48. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

50E/2026 EBAZPENA, otsailaren 4koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita ibilgailuak, haien balio-bizitza bukatutakoan, tratatu eta kutsadura kentzeko zentro baimenduaren ingurumen baimen bateratua, instalazioa ixteko baldintzak ezartzeko. Horrenbestez, instalazioa ixteko proiektu teknikoan eta espediente administratiboaren parte den gainerako dokumentazio gehigarrian ezarritako baldintzak bete beharko dira, bai eta ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak ere. Instalazioa Berriobeitiko udal-mugartean dago, eta haren titularra Grupo Tuardn SL da.

Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 5.1 taldean.

2025eko azaroaren 21ean, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, instalazioa ixteko. Titularrak egiten duen jarduera erabiltzen ez diren ibilgailuak tratatu eta kutsadura kentzeko zentro baimendu bati dagokio. Baimendutako kudeaketa eragiketa honako hau da: R1200202, hondakinen osagaiak desmuntatzea eta bereiztea, substantzia arriskutsuak kentzea barne. Automobilak.

Aurkeztutako dokumentazioan jardueraren egoeraren proiektu bat dago, bai eta jarduera ixteko egin beharreko jarduketak ere.

Proiektu horren garapenak instalazioaren funtzionamendu baldintzak nabarmenki aldatzen dituenez eta aldaketa horiek instalazioaren ingurumen baimen bateratuan agertu behar direnez, baimena aldatu behar da iraungi baino lehen (proiektua burutu ondoren iraungiko da baimena).

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Aldatzea ibilgailuak, haien balio-bizitza bukatutakoan, tratatu eta kutsadura kentzeko zentro baimenduaren ingurumen baimen bateratua, instalazioa ixteko baldintzak ezartzeko. Horrenbestez, instalazioa ixteko proiektu teknikoan eta espediente administratiboaren parte den gainerako dokumentazio gehigarrian ezarritako baldintzak bete beharko dira, bai eta ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak ere. Instalazioa Berriobeitiko udal-mugartean dago, eta haren titularra Grupo Tuardn SL da.

Bigarrena.–Titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, adieraziz instalazioa ebazpen honetan ezarritako baldintza eta neurrien arabera itxi dela eta gelditu diren instalazioak ebazpen honen eranskinetan zehaztutakoarekin bat datozela.

Hirugarrena.–Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu arte, indarrean dagoen ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira. Gainera, ordura arte, instalazioa Hondakinen Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta egonen da, zeina Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 7/2022 Legearen 63. artikuluan arautzen baita.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere jasota daudenak Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen testu bateginaren III. tituluan; horrek ez du baztertzen sektoreko legedian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten jarraituko baitu.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Grupo Tuardn SLri eta Berriobeitiko Udalari.

Iruñean, 2026ko otsailaren 4an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Larrañeta Nido.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.

Iragarkiaren kodea: F2601949