2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BARBARIN
Udal hilerria arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena
Barbaringo Udalak, 2025eko irailaren 25ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal hilerria arautzen duen ordenantza.
Onespenaren erabakia argitaratu zen 2025eko 246. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 11n, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Barbarinen, 2026ko otsailaren 4an.–Alkatea, María Carmen Puerta Extremera.
BARBARINGO UDAL HILERRIA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA
ZIOEN AZALPENA
Barbaringo Udalak, bere udal hilerriak daukan historia-, giza- eta ondare-balioaz jabetuta, ordenantza hau onesten du, bermatzeko modu ordenatu, duin eta jasangarrian erabiltzen dela espazio sakratu hori. Barbaringo hilerria txikia da, eta ez dago handitzeko paradarik. Oroimenerako eta errespetu kolektiborako lekua da, eta, hura kontserbatzean, kontuan izan behar dira lasaitasuna, soiltasuna eta inguru naturalarekiko errespetua.
I. KAPITULUA.–Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea eta oinarri juridikoa.
Ordenantza honen xedea da Barbaringo udal hilerriaren erabilera, kontserbazioa eta kudeaketa arautzea, bai eta erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak ere, bat etorriz honako hauetan xedatuarekin: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 4., 25. eta 26. artikuluak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea eta osasun arloko araudi aplikagarria.
2. artikulua. Udalaren eskumena.
Barbaringo Udalari dagokio udal hilerria administratu, zuzendu eta zaintzea, honako hauei buruzko ahalmenak barne: higienea, osasuna, ehorzketak antolatzea, kontserbazioa, apaintasuna, eta tasak jasotzea.
3. artikulua. Espazio mugatua.
Udal hilerriak espazio mugatua du, eta espazio hori ezin da handitu. Hori dela eta, hilobiak eta kolunbarioak emanen dira baldin eta leku fisikorik badago, eta bermatuko da esparrua modu ekitatiboan eta arrazoizkoan erabiliko dela.
II. KAPITULUA.–Erabiltzeko eskubideak eta funtzionamendu arau orokorrak
4. artikulua. Erroldatuen lehentasunezko eskubidea.
Hilobiak edo kolunbarioak esleitzeko orduan lehentasunezko eskubidea izanen dute Barbarinen erroldatuta daudenek, bai eta udalerrian familia erroak dituztenek ere. Gainerako eskaera guztiek alkatearen berariazko baimena beharko dute, eta tokirik dagoen egiaztatu beharko da aurrez.
5. artikulua. Eskatzea eta baimentzea.
Ehorzteko edo errautsak gordetzeko eskaerak Udalari aurkeztu beharko zaizkio, eskabide normalizatuaren bidez. Hilobi edo kolunbario bat erabiltzeko, administrazio emakida edo alkatearen berariazko baimena beharko da, eta Udal Hilerriko Erregistro Liburuan inskribatu beharko da.
6. artikulua. Gorpuak lurperatzea eta lurpetik ateratzea.
Gorpuak lurperatu eta lurpetik ateratzeko, osasun arloan indarrean dagoen araudia bete beharko da, erabat errespetatuz hildakoen duintasuna. Gorpuak lurpetik ateratzeko, aurretiazko administrazio baimena beharko da, salbu eta epea iraungi delako egiten denean.
III. KAPITULUA.–Hilobiak eta kolunbarioak
7. artikulua. Erabilera araubidea.
Hilobiak banakako edo familiako ehorzketetarako emanen dira, gehienez ere 10 urterako. Tokirik badago, epea luzatzen ahalko da. Erroldatuek doan erabiltzen ahalko dute espazioa, gorpuak lurperatu eta lurpetik ateratzeko zerbitzuen tasak ordaindu ondotik.
8. artikulua. Kolunbarioak.
Barbaringo Udalak kolunbarioak jarriko ditu errauts-kutxatilak kontserbatzeko. Kolunbarioak hilerriaren arkitekturan integratuta egon behar dira. Administrazio emakida bidez esleituko dira, 25 urterako. Epea berritzen ahalko da, eta erroldatuek lehentasuna izanen dute. Kolunbarioek diseinu uniformea izan beharko dute, eta ingurua errespetatu.
9. artikulua. Kontserbatzea eta apaintzea.
Hilobien edo kolunbarioen titularrek garbitasun, segurtasun eta apaintasun baldintza egokietan mantendu beharko dituzte hilobiak edo kolunbarioak. Udalak eskatzen ahalko du elementu hondatuak konpontzeko edo multzoaren estetikarekin bat ez datozenak kentzeko.
IV. KAPITULUA.–Mantentze-lanak eta ingurumena errespetatzea
10. artikulua. Ingurua errespetatzea.
Hilerrian, jasangarritasuneko eta ingurumen errespetuko irizpideak beteko dira. Lehentasunez, bertako espezieak erabiliko dira, herbizidak mugatuko dira eta mantentze-lanak jardun ekologikoen bidez eginen dira. Debeku da hondakinak prestatutako ontzietatik kanpo botatzea edo esparruaren barruan erreketak egitea.
11. artikulua. Errespetuz eta duintasunez jokatzea.
Hilerriaren esparruaren barruan, errespetuz jokatu behar da, eta debeku da tokiaren garbitasun, isiltasun eta duintasunaren kontra aritzea.
V. KAPITULUA.–Araubide ekonomikoa eta tasak
12. artikulua. Tasak.
Gorpuak lurperatu eta lurpetik ateratzeko zerbitzuak emateagatik, errautsak gordetzeagatik eta kolunbarioak emateagatik, tasa batzuk sortuko dira, hain zuzen ere ordenantza honen I. eranskinean zehazten direnak, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearekin.
13. artikulua. Salbuespenak eta murrizketak.
Tasak ordaintzetik salbuetsirik egonen dira Barbarinen erroldatuta gutxienez hiru urte daramatenak. Gizarte arrazoiak tarteko, murrizketak ezartzen ahalko dira. Horiek behar bezala frogatu beharko dira, eta Udalak behar bezala erabaki beharko ditu.
VI. KAPITULUA.–Arau-hausteak eta zehapenak
14. artikulua. Arau-hausteak.
Arau-hausteak dira ordenantza honetan xedatutakoa urratzen duten ekintzak edo ez-egiteak, batik bat hilerriaren ohoreari, kontserbazioari edo erabilera desegokiari eragiten diotenak.
15. artikulua. Zehapenak.
Arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izaten ahal dira, eta zehatuko dira bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean xedatuarekin eta aplikagarria den estatuko araudian xedatuarekin.
AZKEN XEDAPENA
Honako ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, eta indarrean egonen da berariaz aldatu edo indargabetu arte.
I. ERANSKINA.–Hileta zerbitzuen tasak
1. Gorpuak lurperatzea (erroldatuak): salbuetsirik.
2. Gorpuak lurperatzea (erroldatu gabeak): 300 euro.
3. Gorpuak lurpetik ateratzea: 150 euro.
4. Kolunbarioen emakida (25 urte): 500 euro.
5. Kolunbarioen emakida berritzea (10 urte): 150 euro.
Iragarkiaren kodea: L2601681