Iragarkia
48. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 6a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
AZKOIEN ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Aldaketa, 2026rako, etxeko laguntza-zerbitzua arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena
Azkoiengo, Martzillako, Faltzesko eta Funesko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzarrak, 2025eko azaroaren 24an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen 2026rako aldaketa bat egitea ordenantza honetan: ordenantza, arautzen dituena etxeko laguntza-zerbitzua eta zerbitzu hori emateagatiko tasak.
Hasierako onespenaren espedientea jendaurrean egon da legez ezarritako moduan eta denboran, eta ez da haren aurkako erreklamaziorik jarri. Hortaz, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsita geratzen da, eta haren testua, aldaketak barnean dituela, osorik argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan.
Azkoienen, 2026ko otsailaren 2an.–Mankomunitateko burua, Iñigo Bailos Azcona.
ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA 2026
Hitzaurrea
Etxeko laguntza-zerbitzuak Nafarroako gizarte-zerbitzuen oinarrizko eskualde guztietan ezarri ziren babes harturik urtarrilaren 16ko 11/1987 Foru Dekretua, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak arautzen dituena. Programa berariazkoak dira, beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonak beren etxeetan gelditzea bilatzen dutenak eta horretara bideratuak, horretarako eskainiz etxe, norbanako eta gizarte arloko prestazio multzoa.
Mendekotasun organikoa dutenez, etxeko laguntza-zerbitzu bakoitzak bere udal araudia du, ordenantza bat, gehienetan. Hala ere, nahiz eta zerbitzu bera izan, eta, hortaz, printzipio, eduki eta prestazio antzekoak izan arren, bakoitzak bere udalerriko araudia du. Egoera horren ondorioz, errealitate ezberdinak sortu dira zerbitzu-ematean, bizilekuaren arabera, eta horrek nahasmena eragin du herritarren ikuspegian.
Egoera hori hobetu nahirik, 2004ko ekitaldiaren amaieran, lan batzorde bat eratu zen eta hartan parte hartu zuten Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak, Oinarrizko Osasun Laguntzako Atalaren bidez, hala erantzunez toki entitateen eta oinarrizko gizarte-zerbitzuetako profesionalen eskariari.
Ordenantza eredu bat garatu zen, zeinaren asmoa izan baita arautze komun bat ezartzea etxeko laguntza-zerbitzuen esku-hartzearen alderdi funtsezkoetarako, eta horrela Nafarroan zerbitzu horiek homogeneizatzeko aurrerapausoak egitea. Landutako gaien artean, aipatzekoak dira zerbitzu eskaintza oinarrizkoaren definizioa, tarifa sistema baten prestakuntza eta, balorazioak egiteko, denentzako tresna bera ezartzea.
Agiri hori orain dela 20 urte baino gehiago onetsi zen, eta denbora-tarte horretan oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta udaletako etxeko laguntza-zerbitzuak aldatu egin dira, baita arauak ere. Hona hemen arauetan izan diren aldaketa aipagarrienak:
–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, hizpide dituena autonomia pertsonala sustatzea eta mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzea.
–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena, eta haren aldaketak.
–48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, arautzen dituena oinarrizko gizarte-zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema.
Tafalla aldean, lantalde bat eratu zen, osatu dutena Artaxoako, Zarrakazteluko, Erriberriko, Azkoiengo eta Tafallako gizarte-zerbitzuetako autonomia programako gizarte-langileek, eta haren helburua zen ordenantza komuna prestatzea, eta adostea eremu horretako udaletako etxeko laguntza-zerbitzuek ematen duten arretarako lan-prozesuak eta protokoloak; hori guztia, Federazioaren ordenantza ereduan oinarrituta.
1. artikulua. Etxeko laguntza-zerbitzuaren definizioa.
Etxeko laguntza-zerbitzua da udal zerbitzu bat, zuzentzen zaiena eguneroko bizitzaren oinarrizko premiak beren ohiko ingurunean betetzeko mugak dituzten herritarrei. Banakako hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak, egoera bakoitzaren arabera, eta bilatzen du pertsona ahalik eta hobekien integratzea bere ingurunean, haren autonomia funtzionala handitzea eta bizi kalitatea hobetzea.
2. artikulua. Etxeko laguntza-zerbitzuaren esku-hartzeak oinarritzat dituen printzipioak.
Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legearen printzipio orokorrak garatzen dituzte (martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legea). Hona zein diren:
–Erantzukizun publikoa, Administrazioak bere gain hartzen baitu ardura behar diren baliabideak sustatzeko: finantza-baliabideak, baliabide teknikoak, giza baliabideak eta antolaketakoak.
–Prestazioaren unibertsaltasuna eta berdintasuna, mendekotasun egoeran dagoen edozeinek izan dezan hura eskuratzeko eskubidea, batere diskriminaziorik gabe.
–Beste zerbitzu eta baliabide batzuen osagarri izatea, denek ere helburu izanik pertsonak etxean ahalik eta denbora gehien irautea.
–Prebentziora bideratua egotea, eragozteko edo mugatzeko gaitasun pertsonalek okerrera egitea eta laguntza jasotzen duenak sostenguak eta gizarte harremanak galtzea. Orobat, helburua da autonomia bultzatzea eta handitzea.
–Osotasuna/integralitatea: behar sozialei osotara erantzuteko eta ez partez bakarrik.
–Erantzukidetasuna, hau da, mantentzea, babestea eta handitzea familiaren sostengua eta gizarte-sostengu sareak (auzoak, boluntarioak...).
–Errespetatzea laguntza hartzen dutenen eta zaintzaileen hobespenak.
–Laguntza emateko malgutasuna, konbinatuz kasu eta egoera bakoitzean laguntza hoberena emateko aukera ematen duten baliabideak.
–Koordinazioa gainerako baliabideekin, izanik horiek instituzionalak nahiz sostengu informalekoak, esku hartzearen sinergia hobetzeko, eta eraginkortasun handiagoa bermatzeko.
3. artikulua. Etxeko laguntza-zerbitzuko programaren ezaugarriak.
Etxeko laguntza-zerbitzua honelako zerbitzua da:
–Balioaniztuna, bere gain hartzen baitu autonomia pertsonala falta duten pertsona edo familia taldeen premia-sorta zabala betetzea.
–Normalizatzailea, inguruneko baliabideak erabiltzen baititu premiak betetzeko.
–Etxekoa, erabiltzailearen etxean egiten baita batez ere.
–Integrala, osotasunean heltzen baitie bizikidetza-unitateen beharrei.
–Prebentiboa, ahalegina egiten baitu eragozteko edo murrizteko gaitasun pertsonalek okerrera egitea eta sostenguak eta gizarte harremanak galtzea, baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea ere, salbu eta zentroan bizi kalitate hobea bermatzen bada.
–Osagarria, bateratu baitaiteke oinarrizko beste laguntza batzuekin, helburuak betetzeko.
–Akuilatzailea eta pizgarria, lagunduko duena erabiltzailearen beharrak betetzen haren gaitasunak indartuz, bere aldaketaren eragile eginez eta familiaren partaidetza bultzatuz.
–Teknikoa, esku hartzeko oinarritzat hartzen dituena teknikoki planifikatutako eta egindako jarduerak, behar bezala kualifikatutako profesionalek planifikatu eta egin ere, gainbegiraturik.
–Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak behar baititu bere beharretara egokitutako programa eta jarraipena, baliabide egokienak konbinaturik.
–Oinarritzat hartzen duena errespetatzea laguntza hartzen dutenen eta zaintzaileen hobespenak.
4. artikulua. Helburuak.
Etxeko laguntza-programak honako helburu hauek ditu:
–Laguntza ematea, pertsonek beren ohiko ingurunean iraun dezaten ahalik eta denbora gehienean eta ahalik eta bizi kalitate handienarekin, prebenituz eta saihestuz zentro batean sartzea beharrik gabe eta, hala, ingurunetik deserrotzea. Horretarako, alternatiba egokia ematea.
–Lortzea pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa, zeinek ahalbidetuko baitute ahalik eta autonomia handiena izatea, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasuna eta autoestimua handitzea.
–Ohiko bizilekuan eskaintzea prestazio multzo bat, erraztuko eta lagunduko duena eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea, modu integralean.
–Sare soziosanitariotik esku hartzen duten profesionalen sarearekin jarduketak koordinatzea, baliabide egokiak erabili eta aplikatuz, esku-hartzea eraginkorrago izan dadin.
–Hobetzea erabiltzailearen egoera, haren familiarena eta ingurunearena, horretarako sendotuz familia, auzo eta adiskidetasun loturak, eta sostengu sare naturalen lankidetza handiagoa bultzatuz eta indartuz, bereziki familiarena, zaintzaileei beharrezko laguntza emanez.
–Laguntza ematea pertsonaren nahiz familiaren krisi koiunturaletan, non kaltetzen diren autonomia pertsonala edo soziala.
–Bultzatzea zerbitzuaren hartzaileen gizarte harremanak eta jarduerak, haien komunitate ingurunean, prebenitzeko isolatze eta bakardade arazoak.
–Bultzatzea eta bideratzea komunitateko boluntarioen bidezko sostengu soziala, indargarri gisa, zerbitzuaren hartzaileei lagun egiteko.
5. artikulua. Etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileak/hartzaileak.
Etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileak izaten ahalko dira halako gizarte-zerbitzuen oinarrizko eskualdea osatzen duten udalerrietariko batean erroldaturiko pertsona edo bizikidetzako familia-unitate guztiak, bizia beren gain egiteko mugaturik badaude eta, ondorioz, dituzten premia pertsonal eta sozialak beren kasa bete ezinean badabiltza eta laguntza behar badute ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko.
Erabiltzaile izateko, hauexek dute lehentasuna:
–Autonomia pertsonaleko zailtasunak dituzten zaharrek.
–Desgaitasuna dutenek, baldin horrek larriki eragiten badio autonomia pertsonalari.
–Familia-unitateek, baldin beren baitan badituzte adingabeak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten kideak, eta beren etxean ez badute ematerik behar dituzten zaintza eta arreta eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretarako, edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxeko laguntza, bermatze aldera haien garapen normal eta orekatsua.
Premia maila bera izanik, lehentasuna izanen dute kargaren eskala progresiboan prezio publikoaren %100 baino gutxiago ordaindu behar dutenek.
6. artikulua. Etxeko laguntza-zerbitzuan parte hartzen duten profesionalak.
Honako profesional hauek osatuko dute etxeko laguntza-zerbitzuko oinarrizko lantaldea:
–Gizarte-langilea: eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasuaren azterketa eta balorazioa, komeni den esku-hartze programaren diseinua, eta proiektuaren gainbegiratzea, jarraipena eta ebaluazioa.
–Familia-langilea: horrenak dira erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion egitekoak, baita hura laguntzea ere ohiturak eta gaitasunak sortzen eta mantentzen. Horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko du bere esku-hartze etengabearen ondorioz egoera izaten ari den bilakaeraz.
–Aipatutako lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, behar baldin badute espezializazioa eta baldin badagozkio osasun arloko baliabideen eskumenari.
–Administrariak: eginen dituzte zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak.
Prestazioak hala behar duenean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko beste profesional batzuek esku hartzen ahalko dute, hala nola honako hauek:
–Hezitzailea: erabiltzailearekin, haren familiarekin eta inguruarekin hezkuntza arloko lanak egitea du ardura, bizikidetza gunean familiaren autonomiari on eginen dioten gaitasun eta trebeziak eskuratzen lagungarri izan daitezen.
–Psikologoa: sostengu psikosoziala behar duten egoeretan esku hartzen du, bai eta zaintzaileei sostengua eta orientabidea emateko jardueretan eta zerbitzuko langileen prestakuntza etengabean ere.
–Beste profesional batzuk: animatzaile soziokulturalak, enplegu teknikariak, berdintasun teknikariak...
7. artikulua. Zerbitzua eskuratzeko irizpideak: mendekotasuna baloratzeko tresnak.
Etxeko laguntza-zerbitzua nork erabiltzen ahalko duen baloratzean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak honako hauek hartuko ditu kontuan:
–Ea onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko autonomia funtzionala duten, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak eta tresna bidezkoak egiteko.
–Ea baduten sare naturalaren sostengua, bereziki familiarena.
–Onuradun izan daitekeenaren egoera sozial, ekonomiko eta familiarra.
–Familia-unitatearen egungo egoera ekonomikoa.
–Etxebizitzaren egoera. Izan ere, laguntza emanen den etxebizitzak gutxieneko baldintza batzuk izan behar ditu segurtasunaren, garbitasunaren eta bizigarritasunaren aldetik.
Horretarako, erabiliko dira beharrezko jotzen diren balorazio eskalak eta/edo egungo araudiari jarraikiz indarrean daudenak.
8. artikulua. Zerbitzuen zerrenda:
Etxeko laguntza ematearen barrenean, honelako jardueretako bat edo guztiak sartzen dira:
a) Etxeko lanetan sostengua emateko jarduketak. Honako hauek hartuko dira etxeko lanetan sostengu emateko jarduketatzat:
–Erabiltzailearen elikadurarekin zerikusia dutenak, hala nola:
- Elikagaiak erostea.
- Etxean elikagaiak prestatzen laguntzea.
- Etxez etxeko janarien zerbitzua.
–Erabiltzailearen arroparekin zerikusia dutenak, hala nola:
- Etxean nahiz etxetik kanpo arropa garbitzen laguntzea.
- Arropa pasaratu eta zaintzea.
- Arropa antolatzea.
- Etxean nahiz etxetik kanpo arropa lisatzea.
- Arropa erostea.
–Bizilekuaren mantentze-lanekin zerikusia dutenak, hala nola:
- Etxearen garbiketa.
- Konponketa txikiak.
- Etxearen egoera orokorra gainbegiratzea, etxeko istripuak saihesteko.
b) Sostengu pertsonaleko jarduketak. Honako hauek hartuko dira eguneroko oinarrizko zereginetan sostengu pertsonala emateko jarduketatzat:
–Norberaren garbitasuna eta higienea: gainbegiratzea, eguneroko garbiketa, bainua.
–Janzten eta jaten laguntzea.
–Erabiltzailearen elikadura kontrolatzea.
–Osasun tratamenduaren jarraipena egitea, oinarrizko osasun-laguntzako taldeekin koordinaturik.
–Etxe barreneko mugikortasunerako sostengua.
–Aisialdiko jarduketak bizilekuaren barnean.
c) Sostengu psikosozialeko jarduketak. Honako hauek hartuko dira laguntza psikosozialeko jarduketatzat:
–Autoestimua sendotzea eta bultzatzea.
–Balio positiboak indartzea, familiaren dinamikan agertzen diren egoera guztiak gainditzeko.
–Sostengua ematea, bakartasun eta isolamendu sentimenduen aurrean.
–Antolaketa ekonomikoan eta familiarrean orientazioa ematea.
–Sostengua ematea familiaren higienearen plangintzan.
–Prestakuntza ematea bizikidetza-ohituretan, familian eta ingurukoekin.
–Sostengua ematea gizarteratzeko eta sozializatzeko.
d) Arlo soziokomunitarioan sostengua emateko jarduerak. Honako hauek dira sostengu soziokomunitarioko jarduerak:
–Lagun egitea etxetik kanpo, kudeaketa pertsonaletan laguntzeko.
–Kultura, aisialdi edo denbora libreko jardueretan lagun egitea.
–Boluntarioen esku-hartzea erraztea eta bultzatzea, etxean lagun egiteko.
e) Familiari sostengua emateko jarduketak. Hona hemen familiari sostengua emateko jarduketak:
–Zaintzaileentzako prestakuntza eta aholkularitza.
–Zainketen gaineko berariazko prestakuntza.
–Sostengu teknikoa eta gainbegiratzea.
f) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak. Etxeko laguntza-zerbitzuaren bitartez argibideak eta orientazioa ematen dira honako hauen gainean:
–Behar den sostengu teknikoko materiala eskuratzea, errazteko etxean zainketak ematea (mailegu sistema, prestazio ekonomikoen kudeaketa etab.).
–Etxeko sostengurako baliabide osagarriak, beste erakunde batzuen ardurapekoak, hala nola larrialdietarako telefono zerbitzua, etxeko laguntzarako dirulaguntzak, eguneko zentroak etab.
–Etxebizitza egokitzeko baliabideak.
Zerbitzuaren intentsitatea egokituko zaio Nafarroako Gobernuaren Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroan ezarritakoari, bat etorriz jasota dagoenarekin ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan eta haren aldaketetan.
9. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Dagokion toki-erakundearen erregistroan aurkeztuko da etxeko laguntza-zerbitzua hartzeko eskaria, horretarako ereduan, eta ondotik ematen den dokumentazioa gehituko zaio, familia-unitatearen kide guztiei buruzkoa (10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz):
1. Eskaera-orria (I. eranskina).
2. Familia-unitateko kideen NANaren fotokopia.
3. Osasun txostena (aukerakoa).
4. Erroldako eta bizikidetzako agiria.
5. Azken ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenaren fotokopia (pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena). Aitorpenik egin ez badu, aurkeztuko ditu aurreko ekitaldiko diru-sarreren gordekinak (nominak, pentsio eta/edo bestelako prestazioak hartu direlako ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak...), edo, halakorik ez bada, dagozkien diru-sarreren zinpeko aitorpena (II. eranskina).
6. Jabetzak zer udalerritan dituen, jabetza horien guztien landa- eta hiri-katastroko ziurtagiriak.
7. Etxebizitza alokatu edo erostearen ondoriozko gastu kengarrien frogagiriak, behar bezala egiaztatuak.
10. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.
Honako hauek dira finantzaketari aplikatu beharreko irizpideak eta printzipioak:
–Zerbitzu unitatearen definizioa: zerbitzu unitatea neurtzen da ordenantzan eskainitako edozein zerbitzu emateko etxean benetan aritzen den denboraren arabera.
–Familia-unitatearen definizioa: kontuan hartuko den familia-unitatea izanen da jasota dagoena Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 71. artikuluan (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretua):
a) Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta, izanez gero, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, kuradoretzaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.
b) Berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek eta, izanez gero, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, kuradoretzaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.
c) Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote iraunkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko apartatuetan aipatu betebeharrak betetzen badituzte.
a), b) eta c) letretan ezarritakoaren ondorioetarako, tutoretza edo harrera bitartez subjektu pasiboarekin lotura duten pertsonak seme-alabekin parekatuko dira aplikatzekoa den legeria zibilean ezarritako moduan. Ondorengoekin parekatuko dira epailearen aginduz subjektu pasiboaren zaintza eta babesaren pean dauden pertsonak, lehengo kasuetan ez daudenak.
Halaber, honako hau dio Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren hogeita hamargarren xedapen iragankorrak (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretua):
"Ekainaren 2ko 8/2021 Legeak legeria zibila eta prozesala aldatzen du, desgaitasuna duten pertsonei bere gaitasun juridikoaz baliatzen laguntzeko; lege horren bosgarren xedapen iragankorra aplikatuz, mantentzen direnean epai bidez ezgaituta eta lege horrek indarra hartu aurretik emandako epaien ondorioz luzatu edo berriz gaitu den guraso-ahalaren menpe dauden pertsonen egoerak, foru lege honen 71.1.a) eta b) artikulua eta bosgarren xedapen gehigarriko 3. apartatuko bigarren paragrafoa aplikatuko dira, 2021eko irailaren 2an indarra duten moduan".
Horrek esan nahi du, bada, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabek familia-unitatearen parte izaten jarraituko dutela.
Denbora-tartea 8/2021 Legearen bosgarren xedapen iragankorrean dago ezarrita (3 urte, indarrean jarri zenetik; 2021az geroztik, alegia).
–Ahalmen ekonomikoa zehaztea.
- Diru-sarrerak zehaztea.
- Errenta: PFEZaren etekin garbiak eta pentsio edo prestazio salbuetsiak.
- Laneko errentengatik eta kapital higigarriaren nahiz higiezinaren etekinengatik eskuratutako diru-sarrera egiazkoak baloratuko dira apartatu honetan. Jarduera profesionalen etekina eta abar, salbuetsitako errentak barne, salbu eta prestazio finalistak (mendekotasunerako laguntzak eta etxebizitzak konpontzeko laguntzak, besteak beste).
- Orobat, aurreko apartatuan baloratu ez diren ondasun eta eskubideak zenbatespen bidez baloratuko dira.
–Etekinen zenbatespena.
- Hiri-lurreko ondasunak: ohiko bizitegiak ez diren etxebizitzetarako PFEZaren arauen irizpide bera erabiliz eginen da, hau da, %1,30 aplikatuz hiri-lurraren katastroko balioaren gainean, salbu eta ohiko etxebizitza.
- Landa-lurreko ondasunak: aprobetxamendu zuzenaren modalitatean herri-lurretako lote arrunt bakoitzagatik ordaindu beharreko kanonaren etekina parekatuz aterako da, eta horretarako landa-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioaren katastroko balioari %2,30 aplikatuko zaio.
- Gastu kengarriak: ohiko etxebizitzako alokairuari edo hipoteka-maileguari dagozkion gastuak.
- Ez dira joko PFEZetik salbuetsitako gastutzat honako hauei egozten ahal zaizkienak: mendekotasun-egoeran daudenei arreta ematea, langileak kontratatzea, etxez etxeko otorduak eta abar.
- Urteko per capita errenta garbia: sortzen dena aurreko kontzeptuak batuta eta zatituta familia-unitatea osatzen duten kideen kopuruaz.
- Familia-unitatea pertsona bakarrekoa bada, %0,75eko koefiziente murriztailea aplikatuko zaio urteko ahalmen ekonomikoari, edo
- Erabiltzailea PFEZaren aitorpena egitera behartua ez dagoenean, aurreko ekitaldian izandako diru-sarreren arabera zehaztuko da ahalmen ekonomikoa, horretarako inprimakiari erantsitako zinpeko aitorpenetik abiatuta (II. eranskina: Diru-sarreren gaineko erantzukizunpeko adierazpena). Kasu horietan, gerta liteke datu fiskalak ere eskatzea.
–Kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea.
Zerbitzuaren kostu guztiak egozteko eta benetan emandako laguntzaren guztizko kostuaren balioa kalkulatzeko, ordu bakoitzeko, metodo hau erabiliko da:
- Urtero zehaztuko da kostu zentro bat, eta horri egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko familia-langile baten kostua eta gizarte-langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren %15, azken bi profesional horiek ere zuzenean parte hartzen baitute programaren kudeaketan.
- Eginen da guztirako kostua zati lanaldi osoko familia-langile batek etxeko laguntzarako egiten ahal dituen orduen kopurua (lanaldi horren %80); horrela aterako da laguntza orduaren kostua.
–Tarifaren oinarrizko unitatea zehaztea.
- Etxean zerbitzua ematen benetan iragandako ordua da tarifaren oinarrizko unitatea.
- Laguntza orduaren kostuaren %50 izanen da prezio publikoa edo tarifa.
–Prezio publikoa kargatzeko eskala progresiboa.
Karga-eskala egotziko zaio familia-unitatearen per capita errenta garbiari, eta oinarrituko da errenta horrek urteko OAEAParekiko gordetzen duen proportzioan (ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa):
ERRENTA MAILAREN TARTEAK | TARIFAREN ESKALA (zerbitzu ordua) |
PCEG (per capita errenta garbia) < KGP (kontribuziorik gabeko pentsioa) | Prezio publikoaren 0,03 |
KGP < PCEG > OAEAP | Prezio publikoaren 0,10 |
OAEAP < PCEG > OAEAParen %105 | Prezio publikoaren 0,15 |
OAEAParen %105 < PCEG > OAEAParen %120 | Prezio publikoaren 0,20 |
OAEAParen %120 < PCEG > OAEAParen %135 | Prezio publikoaren 0,30 |
OAEAParen %135 < PCEG > OAEAParen %150 | Prezio publikoaren 0,40 |
OAEAParen %150 < PCEG > OAEAParen %165 | Prezio publikoaren 0,50 |
OAEAParen %165 < PCEG > OAEAParen %180 | Prezio publikoaren 0,60 |
OAEAParen %180 < PCEG > OAEAParen %195 | Prezio publikoaren 0,70 |
OAEAParen %195 < PCEG > OAEAParen %210 | Prezio publikoaren 0,80 |
OAEAParen %210 < PCEG > OAEAParen %225 | Prezio publikoaren 0,90 |
PCEG > OAEAParen %225 | Prezio publikoaren 1,00 |
Ordaintzeko gutxieneko tasa bat ezartzen ahalko da (aurreko eskalako lehendabiziko tartearen berdina), baldin eta etxeko laguntza-zerbitzuko profesionalak balorazioa egin eta ikusten badu familia-unitatea egoera hauetako batean dagoela:
–Mendekotasun sozial larria (BASIKA eskala eta tratu txarrak detektatzeko eta horien larritasuna neurtzeko eskala).
–Gizarte-bazterketa larriko egoera (SIDIS).
–Haurren babesgabetasun egoera (Haurrak Nafarroan babesteko eskuliburua).
11. artikulua. Esku hatzeko protokolo teknikoa.
Honako hauek behar ditu etxeko laguntza-zerbitzuaren esku-hartzea zehazteko beharrezkoa den esku-hartze profesionalaren prozesuak:
a) Eskaerari harrera egitea eta aurkeztea:
Profesionalaren eta eskatzailearen arteko lehen harremana da; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.
Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norentzat eskatzen den, horien guztien berri izanen du profesionalak.
Une horretan, baliabidearen berri ematen da, eta horrek laguntzen du izan daitezkeen espektatibak argitzen; orobat, argibideak eta aholku ematen dira etxeko laguntzarako izan daitezkeen beste baliabide batzuez edo eskariari lehen erantzuna ematen ahal lioketen bestelakoez.
Baliabide honen aplikazioaren komenigarritasuna baloratuta, eskaera eredua emanen zaio eskatzaileari. Hartan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa.
b) Kasua aztertzea: balorazio tresnak erabiliz, beste baliabide batzuekin koordinatuz (osasuna, hezkuntza), etxean bisitak eginez eta erabiltzailearekin eta sostengu sare informalarekin solastatuz, baita onuradunak ekartzen duen dokumentazioaren bidez ere, informazioa biltzen da honako hauen gainean: bizikidetza-unitatearen egoera soziosanitarioa, eta zer baliabide dituzten egoerari aurre egiteko pertsonak, familiak eta sostengu sare informaleko beste batzuek (auzoak, komunitatea).
c) Egoeraren diagnosia, honako hauek zehazteko:
–Erabiltzailearen premia zein den.
–Erabiltzaileak bere kasa asetzen ahal dituen premiak.
–Zer premia betetzen ahal dituen haren laguntzan parte hartzen duen sostengu-sare informalak (familia, auzoak, boluntarioak...).
–Zer premia gelditzen diren bete gabe erabiltzailea etxean atxikitzeko, eta horietarik zenbat har litzakeen etxeko laguntza-zerbitzuak bere gain eta horretarako zer beste baliabide behar liratekeen.
d) Laguntzaren proposamena edo esku-hartzearen diseinua, honako hauek zehazteko:
–Esku-hartzearen helburuak.
–Egin beharreko lanak/jarduketak.
–Laguntzaren maiztasuna.
–Esku hartu behar duten profesionalak.
–Laguntzaren ordutegia.
–Laguntzaren iraupena.
–Alderdien konpromisoak.
–Erabiltzaileen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.
–Koordinazio premiak, bai barnean, jarraipena jarraitua egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.
e) Etxeko laguntza-zerbitzuak erabiltzaileei eta familiari ematen dien laguntzaren planteamendua, eta konpromisoak formalizatzea egin beharreko lanen gainean eta tarteko diren guztien dedikazio denboraren gainean.
f) Esku-hartzearen hasiera: familia-langilearen esku-hartzearekin abiatzen da, zuzeneko laguntza emanez programatutakoa aplikatuz, eta malgutasun eta egokitasun maila handia izanik erabiltzailearen egoeraren bilakaerarekiko. Lehenbizian, funtsezkoa da baloratzea ea hasierako laguntza egokia den, baita bestelako sostengurik behar ote duen ere, eta aski ote diren laguntzarako ematen den denbora nahiz esku-hartze planean ezarritako jarduketak. Etxeko laguntza-zerbitzuaren laguntzaren hasieran, prestazioaren lehen egunean, gizarte-langilea eta familia-langilea izanen dira hartzailearen etxean, alderdi guztiek sina dezaten konpromisoen kontratua.
g) Jarraipena eta ebaluazio jarraitua: jarraipenean, atzematen ahal dira banakako proiektuan aldaketak egitea dakarten egoerak. Baldin funtsezko aldaketarik izan bada (esaterako familia-unitateko kideen aldaketa, edo hobekuntza bat autonomian edo gizarte eta familiaren sostenguan, sostengu ekonomikoan etab.) kasua berriz baloratuko da. Aldaketak beste baloraziorik ez baldin badakar, esaterako ordutegiaren aldaketa, langileena etab., banakako proiektuan aplikatuko da.
Espedienteari ondoko agiriak gehituko zaizkio:
–Laguntza proposamena (bi alderdiek beren gain hartzen dituzten konpromisoei buruzko agiria barne).
–Osasun txostena (aukerakoa).
–Mendekotasuna baloratzeko tresna (aukerakoa).
Itxaron zerrendan daudenen egoerak gehienez ere urtebetean berrikusiko dira.
Eskaria eta balorazio profesionala erregistratuko dira behar diren euskarri dokumentaletan eta informatikoetan.
12. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.
a) Eskubideak. Etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileek honako eskubide hauek izanen dituzte:
–Banakako esku-hartze planaren berri izatea.
–Laguntza modu egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.
–Aukerako beste baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.
–Laguntzaren araubidean gertatzen diren aldaketen berri garaiz izatea.
–Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.
b) Betebeharrak. Etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:
–Behar den informazio guztia ematea, ezagutzeko prestazioaren beharra ekartzen duten inguruabar pertsonalak, familiarrak eta sozialak.
–Jarrera egokia eta laguntzazkoa agertzea, prestazioa gauzatzeko.
–Ez eskatzea banakako arreta programatik kanpoko lan edo jarduerarik.
–Zerbitzuko langileak tratatzea haien duintasunari zor zaion begiruneaz.
–Zerbitzuaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren arabera, dagokien kontraprestazioa ordainduz, hala behar izanez gero.
–Egoera pertsonal, familiar, sozial edo ekonomikoan gertatzen zaien edozein aldaketaren berri ematea, baldin badakar etxeko laguntza-zerbitzua aldatzea, etetea edo azkentzea.
Bizikidetza-unitatearen egoera nolakoa den, beste agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da, baldin behar badira eskaeraren gaineko ebazpena emateko.
Entitatearen esku dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, ez eta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.
13. artikulua. Kudeaketa arauak: etxeko laguntza-zerbitzua emateko administrazio prozedura.
a) Prozedura hastea.
Etxeko laguntza-zerbitzua emateko prozedura abia daiteke ofizioz edo interesdun baten eskariz:
–Ofizioz. Prozedura ofizioz abiatuko da organo eskudunak hala erabakita, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuek eskaera arrazoitua eginik.
Ofizioz abiatutako prozeduretan, epea kontatzeko, hasiera eguna izanen da ofiziozko prozedura abiarazten duen ebazpenarena.
Nolanahi dela ere, prozedurak beteko ditu urriaren 1eko 39/2015 Legearen 54.etik 57.era bitarteko artikuluak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
–Alderdi batek eskaturik. Alderdi batek eskaturik abiatuz gero, eskaerekin batera aurkeztu beharko da agiri honen 9. artikuluan aipatutako dokumentazio administratiboa gutxienez, eta behar bezala bete beharko da eskaera.
Aipatutako dokumentazioa gorabehera, espedientea izapidetzen den bitartean, eskatzen ahal dira egokitzat jotzen diren agiri osagarriak, aurkeztutako eskaeraren inguruan.
Eskaerak aurkeztuko dira zerbitzuaren entitate titularraren erregistro orokorrean, deusetan galarazi gabe urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasota dagoena (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea); eskaera aipatu erregistroan sartzen denetik kontatuko da prozedura izapidetzeko epea.
b) Izapidetzea: eskaerak ez baditu biltzen eskatzen diren datu eta agiri guztiak, interesdunari errekerimendua eginen zaio 10 eguneko epean eman ditzan falta diren datuak edo ekar ditzan aginduzko agiriak, eta ohartaraziko zaio ezen hala egiten ez badu ulertuko dela eskariari uko egin diola, eta, izapide gehiagorik gabe, artxibatu eginen dela.
Udalaren etxeko laguntza-zerbitzuaren ardura duten teknikariek, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, proposamen-txostena prestatuko dute, interesa duen bizikidetza-unitatearen premia egoeraren berri emateko eta eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna zehazteko.
Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da etxeko laguntza-zerbitzuaren eskaria ebazteko agiri-proposamena.
c) Ebazpena: udaleko alkatea edo mankomunitateko edo udalen arteko batasuneko burua da zerbitzua baietsi edo ezesteko organo eskuduna, non ez den eskumen hori beste norbaiten esku utzi.
Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, espedientea artxibatuz burutuko da izapidea; aldiz, ebazpena aldekoa bada, zerbitzuaren altaren edo hasieraren eguna erabakiko da, baldin eta ordurik badago baliagarri laguntza emateko. Ordurik ez dagoenean baliagarri, kasua itxaron-zerrendara pasatuko da.
Ematen den ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxaron-zerrendan sartu den harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta, orobat, ebazpenaren kontra zer errekurtso diren bidezko.
1.–Laguntza emateko ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, besteak beste:
–Banakako arreta programa.
–Hasteko eguna.
–Egin beharreko lanak/jarduketak.
–Laguntzaren iraupena.
–Laguntza asteko zer egunetan emanen den.
–Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.
–Ebazpenaren aurka aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.
–Onuradunarentzat ezarritako beste betebehar edo baldintza batzuk, halakorik balego.
2.–Laguntza ukatzeko ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu:
–Ukatzeko arrazoiak.
–Ebazpenaren aurka aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.
Interesdunak eskaturik abiatutako prozeduretan, berariazko ebazpenik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu eta, beraz, baietsitzat hartzen ahalko da.
d) Jakinarazpena.
Zerbitzua baietsita, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Jakinarazpen hori zerbitzuan sarrera izateko aginduaren pareko izanen da; bertan zehaztuko da hasteko eguna, eginen diren lanak, iraupena, laguntza zenbat orduz emanen zaion eta dagokion tarifa zein den zehaztuko da. Era berean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari eta dagokion profesionalari jakinaraziko zaie.
e) Azkentzea edo etetea.
Azkentzea gertatuko da honako egoera hauengatik:
1.–Interesdunak hala nahi izateagatik edo uko egiteagatik. Kasu horretan, borondatezko bajaren eskaera aurkeztu beharko du.
2.–Zerbitzua behar diren baldintzak bete gabe eskuratzeagatik, edo une batetik aurrera ez betetzeagatik.
3.–Ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.
4.–Beste udalerri batera bizitzera joateagatik, zahar etxe batean sartzeagatik edo hiltzeagatik.
5.–Ezustean gertatutako arrazoiengatik zerbitzua ematen jarraitzeko ezintasunagatik.
6.–Hiru hilabete baino gehiagoan zerbitzua etenda edukitzeagatik.
7.–Egoera hobetzeagatik edo etxeko laguntza-zerbitzuaren esku-hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.
Etxeko laguntza-zerbitzutik irteteko, oinarrizko gizarte-zerbitzuko gizarte-langileak agiri bat sinatu beharko du (baja emateko proposamen txostena); delako agirian agertuko dira erabiltzaileari dagozkion datuak eta baja emateko arrazoiak, baita zerbitzua ematetik gelditzeko eguna ere.
Behar den organoak zerbitzua uzteko ebazpena emanen du, eta hartan arrazoia eta ondorioetarako data agertuko dira.
Bajaren arrazoiak bigarren eta hirugarren kasuak badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emanen zaio interesdunari.
–Etetearen ondorioz, zerbitzua aldi baterako eteten ahalko da. Gehienez ere 3 hilabete iraunen du. Lehendabiziko hilean dagokion tarifa kobratuko da eta alta lehenbailehen gauzatuko da, interesdunak eskatuta. Lehenbiziko hilabetea igaro ondoren ez da tarifa kobratuko. Berriz itzuli nahi badu lehentasuna izanen du, baina hiru hilabete igaro arte itxaron beharko du.
f) Ebaluazioa, jarraipena eta berrikuspenak.
–Jarraipena eta balorazioa:
Behin zerbitzua hasita, etxeko laguntza-zerbitzuaren ardura duen lantalde teknikoak kasuaren jarraipena eginen du, eta hura dagokion espedientean jasoko da.
Familia-unitatearen datu ekonomikoak urtero eta ofizioz eguneratuko dira. Horretarako, erabiltzaileari eskatuko zaio aurkez dezala dagokion dokumentazio ekonomikoa. Behin esleituta, ikusten bada emandako datuak okerrak direla, zuzendu eginen dira.
–Berrikuspena:
Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, erabiltzailearen egoera aldatu baldin bada hasierako baiespena eman zenetik.
Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak. Horretarako, eskaera aurkeztu behar du, berak sinatua edo, bestela, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko profesionalak proposatu beharko du, ikusirik baiespena ekarri zuen egoeran gertatu diren gorabeherak.
Zerbitzua emateko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, dagokion toki-erakundeak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, egokitzeko erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari.
Nolanahi dela ere, aldaketa izapidetzeko, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.
g) Prozedura berezia.
Premia larriei erantzuteko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak proposamen arrazoitua eginez gero, berehala abiatuko da etxeko laguntza-zerbitzua, horrek galarazi gabe geroago izapidetzea, ezarritako prozedurari jarraikiz.
I. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA
Etxeko laguntza-zerbitzuaren eskaera
ESKATZAILEA:
Izen-deiturak .....................................................................................................................................
Jaioteguna ........................................................ Egoera zibila ...........................................................
Helbidea ................................................................................. Herria ................................................
Telefonoa .................................................................................... NANa/AIZa ......................................
BESTE ESKATZAILE BATZUK:
IZEN-DEITURAK | NANa/AIZa | AHAIDETASUNA | JAIOTEGUNA |
HARREMANETARAKO LANGILE BAIMENDUA:
IZEN-DEITURAK | HERRIA | AHAIDETASUNA | TELEFONOA |
ADIERAZTEN DUT:
Nire egoera eta/edo familiarena dela eta, etxeko laguntza-zerbitzua jasotzeko eskatzen dut.
DEKLARATZEN DUT:
Onartzen ditut baldintza ekonomikoak, bai eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak ezarritako prestazioak ere (prestazio horien maiztasuna eta ordutegia barne).
ESKATZEN DUT:
Eman dakidala etxeko laguntza-zerbitzua, aurkeztu dut-eta horretarako eskatutako dokumentazioa.
ESKAERARI ERANTSI BEHARREKO DOKUMENTAZIOA:
Familia-unitateko kide guztien NANaren fotokopia.
Onuradunaren eta haren familia-unitateko kideen diru-sarrera guztien egiaztagiriak, indarrean den urtekoak: nominak, pentsioak, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko (SEPE) prestazioak eta abar.
Eskatzailearen eta familia-unitateko kide guztien errenta aitorpenaren fotokopia (aurreko ekitaldikoa).
Bizikidetzaren eta erroldatzearen ziurtagiria, eskatzailearen izenean.
Landa-lurren eta hiri-lurren katastroko ziurtagiria, familia-unitateko kide guztiena.
Osasun txostena.
Beste batzuk.
Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa. Tratamenduaren arduraduna: Azkoien aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea. Xedea: etxeko laguntza-zerbitzua kudeatzea eta dagozkion kuotak kobratzea. Eskubideak: datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, haiei kontra egiteko eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk. Informazio zabalagoa: Mankomunitatearen webguneko gardentasun atarian edo datuak babesteko ordezkariaren helbidean dago eskuragarri, eta hark datu pertsonalekin lotutako edozein kontu argitzen ahalko dizu.
Eskatzailea ez diren pertsonei buruzko datuak eskatzen edo ematen badira, azaldutako baldintzen berri eman beharko zaie pertsona horiei.
DIRU-SARREREN GAINEKO ADIERAZPENA:
A.–FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN DATU EKONOMIKOAK (DIRU-SARRERAK) | ||||
Lehen deitura | Bigarren deitura | Izena | Kontzeptua (a) | 20XX. urteko diru-sarrerak (b) |
Pertsona batek bi diru-sarrera edo gehiago izan baditu, haietako bakoitzeko lerro bat bete behar da. (a) Kontzeptua. Sailkapen honen arabera: 1. Laneko diru-sarrerak, pentsioak edo prestazioak. 2. Errentamenduengatiko diru-sarrerak (etxebizitzak edo bestelako higiezinak alokatzeagatiko diru-sarrerak). 3. Beste diru-sarrerak batzuk (zehaztu): (b) 20XX. urteko diru-sarrerak: 12 hiletako diru-sarreren kopuruen batura. | ||||
B.–FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN ONDAREARI BURUZKO DATUAK | |||
Lehen deitura | Bigarren deitura | Izena | Kontzeptua (c) |
Pertsona batek bi diru-sarrera edo gehiago izan baditu, haietako bakoitzeko lerro bat bete behar da. (c) Kontzeptua. Kategoria hauetakoren bat adierazi behar duzu: 1. Ohiko etxebizitza. 2. Beste etxebizitza bat. 3. Beste kapital higiezin bat (zehaztu: lursailak, etxabeak, etab.). 4. Kapital higigarria. Zehaztu: aurrezki kontuak, gordailuak, akzioak, inbertsio-funtsak eta abar. | |||
C.–AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIO EKONOMIKOA | |
| Laneko irabazien ziurtagiriak. |
| Kotizaziopeko pentsioen frogagiriak. |
| Errentamendu-kontratua, kapital higiezinetik datozen diru-sarrerak justifikatzeko. |
| Bankuko ziurtagiria, adierazten duena zein den familia-unitateko kideen titulartasuneko kontu guztien saldoa 202....eko abenduaren 31n. |
| Ezohiko beste diru-sarrera batzuk (jaraunspenak eta legatuak, edozein eratako kalte-ordainak, etab.): dagokion diru-sarreraren frogagiria, dokumentu ofizialarekin. |
.............................................(e)n, 202.....(e)ko .....................................aren ........(e)(a)n
Sinadura
Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa. Tratamenduaren arduraduna: Azkoien aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea. Xedea: etxeko laguntza-zerbitzua kudeatzea eta dagozkion kuotak kobratzea. Eskubideak: datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, haiei kontra egiteko eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk. Informazio zabalagoa: Mankomunitatearen webguneko gardentasun atarian edo datuak babesteko ordezkariaren helbidean dago eskuragarri, eta hark datu pertsonalekin lotutako edozein kontu argitzen ahalko dizu.
Eskatzailea ez diren pertsonei buruzko datuak eskatzen edo ematen badira, azaldutako baldintzen berri eman beharko zaie pertsona horiei.
II. ERANSKINA.–LAGUNTZAREN PROPOSAMENA
ERABILTZAILEAREN DATU PERTSONALAK:
Izen-deiturak: | 2. onuraduna: |
Espediente zenbakia: | Aurkezpen osagarriak: |
NANa: | Mendekotasuna BAI/ EZ. Maila: |
Desgaitasuna BAI/EZ. Ehunekoa: | |
Helbidea: | Udalerria: |
Telefonoa: |
ERREFERENTZIAZKO PERTSON(AR)EN DATUAK:
Izen-deiturak: | Telefonoa: |
Izen-deiturak: | Telefonoa: |
Medikua: | Osasun-laguntzaile teknikoa: |
HELBURUAK:
–Lanak eta jarduketak:
a) Etxeko lanetan sostengua emateko jarduketak.
b) Sostengu pertsonaleko jarduketak.
c) Sostengu psikosozialeko jarduketak.
d) Arlo soziokomunitarioan sostengua emateko jarduerak.
e) Familiari sostengua emateko jarduketak.
f) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak.
–Laguntza-zerbitzua emateko ordutegia:
ASTELEHENA | ASTEARTEA | ASTEAZKENA | OSTEGUNA | OSTIRALA | |
Laguntzaren iraupena:
Etxeko laguntza-zerbitzuaren kostuko tasarako ekarpena (euro/ordu):
Alderdien konpromisoak:
–Etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileek honako eskubide hauek izanen dituzte:
- Banakako esku-hartze planaren berri izatea.
- Laguntza modu egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.
- Aukerako beste baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.
- Laguntzaren araubidean gertatzen diren aldaketen berri garaiz izatea.
- Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.
–Etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:
- Behar den informazio guztia ematea, ezagutzeko prestazioaren beharra ekartzen duten inguruabar pertsonalak, familiarrak eta sozialak.
- Jarrera egokia eta laguntzazkoa agertzea, zerbitzua emateko.
- Ez eskatzea banakako arreta programatik kanpoko lanik edo jarduerarik.
- Zerbitzuko langileak tratatzea haien duintasunari zor zaion begiruneaz.
- Zerbitzuaren kostuan parte hartzea, beren ahalmen ekonomikoaren arabera, dagokien kontraprestazioa ordainduz, hala behar izanez gero.
- Egoera pertsonal, familiar, sozial edo ekonomikoan gertatzen zaien edozein aldaketaren berri ematea, baldin badakar etxeko laguntza-zerbitzua aldatzea, etetea edo azkentzea.
ERABAKITZEN DA:
–.......................................................................ko (idatzi zerbitzuaren izena) profesionalak honako betebehar hauek izanen dituela:
- Ahalik eta zorroztasun eta errespetu handienarekin tratatzea familia-unitateko kide guztiak.
- Laguntza jasotzen duten pertsona desgaituen ardura dutenei argibideak ematea erabiltzailearen eboluzioari buruz eta hartutako erabakiei buruz.
- Bildutako informazioa tratatzea honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa).
–Etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileek honako betebehar hauek izanen dituztela:
- Eskaintzen zaizkion euskarri eta baliabideen bidez egindako esku-hartzea baimentzea eta erraztea eta lankidetzan jardutea teknikariekin, laguntza-zerbitzuan aurreikusitako ekintzak eta jarduerak gauzatu ahal izateko.
- Laguntza hobetzeko eta ebaluatzeko garrantzitsua eta esanguratsua den informazio oro ematea.
- Familiako kideen egoeran aldaketarik izanez gero, eta, batez ere, gertakari edo inguruabarren batek eragiten badio edo eragiten ahal badio zerbitzuko laguntzen prestazioari, horien guztien berri ematea ..........................................................................................................ri (idatzi zerbitzuaren izena).
- Baimena ematea ..........................................................................................ri (idatzi zerbitzuaren izena), koordinatuta jardun dezan erakundeekin, zerbitzuekin eta komunitateko baliabideekin, ezarritako helburuak lortzeko, eta beharrezko informazioa eskura dezan Udalaren etxeko laguntza-zerbitzuaren laguntza jasotzen dutenen egoerari eta eboluzioari buruz.
STUA.: UDALAREN ETXEKO LAGUNTZA-ZERBITZUAREN ERABILTZAILEA
STUA.: ETXEKO LAGUNTZA-ZERBITZUAREN ARDURADUNA
Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa. Tratamenduaren arduraduna: Azkoien aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea. Xedea: etxeko laguntza-zerbitzua kudeatzea eta dagozkion kuotak kobratzea. Eskubideak: datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, haiei kontra egiteko eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk. Informazio zabalagoa: Mankomunitatearen webguneko gardentasun atarian edo datuak babesteko ordezkariaren helbidean dago eskuragarri, eta hark datu pertsonalekin lotutako edozein kontu argitzen ahalko dizu.
Eskatzailea ez diren pertsonei buruzko datuak eskatzen edo ematen badira, azaldutako baldintzen berri eman beharko zaie pertsona horiei.
Iragarkiaren kodea: L2601545
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
