28. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

490E/2025 EBAZPENA, abenduaren 26koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez berrikusten baita Slir SLren titulartasuneko ongarrigintzarako hondakin organikoen konpost-instalazioari (Zarrakazteluko udal mugartean kokatua) ingurumen baimen integratua. Izan ere, instalazioa TEOei buruzko ondorioak ezartzen dituen Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakira egokitzeko proiektua gauzatu beharra dago, eta, horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 400E/2019 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren 89E/2023 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 26. artikuluan ezartzen du baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio hau barne hartzen duen sektore industrialari dagokionez, aipatutako ondorioak argitara eman ziren Batzordearen abuztuaren 10eko (EB) 2018/1147 Erabakiaren bidez; erabaki horretan hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.

Aplikatuz uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoa (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege horren testu bategina), 2023ko abuztuaren 8an Slir SLri eskatu zitzaion 2023ko azaroaren 10a baino lehen aurkez zezala bere ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, horrela, instalazioa Batzordearen 2014/687/EB Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak 2022ko maiatzaren 18an aurkeztu zuen dokumentazioa.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak ondorioztatu du instalazioa Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakira egokitu dela, betebehar hauen kasuan izan ezik:

–Portaera orokorra hobetuko duen ingurumena kudeatzeko sistema bat ezartzea, 1. TEOari jarraikiz.

–Efizientzia energetikorako plan bat aplikatzea, adierazleen bidezko kontrolean, joeren azterketan eta helburuen ebaluazioan oinarrituta, 23.a) TEOan adierazten denari jarraikiz.

–Hondakinen hezetasuna optimizatuko duen konpostatze protokolo bat garatzea, lixibiatu gutxiago sortzeko, 35.c) TEOaren arabera.

–Mintz erdi-iragazkorreko estalkiak erabiltzea, atmosferara partikularik ez jariatzeko, 37.a) TEOaren arabera.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean. Ebazpen honen II. eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen Industria Emisioen Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Berrikustea Slir Slren titulartasuneko ongarrigintzarako hondakin organikoen konpost-instalazioaren (Zarrakazteluko udal mugartean kokatua) ingurumen baimen integratua. Izan ere, instalazioa TEOei buruzko ondorioak ezartzen dituen Batzordearen abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakira egokitzeko proiektua gauzatu beharra dago, eta, horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak ondorioztatu du instalazioa TEOei buruzko ondorioak ezartzen dituen Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakira egokitu dela, dagozkion TEOak betetzeko xede duten neurri hauek ezartzearen betebeharra izan ezik:

–1. TEO. Ingurumen kudeaketako sistema bat izatea.

–23.a) TEO. Efizientzia energetikorako plan bat aplikatzea, adierazleen araberako kontrolean, joeren azterketan eta helburuen ebaluazioan oinarrituta.

–35.c) TEO. Konpostatze prozesua aldatzea, halako moldez non konpostatzeko lehen faseetan hondakinen hezetasuna murriztuko baita, dagokion egituratzailea gehituta, gehiagotan iraulita edo bi metodoak konbinatuta.

–37.a) TEO. Haizearekiko esposizio handiena duten piloetan mintz erdi-iragazkorrak jartzea.

Hirugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskugabeen kudeatzaile gisa, 15G04067008432001 zenbakiarekin. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen ekoizpen eta kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Instalazioaren ustiatzaileak baimena eduki beharko du III. eranskinean adierazitako hondakinak tratatzeko eragiketak egiteko, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Baimen hori eman beharko dio instalazioaren egoitza soziala non dagoen, autonomia erkidego horretan ingurumen arloko eskumena duen organoak. Instalazioaren titularrak Nafarroan badu egoitza soziala eta operadore-ustiatzaile gisa jarduten badu instalazioan, instalazioa baimentzeko eskaera ere operadore-ustiatzaile horren eskaeratzat joko da, eta, beraz, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak kudeaketa-instalazioa baimentzeko eskaeran jaso ziren baldintza berberetan emanen du ustiatzaile baimena.

Laugarrena.–2026ko ekainaren 30a baino lehen, titularrak instalazioa egokitzeko proiektua gauzatu beharko du, eta ebazpen honen III. eranskinean aurreikusitako neurriak martxan jarriko dira; gainera, horren aurretik, abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, egokitzapena abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Seigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Ingurumena kudeatzeko sistema.

–Efizientzia energetikorako plana, adierazleen araberako kontrolean, joeren azterketan eta helburuen ebaluazioan oinarritua.

–Konpostatzeko lehen faseetan hondakinen hezetasuna murrizteko neurrien justifikazioa.

–Euri-ur garbiak prozesu-eremuetako euri-ur kutsatuekin nahasi eta urmaelera bidaltzea eragozteko behar diren neurriak ebaluatzea.

–Haizearekiko esposizio handiena duten piloetan mintz erdi-iragazkorrak jartzearen justifikazioa.

Zazpigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten jarraituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Hamargarrena.–Ebazpen hau igortzea Slir SL enpresari eta Zarrakazteluko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abenduaren 26an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Larrañeta Nido.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2517272