1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
487E/2025 EBAZPENA, abenduaren 26koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita aldaketa funtsezko bat egiteko Funesko udal mugartean gizendu aurreko hazkuntzarako dagoen zerri-instalazio batean, orientazio zooteknikoa aldatzeko proiektua gauzatu ahal izateko; izan ere, zerriak gizentzeko 1.700 toki izatetik esne-zerrikumeentzako (trantsizio zerriak) 8.048 toki izatera igaro nahi du. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Agropecuaria Obanos SA da.
Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 10.14 taldean.
2024ko martxoaren 7an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, orientazio zooteknikoa aldatu ahal izateko; izan ere, zerriak gizentzeko 1.700 toki izatetik esne-zerrikumeentzako (trantsizio zerriak) 8.040 toki izatera igaro nahi du. Horretarako, han dauden bi nabe egokitu nahi ditu, eta nabe berri bat eta bi baltsa eraiki.
2024ko abuztuaren 30ean, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak irizpen baten bidez erabaki zuen aldaketa hori funtsezkoa zela, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.
Beraz, eta halaxe xedatu delako Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26.5 artikuluan, aldaketa funtsezko hori ezin da gauzatu ingurumen baimen bateratua aldatzen ez den bitartean.
Instalazioa ez dago sartuta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan (errege dekretu horren bidez substantzia arriskutsuak dauden istripu larrietako berezko arriskuak kontrolatzeko neurriak onesten dira).
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isurketak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.
Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 38. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proiektua jendaurrean jarri zen hogei egunez, eta ez zen inolako alegaziorik aurkeztu.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Baimena ematea aldaketa funtsezko bat egiteko Funesko udal mugartean gizendu aurreko hazkuntzarako dagoen zerri-instalazio batean, orientazio zooteknikoa aldatzeko proiektua gauzatu ahal izateko; izan ere, zerriak gizentzeko 1.700 toki izatetik esne-zerrikumeentzako (trantsizio zerriak) 8.048 toki izatera igaro nahi du. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Agropecuaria Obanos SA da.
Bigarrena.–Ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak jakinarazpena egiten denetik gehienez ere bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira; epe hori bukatuta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.
Hirugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa (15P02107090532025 zenbakia). Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Sortzen diren hondakinei dagokien edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.
Laugarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 1070020555/2/2 Plana onestea, zeina ebazpen honen VI. eranskinean baitago.
Bosgarrena.–Atmosferara isurketak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isurketa egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta, epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurketetan gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.
Seigarrena.–Ebazpen hau ematen denetik bi urte igarotzen badira proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte igarotzen badira proiektua bukatu eta abian jarri gabe, funtsezko aldaketarako baimena iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Zazpigarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Zortzigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
–Ebazpen honen V. eranskinean ezarritako hirigintza-baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.
Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua abian jarri dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Hamargarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere jasota daudenak abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan, zehapen-araubideari buruzkoan (foru lege horren bidez arautu ziren ingurumenean eragina duten jarduerak), deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten jarraituko baitu.
Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hamabigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Hamahirugarrena.–Ebazpen hau igortzea Agropecuarios Obanos SAra, Funesko Udalera, Greenpeacera, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Ingurumena Zaintzeko Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko abenduaren 26an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Larrañeta Nido.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2517233