2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
UHARTEKO ETA ESTERIBARKO UDALEN OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Jarduketa protokoloa, elikagai bankura sartzekoa eta txartel solidarioa eskuratzekoa. Behin betiko onespena
Protokoloaren hasierako onespenaren erabakia 2025eko 220. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 4an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratzen da, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Uharten, 2026ko otsailaren 10ean.–Mankomunitateko burua, María Teresa Ayarra Elia.
ELIKAGAIEN BANKURA SARTZEKO ETA TXARTEL SOLIDARIOA ESKURATZEKO JARDUKETA PROTOKOLOA
Protokolo honen helburua da arautzea zer balorazio prozedurari jarraituko zaion Uharteko eta Esteribarko elikagaien bankura sartu eta txartel solidarioa eskuratu ahal izateko.
Elikagaien bankua eta txartel solidarioa zailtasun sozioekonomikoak dituzten familientzat dira.
1. artikulua. Baldintzak eta betebeharrak.
Apartatu honetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako, eta ikasturte guztian eutsi behar zaie.
1.1. Nahitaezko baldintzak izanen dira hauek:
a) Uharten edo Esteribarren erroldaturik egotea, eskabidea aurkezten den unean eta dirulaguntza jasotzen den bitartean ere.
Oinarrizko gizarte zerbitzuek udal erroldaren bidez egiaztatuko dute eskatzaile eta onuradunen erroldatze eta bizikidetza egoera.
b) Uharten eta Esteribarren egiaz eta modu jarraian bizi direla egiaztatzea, gutxienez 3 hilabete lehenagotik.
c) Uharte eta Esteribarko oinarrizko gizarte zerbitzuen erabiltzaileak izatea eta esku-hartze sozialeko prozesu batean sarturik egotea zerbitzuaren programaren baten bidez. Esku-hartze sozialeko prozesutzat hartuko da azken urtean zerbitzuko profesionalekin gutxienez lau hitzordu izana.
d) Egunean egotea Uharteko eta Esteribarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekiko eta Uharteko eta Esteribarko udalekiko edozein betebehar eskatzeko unean.
e) Familiaren diru-sarrerak, kontzeptu guztiei dagokienez, apalagoak izatea epigrafe honetan ezarritakoak baino, bizikidetzako familia-unitatearen arabera eta sarrerak kalkulatzeko aintzat hartutako kontzeptuen arabera.
Elikagai bankua eskatzeko eskubidea izanen da familia-unitateko diru-sarrera konputagarrien hileko batez bestekoa 1,2 aldiz txikiagoa bada familia-unitateko kide kopuruaren arabera ezarritako errenta bermatuaren zenbatekoa baino.
Txartel solidarioa eskatzeko eskubidea izanen da familia-unitateko diru-sarrera konputagarrien hileko batez bestekoa 1,0 aldiz txikiagoa bada familia-unitateko kide kopuruaren arabera ezarritako errenta bermatuaren zenbatekoa baino.
f) Eskabidea eta dokumentazioa aurkeztea.
g) Elikagaien bankua eta txartel solidarioa erabiltzea baimentzen ahalko zaie muturreko egoeretan daudenei, nahiz eta ez bete ezarritako baldintza bat edo batzuk.
1.2. Betebeharrak.
a) Oinarrizko gizarte zerbitzuari jakinaraztea baliabidea eskuratzeko eskubidea alda dezakeen edozein inguruabar. 15 egun balioduneko epean jakinarazi beharko da.
b) Mankomunitateak jakiten badu iruzurra egon dela, eskatzaileari eskatzen ahalko dio aurkeztea, 15 egun balioduneko epean, baldintzaren bat zergatik bete ez den azaltzen duen agiria edo bestelako euskarriren bat.
2. artikulua. Eskabidea, epeak eta agiriak.
Oro har, eskabideak erreferentziazko gizarte-langilearen hitzorduan eginen dira. Eskabideak Uharteko eta Esteribarko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen inprimaki ofizialaren eredua erabilita eginen dira.
Eskaera bat bete beharko da familia bakoitzeko, eskatzaileak eta/edo titularrak sinatuta. Era berean, araudi honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztuko dira.
Urtero berritzeko, eskabidea martxoan aurkeztu beharko dute familia guztiek.
Errenta bermatua jasotzen dutenek urteko berritze eskaera egin beharko dute, baina ez daude behartuta dokumentazioa aurkeztera.
2.1. Epeak.
a) Berritzeko:
–Otsaileko azken astean bidaliko zaie SMSa elikagai bankuaren eta txartel solidarioaren onuradun guztiei.
–Eskaerak aurkezteko epea martxoaren 15ean agortuko da.
–Eskaerak aztertu eta haien gaineko ebazpena eman eta gero, martxoko azken astean jakinaraziko da erabakia.
b) Gainerako eskaeren kasuan, hitzordua eskatu beharko da erreferentziazko gizarte-langilearekin.
–Eskaerak aztertu eta haien gaineko ebazpena eman eta gero, 3 hilabetean, gehienez, jakinaraziko da erabakia, eskaera egiten denetik zenbatzen hasita.
2.2. Dokumentazioa.
Baldintzak eta betekizunak betetzen dituzten eskatzaileek elikagai bankuari eta txartel solidarioari dagokien eskabide eredua bete beharko dute. Horretarako, ondotik aipatzen diren agirien jatorrizkoak eta fotokopiak aurkeztu beharko dituzte Mankomunitatean.
a) Eskabidea, behar bezala beteta eta ereduaren araberakoa.
b) Datu pertsonalak:
–NANa.
–AIZ.
–Aurreko bi agirietatik bakar bat ere izan ezean, indarra duen pasaportea aurkeztuko da.
c) Familiako egoera:
1.–Familia-liburuaren fotokopia, haren kide guztiekin, jatorrizkoarekin alderatua, eta halakorik izan ezean, familia-unitateko kideak eta haien jaiotegunak frogatzeko dokumentazio ofiziala. Erroldako izen ematea ofizioz egiaztatuko da.
2.–Banantzea edo dibortzioa. Honela egiaztatuko dira:
2.1.–Izatezko banantzean, aurkeztuko da banantzeko eskaera aurkeztu izanaren ziurtagiriaren fotokopia, jatorrizkoarekin alderatua, edo notario agiria zein egoera hori erakusten duten beste agiri ofizial batzuk.
2.2.–Banantze kasu guztietan, banantze edo dibortzioaren gaineko epai judiziala edo hitzarmen arautzailea eskatuko da. Halakorik ez bada, justifikatu beharko da halakoak ezartzeko ekintzak abiarazi direla.
3.–Ezkontzaz kanpoko adingabe bat izanez gero, eta aitak aitortua badu, aurkeztu beharko da zaintza eta jagoletzari buruzko neurrien eta mantenu-pentsioaren fotokopia, jatorrizkoarekin alderatua. Halakorik izan ezean, demanda jarri izanaren ziurtagiria, edo egoera hori frogatzen duten beste agiri ofizial batzuk.
4.–Familiaren diru-sarrera guztien frogagiriak:
4.1.–Azken 6 nominak eta/edo diru-sarreren frogagiriak, izanik horiek pentsioengatik, langabezia prestazioengatik, aldi baterako lanerako ezintasunagatik, elikagaietarako pentsioengatik edo bestelako prestazioengatik. Erakunde eskudunek eman beharko dituzte frogagiri horiek (Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala, SEPE, mutualitateak, Nafarroako Gobernua eta abar).
4.2.–Autonomoak izanez gero, aurreko urte osoko hiruhilekoetako BEZaren aitorpena eta azken sei hilabeteetako diru-sarreren zinpeko aitorpena, hilabeteka xehatua.
4.3.–Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aurreko ekitaldiko aitorpenaren fotokopia, bizikidetza-unitateko kideei dagokiena (aita/ama, eta haien ezkontide berriak edo izatezko bikotekideak edo antzeko harreman afektiboa dutenak). Egitera beharturik ez badaude, aurkeztu beharko dute beharturik ez egotearen ziurtagiria, Foru Ogasunak egina.
Aurreko apartatuetan aipatzen den dokumentazioa izan ezean, eskatzaileek bidezko iruditzen zaizkien dokumentu eta ziurtagiriak aurkezten ahal dituzte, frogatzeko ekonomia, gizarte edo familiaren aldetik bizi duten egoera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusitakoarekin.
Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Betiere, aurretik ebazpena emanen da, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoarekin.
3. artikulua. Aurkezpena.
a) Eskaerak eta eskatutako agiriak Mankomunitatearen erregistroan bilduko dira, ezarritako epean, eta egiaztatuko da eskabideko apartatuak behar bezala beterik daudela eta erantsitako agiriak behar direnak direla.
b) Eskabideak beterik aurkeztean, eskatzaileari kopia itzuliko zaio, sarreraren zigilua eta data dituela, aurkeztu izanaren frogagarri.
c) Orobat, aurkeztutako dokumentazioaren kopia zigilatuko da, behin fotokopia jatorrizkoarekin alderatu ondoan, aurkeztutako agiriaren egiazkotasunaren frogagarri.
4. artikulua. Baloratzeko eta hautatzeko irizpideak.
Programa bakoitzeko erreferentziazko teknikariek izanen dute baloratzeko eskumena, baita nahitaezko txostenak egitekoa ere, baldin erreklamazioak eta errekurtsoak jartzen badira.
5. artikulua. Ebazteko eta jakinarazteko epea.
5.1. Organo eskuduna. Araudiaren araberako eskumen banaketari jarraikiz, ebazteko eskumena duen organoa Mankomunitateko burua da, beste baten esku uzten ahal badu ere.
5.2. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea 3 hilabete da, eskaera erregistroan sartu denetik, kontuan harturik epe hori eteten ahal dela interesdunari eskatzen bazaio bere eskaerako akatsak zuzentzeko edo agiriak ekartzeko. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko du eskatzaileak.
Familia-unitate bakoitzari zenbaki bat emanen zaio, eta haren bidez identifikatu beharko dute elikagai bankuko elikagaiak jasotzera joaten direnean.
5.3. Dirulaguntza emateko ebazpenak azkena emanen dio administrazio bideari, eta eskatzaileei jakinaraziko zaie Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 88. artikuluan agindutakoarekin bat.
6. artikulua. Diru-sarrerak.
6.1. Ordenantza honen ondorioetarako, hona hemen zer diren honako hauek:
a) Familia-unitatea: eskatzaileak osatzen duena gehi, kasua bada, berarekin bizi den pertsona, elkartu zaiona ezkontza bidez edo pareko afektibitate harreman baten bidez, gehi, kasua bada, eskatzailearekin bizi direnak baldin harekin badute bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuna, barnean direla familia harreraren bidez legezko zaintza arautua duten edo izan duten pertsonak, edo lehen gradurainoko ezkontza-ahaidetasuna dutenak. Familia-unitateek izan dezakete familia-nukleo bat edo gehiago.
b) Familia-nukleoa: kide ditu eskatzailea eta, kasua bada, haren ezkontidea edo berarekin pareko harreman afektiboa duen pertsona, eta haiekin bizi diren seme-alabak. Seme-alabatzat hartzen dira familia harreran bizi diren adingabeak nahiz ikasketak egiten ari diren ikastetxetik hurbil egotearren familiaren bizilekutik kanpo aldi baterako bizi diren seme-alabak.
Baldin helbide berean bizi badira bi familia-unitate edo gehiago, haietako bakoitzak izanen du eskubidea elikagaien bankurako eta txartel solidariorako eskaera egiteko, kontuan hartu gabe beste familia-unitatearen diru-sarrerak.
Inor ezin da izan, aldi berean, bi familia-unitatetako kide.
6.2. Diru-sarreren kalkulua:
Familia-unitatearen diru-sarreratzat hartuko dira hileko diru-sarrera guztien batura.
a) Laneko etekinen bidezko diru-sarrerak. Laneko etekintzat hartuko dira diru-sarrera guztiak, heldu direnak elkarrekin bizi den familiako kideen lanetik (aita-ama, bikotekidea, tutoreak, anai-arreba) norberaren nahiz besteren konturako lana izan, gehi sari eta pentsio aitortuak, sarturik daudenak funts publiko nahiz pribatuen kontura finantzatzen diren gizarte aurreikuspeneko araubideetan.
Kontatuko dira:
1. Diru-sarreren kontua egiteko, kalkulatuko dira batez besteko diru-sarrerak, oinarri harturik azken sei nominak, pentsioaren ziurtagiria edo beste edozein diru sari edo diru iturri.
2. Kontuan hartuko da aurreko urteko errenta aitorpena. Egoki denean, kontuan hartuko dira, orobat, familia-unitateko edozein kideren pentsio, sari edo nominetatik heldu diren diru-sarrerak, azken errenta aitorpenean sartu ez direnak.
b) Diru baliabideen kontaketatik salbuetsiko dira diru-sarrera hauek:
1. Ardurapeko seme-alabak izateagatik (18 urtetik beherakoak) Gizarte Segurantzak ematen dituen prestazioak.
2. Helburu zehatz baterako laguntza ekonomikoak, halakotzat harturik larrialdietako laguntzak, etxebizitza erosteko direnak edo alokairu sozialekoak, ikasketetarako bekak eta beste edozein, eman bada familia-unitatearen premia zehatz bati aurre egiteko.
3. Adingabeen babesean eskuduna den departamentuak emandako prestazio ekonomikoak, konpentsatzeko familian adingabeak hartzeak ekarritako gastuak.
4. Gizarte Segurantzaren prestazioak, eta/edo aurreikuspen sozialeko beste sistema batzuek ematen dituzten antzeko laguntzak, ardurapeko 18 urtetik beherako seme edo alaba bakoitzeko.
5. Gizarteratzeko zentro okupazionaletako jardueretan parte hartzeagatik emandako pizgarriak edo haborokinak.
6. Pentsioak edo antzeko prestazioak, eskatzailearen familia-nukleokoak ez diren familia-unitateko kideenak, edo eskatzailearen ardurapeko seme-alabenak. Gehieneko zenbatekoa: kide bakarreko unitate jasotzaile batentzako errentaren %45 adina.
7. artikulua. Salbuespeneko egoerak.
Oinarri hauetan ezartzen denetik kanpora, familiako beste kasu batzuk ere aztertzen ahalko dira, elikagaien bankua eta/edo txartel solidarioa erabili behar badute faktore soziosanitario larriengatik edo aparteko inguruabarrengatik (kasuan kasuko profesionalak baloratuak). Egoera horiek behar bezala frogatu eta baloratuta egon beharko dute.
8. artikulua. Indarraldia eta xedapen osagarriak.
Araudi hori indarrean izanen da harik eta organo eskudunak, legeak ezarritako prozedurarekin bat, aldatu edo indargabetu arte.
Iragarkiaren kodea: L2602136