29. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MIRANDA ARGA

Gimnasioko barne araubidearen erregelamendua. Behin betiko onespena

Miranda Argako Udalak, 2025eko urriaren 30ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen gimnasioko barne araubidearen erregelamendua. Hasierako onespena 2025eko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 18an.

Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Miranda Argan, 2026ko urtarrilaren 8an.–Alkatea, M.ª Pilar Ibero Pérez.

MIRANDA ARGAKO GIMNASIOKO BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da arautzea nola erabili behar den Miranda Argako Udalaren gimnasio-zerbitzua, eta zehaztea hura erabiltzeko arauak.

2. artikulua. Gimnasio-zerbitzua.

1. Udalak gimnasio-zerbitzua eskainiko du kultur etxeko aretoetako batean, zeinak sarrera indibiduala izanen baitu urteko egun guztietan. Udalak eskubidea izanen du instalazioa ixteko, gerora sortutako edo salbuespenezko inguruabarrak direla eta.

2. Zerbitzua emateko ordutegia astelehenetik igandera izanen da, 7:00etatik 00:00etara. Udalak ordutegia aldatzen ahalko du, zerbitzuaren beharrizanen arabera.

3. Aretoan gehienez ere 10 pertsona egoten ahalko dira aldi berean.

4. Abonatuak edo baimenduak bakarrik sartzen ahalko dira. Nahitaezkoa izanen da identifikatzea, hala eskatzen bada.

5. 16 urtetik beherakoek debekatua izanen dute sartzea.

3. artikulua.

Erabiltzaileek onartzen eta beren gain hartzen dute barne araubidearen erregelamendu hau.

4. artikulua.

Miranda Argako Udalak ahalmena izanen du erregelamendu hau aldatzeko, zerbitzuaren beharrizan berrietara edo araudi aldaketetara egokitzeko edo eguneratzeko.

5. artikulua.

Erabiltzaileek honako betebehar hauek dituzte:

–Gimnasiora sartzeko tarifa ordaintzea.

–Ordua erreserbatzea aplikazioan, gimnasioa erabili baino lehen.

–Kirol arropa egokia erabiltzea.

–Barrualdean erabiltzeko bakarrik diren oinetako garbiak erabiltzea. Ezin da oinutsik ibili, salbu eta jarduera espezifiko eta baimenduetan.

–Beren toalla eramatea, eta makinen eta bankuen gainean erabiltzea.

–Gimnasioak emandako produktuekin desinfektatzea materiala, erabili ondotik.

–Instalazioak garbi mantentzen laguntzea.

–Kamiseta jantzita dutela entrenatzea.

–Materiala behar bezala erabiltzea, eta zertarako den, horretarako erabiltzea.

–Materiala berriro ere bere lekuan uztea, erabili ondotik.

–Pisuak bat-batean erortzen ez uztea.

–Makina kardiobaskularrak gehienez ere 30 minutuz erabiltzea, eskari handia badago.

–Errespetuzko jarrera egokia izatea erabiltzaileekin eta langileekin.

–Oihurik ez egitea, ez iraintzea eta besteen espazio pertsonala ez inbaditzea.

–Ez erretzea, eta ez kontsumitzea ez alkoholik ez estupefazienterik.

–Ez grabatzea eta argazkirik ez ateratzea baimenik gabe.

–Beren osasun egoera ezagutzea, jarduera fisikoa egin aurretik.

–Ikusten dituzten kalteen edo arrisku egoeren berri ematea Udalari.

–Gimnasioaren ordutegia betetzea.

–Miranda Argako Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.

6. artikulua.

Erabiltzaileen eskubideak:

–Instalazioa erregelamendu honetan xedatzen den gisan erabiltzea.

–Egokiak iruditzen zaizkien iradokizunak eta erreklamazioak egitea, bai eremua hobetzeko, bai espazioaren funtzionamenduari lotuta.

–Udalak hartutako konpromisoa bete dezala eskatzea.

7. artikulua.

Arau-hausteak eta zehapen araubidea.

1. Miranda Argako Udaleko alkateari dagokio erabiltzaileentzako zehapen neurriak hartzea, erregelamendu hau betetzeko eta instalazioaren barreneko udal ondasunak zaintzeko.

2. Arau-haustetzat hartuko da erregelamendu honetan jasotako arauak ez betetzea ekartzen ahal duen edozein egintza, eta zehapenak ezartzea ekarriko du. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izaten ahal dira.

3. Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Kirol eremuaren berariazko araudia ez errespetatzea.

b) Instalazioa erreserbako egun edo orduetatik kanpo erabiltzea.

c) Erregelamendu honetan ezarritako arauetako edozein ez betetzea, salbu eta berariaz arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat hartzen direnak.

Arau-hauste arina egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio gutxienez arau-hausleari:

–Gimnasiotik aldi baterako kanporatzea, gehienez ere 15 egunerako. Bitarte horretan, instalazioak erabiltzeko eskubide guztiak galduko ditu.

–Ohartarazpen publiko edo pribatua.

–150 eta 300 euro arteko zehapen ekonomikoa.

–Zehapen-abisua aplikatzea.

–Arau-hauste arintzat hartutako egitateen ondorioz instalazioan, ekipamenduan edo materialean kalte-galerarik eragin bada, zehapenean agintzen ahal da haren kostua ordaintzeko. Azken hori betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

Arau-hauste eta zehapen arinek 6 hilabetera preskribatuko dute.

4. Honako hauek dira arau-hauste astunak:

a) Pertsonen kontrako liskarrak edo eraso fisikoak edo jendearen intimitatearen aurkako erasoak piztea edo haietan parte hartzea beste erabiltzaile batzuekin.

b) Kirol eremua hondatzen duten animaliak edo produktuak sartzea instalazioan.

c) Instalazioa nahita zikintzea edo hondatzea.

d) Hiru arau-hauste arin egitea.

e) Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragiten ahal dion beste arau-hauste oro.

f) Instalazioko edozein ondasun higigarri edo higiezin hondatzea.

g) Gimnasioaren barnean ordena larriki nahastea dakarren egite edo ez-egite oro.

Arau-hauste astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio gutxienez arau-hausleari:

–Gimnasiotik aldi baterako kanporatzea, gehienez ere 6 hilabeterako. Bitarte horretan, instalazioak erabiltzeko eskubide guztiak galduko ditu.

–300 eta 600 euro arteko zehapen ekonomikoa.

–Arau-hauste astuntzat hartutako egitateen ondorioz instalazioan, ekipamenduan edo materialean kalte-galerarik eragin bada, zehapenean agintzen ahal da haren kostua ordaintzeko. Azken hori betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

Arau-hauste eta zehapen astunek 2 urtera preskribatuko dute.

5. Honako hauek dira arau-hauste oso astunak:

a) Instalazioaren barnean bizikidetza, ordena eta segurtasuna bereziki okertzen dituzten jarduketak.

b) Instalazioen funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larri eta nabarmenak jartzea.

c) Ekipamendu, azpiegitura, elementu edo instalazioak modu larri eta nabarmenean hondatzea.

d) Hiru arau-hauste astun egitea.

Arau-hauste oso astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio gutxienez arau-hausleari:

–Gimnasiotik behin betiko kanporatzea, eta abonamenduak ematen dizkion edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak galtzea.

–600 eta 1000 euro arteko zehapen ekonomikoa.

–Gimnasiotik aldi baterako kanporatzea, gehienez ere urtebeterako. Bitarte horretan, instalazioak erabiltzeko eskubide guztiak galduko ditu.

–Arau-hauste oso astuntzat hartutako egitateen ondorioz instalazioan, ekipamenduan edo materialean kalte-galerarik eragin bada, zehapenean agintzen ahal da haren kostua ordaintzeko. Azken hori betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

Arau-hauste eta zehapen astunek 3 urtera preskribatuko dute.

Zehapen-prozeduraren ondoriozko erantzukizun administratiboez gainera, arau-hausleari eska dakioke bestelakotutako egoera lehengoratzeko, baita kalte-ordaina pagatzeko ere egindako kalte-galerengatik. Kalte-ordaina ez bada ordaintzen hura kitatzeko jarritako epean, zenbatekoaren arabera jarritako horretan alegia, jarraituko zaio Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 101. artikuluan ezarritakoari.

8. artikulua.

Ematen diren ebazpenen aurka, indarreko legedian oro har ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira. Errekurtso horiek ebatzi arte, ezin izanen da instalaziora sartu hura erabiltzeko aukera aldi baterako edo behin betiko galdu duen erabiltzailea.

9. artikulua.

Ordenantza honek aurreikusten ez duen guztian, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko da zehapen-araubidea: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. titulua.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da Udalak behin betiko onetsi ondotik, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako epea iraganik (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Iragarkiaren kodea: L2600147