44. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

26/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 28koa, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak emana, hauteskundeetarako deialdia egiten duena Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialeko gobernu organoak berritzeko.

Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari buruzko apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legeak III. tituluan arautzen du Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren hauteskunde-araubidea.

Estatuko oinarrizko araudiak Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa Ministerioari esleitzen dio hauteskunde-prozesuaren irekiera, eta Ganberaren gobernu organoen berrikuntzarako hauteskundeetarako deialdia egitea tutoretza duen administrazioari dagokio. Hala, azaroaren 28ko ECM/1382/2025 Aginduaren bidez, irekitzat jo zen Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen osoko bilkurak berritzeko hauteskunde-prozesua. Hauteskunde-prozesu hori 2025eko abenduaren 1ean ireki zen, eta 2027ko abenduaren 31n bukatuko da.

Nafarroako Gobernuak 2016ko azaroaren 9an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren barne araudia, eta bertan araututa dago ganbera horren hauteskunde-prozesua, IV. tituluko II. kapituluan zehazki.

Aipatutako barne araudian ezarritakoarekin bat, hautesle-errolda jendaurrean jarri da, berrikusteko, 2025eko abenduaren 15etik 2026ko urtarrilaren 15era, eta ez da alegaziorik edo erreklamaziorik jaso dagozkion talde edo kategorietan enpresak sartzeari edo handik kanpo uzteari buruz.

Horrenbestez, behin nahitaezko kontsulta eginik Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari, bidezkoa da hauteskundeetarako deialdia egitea.

Azaldutakoarekin bat, eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 250/2023 Foru Dekretuaren 8. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialeko gobernu organoak berritzeko hauteskundeetarako deialdia egitea, zehaztapen hauekin:

a) Talde bakoitzak 2026ko apirilaren 21ean emanen du botoa, 09:00etatik 20:00ak arte.

b) Hautesleku bakarra izanen da, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren egoitzan, Iruñean, Chinchilla Jeneralaren kaleko 4an. Han eratuko da hauteskunde-mahaia hauteskunde egunean.

c) Botoa posta bidez emateko, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren barne araudiaren 61. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio. Horrela, botoa Hauteskunde Batzordeko Idazkaritzara igorriko da posta ziurtatuaren bidez eta behar den denboraz, 2026ko apirilaren 20ko 20:00ak baino lehen irits dadin.

d) Hauteskunde Batzordearen egoitza Nafarroako Merkataritza eta Industriako Ganbera Ofizialaren egoitza bera izanen da, b) atalean adierazitakoa, hain zuzen.

e) Eredu hauek onetsi eta ebazpen honen eranskinetan jaso dira:

I. ERANSKINA.–Hautagai-zerrendak aurkezteko eredua.

II. ERANSKINA.–Posta bidezko botorako eskaeraren eredua.

III. ESKAERA.–Posta bidezko botorako gutun-azalaren eredua eta jarraibide-orria.

IV. ERANSKINA.–Botoa emateko gutun-azalen eta boto-paperen eredua.

f) Tutoretza duen administrazio organoak onetsitako eredu normalizatuak eta hauteskunde-prozedura homogeneizatzeko eta normalizatzeko beharrezkotzat jotzen diren alderdi guztiak ikusgai daude Ganberaren web-orrian: www.camaranavarra.com.

2.–Ebazpen honetan berariaz ezarri ez den guztirako, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren barne araudia aplikatuko da, Nafarroako Gobernuak 2016ko azaroaren 9an hartutako Erabakiaren bidez onetsitakoa.

3.–Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Foru Komunitatean gehien zabaltzen diren egunkarietako batean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan.

Iruñean, 2026ko urtarrilaren 28an.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre jauna.

Iragarkiaren kodea: F2601782