1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
182/2025 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez administrazio-baimena ematen baita gas-sarea eraiki eta egokitzeko, biometanoa RMB-31088 sarean injektatzeko, Elortzibarko udal mugartean.
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 21eko 738E/2023 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratua eman zitzaion hondakinak tratatzeko zentro bati, Iruñerriko Garraioaren Hiriaren 4. faseko 5. poligonoko 282. lurzatian. Zentroaren titularra Iruñerriko Zerbitzuak SA da.
2025eko uztailaren 24an, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean eta Gas naturala garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta gas naturaleko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, Nedgia Navarra SAk administrazio-baimena eta exekuzio proiektuaren onespena eskatu zituen Elortzibarko udal mugartean gas-sarea eraikitzeko eta egokitzeko, biometanoa RMB-31088 sarean injektatzeko.
Proiektu honen xedeko jarduketak honako hauek dira:
–Polietilenozko gas-sarea (DN-110, MOP 4 bar), industrian ekoitzitako biometanoa Nedgia Navarra SAren RMB-31088 banaketa-sarean (polietilenozko DN 160 MOP 4 bar) injektatzeko. Biometanoaren ekoizlea Iruñerriko Zerbitzuak SA da, eta adjudikazioduna, berriz, Iruñerriko Ingurumen Zentroa ABEEa.
–Injekzio modulua, katastroan 310000000002387898BT erreferentzia duen lurzatian kokatua.
–Instalazio osagarriak: 2 ebakitze balbula (DN 110).
Instalazioak Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. fasean jarriko dira, Elortzibarko udal mugartean. Hoditeria berri horren ibilbide nagusia Iruñerriko Ingurumen Zentroko lurzati urbanizatuaren barruan eginen da, azken 5-6 metroak izan ezik, Iruñeko Garraioaren Hiriko espaloietan eta bideetan eginen baitira.
Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluan eta abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuaren 78. artikuluan xedatutakoa betez, Nedgia Navarra SAren eskaera jendaurrean jarri zen, iragarkia argitaratuz 2025eko 217. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uriaren 30ekoan, eta 2025eko urriaren 31ko Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkarietan; dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web-fitxan argitaratu zen. Ez da alegaziorik jaso.
Aldi berean, kontsulta igorri zitzaion Elortzibarko Udalari, abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuaren 80. eta 84. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Ez da erantzunik jaso.
Beste alde batetik, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 9ko 1429E/2025 Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuaren txostena egin zen baimen honen xede den proiektuari buruz.
Horregatik guztiagatik, aurkeztu den dokumentazioa ikusi eta espedientearen azterketa teknikoa egin ondotik, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatzen du prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proposatzen du aipatutako instalaziorako Nedgia Navarra SAk eskatutako administrazio-baimena ematea eta exekuzio proiektua onestea.
Azaldutakoarekin bat etorriz, eta Enpresa Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiaren uztailaren 30eko 29/2025 Ebazpenaren bidez eskuordetu zaizkidan eskumenak baliatuz (2025eko 155. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 5ekoa), honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Nedgia Navarra SAri administrazio-baimena ematea gas-sarea eraikitzeko eta egokitzeko, biometanoa RMB-31088 sarean injektatzeko, Elortzibarko udal mugartean.
2. Onestea instalazio horren exekuzio proiektua, Alejandra Risco Barba industria ingeniari teknikoak sinatua, eta hogeita hamasei hilabete ematea obrak burutzeko.
3. Baimen hau emanda ere, eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin.
4. Instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera egin beharko dira, eta uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute (919/2006 Errege Dekretua, Gas-erregaien banaketa eta erabilerarako erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak –ICG 01etik 11ra– onetsi zituena).
5. Bi hilabeteko epean, eta betiere instalazioak gauzatzen hasi baino lehen, aurkeztutako aurrekontuaren ehuneko bi adinako bermea jarri beharko du Nedgia Navarra SAk. Diru hori zerbitzuan jartzeari buruzko akta egiten denean itzuliko zaio.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
7. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
8. Ebazpen hau Nedgia Navarra SAri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.
9. Ebazpen hau Elortzibarko Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal duela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ezertan galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2025eko abenduaren 19an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.
Iragarkiaren kodea: F2517173