTAKO FINANTZAKETAREN PORTZENTAJEA

HAZTAPENA

%75etik gora

4 puntu

%61 eta %75 artean

3 puntu

%46 eta %60 artean

2 puntu

%15 eta %45 artean

1 puntu

Puntu horiek lortzeko, finantzaketa egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

b) Jaialdirako laguntzak izatea, 2025ean emanak (gehienez 6 puntu):

2025EAN JAIALDIRAKO EMANDAKO LAGUNTZAK

HAZTAPENA

Estatuko laguntza

3 puntu

Autonomia erkidegoko laguntza

2 puntu

Tokiko laguntza

1 puntu

Entitate pribatu baten laguntza

1 puntu

7.2. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

7.3. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8.–Beka emateko ebazpena.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Ebazpena pertsona eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta argitaratuko da izapideen bilatzaileko "Generazinema, 2026ko jaialdiak" deialdiaren fitxan.

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, pertsona eta entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Ustezko ezespenaren aurka pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, administrazioaren isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuko 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina), deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak, aipatu legearen 25.1.f) artikuluan adierazten diren pertsonek eta entitateek egiten baldin badituzte, gizarte interesekotzat hartuko dira. Ondorio horietarako, eskatzaileek II. eranskina (Mezenasgoaren Erantzukizunpeko Adierazpena) bete beharko dute, zeina Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bidez betetzen eta izapidetzen ahalko baita.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, pertsona edo entitate onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintza eta betebeharrak (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).

9.3. Era berean, proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgoko edo babesletzako ekarpenak jasotzen dituzten pertsona edo entitate onuradunek IV. eranskineko "Finantzabideak" atalean adierazi beharko dituzte mezenasgoko edo babesletzako modalitateen bidez jasotako ekarpenak.

10.–Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

10.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek (pertsona fisikoak izan ezik) dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.

10.2. Izapideen bilatzaileko "Generazinema, 2026ko jaialdiak" deialdiaren fitxaren bidez betetzen ahalko dira gardentasun betebeharrerako ereduak.

10.3. Betebeharra dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).

10.4. Entitateak gardentasun-betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

10.5. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

10.6. Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.7. Pertsona edo entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

b) Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

c) Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik onespena eman dezan, baldin eta aldaketak funtsezko alteraziorik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

d) Onartzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak proiektua gauzatu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea aipatutako atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko, behar bezala ikuskatuak edukitzea kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak, betiere pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatzearen eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.

h) Konpromisoa hartzea enpresa ez deslokalizatzeko, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen denarekin bat, eta deslokalizatzen bada, jasotako laguntza itzultzeko konpromisoa, arau horretan ezarritako moduan.

10.8. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen hedapenerako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo zuzeneko komunikazio ekintzetan.

10.9. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako zabalkunde euskarrietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsultatzen ahal dira (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala), baita haren Argitalpen Atalaren bidez ere.

10.10. Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (liburuxkak, kartelak). Hala ere, hedapen telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko apartatuan deskribatutako baldintzei jarraituz.

10.11. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean, ez informazioan. Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad" (http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf).

10.12. Bat etorriz Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin, adimen artifizialeko ereduak erabiltzen badira jarduera gauzatzeko, onuradunak horren berri eman beharko du, bai eta zehaztu ere proiektua aurrera eramaten duten pertsona fisikoen esku-hartze maila eta, hala badagokio, haiek egindako berrikuspen lana.

11.–Ordainketa, justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1.1. Ordainketa.

Oro har, behin pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako jardueraren gastua egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazioa proiektua bukatutakoan eginen da, eta horretarako azken eguna 2026ko azaroaren 6a izanen da (egun hori barne).

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

Jarduera egin duela justifikatzeko, pertsona edo entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (IV. eranskina bertako jarraibideen orrian azaltzen den bezala bete behar da):

a) IV. eranskina (Kostuari eta finantzaketari buruzko adierazpena) EXCEL formatuan, gastua justifikatzeko prozesuarekin lotutako informazioa jasotzen duena.

Fitxategian eduki hauek sartu beharko dira, fitxen arabera:

1. Fakturen zerrenda: diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: fakturaren zenbakia eta data; hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFKa; fakturaren kontzeptua; guztirako zenbatekoa (zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta, eta kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, ekoiztetxe eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data.

2. Nominen zerrenda: proiektuari lotutako langileen nominen zerrenda zenbakiduna, berariaz adierazita zenbateko gordina, Gizarte Segurantza eta PFEZa: Era berean, proiektuari aplikatutako portzentajea eta Nafarroan egindako gastutzat jotzen den zatia adieraziko dira.

3. Finantzabideak: finantzabideen eta emandako laguntzen zerrenda (benetan kobratu diren kontuan hartu gabe).

4. Azken memorien datuak: epigrafe honetako c eta d ataletako memorietan zehaztutako datu espezifikoak biltzen dira.

5. Filmen zerrenda: jaialdian emandako filmen datuak biltzen dira.

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak. Faktura guztiak, dagozkien ordainagiriekin batera, PDF formatuko artxibo batean sartuko dira, aurreko ataleko faktura zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

Faktura eta frogagiri horiek Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak beharko dira. Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

100 eurotik gorako gastu guztien ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita (bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak –hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak–, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri).

Nominen kasuan, Gizarte Segurantzaren eta PFEZaren kontzeptuei dagozkien ordainagiriak.

Gastuen eta ordainketen frogagiriak PDF formatuan aurkeztuko dira, IV. eranskinean agertzen diren hurrenkeran antolatuta.

c) Egindako jardueraren azalpen-memoria, honako hauei buruzko informazioa jasoko duena: emanaldien osagarri diren ekintzak, gonbidatuak eta bertaratu diren ikusleak, filmen emanaldiak eta programatutako jarduerak, eta, ahal den neurrian, bertaratzeari buruzko datuak, bertaratuen adinaren eta sexuaren arabera segmentatuta. Halaber, memoriak izan beharko du proiektuaren gauzatzeari buruzko ebaluazio txostena, non adieraziko baita proiektuaren alderdiak noraino bete diren, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.

d) Generoari buruzko memoria, honako datu hauek jasoko dituena: Ikusi VI. eranskina.

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Jaialdiko taldean gizonek eta emakumeek duten parte-hartzea (kopurua eta jokatzen duten rola zehaztuta).

–Jaialdiak zer gairi heltzen dion, adierazita edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

e) Sustapenerako eta/edo publizitaterako elementu inprimatuak, eta/edo zabalkunderako erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Dirulaguntzaren xedeko jarduerarako jaso dituzten beste diru-sarrera batzuk justifikatzeko dokumentazioa.

11.1.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketa bat egiten ahalko da, pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Ordainketa modu hori baliatu nahi izanez gero, berariaz eskatu beharko da 2026ko irailaren 30a baino lehen (egun hori barne). Horretarako, entitateak eskaera aurkeztu beharko du telematika bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, edo izapideen bilatzaileko "Generazinema, 2026ko jaialdiak" deialdiaren fitxaren bidez, dokumentazio honekin batera:

–Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFKa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); zerrenda EXCEL formatuan igorriko da, nafarroa.eus helbidean dagoen V. eranskina erabilita (Konturako ordainketaren eskaera).

–Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak, aurreko zerrendaren arabera ordenatuta, PDF formatuan.

–Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren eginen da konturako ordainketa.

11.1.3. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, aurrerakin gisa, eta gehienez esleitutako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da. Aurrerakinaren zenbatekoa dirulaguntzaren helburuak betetzeko aldez aurretik behar diren funtsen adinakoa izanen da. Aurrerakin hori ordaindu ahal izateko, III. eranskina (Aurrerakinaren eskaera) aurkeztu beharko da, beranduenez 2026ko abuztuaren 31n, behar bezala beteta (bertan adieraziko dira diruzaintzaren egoera edo banku-kontuetako saldoak, dirulaguntzaren xedearekin lotuta ordaintzeko eta kobratzeko dituen gastuen eta diru-sarreren zerrenda, eta proiektuari lotuta ez dauden gastuen eta diru-sarreren konpromisoak) eta dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak behar dituela justifikatuz.

11.2. Gastu diruz lagungarrien barruan 2026ko laugarren hiruhilekoko faktura eta nominen PFEZaren atxikipenak sartu badira, bai eta 2026ko urriko nominen Gizarte Segurantza ere, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta gastu diruz lagungarri horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, pertsona edo entitate onuradunak, beranduenez 2027ko otsailaren 15ean, dagozkion likidazioak eta egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko zaio.

11.3. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntza kobratzeko eskubidea.

11.4. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

11.5. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

12.1. Deialdi honen bidez dirulaguntza lortzea bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak xede eta helburu bererako 2026an eman dezakeen beste batekin.

12.2. Halere, dirulaguntza hau bateragarria izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, 2026. urtean, xede eta helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntzarekin.

12.3. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jardueraren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, pertsona edo entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13.–Dirua itzultzea.

Pertsona edo entitate onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

14.–Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluaren III. kapituluan.

15.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

16.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2602402