1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
470E/2026 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez Osasun Departamentuari eta haren erakunde autonomoei atxikitako osasun-langileen lanbide karrera ebaluatzeko batzordeak eratzen baitira, haien osaera ezartzen baita eta batzordekideak izendatzen baitira, alde batera utzita fakultatibo espezialisten, osasun arloko beste fakultatibo batzuen eta osasun arloko diplomadunen lanbide karrera.
Irailaren 30eko 12/2024 Foru Legeak Osasun Departamentuari eta haren erakunde autonomoei atxikitako osasun-langileen lanbide karreraren sistema arautu zuen, salbu eta fakultatibo espezialistena, osasun arloko beste fakultatibo batzuena eta osasun arloko diplomadunena. Foru lege horren 9. artikuluan, ebaluazio batzordeei buruzkoan, hain zuzen ere, honako hau dago jasota:
1. Erregelamendu bidez ezarriko d(ir)a beharrezkoa(k) d(ir)en ebaluazio-batzordea(k). Zilegi izanen da estamentu desberdinak aldi berean eta horien ezaugarrien arabera baloratuko dituzten ebaluazio-batzordeak ezartzea.
2. Ebaluazio-batzordeek osaera paritarioa izanen dute, erregelamenduz ezarritako arauen arabera.
Bestalde, hirugarren xedapen gehigarrian, foru legea garatzeko arauei buruzkoan, aditzera ematen da ezen, azken xedapenetako bigarrenean xedatutako arau-garapen berariazkoa onesten ez den bitartean, analogiaz aplikatuko dela ekainaren 8ko 54/2009 Foru Dekretua, zeinaren bidez garatzen baita maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko diplomadunen lanbide karrerako sistema arautzen duena.
Irailaren 30eko 12/2024 Foru Legearen aplikazio eremuan jasotako osasun-langileek karrera-mailan gora egiteko egiten dituzten eskaerak ebaluatu ahal izateko, ekainaren 8ko 54/2009 Foru Dekretuan aipatzen diren osasun arloko diplomadunentzat ezarri bezala, beharrezkoa da ebaluazio horiek egin behar dituzten batzordeak eta haien osaera ezartzea, eta batzordekideak izendatzea.
Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Lanbide karrera ebaluatzeko honako batzorde hauek eratzea:
a) Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko zeladoreen, osasun-laguntzaileen eta osasuneko teknikarien ebaluazio batzordea.
b) Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako (Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa kanpo utzita) zeladoreen, osasun-laguntzaileen eta osasuneko teknikarien ebaluazio batzordea.
2. Ebaluazio batzordeen esparrua.
a) Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko zeladoreen, osasun-laguntzaileen eta osasuneko teknikarien ebaluazio batzordeak eskumena izanen du honako estamentu hauetan Nafarroako Ospitale Unibertsitarioari atxikita dauden profesionalei dagokienez:
–Osasuneko teknikariak eta hezitzaileak (C maila).
–Osasun-laguntzaileak (D maila, titulazioarekin).
–Zeladoreak (D maila).
b) Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako (Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa kanpo utzita) zeladoreen, osasun-laguntzaileen eta osasuneko teknikarien ebaluazio batzordeak eskumena izanen du honako estamentu hauetan Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako (Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa kanpo utzita) zentro eta zerbitzuei atxikita dauden profesionalei dagokienez:
–Osasuneko teknikariak eta hezitzaileak (C maila).
–Osasun-laguntzaileak (D maila, titulazioarekin).
–Zeladoreak (D maila).
3. Osaera.
Ebaluazio batzordeak zortzi profesionalek osatuko dituzte: batzordeburua, idazkaria eta 6 batzordekide.
Batzordeburua, idazkaria eta batzordekideetako 3 Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak proposatu eta izendatuko ditu. Gainerako 3 batzordekideak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatuko ditu, langileen batzordearen proposamenen arabera.
Proposamenak eta izendapenak arau hauei jarraikiz eginen dira:
a) Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko zeladoreen, osasun-laguntzaileen eta osasuneko teknikarien ebaluazio batzordea:
–Batzordeburu izendatuko da Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Zainketen Zuzendaritzako profesional bat.
–Batzordeko idazkari izendatuko da Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Profesionalen Zuzendaritzako profesional bat.
–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak 3 batzordekide izendatuko ditu, estamentu hauetako bana:
- Osasuneko teknikariak eta hezitzaileak (C maila).
- Osasun-laguntzaileak (D maila, titulazioarekin).
- Zeladoreak (D maila).
–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen batzordeak 3 batzordekide proposatuko ditu, estamentu horietako bana.
Nolanahi ere, izendatzen direnek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko plantillako langile funtzionarioak, estatutupekoak edo plaza baten jabe diren lan-kontratudun finkoak izan behar dute, eta kasuan kasuko ebaluazio batzordearen esparrukoak izan.
b) Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako (Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa kanpo utzita) zeladoreen, osasun-laguntzaileen eta osasuneko teknikarien ebaluazio batzordea:
–Batzordeburu izendatuko da Tuterako Osasun Barrutiko Zainketa Asistentzialen Zerbitzuko profesional bat.
–Batzordeko idazkari izendatuko da Osasun Mentaleko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuko profesional bat.
–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak 3 batzordekide izendatuko ditu, honela:
- Osasuneko teknikari eta hezitzaile bat (C maila), Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari atxikia.
- Osasun-laguntzaile bat (D maila, titulazioarekin), Tuterako Osasun Barrutiari atxikia.
- Zeladore bat (D maila), Tuterako Osasun Barrutiari atxikia.
–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen batzordeak 3 batzordekide proposatuko ditu, estamentu horietako bana, honela:
- Osasuneko teknikari eta hezitzaile bat (C maila), Tuterako Osasun Barrutiari atxikia.
- Osasun-laguntzaile bat (D maila, titulazioarekin), Osasun Mentalari atxikia.
- Zeladore bat (D maila), Lizarrako Osasun Barrutiari atxikia.
Nolanahi ere, izendatzen direnek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko plantillako langile funtzionarioak, estatutupekoak edo plaza baten jabe diren lan-kontratudun finkoak izan behar dute, eta kasuan kasuko ebaluazio batzordearen esparrukoak izan.
4. Agintaldiaren iraupena eta kargua uztea.
Batzordekideen agintaldia lau urtekoa izanen da. Agintaldia isilbidez luzatuko da beste inor izendatzen ez den bitartean.
Ebaluazio batzordeetako kideek kausa hauengatik utzi beharko dute kargua:
a) Batzordekide berriak izendatzeagatik.
b) Interesdunaren ukoagatik.
c) Batzordearen esparrukoa edo izendapenaren estamentukoa izateari uzteagatik.
5. Funtzionamendua.
Ebaluazio batzordeen eraketak baliodunak izan daitezen, bertan egon beharko dute batzordeburuak eta idazkariak, edo haien ordezkariek, eta hiru batzordekidek. Erabakiak botoen gehiengo soilaz hartuko dituzte, eta batzordeburuaren botoak hautsiko ditu berdinketak, halakorik izanez gero.
Ebaluazio batzordeetako deliberazioak isilpekoak izanen dira, eta batzordekideek sekretu-eginbeharra bete beharko dute beren eginkizunak gauzatzearen ondorioz eskuragarri duten informazioari dagokionez.
Ebaluazio batzordeek beren barne funtzionamendurako arauak zehazten ahalko dituzte.
6. Batzordea osatzen dutenak izendatzea.
a) Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko zeladoreen, osasun-laguntzaileen eta osasuneko teknikarien ebaluazio batzordea:
–Batzordeburua: Sonia Iso Gayarre andrea, Prozesu Kirurgikoen, Kritikoen eta Urgentziazkoen Zainketen zuzendariordea, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Zainketen Zuzendaritzakoa.
–Idazkaria: Fernando Ágreda Lizaldez jauna, Langileria Zerbitzuko burua, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Zainketen Zuzendaritzakoa.
–Batzordekidea: Jessica Ojer Garayo, osasuneko teknikaria.
–Batzordekidea: Ignacio Crespo San José jauna, osasun-laguntzailea.
–Batzordekidea: Luis Manuel Conde Eslava jauna, zeladorea.
–Batzordekidea: Marta Gómez Ochoa andrea, osasuneko teknikaria, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen batzordeak proposaturik.
–Batzordekidea: María Esther Aquerreta González andrea, osasun-laguntzailea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen batzordeak proposaturik.
–Batzordekidea: Lander Peiró Sagüés jauna, zeladorea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen batzordeak proposaturik.
b) Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako (Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa kanpo utzita) zeladoreen, osasun-laguntzaileen eta osasuneko teknikarien ebaluazio batzordea:
–Batzordeburua: Cristina Prieto Pérez andrea, Irakaskuntzako, Zainketen Garapen eta Berrikuntzako eta Kudeaketarako Laguntzako Erizaintza Unitateko burua, Tuterako Osasun Barrutiko Zainketa Asistentzialen Zerbitzukoa.
–Idazkaria: Eduardo Iván Ladrón Arana jauna, Langileria Ataleko burua, Osasun Mentaleko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzukoa.
–Batzordekidea: Rafael Beorlegui Martínez jauna, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko osasuneko teknikaria.
–Batzordekidea: María de la Peña Arrondo Redrado andrea, Tuterako Osasun Barrutiko osasun-laguntzailea.
–Batzordekidea: María Josefa de Irízar Malo andrea, Tuterako Osasun Barrutiko zeladorea.
–Batzordekidea: María Pilar Ochoa Plaza andrea, Tuterako Osasun Barrutiko osasuneko teknikaria, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen batzordeak proposaturik.
–Batzordekidea: María Ángeles Sanzol Quijano andrea, Osasun Mentaleko osasun-laguntzailea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen batzordeak proposaturik.
–Batzordekidea: Marino Ortiz Azcona jauna, Lizarrako Osasun Barrutiko zeladorea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen batzordeak proposaturik.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea, eta ohartaraztea ez duela administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Osasuneko kontseilariari zuzendua, HILABETEko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorrita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluekin, eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren urtarrilaren 12ko 7/2026 Foru Aginduaren bidez egindako eskumenen eskuordetzea erabilita.
Iruñean, 2026ko otsailaren 27an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Juan Antonio Guajardo Remacha.
Iragarkiaren kodea: F2603312