28. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

124/2025 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematen baitzaizkio "San Gregorio haize-parkea berrindartzea" proiektuari, Cabanillasko eta Tuterako udal mugarteetan, eta haren onura publikoa (1. fasea) zehazki deklaratzen baita. Espedientearen kodea: 1051-2-CE.

1. Aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena eman eta onura publikoa zehazki deklaratzeko eskaera.

2023ko abenduaren 29an, Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 3., 4. eta 14. artikuluek ezarritakoa aplikatuz, Eólica Cabanillas SLUk eskaera bat aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, aldez aurreko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta haren onura publikoa zehazki deklaratzea galdeginez, "San Gregorio haize-parkea berrindartzea" proiekturako, Cabanillasko eta Tuterako udal mugarteetan.

Gaur egun, instalazio nagusi hauek osatzen dute "San Gregorio haize-parkea":

–Ecotecnia ECO-44 modeloko 25 haize-sorgailu, 600 kW-eko potentzia unitariokoak eta 44 metroko diametroko errotorea dutenak.

–"SET San Gregorio" izeneko transformazio-azpiestazio bat, 66/20 kV-ekoa.

–45 metro-ko altuerako dorre meteorologiko bat.

–20 kV-eko lurpeko sare bat, haize-sorgailuek sortutako energia "SET San Gregorio" transformazio-azpiestaziora garraiatzen duena.

–66 kV-eko ebakuazio-linea bat, airekoa, "SET San Gregorio" transformazio-azpiestaziotik "SET El Berbel" azpiestaziora doana. "SET San Gregorio" azpiestaziotik 11 zenbakiko euskarrira doan linea "San Gregorio haize-parkearena" da, eta 11 zenbakiko euskarritik "SET El Berbel" azpiestaziora doana, berriz, harena eta "Serralta haize-parkearena", biena.

Haize-parkea berrindartzeko proiektuak jarduketa hauek hartzen ditu:

–Eraistea 600 kW-eko potentzia unitarioa duten Ecotecnia ECO-44 motako 25 haize-sorgailuak, "SET San Gregorio" azpiestazioraino doazen haien 20 kV-eko ebakuazio-lineak eta gaur egun instalatuta dagoen 45 m-ko altuerako dorre meteorologikoa.

–Eraistea "SET San Gregorio" azpiestazioa eta parkearen kontrol-eraikina.

–Instalatzea 3 haize-sorgailu berri (GRG–01, GRG–02 eta GRG–03), bakoitza 5,5 MW-eko potentzia unitariokoa, 163 m-ko errotore-diametroa eta 119 m-ko abatz-altuera dutenak. Guztira 16,5 MW-eko potentzia dute.

Haize-sorgailuak koordenatu hauetan kokatuko dira:

"SAN GREGORIO" HAIZE-PARKEA BERRINDARTZEA

UTM ETRS89 30 N Eremua koordenatuak (EPSG:25830)

Haize-sorgailua

x

y

GRG–01

620.226

4.658.535

GRG-02

619.690

4.658.430

GRG-03

619.413

4.658.119

–Neurketa meteorologikorako dorrea, "SET Serralta" azpiestazio berregokitua eta "SET Serralta" azpiestaziotik "SET El Berbel" azpiestaziora doazen gainerako transformazio- eta ebakuazio-azpiegiturak "Serralta haize-parkea berrindartzea" proiektuaren barruan baimendu ziren, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiaren 2025eko abenduaren 2ko 112/2025 Ebazpenaren bidez, eta "San Gregorio" haize-parke berrindartuari ere emanen diote zerbitzua.

2. Jendaurreko informazioaren eta kontsulten tramitea.

56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Eólica Cabanillas SLUren eskaera jendaurrean jarri zuen 30 egun balioduneko epean, iragarkia argitara emanda honako hauetan: 2024ko 29. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 8koan; 2024ko otsailaren 9ko Diario de Navarra egunkarian eta Cabanillasko eta Tuterako udalen ediktu-taulan; era berean, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web-fitxan argitaratu zen. Dokumentazioa ukitutako udalei ere bidali zitzaien, epe berean jendaurrean jar zezaten.

Alegazio hauek jaso ziren:

–1. alegazioa. (zenbait): Angel Bernardo Galindo Serrano.

–2. alegazioa: Ongaiz-Zangozerriko Ekologistak Martxan elkartea.

–3. alegazioa: Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan elkartea.

–4. alegazioa: NASUVINSA.

Horrekin batera, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, kontsulta egin zitzaien honako taula honetan ageri diren erakundeei, eta bertan adierazten diren txostenak jaso ziren:

ERAKUNDEA

TXOSTEN ZK.

DATA

Cabanillasko Udala

7

2024-03-27

Tuterako Udala

Ingurumen Ebaluaziorako Atala

8

2024-04-16

Lurralde eta Paisaia Zerbitzua

9

2024-05-20

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

Ondare Arkitektonikoaren Atala

2

2024-02-20

Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia

5

2024-03-20

Ingurumen Zuzendaritza Nagusia, Abelbideak

Aire Segurtasunaren Estatuko Agentzia

1

2024-02-12

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa (CHE)

6

2024-03-22

Exolum Corporation SA

I-DE Redes Electricas Inteligentes SAU

3

2024-02-22

Red Eléctrica de España SAU

4

2024-03-19

2024ko apirilaren 5ean, aipatutako alegazioak eta txostenak igorri zitzaizkion Eólica Cabanillas SLUri, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoa betez. Jasotako alegazioen eta txostenen edukia eta azterketa ebazpen honen I. eta II. eranskinetan laburbiltzen dira, hurrenez hurren.

3. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskuratzeko eskaera.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen dena aintzat hartuta, 2024ko uztailaren 19an Eólica Cabanillas SLUk dokumentazio berria aurkeztu zuen. Haren bidez, eskatu zuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eta lurzoru urbanizaezineko jarduerak eta erabilerak baimentzeko, eta erantzuna eman zien jendaurreko informazioaren eta kontsulten tramiteek iraun zuten bitartean jasotako alegazio eta txostenei.

Hasierako dokumentazioaren arabera, 66 kV-eko ebakuazio-linea "SET Serralta" azpiestaziotik 11 zenbakiko euskarriraino lurperatzea aurreikusten zen, eta, aurkeztutako dokumentazio berrian, 17 zenbakiko euskarriraino lurperatzea aurreikusten da. Horrez gainera, ingurumen-inpaktuaren azterketa osatu zen, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren nahitaezko txostenean (2. txostena) adierazitakoarekin bat etorriz.

Aipatu artikuluan ezarritakoa betez, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak eskaerak igorri zituen Ingurumen Ebaluazioaren Atalera eta Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalera.

4. Ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 6ko 165E/2025 Ebazpenaren bidez, proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena eman zitzaion proiektuari, ebazpenean bertan jasotako neurriak betetzeko baldintzarekin. Neurri horietako bat zen "SET Serralta" azpiestaziotik 22 zenbakiko euskarriraino aireko ebakuazio-linea elektrikoa osorik lurperatzea; hortaz, hartutako soluzioa behin betiko exekuzio-proiektuan jaso beharra zegoen.

Orobat, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 8ko 214E/2025 Ebazpenaren bidez, lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eman zitzaion proiektuari. Proiektuak, hain zuzen, baimen horretan ezarritako determinazioak bete beharko ditu.

2025eko urriaren 20an, entitate sustatzaileak behin betiko exekuzio-proiektua aurkeztu zuen, non jasotzen baita aireko ebakuazio-linea elektrikoa lurperatzea "SET Serralta" azpiestaziotik 22 zenbakiko euskarriraino. Halaber, aldaketa bat jasotzen du, NASUVINSAk adierazitakoa (4. alegazioa) betetzeko. Azkenik, proiektuaren azken konfigurazioa eguneratzen du, haize-parkeko hiru haize-sorgailuen errotorearen diametroa handitzeko (155 m-tik 163 m-ra) eta potentzia areagotzeko (5 MW-etik 5,5 MW-era); hala, instalatutako potentzia 16,5 MW-koa izanen da, hasieran proiektatutako 15 MW-en ordez.

56/2019 Foru Dekretuaren 10.3 artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak aurretiazko txostena eskatu zion ingurumen organoari, jendaurreko informazioaren beste izapide bat egitea beharrezkoa zen baloratzeko. Ingurumen organoak erantzun zuen adieraziz ezen, ingurumenaren ikuspegitik, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren iritziz San Gregorio haize-parkea berrindartzeko aurkeztutako proiektuan egindako aldaketek ez dutela eragin nabarmenik sortzen, aurreko txosten baten xede izan den proiektuak sortutakoez gain, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 6ko 165E/2025 Ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen dituztela (ebazpen horren bidez, ingurumen-inpaktuaren adierazpena eman zen, proiektuaren aldekoa).

5. Aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena emateko eta haren onura publikoa zehazki deklaratzeko proposamena (1. fasea).

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 5. artikuluak xedatzen duena betez, espedientean Eólica Cabanillas SLUren gaitasun tekniko, ekonomiko eta juridikoaren ziurtagiria dago.

Era berean, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen duenarekin bat, espedientean jasorik dago sarbidea eta konexioa egiteko baimenak eguneratzea.

Onura publikoa zehazki deklaratzea mugatu behar da zenbait ondasun eta eskubidetara, hain zuzen ere, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144., 145. eta 146. artikuluetan eskatzen dena bete den kasuetara, zeinak ageri baitira ebazpen honen III. eranskineko zerrendan (1. fasea). Ukitutako gainerako ondasun eta eskubideen kasuan (2. fasea), egoki den tramitea bete beharko da.

Horregatik guztiagatik, aurkeztu den dokumentazioa ikusi eta espedientearen azterketa teknikoa egin ondotik, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatzen du prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proposatzen du aipatutako instalaziorako Eólica Cabanillas SLUk eskatutako aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematea eta zehazki onura publikoa duela (1. fasea) deklaratzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematea Eólica Cabanillas SLUri 16,5 MW-eko potentzia instalatuko "San Gregorio haize-parkea berrindartzea" proiekturako; 5,5 MW-eko hiru haize-sorgailu berrik eta haien transformazio- eta ebakuazio-azpiegiturek osatuko dute, Cabanillasko eta Tuterako udal mugarteetan. Aurkeztutako proiektua onetsi da eta hogeita hamasei hilabeteko epea eman da gauzatzeko.

2. Eólica Cabanillas SLU enpresari itxierarako administrazio-baimena ematea "San Gregorio haize-parkea" deritzon instalazioko azpiegitura jakin batzuk eraisteko, aurkeztutako eraiste-planaren arabera.

3. Administrazio-baimen hauek emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin.

4. Instalazioak egin beharko dira aurkeztutako proiektuari jarraikiz, eta bat etorri beharko dute honako arau hauetan xedatutakoarekin: Goi-tentsioko instalazio elektrikoetako baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko erregelamendua eta haien jarraibide tekniko osagarriak (JTO-GTE 01-23) onesten dituen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua eta Goi-tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko erregelamendua eta haien jarraibide tekniko osagarriak (JTO-GTAL 01-09) onesten dituen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua.

5. Proiektua gauzatu ondotik, eskatzaileak ustiatzeko baimena eskatu beharko du, eta maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 18. artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztu.

6. Instalazio horren onura publikoa zehazki deklaratzea, bat etorrita Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. eta 56. artikuluetan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin; hori horrela, enpresa eskatzailea onuraduna izanen da desjabetze espedientean. Ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda (1. fasea) ebazpen honen III. eranskinean dago.

7. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumen Ebaluazioaren Atalari, Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalari, Zainketa Atalari, Herri-lurren Atalari eta Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalari eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, eta Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

9. Ebazpen hau jakinaraztea Eólica Cabanillas SLUri, Aire Segurtasunaren Estatuko Agentziari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Exolum Corporation SAri, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Red Eléctrica de España SAUko Operazioetako eta Sistemaren Garapeneko zuzendaritzei, Angel Bernardo Galindo Serranori, Ongaiz-Zangozerriko Ekologistak Martxan elkarteari, Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan elkarteari, NASUVINSAri eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente kodea adierazi beharko da.

10. Ebazpen hau Cabanillasko eta Tuterako udalei jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko abenduaren 22an.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

I. ERANSKINA.–JASOTAKO ALEGAZIOAK

Jarraian, jendaurreko informazioaren tramitean Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan jasotako alegazioen laburpena eta azterketa jaso dira.

1. alegazioa: Angel Bernardo Galindo Serranoren lehen alegazioa.

2024ko martxoaren 18an, Angel Bernardo Galindo Serranok lehen alegazio bat aurkeztu zuen, jarraian laburtzen diren alegazioak jasotzen zituena:

–1. eta 7. alegazioak: Dioenez, haize-parkearen kokapena eta planeamenduaren arau subsidiarioak hirigintzaren ikuspuntutik bateraezinak dira eta eragin negatiboak ditu ikusizko inpaktuari dagokionez.

–2., 3., 4., 5., 6., 8. eta 12. alegazioak: Kezka adierazi du jarduketak inguruko faunan, zaratan, lurzoruan, landare-estalkian, sakanetan... izanen dituen ukipenengatik.

–9. alegazioa: Haize-parkeak azken 28 urtean okupatutako ondasunak aipatzen ditu, eta inoiz ez direla desafektatu.

–10. alegazioa: Adierazi duenez, aurreikusitako jarduketak ez du enplegurik sortzen eta inguruko jarduera ekonomikoa suntsitzen du.

–11. alegazioa: Azaldu du sustatzailea posizio bentajista batetik abiatzen dela berrindartzeko proiektua ingurumenaren aldetik justifikatzean, alderaketak eginez egungo egoeraren eta proiektua gauzatu ondokoaren artean.

–13. alegazioa: Aurkeztutako dokumentazioaren zenbait puntutan ikusitako akatsei buruzko bestelako alderdi batzuk aipatzen ditu.

–14. alegazioa: Zalantzan jartzen du proiektatutako jarduketaren onura publikoa.

2024ko apirilaren 12an, alegazioak aurkezteko epea amaitua zela, Angel Bernardo Galindo Serranok bigarren alegazio bat aurkeztu zuen, non eskatu baitzuen ez aintzat hartzeko Cabanillasko Udaleko arkitekto aholkulariaren txostena (ebazpen honen 7. txostena), epez kanpo aurkezturiko txostena izateagatik.

Halaber, 2025eko ekainaren 27an, lehen alegazioari buruzko (zehazki, 9. alegazioa) eskaera bat aurkeztu zuen. Azaldu zuenez, entitate sustatzaileak proiektuaren onura publikoa zehazki deklaratzea eskatzeko aurkeztutako ondasun eta eskubide ukituen zerrendan jasotzen diren ondasun batzuk Cabanillasko Udalaren jabetzakoak dira eta Eólica Cabanillas enpresak dagoeneko erabiltzen ditu hitzarmen baten bidez. Gertaera hori kontuan hartuz, alegatzaileak dio ondasun horiek ezin direla legez onura publikoaren deklarazioan barne hartu, dagoeneko bere esku dituelako eta ez dagoelako desjabetu beharrik. Horrez gainera, eskaera horretan bertan adierazi du alderdi interesduna dela espedientean.

Erantzuna:

Alegazio horiei erantzunez:

–1. eta 7. alegazioak: Entitate sustatzaileak adierazi du alegatzaileak ez duela kontuan hartu lur horietan bertan daudela gaur egun funtzionamenduan dauden haize-parkeen instalazioak, zeinek dagoeneko lortu baitzituzten eskatzen ziren baimen eta lizentziak eta, besteak beste, badutela beharrezko den hirigintza arloko bateragarritasuna. Azpimarratu du, gainera, berrindartzeak ez dituela aldatzen lurzoru urbanizaezinaren erabilera eta haren erabileraren alderdirik funtsezkoenak, eta, amaitzeko, jarduketari eragiten dioten arau-tresnak aipatzen ditu eta horietara egokitzen dela justifikatzen du. Edonola ere, lurzoru urbanizaezineko jardueren baimena du jarduketak, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 8ko 214E/2025 Ebazpenaren bidez emana.

–2., 3., 4., 5., 6., 8. eta 12. alegazioak: Entitate sustatzailearen erantzuna izan da alegatzailearen alegazioak ez direla alderdi teknikoetan oinarritzen. Edozein modutan ere, jarduketak ingurumen-inpaktuaren adierazpen aldekoa du, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 6ko 165E/2025 Ebazpenaren bidez emana.

–9. alegazioa (2025eko ekainaren 27ko eskaeraren erantzuna barne): Entitate sustatzaileak 9. alegazioa baztertu du, jakinarazten baitu bere garaian hitzarmen bat sinatu zela udalarekin eta hitzarmen hori administrazio-egintza bat dela eta, horrenbestez, alegazioa ez dela hura aurkaratzeko bide egokia. Espedientean alderdi interesdun gisa onartzeari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, ebazpen hau jakinarazi eginen zaio alegatzaileari.

–10., 11. eta 13. alegazioak: Alegazioak baino gehiago, alegatzailearen adierazpen subjektiboak direla jotzen da.

–14. alegazioa: Sektore Elektrikoari buruzko Legeak 54. artikuluan adierazten da onura publikokoak direla elektrizitatea sortzeko instalazio elektrikoak, haiek ezartzeko behar diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzeko eta bide zorra ezarri eta erabili ahal izateko.

Azkenik, nabarmentzekoa da, espedientearen tramitazioan, eta jendaurreko informazioaren tramiteaz bestela, Angel Bernardo Galindo Serranok zenbait eskaera aurkeztu dituela Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, zeinei behar bezala erantzun baitzaie dagoeneko.

2. alegazioa. Ongaiz-Zangozerriko Ekologistak Martxan elkartea.

2024ko martxoaren 21ean, Ongaiz-Zangozerriko Ekologistak Martxan elkarteak alegazio idazkia aurkeztu zuen. Hartan biltzen dira Nafarroako energia egoerari buruzko azterketa orokorra, honelako proiektuen inpaktuaren azalpena eta proposatutako aukerak edo konponbideak: energia gutxiago kontsumitzea, energia-efizientzia, autokontsumoa, erregai fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzea, egungo parkeak berrindartzea eta hibridatzea, Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legea aldatzea.

Gainera, alegazioaren puntu batean "Serralta haize-parkea berrindartzea" haize-parkearen inguruneko ingurumen balioak eta parkearen ingurumen-inpaktua aztertzen ditu, hainbat aldiz azpimarratuz beharrezkoa dela ebakuazio linea osorik sartzea lurpean, eta beraz, "Nafarroako ingurumen eta gizarte balioentzat kaltegarria" litzatekeela, eta eskatzen du proiektua deuseztatzeko eta "bidean diren mota honetako proiektu guztiak ere geldiarazteko, eta Nafarroan behar dugun eredu energetikoari buruzko gogoeta eta plangintza egokia egiteko prozesu bat abian jartzeko".

Azkenik, proiektuan interesdun gisa onartzeko eta hari buruz emanen den ebazpenaren berri emateko eskatzen du.

Erantzuna:

Proiektua Nafarroako egoera energetikorako egokia izateari dagokionez, proiektuan Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen dituen baldintzak eta helburuak betetzen dira, eta bat dator Estatuko sektore elektrikoaren planarekin eta 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planarekin.

Gainerako gaiak, ingurumenaren arlokoak, aintzat hartu eta ebaluatu dira ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren esparruan, eta, besteak beste, eskatzen du airetiko ebakuazio-linea elektrikoa lurperatzeko "SET Serralta" azpiestaziotik 22 zenbakiko euskarrira.

Azkenik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, interes ekonomiko eta sozialen ordezkari diren elkarte eta erakundeak interes kolektibo legitimoen titular izanen dira, legeak onartzen dituen baldintzetan.

3. alegazioa. Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan elkartea.

2024ko martxoaren 21ean, "Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan" elkarteak alegazio idazki bat aurkeztu zuen, "Ongaiz-Zangozerriko Ekologistak Martxan" elkarteak aurkeztutakoaren testu bera zeukana (2. alegazioa).

Erantzuna:

Ongaiz-Zangozerriko Ekologistak Martxan elkarteari emandako erantzun bera dagokio.

4. alegazioa. NASUVINSA.

2025eko maiatzaren 29an, NASUVINSAk alegazioa aurkeztu zuen; adierazi zuenez, Cabanillasko industrialdetik haize-parkera joateko bidea aintzakotzat hartuz, proiektuan alde batera utzi dira hiri-lurzoru finkatuaren gaineko ukipenak eta han egin beharreko kudeaketa. Iruditzen zaio, halaber, zenbait kostu ez direla kontuan hartu, hala nola izapidetu beharreko hirigintza tresnen kudeaketaren ondoriozkoak eta bide eta espaloi berriak egokitzeko behar diren berrurbanizazio-kostuak.

Erantzuna:

2025eko urriaren 15ean, entitate sustatzaileak proiektuaren aldaketa bat aurkeztu zuen, behin betiko parkera joateko bide berri bat aurreikusten zuena. Entitate sustatzaileak adierazi du beharrezkoa dela jatorrizko proiektuan proposatutako sarbidea mantentzea eraikuntzak dirauen aldi osoan, aldi baterako, eta, edonola ere, proposatutako sarbide berria erabilgarri izan bitartean; proposatutako sarbide berria behin betikotzat jo du instalazioaren balio-bizitzarako. Proposatutako sarbide berria Cabanillasko industrialdearen kanpoaldetik igarotzen da.

II. ERANSKINA.–JASOTAKO TXOSTENAK

Jarraian, jendaurreko informazioaren izapidean Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan jasotako txostenen laburpena eta azterketa jaso dira.

1. txostena. Aire Segurtasunaren Estatuko Agentzia (AESA).

2024ko otsailaren 12an, Aire Segurtasunaren Estatu Agentziak (AESA) txosten bat aurkeztu zuen, zeinaren bidez adierazi baitzuen zortasun aeronautikoen arloko oztopoak baimentzeko eskumena baino ez duela.

Erantzuna:

Eolica Cabanillasek erantzun du 2022ko azaroan eskatu ziola baimena AESAri, 2023ko martxoaren 7an erakunde horren baimena jaso zuela, zenbait baldintzarekin, eta dagokion ebazpenaren eguneratze bat izapidetzen ari dela, haize-sorgailuen behin betiko koordenatuekin.

2. txostena. Ondare Arkitektonikoaren Atala.

2024ko otsailaren 20an Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak txostena aurkeztu zuen; haren arabera, proiektuak ez du ukipenik sortzen Ondare Arkeologikoari dagokionez.

3. txostena. I-DE Redes Electricas Inteligentes SAU.

2024ko otsailaren 22an, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk idazki bat aurkeztu zuen, adierazteko aurkeztutako dokumentazioaren arabera ez duela ikusten bere jabetzako sare elektrikoen gaineko ukipenik; horrenbestez, dokumentazioan zehaztutako lanak egiteko baimena eman zuen.

4. txostena. Red Eléctrica de España SAU.

2024ko martxoaren 19an, Red Eléctrica de España SAUk idazki bat aurkeztu zuen, adierazteko ez duela eragozpenik "Serralta berrindartzea" haize-parkeko haize-sorgailuetako bat ere instalatzeari dagokionez, ez dutelako ukipenik eraginen bere jabetzako instalazioetan.

5. txostena. Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

2024ko martxoaren 20an, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzuko Ustiapen Atalak txosten bat aurkeztu zuen, zeinean adierazi baitzuen dokumentazioan ukipen bakar bat ikusi duela: biribilgune itxi bat erabiltzea Tutera eta Tauste lotzen dituen NA-126 errepidean (Foru Komunitatearen intereseko errepidea), 6+660 kilometro-puntuan, haize-parkearen sarbidea izateko. Horregatik, sustatzaileak ez du beharko zerbitzu horren baimenik jarduketa gauzatzeko. Hala ere, interesdunari adierazten zaio ezen, parkearen eraikuntza-lanek dirauten artean garraio bereziak biribilgune itxitik dabiltzanean errepideko elementu funtzionalei (adibidez, uhin biko hesiak, seinaleak eta arekak) eragin behar bazaie, aldez aurretik zerbitzu horren baimena beharko dela.

Erantzuna:

Eólica Cabanillas SLUk erantzun du "Road Survey" azterketa egin ondotik kasu eginen diola adierazitakoari eta baimena eskatuko duela beharrezkoa izanez gero.

Bestalde, 22 zenbakiko euskarria aireko eta lurpeko batekin ordezteko premia kontuan hartuz, entitate sustatzaileak konpromisoa hartu du beste kokapen batean jartzeko, arauetan ezarritako eskakizunak betetzeko NA-126 errepidearekiko distantziari dagokionez.

6. txostena. Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

2024ko martxoaren 22an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak txosten bat aurkeztu zuen, zeinean adierazi baitzuen aztertzen ari den eremua Ebro ibaiaren arro hidrografikoan dagoela, Ebro ibaiaren Queiles eta Huecha ibaien arteko zatiari dagokiona, eta proiektuak jabari publiko hidraulikoari eta/edo ibilguen polizia-eremuari eragiten diola. Beraz, erakunde horren aurretiazko baimena behar da. Lanak egin bitartean kontuan izan beharreko baldintza batzuk jasotzen dira txostenean, eta lanak baimentzeko bete beharreko irizpide tekniko jakin batzuk jasotzen dira eranskin batean.

Erantzuna:

Eólica Cabanillas SLUk erantzun du aldeko txostena eskatuko diola Ebroko Konfederazio Hidrografikoari jabari publiko hidraulikoko eremurako.

7. txostena. Cabanillasko Udala.

Cabanillasko Udalak 2024ko martxoaren 27an aurkeztu zuen txostenean jasotzen denez, eskatzen diren jarduketak ikusirik, ez dago hirigintza arloko eragozpenik "Serralta" haize-parkea berrindartzeko proiektuaren tramitazioan; hala, udalak egin duen hirigintza bateragarritasunaren txostena proiektuaren aldekoa da. Txosten horretan, sustatzaileari eskatzen zaio, besteak beste, zer lan egin behar den bide publikoetan haize-sorgailuen azken kokapenera joan behar duten ibilgailu astunak igaro ahal izateko, helburua baita haien eragina ebaluatzea eta behar diren neurriak definitzea, hala nola farolak eta seinaleak desmuntatzea, zintarriak tratatzea, zoladurak eta bide-zoruak sendotzea, etab. Gainera, adierazten dio baliagarria izanen litzatekeela ukitutako azalera guztien batura gehitzea, akordioetan identifikatu ahal izateko.

Erantzuna:

Eólica Cabanillas SLUk konpromisoa hartu du haize-parkean sartzeko bideetan egin beharreko lanen berri emateko "Road Survey" azterketa egin ondotik, obraren kronograma bat aurkezteko eta ukitutako azalera guztien batura gehitzeko ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendan.

8. txostena. Ingurumen Ebaluaziorako Atala.

Ingurumen Ebaluaziorako Atalak txostena aurkeztu zuen 2024ko martxoaren 15ean, zeinean zenbait alderdi jasotzen baitziren.

9. txostena. Lurralde eta Paisaia Zerbitzua.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txostena aurkeztu zuen 2024ko apirilaren 29an, non zenbait alderdi jasotzen baitziren.

III. ERANSKINA.–UKITUTAKO ONDASUN ETA ESKUBIDEEN ZERRENDA (1. FASEA)

TITULARRA

KATASTROKO DATUAK

UKIPENAK

Poligonoa

Lurzatia

Azpilurzatia

Jabari osoaren okupazioa (m²) (trinkotze handiko plataforma + zimenduak)

Haize-sorgailuaren lurgaineko azalera (haize-sorgailuaren lurgaineko azalera, guztira)
(m²)

Zangaren azalera
(m²)

Behin betiko bideen azalera
(m²)

Aldi baterako okupatuko den azalera
(m²)

CABANILLASKO UDAL MUGARTEA

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

39

A

0,00

75,59

0,00

0,00

0,00

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

43

A

0,00

10,34

0,00

0,00

0,00

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

44

A

0,00

75,59

0,00

0,00

75,59

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

45

A

0,00

0,00

0,00

0,00

33,75

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

46

A

0,00

0,00

0,00

0,00

26,94

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

52

A

0,00

75,52

0,00

0,00

0,00

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

53

A

0,00

69,32

0,00

0,00

0,00

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

130

B

0,00

36,64

0,00

0,00

0,00

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

133

A

0,00

3.800,08

0,00

129,56

506,59

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

134

A

0,00

1.258,81

0,00

181,12

120,51

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

151

A

0,00

277,49

0,00

0,00

0,00

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

153

B

0,00

0,00

0,00

240,44

0,00

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

153

C

0,00

0,00

0,00

0,02

97,76

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

154

A

0,00

6.475,13

0,00

0,00

1.629,80

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

154

B

0,00

1.057,91

0,00

0,00

0,00

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

154

D

0,00

576,00

0,00

0,00

495,10

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

154

E

0,00

167,07

0,00

0,22

0,00

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

4011

K

0,00

0,00

0,00

0,00

0,00

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

4030

A

0,00

0,00

0,00

2,95

0,00

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

6

4030

B

0,00

0,00

0,00

57,05

0,00

Cabanillasko Udalaren herri-lurrak

7

106

C

0,00

0,00

0,00

49,32

0,00

Iragarkiaren kodea: F2517179