29. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BASABURUA

Basanet merkataritza-sozietatearen estatutuen aldaketa. Behin betiko onespena

Basaburuko Udalak, 2025eko abenduaren 22an egindako osoko bilkuran, behin betiko onartu zuen Basanet SL merkataritza-sozietatearen estatutuen aldaketa.

Bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50. artikuluan ezarritakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), argitara ematen da ordenantzaren testu osoa, zeina indarrean jarriko baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Basaburuan, 2025eko ekainaren 29an.–Alkatea, Santos Etxegia Oronoz.

ESTATUTUEN ALDAKETA

I. KAPITULUA

1. artikulua.

Sociedad Basanet Basaburua SL izeneko merkataritza-sozietatea eratu da, erantzukizun mugatuko tokiko sozietate gisa. Arautuko da Kapitaleko Sozietateei buruzko Legearen bidez, toki araubidearen gaineko legeen bidez eta estatutu hauen bidez.

2. artikulua.

Erantzukizun mugatuko sozietatea da Sociedad Basanet Basaburua SL, udal enpresa, eta erantzukizun mugatuko sozietatearen nortasun juridikoa izanen du bere helburuak betetzeko, legezko xedapenen eta estatutu hauen mugen barnean.

3. artikulua.

Sozietatearen helburua da eraginkortasun handiagoa lortzea udal jardunean.

Horretarako, sozietateak zerbitzu hauek ematea du helburu:

Basaburuko Udalaren komunikazio elektronikoen sareak instalatzea eta ustiatzea, edo horren baitan zerbitzuak ematea. Hauxe du EJSN kodea: 6110.

Edonolako gizarte-zerbitzuak garatzea eta kudeatzea: egoitzak, eguneko egonaldiak, eguneko zentroa, autonomia sustatzeko lantegi eta programak, jantoki soziala eta komunitateari onura ekar diezaiokeen beste edozein. Hauxe du EJSN kodea: 8811.

Nagusiki kultura-, hezkuntza- edo kirol-arloko zerbitzuak ematen dituzten instalazioetan zerbitzu osagarriak eskaintzea. Hauxe ditu EJSN kodeak: 9311, 8551, 8552 eta 8121.

Sozietate hori hartuko da, ondorio guztietarako, Udalaren bitarteko propiotzat eta zerbitzu teknikotzat, hartara adostutako zerbitzuak eskain ditzala agintzeko, betiere bere helburu sozialaren alorrean.

4. artikulua.

Aurreko artikuluan aipatutako jarduerak zeharka gauzatzen ahalko ditu sozietateak zuzenean edo zeharka, parte hartuz helburu bera edo antzekoa duen edozein elkartetan (nortasun juridikoa izan zein ez).

5. artikulua.

Sozietateak mugarik gabeko iraupena izanen du, eta sozietate-jardunean hasiko da eraketaren eskritura egilesten den egunean.

6. artikulua.

Sozietateak hemen izanen du egoitza soziala: Basaburuko Udalaren udaletxea, Asunción kalea 7, Jauntsarats (Nafarroa).

Administrazio organoaren eskumena izanen da egoitza soziala aldatzea udal-mugarte bereko beste toki batera.

II. KAPITULUA

7. artikulua.

Kapital soziala 3.300 eurokoa izanen da, 110 partizipazio sozial banaezin eta metagarritan zatitua. Partizipazio bakoitzak 30 euroko balio nominala du eta elkarren segidan zenbakiturik daude, 1etik 110era bitartekoak, biak barne. Basaburuko Udalak harpidetuak eta ordainduak dira osoki, eta bera da kapitala osatzen duten partizipazio guztien titular bakarra, Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 89. artikuluan xedatutakoaren arabera. Kapitala ezin da transferitu eta ezin da erabili beste ezertarako, enpresaren xederako baizik, baina handitu edo txikitu egin daiteke, legezko xedapenei jarraikiz.

Kapital soziala handitu edo txikitzen ahalko da, Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu. Aurretik, Administrazio Kontseiluak idatzizko txostena egin behar du hori justifikatzeko.

III. KAPITULUA

8. artikulua.

Honako organo hauek zuzenduko eta administratuko dute sozietatea:

–Batzar Nagusia.

–Administrazio Kontseilua.

–Kudeatzailea.

9. artikulua.

Batzar Orokorra sozietatearen organo gorena da. Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 92. artikuluan xedatu bezala, Basaburuko Udalbatzako kideek eratuko dute, berariaz hala eratzeko deia egiten denean. Udalbatzako burua izanen du buru, edo Batzarrak izendatzen duen pertsona.

10. artikulua.

Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 92. artikuluan xedatutakoaren arabera, Batzar Orokor gisa eratutako Udalbatzaren funtzionamendua –prozedurari eta erabakiei dagokienez– toki araubideari buruzko legeei lotuko zaie, eta gainerako gai sozialetan aplikatuko dira erantzukizun mugatuko sozietateen araubideari buruzko arauak.

11. artikulua.

Udalbatzak, sozietateko Batzar Orokor gisa diharduenean, honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Administrazio Kontseilua izendatu, berritu edo berrestea, estatutu hauetan ezarritakoari jarraikiz.

–Kontseilukideen ordainsariak finkatzea

–Estatutuak aldatzea.

–Kapitala handitu edo txikitzea.

–Inbentarioa, balantzeak, emaitza-kontua, memoria eta kudeaketari buruzko urteko txostena onestea.

–Auditoreak izendatzea.

–Kapital Sozietateen Legeak Batzar Orokorrari esleitzen dizkion gainerako eginkizunak.

12. artikulua.

Batzar Orokorra, nahitaez, urtean behin bildu beharko da ohiko bilkura egiteko, lehen seihilekoan, sozietatearen kudeaketa onesteko edo ez onesteko, aurreko ekitaldiko kontuak eta balantzea onesteko (hala behar denean), mozkinen xedea erabakitzeko (halakorik bada), eta behar diren erabakiak hartzeko, bere eskumeneko aferei buruz, gai-zerrendaren arabera.

13. artikulua.

Aurreko artikuluan aipatutako ohiko bilkuraz gain, Batzar Orokorrak bilkura berezia eginen du behar den guztietan, aldez aurretik buruak deituta, Administrazio Kontseiluak hala galdaturik, edo aurretiaz horretarako eskaera eginez gero Udalbatzako legezko kideen laurdenak, gutxienez.

14. artikulua.

Udalbatzako kide guztiak bildu eta aho batez bilkura egitea erabakitzen badute, Batzar Orokorra deituta eta edozein gairi heltzeko modu baliozkoan eratuta geldituko da.

15. artikulua.

Batzar Orokorreko idazkariak bilera bakoitzaren akta eginen du. Batzar Orokorraren aktak Udalbatzarenak bezalaxe onetsiko dira, baldintzen, formaren eta ondorioen aldetik. Sozietateko Batzar Orokorraren Akten Liburu Berezian inskribatuko dira, buruak eta idazkariak sinatuta, eta idazkariak zainduko ditu.

16. artikulua.

Batzar Orokorreko kide ez diren Administrazio Kontseiluko kideek parte hartzen ahalko dute haren bilkuretan, hitzarekin baina botorik gabe, bai eta kudeatzaileak ere.

17. artikulua.

Administrazio Kontseiluak zuzenduko du sozietatea. Batzar Orokorrak izendatutako bost kidek osatuko dute.

Batzar Orokorrak lau urterako izendatuko ditu kontseilukideak, baina Udalbatzako kide diren aldetik izendatuak izan direnek izaera hori galduz gero, kontseilukide izateari utziko diote besterik gabe, kide berriek ordezten dituzten unean bertan. Kargu-uzte hori berariaz erabaki beharko du Batzarrak eta, ondoren, Merkataritza Erregistroan inskribatu beharko da.

18. artikulua.

Udalbatzako kideek Administrazio Kontseiluan parte hartzen ahalko dute, eta indarreko legediaren arabera dagozkien ezgaitasun eta bateraezintasunak izanen dituzte kontseilukideek, ordezkaritza karguetan jarduteko.

Basaburuko Udaleko alkatea izanen da Administrazio Kontseiluko burua, baldin kontseilukidea bada, edo Batzar Orokorrak kontseilukide izendaturiko zinegotzi bat. Batzar Orokorrak hautatuko du Kontseiluko buruordea; kontseiluburuaren lekuan ariko da hura kanpoan, gaixorik edo karguan aritzeko ezindurik dagoenean, eta haren ahalmen guztiak izanen ditu.

Kontseiluak berak izendatuko du bere idazkaria. Kontseiluko kidea nahiz kanpoko pertsona bat izan daiteke eta, hala denean, hitzarekin baina botorik gabe parte hartuko du Kontseiluaren bileretan.

Edozein kontseilukidek proposatuz gero, alkate udalburuak izendatutako teknikari espezializatuek Administrazio Kontseiluaren bileretan parte hartzen ahalko dute, hitzarekin baina botorik gabe.

Kontseilukide kargua dohainik da.

19. artikulua.

Kontseiluak ohiko bilkura sei hilean behin gutxienez eginen du, eta bilkura berezia, berriz, kontseiluburuak dei egiten duenean edo bi kontseilukidek gutxienez hala eskatzen dutenean. Bilkurak sozietatearen egoitzan eginen dira, edo Kontseiluak hautatzen duen tokian.

Batzarreko buruari edo haren ordezkoari dagokio deialdiak egitea, gai-zerrenda eta guzti. Deialdia kontseilukideei banan-banan jakinarazi behar zaie, bilkurarako ezarritako ordua baino berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez.

Kontseilua modu baliozkoan eratuko da, kontseilukideen edo haien ordezkarien erdiak gehi bat bilduz gero.

Erabakiak bilkurara agertutako edo bertan ordezkatutako kontseilukideen gehiengo osoz hartuko dira, eta berdinketarik gertatuz gero, kontseiluburuaren edo haren ordezkoaren botoak ebatziko du.

Administrazio Kontseiluaren erabakiak aktetan jasoko dira eta aktak dagokion liburuan transkribatuko dira. Kontseiluburuak edo haren ordezkariak eta Kontseiluko idazkariak sinatuko dituzte aktak.

20. artikulua.

Kontseiluak sozietatearen negozioak kudeatuko ditu, igorpen eta trafiko eragiketak eginen ditu, eta sozietatea ordezkatuko du, judizioan nahiz judiziotik kanpo. Bereziki, Kontseiluari esleitzen zaizkio jarduera horiei dagokienez Legeak eta estatutuek Batzar Orokorrarentzat gordetzen ez dituzten ahalmenak. Gainera, ondotik aipatzen diren ahalmenak ere izanen ditu, besteak beste:

1.–Behar diren egintza guztiak, honako hauek administratzeko, eskuratzeko, xedatzeko eta, oro har, besterentzeko eta kargatzeko: ondasun higigarriak eta higiezinak, landa-lurrekoak nahiz hiri-lurrekoak, eskubide gorpuzgabeak, kontzesioak, lizentziak, patenteak, hornidurak eta errentamenduak. Horretaz gain, eta horiei dagokienez, ahalmena izanen du horrelako guztiak eratu, geroratu, aldatu, subrogatu eta azkentzeko. Era berean, ahalmena izanen du hipotekak eta, oro har, eskubide errealak eratu, aldatu eta azkentzeko.

2.–Honako hauek egitea: elkarketak, eransketak, zatiketak, bereizketak, hondarren eta obra berrien deklarazioak –horiek eratuz jabetza horizontalaren araubidean edo esleituz kuotak edo elementu komunen eta gastuen partizipazioak–, sortzen diren erkidegoak arautzea egokitzat jotzen dituen arau edo estatutuen bidez, deskripzioen zabalkuntzak, azaleren nahiz beste kontzeptu batzuen zuzenketak, eta zortasunak eta gainerako eskubide errealak eratu eta azkentzea.

3.–Sozietateko langileak izendatzea eta kentzea, haien soldatak eta ordainsariak ezartzea, behar diren zuzenketak egitea eta langileak kaleratzea; arrisku mota guztietarako aseguratzea, istripuak barne; hauteskunde sindikaletan edo lan hauteskundeetan parte hartzea eta ematen zaizkion karguak onartzea.

4.–Egitea sozietatearen afera eta negozio guztien barne eta kanpo kudeaketa; kontabilitatearen ardura izatea, eta legeak eskatzen dituen kontabilitate liburuak erabiltzea; formalizatzea eta aurkeztea kontuak, kanbio-letrak, igorpen eta trafikoko gainerako agiriak eta erresaka kontuak.

5.–Kontu korronteak eta kreditu kontuak irekitzea aurrezki kutxetan eta edozein bankutan, edo sozietate eta entitate pribatu nahiz publikoetan, eta haiek baliatzea, emanez txekeak, ordainketa aginduak eta gainerako agiriak.

6.–Era guztietako zorrak, libramenduak eta ordainketa aginduak kobratzea eta ordaintzea, horien gainean ordainagiriak eta ordain gutunak ematea eta bermeak kitatzea, barnean direla hipoteka-bermeak eta berme pignoratizioak; zorren ordainketa gisa onartzea edozein motatako ondasunen lagapenak, barnean direla higigarrien eta eskubide errealen lagapenak, eta egitea eskubide eta aukerei dagozkien transakzioak; lurreko, itsasoko eta aireko garraioak kontratatzea; salgaiak, gutunak, ziurtagiriak, igorpenak, telegramak eta, oro har, gutuneria jasotzea aduanetatik, aireportuetatik, tren geltokietatik, biltegietatik edo gordailuetatik, bai eta administrazioetatik eta telegrafo zerbitzuetatik ere.

7.–Zenbatekoak maileguz hartzea eskudirutan edozein entitateri eta beste edozein establezimenduri, adibidez, hitzartzen diren interes eta baldintzekin, eta era guztietako bermeak onartu eta ematea, baita hipotekak ere.

8.–Sozietatearen memoria, inbentarioa eta balantzea idaztea eta prestatzea, galera-irabazien kontuan, eta funts bereziak nonbait jartzeari buruz erabakitzea.

9.–Sozietatea ordezkatzea judizioan nahiz judiziotik kanpo, agintari, entitate eta norbanakoen aurrean, estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako eta udalerrietako erakunde eta bulegoen aurrean, maila, mota eta jurisdikzio guztietako magistratura, epaitegi eta auzitegien aurrean, Etxebizitzako ordezkaritzen aurrean edo haien eskumenak bere gain dituen erakundearen aurrean, Ogasun, Industria eta Lan ordezkaritzen aurrean, Trafiko, Herri Lan eta Hirigintza burutzen aurrean eta Estatuko Administrazioko beste edozeinen aurrean, espedienteetan, akzioak eta salbuespenak egikaritzean, sustatzaile gisa, auzi-jartzaile gisa, laguntzailekide gisa edo demandatu gisa, edozein dela ere espedientea, judizioa edo jurisdikzioa, eta haietan frogak proposatzea, lekukoak arbuiatzea, funtzionarioak errekusatzea, errekurritzea, prozeduretan amore ematea eta atzera egitea, fidantzak eta gordailuak eratu eta garaiz kentzea, posizioei erantzutea eta epaiketan aitortzea.

10.–Sozietatearen xedea betetzea eta gauzatzea, eta horretarako egitea aurretik egin beharrekoa eta ezinbestekoa den oro.

11.–Enkanteetan, lehiaketetan eta zuzeneko lehiaketetan parte hartzea, horien bidez kontratatzeko zerbitzuak, obrak eta produktuen, materialen nahiz manufaktura-gaien hornidurak; agiriak, adierazpenak edo dokumentuak aurkeztea; behin-behineko eta behin betiko adjudikazioak onartzea.

12.–Ahalorde orokor edo bereziak ematea, bere eginkizun guztiak edo batzuk besteren esku uzteko; auzitegietako prokuradoreak eta legelariak izendatzea, judizioan ordezkari aritzeko behar diren ahalmenak emanez; emandako ahalordeak errebokatzea eta ordezpenak baimentzea; mota guztietako notario-aktak eskatzea; jakinarazpen eta errekerimenduak egin, jaso eta haiei erantzutea; agiri publiko eta pribatuak formalizatzea eta, oro har, bere jarduera berariazkoa osoki gauzatzeko behar den oro egitea.

13.–Sozietateko kudeatzailea izendatzea.

14.–Ekitaldi ekonomiko bakoitza bukatzean, Udalbatzari aurkeztea sozietateak aurreko ekitaldian egindako kudeaketari buruzko memoria.

21. artikulua.

Kontseiluburuari dagokio ordezkaritza ahalordea, estatutuetan zehaztutako xede sozialean sartzen diren egintza guztietan.

22. artikulua.

Administrazio Kontseiluak kudeatzaile bat izendatuko du, zuzendaritza, kudeaketa eta betearazpen arloetako ahalmenak izanen dituena. Gaitasun berezia duen pertsona bat izendatuko da.

Kudeatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:

–Kontseiluaren erabakiak betetzea eta betearaztea.

–Zerbitzuak zuzendu eta ikuskatzea.

–Organo berezia administratiboki ordezkatzea.

–Agintzea berariazko diru-izendapena duten ordainketa guztiak.

–Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea, hitzarekin baina botorik gabe.

–Kontseiluak ematen dizkion gainerako eginkizunak.

23. artikulua.

Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu sozietateak bere eginkizunetarako behar dituen teknikari, administrari eta mendeko langile guztiak, kudeatzaileak proposaturik, halakorik bada; langile guztiak enpresaren plantillan sartuko dira eta enpresarekin lan-harremana izanen dute.

IV. KAPITULUA

24. artikulua.

Sozietatearen ondareak biltzen ditu kapital soziala eta haren jabetzako era guztietako ondasun eta eskubideak, hala eskuratu direnak erosketetan, zuzeneko sustapenetan eta sozietatearen funtsekin egindako eragiketetan, nola lortu direnak Basaburuko Udalaren, Foru Komunitatearen, beste autonomia erkidego, probintzia edo udalerri batzuen, Estatuaren edo partikularren lagapen, dohaintza eta dirulaguntzen bidez.

25. artikulua.

Sozietatearen ogasunak honako baliabide hauek biltzen ditu:

–Kapital soziala, eta ondasunen, kredituen eta eskubideen errentak emaitzak edo interesak.

–Basaburuko Udalak ematen dizkion dirulaguntzak.

–Basaburuko Udalak, Foru Komunitateak, beste autonomia erkidego, probintzia edo udalerri batzuek, Estatuak edo partikularrek ematen dizkioten dirulaguntzak, laguntzak eta dohaintzak, halakorik jasoz gero.

–Ondasunak besterenduz eskuratzen dituen baliabideak.

–Kontratatzen dituen mailegu edo kreditu eragiketetatik datozenak.

–Entitateek edo norbanakoek ematen dizkioten aurrerakinak, eta sozietateak eskuratzen duen legezko beste diru-sarrera oro.

V. KAPITULUA

26. artikulua.

Sozietatearen ekitaldia urte naturala bera izanen da.

Ekitaldi ekonomikoa bukatu ondoko hiru hilabetean, sozietateak eginen du aurreko ekitaldiko kudeaketaren kontuak emateko balantzea, eta Udalbatzari aurkeztuko dio legezko epearen barnean, Batzar Orokor gisa onets dezan. Balantzearekin batera, aurkeztuko dio egindako jardueraren eta lortutako emaitzen gaineko memoria. Udalbatzak zentsura eginkizunak beteko ditu, adieraziz zer zuzendu behar den, eta, behar denean, erantzukizuna eskatuz.

27. artikulua.

Sozietatea deseginen da toki araubideari buruzko legedian eta Kapital Sozietateen Legean aurreikusitako kasuetan, Batzar Orokorraren erabaki bidez.

Sozietatea likidatzen bada, Batzar Orokorrak likidazio batzordea izendatuko du. Batzordeko kideen kopurua bakoitia izanen da. Likidazio batzordea izendatzeak Administrazio Kontseiluaren ahalmenen amaiera ekarriko du.

Likidazio aldia burutu arte, Batzar Orokorrak segituko du egiten urteko ohiko bilkurak eta egin beharreko bilkura berezi guztiak, indarreko xedapenen arabera.

Iragarkiaren kodea: L2517191