48. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

54/2026 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez ebazten baitira zenbait kirol proiektu eta jarduera interes sozialekotzat deklaratzeko eskaerak, bat etorriz Kultura eta Kiroleko kontseilariaren otsailaren 15eko 13/2023 Foru Aginduan ezarritakoarekin.

Kultura eta Kiroleko kontseilariaren otsailaren 15eko 13/2023 Foru Aginduaren bidez, ezartzen da zer baldintzatan deklaratzen diren interes sozialekotzat mezenasgoaren zerga pizgarrien onuradun izaten ahal diren kirol proiektu eta jarduerak, jarraituz maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan xedatutakoari (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko hainbat entitateren zerga araubide berezia eta mezenasgoaren zerga-pizgarriak arautzen dituzten xedapenen testu bategina).

Aipatu foru aginduan eskaerak aurkezteko ezarritako epeekin bat, 2025eko urriaren 1etik 31ra bitartean, honako proiektu eta jarduera hauetarako eskabideak aurkeztu ziren:

–"Navarra en la cumbre" proiektua, Uxue Murolas Aguerri andreak aurkeztua.

–"Navarra en la cumbre" proiektua, Ignacio Félix Barrio Fernández jaunak aurkeztua.

–"Actividad del Club Deportivo Lekunberri Kirol Elkartea" proiektua, Lekunberri Kirol Elkarteak aurkeztua.

–"Sakanako Harri Eskola" proiektua, Sakanako Harri Eskolak aurkeztua.

Kultura eta Kiroleko kontseilariaren otsailaren 15eko 13/2023 Foru Aginduaren eranskinaren 6. puntuan jasotako instrukzio jarduketak egin ondoren, eskaerak eta haien dokumentazioa igorri dizkio Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzak Nafarroako Kirolaren Kontseiluari, bertako Kirol Mezenasgoaren Batzordeak ebalua ditzan.

Eskaerak ebaluatu ondoren, Nafarroako Kirolaren Kontseiluak, Kirol Mezenasgoaren Batzordearen bitartez, aurkeztutako eskaerak onartzea edo ukatzea proposatu zion Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko kudeaketako zuzendaritzari.

Bestalde, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 17ko 664/2024 Ebazpenaren bidez, interes sozialekotzat deklaratu ziren, besteak beste, bi proiektu hauek: "Autodescubrimiento", Nafarroako Saskibaloi Federazioak aurkeztua, eta "Escuela de Béisbol Toros", Béisbol y Sófbol Toros klubak aurkeztua. Bi entitateek, 2025ean, eskatu dute deklarazio hori bost urtez luzatzea, beren proiektuak epe horretara arte luzatuko baitira.

Biek aurkeztu dute Kultura eta Kiroleko kontseilariaren otsailaren 15eko 13/2023 Foru Aginduan eskatutako urteko memoria, eta erantzukizunpeko adierazpen batean azaldu dute oraindik ere betetzen dituztela maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren 41. eta 42. artikuluetan ezarritako baldintzak (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko hainbat entitateren zerga araubide berezia eta mezenasgoaren zerga-pizgarriak arautzen dituzten xedapenen testu bategina). Hori horrela izanik, bidezkoa da deklarazioa eskatutako bost urtez luzatzea, jatorrizko indarraldia amaitzen denetik aurrera.

Ondorioz, bai Kultura eta Kiroleko kontseilariaren otsailaren 15eko 13/2023 Foru Aginduak, bai Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidaten ahalmenak baliatuz,

EBAZTEN DUT:

1. Interes sozialekotzat deklaratzea honako proiektu eta jarduera hauek:

–"Navarra en la cumbre" proiektua, Uxue Murolas Aguerri andreak aurkeztua.

–"Navarra en la cumbre" proiektua, Ignacio Félix Barrio Fernández jaunak aurkeztua.

Proiektuak gauzatzen diren bitartean bakarrik eta urtebetez, gehienez ere, izanen dute indarra interes sozialaren deklarazioek. Nolanahi ere, kirol mezenasgoaren onuradun deklaratu ondoren, pertsona horiek jarraitu nahi badute hurrengo ekitaldian interes sozialekotzat deklaratutako kirol jarduera bera egiten, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari eskatu beharko diote, urte horren lehen zortzi hilabeteetan, deklarazio horri eusteko, gehienez ere 5 urteko epean, eredu-programen kasuan. Eskaerarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute, adierazteko oraindik ere betetzen dituztela maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekreturen 41. eta 42. artikuluetan ezarritako baldintzak.

2. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 17ko 664/2024 Ebazpenaren bidez honako proiektu hauei emandako interes sozialeko deklarazioak luzatzea:

–"Autodescubrimiento" proiektua, Nafarroako Saskibaloi Federazioak aurkeztua, 2030eko ekainaren 30era arte.

–"Escuela de Béisbol Toros" proiektua, Béisbol y Sófbol Toros klubak aurkeztua, 2030eko abenduaren 31ra arte.

3. Ebazpen honen 2. puntuan jasotako entitate onuradunek memoria bat aurkeztu beharko dute Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzan, proiektuak irauten duen urte bakoitzeko martxoaren 1a baino lehen. Memoria horretan, frogatuko dute proiektua gauzatu dela, helburuak bete direla eta zer emaitza lortu diren, zehaztuko dute mezenasgo modalitateen bidez zer ekarpen jaso duten, eta ebaluatuko dute haiek zer eragin izan duten proiektuak edo jarduerak egitean.

4. Interes sozialeko deklarazioa ukatzea Lekunberri Kirol Elkarteak aurkeztutako "Actividad del Club Deportivo Lekunberri Kirol Elkartea" proiektuari, zati batean behintzat lehiaketa federatuetan parte hartzean datzan jarduera baita (maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren 41.3 artikulua).

5. Ez onestea Sakanako Harri Eskolak aurkeztutako eskaera, ez baitago maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren 40. artikuluan jasotako kirol mezenasgoaren onuradun izaten ahal diren entitateen artean (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko hainbat entitateren zerga araubide berezia eta mezenasgoaren zerga-pizgarriak arautzen dituzten xedapenen testu bategina).

6. Interes sozialekotzat deklaratutako proiektuak eta jarduerak dituzten pertsonek eta entitateek bete beharko dituzte Kultura eta Kiroleko kontseilariaren otsailaren 15eko 13/2023 Foru Aginduaren eranskineko 9. eta 10. ataletan ezarritako betebeharrak, bai aurkeztutako proiektuari dagokionez, bai Zerga Administrazioari dagokionez.

7. Kirol proiektua edo jarduera interes sozialekotzat deklaratuta ere, entitate onuradunek berdin-berdin eskuratu beharko dituzte hura gauzatzeko lizentzia, baimen edo komunikazioak, horiek ematea, zeinek bere eskumenen esparruan, beste erakunde batzuei dagokienean.

8. Interes sozialekotzat deklaratutako kirol proiektua Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, Kultura eta Kiroleko kontseilariaren otsailaren 15eko 13/2023 Foru Aginduaren eranskineko 13. atalean ezarritakoarekin bat.

9. Pertsona eta entitate onuradunek "MEDENA" anagrama erabiltzen ahalko dute beren komunikazio, aurkezpen, argitalpen eta dokumentuetan, baldin eta zerikusia badute interes sozialekotzat deklaratutako kirol proiektu eta jarduerekin.

10. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzari, Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Nafarroako Zerga Ogasunari.

11. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2026ko otsailaren 3an.–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Jorge Aguirre Oviedo.

Iragarkiaren kodea: F2601973