Iragarkia
29. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
AKATS ZUZENKETA, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 19an eman 4E/2026 Ebazpenarena. Ebazpen horren bidez ondoriorik gabe uzten dira Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren abenduaren 30eko 567E/2025 Ebazpenaren bidez onetsitako oinarri arautzaileak, eta, horrekin batera, beste oinarri arautzaile batzuk onesten dira. DDBN kodea: 879128.
Ebazpen hori 2026ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 5ekoan.
7.1 oinarriko puntuazioen argitalpenean akatsak atzeman direnez, deialdiaren oinarriak behar bezala ematen dira argitara.
Iruñean, 2026ko otsailaren 6an.–Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
I. ERANSKINA.–PIRINIOETAKO PLANAREN LURRALDE EREMUAN DAUDEN TOKI ENTITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, ETXEBIZITZA ETA ENPLEGUA LOTZEN DITUZTEN, ESKUALDEKO BIZTANLERIAREN FINKAPENA ETA LURRALDE GARAPENA SUSTATZEN DITUZTEN ETA BIZITZEKO ETA LAN EGITEKO PROIEKTUEN ONDORIOZKO INBERTSIOETARAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea eta helburua.
Pirinioetako Planak jatorria du lurralde hartan sortu eta Nafarroako Parlamentuak babestu zuen ekimen batean, eta haren xedea da eremuari eragiten dioten zenbait elementu kritiko indargabetzea, honakoak alegia: biztanle gutxi eta sakabanatuak, populazio zahartua eta gehienbat gizonezkoek osatua, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen gutxitzea, mugikortasunerako oztopoak, azpiegitura aurreratuen falta, egun dauden jarduera ekonomikoetan aritzeko enplegu falta eta belaunaldi berririk eza, etxebizitza lortzeko zailtasunak, etab. Plana lehenetsitako eta gaika antolatutako proposamenetan egituratzen da: turismo jasangarria, hurbileko merkataritza eta zerbitzuak; industriak, ekintzailetza berdea eta LGJ (Lurralde Garapen Jasangarria); abeltzaintza, nekazaritza eta basogintza; etxebizitza, garraioa eta azpiegiturak.
Aipatutako plana garatzeko, ezinbestekoa da biztanleria inguru horretan finkatu ahal izateko espazioak daudela bermatzea (lurzorua, lokalak, etxebizitzak). Hala, eta oinarrizko zerbitzuen eta jarduera ekonomikoen garapena eta finkapena sustatzen duten neurrien bidez, despopulatzearen ondorioak arindu, edo, are leheneratzen ahalko dira.
Horrenbestez, deialdi honen bidez Pirinioetako lurralde eremuan dauden toki entitateen inbertsioak babestu nahi dira, bakoitzak bere udalerrian egiten dituenak lan espazioekin lotzen diren espazioetan, industria-lurzoruetan, lokaletan, etxebizitza eraikinetan edo etxebizitza indibidualetan, eta, era berean, honako helburu hauek lortzeko bidean aurrera egin nahi da: kalitate handiko zerbitzu publiko eta azpiegituren irisgarritasun unibertsala lortzea; landa komunitateak berpiztea; enplegu aukera berriak sortzea; landa eskualdeei bultzada ematea; gizarte inklusioa eta genero berdintasuna sustatzea; klima aldaketaren ondorioak arintzea, eta bizitza profesionalaren eta pribatuaren arteko oreka bilatzea, Pirinioetako Planaren helburuak lortzen laguntzeko.
Horretarako, etxebizitza eta enplegua lotzen dituzten eta inguruaren lurralde garapena eta biztanleriaren finkapena sustatzen dituzten inbertsioak babestuko dira, honako lerro hauetan:
–A lerroa: Etxebizitza eta lana higiezin berean.
Espazioak, lurzoru industriala, lokalak, etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak eskuratu edo/eta birgaitzea, alokairu araubidean ohiko bizileku iraunkor moduan eta lantoki komun moduan erabiltzeko:
- A.1: Coliving erakoa, hau da, etxebizitza osagarri eta elkartuen multzo bat, jarduera profesional bati lotutako espazio komunitarioak dituena.
- A.2: Etxebizitza indibidual erakoa, jarduera profesional bat garatzen den higiezinaren barnean kokatua.
–B lerroa: Etxebizitza eta lana higiezin desberdinetan.
Etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak eskuratzea edo/eta birgaitzea, alokairu araubidean ohiko bizileku iraunkor moduan erabil ditzaten Pirinioetako Planaren lurralde eremuaren barruko beste eraikin batean bizi diren eta coworking erako lantokia (hots, elkarlanerako espazioa) partekatzen duten pertsonek.
–C lerroa: Etxebizitza eta zerbitzu publikoetako lana.
Etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak eskuratzea edo/eta birgaitzea, Pirinioetako Planaren lurralde eremuan zerbitzua ematen duten sektore publikoko langileen ohiko bizileku iraunkor gisa alokatzeko (sektore publikotzat joko dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan jasotzen diren erakundeak).
–D lerroa: Etxebizitza eta sektore pribatuko lana.
Etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak eskuratzea edo/eta birgaitzea, Pirinioetako Planaren lurralde eremuan lan egiten duten sektore pribatuko profesionalen ohiko bizileku iraunkor gisa alokatzeko.
Toki entitate onuradunek horretarako sinatzen dituzten errentamendu kontratuen errentaren prezioa ez da izaten ahalko, inola ere, urte bakoitzean etxebizitza babestuen errentarako ezartzen den gehieneko prezioa baino handiagoa, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2. Entitate onuradunak.
Deialdi honetan eskaera egiten ahalko dute uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluan zehazten diren toki entitateek, egoitza Pirinioetako Planaren lurralde eremuan baldin badute.
Pirinioetako Planaren lurralde eremua osatzen dute Pirinioetako eskualdeak (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen I. eranskinean zehazten denaren arabera) eta Artzibarko eta Orotz-Beteluko udal mugarteek, baita ondoren Pirinioetako Planean sar litezkeen guztiek ere.
Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.
3. Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honetarako aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa 1.800.000 eurokoa da: 500.000 euro 2026ko aurrekontuen kargura izanen dira, 600.000 euro 2027ko aurrekontuen kargura, eta 700.000 euro 2028ko aurrekontuen kargura. 2026ko ekitaldian, gastua "Pirinioetan bizitzeko eta lan egiteko espazioak sortzeko dirulaguntzak" izeneko 210002 21400 7609 922102 aurrekontu-partidari egotziko zaio, eta 2027ko eta 2028ko ekitaldietan, berriz, aurrekontuetan haren baliokidea izateko gaitzen diren partiden kargura, betiere ere kreditu egokia eta nahikoa badago.
4. Inbertsio finantzagarriak eta gastu diruz lagungarria.
4.1. Inbertsio guztiak bideratu behar dira etxebizitza eta enplegua lotzen dituzten eta 1. oinarrian aipatzen diren helburuak betetzen laguntzen duten ekimenetara.
4.2. Gastu diruz lagungarriak:
Dirulaguntzen bidez finantzatuko dira, bakarrik, diruz lagundutako inbertsioaren izaerarekin bat datozen eta 12. oinarrian ezarritako epean egiten diren gastuak. Zehazki, honako gastu kontzeptu hauek diruz lagunduko dira, betiere merkatuko balioetara egokitzen badira:
a) Ekintzak egiteko beharrezkoak diren obrak gauzatzeko gastuak, materialak, makineria, entitate(eta)tik kanpoko laguntza teknikoaren ordainsariak eta obraren kartela.
b) Diruz lagundutako ekintzetan aurreikusitako erabilerak garatu ahal izateko ekipamenduak eskuratzea.
c) Tributuak gastu diruz lagungarriak dira dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen dituenean. Inola ere ez dira gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak.
d) Ondasun higiezinak erosiz gero, eskurapenaren kostua, notario-gastuak, erregistrokoak, tasaziokoak, gestoriakoak eta antzekoak, baldin eta gastu horiek diruz lagundutako ekintzarekin zuzenean lotuta badaude eta ekintza behar bezala prestatzeko edo gauzatzeko ezinbestekoak badira.
4.3. Honako hauek ez dira diruz lagungarriak:
a) Bitarteko propioekin gauzatutako jarduketen eskulan kostuak.
b) Banku-kontuetako interes zordunak.
c) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.
d) Prozedura judizialen gastuak.
e) Entitate(ar)en beraren publizitatearekin edo sustapenarekin lotutako gastuak, obraren kartelak izan ezik.
4.4. Oinarri hauetan aurreikusitako ondorioetarako, %100 arte azpikontratatu daiteke, alegia, beste batzuekin hitzar daiteke dirulaguntzaren xede den inbertsioa gauzatzea, hein batean edo guztiz. Azpikontratazio hori 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.
5. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako aurrekontuko gastu diruz lagungarrien %90 izanen da, eta gehienez 250.000 eurokoa toki entitate bakoitzeko eta ekitaldi bakoitzeko.
6. Eskaerak eta beharrezko agiriak aurkeztea.
6.1. Toki entitate bakoitzak eskaera bat baino gehiago aurkez dezake deialdi honetan.
6.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta muga-egunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.
6.3. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoaren estekaren bidez (www.nafarroa.eus), dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduta. Dokumentazioa pdf formatuan aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala daramala. Ziurtagiriak eta erantzukizunpeko adierazpenak ziurtagiri digitalarekin sinatu beharko dira.
Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEb) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du.
6.4. Baldin aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, entitateari errekerituko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da zuzentzeko errekerimendua.
6.5. Dirulaguntza eskatzen duten toki entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Eskaera egiteko inprimakia, behar bezala betea, I. eranskinaren arabera. Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan eskuratzen ahalko da, laguntzen fitxan. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehenetsitako bide gisa.
b) Jarduera deskribatzeko proiektua, deialdiaren 7. oinarrian ezarritako edukiarekin. Atal hauek jasoko dira:
1. Proiektuaren justifikazioa eta deskribapena.
2. Eskuratutako edo/eta birgaitutako espazioen edo etxebizitzen kopurua eta haiei lotutako lanpostuen kopurua.
3. Memoria ekonomikoa edo aurrekontu erabilgarria.
4. Proiektuaren garapen maila.
5. Onuradunak.
6. Proiektuaren ingurumen, jasangarritasun eta eramangarritasun irizpideak.
7. Udalerriko biztanleen edo taldeen parte-hartzea.
c) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak II. eranskineko ereduaren arabera emana, honako hau adierazten duena:
1. Entitateak ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko adierazita dauden debekuetako bat bera ere.
2. Entitate eskatzaileak ez duela galdu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik ez duela jaso.
3. Eskuratutako edo/eta birgaitutako higiezina deialdi honetan adierazitako xedeetara bideratzeko konpromisoa, gutxienez 7 urtez. Epe hori laburragoa izaten ahalko da gerora sortutako inguruabarrak gertatzen badira. Horretarako, aurretik Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari jakinarazi behar zaio eta Nafarroako Gobernuak baimena eman behar du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.5.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.
d) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, jasandako BEZaren kenkariari buruz, III. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoa.
e) Eskurapenen kasuan:
a. Eskurapenaren zenbatespen ekonomikoa, tasazio, notario eta erregistro gastuak barne.
b. Udal idazkariaren txostena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 108. artikulua betetzen dela egiaztatzen duena.
c. Higiezinaren lurzati-zedula eta jabearen identifikazioa.
f) Birgaitze kasuetan:
a. Birgaitze obra egin nahi den espazioaren, lokalaren, etxebizitza eraikinaren edo etxebizitza indibidualen jabetza egiaztatzen duen agiria, edo alokairu kontratua edo beste edozein titulu, dirulaguntzaren onuradun den toki entitateak birgaitu beharreko higiezinak dirulaguntzaren xederako gutxienez 7 urtez erabiliko dituela egiaztatzen duena.
b. Proiektua, aurreproiektua edo memoria tekniko baloratua, dokumentazio grafiko eta guzti. Bertan, zenbateko ekonomikoa adierazi beharko da, honako hauek sartuta, hala badagokio: proiektuaren, segurtasun azterlanaren, obra-zuzendaritzaren eta segurtasun koordinazioaren kostuak eta diruz lagun daitezkeen gainerako gastuak.
7. Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.
Eskurapenak edo/eta birgaitzeak diruz lagunduko dira deialdira aurkezten diren inbertsio proiektuek lortzen duten puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz. Irizpide hauen arabera puntuatuko dira:
IRIZPIDEAK | GEHIENEKO PUNTUAZIOA: 100 puntu |
1. DIRULAGUNTZA-LERROAK | 40 PUNTU |
–A LERROA:ETXEBIZITZA ETA LANA HIGIEZIN BEREAN: A.1. COLIVING ERAKOA: 40 PUNTU. A.2. ETXEBIZITZA INDIBIDUALA, HIGIEZINEAN GARATZEN DEN JARDUERA PROFESIONALARI LOTUA: 40 PUNTU. –B LERROA:ETXEBIZITZA ETA LANA HIGIEZIN DESBERDINETAN, COWORKING ERAN: 35 PUNTU. –C LERROA:ETXEBIZITZA ETA ZERBITZU PUBLIKOA: 30 PUNTU. –D LERROA:ETXEBIZITZA ETA SEKTORE PRIBATUA: 28 PUNTU. | |
2. PROIEKTUA | 60 PUNTU |
2.1. PROIEKTUAREN JUSTIFIKAZIOA ETA DESKRIBAPENA Besteak beste, inbertsioa gauzatzeko beharra baloratuko da, bai eta proiektuaren deskribapena ere, inbertsioa eskuratzekoa edo birgaitzekoa den adierazita. | 10 puntu |
2.2. ESKURATUTAKO EDO/ETA BIRGAITUTAKO ETXEBIZITZEN EDO ESPAZIOEN KOPURUA ETA HAIEI LOTUTAKO LANPOSTUEN KOPURUA. Eskuratutako eta/edo birgaitutako etxebizitza edo espazio gehien biltzen duten proiektuak baloratuko dira, bai eta haiei loturik lanpostu gehien biltzen duten proiektuak, eskuratutako eta/edo birgaitutako espazioen azalera eta aurreko bi alderdiekiko proportzioa ere. Horrez gain, kontuan hartuko da ekintzak tokiko ekonomiaren gainean duten eragina, bai exekuzioan, bai ondoren: eraikuntza-materialak, hornigaiak, udalerriko langileak, profesionalen erakarpena, udalerrian finkatzeari begira zenbateraino laguntzen duen eta abar. | 10 puntu |
2.3. MEMORIA EKONOMIKOA EDO AURREKONTU ERABILGARRIA: Besteak beste, alderdi hauek hartuko dira kontuan: kostuen taula, egutegi teknikoa eta aurrekontu-egutegia, proiektuaren kudeaketa plana, bideragarritasun plana edo antzekoak. | 10 puntu |
2.4. PROIEKTUAREN GARAPEN MAILA: Eskaera aurkezten den egunean proiektuak duen garapen maila baloratuko da; besteak beste, kontuan hartuko dira deialdi honen aurreko edizioetan hasi eta bukatu gabe dauden proiektuak edo horien garapen fasea, alderdi hauei dagokienez: higiezinen eskuragarritasuna, memoria baloratua, obra proiektua, aurretiazko azterlanak, hasitako obrak, proiektuaren inguruko lan kolaboratiboko ekimenen garapen maila eta abar. | 20 puntu |
2.5. ONURADUNAK. Besteak beste, etxebizitzak gazteen (16 eta 30 urte bitartekoak) eta/edo emakume langabeen, lan merkatuan sartzen direnen, ohiko bizileku iraunkor izateko konpromisoa baloratuko da, baita etxebizitzetan bizi litezkeen familia-unitateetako kideen kopurua eta horien azalerarekiko erlazioa ere. | 6 puntu |
2.6. PROIEKTUAREN INGURUMEN, JASANGARRITASUN ETA ERAMANGARRITASUN IRIZPIDEAK. Baloratu eginen dira proiektua beste herri batzuetara eramateko edo transferitzeko aukera, proiektuaren jasangarritasun maila (ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa), efizientzia energetikoa, bioeraikuntza edo antzeko irizpideak. | 2 puntu |
2.7. UDALERRIKO BIZTANLEEN EDO TALDEEN PARTE-HARTZEA. Baloratuko da alderdi hauetan zenbateko parte-hartzea izan den proiektuaren faseetan: beharrak hautemateko prozesua, proiektuaren diseinua, proiektuaren garapena, obrak gauzatzea autoeraikuntzako proiektuen bidez, azpiegituraren kudeaketa... Tokiko boluntariotza ekintzak ere baloratuko dira, lankidetza, belaunaldien arteko parte-hartzea, kolektibo ezberdinen inklusioa... | 2 puntu |
Eskaeraren xedeko proiektu bakoitzari emanen zaion puntuazioa, guztira, aurreko irizpideak aplikatuz lortutako puntuen batura izanen da.
Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte, eta puntuazio hori lortzen ez dutenak ezetsi eginen dira.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 14.1 artikuluaren f) letran xedatutakoa betetzeari dagokionez, deialdi honen bidez Pirinioetako lurralde eremuan dauden toki entitateek nork bere udalerrian lan espazioekin lotzen diren espazioetan, lokaletan, etxebizitza eraikinetan edo etxebizitza indibidualetan egiten dituzten inbertsioak babestu nahi dira. Era berean, honako helburu zehatz hauek lortzeko bidean aurrera egitea bilatzen da: enplegu aukera berriak sortzea; landa eskualdeei bultzada ematea; gizarte inklusioa eta genero berdintasuna sustatzea; eta bizitza profesionalaren eta pribatuaren arteko oreka bilatzea, Pirinioetako Planaren helburuak lortzen laguntzeko. Beraz, taulan jasotako balorazio irizpide ia guztiak irizpide sozialak dira. Zehazki:
1. Dirulaguntza-lerroak.
–A lerroa: Etxebizitza eta lana higiezin berean:
- A.1. Coliving erakoa.
- A.2. Etxebizitza indibiduala, higiezinean garatzen den jarduera profesionalari lotua.
–B lerroa: Etxebizitza eta lana higiezin desberdinetan, coworking eran.
–C lerroa: Etxebizitza eta zerbitzu publikoa.
–D lerroa: Etxebizitza eta sektore pribatua.
2. Proiektua.
2.2. Eskuratutako edo/eta birgaitutako espazioen edo etxebizitzen kopurua eta haiei lotutako lanpostuen kopurua.
2.5. Onuradunak.
2.6. Proiektuaren ingurumen, jasangarritasun eta eramangarritasun irizpideak.
2.7. Udalerriko biztanleen edo taldeen parte-hartzea.
8. Dirulaguntzak emateko eta eskaerak baloratzeko prozedura.
8.1. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari dagokio, eta norgehiagokako araubidean izapidetuko da.
8.2. Eskaerak 7. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz baloratuko dira. Gainera, instrukzio organoak beste departamentu eta entitate batzuetako pertsona batzuen laguntza izan dezake, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.
8.3. Eskaerak lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera ordenatuko dira, 7. oinarriko balorazio irizpideei jarraikiz. Funtsak ordena horretan banatuko dira ekitaldi bakoitzeko aurrekontuko partida agortu arte. Erabilgarri dauden funtsak eskaeraren bati legokiokeen dirulaguntza guztia estaltzeko adinakoak ez badira, partidan gelditzen den diru kopurua esleituko zaio, partida agortu arte.
8.4. Berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emanen zaie deialdiaren 7. oinarriko 1. atalean puntuazio handiena lortzen dutenei. Berdinduta segitzen badute, lehentasuna emanen zaie 2.4 atalean puntuazio handiena lortzen duten proiektuei; gero, 2.3 atalean puntuazio handiena dutenei; ondoren, 2.2 atalean puntuazio handiena dutenei eta, azkenik, 2.1 atalean puntuazio handiena dutenei. Berdinketak jarraitzen badu, erregistro elektronikoko sarrera-ordenaren arabera lehenetsiko dira proiektuak.
8.5. Urte bakoitzean erabilgarri dagoen dirua agortzeko, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuak zilegi izanen du eskatutako proiektua birprogramatzea, irizpide tekniko eta ekonomikoen arabera.
8.6. Edonola ere, toki entitate bat onuradun izan dadin, ezinbestekoa da eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa proiektuaren exekuzio-kostuaren %15 baino handiagoa izatea, salbu eta toki entitateak berariaz ziurtatu eta egiaztatzen badu beste laguntza edo dirulaguntza batzuk ere jaso dituela, eta horiek, guztira, proiektuaren exekuzio-kostuaren %50 gutxienez egiten dutela.
8.7. Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuak proiektuaren bideragarritasun teknikoa aztertuko du. Proiektu hori bideragarritzat joko da baldin eta, dirulaguntza jasoko duen inbertsioa bukatutakoan, 1. oinarrian adierazitako deialdiaren xedea betetzen bada, enpleguari lotutako etxebizitza bat herritarren eskura jarrita.
9. Laguntzak emateko ebazpena.
9.1. Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko du entitate onuradunek laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
9.2. Dirulaguntza ematea ebazteko organo eskuduna Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia da. Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko muga-egunetik hasita. Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.
9.3. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak, gauzatzeko urtea(k) eta proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi diren eta zergatik.
9.4. Era berean, ebazpenari zerrenda bat erantsiko zaio, ordenatuta zehaztuko dituena, onuradun izateko eskatutako baldintza administratiboak eta teknikoak bete arren, deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik onartu ez diren eskaera guztiak, ezarritako balorazio-irizpideen arabera bakoitzari eman zaion puntuazioa adierazita. Kasu horretan, edozein arrazoirengatik kreditu nahikoa askatzen bada, instrukzio-organoak proposatzen ahal du dirulaguntza ematea dagokien eskatzaileei, puntuazioaren arabera, eta aukera hori entitate interesdunei jakinaraziko die, hamar eguneko epe luzaezinean dirulaguntzaren proposamena onar dezaten. Entitate eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, administrazio organoak dirulaguntza emateko egintza emanen du, eta jakinarazi eginen du.
9.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren Atarian jendaurrean jarriko dira, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
10. Emandako dirulaguntzari uko egitea.
Entitate onuradunak emandako dirulaguntzari uko egitea erabakitzen badu, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari jakinarazi beharko dio. Kasu horretan, uko egite horren ondorioz eskuragarri dagoen kreditua hurrengo proiektuari ematen ahalko zaio, 9.4 oinarrian ezarritakoaren arabera.
11. Aldaketak diruz lagundutako proiektuan.
1. Gerora sortutako inguruabarrak gertatzen direnean, behar bezala justifikatuta, eta, betiere, laguntza emateko kontuan hartutako baldintza tekniko edo ekonomikoak funtsean aldatzen ez badira, onuradunek onartu zaien proiektua aldatzeko eskatzen ahalko dute. Kasu horretan, aldaketa ekonomikoek gehienez proiektuaren kostuaren %20 aldatzen ahalko dute.
2. Nolanahi ere, aldaketek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Dirulaguntzaren xedea eta helburua ezin dira aldatu.
b) Emandako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa errespetatu beharko da. Onetsitako aurrekontuaren gainetik egiten den gastu-goititzea entitate onuradunaren kontura izanen da.
c) Aldaketa-eskaera eta haren onespena gauzatze-epea bukatu baino lau hilabete lehenago egin beharko dira gutxienez.
d) Hirugarrenen eskubideei ez zaie kalterik eginen.
3. Organo emaileak ebatziko du aldaketa-eskaera. Eskaera jaso eta hilabeteko epean onuradunari ez bazaio jakinarazten ados dagoela, ulertuko da ez dela eman aldatzeko baimena.
4. Prozeduraren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio bideari, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera.
5. Atal honen 1. paragrafoari dagokionez, aldaketak honelakoak direnean, ulertuko da ez direla aldatzen laguntza emateko kontuan hartutako baldintza teknikoak edo ekonomikoak, betiere proiektuaren aurrekontu osoa eta xedea eta helburua errespetatuz gero:
–%15etik beherako desbideratzeak egitea eskatzaileak hasieran aurreikusitako aurrekontu-partiden artean.
–Desbideratzeak egitea aurreikusitako jarduketen kronograman, eragozten ez bada proiektua deialdian ezarritako bukaera-epearen barruan burutzea. Hala ere, desbideratze horiek argi eta garbi identifikatu beharko dira justifikazio kontuan.
12. Gauzatzeko epea.
12.1. Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak gauzatzeko eta/edo eskuratzeko epea 2026ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta 2028ko urriaren 27an bukatuko, beranduenez.
12.2. 2026rako konprometitutako jarduketak 2026ko urriaren 27ra arte justifikatu beharko dira, egun hori barne.
2027rako konprometitutako jarduketak 2027ko urriaren 27ra arte justifikatu beharko dira, egun hori barne.
2028rako konprometitutako jarduketak 2028ko urriaren 27ra arte justifikatu beharko dira, egun hori barne.
Bi edo hiru urterako konprometitutako jarduketek justifikazio partzialak eginen dituzte, aurreko paragrafoetan adierazitako data beretan.
13. Gastuen justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.
13.1. Dirulaguntza ordaintzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez erabakiko da.
13.2. Orokorrean, ordainketa bakarrean emanen da dirulaguntza, diruz laguntzen den inbertsioa egin ondoren, eta entitate onuradunak oinarri honetan adierazitako frogagiriak aurkeztu ondoren.
13.3. Gauzatzeko epea dela-eta 2026ko, 2027ko eta 2028ko ekitaldietan egin behar diren inbertsioen kasuan, dirulaguntza zatika ordainduko da, eta, justifikazio partziala egiteko, urte bakoitzeko urriaren 27ra artekoa (egun hori barne) hartuko da kontuan.
13.4. Azken frogagiriak.
Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak egin ondoren, entitate onuradunek justifikatu beharko dituzte emandako dirulaguntza kalkulatzeko oinarri gisa onartu zaizkien gastu guztiak. Horretarako, agiri hauek aurkeztuko dira:
1. Proiektua egin dela justifikatzeko memoria, IV. eranskineko ereduaren arabera.
2. Eskurapenen kasuan:
a. Eskurapenaren eskritura publikoaren kopia.
b. Tasazio txosten independente bat, ordaindutako balioa egiaztatzen duena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 107.3 artikulua betetzeko.
3. Exekuzio-proiektua (beharrezkoa bada eta aurretik aurkeztu ez bada).
4. Harrera-aktaren kopia, hornigaiaren entrega-akta edo faktura xehatua, hornitutako elementuen zerrenda erakusten duena.
5. Justifikazio kontua, V. eranskineko ereduaren araberakoa.
6. Egindako inbertsioaren fakturak eta ordainagiriak, eta, kasua bada, obra-ziurtagiriak (obraren tamainak eskatzen badu), zuzendaritza fakultatiboak (halakorik bada) eta enpresa adjudikaziodunak sinatuak.
7. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentuak eta/edo argazkiak.
8. Proiektuak bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso duen azaltzen duen berariazko adierazpena. Hala bada, zehatz-mehatz adieraziko da zenbat diru jaso duen eta nondik, guztia VI. eranskineko ereduari jarraikiz.
9. Idazkariaren ziurtagiria, VII. eranskineko ereduaren arabera, honako hauek jasotzen dituena:
a. Kontratistak hautatzean, bete egin dela Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea.
b. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezartzen diren efizientzia eta ekonomia irizpideak betetzen direla. Gastu diruz lagungarriak 30.000 eurotik gorakoak direnean, obren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoak, ekipamendu-ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza- edo laguntza-enpresek emandako zerbitzuen kasuan.
c. Bidezkoa denean, egin dela profesionalei dagokien PFEZaren atxikipena.
d. Birgaitzeko jarduketen kasuan:
I. Kontratuaren adjudikaziora bideratzen den URL helbidea (Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratu da).
II. Ordainsari teknikoen adjudikazioaren datuak; adjudikaziodunaren izena, IFZa, adjudikazioaren zenbatekoa, erabilitako adjudikazio prozedura.
10. Diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza agerrarazteko betebeharra bete dela egiaztatzen duten agiriak, VIII. eranskineko ereduen arabera.
Azken ordainketa eginen da Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu eskudunak txosten teknikoa eman ondoren, behin jarduketa ikuskatuta eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuta.
13.5. Justifikazio partzialaren dokumentazioa:
Ordainketa partzialak egiteko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
1. Eskurapenen kasuan:
a. Eskurapenaren agiri pribatuaren kopia.
b. Fakturen eta ordainagirien kopia.
2. Gainerako jardueretarako:
a. Egindako inbertsioaren fakturak eta ordainagiriak, eta, kasua bada, obra-ziurtagiriak (obraren tamainak eskatzen badu), zuzendaritza fakultatiboak (halakorik bada) eta enpresa adjudikaziodunak sinatuak.
b. Exekuzio-proiektua (beharrezkoa bada eta aurretik aurkeztu ez bada).
3. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentuak eta/edo argazkiak.
13.6. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio entitate eskatzaileari, beharrezko frogagiriak erants ditzan 10 egun balioduneko epean. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera eginen da errekerimendu hori.
Errekerimenduari erantzun ezean, benetan justifikatutako gastuen eta ordainketen arabera eginen da ordainketa.
13.7. Emandako dirulaguntzen ordainketaren aurrerakinak egin daitezke, baldin eta entitate onuradunak justifikatzen badu dirulaguntzaren xedea betetzeko funtsak behar dituela.
Ordainketa aurreratzeko eskaerekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
1. Dirulaguntzaren xedea betetzeko funts-horniduraren beharrari buruzko justifikazio ekonomikoa.
2. Gauzatzeko epeen aurreikuspena.
3. Eskurapenen kasuan:
a. Eskurapenaren agiri pribatuaren edo higiezinaren jabetza-tituluaren egiaztagiriaren kopia.
b. Fakturen kopiak.
4. Gainerako jardueretarako:
a. Ziurtagiri partzialak, jabeek, obren zuzendaritzak eta enpresa kontratistak sinatuak.
b. Egindako inbertsioaren fakturak eta, kasua bada, obra-ziurtagiriak (obraren tamainak eskatzen badu), zuzendaritza fakultatiboak (halakorik bada) eta enpresa adjudikaziodunak sinatuak.
5. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentuak eta/edo argazkiak.
14. Bateragarritasuna.
Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradunak diren entitateek Espainiako edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.
15. Jarraipena eta kontrola.
Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzua arduratuko da proiektuen jarraipena egiteaz eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeaz eta ebaluatzeaz.
16. Betebeharrak.
Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten entitateek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, dirulaguntzaren xedearekin loturiko honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:
a. Diruz lagundutako ekintzak gauzatzea, eta deialdiaren helburua betetzea.
b. Eskurapenen kasuan, ondasun higiezinaren erosketa egitea eta justifikatzea, erosketaren eskritura publikoa egitea eta egoki den erregistro publikoan inskribatzea.
c. Higiezinen xedeari buruzko konpromisoak betetzea, bai epeari dagokionez, bai erabilerari dagokionez, bai eta sinatzen diren alokairu kontratuen errentaren gehieneko prezioari dagokionez ere, 1. oinarrian eta 6.5.f) oinarrian ezarritakoaren arabera.
d. Toki entitateen ardura izanen da maizterrek baldintza horiek betetzen dituztela begiratzea.
e. Dirulaguntzaren xede den edozein ekintza dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari, eta aurkeztutako ekintzen kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, barne dagoela bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzea.
f. Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako inbertsioa egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.
g. Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea instrukzio organoari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaien informazio eta dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.
h. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.
i. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren edozein komunikabideren bidez egiten diren proiektuaren publizitate eta zabalkunde ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen berri ematea. Lurralde Kohesiorako Departamentuaren logotipo ofiziala eta testu hau erakutsi beharko dira: "Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du". Halakoetan, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko dira.
j. Debekatuta dago etxebizitza alokairu turistikorako edo biztanleria finkatzea helburu ez duten beste erabilera batzuetarako erabiltzea, bai eta etxebizitzaren azpierrentamendua egitea ere.
17. Dirulaguntzak itzultzea.
17.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zergatikoak gertatuz gero (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan jasotzen dira zergatiko horiek), eta, orobat, foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, eta berandutze interesak ordaintzea eskatuko da, dirulaguntza eman zenetik hura itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak. Honako kasu hauetan, itzulketa izapidetuko da, dagokion espedientearen instrukzioa eginda eta toki entitateari entzunda:
a. Dirulaguntzari uko egitea.
b. Dirulaguntza eskuratzen denean behar diren baldintzak faltsututa edo bete gabe.
c. Dirulaguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura ez betetzen ez denean.
d. Justifikatzeko betebeharra betetzen ez denean, edo epetik kanpo egiten denean.
e. Dirulaguntzaren xede den higiezina erabiltzen ez denean ohiko bizileku gisa alokairu-araubidean ostatu hartzeko, deialdi honetan bildutako jarduketa-lerro bakoitzerako ezarritako baldintzetan.
f. Entitate onuradunari ezarritako beste edozein baldintza edo betebehar betetzen ez denean.
g. Entitate onuradunak Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari kontrol jarduketak egiten uzten ez dionean.
17.2. Toki entitate onuradunak deialdi honetan adierazitako epeak edo baldintzak betetzen ez baditu, emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du, legozkiokeen beste erantzukizun batzuk galarazi gabe, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, aplikatu beharreko berandutze-interesa gehituta.
Konprometitutako jarduketaren zati bat bakarrik egiten bada epe barruan, emandako laguntza doituko da eta haren zati bat kobratzeko eskubidea galduko da, betiere gutxienez konprometitutako kostu hautagarriaren %50 gauzatu bada eta gauzatutakoa oinarri hauetan ezarritako helbururako erabilgarria bada. Kasu horretan, onuradunak kostu hautagarriaren zer ehuneko gauzatu duen, horrenbesteko laguntza-ehunekoa jasoko du bakarrik.
Konprometitutako jarduketaren gutxienez %50 gauzatu ez bada, edo, ehuneko hori baino handiagoa gauzatuta ere, egindakoa ez bada oinarri hauetan ezarritako helbururako erabilgarria, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da deialdi honetan ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik, eta jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, aurrerakinik izan bada, dagozkien berandutze-interesekin.
Itzulketak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira. Hortaz, premiamendu bidez kobratzeari ekin dakioke, beste erantzukizun batzuk gorabehera, halakorik bada.
18. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
19. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.
20. Araudi osagarria.
Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari eta aplikagarria den gainerako araudiari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F2601887
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
