28. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

26E/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez formulatzen baita Iruñeko Udalak Donapearako duen udal plan orokorra aldatzeari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa. Sustatzailea Iruñeko Udala da.

1. Ingurumen arloko tramitazioa.

2024ko ekainaren 21ean, 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, ingurumen-ebaluazioari buruzkoak, 19. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko epea hasi zen, ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua prestatzeko. Guztira egindako 15 kontsultetatik, 2 erantzun jaso ziren, zehazki, Biologoen Elkargo Ofizialarena eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena (CHE). Biologoen Elkargo Ofizialak adierazi zuen iparraldeko mugako lizardia eta harekin lotutako fauna babestu behar direla. Bestalde, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostenari jarraikiz, aintzat hartu behar dira erabilgarri dauden baliabide hidrikoak, saneamenduak nahikoa diren eta drainatze jasangarriko sistemak ezartzeko aukera.

Ingurumen Ebaluazioaren Atalak 2024ko irailaren 18an egin zuen irismeneko dokumentua, eta udal planaren aldaketaren ingurumen-azterketa estrategikoan sartu beharreko ingurumen alderdiak adierazi zituen. Ildo horretan, iradoki zuen iparralderako proposatutako bide-sare berria aldatzea azter litekeela, basoak Sadarren ibai-sistemarekin duen jarraitutasuna mantentzeko eta, hala, hesi-efektua eta katalogatutako faunaren gaineko kaltea saihesteko, bereziki kiropteroen eta hegazti harraparien gainekoa.

2025eko abenduaren 9an, Hirigintza Atalak Ingurumen Ebaluaziorako Atalari igorri zion Iruñeko Udalak Donapeako eremurako duen udal plan orokorraren aldaketari buruzko dokumentazioa. Iruñeko Udalak 2025eko maiatzaren 8an onetsi zuen hasiera batean Donapeako hirigintza planaren aldaketa. Era berean, hirigintza- eta ingurumen-ondorioetarako, jendaurrean egon da 45 egunez, 2025eko ekainaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (112. zk.) eta, berriz ere, 2025eko abuztuaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (171. zk.) argitaratutako iragarki bidez. Donapearen Egiturazko Aldaketa jendaurrean egondako aldiaren ondoren, Udalak txosten bat egin zuen 2025eko azaroaren 14an, ingurumen arloko alegaziorik ez zela jaso adierazteko.

Agiri hauek daude jasota: Memoria, hirigintzako araudia, planoak, ingurumen-azterketa estrategikoa, garapen- eta egikaritze-programa, bideragarritasun eta jasangarritasun ekonomikoaren memoria, adierazleen sistema eta laburpen exekutiboa. Oraingo eskabidean, Iruñeko Udalak hirigintza planaren aldaketa behin betiko onartzeko aurkeztutako dokumentazioa sartu da, 2025eko maiatzean aurkeztu zuena.

2. Udal planaren aldaketaren laburpena:

2023an udal mugarteen arteko lurzoruak Iruñearen eta Galarren artean trukatu ondoren, aldaketa honen bidez Iruñeko udal planean sartu dira Donapeako eremuan eskuratutako lurzoruak. Donapean egin beharreko esparruaren plangintza berrirako (UI. XXI Unitate Integratua) esparru horren aukerak eta mugak arautu eta zehaztuko dituzten bi hirigintza-fitxa proposatzen ditu (S-1 eta GSA-1).

Era berean, hirigintza-araudiko fitxak eguneratu zaizkie Iruñeko udalerriaren barruan aldaketaren ondorioz zonakatzean eta azaleran aldaketak izan dituzten lurzoru mugakideei (UI. XXI/A-1, A-2, A-3, A-4 eta A-5, UI. XXIII/SO-1, UI. XIX/S-2 eta ZN-10); hala, haien azalera berregokitu da, baina ez da proposatu lurzoru horiek berriz sailkatzerik, indarrean dagoen Planak UI. XXI/A-1 unitaterako ezarritako azpikategoria izan ezik (haren kategoria mantenduko da, babestu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa, baina "paisaia eta ingurumen aldetik balioa duen lurzorua eta ibai-ibilgua" izatetik "arriskuetatik babesteko lurzorua" izatera igaroko da, ibai-ibilgua babesteko araudia aplikatzen den eremu bat delako).

Donapea esparruak (UI.XXI) 714.454 m² inguruko azalera du, eta Iruñeko udalerriaren hegoaldean dago. Zaragoza etorbideak eta Cordovillako industrialdeak mugatzen dute ekialdean, Cordovillako hiriguneak hegoaldean, errege altxonbideak eta Ezkirozko errepideak mendebaldean, eta Sadar ibaiaren ibarbideak eta Nafarroako Unibertsitatearen campusak iparraldean.

Goi-lautada bat da, eta goialde lauan nekazaritzako laboreak egon ohi dira; behealdean eta hegaletan, berriz, landarez betetako eremuak (larre eta sastrakak, pinudiak eta lizardiak).

Proposamenari jarraikiz, Donapea esparrua, lurzoru urbanizagarria dena, nagusiki bizitegi-erabilerarako garatuko da. Iruñearen hiri-bilbean integratuta egonen da, Donapeako goi-lautadaren eta Zaragoza etorbidearen inguruaren artean eraikitako hirigune jarraitu baten bidez lotuta. Proposatzen da gehienez ere 595.000 m² eraikitzen ahal direla eta orokorrean bizitegi-erabilera izanen duela, baina elementu jakin eta osagarri batzuk hirugarren sektorerako erabiliko direla, merkataritza, zerbitzuak eta egoiliarren bizi-kalitatea sustatzeko.

Bizitegi-erabilera: Lurzoru urbanizagarria antolatzeko proposamenaren arabera, 5.000 etxebizitza inguru garatu nahi dira, etxebizitza kolektibo motakoak. Horren arabera, bizitegi-garapena Donapeako goi-lautadaren hegoaldean eta ekialdean egonen da, iparraldeko ibarbideen eta elementu naturalen topografia ez aldatzeko, eta hiri-bilbe berria Zaragoza etorbidearekin lotzeko.

Industria-erabilera / jarduera ekonomikoak: Nahiz eta Donapea esparruko lurzorua nagusiki bizitegi-erabilerakoa izanen den, hirugarren sektoreko erabilera ere izanen du, esaterako, auzoko merkataritzarako.

Zuzkidurak eta berdeguneak: Iparraldean, garapen berria bi ibarbideren bitartez integratuko da Sadar ibaiaren ibai-korridore berdean. Bi ibarbideok eremu naturalak izanen dira, eta hiri-izaera handiagoa duten eta herritarrek erabiltzeko izanen diren beste berdegune batzuen bidez egiten ahalko da eraikitako hiri-bilberako trantsizioa. Gainerako zuzkidurak (kirolguneak, ikastetxeak, etab.) Plan Partzialaren garapenean zehaztuko dira.

Bide-sarea: hiriaren integrazioa sustatzeko, Planaren aldaketak proposatzen du Nafarroa etorbidea Donapea esparruan zehar lurperatzea. Gainera, ibilgailuentzako sistema bi errepidek osatuko dute: NA-6003 Cordovilla, zeinak esparrua zeharkatzen baitu ipar-mendebaldetik hego-ekialdera, eta NA-6001 Ezkirotz-Imarkoain, zeina mendebaldeko mugatik igarotzen baita.

Planaren aldaketan ekialdetik mendebaldera doazen bi bide-ardatz zehaztu dira (Zaragozako etorbidearen eta Nafarroako etorbidearen artean, Ezkirozko errepidearekin), eta proposatzen du ekialdetik mendebaldera doan bide nagusi bat sortzea, mugikortasun jasangarrikoa, garraio publikoak, bizikletek eta oinezkoek erabiltzeko.

Donapeako hirigintza-antolamendua zehazteko hurrengo fasean, esparruko zehaztapen xehatuak ezartzeko Plan Partziala izapidetuko da.

3. Ingurumen ebaluazioa.

Esparruaren balio ekologiko nagusiak dira baso-landaredia eta Donapeako iparraldeko hegaleko larreak, bai eta horiekin lotutako fauna ere. Habitatok lotuta daude Sadar ibaiaren uholde eremuarekin, eta azpiegitura berdearen elementu gisa jaso dira azkenaldiko estrategia hauetan: "Iruñeko eta inguruko udalerrietako azpiegitura berdea" dokumentuan (2022ko urtarrila) eta "Iruñeko azpiegitura berde eta urdinerako plana eta hiri drainatze jasangarriaren estrategia - Runa 2025" izeneko dokumentuan (2024ko maiatza). Donapearako gaur egungo proposamenak aukera ematen du habitat horiek kontserbatzeko, eta baso-jarraitutasuna mantentzen du Sadarren ibai-sistemarekin, "Sistema Orokorra (SG.A-1)" edo "Berdeguneak eta gune libreak" gisa katalogatuta (ikus O.9 planoa. Donapea. Antolamendurako oinarrizko baldintza eta irizpideak).

Ingurumen-azterketa estrategikoan Donapea esparrua antolatzeko oinarrizko irizpide eta baldintzak ezartzen dira. Hiriko berdeguneen eta haien ingurune naturalaren edo hiri-periferiaren arteko lotura hobetzeari buruz hau esaten du: "Antolamendua egituratzen duten elementu gisa duten garrantziagatik, bereziki nabarmentzen da bi ibarbide daudela; izan ere, funtsezko baldintzatzailea dira uraren zikloaren kudeaketan eta Sadar ibaiaren inguruko azpiegitura berde eta urdinarekiko loturan. Halaber, aintzat hartuta lizardiaren ezaugarri bereziak, uste dugu garrantzitsua dela hori errespetatu eta esparruaren antolamenduan sartzea. Horretarako, kanpoan geratu den eremu gisa tratatu beharrean, hiri-baso gisa tratatu behar da, eta esparrura oinezkoentzako ibilbideen bidez lotu". Dauden ibarbideak eta lizardiak ahalik eta gehien babeste aldera, nahitaezkoa da Donapeako garapen-esparru berrian indarreko udal planean proposatutako bidea, ekialdetik mendebaldera doana, hegoalderantz eramatea. Bestalde, hiri-jarraitutasuna bermatzeko, beharrezkoa da Nafarroa etorbidean gaur egun dagoen hesia desagertzea, lurperatuta.

Faunari dagokionez, ingurumen-azterketa estrategikoak saguzarren populazioa aztertu du ("Donapea Plan Partzialak Sadar ibaiko gau-saguzar arruntaren –Nyctalus noctula– kolonian eragiten ahal dituen kalteen balorazioa, 2024"). Egiaztatu da inguruan Espainiako espezie babestuen artean katalogatutako espezie batzuk daudela, esaterako, gau-saguzar arruntak eta gau-saguzar txikiak (Nyctalus noctula eta N. leisleri). Ingurumen-azterketan espezie horiek babesteko neurri egokiak jaso dira, esaterako, anbar koloreko argiztapen txikia erabiltzea.

Planaren aldaketaren esparruan badira beste elementu natural batzuk, esaterako, landaredi naturala –ezponda malkartsuko zati batean–, Probintzietako errege altxonbidearekin lotuta.

Zaratari buruz, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak 2026ko urtarrilaren 15ean egindako txostena dago, eta txosten horren baldintzak ebazpen honetan jaso dira.

Argi kutsadurarekin lotuta, azken estrategia eta azterketen ondorioek –adibidez, 2022ko maiatzean argitaratutako "Gauerako Pirinioetako estrategia (E-PLN)"– iradokitzen dutenez, beharrezkoa da kanpoko argiak egokitzea, uhin-luzera laburreko argia (urdina) mugatuz, horixe baita kaltegarriena gauean (horrela, 2.200 K edo gutxiagoko kolore-tenperatura duten lanparak erabiltzea gomendatzen da).

Donapeako Planaren aldaketaren helburuetako bat ikuspegi klimatikoa da (memoriaren 5. atala): autosufizientzia energetikora hurbiltzea, baliabide naturalen kontsumoa murriztea, drainatze jasangarriko hiri sistemak erabiltzea eta iparraldean parke bat sortzea bizitegi-garapen berria Sadar ibaiaren inguruko azpiegitura berdearekin lotzeko ibarbideen eta lizardiaren bidez. Halaber, ingurumen-azterketak zenbait garapen neurri proposatzen ditu berdeguneetan klima aldaketara egokitzeko, bero-uhartearen fenomenoa murrizte aldera.

Donapeako Planaren aldaketak aztertzen du ea bideak (Nafarroa etorbideko lurpeko zatiaren azkena eta ibaiaren hurbileko biribilgunea) bateragarriak diren etorkizunean eginen den jarduketarekin, zeinaren bidez hobekuntza hidraulikoa egin eta konektibitate ekologikoa lehengoratu nahi baita Sadar ibaian, Nafarroa etorbidearen bidegurutzean –hodi bidez doa gaur egun– ("Sadar ibaiaren hobekuntza hidraulikoa, Iruñeko Nafarroa etorbidearen azpian", SERTECNA, Iruñeko Udalarentzat, 2019ko maiatza).

Hirigintza planaren aldaketaren dokumentazioa aztertu ondoren, adierazi behar da behar bezala txertatu direla 2024ko irailaren 18an egindako irismeneko dokumentuan adierazitako alderdiak.

Ondorioztatu da ingurumen ebaluazio estrategiko honetan esparruko ingurumen intereseko balio nagusiak behar bezala jaso direla, eta Donapeako Planaren aldaketak ez duela ingurumen inpaktu nabarmenik izanen.

Espedientean jasotako dokumentazioa ikusita, eta ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura behar bezala garatu dela kontuan hartuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak Iruñeko Udalak Donapearako duen udal plan orokorra aldatzeari buruzko txostena egin du, eta ebazpen honetan jaso diren zenbait baldintza ezarri ditu.

Adierazitakoarekin bat etorriz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Sektore Publiko Instituzionalaren martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duenak, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egitea Iruñeko Udalak Donapearako duen Udal Plan Orokorrari buruz. Iruñeko Udala da sustatzailea.

2. Plana garatzeko orduan behar bezala bete beharko dira ingurumen-azterketa estrategikoan jasotako ingurumena babesteko irizpideak, eta planean jasotako neurri prebentibo eta zuzentzaile eta konpentsazio-neurri guztiak aplikatuko dira.

3. Planaren aldaketaren ingurumen integrazioa hobetzeko, baldintza hauek gehituko dira:

–"SG.A-1 Sistema Orokorra" izena duen eremua –barne hartzen ditu Donapearen iparraldeko hegaleko baso-landaredia eta larreak– ez da kudeatu behar "Berdeguneak eta gune libreak" kudeatzen diren moduan: haren helburua balio ekologikoak kontserbatu eta berreskuratzea izanen da argi eta garbi; gomendatzen da etorkizuneko etete- eta infiltrazio-urmaelen (drainatze jasangarriko hiri sistemak) ingurunearen xedea ibaiertzeko landaredia berreskuratzea izatea.

–Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak 2026ko urtarrilaren 15ean egindako zaratari buruzko txostena beteko da:

"1.–Berretsi da azterketa egiteko erreferentziatzat hartzen diren kalitate akustikoko helburuak egokiak direla bizitegi-erabilerarako; izan ere, ezin da ulertu lehendik dagoen hiri-eremu bat denik, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan xedatutakoaren ondorioetarako, eta, beraz, bizitegi-sektoreei aplikatzen zaien kalitate akustikoko helburuei 5 dB murriztu behar zaie. Horiek horrela, Ld < 60 dB, Le < 60 dB eta Ln < 50 dB dira kalitate helburu aplikagarriak.

2.–Egiaztatu da espedienteko dokumentazioak bide antolamendurako hiru aukera aztertzen dituela. Aukera guztietan egiaztatu beharko da aurreko puntuan aipatutako kalitate akustikoko helburuak betetzen direla, Plan Partzialaren fasean dagokion modelizazio akustikoa eginez.

3.–Iruñerriko Hiriguneko Zarataren Mapa Estrategikoei (MER 4 - ACP) dagokienez, ikus daiteke oro har aurretiko sailkapen akustikorik ez duten lurzoru urbanizaezinek osatzen dutela Donapea esparrua. Zarataren Mapa Estrategikoek erakusten dute zein den bide perimetralen (Nafarroa etorbidea, Zaragoza etorbidea, NA-6003) gaur egungo egoera akustikoa, baina ezin da ulertu etorkizunean kalitate akustikoko helburuak beteko direla esan nahi duenik; hain zuzen ere, hori behin betiko antolamenduaren eta hartzen diren neurri zuzentzaileen araberakoa izanen da.

4.–Proposatutako antolamenduak kalitate akustikoko helburuak betetzen dituela egiaztatzeko, antolamendu berriarekin koherentea den modelizazio akustikoa prestatu beharko da, Planaren Memorian ezarri den moduan:

"Plan Partzialean jasoko da 1367/2007 Errege Dekretuaren arabera proposatzen den antolamenduarekin bat datorren modelizazio akustikoa. Plan Partzialera jotzen da, horretan ezarriko baitira bide-sistema eta aurreikusitako ibilgailuen trafikorako neurriak, bai eta egonen diren eremu akustikoak ere; izan ere, kalitate akustikoko helburuak desberdinak dira eta eremu batzuetan plan espezifikoak aplikatu beharko dira".

5.–Ingurumen Zaintzako Planean proposatu beharko da kalitaterik txarreneko tokietan neurketa akustiko bat egitea gunea urbanizatu ondoren eta erabiltzen hasi eta arrazoizko tarte bat igaro ondoren, ohikoak izaten ahal diren erabilera-egoeretan egite aldera".

4. Honako ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Iruñeko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko urtarrilaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2600942