48. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

7/2026 FORU AGINDUA, otsailaren 4koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira familiaren esparrurako zenbait laguntzaren oinarri arautzaileak, martxoaren 25eko 101/2024 Foru Aginduaren bidez onetsi zirenak. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 885104.

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 25eko 101/2024 Foru Aginduaren bidez, familiaren esparrurako zenbait laguntza emateko oinarri arautzaileak onetsi ziren 2024tik 2027ra bitarteko urteetarako.

Oinarri horien bidez, besteak beste laguntza hauek emateko baldintzak arautu ziren: langileentzako laguntzak, lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko, lehen graduko ahaideen zuzeneko zaintza jarraitu eta etengaberako lan eszedentzia hartzen dutenean, eta familia ugarietan eta guraso bakarreko familietan sortzen diren ohiz kanpoko eta beharrezko gastuei aurre egiteko laguntzak, hau da, entzumen protesiak, optikako gaiak eta ortodontziakoak erosi edo berritzeko gastuetarako direnak.

Aurkeztutako espedienteak baloratzean familia egoera eta inguruabar batzuk agertzen dira, laguntza hauen gaineko egungo araudian jasota ez daudenak; bada, horiei erantzuteko eta balorazioa eta laguntzak eskuratzea errazteko, beharrezkotzat jotzen da oinarrien I. eta II. eranskinen testua aldatzea, araudian xedatutakoa laguntzen helburura egokitzeko.

Ikusita espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, adierazten dutenak, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta gizarte interesekoak direla eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, erabiliz Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuari dagokionez Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Aldatzea Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 25eko 101/2024 Foru Aginduaren 1. eranskina. Foru agindu horren bidez, familiaren esparrurako zenbait laguntza emateko oinarri arautzaileak onesten dira 2024tik 2027ra bitarteko urteetarako. Hauek dira aldaketak:

a) 101/2024 Foru Aginduaren 1. eranskineko bigarren oinarriko (Dirulaguntza jaso dezaketen ekintzak) 2.1.a) puntua aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

"Lehen graduko odol-ahaideak, ezkontidea edo bikotekidea, anai-arrebak edo ordezkaritzako kuradoretza pean daukan ahaideak zaintzeko, baldin eta ospitaleratzea ekartzen duen edo ekarri duen eritasun edo istripu larria badute eta eritasunak edo istripuak irauten duen bitartean edo ondoren zuzeneko zaintza jarraitua eta etengabea behar badute.

b) 101/2024 Foru Aginduaren 1. eranskineko bigarren oinarriko (Dirulaguntza jaso dezaketen ekintzak) 2.4 puntua aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

"Lehen graduko odol-ahaidea, eritasun larriagatik edo istripuagatik, ospitaleratuta dagoela edo egon dela eta zuzenean, jarraian eta etengabe zaintzea behar duela edo behar izan duela egiaztatzeko, medikuntzako edo gizarte zerbitzuetako erreferentziazko profesionalak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ahaideak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren balorazioa baldin badu, ez da beharrezkoa izanen txostena aurkeztea."

c) 101/2024 Foru Aginduaren 1. eranskineko hirugarren oinarriko (Laguntzaren zenbatekoa eta iraupena) 3.2 puntua aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

"Eszedentzia lanaldi partzialeko kontratua izanik eskatzen denean, aurreko sei hilabeteetan kotizatutako lanaldiaren araberakoa izanen da laguntza, edo, aldizkako langile finkoen kasuan, aurreko urtean kotizatutako 180 egunen araberakoa. Diruz lagundu beharreko gutxienekoa lanaldiaren erdia da.

Lanaldia murrizten bada legezko zaintzagatik, emanen den laguntza benetako lanaldiaren araberakoa izanen da."

d) 101/2024 Foru Aginduaren 1. eranskineko hamalaugarren oinarria (Laguntzen bateraezintasuna eta bateragarritasuna) aldatzea, puntu bat gehitzeko. Honela geratuko da idatzita:

"14.5. Laguntza hau bateraezina da mendekotasunerako laguntzekin, baldin eta zaindutako pertsonak egoitza zerbitzuko baliabideak jasotzen baditu –betiere aldi baterakoak ez direnean– edo Eguneko Zentroaren edo Eguneko edo Gaueko Arreta Zerbitzuaren modalitateko baliabideak jasotzen baditu."

2. Aldatzea Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 25eko 101/2024 Foru Aginduaren 2. eranskina. Foru agindu horren bidez, familiaren esparrurako zenbait laguntza emateko oinarri arautzaileak onesten dira 2024tik 2027ra bitarteko urteetarako. Aldaketa puntu honetan eginen da:

a) 101/2024 Foru Aginduaren 2. eranskineko seigarren oinarriko 6.1.d puntuan gehitzea honako hau:

"1.2.3. Preskripzio optikoetarako laguntzen onuradunek 16 urte baino gutxiago badituzte eta Osasun Ministerioaren "Plan Veo" planaren laguntzak jaso baditzakete, hala adierazi beharko da material diruz lagungarria erosi den optika-establezimenduaren fakturan, baldin eta laguntza eskatu badute."

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitara dadila agintzea.

4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

5. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzara, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Kontabilitate Zentrora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko otsailaren 4an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2601687