1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
2/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 7koa, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ukatzen baita aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea energia elektrikoa ekoizteko instalazio baterako, Corellako udal-mugartean.
1. Aurretiazko administrazio baimenaren eta eraikitzeko administrazio baimenaren eskaera.
2021eko abenduaren 9an, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta Energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak eta energia elektrikoaren garraio-, banaketa-, merkaturatze- eta horniketa-jarduerak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, Renovables del Cierzo SLUk eskaerak aurkeztu zituen Corellako udal-mugartean ezarri nahi duen "Hibridación PV El Montecillo eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko energia elektrikoa ekoizteko instalaziorako aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua eskatzeko. Instalazio horren bidez, proiektatzen zen "El Montecillo" (1169-CE) haize parkea hibridatzea. Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren ekainaren 1eko 59/2022 Ebazpenaren bidez baimendu zen haize parke horren eraikuntza, eta ustiapen baimenak ditu, 2023ko ekainaren 28an eta uztailaren 19an emandakoak.
2. Jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapideak.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluan xedatutakoa betez, Renovables del Cierzo SLUren eskaera jendaurrean jarri zen 30 egun baliodunez, iragarki bat argitaratuta 2022ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 11koan, eta Corellako Udalaren ediktu-taulan; era berean, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxa egokian argitaratu zen.
Honako hauen alegazioak jaso ziren: Sustrai Erakuntza fundazioa, Jabier Sainz Pezonaga jauna, Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan elkartea eta Ongaiz-Zangozerriko Ekologistak Martxan elkartea.
Era berean, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz, kontsulta egin zitzaien Corellako Udalari eta Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari (horien txostenak ere jaso ziren).
Ebazpen honen xede den espedientean dago alegazio eta txostenen edukia.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 126., 127. eta 131. artikuluei jarraikiz, aipatutako alegazioak eta txostenak Renovables del Cierzo SLUri bidali zitzaizkion.
3. Dokumentazio berria eta informazio publikoaren eta kontsulten bigarren izapidea.
2023ko maiatzaren 8an, sustatzaileak proiekturako dokumentazio tekniko berria aurkeztu zuen. Horrek kokapenari eta potentziari lotutako aldaketak barne hartzen zituen.
Aurrekoa ikusirik, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluan xedatutakoa betez, espedientea jendaurrean jarri zen bigarren aldiz 30 egun baliodunez, iragarki bat argitaratuta 2023ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 30ekoan, eta Corellako Udalaren ediktu-taulan; era berean, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxa egokian argitaratu zen.
Ongaiz-Zangozerriko Ekologistak Martxan elkartearen alegazioa jaso zen.
Aldi berean, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, kontsulta egin zitzaien Corellako Udalari, Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ombatillo Ureztatzaileen Elkarteari, Suno Energía 5 SLri eta Buganvilla Solar PV SLri.
Corellako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txostenak jaso ziren.
Ebazpen honen xede den espedientean dago alegazio eta txostenen edukia.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 126., 127. eta 131. artikuluei jarraikiz, aipatutako alegazioak eta txostenak Renovables del Cierzo SLUri bidali zitzaizkion, eta entitate sustatzaileak erantzun dokumentuak aurkeztu zituen.
4. Ingurumen inpaktuaren txostena eta lurzoru urbanizaezinean jarduera baimengarriak egiteko baimena.
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 21eko 1104E/2023 Ebazpenaren bidez, proiektuaren aldeko ingurumen inpaktuaren txostena formulatu zen, ingurumen ebazpenean ezarritako baldintzak betetzearen baldintzapean.
Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 9ko 6E/2024 Ebazpenaren bidez, lurzoru urbanizaezinean jarduera baimengarriak egiteko baimena eman zen "Hibridación PV El Montecillo" eguzki instalazio fotovoltaikorako. Instalazioak, hain zuzen, ebazpenean bertan ezarritako determinazioak bete beharko ditu. Honako hau, besteak beste:
"Proposamenak, zehazki linea elektrikoaren zati batek, gorde beharreko lurzoru urbanizaezinean (ingurumen balioa duen lurzoruaren kategoriako zuhaixka eta belarki formazioak –SNUPrsA: FAH–) eragitea saihestu behar du; izan ere, Corellako Udal Plan Orokorraren hirigintzako araudiaren 90. artikuluan ezarritako azpikategoria horren babes araubidearen arabera, kasu honetan bakarrik baimentzen ahal dira: jarduera bati zerbitzua eman behar dioten azpiegituretarako beste alternatibarik ez badago".
Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 19ko 115E/2024 Ebazpenaren bidez, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 9ko 6E/2024 Ebazpenean atzemandako akats bat zuzendu zen.
5. Atzera egiteko eskaera.
2025eko urriaren 29an, Renovables del Cierzo SLUk "Hibridación PV El Montecillo" eguzki instalazio fotovoltaikoaren aurretiazko administrazio baimenaren eta eraikitzeko administrazio baimenaren espedientea artxibatzeko eskaera aurkeztu zuen; izan ere, lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak egiteko baimenak berekin zekarren baldintza jakin batzuk bete beharra, eta baldintzok arriskuan jartzen dute proiektuaren bideragarritasuna. Zehazki, sustatzaileak adierazi du ezin izan duela aurkitu ebakuazio linearen trazadurarako alternatibarik, Corellako Udal Plan Orokorraren arabera "Gorde beharreko lurzoru urbanizaezinaren kategoriako ingurumen balioa duen lurzoruaren azpikategoriako zuhaixka eta belarki formazioak" gisa sailkatutako lurzoruei eragitea saihestuko duenik, izapidetze epeak luzatuko ez dituenik eta administrazio mugarriak arriskuan jarriko ez dituenik.
Era berean, eskatu du sarbide eta konexio baimenari lotutako berme ekonomikoa itzultzeko, lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak egitea baimentzeko ebazpen baldintzatuan oinarrituta, Energia elektrikoaren garraio eta banaketa sareetarako sarbideari eta konexioari buruzko abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuaren 23.6 artikuluan adierazitakoaren babesean.
6. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ukatzeko proposamena.
Horregatik guztiagatik, aurkeztutako dokumentazioa azterturik eta espedientearen analisi teknikoa egin ondotik, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak proposatzen du espedientea ebaztea eta eskatutako aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ukatzea.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ukatzea Renovables del Cierzo SLUri, Corellako udal-mugartean ezarri nahi duen "Hibridación PV El Montecillo eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko energia elektrikoa ekoizteko instalaziorako.
2. Diruzaintza Atalari proposatzea sarbide eta konexiorako prozedurekin lotutako bermea itzultzeko. Abal gordailuaren frogagiria eta itzulketa eginbidearena ebazpen honen eranskinean daude.
3. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
5. Ebazpen hau jakinaraztea Renovables del Cierzo SLUri, Sustrai Erakuntza fundazioari, Jabier Sainz Pezonaga jaunari, Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan elkarteari, Ongaiz-Zangozerriko Ekologistak Martxan elkarteari, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri eta Red Eléctrica de España SAUren Lineak Mantentzeko lanen Departamentuari eta Sarerako Sarbidearen Departamentuari. Orobat, ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.
6. Ebazpen hau Corellako Udalari jakinaraztea, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan eragotzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2026ko urtarrilaren 7an.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.
Iragarkiaren kodea: F2600293