1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
560E/2025 EBAZPENA, abenduaren 17koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakia hartzen baita "3 Erribera" adierazpen geografiko babestuaren baldintza-agirian aldaketa arrunt bat egitearen alde, eta aditzera ematen baita.
2025eko apirilaren 15ean, "3 Erribera" lurraldeko ardoa egiten eta botilatzen duten upeltegien elkarteak (IFZa: G31974280) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari eskatu zion (erregistroko zenbakia: 2025/545837) aldaketa arrunt bat egitea "3 Erribera" adierazpen geografiko babestuaren baldintza-agirian, xede duena honako hauek egiteko aukera sartzea: alkohol-gradu gutxiko ardoak egitea, partez alkoholgabetzea babestutako ardoak, ardoak gozatzea muztio kontzentratu zuzenduarekin, ardo gorriak egitea beltzak ez diren barietateekin, %15 bitarte, eta ardo gorria eranstea hurrengo urteko ardo beltzari, bolumen osoaren %15 bitarte. Halaber, baimentzen da ardoa ontziratzea adierazpen geografiko babestuko eskualdetik kanpo, eta handitzen da baimendutako mahatsen barietate kopurua.
Eskaera ebaluatu ondoren, egiaztatu da "3 Erribera" lurraldeko ardoa egiten eta botilatzen duten upeltegien elkarteak betetzen dituela eskatzaile izateko 2024/1143 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluan ezarritako baldintzak, eta aditzera ematen da aldaketa arrunta egiteko aurkeztu duen eskaerak betetzen dituela aipatu erregelamenduaren 24. artikuluko baldintzak, bai eta 2025/27 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 4. artikuluan ezarritakoak ere.
"3 Erribera" adierazpen geografiko babestuaren ekoizpen eremua Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan dago, eta, beraz, bertako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari dagokio ebazpen hau emateko eskumena, 2025/27 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 4.1 artikuluan ezartzen den bezala.
Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren uztailaren 2ko 283E/2025 Ebazpenaren bidez (2025eko irailaren 26ko Estatuko Aldizkari Ofiziala), jendaurrean jarri zen "3 Erribera" adierazpen geografiko babestuaren baldintza-agiria aldatzeko eskaera.
Ebazpen horren bidez, hasi zen aurka egiteko Espainiako prozedura, eta jendaurreko aldia ireki zen, bi hilabetekoa, bat etorriz martxoaren 7ko 149/2014 Errege Dekretuaren artikulu bakarraren laugarren puntuan ezarritakoarekin. Errege dekretu horrek urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuaren 10. artikulua aldatzen du (1335/2011 Errege Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita deitura babestuak eta adierazpen geografiko babestuak Europar Batasuneko erregistroan inskribatzeko eskaerak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura).
Epe hori 2025eko azaroaren 26an amaitu zen, eta ez da inor aurka agertu. Hori dela eta, amaitutzat ematen da atariko prozedura hori, eta, ondorioz, bidezkoa da ematea "3 Erribera" adierazpen geografiko babestuaren baldintza-agiria aldatzearen aldeko erabakia.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak (foru dekretu horren bidez ezarri zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa),
EBAZTEN DUT:
1. "3 Erribera" adierazpen geografiko babestuaren baldintza-agirian aldaketa arrunt bat egitearen aldeko erabakia hartzea eta aditzera ematea (eskaera 2025eko apirilaren 15ean aurkeztu zen), egiaztatu baita betetzen direla 2024/1143 (EB) Erregelamenduan ezarritako baldintzak eta haren ondorioz emandako xedapenak.
2. Baldintza-agiria eta dokumentu bakarra helbide hauetan daude argitaratuta:
Baldintza-agiria: http://PCIGP3R2025.navarra.es
Dokumentu bakarra: http://DUIGP3R2025.navarra.es
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau jakinaraztea "3 Erribera" lurraldeko ardoa egiten eta botilatzen duten upeltegien elkarteari eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Kalitate Berezituaren eta Nekazaritza Ekologikoaren Zuzendariordetza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko abenduaren 17an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.
Iragarkiaren kodea: F2600231