Iragarkia
57. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
2231E/2026 EBAZPENA, martxoaren 2koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaileen 42 plaza huts lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko.
Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuak ezartzen duenez, plaza hutsak lekualdatze-lehiaketa bidez beteko dira.
Aipatu araudiari jarraituz, bidezkoa da onestea lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaileen 42 plaza huts (C mailakoak), eta bidezkoa da, halaber, deialdiaren oinarriak onestea.
Horrenbestez, dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala esleitzen baitizkit otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituenak,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaileen plaza huts batzuk (C mailakoak) betetzea lekualdatze-lehiaketa bidez.
Hasiera batean, suhiltzaileen 42 plaza huts hauetarako deialdia egiten da (funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak):
–Lizarrako suhiltzaile-etxea: 9879, 11081, 11370 eta 11403.
–Lodosa-Azkoiengo suhiltzaile-etxea, Lodosan: 8586, 8677 eta 9665.
–Nabaskoze-Zangozako suhiltzaile-etxea, Nabaskozen: 4788, 5313, 6518 eta 6916.
–Oronozko suhiltzaile-etxea: 5754, 10081, 10836 eta 12026.
–Iruñeko suhiltzaile-etxe nagusia, Iruñean: 573, 7803, 9784, 10573, 11066, 11366, 12001 eta 12033.
–Iruñeko suhiltzaile-etxe nagusia, Cordovillan: 617, 3625, 4411, 4414, 4778, 4793, 6521, 7936, 9805, 11072, 11359, 11906, 11912, 12027 eta 12123.
–Tafallako suhiltzaile-etxea: 11059, 11434 eta 11435.
–Tuterako suhiltzaile-etxea: 424.
Aipatutako plaza huts horietatik, honako hauek euskararen merezimendua ezarria dute: 5754, 10081, 10836, 12026, 617, 4411, 4414 eta 4793.
2. Deialdiaren oinarriak onestea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
3. Ebazpen hau igortzea Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari eta Giza Baliabideen Zerbitzuari, eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko martxoaren 2an.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.
SUHILTZAILEEN PLAZAK LEKUALDATZE-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA. OINARRIAK
1.–Xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da betetzea, lekualdatze-lehiaketaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaileen plaza huts batzuk, C mailakoak.
1.2. Lekualdatze-lehiaketa honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:
- 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.
- Lanpostuak betetzeko Erregelamendua, onetsi zena azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez.
- 1/2025 Foru Lege-dekretua, maiatzaren 7koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena.
- 130/1998 Foru Agindua, abuztuaren 12koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, merezimenduen baremoei buruzkoa.
- 103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, haien erakunde publikoetan eta mendeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.
- Gainerako arau aplikagarriak eta oinarri hauek.
2.–Plaza hutsak.
2.1. Lekualdatze-lehiaketa bidezko deialdi honetan, hasiera batean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaileen 42 plaza huts sartzen dira, ebazpen honen II. eranskinean adierazten direnak.
2.2. Deialdi honetan hasiera batean eskainitako plaza kopurua aurrerago osatzen ahalko da; izan ere, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean hutsik daudenak gehitzen ahalko dira.
2.3. Halaber, aipatutako plazak deialditik kanpo uzten ahalko dira honako arrazoi hauengatik: birkokapen prozesuetan sartzeagatik, jarduneko zerbitzura itzultzen direnei edo burutza uzten duten langile finkoei esleituak izateagatik edo araudian ezarritako beste edozein arrazoirengatik.
2.4. Gainera, lehiaketa honetan beste plaza bat eskuratzen duten lehiakideek hutsik utzitako plazak ere sartuko dira.
2.5. Aurrekoa gorabehera, lehiakideek lekualdatze-lehiaketan plaza lortuta hutsik uzten dituzten plazak ez dira eskainiko baldin eta horiek bete beharrik ez badago, "iraungitzekoak" direlako edo antolaketa arrazoiak direla-eta.
2.6. Destinoak esleitzeko prozesuan plaza hutsak sortzen badira Lodosa-Azkoiengo suhiltzaile-etxean (Azkoiengo egoitzan), lehenbiziko laurak Iruñeko suhiltzaile-etxe nagusiko Cordovillako egoitzari esleituko zaizkio, eta hurrengo biak Iruñeko suhiltzaile-etxe nagusiko Iruñeko egoitzari.
2.7. Destinoak esleitzeko prozesuan plaza hutsak sortzen badira Nabaskoze-Zangozako suhiltzaile-etxean (Zangozako egoitzan), lehenbizikoa Iruñeko suhiltzaile-etxe nagusiko Cordovillako egoitzari esleituko zaizkio, eta bigarrena Iruñeko suhiltzaile-etxe nagusiko Iruñeko egoitzari.
2.8. Lehiaketa honetan plaza bat lortzen duen lehiakidearen jatorrizko plazaren izena ez badator bat deialdi honetako plazarenarekin, plaza berriak deialdiko plazaren izena izanen du lehiakideak plaza berriaren jabetza hartzen duenetik. Era berean, lehiaketaren ondorioz hutsik gelditu eta berriz lehiakideei eskaintzen zaizkien plazen izena aldatu eginen da, bidezkoa denean.
2.9. Deialdiaren 9. oinarrian aipatzen den plaza hutsak hautatzeko ekitaldian, deialdian sartutako plazen ordez beste batzuk eskaintzen ahalko dira; hain zuzen ere, organo eskudunek zerbitzuaren beharren arabera sartzen dituzten aldaketen ondorioz hutsik gelditzen direnak.
3.–Betebeharrak.
3.1. Lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.
b) Suhiltzaile edo suhiltzaile-gidarien plaza baterako izendatu izana.
c) C maila edo taldekoa izatea.
d) Lekualdatze-lehiaketan parte hartzean borondatezko eszedentzian egonez gero, egoera horretan gutxienez urtebete eman izana.
3.2. Euskarazko B2 maila ezarrita duen plaza elebidunen bat eskuratu nahi izanez gero, izangaiek baldintza hauetako bat bete beharko dute:
–Euskarazko B2 maila ezarrita duen plaza elebidunen baten titularra izatea edo horretan aritzea 3.3 puntuan ezarritako epean, plaza hori eskuratu bada hizkuntza hori jakitea egiaztatuta; edo
–Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera B2 maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea (Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasota dago titulu horien zerrenda, 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 27koan), edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan 9 urrats gaindituta izatea, edo ofizialki horren baliokidetzat hartzen den titulazioa izatea.
3.3. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.
3.4. Behar diren hautapen probak gaindituta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoan euskara jakin beharra duten plazetan 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu diren lehiakideek hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten plaza hutsak bakarrik aukera ditzakete.
Halere, xedapen hori ez da aplikatzen baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan plaza bat eskuratzeko.
3.5. Zerbitzu, atal, bulego edo horiekin parekatutako unitateren bateko burutzaren bat betetzen ari direnek zilegi izanen dute lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzea, baldin eta deialdiko baldintzak betetzen badituzte. Prozedura honetan esleitutako plazaz jabetzeak berekin ekarriko du zerbitzuko zuzendari izateari edo ataleko nahiz bulegoko buru edo horiekin parekatutako unitateko buru izateari utzi beharra.
3.6. Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete daramaten langile finkoek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz itzuliko dira jarduneko zerbitzura eta plaza bat behin betiko esleituko zaie.
3.7. Plaza huts bati behin-behinean atxikita jarduneko zerbitzura itzuli diren langileek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze-lehiaketa honetara, behin betiko destinoa eslei dakien. Lekualdatze-lehiaketan parte hartzen ez badu edo plazarik lortzen ez badu, prozesuaren emaitzetako bat esleituko zaio.
4.–Eskaera, aurkezteko epea eta aurkezteko modua.
4.1. Izena ematea eta merezimenduak aurkeztea.
Lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute izena emateko eskaera, Internet bitartez, www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Langile publikoentzako informazioa: barne-igoerak, lekualdatzeak eta beste zerbitzu batzuk" atalean, deialdi honen fitxan sartuta.
Eskaerari erantsi beharreko merezimenduak ere telematika bidez aurkeztu beharko dira, goian adierazitako helbidearen bidez, deialdiaren baremoan zehaztutako atalei jarraikiz antolatuak.
Lehiakideek honako merezimendu hauek ez dituzte aurkeztu beharko, lehiakide bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren esku jarriko, baremazioa egin dezan:
–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitortuak.
4.2. Eskatzen den euskara maila ezarrita duen plaza elebidun bat eskuratu nahi dutenek bide hauetako bat aukeratu dezakete:
–Eskatutako euskara maila egiaztatzen duten titulu edo ziurtagirietako bat aurkeztea. Titulua edo ziurtagiria bat etorri beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin, eta agertu beharko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotako tituluen zerrendan (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
–Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan 9 urrats gaindituta dituela edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa duela frogatzea.
Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.3. Epea.
Eskaerak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta ezin izanen da luzatu.
Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dira, eta lekualdatze-lehiaketa honetan izena emateko eskaera aurkezteko epearen barruan igorri, telematika bidez.
5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.
5.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta deialdiaren web-fitxan argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun balioduneko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.
5.2. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Barne Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du lehiaketako plazak bete gabe uzten direla deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
5.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko.
5.4. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Barneko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.
6.–Epaimahaiaren osaera.
6.1. Lehiaketako kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Jon Andoni Diez de Ure Uraul jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Esku-hartze Operatiboaren, Suhiltzaile Etxeen, Kanpainen eta Taldeen Ataleko burua.
Ordezkoa: Alberto Garde Sesma jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-ofizialordea.
–Epaimahaikidea: Dionisio Cabezas Fernández jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko Langileria Batzordearen ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
Ordezkoa: Rafael Fermín Aulló Tapia jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko Langileria Batzordearen ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
–Idazkaria: M.ª Teresa Osta Peteiro andrea, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Gai Administratiboak eta Langileria Kudeatzeko Ataleko burua.
Ordezkoa: Puy Armañanzas Pagola andrea, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Langile Operatiboen Kudeaketarako Bulegoko burua.
6.2. Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, kalifikazio epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari jakinarazi beharko diote. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
6.3. Kalifikazio epaimahaiak eratzen ahalko dira deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun beretik aurrera.
6.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
7.–Merezimenduak.
7.1. Aurreko 4. oinarrian ezartzen den bezala, merezimendu guztiak telematika bidez aurkeztu behar dira, eskaerak aurkezteko epean. Hortik salbuetsita daude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitortutako eta administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.
7.2. Aurkeztutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.
7.3. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ez eta apartatu bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman ere.
7.4. Lehiakideek guztira lortzen dituzten puntuazioetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bakar baten bidez erabakiko da, hots, kalifikazio epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakarraren bidez.
7.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.
7.6. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du deialdiaren fitxan parte-hartzaileek lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.
7.7. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzitakoan, epaimahaiak parte hartzen duten pertsona guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu deialdiaren fitxan, eta Barneko zuzendari nagusiari igorriko dizkio lehiakideen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, eta espediente osoa.
8.–Plaza hutsak aukeratzea.
8.1. Behin epaimahaiaren espedientea jasotakoan, Barneko Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du lekualdatze-lehiaketan azkenean sartzen diren plaza hutsak zehazteko, deialdi honen bigarren oinarrian xedatutakoarekin bat. Ebazpen horretan zehaztuko da, halaber, plaza hutsak aukeratzeko epea.
Parte-hartzaileek bost egun balioduneko epea izanen dute eskaera telematikoki aurkezteko –goian adierazitako helbideko esteka erabiliz– eta plaza hutsak aukeratzeko.
Eskaera ezarritako epean bidaltzen ez dutenek lehiaketaren xede diren plaza hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.
Plaza hutsak aukeratzeko epea bukatuta, lehiakideek ezin izanen diote uko egin aukeratutako plazari.
9.–Plazak esleitzea eta jabetza hartzea.
9.1. Lehiaketan lortutako puntuazioen hurrenkerari jarraikiz esleituko dira plaza hutsak.
Plaza hutsak aukeratzeak berekin dakar lehiakideak berariaz onartzea eskaeran adierazi dituen plazen artean esleitzen zaiona, eta ezin izanen dio uko egin.
Barneko zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, dagokien plaza esleituko die lehiakideei, eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.
9.2. Lehiakideek izendapen ebazpenean zehaztuko den egunean jabetu beharko dute esleitutako plazez, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.
9.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa. Hori ez zaie aplikatuko lanaldi partzialean diharduten langile finkoei. Izan ere, langile horiek lanaldi osoko plaza bat hartzearekin batera funtzionario izaera eskuratuko dute.
10.–Ordainsariak.
Lekualdatzen direnek jasoko dituzte indarreko xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak.
11.–Errekurtsoak.
Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Barneko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin.
I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA
Merezimenduak baloratzeko baremoa:
a) Antzinatasuna deialdiaren xede den lanpostuan, dagokion administrazioan, 1 puntu urteko: gehienez 40 puntu.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
b) Euskaraz jakitea baloratuko da merezimendu gisa ezarria duten plazak eskuratzeko, honako irizpide hauen arabera (azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamenduaren 9.2 artikulua):
–Eremu euskaldunean: 4,6 puntu gehienez.
–Eremu mistoan: 2,76 puntu gehienez.
Oharrak b) atalerako:
Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.
Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.
Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.
II. ERANSKINA.–SUHILTZAILEEN 42 PLAZA HUTSEN ZERRENDA (FUNTZIONARIOEN ARAUBIDEA, C MAILA)
–Lizarrako suhiltzaile-etxea: 9879, 11081, 11370 eta 11403.
–Lodosa-Azkoiengo suhiltzaile-etxea, Lodosan: 8586, 8677 eta 9665.
–Nabaskoze-Zangozako suhiltzaile-etxea, Nabaskozen: 4788, 5313, 6518 eta 6916.
–Oronozko suhiltzaile-etxea: 5754, 10081, 10836 eta 12026.
–Iruñeko suhiltzaile-etxe nagusia, Iruñean: 573, 7803, 9784, 10573, 11066, 11366, 12001 eta 12033.
–Iruñeko suhiltzaile-etxe nagusia, Cordovillan: 617, 3625, 4411, 4414, 4778, 4793, 6521, 7936, 9805, 11072, 11359, 11906, 11912, 12027 eta 12123.
–Tafallako suhiltzaile-etxea: 11059, 11434 eta 11435.
–Tuterako suhiltzaile-etxea: 424.
Aipatutako plaza hutsen zerrendan, euskaraz jakitea merezimendu gisa ezarri dutenak honako hauek dira: 5754, 10081, 10836, 12026, 617, 4411, 4414 eta 4793.
Iragarkiaren kodea: F2603350
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
