48. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AOSKO KONTZEJUA

Herri-lurrei buruzko ordenantza. Behin betiko onespena

Aosko Kontzejuak, 2025eko azaroaren 19an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Aosko herri-lurrak arautzen dituen ordenantza. Hasierako onespenaren erabakia jendaurrean jarri zen Kontzejuaren iragarki-taulan, eta 2025eko 251. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 18an. Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jo, eta argitara ematen da haren testu osoa, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Aosen, 2026ko otsailaren 6an.–Kontzejuko burua, Salvador Domench Casado.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Aosko Kontzejuaren udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Definizioa.

Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Ezaugarriak.

Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Araubide juridikoa.

Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren gaineko ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN-EGINTZAK

5. artikulua. Aosko Kontzejuaren ahalmenak.

Aosko Kontzejuari dagokio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan ezartzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Aosko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Desafektazioa.

Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Aosko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren kasuetarako edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Aosko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira, herri-ondasun gisa.

Horretarako, jarraikiko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Zaintza, defentsa.

Aosko Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Berreskurapena.

Aosko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Finken hedadura soberakina.

Aosko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Aosko Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Transakzioak.

Aosko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, transakziorik egin nahi izanez gero ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren.

11. artikulua. Ondasunen gaineko eskubideen iraungipena.

Aosko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, azkendu nahi baditu baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Interpretazioa.

Aosko Kontzejuak, herri-lurrei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, galarazi gabe kontratisten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Herritarren ekimena.

Aosko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, zehaztuko den gisan. Aosko Kontzejuak, ekimen horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei.

IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua. Aprobetxamendu motak.

Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Izaera soziala.

Aosko Kontzejua ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.

16. artikulua. Onuradunen betebehar orokorrak.

1. Orokorrean, Aosko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea bi urte lehenagotik.

c) Bertan bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.

d) Udal honekin dituen zerga-betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak Aosko Kontzejuak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

17. artikulua. Herri-lurren itxitura.

Herri-lurretan itxiturak paratzeko Aosko Kontzejuko Alkatetzaren lizentzia idatzia beharko da, herri-lurren gaia daraman batzordeak aitzinetik txostena eginda.

Ez dira herri-lurrak jabetza pribatukoekin batera ixten ahalko, salbu eta hazkuntza estentsiboko abeltzaintzako ustiategietako titularrak badira eta herri-larreen adjudikaziodunak badira.

18. artikulua. Onuradunen arteko trukaketak.

Orokorrean, ez dira onartuko aprobetxamenduen trukaketak onuradunen artean. Eskaera batera egiten badute eta interesdun eta ukituak bat heldu badira, Aosko Kontzejuak baimena ematen ahalko du, herri-lurren gaia daraman batzordeak aitzinetik txostena eginda.

19. artikulua. Zuhaitzen landaketa.

Zuhaitzen landaketari dagokionez, Kontzejuak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak sustatzen dituenetan, baldin eta onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei, behin-behinekoz zein behin betiko, eragiten badiete. Hori egin baino lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari hiru hilabete lehenago.

Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

20. artikulua. Aprobetxamendu moduak.

Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Aosko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Aosko Kontzejuak hiru modu horiek baliatuko ditu laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA.–HERRITARRENTZAKO LEHENTASUNEZKO APROBETXAMENDUAK

21. artikulua. Onuradunak.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek bete beharko dituzte 16. artikuluan ezarritako baldintzak eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

2. Familia-unitatean baldin bada ezintasun fisikorik edo psikikorik duen kiderik, agiri bidez frogatuta, kide horietako bakoitzeko zenbatu beharreko diru-sarrera izanen da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren parekoa.

3. Errenta mailak zehazteko erabiliko diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira. Lehenik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena hartuko da kontuan; era berean, beste irizpide batzuk ebalua daitezke, hala nola: lansariak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako beste edozein datu ere.

22. artikulua. Lotearen azalera.

1. Honako azalera hau ezarri da eredu-lotetzat, modu honetan:

–Laborantzakoa: erregu 1.

2. 21. artikuluan ezarritakoa (lehentasunekoak) betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

a) 3 kide arteko famili-unitateak: 1 koefizientea = lehorreko 1 erregu.

b) 4 kidetik 6ra bitarteko familia-unitateak: 2 koefizientea = lehorreko 2 erregu.

c) 7 kidetik 9ra bitarteko familia-unitateak: 3 koefizientea = lehorreko 3 erregu.

d) 9 kide baino gehiagoko familia-unitateak: 5 koefizientea = lehorreko 5 erregu.

23. artikulua. Faktoreak beheratzea.

Asko badira herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamendurako ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateak, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Aosko Kontzejuak, aurretiaz Nafarroako Gobernuaren baimena izanik, ordenantza honen 23. artikuluan jasoriko faktoreak beheratzen ahalko ditu, proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Kontzejuak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

24. artikulua. Epea.

Erabiltzeko edo aprobetxatzeko epea ez da izanen zortzi urtetik beherakoa, ez eta laborearen bizitza baino handiagoa ere, baldin lurra urte anitzeko aprobetxamenduetarako erabiltzen bada.

Urte anitzeko laboreen kasuan, eta interesdunak eskatuta, Kontzejuak eskaera aztertu eta herri-lurren ardura duen batzordearen txostena ikusita, bidezko bada, baimena emanen du epea laborearen urte onuragarriak bukatu arte luzatzeko.

25. artikulua. Kanona.

Aosko Kontzejuak erabakiko du, osoko bilkuran, aprobetxamendu modu honetan herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu behar duten kanona, herri-lurrak adjudikatzeko espedientea hasteko erabakian.

Kanona izanen da gisako ezaugarriak dituzten lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %50.

Zenbateko hori urtero eguneratuko da, kontsumoko prezioen urtetik urterako KPIaren aldakuntzarekin.

26. artikulua. Zuzeneko laborantza pertsonala.

Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.

Onuradunei adjudikaturiko lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunak edo bere familia-unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, eta lan horien ezaugarriak izanen dira ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen direnak, eta ezin izanen dute hartu soldatapekorik, non ez duten horretara behartzen sasoien edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek.

Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko baldin, kontzeju honen iritziz, soldatapekoak hartzen badira laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun batengatik edo aldi baterako beste arrazoi batengatik.

Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Aosko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat behin betikoa bada Aosko Kontzejuaren iritziz, eta herri-lurren zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 27 a) artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

27. artikulua. Adjudikaziodun izateari uztea.

Adjudikaziodun izateari utzi nahi diotenek eskaera aurkeztu beharko dute Aosko Kontzejuaren Erregistroan, arrazoiak adierazita.

a) Ezintasun fisikoagatik.

Ezintasun fisikoa dela-eta onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, adjudikatzeko unean edo aprobetxamenduaren epean, Kontzejuko Erregistroan aurkeztu beharko du uzteko eskaria. Adjudikazioa uzteko eskaria onartuta dela, herri-lurren gaia eramaten duen batzordeak aldez aurretik txostena egin ondoan, Kontzejuak herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa baliatuko du.

Kontzejuak du eskumena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo besteren bat, eta, horretarako, egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Uzteko arrazoi sendorik ez baldin badago ere, onartzen ahalko zaio. Dena dela, ezin izanen da herri-lurretako lurzati baten onuradun izan, ez lehorrekoa ez ureztalurrekoa, beste adjudikazio aldi bat jende ororentzat irekitzen den arte.

b) Familia-unitateko beste kide bati subrogatuta.

Inork lurzatien onuradun izan nahi badu, jatorrizko eskatzaileak subrogatuta familia-unitatearendako eskatzaile gisa, eskaera idatzia aurkeztu beharko da Kontzejuko Erregistroan eta 16. artikuluko baldintzak betetzen dituela frogatu. Onuradunaren uztea eta familia unitate bereko titularrarendako subrogazioa onetsi ondoan, hura onuradun bilakatuko da, lehengo titularraren baldintza beretan.

c) Epea baino lehenagoko bajak.

Epea bukatu baino lehen, besterik gabe, adjudikaziodun izateari utzi nahi dioten onuradunek uzteko eskaera aurkeztu beharko dute Kontzejuaren erregistroan. Eskaera onar daiteke, baina halakoetan ezin izanen dira herri-lurretako lurzatien onuradunak izan, egokitu zitzaien adjudikazioaldi osoa bete arte.

d) Behartutako bajak.

Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kendu eginen zaizkie, adjudikazioaldia bukatu arte. Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

Adjudikaziodun izateari utziko diote onuradun izateko baldintzetako edozein betetzen ez dutenean.

Betiere, adjudikazioa utzi beharko dute laborantza urtean erretiratu edo pentsiodun bilakatzen diren onuradunek.

28. artikulua. Laborantza zuzenean eta norberak egiten duela ziurtatzea.

Aosko Kontzejuak noiznahi egiten ahalko ditu egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak, ziurtatzearren laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela.

Honako kasu hauetan, ulertuko da ez dela lurra zuzenean eta pertsonalki lantzen:

a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez erabiltzea adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.

b) Herri-lurren gaia eramaten duen batzordearen txostenaren ondoan osoko bilkurak gehiengo soilez hartzen duen erabakiaren arabera, adjudikatutako herri-lurrak zuzenean eta norberak lantzen ez dituenean, ordenantza honen 26. artikuluan xedatuari jarraikiz.

c) Honako hauei dagozkien egiaztagiriak eskatu ondoan, Kontzejuak agindu epean aurkezten ez dituenean: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, Europar Batasunaren Nekazaritza Politikari dagokion aitorpena, eta lurra lantzeari, lehengaiak erosteari eta produktuak saltzeko lanei dagozkienak, berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, eta Europar Batasunaren Nekazaritza Politikari dagokion aitorpena egiten ez duenean errentan emandako lurzatiengatik.

e) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen ez lantzea.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, horiek errentan ematea hirugarren batzuei.

g) Erretirodunak eta pentsiodunak.

2. ATALA.–HERRITARREI ZUZENEAN ADJUDIKATZEKO APROBETXAMENDUAK

29. artikulua. Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa.

Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoan, gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira, 16. artikuluan eta ondokoetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titular diren herritarren artean.

30. artikulua. Loteen azalera.

Udalak erabakiko du zein den herritarrendako adjudikzio zuzeneko loteen azalera, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, irizpide hauei jarraikiz:

a) Eskura dagoen azaleraren %25 banatzeko irizpidea izanen da eskatzaile bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioa.

b) Eskura dagoen azaleraren %75 banatuko da lehentasuna duten herritarren ustiategien titularren artean, irizpidea izanik eskatzaile bakoitzaren ustiategiaren azaleraren alderantzizko proportzioa.

31. artikulua. Epea.

Adjudikatzeko aldia 24. artikuluan ezarritako berbera da (8 urte, alegia).

32. artikulua. Kanona eta haren eguneratzea.

Aosko Kontzejuak erabakiko du, osoko bilkuran, aprobetxamendu modu honetan herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu behar duten kanona, herri-lurrak adjudikatzeko espedientea hasteko erabakian.

Zenbatekoa izanen da gisako ezaugarriak dituzten lurrak errentan emateko eskualdean izaten diren prezioen %90.

Zenbateko hori urtero eguneratuko da, kontsumoko prezioen urtetik urterako KPIaren aldakuntzarekin.

33. artikulua. Laborantza zuzenean egitea.

Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 26. artikuluan xedatua bete beharko da.

34. artikulua. Erreserba, onuradun berriendako.

Aosko Kontzejuak, egoki irizten badio, laborantzako herri-lurrak erreserbatuko ditu onuradun berriei adjudikatzeko; gehienez ere lur horien azaleraren %5.

35. artikulua. Familia-baratzeak.

Aosko Udalak ureztalurretako familia-baratzeak uzten ahalko ditu hala nahi duten familia unitateen titularren eskutan, baldin eta 26. artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte eta lurrik gelditzen bada premia hori asetzeko.

Adjudikazioa zortzi urterako izanen da.

Aosko Kontzejuak erabakiko du, osoko bilkuran, aprobetxamendu modu honetan herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu behar duten kanona, herri-lurrak adjudikatzeko espedientea hasteko erabakian.

Zenbateko hori urtero eguneratuko da, kontsumoko prezioen urtetik urterako KPIaren aldakuntzarekin.

Laborantza zuzenekoa eta pertsonala izanen da, ordenantza honetan ezartzen diren baldintzetan. Hala ere, erretiratuak eta pentsiodunak izaten ahalko dira familia-baratzeen onuradunak.

Horretarako, Aosko Udalak azalera bat gordeko du, eskaera horiei erantzuteko bezainbatekoa.

Eskatzaile kopurua nolakoa, halakoa izanen da loteen azalera.

3. ATALA.–ENKANTE PUBLIKO ARRUNTA

36. artikulua. Enkantearen bidezko adjudikazioa.

Aitzineko ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan laborantzako lur sobera baldin badago, Aosko Kontzejuak enkante publikoan eginen du adjudikazioa.

Arau orokorra izanen da 2 urte izatea enkante arrunt hauetako adjudikazio epea, non eta Kontzejuak, osoko bilkuran, gehiengo soilaz beste erabaki bat hartzen ez duen, herri-lurren ardura duen batzordeak txostena egin ondoan, izan ere erabaki dezake adjudikazio epea amaitzea lehenago adjudikatutako lurzatien adjudikazioa amaitzen denean.

Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 26. artikuluan xedatuari jarraituko zaio.

Kontzejuak ezarriko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa, eta hura izanen da inguruko gisako lurrak errentan emateko prezioaren antzekoa.

Zenbateko hori urtero eguneratuko da, kontsumoko prezioen urtetik urterako KPIaren aldakuntzarekin.

37. artikulua. Kontzejuaren zuzeneko ustiapena.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra sobera gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA.–ADJUDIKAZIO MODU GUZTIETARAKO PROZEDURA

38. artikulua. Adjudikaziorako eskaera aurkezteko epea.

Aosko Kontzejuak aitzinetik erabakia hartuta, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten.

39. artikulua. Dokumentazioa.

Eskaerei agiri hauek erantsiko zaizkie nahitaez:

a) Kontzejuaren erroldatze eta bizikidetza agiria, gutxienez bi urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatearen ziurtagiria.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideen aitorpena. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduen eskatzaileek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko azken urteko aitorpena, familia-unitateko kide guztiena.

e) Jabetzan dituzten laborantzako lurren azalera, eta laborantza motak.

f) Errentan edo jabetza ez den beste titulu baten bidez lantzen dituzten lurrak, eta laborantza motak.

g) Nekazaritza Politika Erkidearen adierazpena.

h) Jabetzako lurrak, hirugarrenei errentan emanak daudenak.

Eskatzaileren batek eskatzen zaizkion agiriak ekartzen ez baditu, akatsa zuzentzeko epea emanen zaio eta hura iraganik eskaera bertan behera gelditu dela ulertuko da.

40. artikulua. Onuradunen zerrendaren behin-behineko onespena.

Herri-lurrez arduratzen den batzordeak aztertu ondoan, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikazio modu bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan.

Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da eta alegazioak egin daitezen argitaratuko da.

41. artikulua. Alegazioak.

Aprobetxamendu modu bakoitzean onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda Kontzejuaren iragarki-taulan jarriko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko.

Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa izanen da.

Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda, modu bakoitzerako.

42. artikulua. Onuradunen behin betiko zerrenda.

Familia-unitatearen titular diren bizilagunen zerrenda ikusirik, Osoko Bilkurari igorriko zaio, behin betiko onets dezan, eta lurzatiak adjudikatzeko egunak emanen dira aditzera.

43. artikulua. Adjudikazioa.

Lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioaren behin betiko zerrenda ikusita, loteak adjudikatuko dira; haien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 22. artikulukoak izanen dira.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Kontzejuak loteak adjudikatuko dizkie herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren behin betiko zerrendan dauden familia-unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera izanen dira ordenantza honen 30. artikuluaren araberakoak.

Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, iragarki-taulan. Zerrendak Aosko Kontzejuak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

1. ATALA.–XEDAPEN OROKORRAK

44. artikulua. Bazkalekua.

Aosko udal-mugartea "a la revuelta" esan ohi zaion artzaintza mota duen bazkaleku bakar batean antolatzen da. Larreak aprobetxatzeko lurra osatzen dute Aosko Kontzejuaren herri-lurrek eta partikularrenak diren beste batzuek, baterako ustiapen unitatea osaturik antzinako ohiturari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz. Hartan sartzen dira une bakoitzean udal-mugartean dauden belar guztiak.

45. artikulua. Aziendaren osasun baldintzak.

Herri-lurretako larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria izanen du, indarra duten arauetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela dioena.

46. artikulua. Kanona.

Aosko Kontzejuak, osoko bilkuran, urtero finkatuko du aurrekontu arruntean larreen onuradunek ordaindu beharreko kanona, azienda eta alhatzeko eremua zehaztuta.

Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da bizi kostuaren igoerari egokitzearren, betiere Nafarroako abeltzaintzako produktuen kontsumoko prezioen indizearen arabera eguneratuko da urtero.

Aprobetxamenduaren adjudikazioaren urteko zenbatekoa ordainketa batean ordainduko du adjudikaziodunak amaitu den urtearen amaieran.

15 egun iragaten badira bidezko den zenbatekoa ordaindu gabe, adjudikazioa deuseztatutzat joko da, eta fidantza galduko.

47. artikulua. Fidantza.

Behin betiko adjudikaziodunak, Kontzejuaren aldeko fidantza eratu beharko du Udal Diruzaintzan, ordenantza honen eta adjudikazioaren baldintzak zehatz-mehatz betetzen direla bermatzeko.

Fidantza hori eskudirutan edo banku-abalaren bidez era daiteke, betiere adjudikazioa behin betikoa bilakatu ondoko 15 egun baliodunean.

Fidantza horren zenbatekoa izanen da adjudikazioaren lehen urteko kanonaren %10.

48. artikulua. Arriskua eta mentura.

Adjudikaziodunak bere gain hartzen du arriskua eta mentura; beraz, kanonean ez da murriztapenik eginen ezbeharragatik.

Orobat, ez du izanen eskubiderik larreen edo uraren erreklamazio osoa edo partziala egiteko, idorteagatik edo izadiko beste fenomeno batzuengatik, epizootiengatik, azienda hil zaiolako edo aprobetxamendua eskasten duen beste edozein ustekabe txar gertatu zaiolako. Udalak ere ez du bere gain hartuko adjudikaziodunaren ardurapeko langileek izan ditzaketen lan istripuengatik etor daitekeen erantzukizunik.

2. ATALA.–LARREAK

49. artikulua. Aprobetxamendua.

Larratzeko izanen den lurren azalera Kontzejuaren herri-lurrek eta partikularren lurrek osatzen dute.

Debeku da aziendak laborantza lurretan sartzea euriak (20 litro baino gehiago edo horien metaketak) amaitu eta 48 ordu igaro arte; uzta egin eta hurrengo egunetan, ez bada bildu zereal lastoa; eta landatuta dauden finka guztietan.

Halaber, debeku da aziendak hirigunean sartzea, baita hirigunetik kanpora jostetarako dauden eremuak eta zuhaitzez landatutako guneetan.

Debeku da aziendak Aosko hiriguneko bide publikotik igarotzea. Salbuespen bakarra dira aziendak beren instalazioetatik larreetara joateko erabili ohi izan diren abelbideak.

50. artikulua. Larreak gordetzea.

Aosko Kontzejuak ez du larreen parte bat gordeko urtero adjudikatzeko, onuradun berriendako. Larreen banaketa urte hasieran eginen da 16. artikuluan eta 55. artikuluan xedatutako onuradunen betekizunak betetzen dituzten abeltzainen artean. Ustiategi bakoitzaren azienda larriko unitateen arabera banatuko dira, edo haien artean adosten dutenaren arabera.

51. artikulua. Aprobetxamendua epea amaitu baino lehen uztea.

Aosko Udalak, onuradunei hiru hilabete lehenago jakinarazita, aprobetxamendu horien adjudikazioak bertan behera utz ditzake, herri-lur horietan hobekuntzak egiteko asmoa baldin badu, bazkaleku osoan izan edo haren parte batean izan.

3. ATALA.–ADJUDIKAZIO-PROZEDURA

52. artikulua. Modalitateak.

Aosko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modalitate hauetan eginen da, lehentasun-ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrei zuzenean adjudikatuz.

b) Tradiziozko ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

53. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako tilularrak izanen dira herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Ogibide nagusia nekazaritza edo abeltzaintza izan beharko dute eta aziendak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eta ustiapen liburuan ere jasorik.

54. artikulua. Zuzeneko aprobetxamendua.

Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Aosko Kontzejuak ulertuko du ez direla zuzenean erabiltzen ari, familia-unitateko titularrek aziendak ateratzen badituzte Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Azienden Erroldako Erregistrotik.

55. artikulua. Prozedura.

Aosko Kontzejuak erabakiko du, osoko bilkuran eta onuradun izan litezkeenek beren eskabideak aurkeztu aitzin, Aosko mugarteak jasan dezakeen aziendaburuen kopurua.

Urtero, urtarrilaren 2tik 15era, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eskatzen ahalko dute; eskatzeko epe hori igarota, ez dute larreen banaketan parte hartzen ahalko, hurrengo urtera arte.

Abeltzaintzan diharduten onuradunek, baldin eta larreen aprobetxamendua esleitua badute, ez dute urtero aurkeztu beharko adjudikaziorako eskaera, salbu eta azienda larriko uniteen abere-zama aldatzen badute eta beste banaketa bat eskatzen badute.

Eskaerei agiri hauek erantsiko zaizkie nahitaez:

a) Erroldatze agiria eta bizikidetasunarena, gutxienez bi urteko antzinatasuna adierazten duena, eta Aosen urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Aosko Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea.

c) Aitorpena, familia-unitatea zenbat kidek osatzen duten adierazten duena. Aparteko eranskinean adieraziko da horietakoren batek desgaitasun fisikorik edo mentalik duen.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko azken urteko aitorpena, familia-unitateko kide guztiena.

e) Nekazaritza Politika Erkidearen adierazpena edo udalerrian erroldatutako abeltzaintzako ustiategiaren liburua.

f) Abeltzaintzako ustiategiaren erantzukizun zibileko asegurua.

Aosko Kontzejuak beretako gordeko du behar den dokumentazioa eskatzeko ahalmena, zinpeko aitorpenaren edukia eta errenta mailak egiaztatzeko.

56. artikulua. Onuradunen zerrendaren behin-behineko onespena.

Aurkeztutako eskabideak eta Aosko herri-lurrek jasan dezaketen azienda karga ikusirik, behar den banaketa eginen da azienda espezie desberdinen arteko baliokidetasunak kontuan harturik, familia-unitatearen diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan. Herri-lurren ardura duen batzordeak behin-behinekoz onetsiko ditu onartuen zerrenda eta larreetan bazka daitezkeen azienda espezieak eta bakoitzeko buruen kopurua.

Behin-behineko zerrenda eginen da eta hura Kontzejuaren iragarki-taulan paratuko da hamabost egun baliodunean, erreklamazioak egiteko. Epe hori iraganik erreklamaziorik aurkeztu ez bada, behin betiko onetsitzat joko dira.

Alegaziorik egiten bada, egindako akatsak behin zuzenduz gero, herri-lurren ardura duen batzordeak haien gaineko ebazpena emanen du, eta herri-larreen aprobetxamenduak erabiltzeko eskubidea duten herritarren behin betiko zerrenda onetsiko.

57. artikulua. Onuradunen behin betiko zerrenda.

Onuradunak izateko eskubidea duten familia-unitateen titularrak diren bizilagunen zerrenda osoko bilkurara eramanen da, behin betiko onespena eman diezaion, eta belarrak aprobetxatzeko datak zehaztuko dira. Zerrenda 15 egunez egonen da ikusgai, iragarki-taulan.

58. artikulua. Epea.

Aprobetxamendua erabiltzeko epea urtebetekoa izanen da, eta urtero berrituko da. Hala ere, epe luzeagoa ezartzen ahalko da, Aosko Kontzejuak osoko bilkuran hala erabakitzen badu.

59. artikulua. Soberako larreak.

Ez da aurreikusten herritarren arteko banaketan larrerik soberan gelditzerik, baina hala gertatzen bada, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, Aosko Kontzejuak osoko bilkuran erabakitzen duen denborarako eta, betiere, eta herri-lurren ardura duen batzordeak aldez aurretik txostena eginda, indarra duen araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari loturik.

Udalaren enkante publikoan Kontzejuak kontuan edukiko du zenbait larre erreserbatzea herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidezko onuradun berrientzako, edo enkantearen agirian jasotzea kontratuaren ukoa.

60. artikulua. Aziendek egiten dituzten kalteak.

Bazkalekua aprobetxatzen edo larreez eta belarrez baliatzen diren azienden jabeak ordainduko ditu aziendek jabego partikularretan egiten dituzten kalteak.

Aziendek bide, areka eta ezpondetan egiten dituzten kalteak herri-lurren ardura duen batzordeak ebaluatuko ditu, eta peritazioaren ondotik, horiek konpontzeko epea emanen zaio abeltzainari, eta konpontzen ez baditu, Kontzejuak eginen du, baina konponketaren kostua abeltzainaren gain izanen da.

61. artikulua. Adjudikaziodunaren betebeharrak.

Hona hemen adjudikaziodunaren betebeharrak:

a) Azienda Aosen erroldaturik edukitzea, adjudikazioak dirauen bitartean.

b) Adjudikatu zaizkion lurrak azpierrentamenduan ez ematea beste inori, ez eta eskualdatzea ere.

c) Larreetarako adjudikatu diren lurretan laborantzetan ez aritzea.

d) Aziendak ez sartzea berriki landaketak egin diren baso-lurretan.

62. artikulua. Lur landu gabeak eta hobekuntzak.

Kontzejuak beretako gordeko du lurraren erabileraz erabakitzeko ahalmena; baita belar aprobetxamenduaren murrizketa ekartzen duenean ere, helburua bada azpiegitura lanak, basoberritzekoak, lehorreko lurrak berregituratu edo ureztalur bihurtzekoak, larreak sortzea edo basoberritzea, edo abeltzaintzarekin bateraezina den beste edozein erabilera egitea. Adjudikaziodunari entzutea emanen zaio sortzen den espedientearen gainean, eta eguneratuko da larreen adjudikazioaren prezioa.

IV. KAPITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA

63. artikulua. Egur epaitzak.

Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Aosko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

64. artikulua. Aprobetxamendua kentzea.

Aosko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Aosko Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

65. artikulua. Zuzenean erabiltzea.

Egur-loteak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea. Horretarako, errekerimendua egiten ahalko da frogatzeko berokuntza egur bidezkoa dela, edo sutondoa, sukalde ekonomikoa eta gisakoak erabiltzen direla.

66. artikulua. Irizpide sozialen araberako banaketa.

Egurra banatzerakoan, Aosko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emanen die egoera ekonomikorik apalena duten familia-unitateei.

67. artikulua. Irizpideak.

Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Aosko Kontzejua irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 21. artikuluan agertzen den bezala.

68. artikulua. Kanona.

Kontzejuak urtero finkatuko du epaitzaren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona.

69. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; hondakin horiek ezin dira pilatu bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bestelako tokietan. Betiere, kasu eginen zaie mendi zaindariordeak ematen dituen jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

Egur epaitza adjudikazio urtean moztu eta kendu behar da, etxeko egurraren aprobetxamendu berri bat eskatu ahal izateko.

70. artikulua. Haizearen eta elurraren ondorioz eroritako egurra, edo zuhaitz lehorrak.

Eguraldi txarraren ondorioz eroritako egurra kentzeko, udal baimena behar da, eta, horren aurretik, Nafarroako Gobernuko Basoen Zerbitzuaren baimena, eta eskabidea izapidetu beharko da.

V. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK

71. artikulua. Ehiza.

Herri-lurrak sartuz eratutako barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da jarraituz gaiari buruzko araudian ezarritakoari.

72. artikulua. Perretxikoak, onddoak eta boilurrak.

Libre geratzen da, eta une oro aplikagarri den araudiaren arabera arautuko da.

73. artikulua. Urak eta harrobiak.

Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Aosko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-orrien arabera eginen dira. Gainera, aprobetxamenduak jendaurreko informazioaren izapidea bete beharko du 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

74. artikulua. Hobekuntzak herri-lurretan.

1. Aosko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Lurzatien berrantolamendua.

c) Herri-lurrak hobetzea.

d) Proiektu sozialak egitea, laguntza emateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz bizilagun interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan izanen den prozedura:

a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuak onestea.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordainduko zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

75. artikulua. Herri-lurrak hobetzeko proiektua.

Toki erakundeak onetsiko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

76. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, aprobetxamendu modua edozein delarik ere.

d) Aprobetxamenduaren %80, gutxienez ere, ez egitea.

e) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.

f) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.

g) Udalak adjudikatu gabe, herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

h) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Udalaren baimenik izan gabe.

i) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

j) Ez betetzea Herri-larreetan Bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta lege hori garatzen duen erregelamendua.

k) Hilda dauden animaliak ehortzi gabe abandonatzea, mandotegian uztea izan ezik.

l) Larratze-eremuak ez errespetatzea.

m) Herri-larreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesaren gainean indarra duen araudia ez betetzea.

n) Azienda sartzea ordenantza honetan baimentzen ez diren lekuetan eta tenoreetan.

ñ) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egitate edo egintza.

77. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d), f), h) eta j) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenak ukatu gabe, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratzea, halakorik gertatu bada.

–i) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko eskubidea.

–Gainerako arau-hausteetan, ordaindu beharko da egindako kaltearen balioa halako bostetik halako hamarrera bitarte, eta errealitate fisikoa lehengoratu beharko da, aldatu baldin bada. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko da 60,10 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko zehapena.

–Zehapen prozedura Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatuari lotuko zaio eta, hala behar badu, honako hauetan ezarri denari: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta Zehapen ahalmena erabiltzeko prozedurari buruzko abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua.

78. artikulua.

Ordenantza honek ez die ematen ez Udalari ez aprobetxamenduen adjudikaziodunei bestelako eskubiderik; alegia, lehendik legeek emanak dituzte soilik. Era berean, lehendik zituzten horiek ez dizkiete kentzen.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten edo berarekin bat heldu ez diren udal ordenantza eta udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2601880