48. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTEKO ETA ESTERIBARKO UDALEN OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza, gizarteratzeko eta/edo gizarte larrialdiko prozesuetarako laguntzen kudeaketari buruzkoa. Behin betiko onespena

Ordenantzaren hasierako onespenaren erabakia 2025eko 220. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 4an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratzen da, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Uharten, 2026ko otsailaren 10ean.–Mankomunitateko burua, María Teresa Ayarra Elia.

ORDENANTZA, GIZARTERATZEKO ETA/EDO GIZARTE LARRIALDIKO PROZESUETARAKO LAGUNTZAK KUDEATZEKOA

Zioen azalpena

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak xedatzen du botere publikoen jarduketek, besteak beste, funtsezko helburu hauek izanen dituztela gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea; eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezala bultzatzea, batez ere giza talde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateen bidez.

Orobat, xedatzen du Nafarroako toki entitateen titulartasunpeko oinarrizko gizarte zerbitzuak, gizarte zerbitzuen sistema publikoaren oinarrizko unitateak izateaz gainera, sistema horretara heltzeko sarbide ere badirela, bai eta hartzaileengandik eta familiaren eta gizartearen esparrutik hurbilen dagoen maila ere. Gizarte zerbitzu horien eginkizunei dagokienez, besteak beste, arreta ematen diete gizarte zerbitzuen aurrean eskariak egiten dituztenei, lehen erantzuna emateko (30.b artikulua), eta gizarte larrialdietako prestazioak kudeatzen dituzte (30.h artikulua).

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak, 31.4 artikuluan, aukera ematen die oinarrizko gizarte zerbitzuei oinarrizko laguntzan egiten den esku-hartzea osatzeko, toki entitateek, nork bere lurralde eremuan eta bere eskumenen barrenean, ezartzen dituzten bestelako programa edo jarduketak garatuz.

Horiek horrela, ordenantza honen helburua da gizarteratzeko eta/edo gizarte larrialdiko prozesuetarako laguntzak arautzeko oinarriak ezartzea. Laguntza horien bidez hainbat premiari eman nahi zaie erantzuna, besteak beste: ohiko etxebizitzako hornidura gastuak ordaintzea; ostatuari lotutako gastuak; laneratzeko aukerak handitzeko prestakuntza; komunitate terapeutikoko tratamenduetarako gastuak eta adierazitako kontzeptuez bestelako oinarrizko premiei lotutakoak. Azken batean, herritarren beharrei azkar eta modu eraginkorrean erantzuteaz ari gara.

Gizarte egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako laguntzak dira gizarteratzeko eta/edo gizarte larrialdiko prozesuetarako laguntzak. Uharten edo Esteribarren bizi diren eta balorazio teknikoaren arabera hala behar duten familia-unitateei gizarteratzeko prozesuetan laguntzea eta premia sozialak berehala estaltzen direla bermatzea dute helburu laguntzok.

1. apartatua.–Definizioak.

1. Gizarteratzeko eta/edo gizarte larrialdiko prozesuetarako laguntza: ordainketa bakarreko prestazio ekonomiko bat da, diruz lagungarria, unean unekoa eta graziazkoa, familia-unitateei ematen zaiena, baldin baliabide ekonomiko aski ez badute gastu espezifikoei erantzuteko (arruntak edo bereziak), gizarte-bazterketako egoerak prebenitzeko edo halakoak saihesteko edo arintzeko.

Prestazioek honako ezaugarri hauek dituzte:

–Helburu zehatz baterako dira, hau da, zertarako ematen diren, hartarako bakarrik izanen dira.

–Pertsonalak eta eskualdaezinak dira, familia-unitate batentzat diren aldetik.

–Berehala tramitatzekoak dira: laguntzak ahalik eta azkarren jasotzeko moduan kudeatuko dira.

–Profesionalen jardunaren osagarri dira; hau da, oinarrizko gizarte zerbitzuak familia-unitatean egiten duen esku-hartzeari laguntzeko neurri bat dira.

2. Bizikidetzako familia-unitatea: foru agindu honen ondorioetarako, bertan sartzen dira eskatzailea eta, hala badagokio, harekin bizi diren pertsona bat edo gehiago, elkartuta daudenak ezkontzaren bidez edo pareko afektibitate-harreman baten bidez, edo daukatenak bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuneko lotura edo lehen gradurainoko ezkontza-ahaidetasunekoa.

3. Familia-unitatearen baliabide ekonomikoak: familia-unitateari egozteko moduko diru-sarrerak eta ondarea (ondasun higigarriak eta ondasun higiezinak).

Familia-unitatearen diru-sarreratzat hartuko dira eskaera egiten denean unitateko edozein kidek dituenak, honako hauen bidez eskuratutakoak:

–Besteren konturako lan etekinak edo enpresa edo lanbide jardueren bidezkoak (zenbateko gordinak, behin kenduta Gizarte Segurantzako kotizazioak eta ordaindu dena eskubide pasiboengatik, nahitaezko mutualitateengatik eta antzekoengatik), prestazioak eta pentsioak, eta hilero jasotzen den beste edozein diru-sarrera.

–Ohiko bizilekutik aparteko ondasun higiezinek emandako etekin garbiak (alokairuak, errentak…).

Ondasun higigarriak eta ondasun higiezinak 2. apartatuaren 6. eta 7. puntuetan ezarritakoaren arabera baloratuko dira.

2. apartatua.–Familia-unitate onuradunek bete beharrekoak.

Eskatzailea 18 urtetik gorakoa izatea, edo adingabe emantzipatua, bere ardurapean adingabeak dituena.

Familia-unitateak Uharten edo Esteribarren egon behar du erroldatuta.

Familia-unitateak Uharten eta Esteribarren egiaz eta modu jarraian bizi direla egiaztatu beharko du, gutxienez 3 hilabete lehenagotik.

Uharte eta Esteribarko oinarrizko gizarte zerbitzuen erabiltzaileak izan, eta esku-hartze sozialeko prozesu batean sarturik egon beharko dute zerbitzuaren programaren baten bidez. Esku-hartze sozialeko prozesutzat hartuko da azken urtean zerbitzuko profesionalekin gutxienez lau hitzordu izana.

Eskaera egiten den unean familia-unitateko kide guztien hileko diru-sarrerak, 1. ataleko 3. puntuan adierazitakoaren arabera, ez dira familia-unitate horretarako errenta bermatua baino 1,5 aldiz handiagoak izanen.

Familia-unitateko kide guztien ondasun higigarriak, eskaera egiten den unean, ezin dira izan handiagoak azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean ezarritako ondasun higigarri konputagarriak baino. Foru lege horren bidez arautu ziren gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak.

Familia-unitateko kide guztien ondasun higiezinen katastro-balioa, ohiko bizilekua kenduta, ezin da izan handiagoa kide bateko familia-unitateentzako urtebeteko errenta bermatua halako hamar baino. Baldintza hori ez da bete beharko justifikatzen denean ezinezkoa izan dela ondare hori diru bihurtzea.

Egunean egotea Uharteko eta Esteribarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekiko eta Uharteko eta Esteribarko udalekiko edozein betebehar eskatzeko unean.

Gastu zehatzei aurre egiteko zailtasunak izatea, eta gastu horiek ordaintzea beharrezkoa izatea gizarte-bazterketako egoerak prebenitzeko edo halakoak saihestu edo arintzeko.

Familia-unitate eskatzailea errenta bermatua jasotzen ari baldin bada, ulertuko da betetzen duela 5., 6. eta 7. apartatuetan eskatutakoa.

Komunitate terapeutikorako laguntza eskaeretarako, beharrezkoa izanen da osasun mentaleko txosten bat aurkeztea, deribatzeko, eta komunitate terapeutikoaren ziurtagiria, tratamenduaren kostua eta epea zehazten dituena.

Salbuespen gisa, laguntzak jasotzen ahalko dituzte, nahiz eta apartatu honetako 3., 4. eta 8. puntuetan ezarritako baldintzak ez bete, konpondu ezin diren kalteak eragin ditzaketen kausa larriak edo presazkoak daudela egiaztatzen dutenek, oinarrizko gizarte zerbitzuko profesionalen balorazio teknikoaren bidez justifikatzen bada.

3. apartatua.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek Eskubide Sozialetako Departamenduaren aparteko laguntzen osagarri izanen dira, edo ez. Laguntza horien kontzeptuak, baldintzak eta gehieneko zenbatekoak Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzailearen abuztuaren 9ko 3422/2005 Ebazpenaren bidez arautu ziren.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.

Horretarako baldintza bakarra da ez gainditzea eskaeraren %100.

4. apartatua.–Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarriak dira diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira, pertsonen gizarteratze prozesua errazten badute eta urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte egiten badira.

Diruz lagungarriak izanen dira betiere gehieneko kopurua izanik kategoria edo azpikategoria bakoitzerako ezarritako muga. Familia-unitate bakoitzeko, 3.000 euroko diru-muga ezarri da urte osorako.

Gastu diruz lagungarriak kategoria hauetako batekoak izan beharko dira:

a) Bizitokia.

a.1) Honako hauek ordaintzeko: etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka maileguaren kuota, etxebizitza partekatuko gela, bestelako ostaturen bat (apopilo etxea, hotela eta abar), auzokideen erkidegoko gastuak.

Kontzeptu horrengatik, gehieneko laguntza izanen da, urtean, 3.000 euro familia-unitate bakoitzeko.

a.2) Etxebizitza berrirako alokairuaren kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizilekua izateko betiere, baldin beharrezkoa bada hasierako aparteko ordainketa bat egitea eta baldin diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketei aurre egiteko.

Kontzeptu horrengatik, gehieneko laguntza izanen da, urtean, 2.000 euro familia-unitate bakoitzeko.

b) Oinarrizko hornidurak.

b.1) Ur hotzaren hornidura gastuak eta bestelako zerbitzuetakoak (estolderia, zaborrak biltzea, eta abar).

b.2) Gastu hauek: argindarra, gasa, berokuntza, ur bero zentrala eta bestelako erregaiak (egurra, ikatza, berokuntzarako gasolioa).

Aurreko b.1) eta b.2) kontzeptuengatiko gehieneko laguntza izanen da, urtean eta bi atalak baturik, 800 euro familia-unitate bakoitzeko.

b.3) Oinarrizko horniduren kontratuen altak, ohiko bizilekuan; altaren kostuaren kopurua emanen da gehienez ere.

Kontzeptu horrengatik, gehieneko laguntza izanen da, urtean, 2.000 euro familia-unitate bakoitzeko.

Ez dira sartzen komunikazio eta informazio gastuak.

c) Nutrizioa eta higienea.

c.1) Familia-unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (oinarrizko elementuak norberaren eta etxeko higienerako). Kontzeptu horrengatik, gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN
KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

1

500 euro familia-unitateko

2

700 euro familia-unitateko

3

940 euro familia-unitateko

4 edo gehiago

1.220 euro familia-unitateko

Eskaera egiteko unean azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean araututako errenta bermatua jasotzen duten familia-unitateek ez dute laguntza mota hori jasotzen ahalko, salbu eta talde teknikoak salbuespenezko egoeratzat jotzen baditu aparteko premia dutelako.

d) Prestakuntza eta gizartean eta lan munduan sartzea.

d.1) Honetarako gastuak: parte hartzea prestakuntza ez arautuetan eta/edo laneratze eta gizarteratze jardueretan, norbera gaitzeko, gizarteratze eta laneratze prozesuaren barnean.

–Gehienez ere 800 euro urtean familia-unitate bakoitzeko.

e) Komunitate terapeutikoan tratatzeko laguntzak.

Tratatzeko gehienezko epeak, adikzioaren arabera sailkatuta:

ADIKZIOA

EPEA

Alkohola

24 hilabetekoa

Substantzia toxikoak

18 hilabetekoa

Jokoa

18 hilabetekoa

Mugikorra/ordenagailua

6 hilabetekoa

–Gehienez ere 2.400 euro urtean familia-unitate bakoitzeko.

f) Oinarrizko beste premia batzuk.

Apartatu honetan jasoko dira aurreko apartatuetan zehaztu gabeko laguntzak, oinarrizko gizarte zerbitzuaren balorazio teknikoaren bidez justifikatzen bada horiek eman behar direla.

Kontzeptu horrengatik, gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN
KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

1

500 euro familia-unitateko

2

700 euro familia-unitateko

3

940 euro familia-unitateko

4 edo gehiago

1.220 euro familia-unitateko

5. atala.–Aurrekontua.

Gizarteratzeko eta/edo gizarte larrialdiko prozesuetarako laguntzetarako urteko aurrekontua "Gizarte larrialdietarako laguntzak" aurrekontu partidaren kargura ordainduko da.

Ordenantza honetan ezarritako laguntzak eskuratzen dituzten pertsonek edo familiek urte naturalean zehar eta aurrekontuan kontsignatzea dagoen bitartean jasotzen ahalko dituzte laguntzok.

Esleitutako aurrekontua baliatu ondotik, hurrengo eskabideak ukatu eginen dira.

6. apartatua.–Eskabideak aurkeztea.

Eskabideak urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean aurkezten ahalko dira, partidan aurrekontuan kontsignatzea dagoen arte.

Oro har, eskabideak erreferentziazko gizarte-langilearen hitzorduan eginen dira. Eskabideak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen inprimaki ofizialaren eredua erabilita eginen dira.

Eskabideak Uharteko eta Esteribarko Udalen Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistroan aurkeztu behar dira (San Joan plaza, 1, 3. solairua, Uharte) edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako bideren bat erabili.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar ordenantza hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7. apartatua.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak erreferentziazko gizarte-langilearen hitzorduan egin beharko dira. Hark laguntza baloratu eta eskabideari erantsi beharreko dokumentuak eskatuko ditu. Ez da beharrezkoa izanen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko dokumentazioa aurkeztea.

Eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, laguntzaren eskaerari uko egiten zaio, eta eskaera artxibatu eginen da.

Oro har, laguntza jasoko duen pertsona eskatzailea izanen da eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari ordainketaren justifikazioa aurkeztu beharko dio, laguntza jasotzen duenetik gehienez 10 egun balioduneko epean. Bestela, onuradunari laguntza itzultzeko eskatuko zaio, eta une horretatik aurrera Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zorduntzat joko da. Beraz, zorrak dirauen bitartean ezin izanen du beste inolako laguntzarik jaso.

Salbuespenez, laguntza beste hartzaile bati ordaintzen ahal zaio, baita eskatzaileak aldez aurretik eta idatziz baimenduriko entitateari ere.

8. apartatua.–Balorazioa.

Erreferentziazko gizarte-langileak baloratuko ditu eskabideak, eta haien berri emanen die Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruari. Kasu bakoitzean dagokion balorazio txostena bete beharko du.

Ebazpenean adieraziko dira laguntzaren zenbatekoa eta kontzeptua.

9. apartatua.–Eskaera ebaztea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, hamar egun baliodunekoa izanen da. Eskaera Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistroan, izapidetzeko, sartzen denetik aurrera hasiko da epea zenbatzen.

Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jo ahalko du, Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorrean ezarritakoarekin bat.

Dirulaguntza emateko ebazpenak azkena emanen dio administrazio bideari, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40., 41. eta 42. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

10. apartatua.–Laguntzen ordainketa.

Oro har, gehienez ere 10 egun balioduneko epean ordainduko dira, laguntza emateko ebazpena ematen denetik zenbatzen hasita.

11. apartatua.–Aurrerakinak.

Salbuespenez, errenta bermatuaren eta/edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren aurrerakinak egiten ahal dira, betiere prestazioa onetsita badago.

Eskabideak erreferentziazko gizarte-langilearen hitzorduan eginen dira. Eskabideak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen inprimaki ofizialaren eredua erabilita eginen dira.

Errenta bermatuaren aurrerakinaren eskaeretarako, gizarte-langileak egiaztatuko du eskatzaileak prestazio hori onetsita duela, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko Prestazioen Informazio Sistemaren (SIPSSNET) bidez.

Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren aurrerakinaren eskaeretarako, gizarte-langileak eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du eskatzaileak, prestazioa onetsita duela egiaztatzeko.

Eskabideak Uharteko eta Esteribarko Udalen Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistroan aurkeztu behar dira (San Joan plaza, 1, 3. solairua, Uharte) edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako bideren bat erabili.

Erreferentziazko gizarte-langileak baloratuko ditu eskabideak, eta haien berri emanen die Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruari. Kasu bakoitzean dagokion balorazio txostena bete beharko du.

Ebazpenean adieraziko dira aurrerakinaren zenbatekoa eta kontzeptua.

Gehienez ere 10 egun balioduneko epean itzuliko da aurrerakina, prestazioa benetan ordaintzen denetik zenbatzen hasita.

Beste hartzaile bati ordaintzen ahal zaio, baita eskatzaileak aldez aurretik eta idatziz baimenduriko entitateari ere.

12. apartatua.–Onuradunen betebeharrak.

Hauek dira laguntza hauen onuradunen betebeharrak:

–Jasotzen den dirulaguntza eman den helbururako erabiltzea.

–Laguntzaren betekizunak eta baldintzak betetzen direla justifikatzea oinarrizko gizarte zerbitzuaren aurrean.

–Oinarrizko gizarte zerbitzuari jakinaraztea gauzatzen ari den esku-hartze sozialarekin loturik lortutako edozein laguntza. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena.

–Oinarrizko gizarte zerbitzuari jakinaraztea gizarteratzeko eta/edo gizarte larrialdiko prozesuetarako laguntzak jasotzeko eskubidea aldatzea ekar dezakeen edozein gorabehera. 15 egun balioduneko epean jakinarazi beharko da.

–Oker jasotako prestazioak edo zenbatekoak bueltatzea.

13. apartatua.–Onuradunek betebeharrak ez betetzea.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak deuseztatzen ahal du emandako dirulaguntza, eta baita hasiera batean jasotako zenbatekoa itzultzeko eskatu ere, baldin eta:

–Eskatzaileak gezurra esan badu bazterketa egoeraren gainean.

–Laguntza ez bada erabili adierazitako xederako.

–Onuradun izaera galtzea justifikatzen duen beste edozein inguruabar jazo bada.

14. apartatua.–Errekurtsoak.

Emandako ebazpenen aurka berraztertzeko errekurtsoa, gora jotzekoa eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioari zuzendutakoa jartzen ahalko dira, indarrean dagoen araudiarekin bat.

15. apartatua.–Araudia.

Deialdi hau agiri honetan bildutako arauei jarraikiz eginen da eta aurreikusten ez den orotan, berriz, araudi honetan ezarritakoa beteko da:

–6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta bere erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsia, 87/2006 ED (Erregelamendua).

16. apartatua.–Datuak babesteko klausula.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat, eskatzaileei aditzera ematen zaie deialdi honetan eskatutakoaren arabera ematen dituzten datu pertsonalak Uharteko eta Esteribarko Udaletako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen ardurapeko fitxategi batean gordeko direla eta soilik erabiliko direla laguntzak emateko kudeaketa ahalbidetzeko.

Komunikazioei dagokienez, legezko betebeharrek ezarritakoak eginen dira soilik.

Datuen titularrek datuak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka egiteko eskubideak gauzatzen ahalko dituzte, idazki bat aurkeztuz, NANaren kopiarekin batera, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko bulegoetan (San Joan plaza, 1, 3. solairua, 31620 Uharte).

Iragarkiaren kodea: L2602137