Iragarkia
29. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
6233E/2025 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira Gizarte Inklusioaren, Haur Bermearen eta Pobreziaren aurkako borrokaren EGIF+ Estatuko Programaren esparruaren barruan (EGIF 2023-2029) Nafarroako Foru Komunitatean jarduketak egiteko hautatzen diren entitateei dirulaguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak eta baimentzen baita gastua. DDBN kodea: 857718.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua enplegu politika aktiboen kudeaketaren erakunde autonomo arduraduna da. Politika horietan jasotzen diren neurrien helburua da, alde batetik, kalitateko enpleguaren sorrera sustatzea eta, beste aldetik, langabeen enplegagarritasuna handitzea, lan merkatuaren baldintzak hobetuz eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei arreta berezia eskainiz, Europako Enplegu Estrategiaren eta Enplegua Aktibatzeko Espainiako 2025-2028 Estrategiaren esparruan.
Gizarte Inklusioaren, Haur Bermearen eta Pobreziaren aurkako borrokaren EGIF+ Estatuko Programa onetsi zen Enpleguko eta Gizarte Ekonomiako Estatu Idazkaritzaren 2023ko ekainaren 1eko Ebazpenaren bidez, zeinak deialdi bat onetsi baitzuen Estatuko programen esparruan eta Eskualde Ultraperiferikoaren lehentasunaren estatu tartean eragiketak hautatzeko, finantzatuko direnak Europako Gizarte Funtsarekin (EGIF+) batera.
Programari begiratuta, h) Helburu Espezifikoa nabarmentzen da:
"Inklusio aktiboa bultzatzea, aukera berdintasuna, diskriminaziorik eza eta parte hartze aktiboa sustatzeko, eta enplegagarritasuna hobetzeko, bereziki egoera ahuleko taldeena".
Helburu espezifiko horren esparruan, eragiketak pertsona kalteberei edo gizarte bazterkeriako egoeran edo arriskuan daudenei zuzendu beharko zaizkie, baita migratzaileei eta erromaniei eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei ere. Eragiketak, zehatz-mehatz ez bada ere, gizarteratzeko edo laneratzeko ibilbideak izaten ahal dira (ekonomia sozialeko enpresetan txertatzea eta autoenplegua barne).
Helburua da, beraz, merkatutik urrutien dauden biztanle taldeei laguntzea.
Gizarte Inklusioaren, Haur Bermearen eta Pobreziaren aurkako borrokaren EGIF+ Estatuko Programaren barruan dauden proiektuak finantzatu nahi dira, gizatalde horren laneratzeko gaitasuna hobetzen laguntzeko, eta horretarako bide hauek erabiliko dira: gizatalde ahulentzako ibilbide integratuak garatzea, gizatalde horiei arreta emateko politiken koordinazioa hobetzea eta haien beharretara egokitzea, eta oinarrizko zerbitzuetara iristeko bideak hobetzea.
Frogaturik dago luzaroko enplegagarritasun zaila duten pertsonekin egindako ekintzetan banakako arretak, intentsitate handikoa denak eta hurbileko jarraipena duenak, nabarmen murrizten duela pertsona horiek langabezian ematen duten denbora. Beharrezkoa den arreta mota horrek eskatzen du denboran iraupena izatea, lehenagoko deialdietan gauzatutako programei jarraipena emanez, eta 2027ra arte luzatuko den deialdi bat planteatzea.
Dirulaguntzen deialdi honek moduluen araberako esleipena eta justifikazioa aplikatzen du, bete beharrez irailaren 28ko 818/2021 Errege Dekretua, Enplegu Sistema Nazionalaren enplegua aktibatzeko programa arruntak arautzen dituena. Zehazki, 3. azpiatala aplikatzen da, enplegu proiektu integralen programa.
Azaldutakoarekin bat eta otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 14. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,
Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdia eta oinarri arautzaileak onestea dirulaguntzak emateko, Nafarroako Foru Komunitatean, finantzaketa partekatuko enplegu ekimenak egiteko hautatzen diren entitateei, Gizarte Inklusioaren, Haur Bermearen eta Pobreziaren aurkako borrokaren EGIF+ Estatuko Programaren esparruaren barruan (EGIF 2023-2029). DDBN: 857718.
2. 800.000 euroko gastua gorde eta baimentzea, honako aurrekontu banaketa honekin, betiere kreditu erabilgarria egonez gero:
- 400.000 euro, 2026ko gastuen aurrekontuko "Konferentzia sektoriala. EBren funtsekin batera finantzatutako enplegu ekimenetarako laguntzak" izeneko 950003-96400-4819-241300 [PEP: E-2400073701] partidaren kargura, edo gaitzen den partida berdintsuaren kargura.
- 400.000 euro, 2027ko gastuen aurrekontuko "Konferentzia sektoriala. EBren funtsekin batera finantzatutako enplegu ekimenetarako laguntzak" izeneko 950003-96400-4819-241300 [PEP: E-24000738-01] partidaren kargura, edo gaitzen den partida berdintsuaren kargura.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 57.1 artikuluari jarraikiz.
Iruñean, 2025eko abenduaren 23an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.
ERANSKINA.–OINARRIAK
1.–Dirulaguntzaren xedea, esparrua eta gauzatzeko epea.
Deialdi honen xedea da, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, araubidea ezartzea dirulaguntzak emateko, bai eta haien jarraipena eta kudeaketa egiteko ere, hautatzen diren entitateei, Nafarroako Foru Komunitatean jarduerak gara ditzaten Gizarte Inklusioaren, Haur Bermearen eta Pobreziaren aurkako borrokaren EGIF+ Estatuko Programaren esparruaren barruan (EGIF 2023-2029), helburua izanik lan-aktibaziorako ibilbide pertsonalizatuak egitea, lan merkatuan sartzen eta/edo geratzen laguntzeko.
Proiektua 2026ko urtarrilaren 1etik 2027ko abenduaren 31ra bitarte gauzatu beharko da.
2.–Hartzaileak.
2.1.–Enplegu zerbitzu publikoetan izena emanik dauden pertsonak, baldin eta Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legearen 50. artikuluan aurreikusitako enplegu politikarako lehentasunezko arreta jasotzeko gizatalde ahuletako batean badaude.
2.2.–Parte-hartzaileen ehuneko 40, gutxienez, neurri hauetakoren baten hartzaileak izanen dira:
1) Langabezia prestazioak edo subsidioak.
2) Errenta bermatua.
3) Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera.
4) Gizarteratzeko errenta aktiboa.
5) Antzeko beste laguntza batzuk.
2.3.–Entitate onuradunek beraiek biltzen ahalko dituzte hartzaileak. Honako hauek ere bideratzen ahalko dituzte:
–Nafarroako Orientazio Sarea osatzen duten entitateak: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko teknikariak eta lanbide orientazioko zerbitzuak ematen dituzten entitateak.
–Oinarrizko gizarte zerbitzuak / auzo unitateak.
–Gizarteratze eta laneratze taldeak.
Nolanahi ere, erabateko lehentasuna izanen dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bideratutako pertsonek.
2.4.–Artatu beharreko pertsonak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baliozkotu beharko ditu aldez aurretik, 2.1 eta 2.2 oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aldez aurretik baliozkotu ez dituen pertsonei emaniko zerbitzuak ez dira kontuan hartuko justifikazioan eta ordainketan.
2.5.–Gizatalde bereziki ahulak (GBA).
Gizatalde bereziki ahultzat hartuko dira desgaitasunen bat duten pertsonak eta gizarte bazterketako arriskuan edo egoeran dauden pertsonak, bat etorriz Enplegu Sistema Nazionalean enplegua aktibatzeko programa komunak arautzen dituen irailaren 28ko 818/2021 Errege Dekretuaren 5.g) artikuluarekin.
Deialdi honen ondorioetarako, ulertuko da honako zehaztapen hauetako bat betetzen duten pertsonak direla gizarte bazterketako arriskuan edo egoeran daudenak:
–Errenta bermatua, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera edo antzekoak jasotzen dituztenak.
–Adikzioak dituzten pertsonak, zentroetan sartuta badaude edo sendatze programetan parte hartzen ari badira.
–Terrorismoaren biktimak.
–Genero-indarkeriaren, sexu-salerosketaren eta/edo sexu-esplotazioaren biktima diren emakumeak.
3.–Entitate onuradunak.
Gizarte Inklusioaren, Haur Bermearen eta Pobreziaren aurkako borrokaren EGIF+ Estatuko Programaren esparruaren barruan (EGIF 2023-2029) Nafarroako Foru Komunitatean jarduketak egiteko hautatzen diren entitateak izaten ahal dira onuradunak.
4.–Jarduera diruz lagungarriak.
4.1.–Enplegurako orientazio-zerbitzu pertsonalizatuak, integralak eta inklusiboak.
Aurkeztekoak diren proiektuen esku hartze nagusia izanen da lan-aktibaziorako ibilbide pertsonalizatuetan laguntzea, eta programak irauten duen bitartean eginen dira. Programak jarduketa hauek izanen ditu:
4.1.1.–Eman beharreko orientazio-zerbitzuak.
Enplegurako orientazio-zerbitzu pertsonalizatu, integral eta inklusiboek (aurrerantzean, orientazio-zerbitzuak) honako zerbitzu hauek izanen dituzte:
a) Banakako profila egitea.
b) Banakako tutoretza, aholkularitza jarraitua eta arreta pertsonalizatua.
c) Ibilbide edo plan pertsonalizatua.
4.1.2.–Arau-erreferentea orientazio zerbitzuetarako.
Aipatutako zerbitzuak garatuko dira oinarri hartuta apirilaren 30eko 438/2024 Errege Dekretuaren III. kapitulua (errege dekretu horren bidez, Enplegu Sistema Nazionalaren Zerbitzu Erkideen Zorroa eta Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legean ezarritako zerbitzu bermatuak garatu ziren).
4.1.3.–Orientazio-zerbitzuek gutxienezko bete beharrekoak.
Orientazio-zerbitzuek honako zerbitzu hauek izanen dituzte:
a) Banakako diagnostikoa eta profila egitea.
b) Enplegurako ibilbide pertsonalizatuaren diseinua.
c) Laguntza pertsonalizatua ibilbidea garatzeko eta jarduera-konpromisoa betetzeko.
d) Aholkularitza eta laguntza tekniko gehigarria.
e) Informazio eta aholkularitza gehigarria.
f) Lan mugikortasuna kudeatzeko laguntza.
a) eta b) zerbitzuak banaka eta nahitaez eman beharko dira.
c) jarduketa parte-hartzaile bakoitzaren prestasunera eta beharretara egokituko da, eta parte-hartzaile bakoitzari gutxienez 10 zerbitzu eman beharko zaizkio Enplegu Akordio Pertsonala (EAP) sinatzen denetik aurrera.
d), e) eta f) zerbitzuetatik, bost zerbitzu emanen dira nahitaez. Zehaztapen hauek guztiak betez eman beharko dira:
i.–Parte-hartzaile bakoitzari gutxienez hiru zerbitzu desberdin ematea.
ii.–Laneratzeko Alderdi Pertsonalen Garapena (LAPG) zerbitzuko hamar ordu ematea, gutxienez, parte-hartzaile bakoitzari, banakako orduak eta taldekoak barne hartuta. Zerbitzua banaka ematen bada, ordu bakoitza taldeka ematen denaren bikoitza izanen da (banakako ordu bat taldeko 2 ordu adina da). Zerbitzu batean edo gehiagotan ematen ahalko dira, banaka edo taldeka.
4.1.4.–Orientazio ibilbidearen gehieneko iraupenaren baldintzak:
Ibilbideek 12 hilabete iraunen dute gehienez.
4.1.5.–Jarduera-akordioa sinatzea.
Programan parte hartzen duen orok jarduera-akordioa sinatu beharko du, eredu normalizatuaren arabera, sinatuta ez badu.
4.2.–Gaitasun digitalen ekintzak.
Enplegua modu aktiboan bilatzeko oinarrizko gaitasun digitalak baitaratzea eta oinarrizko administrazio izapideak egitea izanen dira.
Jarduketa horiek NL-NEZek zehazten dituen aplikazioetan erregistratuko dira.
Aurreko erregistroen justifikazioa zerbitzua jaso duen erabiltzailearen sinaduraren araberakoa izanen da, eta eredu normalizatuan jasoko da.
Zerbitzu hau 15 ordukoa izanen da, gutxienez, pertsona bakoitzeko. Banaka, taldeka edo bi modalitateak konbinatuz ematen ahalko dira.
Taldekako jardueren kasuan, 20 pertsonako taldeentzat izanen da ekintza bakoitza, gehienez ere.
Jarduketa hau nahitaezkoa izanen da parte-hartzaile guztientzat. Borondatezkoa izanen da, baldin eta parte-hartzaileak gaitasun digital horiek badauzka. Kasu horretan, dirulaguntzaren entitate onuradunak emaniko egiaztagiria beharko da.
4.3.–Prestakuntza-ekintza osagarriak.
Ekintza hauek Nafarroako Foru Komunitateko lurralde merkatuak eskatzen dituen esparru eta jarduera profesionalekin lotutako edukiei buruzkoak izanen dira, batez ere, eta aukera emanen dute lan esparru horietan (lehentasunez) lan bat egiteko ezagutza teknikoak eta trebetasun egokiak eta nahikoak eskuratzeko, edo adierazitako esparruetan (lehentasunez) ezagutzak, prozedurak, teknologiak edo joera berriak birziklatzea eta eguneratzeko.
Prestakuntza hori ez da, inolaz ere, profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzearekin lotuta egonen, ez eta Prestakuntza Espezialitateen Katalogoarekin ere.
Jarduketa horiek NL-NEZek zehazten dituen aplikazioetan erregistratuko dira.
Aurreko erregistroen justifikazioa zerbitzua jaso duen erabiltzailearen sinaduraren araberakoa izanen da, eta eredu normalizatuan jasoko da.
4.3.1.–Prestakuntza osagarriaren baldintzak.
Talde jarduketetan gauzatuko dira, gehienez 20 lagun egonik ekintza bakoitzeko.
Jarduketa hau borondatezkoa izanen da parte-hartzaile guztientzat.
4.3.2.–Lan praktikak.
Prestakuntza ekintza amaitutakoan, entitateak ekintzaren edukiekin lotutako lan praktikak egiteko aukera eskaintzen ahalko die parte-hartzaileei, kasuan kasuko araudiarekin bat.
Jarduketa hau borondatezkoa izanen da parte-hartzaile guztientzat.
4.4.–Prospekzio eta bitartekaritza ekintzak.
Besteren kontura kontratatzeko gaitasuna duten enpresa edo bestelako entitateekin bisitak edo kontaktuak egitean datza ekintza hau, haien langileria premiak hautemateko. Ekintza horiek programan parte hartzen duten pertsonek betetzen ahal dituzten lan eskaintzak lortzea izanen dute helburu.
Ondorio horietarako, lan eskaintzen bilketatzat honako hau joko da: entitateak identifikatzea enplegatzaile batek lanpostu bat edo gehiago betetzeko duen premia, eta hautagai gisa proposatuko diren pertsonek izan beharreko lanbide profila zehaztea.
Jarduketa horiek NL-NEZek zehazten dituen aplikazioetan erregistratuko dira.
Erregistro horiek justifikatzeko, beharrezkoa izanen da kontratatutako pertsonaren sinadura edo ekintza berresten duen ebidentzia aurkeztea.
4.4.1.–Prospekzio ekintzen zehaztapenak.
Entitate onuradunak, gutxienez, prospekzio ekintza bat eginen du, urtean emandako dirulaguntzaren 2.000 euroko.
5.–Dirulaguntzaren azken zenbatekoa.
5.1.–Eskatu beharreko zenbatekoa.
Entitate bakoitzak, Gizarte Inklusioaren, Haur Bermearen eta Pobreziaren aurkako borrokaren EGIF+ Estatuko Programak (EGIF 2023-2029) (aurrerantzean, EGIF+ deialdia) onetsitako proiektuaren arabera, deialdi honen esparruan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatu beharreko zenbatekoa zehaztu beharko du.
Entitateak eskatu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, finantzaketa beharrean oinarrituko da, kontuan hartuta honako hau gainditu ezin izanen duten bi erreferentzia:
a) 5.2.1) oinarrian Nafarroari esleitutako EGIF+ deialdian (E balioa), entitateari onartutako proiektuaren zenbateko osotik EGIFek estaltzen ez duen zenbatekoa.
b) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren dirulaguntzen deialdi honetarako dagoen partida.
5.2.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Entitate bakoitzari eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa urte bakoitzerako kalkulatuko da, bi esleipen osagai erabiliz: 1. Gutxieneko puntuazioaren araberako esleipena; eta 2. Deialdian lortutako puntuazioaren araberako esleipena.
5.2.1.–1. osagaia: gutxieneko puntuazioaren araberako esleipena.
Formula hau aplikatuko da bi urteetako bakoitzean:
A | % + | C | % + | E | % | * 300.000,00 euro |
B | D | F | ||||
3 | ||||||
A eta F bitarteko datuak EGIF+ deialdiaren barruan Nafarroarako onartutako proiektuetatik aterako dira. Formularen legendak hauek dira:
A = Nafarroari esleitutako EGIF+ deialdian, entitateari onartutako proiektuaren onuradunen kopurua.
B = Nafarroari esleitutako EGIF+ deialdian onartutako proiektu guztien onuradunen batura.
Deialdi honen balorazio teknikoan gutxienez 25 puntu lortu dituzten proiektuen datuak baino ez dira kontuan hartuko (11. oinarriaren arabera).
C = Nafarroari esleitutako EGIF+ deialdian, entitateari onartutako proiektuaren zenbateko osoa.
D = Nafarroari esleitutako EGIF+ deialdian onartutako proiektu guztien guztizko zenbatekoen batura.
Deialdi honen balorazio teknikoan gutxienez 25 puntu lortu dituzten proiektuen datuak baino ez dira kontuan hartuko (11. oinarriaren arabera).
E = Nafarroari esleitutako EGIF+ deialdian, entitateari onartutako proiektuaren zenbateko osotik EGIFek estaltzen ez duen zenbatekoa.
F = Nafarroari esleitutako EGIF+ deialdian onartutako proiektu guztietatik EGIFek estaltzen ez dituen zenbatekoen batura, guztira.
Deialdi honen balorazio teknikoan gutxienez 25 puntu lortu dituzten proiektuen datuak baino ez dira kontuan hartuko (11. oinarriaren arabera).
5.2.2.–2. osagaia. Deialdian lortutako puntuazio osoaren araberako esleipena.
Formula hau aplikatuko da, ehunekotan, bi urteetako bakoitzean:
(G / H) *100.000 euro
G eta H datuak deialdi honen balorazioan lortutako puntuaziotik aterako dira, 11. oinarriari jarraikiz. Formularen legendak hauek dira:
G = Entitateak deialdi honetan aurkeztutako proiektuak guztira lortutako puntuazioa.
F = Deialdi honetara aurkeztutako proiektuek lortutako puntuazio guztien batura.
Deialdi honen balorazio teknikoan gutxienez 25 puntu lortu dituzten proiektuen datuak baino ez dira kontuan hartuko (11. oinarriaren arabera).
5.2.3.–Eskatutako zenbatekoen eta dirulaguntzaren zenbatekoaren arteko soberakina berresleitzea.
Entitateak eskatutako zenbatekoa 1.0 eta 2.0 osagaiak 5.2.1 eta 5.2.2 apartatuetan ezarritakoaren arabera aplikatzearen ondoriozko zenbatekoa baino txikiagoa bada, soberakina berresleitu eginen da.
Soberakina banatzeko, berariazko metodo bat erabiliko da: bigarren txandan oinarri honetako 5.2.2 apartatuan ezarritako 2. osagaia aplikatuko da.
Kasu horretan, oinarri honetako 5.2.1 eta 5.2.2 apartatuetan adierazitakoaren arabera 1.0 eta 2.0 osagaiak aplikatu ondoren lortutakoa baino zenbateko handiagoa eskatu duten entitateen datuak baino ez dira kontuan hartuko.
Soberakinak berresleitzeko metodo hau hirugarren txandan eta hurrengoetan aplikatuko da, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren dirulaguntzen deialdi honetarako dagoen partida agortu arte.
6.–"Artatutzat" hartzen diren eta "laneratutzat" hartzen diren programaren hartzaileak.
6.1.–"Artatutzat" hartzen diren programaren hartzaileak.
6.1.1.–"Artatutzat" hartzen dira 4. oinarrian aipatzen diren nahitaezko jarduera guztiak egin dituztenak.
6.1.2.–Pertsona bera ez da, inolaz ere, bi programa finantzatuk artatua izanen.
6.2.–"Laneratutzat" hartzen diren programaren hartzaileak.
6.2.1.–Hala "lan merkatuan sartzeagatik", nola "hezkuntza sistemara itzultzeagatik" hartzen ahalko dira laneratutzat programaren hartzaileak.
6.2.2.–Lan merkatuan sartzeagatik laneratua.
Laneratzearen zenbaketa-aldian (6.2.4 eta 6.2.5 oinarriak) bere egoera honako modu hauetakoren batean hobetu duen parte-hartzaile oro hartuko da "lan merkatuan sartzeagatik laneratutzat":
a) Lan merkatuan besteren kontura sartzea.
Egoera bereziki ahulean dauden gizataldeetako pertsonen kasuan, 2.5 oinarriari jarraikiz, irizpide hauen arabera arautuko da laneratzea:
Ondoz ondoko lan kontratu bat edo batzuk sinatu ditu.
Aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan aurreikusitako lanaldi arruntaren gutxienez %50 duten kontratuak baino ez dira zenbatuko. Lanaldi arruntaren %50eko muga hori ez da aplikatuko desgaitasuna duten pertsonen kasuan.
Gizarte Segurantzan alta emandako gutxieneko aldia ez da 180 egunetik beherakoa izanen.
Besteren konturako eta norberaren konturako lan merkatuan modu konbinatuan sartzea onartuko da, pertsona hori bereziki ahulak diren gizataldeetakoa bada.
Bereziki ahulak diren gizataldeetakoak ez diren pertsonen kasuan, irizpide hauen arabera arautuko da laneratzea:
Aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan aurreikusitako lanaldi arruntaren gutxienez %50 duen kontratu bat sinatzea. Gizarte Segurantzan alta emandako gutxieneko aldia ez da 180 egunetik beherakoa izanen. Onartuko da enpresa berarekin lan kontratu bat baino gehiago sinatzea ere. Kasu horretan, eskatuko da enpresa horretan gutxienez 180 eguneko alta izatea Gizarte Segurantzan, gehienez 210 eguneko epean (zenbaketa hori lehen kontratuaren hasierako altatik hasiko da).
b) Lan merkatuan norberaren kontura sartzea.
Laneratzeak berarekin ekarriko du langile autonomoen araubide berezian alta ematea, dagozkien kuotak ordainduta.
Bereziki ahulak diren gizataldeetako pertsonen kasuan, 2.5 oinarriari jarraituz, alta aldi bat baino gehiago onartuko dira, bai eta besteren konturako eta norberaren konturako lan merkatuan modu konbinatuan sartzea ere.
Gizarte Segurantzan alta emandako gutxieneko aldia ez da 180 egunetik beherakoa izanen.
6.2.3.–Hezkuntza sistemara itzultzeagatik laneratua.
Laneratzearen zenbaketa aldian (6.2.4 eta 6.2.5 oinarriak) baldintza hauetakoren bat betetzen duen parte-hartzaile oro hartuko da "hezkuntza sistemara itzultzeagatik laneratutzat":
a) Derrigorrezko hezkuntza-etapa eta derrigorrezkoaren ondokoa.
Zenbaketa-aldiaren barruan, honako hezkuntza-etapa hauetako edozeinetan matrikulatu eta parte hartzen hasi izana eskatuko da: DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa edo unibertsitatea.
b) Profesionaltasun-ziurtagiria (1. mailatik 3.era) honako kasu hauetan:
i. Zenbaketa-aldiaren barruan, beharrezkoa izanen da onartuta egotea eta profesionaltasun ziurtagiri (aurrerantzean PZ) oso baten prestakuntza-ikastaro bat hasita izatea.
ii. Era berean, posible izanen da baldin eta, zenbaketa-aldiaren barruan, kasuko pertsonak PZ bat osorik hasi eta amaitzen badu, prestakuntza modulu independenteen bidez, lanbide praktiken modulua barne.
iii. Halaber, PZ bat osatzen ahalko da zenbaketa-aldiaren barruan baldin eta, programan parte hartu aurretik, kasuko pertsonak konpetentzia unitate bat edo batzuk partzialki egiaztatuta baditu, dela prestakuntzaren bidez, dela esperientzia egiaztatuta.
Edozein kasutan, ii eta iii kasuak laneratzetzat hartuko dira, baldin eta, laneratzearen zenbaketa-aldiaren azken egunean, kasuko pertsonak egiaztatutako konpetentzia unitate guztiak baditu eta PZa osatzeko aukera emanen dion praktika modulua egiten ari bada.
c) Matematika eta Gaztelaniako funtsezko gaitasunak (FG) (2. edo 3. maila).
Zenbaketa-aldiaren barruan, eskatuko da Nafarroako Gobernuko Helduen Oinarrizko Hezkuntzako Ikastetxe batean bi FGetako batean matrikula egin, eta hura ikasi eta gainditu izana eta beste FGa egiten hasi izana.
d) Lanbide Heziketako Heziketa Zikloetara sartzeko ikastaroa (erdi edo goi mailakoa).
Zenbaketa-aldiaren barruan, erdi mailako edo goi mailako zikloetara sartzeko ikastaro bat matrikula egin eta hura egin eta gainditu izana eskatuko da.
6.2.4.–Laneratzearen zenbaketa-aldiaren hasiera.
Norbait "laneratutzat" hartzeko, lan merkatuan sartu aurretik (6.2.2 oinarria) edo hezkuntza sistemara itzuli aurretik (6.3.2 oinarria), honako baldintza hauek bete behar dira: a) Banakako diagnostikoa eta profila egin zaio eta b) Enplegurako ibilbide pertsonalizatua diseinatu zaio, ondorioz, enplegurako akordio pertsonala sinatu eta onartu du, eta Orientasaren dagokion erregistroa egin zaio. Kasu horretan, enplegurako akordio pertsonala sinatzea eta onartzea eta Orientasaren erregistratzea hartuko dira laneratzearen zenbaketa aldiaren hasieratzat.
6.2.5.–Laneratzearen zenbaketa-aldiaren amaiera.
Laneratzearen zenbaketa-aldiaren amaitutzat joko da Orientasaren erregistratutako orientazio ibilbidearen azken datatik kontatzen hasita 12 hilabetera.
7.–Modulu ekonomikoak.
Dirulaguntza oinarri honetan ezarritako modulu ekonomikoen arabera ordainduko da.
7.1.–Artatutako pertsona bakoitzeko jaso beharreko zenbatekoa.
Zenbateko hori 1.248,00 eurokoa izanen da 6.1 oinarriaren arabera artatutzat hartzen den pertsona bakoitzeko.
4.3 oinarrian aipatzen den prestakuntza jarduerak, eginez gero, ez du gainditzen ahalko 960 euroko kopurua pertsonako. 960 euro horiek artatutako pertsona bakoitzeko 1.248,00 euroko zenbatekoan sartuko dira.
7.2.–Laneratutako pertsona bakoitzeko jaso beharreko zenbatekoak.
7.2.1.–Zenbatekoa 2.601,00 eurokoa izanen da 6.2 oinarriari jarraikiz laneratutzat jotzen den pertsona bakoitzeko.
7.2.2.–6.2 oinarriari jarraikiz, laneratutzat hartutako pertsonen kasuan, laneratzeagatiko zenbatekoa 5.500 eurokoa izanen da, baldin eta laneratzeak berekin badakar lan merkatuan kontratu mugagabe bakar baten bidez eta besteren kontura sartzea. Zenbateko hori 6.000 eurora artekoa izanen da, emakumeak badira edo desgaitasuna eta 45 urtetik gora dituzten pertsonak badira.
7.2.3.–7.2.2 oinarrian adierazitako zenbatekoei 2.000 euro gehituko zaizkie baldin eta kontratazioa langile autonomo batek edo lehen enplegatua kontratatzen duen kooperatiba edo lan sozietate batek egiten badu.
7.2.4.–Aurreko puntuetan aipatutako zenbatekoak proportzionalki murriztuko dira kontratua edo kontratuak lanaldi partzialekoak direnean; horretarako, enpresak langileari Gizarte Segurantzan alta ematean adierazitako partzialtasun koefizientea aplikatuko da.
7.3.–Artatutako eta laneratutako pertsonak.
Parte-hartzaileak "artatutzat" (6.1 oinarria) eta "laneratutzat" (6.2 oinarria) hartzeko baldintzak betetzen baditu, 7.1 eta 7.2 apartatuetan aurreikusitako zenbatekoak jasoko ditu entitate onuradunak.
7.4.–Pertsona laneratuak eta ez-artatuak.
Parte-hartzaileak "laneratutzat" (6.2 oinarria) hartzeko baldintzak baino ez baditu betetzen, 7.2 apartatuan aurreikusitako zenbatekoak baino ez ditu jasoko entitate onuradunak.
7.5.–Modulu ekonomikoen aplikazioaren mugak.
Entitateak ez du inola ere emandako zenbatekoa baino handiagoa kobratzeko eskubiderik izanen, nahiz eta hasieran emandako kobrantza baino handiagoa dakarten pertsona artatuak eta/edo laneratuak moduluen bidez justifikatu.
Hala ere, entitate onuradunari laneratze moduluei dagozkien zenbatekoak ordaintzen ahalko zaizkio, proiektuan aurkeztutako ehunekoa gainditzen badu, betiere emandako dirulaguntzaren zenbatekoa gainditzen ez badu.
8.–Aurkezteko epea.
8.1.–Eskaerak modu elektronikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Atariaren (www.navarra.es/eu) tramiteen atalean jasotzen den deialdiaren fitxak eskaintzen duen "tramitatu" tresnatik, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogei egun naturaleko epean.
8.2.–Dirulaguntza eskaera aurkezteak berekin dakar oinarriak onartzea.
8.3.–Eskaera aurkezteak berekin dakar entitate bakoitzak onartzea NL-NEZek entitate eskudunei informazioa eskatzen ahal diela, entitateak Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituen egiaztatzeko.
9.–Eskaerarako aurkeztu beharreko agiriak.
9.1.–Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
I) Dirulaguntza eskaera.
II) Entitate eskatzailearen nortasun juridikoa frogatzeko dokumentazioa, bere eraketa eskrituraren, bere estatutuen eta dagokion erregistroko inskripzioaren kopia aurkeztuz. Halaber, entitatearen ordezkariaren ahalordetzea aurkeztu beharko dute. Pdf formatuan aurkeztu behar da, formatu librean. Honela izendatuko da: "II. eranskina. Eskritura eta ahalordetzea".
III) Adierazpena, xede berbererako laguntzei buruzkoa, edo, betiere, jakinarazteko laguntza horien zenbatekoak ez duela gainditzen onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua (III. eranskina).
IV) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. eta 15. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzearen adierazpena (IV. eranskina).
V) Proiektuaren memoria (V. eranskina).
VI) Adierazpena, teknikarien esperientziari buruzkoa, baloratzeko 11. oinarriko 4. irizpidea (VI. eranskina).
VII) Adierazpena, entitatearen esperientziari buruzkoa, baloratzeko 11. oinarriko 5. irizpidea (VII. eranskina).
VIII) Prospekzio eta bitartekaritza plana: denbora, sektore eta geografia esparrua. Pdf formatuan aurkeztu behar da, formatu librean. Honela izendatuko da: "VIII. eranskina. Prospekzio plana".
IX) Kalitatea ebaluatzeko sistema. Deskripzioa eta aplikazioa. Pdf formatuan aurkeztu behar da, formatu librean. Honela izendatuko da: "IX. eranskina. Ebaluazio sistema".
X) Gizarte Inklusioaren, Haur Bermearen eta Pobreziaren aurkako borrokaren EGIF+ Estatuko Programaren (EGIF 2023-2029) esparruan proiektuaren onespena ziurtatzen duen dokumentazioa. Pdf formatuan aurkeztu behar da, formatu librean. Honela izendatuko da: "X. eranskina. EGIF proiektuaren dokumentazioa".
Eskaera honekin aurkeztu beharreko ereduak eskuragarri daude Nafarroako Atarian (www.navarra.es/eu) jasotzen den deialdiaren fitxan.
Administrazioak entitate eskatzailearen legezko ordezkarien nortasuna egiaztatuko du.
Aurkeztutako agiriak kopia soilak izaten ahal dira. Nolanahi ere, administrazio publiko deitzaileak notaritzan edo administrazioan egiaztatutako kopiak eskatzeko eskubidea izanen du, kopia horiei dagokienez zalantzarik badago.
9.2.–Ez dira berriz aurkeztu beharko interesdunak edozein administraziori lehendik aurkeztu dizkion agiriak, ez eta administrazioak berak eginak direnak ere. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipatutako agiriak, eta NL-NEZek bide elektronikotik eskatuko ditu, salbu eta interesdunak berariaz egin badu horren aurka. Hala bada, berak aurkeztu beharko ditu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, berriz aurkez ditzala eskatzen ahalko dio interesdunari.
10.–Dirulaguntzak emateko prozedura.
Oinarri hauetan ezarritako dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.
Baremazioaren ondorioetarako, entitate eskatzaileak proiektuaren memorian zuzen zehaztu eta, hala bada, frogatu dituen alderdiak soilik hartuko dira kontuan, eta, beraz, puntuatuko.
Eskaeren lehentasun ordena ezarriko da hurrengo oinarrian aurreikusitako balorazio irizpideak aplikatuz lortzen duten puntuazioaren arabera.
11.–Balorazio irizpideak.
11.1.–Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira eskaerak:
1. irizpidea.–Aldi guztirako aurreikusitako laneratze portzentajea: 10 puntu gehienez.
–Entitateak aurreikusten badu %5etik %10era bitartean laneratuko duela, azken hau barne: 5 puntu.
–Entitateak aurreikusten badu %10etik %20ra bitartean laneratuko duela, azken hau barne: 7,5 puntu.
–Entitateak aurreikusten badu %25 baino gehiago laneratzea: 10 puntu.
Pertsona artatu guztien (6.2 oinarriaren arabera) gainean, pertsona laneratuen (6.1 oinarriaren arabera) %5era iristea gutxienezko baldintza izanen da.
Era berean, gutxieneko eta/edo konprometitutako laneratze portzentaje hori lortzeko, laneratutakoa emakumea edo desgaitasuna duen pertsona bat bada, 1,5eko koefiziente bat hartuko da kontuan. Gainerako kasuetan, 1eko koefizientea izanen da.
Laneratze portzentaje hori aplikatu ondotik dezimalak gelditzen badira, hurbilen dagoen zenbaki osora borobilduko da, gorantz zein beherantz, eta, digitua 5 baldin bada, hurrengo zenbaki osora borobilduko da.
Gutxieneko portzentaje hori eta entitateak bere eskaeran aurreikusitako portzentajea lortzen ez baditu, zati bat itzuli egin beharko da 16.5 oinarriari jarraikiz.
2. irizpidea.–Entitate eskatzailearen jarduketa eremu geografikoa Nafarroako Foru Komunitatean, 20 puntu gehienez.
Proiektuaren memorian, entitate onuradunak adierazi beharko du Nafarroako zein enplegu agentziaren lurralde eremuan edo eremuetan garatu behar duen programa.
Gehienez 20 puntu emanen dira, eskala honen arabera:
a) Entitateak Iruñerriko enplegu agentzia baten lurralde-eremuan jarduten badu: 2 puntu.
b) Entitateak Tuterako enplegu agentziaren lurralde-eremuan jarduten badu: 4 puntu.
c) Entitateak Nafarroako gainerako enplegu agentzien lurralde eremuan jarduten badu: 9 puntu horietako bakoitzeko.
Hala, entitateak a), b), eta c) apartatuei dagozkien puntuak batzen ahal ditu.
Proiektuaren memorian, lurralde eremu bakoitzerako arreta leku zehatzak adierazi beharko dira.
3. irizpidea.–Prospekzio eta bitartekaritza plana, 5 puntu.
Entitateak prospekzio eta bitartekaritza sistema bat badu, eta proiektua egikaritu bitartean garatzeko asmoa badu, 5 puntuz baloratuko da.
Kasu horretan, entitateak aurkeztu behar du, azken justifikazioarekin batera, egikaritutako planaren garapenari buruzko txosten bat.
4. irizpidea.–Proiektuari atxikitako teknikarien profila, gehienez 10 puntu.
Lanbide orientazioan, prospekzioan eta bitartekaritzan frogatutako esperientzia urteak.
Arreta pertsona batek baino gehiagok ematen badu, puntuazioa proiektuari atxikitako teknikari guztien esperientzia urteen batezbestekoa izanen da.
Puntu bat emanen da urte bakoitzeko, gehienez 10 puntu. Esperientzia ez bada urte osokoa, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.
Irizpide hau aplikatzeko, honako hauek aurkeztu beharko dira: titulazioa, lan bizitzaren txostena (lan kontratu eta guzti), hirugarrenek emandako ziurtagiriak, edo organo kudeatzaileak aski deritzon beste edozein frogabide.
5. irizpidea.–Entitatearen esperientzia: 15 puntu, gehienez.
a) Orientazio, prospekzio eta bitartekaritzako programa integralen kudeaketan azken 10 urte naturaletako dirulaguntza deialdietan izandako parte hartze egiaztatua. Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Errenta Bermatuaren edo Gizarteratze-errentaren hartzaileentzat aldi horretan egindako programak ere baloratuko dira. Programa bakoitzeko puntu bat emanen da. Programaren iraupena urtebetetik goitikoa bada, bi puntu emanen dira. Dagokion puntuazioa emateko, VI. eranskina behar bezala bete beharko da, baloratu beharreko esperientzia proiektuaren memoriaren zer orritan dagoen adierazita.
Dagokion araua edo deialdia eta adjudikazioen ebazpena aurkeztuz frogatu beharko da esperientzia.
Programa adjudikatzea eta/edo sinatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari badagokio, erakunde horrek ofizioz egiazta dezala eskatzen ahalko du entitateak idatziz, adjudikatutako programa eta deialdiaren urtea adierazita.
b) Orientazio, prospekzio eta bitartekaritza programa integralen kasuan, azken 10 urte naturaletan garatu eta administrazio publikoek antolatu ez dituzten dirulaguntza deialdietako programa integralen kasuan, programa bakoitzeko 0,5 puntu emanen dira. Programaren iraupena urtebetetik goitikoa bada, puntu bat emanen da. Dagokion puntuazioa emateko, VI. eranskina behar bezala bete beharko da, baloratu beharreko esperientzia proiektuaren memoriaren zer orritan dagoen adierazita.
Kasu horretan agiri baten bidez frogatu beharko du esperientzia, honako hauek adierazita: entitate emailearen izena, entitate eskatzailearen aldeko hautaketaren data, programaren iraupena eta aurreikusitako jarduketak. Entitate emailearen ordezkari eskudun batek egin beharko du agiri hori.
Datu horiek agertzen ez badira, aurkeztutako agiriak ez dira baloratuko.
6. irizpidea.–Ebaluazio-sistema, 5 puntu.
Ekintzen kalitatea kontrolatzeko ebaluazio-sistema daukaten entitateen kasuan, sistema horretan eraginkortasun ekonomikoaren adierazleak txertatu badira, bai eta erabiltzaileen gogobetetze-mailaren, enplegagarritasuna hobetzearen eta erabiltzaileen laneratze tasaren adierazleak ere, 5 punturekin baloratuko da.
Kasu horretan, entitateak aurkeztu behar du, azken justifikazioarekin batera, egindako ebaluazioa.
11.2.–25 puntu baino gehiago lortzen dituzten proiektuak baino ez dira onartuko.
12.–Organo eskudunak eta ebazteko gehieneko epea.
Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lana Aktibatzeko eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzuari dagozkio.
Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.
Aurkeztutako agiriak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Batzorde hori honako hauek osatuko dute:
Batzordeburua: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lana Aktibatzeko eta Lurraldea Koordinatzeko Zerbitzuko zuzendaria.
Ordezko batzordeburua: Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendaria.
Batzordekidea: Orientazio Ataleko burua.
Ordezko batzordekidea: Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Ataleko burua.
Bokal idazkaria: Orientazio Ataleko teknikaria.
Ordezko bokal idazkaria: Orientazio Ataleko teknikaria.
NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileak eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo 2 hilabetean emanen du ebazpena. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.
13.–Egindako jarduketak ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epeak.
13.1.–Konturako ordainketa.
Justifikazioa eta azken ordainketa egin aurretik, entitateak gehienez bi konturako ordainketa eskatzen ahalko ditu urtero, proiektua gauzatzen den bitartean. Horretarako, egikaritutako jardueraren memoria teknikoa aurkeztu beharko du (eredu normalizatuaren arabera), konturako ordainketan eskatutako ehunekoa justifikatuko duena.
Konturako ordainketen zenbatekoa guztira ez da izanen esleitutako urteko zenbatekoaren %80tik gorakoa, eta gutxienez %20 utziko da justifikaziorako eta azken ordainketarako.
Konturako ordainketan, kontuan hartzen ahalko dira artatutzat hartutako pertsonei dagozkien zenbatekoak, bai eta 6. oinarriari jarraiki laneratutzat hartutako pertsonei dagozkienak ere. Konturako ordainketak egiteko eskaerak urte bakoitzeko abenduaren 1a baino lehenagokoak izan beharko dira.
Lehen urtean eskatutako konturako ordainketak ez badira iristen esleitutako urteko zenbatekoaren %80ra, konturako ordainketa gehigarri bat eskatzen ahalko da %80 hori osatu arte, bigarren urteko apirilaren 1a baino lehenago.
13.2.–Justifikazioa eta azken ordainketa.
Azken ordainketa eskatzeko, entitateak 13.4 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko du, programa amaitu eta hurrengo urteko otsailaren 1a baino lehenago.
Azken likidazioan, pertsona artatuez gain, entitateak lortutako laneratzeari dagokiona ere ordainduko da, konturako ordainketetan sartu ez dena. Pertsonak laneratzeko aurreikuspena ere jasotzen ahalko du, baldin eta, 6.2.5 oinarriaren arabera, laneratzearen zenbaketa-aldia ez bada amaitu justifikazioa eta azken ordainketa aurkezteko datan.
Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.
13.3.–Aurreikusitako laneratzea justifikatzea eta ordainketa doitzea.
Entitateak justifikazioan eta azken ordainketan laneratze aurreikuspenagatiko likidazio eskaera aurkeztu bazuen, programa amaitu eta bigarren urteko otsailaren 1a baino lehen aurkeztu beharko ditu laneratze horren egiaztagiriak.
Dokumentazioa jaso ondotik, organo kudeatzaileak hura bete ote den egiaztatuko du, eta, hala ez bada, itzulketa bat izapidetuko du.
Era berean, aurrekoak 11.1 oinarriko 1. irizpidean adierazitakoari eragiten badio, zati bat itzultzeko eskatuko da, 16.5 oinarriarekin bat etorriz.
Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.
13.4.–Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak justifikazio dokumentazio hau aurkeztu beharko du, eredu normalizatuen arabera:
–0. entregagarria. Justifikazio memoria, proiektuaren alderdi teknikoa eta ekonomikoa laburbilduta aurkeztuko dituena.
–1. entregagarria. 4.1, 4.2, 4.3 eta 4.4 oinarrietan zehaztutako jarduketen ziurtagiria; horretan jaso behar dira jarduketak jaso dituzten pertsonen sinadurak, emandako zerbitzuak jaso direla egiaztatu ahal izateko.
Sinadurak aldian-aldian aurkeztuko dira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak finkatu beharreko kronologiaren arabera, bai eta justifikazioaren azken unean ere.
–2. entregagarria. Laneratzea egiaztatzen duen ziurtagiria. Entitateak zehaztuko du zenbat parte-hartzaile laneratuko diren "artatutzat" hartutako (6. oinarriari jarraikiz) parte-hartzaile guztien artean, bai eta zer zenbateko eskatuko duen ere, aurreikusitako laneratzearen arabera.
–3. entregagarria. Proiektuari esleitutako baliabide materialen eta giza baliabideen zerrenda.
–4. entregagarria. Justifikatutako dirulaguntzaren guztirako zenbatekoa, aurkeztu den jarduketa-memorian adierazitako jardueren datuetan eta 7. oinarriko moduluetan oinarriturik kalkulatua.
Likidazioaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko hasieran onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa, ezta 7. oinarrian ezarritako mugak ere.
–5. entregagarria. Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.
–6. entregagarria. Prospekzio eta bitartekaritza planaren garapenari buruzko txostena, entitateari esleipenean puntuazioa eman bazaio (11.1 oinarria - 3. irizpidea).
–7. entregagarria. Ebaluazio-sistemaren garapenari buruzko txostena, entitateari esleipenean puntuazioa eman bazaio (11.1 oinarria - 6. irizpidea).
14.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Oro har, entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. eta 15. artikuluetan ezarritako betebeharrak izanen dituzte, eta, bereziki, honako hauek:
a) Dirulaguntza emateko oinarri izan den jarduketa egitea.
b) Eskatutako agiriak eta webgunean eskuragarri daudenak aurkeztea, deialdian zehaztutako epeetan.
c) Dirulaguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.
d) Inola ere ezin izanen zaie zenbatekorik kobratu diruz lagundutako ekintzen hartzaileei, bermatuko baita doakoak direla egiten diren jarduerak.
e) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi behar zaio edozein aldaketa, gertatu eta hilabeteko epean, ukitzen badira dirulaguntza emateko unean kontuan hartutako inguruabarrak eta baldintzak, eta entitate onuradunak bere gain hartutako konpromisoak eta betebeharrak.
f) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea.
g) Egindako zerbitzuak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak dituen aplikazioetan (SilcoiWeb, Orientasare edo adierazten den beste edozein aplikaziotan) erregistratzea, gehienez 5 laneguneko epean, ezintasun kasu justifikatuetan izan ezik.
h) Dirulaguntzaren xede diren jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk hartuz gero, administrazio organo eskudunari horren berri ematea, jasoriko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
15.–Gardentasun betebeharrak.
Entitate pribatu onuradunek, dirulaguntzak jasotzen dituztenean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, maiatzaren 17ko Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko bederatzigarren xedapen gehigarrian ezartzen den gardentasun betebeharra bete beharko dute, bi egoera hauetako batean badaude:
1.–20.000 euroren edo gehiagoren laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura.
2.–Jasotako laguntzen edo dirulaguntzen zenbatekoa entitatearen urteko diru-sarreren %20 edo gehiago izatea, baldin eta gutxienez ere 5.000 euroko kopurura iristen bada.
Horretarako, bi inguruabar horiek betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, NL-NEZi zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru-konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
–Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan duen dedikazio mota.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Entitateak ez badu gardentasun-betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura.
Gardentasun betebeharra bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Aurrekoa galarazi gabe, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan ezarritako gardentasun betebeharrak.
Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
16.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.
16.1.–Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin programa gauzatzen ez bada, edo dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, bereziki 15. oinarrian jasotako gardentasun betebeharra. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaindu daitezela eskatzea; hain zuzen, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutakoak.
16.2.–Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari komunikatzen ez bazaio, zerbitzu horrek ebazpena emanen du dirulaguntza osoa itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze-interesak barne.
16.3.–Onuradunak dirulaguntzaren baldintzen aldaketa komunikatzen duenean, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, aldaketa onartuz gero, aldaketa baino lehen jasotako diru guztia edo parte bat itzultzeko eskatzen ahalko dio.
16.4.–Entitate onuradunak ia "modu esanguratsuan" bete dituenean baldintza guztiak eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela egiaztatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino bete ez diren ikusita. Deialdi honen ondorioetarako, "esanguratsutzat" joko da onetsitako proiektuaren %75 beteta izatea.
16.5.–Laneratzeko konpromisoa ez betetzeak bi irizpide hauek aplikatzea ekarriko du:
–a) ez-betetzea: 11.1 oinarriko 1. irizpidean finkatutako laneratzeko gutxieneko portzentajera iristen ez bada, laneratzeko gutxieneko portzentajea aplikatzetik ateratzen den pertsona bakoitzeko 500 euro itzuli beharko dira.
–b) ez-betetzea: Entitateak 11.1 oinarriko 1. irizpidean ezarritako gutxieneko laneratze portzentajea baino portzentaje handiagoa konprometitu bazuen proiektu memorian, laneratzeko hitzemandako portzentajea aplikatzetik ateratzen den pertsona bakoitzeko 250 euro itzuli beharko dira.
Beraz, entitateari a) irizpidea bakarrik aplikatzen ahalko zaio, edo a) eta b) irizpideak, proiektu memorian hitzemandakoaren arabera.
16.6.–Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatzen ahalko dio dirulaguntzaren zati bat bere borondatez itzultzeko. Entitateak bere borondatez itzultzen badu dirua eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa bada berandutze-interesak aplikatzea, horiek kalkulatuko dira dirua itzultzen duen arte.
17.–Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.
Dirulaguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, diruz lagundutako jarduera gauzatzen den ziurtatzeko, baita ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko ere.
Bi hilean behingo jarraipen batzorde presentzialak eginen dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan, eta haietan izanen dira entitate onuradunaren eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ordezkariak. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen batzordeen aldizkakotasuna, modalitatea eta kokapena aldatzen ahalko ditu, jarraipen eta kontrol ahalmenaren arabera.
Entitate onuradunek, jarraipen batzorde bakoitzean, proiektua gauzatzeari buruzko txosten bat aurkeztuko dute. Txosten horretan, deialdiaren esparruan eman diren enplegurako orientazio-zerbitzuei buruzko informazioa jasoko da, bai eta entitateek berek edo Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak zehazten duten beste informazio interesgarria ere.
18.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira jarduera hori bera egiteko jasotzen diren beste batzuekin.
Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Emandako dirulaguntza justifikatu aurretik jakinarazi beharko zaio NL-NEZi beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso izana, eta ordaindu beharreko zenbatekoa gutxitzen ahalko da horren ondorioz.
19.–Dirulaguntzaren publizitatea, onuradunaren aldetik.
Bai publizitatean, bai zabalkundeko materialetan eta paper-gauzetan, entitate onuradunek Nafarroako Gobernuaren finantzaketa izan dutela adierazi behar dute. Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat erabili beharko da Nafarroako Gobernuaren sinboloa.
20.–Errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioko administrazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Errekurtsoaren xede den administrazio egintza espresua ez bada, noiznahi jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.
21.–Datuen babesa.
Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta gainerako garapen arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.
Entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.
22.–Emandako dirulaguntzen argitalpena.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, NL-NEZek jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Enpleguaren Atarian (www.navarra.es/eu/enplegua), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.
Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ere argitaratuko ditu datu horiek bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.
Iragarkiaren kodea: F2517314
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
