Iragarkia
48. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 6a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARGUEDAS
Ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Arguedasko Udalak, 2025eko abenduaren 17an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, Arguedasko Udaleko herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituena.
Hasierako onespenaren iragarkia argitara eman zen 2026ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 13an, eta legearen araberako jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik, kexarik nahiz oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jarraian ageri den bezala gelditu da idatzirik.
Arguedasen, 2026ko otsailaren 25ean.–Alkatea, José Luis Sanz Zubieta.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA ARGUEDASKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, erregulatu daitezen Arguedasko udal-mugarteko herri-ondasunen xedapen-egintzak eta -ahalmenak, administrazioa, antolamendua, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendu-araubidea.
2. artikulua. Definizioak.
1.–Herri-ondasunak dira herriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 98.2 artikuluarekin.
2.–Ordenantza honetan ezarritako ondorioetarako, lurzati txikitzat jotzen dira bost hektarea edo gutxiagoko azalera dutenak, desafektazioaren xedea trukea bada; eta 280/1990 Foru Dekretuaren 145.2 artikuluan deskribatutako ezaugarriak dituztenak, desafektazioaren xedea salmenta bada.
3.–Desafektazioa da deklaratzea ezen jabari publikoko ondasun batek utzi diola erabilera edo zerbitzu publikoari lotuta egoteari.
4.–Erregu-lurra nekazaritzako neurri-unitate bat da, Nafarroan erabilia, eta 898,4560 m²-ren baliokidea da.
3. artikulua. Herri-ondasunen ezaugarri juridikoak.
Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dira ezein zergaren mende egonen, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 100. artikuluarekin bat.
Ez dute aldaketarik izanen beren izaera nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere herri-ondasunak aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.
Herri-ondasunak honako hauen arabera arautuko dira: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa –hemendik aurrera, TAFL–, IV. tituluko II. kapitulua, edo hura ordezten duen araua; 280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki-entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duena –hemendik aurrera, TEOE–, II. titulua, edo hura ordezten duen araua; 150/2002 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 2koa, Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena, edo hura ordezten duen araua; Nafarroako administrazio-zuzenbideko gainerako arauak; herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza hau; eta, besterik ezean, Nafarroako zuzenbide pribatuko arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluaren hirugarren apartatuan ezarritakoa.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN-EGINTZAK
5. artikulua. Administratzeko eta xedatzeko ahalmenak.
Arguedasko Udalaren ahalmena da herri-lurretako ondasunak xedatzea, administratzea, aprobetxatzea eta antolatzea, ordenantza honetan azaltzen den moduan.
Herri-ondasunen arloan Arguedasko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan eta Toki-entitateen Ondasunen Erregelamenduan ezarritakoetan.
6. artikulua. Herri-ondasunen desafektazioa.
1.–Herri-ondasunen desafektazioa kasu zehatz batzuetan egiten ahalko da soilik; hain zuzen, TAFLren 140. artikuluan eta TEOEren 142. artikuluan ezarritako kasuetan.
2.–Herri-ondasunen erabilera lagatzeko edo kargak ezartzeko desafektazioa egiten denean, kontuan hartuko dira TAFLren 140.2 artikulua eta TEOEren 143. artikulua.
3.–Kostu bidez edo doan eskualdatzeko desafektazioa egiten denean, lurzati txikia baino handiagoak diren lurrak trukatzeko, kontuan hartuko dira TAFLren 140.5 artikulua eta TEOEren 148. artikulua. Nolanahi ere, foru-lege bat beharko da onesteko.
4.–Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, TAFLren 140.3 artikuluarekin eta TEOEren 144. artikuluarekin bat, Nafarroako Gobernuak haien onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du foru-dekretu bidez, eta, hori baino lehen, Arguedasko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena edo kargen ezarpena, haiexek baitira lehentasunezko aukerak.
5.–Herri-ondasunak desafektatu ondoan haiek lagatzeko edo kargak ezartzeko erabakietan, baita lagapena, kargen ezarpena, salmenta edo trukea arautzen duten administrazio-klausulen agirietan ere, nahitaez itzultze-klausula bat sartu beharko da, eta hari lotuko zaio baldin eta desagertzen badira erabakiaren oinarri izan ziren xedeak, edo ez badira betetzen haietan ezarritako baldintzak.
Kontratuak dokumentu publikoan formalizatuko dira, itzultze-klausula jasota, eta Jabetza Erregistroan inskribatuko da.
Itzuliz gero, lur horiek Arguedasko Udalaren ondarera itzuliko lirateke, herri-ondasun gisa.
6.–Desafektazioa egiteko, beteko da TAFLren 140. artikuluan eta TEOEren 143. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedura.
III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua. Kontserbazioa, defentsa eta berreskuratzea.
Arguedasko Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio pribatizazio-saio orori nahiz kalte eragiten dien bestelako ekintza orori, TAFLren 110. artikuluan ezarritakoarekin bat.
8. artikulua. Jabetza berreskuratzea.
Arguedasko Udalak noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen edukitza, Udaleko idazkariak edo legelari batek txostena egin ondoren eta interesdunari entzun ondoren. Era berean, Arguedasko Udalak egintza zibilak sustatuko ditu, beharrezkoak direnean herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
9. artikulua. Interdiktuen debekua.
Ez da interdikturik onartuko Arguedasko Udalak arlo honetan egiten dituen jarduketen kontra, betiere legez ezarritako prozedurari lotu baldin bazaio.
10. artikulua. Erregistroko inskripzioa.
Arguedasko Udalak, ofizioz, bultzatuko du herri-ondasunak Jabetza Erregistroan inskribatu daitezela, eta inskribatuko ditu, inskribaturik ez daudenean, eta berariaz jasoko da herri-ondasunak direla.
11. artikulua. Immatrikulazioa.
Arguedasko Udalak Gobernuari jakinaraziko dizkio Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuak, finken immatrikulazioarekin loturik, edo herri-lurrekin mugakide diren finken gehiegizko hedadurarekin loturik. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horien gaineko erabakia.
12. artikulua. Amore ematea eta transakzio-hitzarmena.
Arguedasko Udalak ezin izanen du amore eman herri-ondasunen jabetzari eta gainerako eskubideei eragiten dieten demanda judizialen aurrean, ezta ondasunak herri-ondarera itzultzeari dagokionez ere, salbu eta transakzio-ahalmena jasotzen bada transakzio-hitzarmen batean (TAFLren 116.1 artikuluan eta TEOEren 30. artikulutik 32.era jasota dago transakzio-ahalmena), auzi bat saihesteko edo jada hasitako auzi bat bukatzeko xedez, TEOEren 31. eta 32. artikuluetan ezarritako edukiarekin eta prozedurarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak berariazko onespena eman ondoan.
13. artikulua. Eskubideak azkentzea.
Arguedasko Udalak administrazio-bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsagarriez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da; eta utzarazpen administratiboaren bidezko prozeduraren arauei jarraitu beharko zaie.
14. artikulua. Kontratuen interpretazioa.
Arguedasko Udalak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, galarazi gabe kontratisten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.
15. artikulua. Herritarren ekimena.
Arguedasko Udalak ez baditu bidezko diren ekintzak sustatzen herri-ondasunak defendatzeko, herritarren ekimena posible izanen da, zehaztuko den gisan. Ekimen horrek aurrera eginez gero, Arguedasko Udala behartuta egonen da herritarrei sortutako gastuak itzultzera.
IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
16. artikulua. Aprobetxamenduak.
Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:
a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua:
–Lehorreko lurzatiak (mendia).
–Ureztalurreko lurzatiak (ibarra).
–2638., 2637., 2639., 3050. eta 3051. lurzatiak (makaldia).
b) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.
17. artikulua. Onuradunak.
1.–Oro har, familia-unitateak izanen dira herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunak, TAFLren 142. artikuluarekin eta TEOEren 154. artikuluarekin bat, baldin eta titularrak honako baldintza hauek betetzen baditu:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Arguedasko biztanleen udal-erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea, urtebete lehenagotik.
c) Arguedasen urtean bederatzi hilabetez, gutxienez, jarraian egiazki bizitzea.
d) Arguedasko Udalarekiko zerga-betebeharrak egunean izatea.
e) Aurreko c) eta d) baldintzak bete ezean, dagokion espedientea tramitatu ondoren, herri-lurzatiak kenduko zaizkio adjudikaziodunari, gelditzen den adjudikazio-aldi osorako; lurrak, dauden bezala, Udalaren esku geldituko dira, eta onuradunak ez du izanen kalte-ordainik jasotzeko edo erreklamaziorik egiteko eskubiderik.
2.–Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
3.–Artikulu hau interpretatzean sor daitezkeen zalantzak Arguedasko Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, Nekazaritza, Abeltzaintza, Ingurumen eta Ehizako Batzordeak txostena egin ondotik.
II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA
18. artikulua. Modalitateak.
Hiru modalitatetan eginen dira Arguedasko laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak, lehentasun-ordena honen arabera:
a) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak.
b) Herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamenduak.
c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Arguedasko Udalaren zuzeneko ustiapena.
d) Bestelako aprobetxamenduak.
Arguedasko Udalak hiru modu horiek erabiliko ditu laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, bata bestearen ondoren, emandako ordenaren arabera.
1. ATALA.–HERRITARRENTZAKO LEHENTASUNEZKO APROBETXAMENDUAK
19. artikulua. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduen onuradunak.
1.–Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitatearen titular diren herritarrek bete beharko dituzte ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako baldintzak, eta familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak ezin dira izan lanbide arteko gutxieneko soldataren %30etik gorakoak, edo, bestela, familia-unitatearen diru-sarrerek, guztira, ezin dira izan halako soldata eta erdia baino handiagoak.
2.–Familia-unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera hartuko da kontuan, kide bakoitzeko.
3.–Errenta-mailak zehazteko erabiliko diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira. Lehenik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena hartuko da kontuan; era berean, beste irizpide batzuk erabiltzen ahalko dira, hala nola lansariak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, azienden eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta antzeko izaera duen beste edozein datu ere.
20. artikulua. Sorten azalera.
1.–Modalitate honetan, ereduko sortaren azalera honako hau izanen da, lanbide arteko gutxieneko soldata erdiaren besteko diru-sarrera garbiak sortzeko adinakoa dela joko baita:
–Lehorreko lurzatia: 24 erregu-lur.
–Ureztalurreko lurzatia: 5 erregu-lur.
Azalera horiek aldatzen ahalko dira, modu justifikatuan, osatzen diren sorten neurrien arabera.
2. Zehazteko zer sorta emanen zaizkien 19. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio ereduzko sortari:
a) Hiru kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea; hau da, lehorreko 25 erregu-lur edo ureztalurreko 6 erregu-lur.
b) Lau kidetik seira bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea; hau da, lehorreko 48 erregu-lur edo ureztalurreko 10 erregu-lur.
c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea; hau da, lehorreko 72 erregu-lur edo ureztalurreko 15 erregu-lur.
d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia-unitateak, 4 koefizientea; hau da, lehorreko 120 erregu-lur edo ureztalurreko 25 erregu-lur.
21. artikulua. Sorten banaketa.
1.–Arguedasko Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa-modalitate honetarako.
2.–Baldin eta familia-unitate askok betetzen badituzte herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduetarako baldintzak, eta horrek arazo sozialik sor badezake herrian, Arguedasko Udalak aukera izanen du ordenantza honen 19. eta 20. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzeko, proportzionalki eta modu justifikatuan, baina inoiz ez igo, betiere Nafarroako Gobernuak baimena eman ondoren.
22. artikulua. Aprobetxamenduaren epea.
1.–Aprobetxamendua erabiltzeko epea zortzi urtekoa izanen da, eta urte naturala hartuko da kontuan, epeak kontatzeko.
2.–Udalak herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa egiten ahalko du, TAFLren 152. artikuluan ezarritakoarekin bat, aurreko puntuan ezarritako zortzi urteak betetzeko gelditzen den eperako, baldin eta adjudikaziodun batek bere borondatez uko egiten badu, edo hari lurra kentzen bazaio ordenantza honen 17.1.e) artikuluan aipatutako arrazoiren batengatik, edo TAFLren 150. artikuluan eta TEOEren 164. artikuluan ezarritako kasuetan.
3.–Udalak herri-ondasunen lurzati bat edo batzuk okupatu behar baditu ezinbestean, utzarazpen administratiboaren prozedura erabiltzen ahalko du, eta ukitutako partikularrari kalte-ordaina emanen dio, peritatze ofizialaren bidez zehazten den zenbatekoan.
23. artikulua. Kanona.
1.–Herri-lurzatien onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu mota honetan:
–Lehorreko lurzatiak (mendia):
- Lehen kategoria: 6,04 euro erregu-lur eta urte bakoitzeko, eta 0,38 euro almuteko.
- Bigarren kategoria: 4,83 euro erregu-lur eta urte bakoitzeko, eta 0,30 euro almuteko.
- Hirugarren kategoria: 4,13 euro erregu-lur eta urte bakoitzeko, eta 0,26 euro almuteko.
–Ureztalurreko lurzatiak (ibarra):
- 68,93 euro erregu-lur eta urte bakoitzeko, eta 4,31 euro almuteko.
2.–Kanon hori proportzioan handitzen ahalko da, honako hauekin lotutako gastuak kontuan hartuta: bideen hobekuntza, uraren kontsumoa, elektrizitatearen gastuak, inbertsioak eta abar.
3.–Zenbateko horiek 2025erako proposatutako kanonari dagozkio, eta urtero eguneratuko dira, nekazaritzako KPIaren aldaketen arabera. Nolanahi ere, kanonak gutxienez ere estaliko ditu Arguedasko Udalak ordaindu beharreko kostuak.
24. artikulua. Lurrak zuzenean lantzea.
1.–Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.
2.–Lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen direla ulertuko da, halaber, baldin eta onuradunei adjudikatutako lurzatiak hainbaten artean lantzen badira, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen badira edo kide guztiek 17. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.
3.–Ordenantza honi dagokionez, lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen direla ulertzeko, adjudikaziodunak edo bere familia-unitateko kideek egin behar dituzte laborantza-lanak, eta lan horien ezaugarriak izanen dira ordenantza honen 17. artikuluan jasotzen direnak; ezin izanen dute soldatapekorik hartu, salbu eta unean-unean behar hori sortzen bada urteko sasoien edo nekazaritza-ustiapenaren gorabeherak direla eta. Hala ere, lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen direla ulertuko da baldin eta soldatapeko langileak hartzen badira, onuradunek ezin dituztelako lurrak landu, Udalaren iritziz, gaixotasun baten ondorioz edo aldi baterako beste arrazoi baten ondorioz.
Halakoetan, hamabost eguneko epean jakinarazi beharko zaio Arguedasko Udalari, behar den baimena eman dezan.
4.–Herri-lurzatien gaineko eskubidea galdu eginen da, gelditzen den adjudikazio-aldi osorako, dagokion espedientea tramitatu ondoan, baldin eta onuradunek ez badituzte lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen, edo hirugarrenei laborearen errentamendua, apartzeria edo lagapena egiten bazaie, edo lurrak lan pertsonala ez den modu batean ustiatzen badira. Horrelakoetan, lurrak Udalaren esku geldituko dira, dauden bezala, eta ez da izanen kalte-ordainik jasotzeko edo erreklamaziorik egiteko eskubiderik. Herri-lurzatien gaineko eskubideak galtzen dituzten onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.
5.–Baldin ezintasun fisikoa edo besteren bat behin betikoa bada, Udalaren iritziz, eta herri-lurretako lurzatiak ezin badira zuzenean eta pertsonalki landu, 25. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
25. artikulua. Lurrak lantzeko ezintasun fisikoa.
Arguedasko Udalak herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez edo enkante bidez adjudikatuko ditu herri-lurzatiak, baldin eta haien onuradunak ezin baditu lurrak zuzenean eta pertsonalki landu ezintasun fisikoagatik edo beste arrazoi batengatik, adjudikatzeko unean edo aprobetxamendu-aldiaren epe barnean, edo onuradunen bati lurren gaineko eskubidea kendu bazaio.
Arguedasko Udalak lurzatien onuradunei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie ezintasun fisikoa duten onuradunei, kanona kendu ondotik.
Arguedasko Udalak ahalmena du erabakitzeko noiz gertatzen den ezintasun fisikoa edo beste arrazoiren bat, eta egoki iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.
26. artikulua. Lurrak zuzenean lantzen direla egiaztatzea.
Arguedasko Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, ziurtatzeko lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen direla.
Honako kasu hauetan, ulertuko da ez dela lurra zuzenean eta pertsonalki lantzen:
a) Nekazaritzako makinak edukita, haiek ez erabiltzea adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.
b) Nekazaritza, Abeltzaintza, Ingurumen eta Ehizako Batzordearen ustean adjudikatutako lurzatiak ez badira zuzenean eta pertsonalki lantzen, ordenantza honetako 24. eta 25. artikuluetan xedatzen denaren arabera.
c) Egiaztagiriak eskatu ondoren, Arguedasko Udalak agindu epean honako hauen frogagiriak aurkezten ez direnean: lurra landu, lehengaiak erosi eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak; pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena; eta Nekazaritza Politika Erkideari (NPE) dagokion aitorpena.
d) Ez denean nekazaritzako etekinik aitortzen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, eta Nekazaritza Politika Erkideari (NPE) dagokion aitorpenik egiten ez denean.
e) Adjudikatutako lurzatiaren %80, gutxienez, lantzen ez denean.
f) Herriko labore-lurren jabe direnek hirugarrenei errentan eman dizkietenean, salbu eta nekazaritza ez den beste erabilera batzuetarako errentan emanda edo lagata dituztenean.
2. ATALA.–HERRITARRENTZAKO ZUZENEKO ADJUDIKAZIOKO APROBETXAMENDUAK
27. artikulua. Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa.
Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoan, gelditzen diren laborantzako herri-lurrak zuzenean adjudikatuko dira, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak eta onuradunei kentzen zaizkienak ere. Horrelakoetan, ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titular diren herritarren artean banatuko dira.
28. artikulua. Azalera.
1.–Udalak zehaztuko du zer azalera izanen duten herritarrentzako zuzeneko adjudikaziorako sortek, herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak adjudikatu ondoan; nolanahi ere, udal-mugarteko laborantzako herri-lurren %50 izanen dira.
2.–Sorten azalera aldatzen ahalko da, modu justifikatuan, kontuan hartuta zer azalera gelditzen den herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduen adjudikazioa egin ondoren, zenbat eskatzaile dauden, eta nola osatzen diren sortak. Familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan eginen da aldaketa, eta ordenantza honetan ezarritako irizpideak kontuan hartuta.
29. artikulua. Aprobetxamenduaren epea.
Adjudikatzeko aldia 22. artikuluan ezarritako berbera da.
30. artikulua. Kanona.
Herri-lurzatien onuradunek honako kanon hauek ordainduko dituzte, aprobetxamendu modu honetan:
–Lehorreko lurzatiak (mendia):
- Lehen kategoria: 6,04 euro erregu-lur eta urte bakoitzeko, eta 0,38 euro almuteko.
- Bigarren kategoria: 4,83 euro erregu-lur eta urte bakoitzeko, eta 0,30 euro almuteko.
- Hirugarren kategoria: 4,13 euro erregu-lur eta urte bakoitzeko, eta 0,26 euro almuteko.
–Ureztalurreko lurzatiak (ibarra):
- 68,93 euro erregu-lur eta urte bakoitzeko, eta 4,31 euro almuteko.
Kanon hori proportzionalki handituko da, kontuan hartuta honako hauekin lotutako gastuak: bideen hobekuntza, uraren kontsumoa, elektrizitatearen gastuak, inbertsioak eta abar.
Zenbateko horiek 2025erako proposatutako kanonari dagozkio eta urtero eguneratuko dira, nekazaritzako KPIaren aldaketen arabera.
31. artikulua. Lurzatiak zuzenean lantzea eta trukatzea.
Adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki landu beharko ditu lurrak eta, horretarako, 24., 25. eta 26. artikuluetan xedatutakoa bete beharko du.
Aurrekoa gorabehera, lurzatien adjudikaziodunek haiek trukatzen ahalko dituzte, finkak hobeki ustiatzeko, honako baldintzak betetzen badira:
1. Eskabideak Udalean aurkeztu beharko dira, bi alderdi interesdunek sinatuta, onets daitezen.
2. Pertsona berak ezin izanen ditu lurzatiak trukatu bi urtetik gorako aldirako, adjudikazioak indarra duen bitartean.
3. Lurzatien trukeak ezin izanen du inolako ordain ekonomikorik sortu eta, Udalak halakorik egiaztatuz gero, lurzatia kenduko dio egoera horretan dagoenari.
32. artikulua. Lehentasun-ordena.
1.–Aurkeztutako eskabideak lurrak baino gehiago badira, herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak adjudikatu ondoren, honako lehentasun ordena hau ezarriko da:
1. Nekazari gazte baten partaidetza duten nekazaritza-ustiategiak.
2. Lehentasunezko nekazaritza-ustiategiak.
3. Ogibide nagusia nekazaritza duten nekazariak (pertsona fisikoak), beren diru-sarreren alderantzizko ordena proportzionalean.
2.–Familia-unitateen errenta-mailak zehazteko, ordenantza honen 19.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.
3. ATALA.–ENKANTE PUBLIKOA EDO ARGUEDASKO UDALAK ZUZENEAN USTIATZEA
33. artikulua. Enkante publikoa.
1.–Arguedasko Udalak soberako lurra enkante publikoan adjudikatuko du, zehazten den eperako eta betiere beste banaketa bat egiten den arte gehienez, baldin eta laborantzako lurra sobera gelditzen bada lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan.
2.–Udalak ezarriko du erregu-lur bakoitzeko hasierako prezioa; inguruan antzeko ezaugarriak dituzten lurren errentamendu-prezioaren parekoa izanen da. Zenbateko horiek nekazaritzako KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.
34. artikulua. Zuzeneko ustiapena.
1.–Enkantea egin ondoan laborantzako lurrik gelditzen bada, Arguedasko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.
2.–Udalak sustatuko du nekazari gazteen kooperatibak edo lurra lantzeko talde kolaboratiboak sortu daitezela eta nekazaritza ekologikoa aplikatzen has dadila, baita bestelako ekimen batzuk ere, baldin sozialki eta ingurumenaren aldetik arduratsuak badira. Kasu horietan, eta hori justifikatzen duen espediente baten bidez, Udalak zuzeneko ustiapentzat joko du lurra gutxienez lau urtez lantzea, gizarte-ekimenak heldutasunera iritsi ahal izateko.
4. ATALA.–HERRITARRENTZAKO LEHENTASUNEZKO ADJUDIKAZIORAKO ETA ZUZENEKO ADJUDIKAZIORAKO PROZEDURA
35. artikulua. Hasiera.
Arguedasko alkatearen ebazpen baten bidez edo Tokiko Gobernu Batzarraren erabaki baten bidez, hamabost egun naturaleko epea irekiko da, herri-lurrak adjudikatzeko eskubidea dutela uste dutenek eskabidea aurkez dezaten. Udalaren iragarki-taulan ediktu bat argitaratuko da horren berri emateko.
36. artikulua. Dokumentazioa.
Eskabideekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, edo behar diren frogagiriak, honako hauen gainekoak:
a) Arguedasko bizilaguna izatea, gutxienez urtebete lehenagotik udal-erroldan alta emana, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.
b) Udalarekin zerga-betebeharrak egunean izatea.
c) Familia-unitatea osatzen duten kideen erantzukizunpeko adierazpena. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduetarako, adieraziko da ea kideren batek ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.
d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, aitortutako azken urteari dagokiona.
e) Nekazaritza Politika Erkidearen aitorpena.
f) Eskabidean adieraztea zein sortatako lurzatien adjudikazioa lehenesten den (1. sorta edo 2. sorta).
g) Frogatzea familia-unitate edo pertsona fisiko eskatzailea inskribatuta dagoela Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan, edozein modalitatetan.
h) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko zergapeko kapitalak, kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai Arguedasko mugartean bai beste batzuetan.
i) Erretiroa hartu behar duten adjudikaziodunek horren berri eman beharko diote Udalari erretiro-eguna baino lehen, hura gertatzen den urte naturalean.
j) Familia-unitateko kideren bat beste udalerri batean erroldatua badago, ziurtagiria aurkeztu beharko du, beste udalerri horretan herritar gisa edo haren herri-lurretan eskubiderik ez duela erakusteko.
Arguedasko Udalak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta-mailak egiaztatzearren; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, ordenantza honen 19.3 artikuluan zehazten den bezala.
37. artikulua. Behin-behineko zerrenda.
1.–Nekazaritza, Abeltzaintza, Ingurumen eta Ehizako Batzordeak proposatuta, Arguedasko Udalaren Gobernu Batzarrak lehentasunezko edo herritarren arteko adjudikazio modu bakoitzean onartutakoen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.
2.–Instalazioetan elementuak falta izateagatik edo plastikorik edo bestelako hondakinik ez kentzeagatik lurzatiak lantzeko moduan utzi ez dituzten adjudikaziodunak zerrendetan sartuko dira hasieran, baina haietatik baztertuko dira, baldin eta adierazitako epean antzeman diren arazoak konpontzen ez badituzte.
3.–Baldin eta eskatzaileetako bakar batek ere ez baditu betetzen herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduen adjudikaziorako baldintzak, ordenantza honen 17. eta 19. artikuluetan ezarriak, Udalaren Osoko Bilkurak ordenantza honen 27. artikuluari jarraikiz eginen du adjudikazioa, edo, kasua bada, 34. eta 35. artikuluei jarraikiz.
38. artikulua. Behin betiko zerrenda, alegaziorik jaso gabe.
1.–Udal honen iragarki-taulan jarriko da ikusgai modalitate bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda, hamabost egun naturalean, interesdunek bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak egin ditzaten.
2.–Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.
3.–Behin betiko zerrenda argitara emanen da Udalaren iragarki-taulan.
39. artikulua. Behin betiko zerrenda, alegazioak jasota.
1.–Partikularrek alegazioak aurkeztuz gero eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Udalak haien gaineko ebazpen bat emanen du, osoko bilkuran, Nekazaritza, Abeltzaintza, Ingurumen eta Ehizako Batzordeak txostena eman ondoren, eta behin betiko zerrenda onetsiko du, hartan adierazita nork duen eskubidea modalitate bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko.
2.–Behin betiko zerrenda argitara emanen da Udalaren iragarki-taulan.
40. artikulua. Sorten zerrenda.
1.–Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduan eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, Arguedasko Udaleko Nekazaritza, Abeltzaintza, Ingurumen eta Ehizako Batzordeak zerrenda batean adieraziko du zer sorta adjudikatuko zaizkion onuradun bakoitzari. Sorta horien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 20. artikuluaren araberakoak izanen dira.
2.–Herritarrentzako zuzeneko adjudikaziorako herri-lurren azalerari dagokionez, Arguedasko Udaleko Nekazaritza, Abeltzaintza, Ingurumen eta Ehizako Batzordeak zerrenda batean adieraziko du zer sorta adjudikatuko zaizkion herritarren zuzeneko aprobetxamenduko modalitatean behin betiko zerrendan dauden familia-unitateen titular bakoitzari. Sorta horien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 28. artikuluaren araberakoak izanen dira.
3.–Sorten zerrenda argitara emanen da udal honen iragarki-taulan, hamabost egun naturalean, alegazioak egin ahal izateko. Epe hori iragaten bada alegaziorik jaso gabe, sorten zerrenda behin betikoa bilakatuko da.
4.–Argitaratutako sorten zerrendei alegaziorik eginez gero edo akatsik egonez gero, haiek zuzendu ondoan, Osoko Bilkurak, Arguedasko Udaleko Nekazaritza, Abeltzaintza, Ingurumen eta Ehizako Batzordeak proposatuta, alegazioak ebatziko ditu, eta sorten zerrenda behin betikotzat joko du.
41. artikulua. Behin betiko adjudikazioa.
1.–Onuradunen eta sorten zerrendak egin ondoren, adjudikazioa zozketa bidez eginen da, jendaurrean, deialdia iragarki-taulan argitaratu ondoan. Lehenik herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduetarako zozketa eginen da, eta, ondoren, herritarrentzako zuzeneko adjudikaziorako zozketa, honela:
a.–Modalitate batean zein bestean onartutakoen behin betiko zerrendetan zenbakiak jarriko dira.
b.–Herri-lurzatiak zenbakituko dira, bai lehorreko lurrekoak bai ureztalurrekoak.
c.–Ondoren, betiko moduan, poltsa bakoitzetik zenbaki bana aterako da, bat herritarrari dagokiona, eta bestea lurzatiari dagokiona; horrela, behin eta berriz.
2.–Lurzatien zozketa amaitutakoan, Osoko Bilkurak behin betiko adjudikazioa egiteko erabakia hartuko du, eta zerrenda batean jasoko du nor diren adjudikaziodun berriak eta zein herri-lurzati dagokien.
3.–Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan zozketa eginda ikusten bada ez dagoela nahi adina lurzati zuzeneko esleipenaren bidezko eskatzaile guztiei adjudikatzeko, baztertu eginen dira diru-sarrera handienak dituzten familia-unitateetako titularren eskabideak.
4.–Osoko Bilkuraren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta interesdunei banaka jakinaraziko zaie.
5.–Erabakia aurkaratzen ahalko da, toki-administrazioari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko foru-legerian ezarritako bideak erabiliz.
42. artikulua. Borondatez uko egitea lurrak lantzeari.
1.–Norbaitek uko egiten badio egokitu zaion herri-lurzatia zuzenean eta pertsonalki lantzeari, aprobetxamenduaren epe osorako galduko da hura erabiltzeko aukera, ordenantza honen 22. eta 29. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Halaber, Udalari kalte-ordaina ordaindu beharko zaio sortu zaizkion kalteengatik, baita kasuan kasuko kanona ere, ukoa zein urtetan egin den, urte horri dagokiona.
2.–Hala ere, Udaleko organo eskudunaren ustean arrazoia behar bezala justifikatzen bada (lanpostua galtzea, langabeziako sorospenik gabeko langabetua izatea edo ezinbesteko bestelako arrazoiren bat), eta eskatzaileak 17. artikuluko baldintzak betetzen baditu, beste adjudikazio baterako aukera izanen du.
43. artikulua. Herriko biztanle izateari uztea.
Herri-lurzatiak erabiltzeko aukera, nolanahi ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: herriko biztanlea izateari uzteagatik, herrian urtean 9 hilabetean benetan ez bizitzeagatik, Arguedasko Udalarekin zerga-arloko betebeharrak egunean ez izateagatik, ordenantza honen 17. artikuluak agintzen duen moduan, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki ez lantzeagatik edo Udalak zehazten dituen beste baldintza batzuk ez betetzeagatik.
IV. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK
44. artikulua. Ehiza.
Herri-lurrak ehiza-barrutietan sartuz gero, dagokion araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da barruti horietako ehizaren aprobetxamendua.
45. artikulua. Harrobiak eta bestelako aprobetxamenduak.
Arguedasko Udalak prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu nahiz hobekuntza, haiek desafektatu ondoren.
Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du.
46. artikulua. Energia berriztagarriak.
1.–Arguedasko Udalak erraztasunak emanen ditu herri-lurretan energia berriztagarriak ekoizteko iturriak ezar daitezen, bat etorriz Nafarroako Energia Planarekin, Nafarroako Klima-aldaketaren Ibilbide-orriarekin (2017-2030-2050), klima-aldaketari buruzko estatuko eta Nafarroako legeekin eta Arguedasko udal-plan orokorrarekin.
2.–Herri-lurrak okupatu aurretik desafektazioa egin beharko da, haietan energia berriztagarriak ekoizteko iturriak eta horretarako behar diren azpiegiturak ezartzeko, eta Arguedasko Udalak kasu bakoitzerako baldintza-agiriak eginen ditu, baita aldez aurreko hitzarmenak ere, udalerrian energia berriztagarriak ezartzen laguntzeko. Okupazioak arau horiek guztiak bete beharko ditu.
Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du.
47. artikulua. Jarduera eta erabilera turistikoak.
1.–Arguedasko Udalak erraztasunak emanen ditu herri-lurretan turismo-jarduera jasangarriak ezar daitezen, bat etorriz udalerriaren estrategiarekin eta Arguedasko udal-plan orokorrarekin.
2.–Herri-lurrak okupatu aurretik desafektazioa egin beharko da, haietan turismo-jarduera jasangarriak eta horretarako behar diren azpiegiturak ezartzeko, eta Arguedasko Udalak kasu bakoitzerako baldintza-agiriak eginen ditu, baita aldez aurreko hitzarmenak ere, udalerrian turismo-jarduerak ezartzen laguntzeko. Okupazioak arau horiek guztiak bete beharko ditu.
Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du.
V. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN
48. artikulua. Hobekuntza-kasuak.
1.–Arguedasko Udalak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, dagozkien lurretan honako proiektu hauek egiteko:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herri-lurrak hobetzea edo, kasua bada, lurzatiak biltzea eta lehorreko lurrak ureztatzea, edo nekazaritza-labore ekologikoak ezartzea, udalerria garatzeko estrategikotzat jotzen badira.
c) Jarduera eta erabilera sozialak, kolaboratiboak edo prestakuntzakoak egitea, laguntza emateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio. Proiektu horiek arreta berezia ematen ahalko diote gazteak laneratzeari.
d) Udalerriarentzat interes estrategikoa duten jarduera jasangarriak ezartzea, hala nola energia berriztagarriak edo turismo-jarduerak ezartzea.
2.–Proiektu horiek Udalak sustatzen ahalko ditu, edo interesa duten bizilagunek nahiz Udalarekin hitzarmenak egin dituzten enpresek, baldin eta hitzarmen horietan aitortzen bada interes estrategikoa, soziala eta ingurumenekoa dutela, eta lehentasuna izanen dute.
3.–Kasu horietan, bide honi jarraituko zaio:
a) Arguedasko Udalak erabaki bat hartuko du proiektua onesteko, Arguedasko Udaleko Nekazaritza, Abeltzaintza, Ingurumen eta Ehizako Batzordeak proposatuta, eta arau batzuk ezarriko ditu ukitutako herri-lurren aprobetxamendua egiteko. Arau horiek ordenantza honetan txertatuko dira, titulu berri batean.
b) Proiektua jendaurrean egonen da hilabetez, eta Udalak erabakia hartuko du aurkezten diren alegazioei buruz.
c) Nafarroako Gobernuak onetsiko du.
4.–Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta horrek utzarazpen administratiboa ekarriko du, eta legezko kalte-ordainak jasotzeko eskubidea aitortzea titularrei, baita lurrak hobetzeagatik dagozkienak ere, zuzenbidez egoki bada.
49. artikulua. Onuradunak lurrak hobetzeko proiektua egitea.
Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Osoko Bilkurak onetsi beharko ditu, Arguedasko Udaleko Nekazaritza, Abeltzaintza, Ingurumen eta Ehizako Batzordeak proposatuta. Aldez aurretik jendaurrean jarriko dira, hamabost egunean, eta Udalak ebazpen bat eman beharko du aurkezten diren alegazioen gainean.
V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
50. artikulua. Arau-hausteak.
Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:
a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Udalak ezartzen dituen epeetan.
c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, aprobetxamendu modua edozein delarik ere.
d) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.
e) Herri-lurrak lantzea Udalak adjudikatu gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo soro utziak izan. Edo beste onuradun batzuei adjudikatutako sortak azpierrentamenduan lantzea.
f) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) landatzea, Udalaren baimenik gabe.
g) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.
h) Lurzatiak ez lantzea, urteren batean erein gabe geratu badira, Nekazaritza Politika Erkideak (NPE) hala eskatuta.
i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.
51. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:
a), b), c), d), e), f), g) eta h) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek bestelako zehapen bat ezarri ahal izatea.
Gainera, g) letrako arau-haustearengatik herri-lurren adjudikazioduna izateko eskubidea galduko da.
Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost ordaindu beharko da gutxienez, eta halako hamar, gehienez. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 1.200 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.
VI. TITULUA.–ERREKURTSOAK
52. artikulua. Errekurtsoa.
Gorabeherarik sortzen bada erregelamendu honen interpretazioa dela-eta edo Udalak osoko bilkuran berau aplikatzeko hartutako erabaki edo egintzak direla-eta, errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da hura ebazteko:
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.
–Berraztertzeko errekurtsoa, aukeran eta aurrekoa baino lehen, Udalari zuzendua, hilabeteko epean.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geldituko dira ordenantza honetako xedapenei kontra egiten dieten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.
Iragarkiaren kodea: L2603055
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
