48. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

31/2026 EBAZPENA, otsailaren 18koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, 2026-2027 ikasturtean enpresetan prestakuntza-egonaldiak egiteko deialdia onesten duena, irakasle hauei zuzenduta: Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan Lanbide Heziketako sistemako D eta E graduetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko zikloetan eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetan ari diren irakasleak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) 102. eta 103. artikuluetan xedatutakoaren arabera, "etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, baita hezkuntza-administrazioen eta ikastetxeen erantzukizuna ere", eta "hezkuntza-administrazioek irakasleen prestakuntza-jardueren plangintza eginen dute, jarduera horien eskaintza dibertsifikatua eta doakoa bermatuko dute eta irakasleek jarduera horietan parte hartzeko bidezko neurriak ezarriko dituzte".

Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 87. artikuluan ezartzen denez, "Lanbide Heziketako irakasle eta hezitzaile guztien eskubidea eta betebeharra da etengabeko prestakuntza, eta, era berean, administrazioen eta lanbide-heziketako ikastetxeen beren erantzukizuna ere bada"; bestalde, "enpresetako eta organismo parekatuetako prestakuntza-egonaldiak sustatu" behar direla ere xedatzen da.

Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuan, 174. artikuluan, xedatzen da irakasleek enpresetan eta organismo parekatuetan egiten dituzten prestakuntza-egonaldiek, beste helburu batzuen artean, ezagutzen transferentzia bideratu, lan kolaboratiboa sustatu eta irakasleak eguneratu behar dituztela, ekoizpen- eta zerbitzu-sektore bakoitzeko prozesu eta teknikak aldatzen ahal dituzten aldaketa teknologikoei eta jasangarritasunaren inguruko aldaketei dagokienez. Haien artetik, Hezkuntza Departamentuarentzat lehentasuna du uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 166. artikuluan jasotako profil berriei loturiko egitekoak dituzten irakasleen prestakuntza bermatzeak, eragina badute lanbide-orientazioan, gaitasun profesionalak ziurtatzean eta tutorizazio dualean eta LHren kalitate-bermearen Europako esparruari (EQUAVET) eta etengabeko prestakuntzari lotutako zereginak egiten badituzte.

Aurreko guztiarekin bat etorriz, Hezkuntza Departamentuarentzat estrategikoa da, halaber, enpresetako prestakuntza-egonaldi horien sustapena zabaltzea arte plastikoen eta diseinuaren inguruko lanbide-irakaskuntzetara eta araubide bereziko kirol-irakaskuntzetara. Arte plastikoen eta diseinuaren inguruko zikloei dagokienez, enpresa, estudio eta lantegietako prestakuntza-egonaldi gisa, prozedura artistikoen eta arte-kontzepzioen, prozesu teknikoen eta prozesu artistikoen aldaketetara errazago eguneratzeko irakasleak. Eta Kirol Irakaskuntzetako zikloen kasuan, enpresa eta kirol-erakundeetako prestakuntza-egonaldi gisa, irakasleak errazago eguneratu daitezen hastapenetako, gidatze-faseko eta oinarrizko entrenamenduko aldaketei dagokienez eta kasuan kasuko kirol-modalitatearen entrenamenduan eta hobekuntza teknikoan izandako aldaketei dagokienez.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du, 2026-2027 ikasturtean enpresetako egonaldiak egiteko deialdia onesten duen ebazpena eman dadin; ebazpen horren bidez finkatuko dira deialdiaren epeak, inskripzioak, epaimahaien eraketa eta, oro har, deialdia garatzeko arauak.

Azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz (foru-dekretu horrek ezarri zuen Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa),

EBAZTEN DUT:

1. 2026-2027 ikasturtean enpresetan prestakuntza-egonaldiak egiteko deialdia onestea, irakasle hauei zuzenduta: Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan Lanbide Heziketako sistemako D eta E graduetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko zikloetan eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetan ari diren irakasleak. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinetan ezartzen dira.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura eta deialdi honen xede diren irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2026ko otsailaren 18an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

1. ERANSKINA.–2026-2027 IKASTURTEKO DEIALDIAREN OINARRI OROKORRAK

Helburuak.

1. Lanbide Heziketako Sistemako D eta E graduetako irakasleentzako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko zikloetan eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetan ari diren irakasleentzako enpresetako prestakuntza-egonaldiek helburu hauek dituzte:

a) Lanbide Heziketako eta kirol-irakaskuntzetako ikastetxeen, arte-eskolen eta diseinuko goi-mailako ikastetxeen eta haien ekoizpen-, zerbitzu, kirol- eta arte-ingurunearen arteko lankidetza sustatzea, deialdiaren xede diren irakasleek enpresa-, kirol- eta arte-munduarekin –dagokionaren arabera– duten harremana errazte aldera.

b) Irakasleek, dagokionaren arabera, enpresa-, kirol- eta arte-prozesuetan integratu ondotik eskuratu dituzten ezagutza eta teknikak ikastetxean aplika daitezen sustatzea.

c) Irakasleen eguneratze zientifiko-teknikoa, kiroletakoa eta sorkuntza artistikokoa erraztea lan-prozeduren, hastapen-prozesuen, kirol-teknifikazioaren eta sorkuntza artistikoaren teknifikazioaren bidez (dagokionaren arabera), haien instrumentazioaren eta antolamendu-metodo berrien bidez.

d) Enpresetako eta organismo parekatuetako prestakuntzaren eskaintzarako aukera berriak ezagutzea, enpresa, estudio eta lantegietan prestakuntza praktikoa egiteko eta prestakuntza praktikoko blokerako, dagokionaren arabera.

e) Irakasleen egitekoen ezagutza hobetzea gaitasun profesionalak ziurtatzeari, lanbide-orientazioari, EQUAVET kalitate-esparruaren integrazioari, Lanbide Heziketaren izaera dualari eta etengabeko prestakuntzaren integrazioari dagokienez.

f) Ikastetxean eskuragai dauden teknologiak eta prozesuak eta aldez aurretik adierazitako egitekoen kudeaketa alderatzea lanaren, kirolaren eta artearen munduan daudenekin (dagokionaren arabera) eta Nafarroako Lanbide Heziketako sistemaren garapenetik eratorritako premiekin.

g) Zerbitzuen, kirolen eta artearen inguruko aurrerapen teknologikoen ikaskuntza eta berrikuntza sustatzea, baita aldez aurretik adierazitako egitekoen eguneratzeari dagozkionak ere, irakasleek eguneroko jardunean integratu ahal izan ditzaten eta gero gainerako irakasleei eta ikasleei helarazi ahal izan diezazkioten.

Parte hartzen ahal duten irakasleak.

2. Ebazpen honen xede den deialdian parte hartzen ahalko dute bigarren mailako irakaskuntzako kidegoko katedradunek, bigarren mailako irakaskuntzako kidegoko irakasleek, lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleek, Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoko irakasleek, Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegokoek eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lantegiko maistru-maistren kidegokoek, 2026-2027 ikasturtean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Enpresako prestakuntza-egonaldia egin nahi den aldian irakaslea zerbitzu aktiboan egon behar da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak kudeatzen dituen ikastetxe publikoetako batean.

b) Irakasleak ezin du eduki ez lehen graduko ahaidetasunik, ez bigarren gradukorik enpresaren, pareko erakundearen, estudioaren, lantegiaren edo kirol-erakundearen arduradunarekin, kasuaren arabera.

c) Iragartzen den enpresako prestakuntza-egonaldi bakoitzerako eskakizun espezifikoak betetzea.

d) Aldez aurretik iragarritako enpresako prestakuntza-egonaldi baten esleipenduna ez izatea, ebaluazio negatiboa izan bazuen.

e) Enpresako prestakuntza-egonaldi baten esleipenduna ez izatea aurreko hiru ikasturteetan: 2023-2024, 2024-2025 eta 2025-2026.

Enpresetako prestakuntza-egonaldien modalitateak.

3. Enpresako prestakuntza-egonaldien modalitate hauek ezartzen dira:

a) EE-1 modalitatea. Enpresa batean edo organismo parekatu batean, estudioetan, lantegietan eta kirol-erakundeetan egiten da (irakaskuntza-motari dagokionaren arabera), asteko lanaldi batez; horretarako, irakasle onuradunek lanaldiaren murrizketa bat izanen dute, hiru eskola-aldi eta bi aldi osagarrikoa.

b) EE-2 modalitatea. Enpresa batean edo organismo parekatu batean, estudioetan, lantegietan eta kirol-erakundeetan egiten da (irakaskuntza-motari dagokionaren arabera), aldi laburretan eta irakasleen eskola-ordutegitik kanpo.

4. EE-1 modalitatearen ezaugarriak:

–Prestakuntza-egonaldia eginen den enpresak hitzarmen aktiboak eduki beharko ditu eta ikasleak hartu beharko ditu prestakuntza egiteko enpresan edo organismo parekatuan, prestakuntza-fasea egiteko enpresan, estudioetan eta lantegietan eta prestakuntza praktikoko blokea egiteko, irakaskuntza-motari dagokionaren arabera. Halako hitzarmenik ez badu eta ikaslerik hartzen ez badu, irakaslearen enpresako prestakuntza-egonaldia garatzen ahalko du, betiere 2026-2027 ikasturtetik aurrera (ikasturte hori barne) ikasle horiek hartzeko hitzarmen bat adosten badu.

–Enpresako prestakuntza-egonaldia ezin da agertu ikasketa-plan batean eta ezin da erabili Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ematen duena ez beste ziurtagiri, diploma edo titulu bat lortzeko.

–Enpresako prestakuntza-egonaldiaren iraupena enpresarekin adostuko da; oro har, egonaldiak 2026ko irailaren 14tik 2027ko ekainaren 18ra artean eginen dira, eta iraupena 150 ordukoa izanen da gutxienez, egunean 5 ordu eginez.

–Norbaitek baja luzea hartzen badu edo prestakuntza-egonaldira ez bada azaltzen arrazoirik eman gabe, justifikazio egokia aurkeztu beharko da ezarritako epealdiaren barruan, honako oinarri honetan ezartzen den bezala: "Egonaldiaren justifikazioa eta ziurtagiria".

–Enpresako prestakuntza-egonaldi honen ziurtagiria 150-280 ordu artekoa izanen da, oro har, enpresan edo entitatean prestakuntza-egonaldia burutu ondotik aurkezten den dokumentazioaren arabera. Orduak gutxiago izan daitezke baja luzea hartuz gero edo justifikatuta lanera huts eginez gero.

5. EE-2 modalitatearen ezaugarriak:

–Prestakuntza-egonaldia eginen den enpresak hitzarmen aktiboak eduki beharko ditu eta ikasleak hartu beharko ditu prestakuntza egiteko enpresan edo organismo parekatuan, prestakuntza-fasea egiteko enpresan, estudioetan eta lantegietan eta prestakuntza praktikoko blokea egiteko, irakaskuntza-motari dagokionaren arabera. Halako hitzarmenik ez badu eta ikaslerik hartzen ez badu, irakaslearen enpresako prestakuntza-egonaldia garatzen ahalko du, betiere ikasle horiek 2026-2027 ikasturtetik aurrera (ikasturte hori barne) hartzeko hitzarmen bat adosten badu.

–Modalitate honek aukera ematen du ekoizpenaren, zerbitzuaren, artearen eta kirolen sektore egokiko alderdi zehatzen inguruko enpresako egonaldi laburreko prestakuntza garatzeko.

Modalitate honetan, egonaldi bat egiten ahalko da enpresa batean ikasturte bakoitzean, eta iraupena bi hilekoa izanen da gehienez.

–Enpresako prestakuntza-egonaldi honen ziurtagiria 50 ordukoa izanen da, oro har, enpresan edo entitatean prestakuntza-egonaldia burutu ondotik aurkezten den dokumentazioaren arabera.

Enpresako prestakuntza-egonaldien 2026-2027ko deialdia.

6. EE-1 modalitateko enpresako prestakuntza-egonaldien 15 plaza iragartzen dira, banaketa honen arabera:

a) 1. egonaldia. Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza-egonaldiaren gaia. Nafarroako Lanbide Heziketako Sistemako lanbide-ziurtapenen prozedurari buruzko irakasleen egitekoen ezagutzan sakontzea. Gauzatzea: Lanbide Ziurtapenen Atalean, Hezkuntza Departamentuko langileentzako ordutegian. Parte hartzeko baldintza espezifikoa: 2026-2027 ikasturtean gaitasun profesionalak ziurtatzeko arduradunaren zereginak egiteko aurreikuspena izatea, ikastetxeko zuzendariak sinatua.

b) 2. egonaldia. Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza-egonaldiaren gaia. Nafarroako Lanbide Heziketako Sistemaren ebaluazioa eta kalitatea ezartzearen eta kudeatzearen inguruko egitekoen ezagutzan sakontzea EQAVET esparruaren bidez. Gauzatzea: Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalean, Hezkuntza Departamentuko langileentzako ordutegian. Parte hartzeko baldintza espezifikoa: 2026-2027 ikasturtean kalitate-arduradunaren zereginak egiteko aurreikuspena izatea, ikastetxeko zuzendariak sinatua.

c) 3. egonaldia. Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza-egonaldiaren gaia. Nafarroako Lanbide Heziketako Sistemako orientazio profesionala ezartzeari eta kudeatzeari buruzko irakasleen egitekoen ezagutzan sakontzea. Gauzatzea: Lanbide Heziketako Antolamenduko eta Ebaluazioko Atalean, Hezkuntza Departamentuko langileentzako ordutegian. Parte hartzeko baldintza espezifikoa: 2026-2027 ikasturtean hezkuntza-orientazioko edo talde-tutoretzako zereginak egiteko aurreikuspena izatea, ikastetxeko zuzendariak sinatua.

d) 4. egonaldia. Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza-egonaldiaren gaia. Nafarroako Lanbide Heziketako Sistemako etengabeko prestakuntza ezartzearen eta kudeatzearen inguruko irakasleen egitekoen ezagutzan sakontzea. Gauzatzea: Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren eta Enpresen Atalean, Hezkuntza Departamentuko langileentzako ordutegian. Parte hartzeko baldintza espezifikoa: 2026-2027 etengabeko prestakuntzaren arduradunaren zereginak egiteko aurreikuspena izatea, ikastetxeko zuzendariak sinatua.

e) 5. egonaldia. Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza-egonaldiaren gaia. Nafarroako Lanbide Heziketako Sistemaren izaera dualaren esparruan irakasleek prospekzio eta tutorizazio dualaren inguruan dituzten egitekoen ezagutzan sakontzea. Gauzatzea: Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren eta Enpresen Atalean, Hezkuntza Departamentuko langileentzako ordutegian. Parte hartzeko baldintza espezifikoa: 2026-2027 ikasturtean tutore dualaren zereginak egiteko aurreikuspena izatea, ikastetxeko zuzendariak sinatua.

f) 6. egonaldia. Enpresa, estudio eta lantegietako prestakuntza-egonaldiaren gaia. Irakasleak eguneratzea prozedura-artistikoen eta arte-kontzepzioen, prozesu teknikoen eta prozesu artistikoen aldaketei dagokienez, irakasle eskatzaileek proposaturiko zehaztasunaren eta garapenaren arabera. Gauzatzea: Irakasle eskatzaileek hautatutako enpresa, estudio edo lantegian. Parte hartzeko baldintza espezifikoa: Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegokoa edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegokoa izatea.

g) 7. egonaldia. Enpresa edo organismo parekatuko egonaldiaren gaia: Irakasleak eguneratzea ekoizpen- eta zerbitzu-sektore bakoitzeko prozesu eta teknikak aldatzen ahal dituzten aldaketa teknologikoei eta jasangarritasunaren inguruko aldaketei dagokienez, irakasleek proposaturiko zehaztasunaren eta garapenaren arabera. Gauzatzea: Irakasle eskatzaileek hautatutako enpresa edo organismo parekatuan. Baldintza espezifikoa: "Informatika" edo "Sistema eta aplikazio informatikoak" espezialitateetakoa izatea.

h) 8. egonaldia. Enpresa edo organismo parekatuko egonaldiaren gaia: Irakasleak eguneratzea ekoizpen- eta zerbitzu-sektore bakoitzeko prozesu eta teknikak aldatzen ahal dituzten aldaketa teknologikoei eta jasangarritasunaren inguruko aldaketei dagokienez, irakasleek proposaturiko zehaztasunaren eta garapenaren arabera. Gauzatzea: Irakasle eskatzaileek hautatutako enpresa edo organismo parekatuan. Baldintza espezifikoa: "Sistema elektronikoak", "Sistema elektrotekniko eta automatikoak", "Ekipo elektronikoak" edo "Instalazio elektroteknikoak" espezialitateetakoa izatea.

i) 9. egonaldia. Enpresa edo organismo parekatuko egonaldiaren gaia: Irakasleak eguneratzea ekoizpen- eta zerbitzu-sektore bakoitzeko prozesu eta teknikak aldatzen ahal dituzten aldaketa teknologikoei eta jasangarritasunaren inguruko aldaketei dagokienez, irakasleek proposaturiko zehaztasunaren eta garapenaren arabera. Gauzatzea: Irakasle eskatzaileek hautatutako enpresa edo organismo parekatuan. Baldintza espezifikoa: "Irudi eta soinuko teknika eta prozedurak" edo "Komunikazioaren prozesuak eta komunikabideak" espezialitateetakoa izatea.

j) 10. egonalditik 15.era: Enpresa edo organismo parekatuko egonaldien gaia: Irakasleak eguneratzea ekoizpen- eta zerbitzu-sektore bakoitzeko prozesu eta teknikak aldatzen ahal dituzten aldaketa teknologikoei eta jasangarritasunaren inguruko aldaketei dagokienez, irakasleek proposaturiko zehaztasunaren eta garapenaren arabera. Gauzatzea: Irakasle eskatzaileek hautatutako enpresa edo organismo parekatuan. Baldintza espezifikoa: 7., 8. eta 9. egonaldietan adierazitakoez bestelako Lanbide Heziketako Sistemako D eta E graduetan irakasteko eskumena duten beste espezialitate batzuetakoa izatea.

7. Enpresetako prestakuntza-egonaldien EE-2 modalitaterako deialdian ez da toki mugarik ezarri.

8. Irakasle parte-hartzaileek adierazitako enpresetako prestakuntza-egonaldi bakar batean parte hartzen ahalko dute, dela "EE-1" modalitatekoa, dela "EE-2" modalitatekoa.

Eskabideak aurkezteko epea.

9. Enpresetako prestakuntza-egonaldien EE-1 modalitaterako eskaerak, 2026-2027 ikasturtekoak, 2026ko martxoaren 9tik 13ra bitarte aurkeztu beharko dira.

10. Enpresetako prestakuntza-egonaldien EE-2 modalitaterako eskaerak, 2026-2027 ikasturtekoak, ikasturte horretako edozein unetan aurkezten ahalko dira.

11. Eskaera erregistro telematikoaren bidez egin beharko da, Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluazioko Atalari bidalitako eskaera baten bidez, eta izapide-fitxa honetan ageri den dokumentazioa aurkeztu behar da:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Estancias-en-empresas-para-actualizacion-cientifica-y-tecnologica-de-docentes

Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Enpresako prestakuntza-egonaldiak eskatzeko formularioa: adierazi beharko da zer egonaldi eskatzen den, eta ikastetxeko zuzendariaren oniritzia izan beharko du nahitaez. "Egonaldiak enpresetan Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Kirol Irakaskuntzetako irakasleen gaurkotze zientifiko eta teknologikorako" izapide-fitxako ereduaren arabera egin behar da; helbide honetan dago:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Estancias-en-empresas-para-actualizacion-cientifica-y-tecnologica-de-docentes

b) Eskatzen den enpresako prestakuntza-egonaldiaren proiektua, adierazitako izapide-fitxan agertzen den ereduaren araberakoa, enpresak eta eskatzaileak sinatua eta zigilatua (1. egonalditik 5.era bitarteko egonaldietan izan ezik: ez dute eduki behar Hezkuntza Departamentuko dagokion atalaren sinadurarik).

c) Zinpeko adierazpena, izapide-fitxako ereduaren arabera egina eta eskatzaileak sinatua.

d) Hedapenerako eta prestakuntzarako konpromisoa, izapide-fitxako ereduaren arabera egina eta eskatzaileak sinatua.

Hautaketa-irizpideak. Enpresetako prestakuntza-egonaldien EE-1 modalitatea.

12. 1. egonalditik 15.era bitartekoen eskaerak honako lehentasun-irizpide hauen arabera ordenatuko dira:

a) Lehena. Funtzionarioen eta kontratu finkoa dutenen eskaerak.

b) Bigarrena. Administrazio-kontratua (bitartekoa) dutenen eskaerak.

13. 1. egonalditik 5.era bitartekoetan, aurreko apartatuan adierazitako irizpideak aplikatzetik eratorritako talde bakoitza ordenatuko da proiektuan bi alderdi hauek kontuan hartuta:

–Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak dagokion egonaldiaren gaian adierazitako linea estrategikoa.

–Dagokion egonaldiaren gaian proposaturiko jarduketa berritzaileak.

Lehenik, bi alderdiak kontuan hartzen dituzten proiektuak jarriko dira, eta, bigarrenik, bi alderdiak kontuan hartzen ez dituztenak.

14. 6. egonalditik 15.era bitartekoetan, 12. apartatuan adierazitako irizpideak aplikatzetik eratorritako talde bakoitza ordenatuko da proiektuan, hauetako alderdiren bat kontuan hartuta:

–Nafarroan eskaintzen diren Lanbide Heziketako Sistemako E graduak eta D graduetako eskaintza modularrak.

–Ikastetxean 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan eskainitako ziklo berriak.

–Digitalizazioaren eta trantsizio berdearen/ekologikoaren inguruko alderdiak.

–Garapen jasangarrirako helburuak - 2030 Agenda.

Lehenik, adierazitako alderdiren bat kontuan hartzen duten proiektuak jarriko dira, eta, bigarrenik, horietako alderdietako bat ere kontuan hartzen ez dutenak.

15. 13. eta 14. apartatuetan adierazitako irizpideak aplikatzetik eratorritako talde bakoitza ordenatzeko, eskatzaileak enpresako prestakuntza-egonaldiaren proiektuan lortutako balorazioari jarraituko zaio. Dagokion hautaketa-batzordeak eginen du balorazioa, alderdi hauek kontuan hartuz:

a) 1. egonalditik 5.era bitarteko egonaldiak:

–Proiektuaren zorroztasuna eta koherentzia, proiektuaren helburuak eta edukiak egokiak izatea eskatutako enpresako egonaldiko gaiaren ezarpen eta kudeaketarako (3 puntu gehienez).

–Enpresako egonaldiaren gaian eskatzailearen ikastetxean 25-26 ikasturtean egindako jarduketak beste ikastetxe batzuetara eskalatzeko aukera (2 puntu gehienez).

b) 6. egonalditik 15.era:

–Proiektuaren zorroztasuna eta koherentzia, proiektuaren helburuak eta edukiak egokiak izatea Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko edo Kirol Irakaskuntzetako heziketa-zikloetarako (3 puntu gehienez).

–Ezagutza teknikoak, teknologikoak, artistikoak edo kirol-arlokoak, kasuaren arabera, eguneratuta egotea, hain zuzen ere haien izaera espezifikoa dela-eta zaila denean beste baliabide batzuekin eskuratzea (1 puntu gehienez).

–Enpresako prestakuntza-egonaldiaren emaitza dagokion zikloan aplikatzeko aukera (eragina duten ikaskuntzako emaitzak eta modulu profesionalak) eta gainerako irakasleei ezagutza transferitzeko aukera (gehienez ere puntu bat).

c) Enpresako egonaldi guztietan, 2 puntuko gutxienekoa lortzen ez duten eskabideak ez dira izaten ahalko enpresako egonaldiaren esleipendun.

16. 1. egonalditik 5.era bitarteko egonaldietan, oro har, enpresako prestakuntza-egonaldi bat esleituko da gehienez ikastetxe bakoitzeko. Bere gaian puntuazio handiena lortu duen eskaera bat baino gehiago baldin badago ikastetxe batean, adierazitako lehentasun-irizpideen arabera lehen postuan den eskaerari esleituko zaio enpresako prestakuntza-egonaldia, eta esleipendun suertatu den enpresako egonaldiaren bigarren eskaera, berriz, dagokion gaiko egonaldiaren bigarren lehentasun-postuan gelditu denari. Irizpide hori aplikatu ondotik egonaldiren bat hutsik gelditzen bada, egonaldi bat baino gehiago ematen ahalko da ikastetxe bakoitzeko.

1. egonalditik 5.era bitarteko egonaldiren bat hutsik gelditzen bada (esleitu gabe) eta enpresako gainerako prestakuntza-egonaldien kopurua baino handiagoa bada eskaeren kopurua, haiei esleitzen ahalko zaizkie plaza hutsak.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa aplikatu ondotik egonaldi hutsak baleude artean, 10. egonalditik 15.a bitarteko egonaldiei gehituko litzaieke plaza hutsa.

17. 6. egonalditik 9.era bitarteko egonaldietako bakoitzean egonaldi bana esleitzen da ikastetxe bakoitzeko. 10. egonalditik 15.era bitarteko egonaldietan, oro har, enpresako prestakuntza-egonaldi bat esleituko da gehienez ikastetxe bakoitzeko familia profesionalen ataleko.

6. egonalditik 15.era bitarteko egonaldiren bat hutsik gelditzen bada (esleitu gabe) eta enpresako gainerako prestakuntza-egonaldien kopurua baino handiagoa bada eskaeren kopurua, haiei esleitzen ahalko zaizkie plaza hutsak.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa aplikatu ondotik egonaldi hutsak baleude artean, 1. egonalditik 5.era bitarteko egonaldiei gehituko litzaieke plaza hutsa.

18. Aurreko irizpideak eta jarraibideak aplikatu ondotik balorazioan berdinketaren bat ebatzi behar bada, 2025-2026 ikasturteko onartze-prozesuetan aplikatzeko egindako zozketaren emaitza erabiliko da.

Enpresetako prestakuntza-egonaldien EE-1 modalitatekoak hautatuko dituen batzordea.

19. Enpresetan EE-1 modalitateetako prestakuntza-egonaldiak egiteko eskaerak batzorde berezi batek aztertu eta baloratuko ditu, eta hautapen-proposamen bat eginen du. Batzordeko kideak Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak izendatuko ditu; honako hauek izanen dira:

–Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Akreditazio Profesionalen Ataleko burua edo haren ordezkoa.

–Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Ataleko burua edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Etengabeko Lanbide Prestakuntzako eta Enpresetako Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Lanbide Irakaskuntzak Garatzeko Bulegoko burua.

–Ikuskatze-zerbitzuko ikuskari bat, zerbitzu horretako zuzendaritzak proposatua.

Emaitzak.

20. Enpresetako prestakuntza-egonaldien EE-1 modalitaterako deialdiaren behin-behineko ebazpena 2026eko apirilaren 8an argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoaren fitxan, helbide honetan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Estancias-en-empresas-para-actualizacion-cientifica-y-tecnologica-de-docentes

21. Erreklamazioak 2026eko apirilaren 9tik 14ra jartzen ahalko dira, bi egunak barne, erregistro telematikoaren bidez, Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalari zuzendutako eskabidea aurkeztuz.

22. Enpresetako prestakuntza-egonaldien EE-1 modalitateko eskaerak esleitzeko behin betiko ebazpena 2026ko apirilaren 21ean argitaratuko da aipatutako zerbitzuen katalogoaren fitxan.

23. EE-1 modalitateko enpresako prestakuntza-egonaldiaren emakida aplikatzekoa izanen da soilik baldin eta irakasle esleipenduna 2025-2026 ikasturtean ikastaroa eskatu duen ikastetxean ari bada lanean 2026-2027 ikasturtean. Irakaslea beste ikastetxe batean badago, enpresako prestakuntza-egonaldia 2025-2026 ikasturtean eskatzailea aritu den ikastetxeko beste irakasle bai esleituko dio ikastetxeko zuzendaritzak.

Enpresako egonaldiaren garapena. Justifikazioa eta ziurtapena.

24. EE-1 modalitateko enpresetako prestakuntza-egonaldien jarraipena eta ebaluazioa Lanbide Irakaskuntzak Garatzeko Bulegoa eginen ditu.

25. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikuskatuko ditu enpresetan egonaldiak egiten dituzten irakasleak.

26. Hezkuntza Departamentuak erantzukizun zibileko aseguru osagarria kontratatuko du enpresetan prestakuntza-egonaldiak egiten dituzten irakasleak estalita edukitzeko.

Iragarkiaren kodea: F2602765