Iragarkia
57. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
408E/2026 EBAZPENA, otsailaren 23koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten (APTE) 5 plaza huts betetzeko, merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako.
Abenduaren 27ko 117/2024 Foru Dekretuaren bidez, 2024. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun langileentzat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetarako, zehazki, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokio (aurrekontuak 2024rako luzatu ziren).
Abenduaren 27ko 120/2024 Foru Dekretuaren bidez, 2024. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun langileentzat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetarako, zehazki, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasa espezifikoari dagokio (aurrekontuak 2024rako luzatu ziren).
Apirilaren 30eko 43/2025 Foru Dekretuaren bidez, 2025. urteko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun langileentzat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetarako, zehazki, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasa espezifikoari dagokio (aurrekontuak 2025erako luzatu ziren).
Ikusi dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak egin dituen proposamenak, anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten (APTE) plaza huts batzuk merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez bete daitezen.
Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten (APTE) 5 plaza huts betetzeko, merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako.
2. Merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen oinarriak onestea.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
4. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1 c) artikuluan xedatutakoarekin, eta aintzat hartuz Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren urtarrilaren 12ko 7/2026 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.
Iruñean, 2026ko otsailaren 23an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Juan Antonio Guajardo Remacha.
DEIALDIAREN OINARRIAK
1.–Xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten (APTE) 5 plaza huts betetzea, merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako. Hona hemen plaza horien destinoa:
- 5 Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan. Plaza zenbakiak: 61973, 73306, 73795, 73796 eta 73797.
1.2. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:
- 11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duena.
- 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.
- 347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta lanpostuak betetzea arautzen duena, azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretuak aldatua (foru dekretu horrek arautzen du nola baloratu merezimenduak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko).
- 7/2025 Foru Legea, ekainaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko ezohiko eta premiazko neurriak onesten dituena.
- Gainerako arau aplikagarriak eta oinarri hauek.
1.3. Deialdiaren ondoriozko egintzak honako hauetako batean edo gehiagotan argitaratuko dira:
- Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu), "Lekualdatzeak" izeneko erlaitzean, dagokion kategoriaren barnean.
1.4. Merezimendu-lehiaketa bidezko deialdi honetan sartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen barreneko lekualdatzea eta esparru nazionaleko lekualdatzea.
Esparru nazionaleko lekualdatze horretan, Osasun Departamentuaren menpeko erakunde autonomoetako LPEan sartutako plaza hutsen %10 (zenbaki osoetan) eskaini eta hautatzen ahalko dira. Bestalde, LPEko plazen kopurua hamar baino txikiagoa bada, plaza hutsen kopuru hori kontuan hartuko da hurrengo deialdien ondorioetarako, eta dagokion proportzioan eskainiko dira esparru nazionaleko lekualdatzean, bakar-bakarrik, metatutako plaza hutsak hamar baino gehiago badira.
Oinarri honetan xedatutakoa aplikatuz, 5 plaza sartu dira lan publikoaren eskaintzan. Aurretik 4 plaza daudenez metatuta, lekualdatze-lehiaketa honetan ez da plazarik eskaintzen esparru nazionalerako, eta 9 plaza geldituko dira metatuak hurrengo deialdietarako.
1.5. Plaza hutsak.
1.5.1. Deialdiaren xede izanen dira hasiera batean deialdian sartutako plazak eta plaza berria lortzen dutenek hutsik utzitakoak, baldin eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko plantillakoak badira.
1.5.2. Deialdi honetan hasiera batean eskainitako plaza kopurua aurrerago osatzen ahalko da; izan ere, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean hutsik daudenak gehitzen ahalko dira.
1.5.3. Aipatutako plazak deialditik kanpo uzten ahalko dira, birkokatze-prozesuetan sartuta daudelako edo jarduneko zerbitzura itzultzen direnei esleitzen zaizkielako. Era berean, ez dira eskainiko izangaiek hutsik uzten dituzten plazak, bete behar ez badira iraungi beharreko plazak direlako edo titularrak benetan betetzen ari ez direlako, ez eta ordezkapen bidez ere, betetzeko borondaterik ez dagoenean.
1.6. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen merezimendu-lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa. Aurreikuspen hori ez zaie aplikatuko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lanaldi partzialean diharduten langile finkoei. Izan ere, langile horiek, lanaldi osoko plaza bat hartzearekin batera, funtzionario izaera eskuratuko dute. Funtzionarioen edo estatutupeko langileen araubide juridikoa dutenek, merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, aukera izanen dute lanaldi partzialeko lan araubideko plaza bat eskuratzeko. Kasu horretan, borondatezko eszedentziara igaroko dira funtzionario edo estatutupeko langile gisa.
1.7. Deialdi honetan plaza eskuratzen duten funtzionarioek, estatutupeko langileek edo lan-kontratudun finkoek unean uneko xedapenen arabera dagozkien ordainsariak jasoko dituzte.
1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.
Orobat, lanpostuan egin beharreko guardiak eta/edo guardia lokalizatuak egin beharko dituzte, zentroko zuzendaritzak edo, hark eskuordetuta, dagokion burutzak hori agintzen duenean.
1.9. Dedikazio esklusiboaren araubidean arituko dira lanean, hau da, prestasun osoz eta erabateko dedikazio absolutua izanda, eta ezin izanen dira irabazizko beste inolako jardueratan aritu, ez sektore publikoan ez pribatuan, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 10.3 artikuluan adierazitako kasuetan izan ezik.
1.10. Plaza bat lortzen duena plaza dagoen lantokiari organikoki lotuta geldituko da. Halaber, eginkizunei dagokienez, kasuan kasuko osasun barrutiari edo arloari atxikita geldituko da, eta atxikipen funtzional horren ondoriozko jarduerak bete beharko ditu, betiere zentroko zuzendaritzak edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ematen dituen arau eta jarraibideak betez.
1.11. Hala agintzen baitu Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute osasun arloko profesionalen graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.
2.–Betebeharrak.
2.1. Merezimendu-lehiaketa honetan onartuak izateko, betebehar hauek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
2.1.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileak izatea, zein diren ere haien araubide juridikoa eta egoera administratiboa:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioa, estatutupeko langilea edo lan-kontratudun finkoa izatea, C maila edo taldekoa.
b) "Osasun teknikariak" estamentuan eta "Anatomia Patologikoa eta Zitologia" espezialitatean sailkatua dagoen lanpostu batean aritzeko izendatua izatea.
c) Bat etorriz Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.
Baldintza hori frogatzeko, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatibo bat aurkeztu beharko da, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena eman ziurtagiri hori Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari eska diezaion.
2.2. Izangaiek, jardunean ez beste egoera batean badaude, frogatu beharko dute deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean jardunean hasteko legezko eta erregelamenduzko baldintzak betetzen dituztela.
2.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileak, plaza-erreserbarik gabeko eszedentzia egoeran badaude, jardunera itzultzen ahalko dira merezimendu-lehiaketa honetan parte hartuz.
2.4. Beren estamentu eta espezialitateko plaza huts bati atxikita behin-behinekoz jardunera itzuli diren langileek nahitaez aurkeztu beharko dute merezimendu-lehiaketaren deialdi honetara, behin betiko destinoa esleitzearen ondorioetarako, eta ezin izanen diote destino horri uko egin.
2.5. Lehiatuz gero euskaraz jakitea nahitaezko baldintza duen plaza elebidun bat lortzeko, eskatutako euskara maila frogatu beharko da, eta, horretarako, aurkeztu beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera behar den mailari dagokion titulua edo ziurtagiria, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).
Behar diren hautaprobak gainditu eta Nafarroako Administrazio Publikoetatik edozeinetan euskara edo Europar Batasuneko hizkuntzaren bat jakin beharra duten plazetan sartu direnek 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten norberaren administrazio publikoko plaza hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.
Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan plaza bat eskuratzeko.
2.6. Parte hartzeko eskaera aurkezteko epean bete beharko dira baldintzak, eta horien jabe izan prozedura osoan, lortutako plaza esleitzen den arte, kasua bada.
3.–Eskaerak eta merezimenduak aurkezteko epea eta tokia.
3.1. Izena ematea.
Merezimendu-lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek izena emateko eskaera telematika bidez aurkeztu beharko dute, https://empleosalud.navarra.es/eu/inicio web-orriaren bidez, "Lekualdatzeak" atalean, dagokion kategoria hautatu eta "Inskripzioa" sakatuta.
Eskaerak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Merezimenduak aurkeztea eta egiaztatzea.
3.2.1. Merezimenduak eta baldintzak agiriekin eta bide telematikoz aurkeztu behar dira, merezimendu-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabide-orria aurkezteko epe berean, deialdiaren baremoan adierazitako atalak kontuan hartuta. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
3.2.2. Barne lekualdaketako izangaiek ez dituzte honako merezimendu hauek justifikatu beharko, epaimahaiaren esku jarriko baitira zuzenean, baremazioa egin dezan:
–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan deialdiaren xede den lanpostuan aitortua duten antzinatasuna.
–Web-orriaren bidez izangaiei erakusten zaizkienak, aurreko deialdiren batean baloratu zaizkielako eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko deialdien datu basean daudelako.
3.2.3. Lehenago frogatu ez bada, sexu delituei dagokienez eskatzen den baldintza frogatzen ahalko da baimena emanez (horretarako, parte hartzeko eskabide-orrian dagoen atala beteko da), edo bide telematikotik dagokion ziurtagiria bidaliz.
3.2.4. Hizkuntzak jakiteko betebeharra dagokion titulazio ofizialaren bidez egiaztatu beharko da, merezimenduak aurkeztearekin batera.
4.–Izangai onartu eta baztertuen zerrendak.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Profesionalen zuzendariak onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta deialdiaren web-orrian argitara dadila aginduko, ohartaraziz hurrengo bost egun balioduneko epean izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituztela, eta, hala behar izanez gero, akatsak zuzendu. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak lehiaketako plazak bete gabe gelditu direla adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
4.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta horien gainean ebazpena emanda dagoela, Profesionalen zuzendariak onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsiko du, eta deialdiaren web-orrian argitaratzeko aginduko.
4.3. Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta deialdiaren web-orrian argitaratzeko aginduko.
5.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Prozeduran jarduteko izendatutako kalifikazio epaimahaiak kide hauek izanen ditu:
Epaimahaiburua: Gabriel Izpura Liberal jauna. NOUko Profesionalen zuzendaria.
Ordezko epaimahaiburua: Irene Martínez García andrea. O-NOZeko Langileriaren eta Lan Harremanen zuzendariordea.
Epaimahaikidea: Ana Moreno Barcos andrea. O-NOZeko Langileria Batzordeak izendatua.
Ordezko epaimahaikidea: Marta Gómez Ochoa andrea. O-NOZeko Langileria Batzordeak izendatua.
Idazkaria: Carlos Artuch Fuensanta jauna. O-NOZeko Sarrerarako eta Lanpostuak Betetzeko Ataleko Hautapen eta Baremazio Prozesuei Laguntzeko Unitateko burua.
Ordezko idazkaria: Matías Sagardoy Briones jauna. Erdi mailako teknikaria, O-NOZeko Sarrerarako eta Lanpostuak Betetzeko Atalekoa.
5.2. Organoaren eraketa baliozkoa izan dadin, bilkurak egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzeari dagokionez, beharrezkoa izanen da epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek parte hartzea, bertaratuz edo urrutitik, baita organoko kideen erdiek ere.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren gaiak.
5.4. Onartuen behin betiko zerrendan izangai bakarra badago, deialdia egin duen organoak deialdi honen 9. oinarrian xedatutakoa aplikatuko du zuzenean. Beraz, ez da beharrezkoa izanen epaimahaia eratzea, ezta jardutea ere.
6.–Merezimenduen balorazioa.
6.1. Lekualdatze-lehiaketako deialdi hauetan, honela baloratuko dira merezimenduak:
a) Antzinatasuna deialdiaren xede den lanpostuan, dagokion administrazioan, 1 puntu urteko: gehienez 40 puntu.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
3. Zerbitzu-eginkizunetan eta jarduneko egoera berezian –igoeragatik edo goragoko kategoria bateko lanak betetzeagatik– egindako zerbitzuak benetan egin diren lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.
4. Zerbitzu berezietako egoeran eta eszedentzia berezian egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.
b) Hizkuntzak jakitea.
1) Frantsesa edo ingelesa jakitea (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik): 2 puntu gehienez, hizkuntza horietako bakoitzeko.
Frantsesa edo ingelesa merezimendu gisa baloratuko dira plantilla organikoan hala ezarria duten plazetan.
2) Aurreko atalean ezarritakoaz gain, euskararen ezagutza baloratuko da plazak dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauei jarraikiz:
–Eremu euskaldunean: 4,6 puntu gehienez.
–Eremu mistoan: 2,76 puntu gehienez.
Eremu mistoan euskara merezimendu gisa baloratuko da plantilla organikoan hala ezarria duten plazetan.
Oharrak b) atal guztirako:
Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.
Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.
Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.
6.2. Epaimahaiak ez du behin ere onartuko alegatu ez den merezimendurik edo agiri bidez frogatu ez denik.
7.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.
7.1. Epaimahaiak merezimenduak kalifikatuko ditu, eta deialdiaren web-orrian argitaratuko du izangaien behin-behineko zerrenda, lortu duten puntuazioarekin.
7.2. Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, administrazio publikoetan zerbitzuak egiten antzinatasun handiena dutenen aldeko erabakia hartuko da. Oraindik ere berdinketa badago, kalifikazio epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du hura ebazteko.
7.3. Izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute, zerrenda hori argitaratzen denetik, bidezko alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek telematika bidez eginen dira, deialdiaren web-orriaren bitartez.
7.4. Alegazioak ebatzi ondoren, kalifikazio epaimahaiak merezimenduen behin betiko balorazioa argitaratuko du, oinarri honetan adierazitako moduan eta aipatutako bideen bitartez.
8.–Plaza hutsak aukeratzea.
8.1. Merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzea honako kasu hauetan erabiltzen ahalko da langileak beren borondatez mugitzeko prozedura gisa:
a) Langileen atxikipen zentro batetik bestera igarotzeko, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.
b) Lanaldi arrunta edo osoa duen plaza batetik lanaldi partziala duen plaza batera joateko, eta alderantziz.
8.2. Hona hemen jarraitu beharreko prozedura:
a) Plazak aukeratu aurretik, izangaien eskura jarriko da aukeran dauden plazen zerrenda, bai hasieran iragarritakoak, bai lekualdatzearen ondorioz izan daitezkeenak. Informazio hori deialdiaren web-orrian argitaratuko da.
b) Izangaiek telematika bidez eginen dituzte eskaerak, bost egun balioduneko epean, baremoaren behin betiko emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, deialdiaren web-orrian adierazitako estekara jo beharko dute, eta lehentasun ordenaren arabera aipatuko dute zer plaza eta/edo zentro nahi duten, hasieran iragarriak izan edo lekualdatzearen ondorioz sortuak.
c) Destino berria lortzeko interesa duten pertsonek eginen dituzte eskaerak.
d) Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du plazak hautatu eta esleitzeko egintza.
e) Emaitzaren informazioa deialdiaren web-orrian argitaratuko da.
8.3. Plaza huts bat hautatzeak berekin dakar izangaiak esleitzen zaion plaza berariaz onartzea, eta ezin izanen dio uko egin.
8.4. Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako epean plaza aukeratzen ez duenak lehiaketaren xede diren plazetan aritzeko eskubide guztiak galduko ditu.
9.–Plazak esleitzea eta betetzea.
9.1. Organo eskudunak, ebazpen baten bitartez, lehiaketan eskuratutako plazak esleituko dizkie lehiatzaileei, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du ebazpena. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.
9.2. Izangaiek esleipenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko dute lortutako plazaz.
9.3. Esleipenaren gainean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada edo aurkeztu bada merezimendu-lehiaketaren deialdiaren aurka edo haren garapenaren edo ebazpenaren aurka, esleipena ez da irmoa izanen, eta errekurtso horiei buruz administrazio bidean nahiz administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ematen den ebazpenaren zain geldituko da, haren mende egonen baita.
10.–Errekurtsoak.
Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra eta bere oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin bat, eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 7/2026 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.
Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra, zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.
Iragarkiaren kodea: F2602980
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
