48. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURUZABAL

Dirulaguntzen ordenantza orokorra. Behin betiko onespena

Muruzabalgo Udalak, 2025eko azaroaren 26an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Muruzabalgo Udalak ematen dituen dirulaguntzei buruzko ordenantza.

Hasierako onespen hori 2025eko 249. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 16an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Muruzabalen, 2026ko otsailaren 2an.–Kudeaketa Batzordeko burua, Alberto Azparren Echeverría.

DIRULAGUNTZEN ORDENANTZA OROKORRA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Muruzabalgo Udalaren dirulaguntzak emateko prozedura eta irizpideak arautu eta finkatzea, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoari, betiere udalerriaren lurralde-eremuan.

Honen xedea da herritarrei eta entitateei prestazio hauek baldintza beretan eskuratu ahal izateko aukera bermatzea, egin ditzaten hezkuntza, gizarte, kultur eta kirol arloetan tokiko eskumeneko zerbitzu eta jarduerak osatu edo ordezkatzen dituzten zerbitzu eta jarduerak.

2. artikulua. Dirulaguntza esaten zaio udalak pertsona edo erakundeei, entitate publikoei nahiz pribatuei dirua zein gauzak emateari, horren xedea baldin bada onura publiko edo interes sozialeko jarduerak bultzatu edo sustatzea, inolako irabazi-asmorik gabe, eta dirua pertsona edo entitate onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe ematen bada.

3. artikulua. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honen xede diren dirulaguntzak:

1. Publikotasuna, gardentasuna, konkurrentzia, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza eta kontrola.

2. Eraginkortasuna, betetzeko administrazio emaileak finkatutako helburuak.

3. Efizientzia, baliabide publikoak esleitzean eta erabiltzean.

4. artikulua. Dirulaguntzak emateko, arau hauei jarraituko zaie:

1. Borondatezkoak eta aldi baterako izanen dira.

2. Ezin izanen dira aurrekaritzat erabili.

3. Jarduerari ematen zaion dirulaguntza haren oihartzun sozialaren arabera aplikatuko da.

4. Ezin izanen da eskatu dirulaguntza handitzeko edo berritzeko.

5. artikulua. Ez dute baliorik izanen, dirulaguntzak emateko, eskuzabaltasun hutsez hartzen diren erabakiek.

6. artikulua. Dirulaguntzak emanen dira horretarako onesten diren oinarri arauemaileetan aurreikusitako irizpide, xede eta prozedurei jarraikiz.

Oinarriak onetsi aurretik, nahitaezkoa izanen da xede horretarako dirua esleitzea aurrekontuetan.

7. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren jardueretarako dirulaguntzak emateko prozedurak eta baldintzak honako arau honi egokitu beharko zaizkio, eta bertan jasotzen ez den orotan, berriz, honako hauei jarraituko zaie: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta haren Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bitartez onetsia, toki korporazioei aplikagarria zaien heinean, eta aplikatzekoa den gainerako legezko araudia.

II. KAPITULUA.–DIRULAGUNTZEN XEDEA ETA EMAKIDA

8. artikulua. Diruz lagungarriak dira jarduera programatuak, hezkuntza, gizarte, kultura eta kirol arlokoak, Udalaren eskumeneko zerbitzuetan lagundu edo horiek ordezten badituzte edo tokiko intereseko jarduerak badira, eta dirulaguntzen deialdiari dagokion aldian gauzatzen badira.

9. artikulua. Ez dira diruz lagungarriak:

a) Lokalak moldatzea edo eraikinetako beste edozein esku-hartze.

b) Ondasun higiezinen erosketa.

c) Funtzionamenduak eragindako gastuak (alokairua, telefonoa, argia, langileen nominak eta abar). Horretan salbuespena egiteko, Udalak baloratu beharko du, arrazoitu ondotik.

10. artikulua. Printzipio ekonomikoak:

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa banaka zehazten ahal da, edo, zenbatekoa kalkulatzeko, aplikatuko dira gastuetarako edo jardueretarako ehunekoak. 2. Udalak ematen dituen dirulaguntzak bateragarriak izanen dira beste erakunde edo entitate publikoetatik jasotzen ahal direnekin.

3. Edonola ere, diruz laguntzen ahal diren gehieneko zenbatekoak ez du gaindituko eskatutako zenbatekoa, ez eta jardueraren guztizkoa ere. Zenbaketa horretan sartuko dira beste instituzio edo erakunde publikoetatik espero diren edo jaso diren dirulaguntzak. Udalak konturako ordainketarik edo ordainketa aurreraturik egin izan balu, beste erakunde batzuen dirulaguntza jasotzean zenbatekoak erregularizatuko lirateke.

4. Kontuan hartuko dira pertsona edo entitate eskatzaileak bere kabuz lortzen ahal dituen bestelako diru-sarrerak, bai eta babesleak edo mezenasak direla medio lortutakoak ere, sustatuz, horrela, autokudeaketa eta neurri txikiagoan udal funtsekiko mendekotasuna.

5. Deialdiaren oinarri arautzaileetan horrela ezartzen den guztietan, eman ez den aurrekontuko zenbatekoa hainbanatzen ahalko da deialdiaren gainerako pertsona edo entitate onuradunen artean, gehieneko zenbateko osoa gainditu gabe.

6. Oro har, dirulaguntzak ordainduko dira pertsona edo entitate onuradunak jarduera edo proiektua gauzatu duela frogatu ondotik.

7. Konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak eskatzen ahalko dira, justifikatuz gero. Beraz, justifikatu aurretik funtsak ematen ahalko dira, baldin finantzabidea beharrezkoa bada dirulaguntzari lotutako jarduerak gauzatzeko.

III. KAPITULUA.–PERTSONA EDO ENTITATE ONURADUNAK

11. artikulua. Hona hemen zeinek eskatzen ahal dituen dirulaguntzak:

a) Irabazi-asmorik gabeko entitate, erakunde eta elkarteak, Muruzabalen helbidea izanik Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

b) Pertsona fisikoak, Muruzabalen helbidea izanik Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

c) Irabazi-asmorik gabeko entitate eta elkarteak eta pertsona fisikoak, Muruzabalen erroldatu gabe egon arren Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

Dirulaguntzak arautzen dituzten oinarrietan ezartzen ahalko da funts publikoak entitate laguntzaile baten bidez ematen ahalko zaizkiela pertsona edo entitate onuradunei. Hala bada, lankidetza hitzarmena eginen da Udalaren eta entitate laguntzailearen artean, eta hartan arautuko dira entitateak bere gain hartzen dituen baldintzak eta betebeharrak. Hitzarmen horrek ez du inondik ere lau urte baino gehiago iraunen.

IV. KAPITULUA.–PROZEDURA

12. artikulua.

1. Oro har, dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz izapidetuko da.

Udalak zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, dirulaguntza jasotzen ahal duten jardueretarako.

Dirulaguntzak eman aurretik, organo eskudunak dirulaguntzen deialdia egin beharko du, oinarri arautzaileak onetsita.

Aurrekontuan dagoen dirua banatuko da aurkeztu diren eskabideen artean, honako hauek kontuan hartuta: deialdiaren oinarrietan aipatzen den jardueraren arlo edo esparrua, lortu nahi diren xedeak eta horretarako aurrekontu-aplikazioa. Biltzen diren inguruabarrak aztertu ondoren emanen da, zenbateraino eta zer ehunekotan laguntzen ahal diren zenbatetsi ondoan.

2. Nolanahi ere, beste dirulaguntza batzuk modu zuzenean ematen ahalko dira, horretarako egiaztatzen diren arrazoiak direnean interes publikokoak, sozialak, ekonomikoak, hezkuntzakoak, kulturalak, kirol arlokoak, zientifikoak, humanitarioak edo bestelakoak, baldin eta, hartzailea dela-eta, ez badago konkurrentzia publikorako aukerarik, pertsona edo entitate onuradun bakarra edo onuradun talde bakarra dagoelako dirulaguntzaren xedea aitzina eramateko gaitasuna duena.

Kasu hauetan ematen diren dirulaguntzak ere zuzenekoak izanen dira:

a) Udalaren aurrekontuan berariaz aurreikusita daudenean.

b) Lege mailako arau batek agintzen badio Administrazioari dirulaguntza emateko edo zenbat eman behar duen.

c) Dirulaguntzaren izaeragatik edo helburuagatik lehiaketa publikoaren deialdirik behar ez denean, edo izaeragatik nahiz helburuagatik publikotasunaren izapidea betetzea ezinezko bada, gauzatzeko gaitasuna duen pertsona edo entitate onuraduna bakarra delako.

Apartatu honi jarraikiz ematen diren dirulaguntzak gauzatzeko, erabaki edo lankidetza hitzarmenak eginen dira. Haietan dirulaguntzak arautzeko oinarriak ezarriko dira, ordenantza honetako aurreikuspenekin bat, salbu publikotasunaren eta lehiaren printzipioei dagozkienetan.

13. artikulua. Alkatea da organo eskuduna ordenantza honetan aipatu deialdiaren oinarriak onetsi, argitaratu, zuzendu, luzatu edo aldatzeko, baita dirulaguntzak ematea edo ukatzea erabakitzeko eta haien zenbatekoa zehazteko ere.

Oinarriek eduki hau izan beharko dute:

a) Dirulaguntzaren xedearen zehaztapena.

b) Dirulaguntza eskuratzeko pertsona edo entitate onuradunek bete behar dituzten baldintzak, eta eskabideak aurkezteko modua eta epea.

c) Pertsona juridikoek kaudimenaren eta eraginkortasunaren aldetik bete behar dituzten baldintzak.

d) Dirulaguntza emateko prozedura.

e) Dirulaguntza onartzeko irizpide objektiboak eta, hala behar badu, horien haztapena.

f) Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa edo hori zehazteko irizpideak.

g) Dirulaguntza emateko prozedura antolatzeko, instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak, eta ebazpena jakinarazteko epea.

h) Halakorik behar denean, dirulaguntzaren justifikazio egokia bermatzeko behar diren kontabilitateko liburu eta erregistro espezifikoak zehaztea.

i) Pertsona edo entitate onuradunak edo, kasua bada, entitate laguntzaileak zer epe eta modu izanen duten frogatzeko ezen, dirulaguntza zertarako eman zen, xede hori bete dela eta eskuratutako funtsak aplikatu direla.

j) Dirulaguntza ematen duen organoaren aldeko berme neurriak eratu behar badira, horiek zein diren, nola eratzen diren eta horiek bertan behera uzteko prozedura zein den.

k) Ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukera, eta pertsona edo entitate onuradunek eman behar dituzten bermeak.

l) Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea eta bestelako inguruabarrak, ebazpena aldatzeko bidea ematen ahal dutenak.

m) Bateragarritasuna edo bateraezintasuna xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, etorrita ere edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik edo nazioko, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeetatik.

n) Dirulaguntzak emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez betetze hori norainokoa den neurtzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira pertsona edo entitate onuradunak azkenean hartuko duen zenbatekoa zehazteko edo, hala denean, itzuli behar duen zenbatekoa zehazteko, eta proportzionaltasun irizpideari lotuko zaizkio.

14. artikulua. Deialdi bakoitzeko oinarri partikularretan agertzen diren baldintza zehatzez gain, dirulaguntza eskabidea egiteko, betiere, eskabide bat aurkeztuko da, pertsona edo entitate eskatzaileak sinatua edo, pertsona juridikoen kasuan, entitateko buruak edo behar bezala egiaztatutako ordezkaritza duenak sinatua. Deialdiko oinarri partikularretan aipatzen den dokumentazioa eman beharko da eskabidearekin batera.

Eskabidean azalduko da sinatzaileak zer gisa diharduen. Orobat honako alderdi hauek ere azaldu beharko dira: dirulaguntza zer jarduera zehatzetarako eskatzen den, lortu nahi den helburua, hedapen-eremua, non eginen den, kostua eta sortzen ahal dituen diru-sarrerak.

Eskabidearekin kopia bat aurkeztuko da. Zigilua jarrita, kopia horrek frogagiri gisa balioko du pertsona edo entitate eskatzailearentzako.

15. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea ezarriko da dirulaguntza emateko deialdi bakoitzaren oinarri partikularretan.

16. artikulua. Deialdiaren oinarriak onestean finkatzen diren irizpide berariazkoez gain, honako hauek jotzen dira dirulaguntzak emateko irizpide objektibo orokortzat:

a) Jardueraren interes orokorra Muruzabalgo Udalarentzat.

b) Programa hauetan herritarrek aktiboki parte hartzea eta jarduerek eragin soziala izatea.

c) Prestakuntzaren edo hezkuntzaren aldetik biztanleriaren bizi maila hobetzea ekartzen ahal duten alderdiei mesede egitea.

d) Proiektua zer esparrutan garatuko den, horrexen baldintzetara egokitzea gizartearen, kulturaren, kirolaren eta abarren aldetik.

e) Jarduerak Muruzabalgo herritarren eskura izatea eta iritzi publikoa sentsibilizatzen laguntzea.

f) Boluntarioen parte hartzea proiektua edo jarduera gauzatzen.

g) Antzinatasuna Muruzabalgo erroldan.

h) Gisako jardueren urritasuna.

i) Kirola eta kultura sustatzea.

j) Dirulaguntzarik gabe nekez gauzatuko liratekeen interes orokorreko jarduerei laguntza ematea.

k) Proiektuan ingurumenaren, gizartearen nahiz genero berdintasunaren ikuspegia txertatzea.

l) Antzinatasuna eta esperientzia, gisako proiektuetan.

m) Pertsona edo entitate onuradunaren gaitasun teknikoa, antolakuntzakoa eta kudeaketakoa.

17. artikulua. Eskabideak aztertu eta gero, alkateak ebazpena emanen du, eta dirulaguntza esleituko du kasu bakoitzean egoki jotako zenbateko eta ehunekoarekin, inguruabarrak balioztatu ondoren. Arau orokor gisa, jarduerak diruz laguntzeko guztizko zenbatekoak ez du gaindituko horretarako aurkeztutako aurrekontu osoaren %50. Deialdi bakoitzaren oinarri partikularrek adieraziko dute gehieneko zenbatekoa. Dena dela, salbuespen gisa, ikusirik jardueraren izaera, pertsona edo entitate eskatzailearen ibilbidea eta sendotasuna, eta proposatzen den jarduerak hala Muruzabalgo udalerrian nola herritik kanpo izaten ahal duen oihartzuna, organo eskudunari bidezko iruditzen bazaio, dirulaguntzaren zenbatekoa ezarritako %50 horretatik gorakoa izaten ahal da, eskatutakoaren mugara iritsi bitarte.

V. KAPITULUA.–INFORMAZIOA ETA IRIZPIDEAK LANKIDETZA HITZARMENEI BURUZKO PROIEKTUAK EGITEKO, DIRULAGUNTZAK ZUZENEAN EMATEN DIRENEAN

18. artikulua. Aurkeztutako proiektuak datu hauek jasoko ditu:

1. Identifikazio datuak: elkartearen edo entitatearen izena eta Udal Erregistroko zenbakia.

2. Justifikazio orokorra: orokorrean proiektu honekin lortu nahi diren helburuak, zioen azalpena.

3. Datu ekonomikoak: urte horretarako elkarteak oro har aurreikusi duen aurrekontu osoa, diru-sarrera propioak xehatuz (kuotak eta derramak, udalenak ez diren dirulaguntzak, babesleak, loteria, salmenta eta antzeko bestelako diru-sarrerak) eta espero diren kostuak (jardueraren antolaketa, gastu arruntak eta funtzionamendukoak, erosketak eta abar).

4. Aitorpena: elkartearen edo entitatearen legezko ordezkariaren edo pertsona fisikoaren zinpeko aitorpena erantsiko da eta bertan bere sinadurarekin ziurtatuko du emandako informazioa benetako dela.

5. Bankuko datuak: liburuxkaren kopia edo banku-kontuko zenbakiaren ziurtagiria, bertan dirulaguntza uzteko, titularra elkartea edo entitatea dela adierazten duena.

6. Beste batzuk: aurkezterakoan, pertsona edo entitate eskatzaileak egokitzat jotzen duen informazio oro.

19. artikulua. Proiektuan jarduerak zehaztu beharko dira, informazio honekin:

1. Jardueren definizioa: jarduera bakoitzaren xedea, deskripzioa eta garatu beharreko edukiak, erabiltzen ahal diren bitartekoak eta baliabideak eta abar.

2. Jardueren aurrekontua: kostuen balorazioa, jarduerek izanen dituzten kontzeptu eta partidengatik eta diru-sarrerarik espero ote den, babesleengatik, beste dirulaguntza batzuetatik edo haien ondoriozko diru-sarreretatik.

3. Beharrak: jarduerak egiteko behar nagusiak azaldu eta arrazoitzea: behar materialak, ekonomikoak eta espazio publikoen erabilerari buruzkoak.

4. Programazioa denboran: azaldutako jardueretarako egutegi eta ordutegiak.

VI. KAPITULUA.–PERTSONA EDO ENTITATE ONURADUNEN BETEBEHARRAK

20. artikulua. Hauek dira pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak:

–Dirulaguntzaren oinarri den xedea betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo behar den jokabidea izatea.

–Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

–Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere, eta lehenagoko jarduketen ondorioz eska dakiokeen informazio guztia ematea.

–Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

–Muruzabalgo Udalak ematen duen dirulaguntza orok betebehar bat izanen du pertsona edo entitate onuradunarentzat; diruz lagundutako jardueraren agiri eta iragarki idatzi guztietan aditzera emanen da Muruzabalgo Udalaren dirulaguntza jaso dela, eta Udalaren logotipoa ere agerraraziko da, eta/edo dagokion udal alorrarena, hala dagokionean, ematen diren eredu tipografikoak erabiliz.

21. artikulua. Entitate laguntzaileak, onuradunak eta dirulaguntzen xedearekin edo haren justifikazioarekin ikusteko duten hirugarrenak beharturik daude Udalaren kontrol organoen lana erraztera, baita kontrol organo eskudunek finantzen egiaztatze eta kontrolaren arloan egiten ahal dituzten gainerakoak ere, bereziki uztea kontrolaren eta jarraipenaren xedeko dokumentazioa aztertzen eta lokaletan sartzen.

22. artikulua. Jarduera baterako dirulaguntza eskabidea aurkezteak berarekin dakar ordenantza hau eta dirulaguntza emateko oinarriak jakitea eta onartzea.

23. artikulua. Ordenantza honetako betebehar eta aginduak ez betetzeak dirulaguntza itzuli beharra ekartzen ahalko du. Erabaki hori organo emaileak hartuko du, espedientea ireki ondoan. Hartan, zentro kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batean, bidezko diren txosten eta frogak aurkeztuko dira, baita pertsona edo entitate onuradunaren alegazioak ere, halakorik bada. Espedientea hiru hilabeteko epean ebatzi beharko da.

VII. KAPITULUA.–JUSTIFIKAZIOA ETA KOBRANTZA

24. artikulua. Hitzarmenaren esparrua.

Hitzarmen baten ondoriozko dirulaguntza denean, horren klausulek agintzen dutena eginen da justifikatzean eta ordaintzean.

Beste kasu guztietan, arau arautzaile hauetan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio; hitzarmenen kasuan, berriz, modu osagarrian aplikatuko dira arau hauek.

25. artikulua. Hitzarmenetik kanpoko esparrua.

Ordenantza honetako aginduei jarraikiz emandako dirulaguntzak jasotzeko, oinarri arautzaileetan eskatutako agiriak aurkeztu behar dira Udalean. Horiek ez badute horretarako araudirik ezartzen, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskabidea, alkateari zuzendua, dirulaguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

b) Pertsona edo entitate onuradunaren zinpeko aitorpena, justifikatzeko aurkeztu dituen fakturak dirulaguntza izandako jardueran aplikatu direla.

c) Fakturak, adieraziko dutenak jarduera diruz lagungarriaren guztizko zenbatekoa. Hala ere, salbuespenez deialdiak ezartzen ahalko du fakturak emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren heinekoak izatea.

Nolanahi ere, fakturek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izatea.

–Jaulkitzailearen NANa edo IFZa eta izena edo sozietate-izena edukitzea.

–Fakturaren zenbakia eta jaulkipen eguna; egun hori jarduera garatu den aldikoa izanen da, ezinbestean. Dirulaguntza eman den urteko data eduki beharko dute, edo aitzineko urteko laugarren hiruhilekokoa. Jarduera puntuala baldin bada, aipatu jarduerari dagokion data.

–Jardueraren deskribapena.

d) Jarduerak sortutako gastuen zerrenda eta dokumentazio idatzia.

e) Beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek emandako dirulaguntzen zerrenda.

26. artikulua. 24. artikuluan aipatzen diren frogagiriak dirulaguntza ordaintzeko eskabidearekin batera aurkeztuko dira. Udalaren zerbitzu teknikoek espedientea aztertuko dute eta alkateari proposatuko diote dirulaguntza onetsi eta ordaintzea, bidezkoa bada. Alkateak espedientea ebatzi eta ordainketa onetsiko du.

27. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan jarraituko zaio honako arau hauetan ezarritakoari: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, hari buruz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten indarreko udal ordenantzen xedapenak, bai eta kontrakoa esaten dutenak ere.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2601657