28. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

483/2025 EBAZPENA, abenduaren 18koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Ezkabarteko Udalarekiko lankidetza araubidea, goi saneamendurako hiriko hondakin uren arazketarako instalazioak sustatu eta egiteko.

2025eko azaroaren 4an, Ezkabarteko Udalak Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari eskatu zion, erregistro orokor elektronikoaren bidez, lankidetza araubidea onesteko, hiriko hondakin uren arazketarako instalazioak sustatzeko, egiteko eta erabiltzeko behar diren jarduketak egin ahal izateko, udal horren eskumen-eremuan eta goi saneamenduari dagokionez.

Ezkabarteko Udalak, 2025eko urriaren 30ean egindako osoko bilkuran, Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) sozietateak aurkeztutako proposamena onetsi zuen, NILSAk egin ditzan Hiri erabilerarako uraren ziklo osoaren eta goi saneamenduaren plan gidariaren aurreikuspenen arabera toki entitate horri eragiten dioten obrak.

Erabaki horren bidez onetsi egiten da NILSAren proposamena, Ezkabarteko Udalaren eskumen-eremuan hondakin urak arazteko instalazioei buruzkoa, honako hauek hartzen dituena barnean: "a) Proiektuak eta baldintza-agiriak erredaktatzea. b) Baimenak eta lizentziak. c) Desjabetzeen kudeaketa. d) Obren kontratazioa. e) Obren zuzendaritza teknikoa. f) Obren eta gastuen ordainketa. g) Instalazioen jarduera eta mantentze-lanak".

Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legearen 4. artikuluan arautzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak plan gidariko inbertsioak gauzatu eta zerbitzuak ustiatzeko aukera, toki entitateek beren eskumenak betetzeko lankidetza eskatzen dioten kasuan.

Bestalde, lege horren 5. artikuluak zehazten duenez, Foru Komunitateko Administrazioak enpresa publiko bati esleituko dio isurketen saneamendurako eta zerbitzuaren ustiaketarako beharrezkoak diren obrak egitea; erakunde hori, hain zuzen, NILSA da, otsailaren 2ko 27/1989 Foru Dekretuaren bidez sortua.

NILSA Nafarroako Gobernuaren kapitala baino ez duen enpresa bat da, Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikia Nafarroako Gobernuaren 2023ko azaroaren 28ko Erabakiaren bidez, eta Foru Komunitatearen Administrazioaren erakunde instrumental izendatua Nafarroako Gobernuaren 2016ko maiatzaren 18ko Erabakiaren bidez, lau urteko aldirako, zeina luzatzen ahalko baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erakunde instrumentalak arautuko dituen foru dekretua onetsi artean, martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren bidez (1/2020 Foru Lege-dekretua, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (Covid-19) osasun krisiak eragindako eraginari aurre egiteko).

Bestalde, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste administrazio bateko beste organo edo zuzenbide publikoko entitate batzuen esku uzten ahal dira, betiere jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, baldin eta eraginkortasun arrazoiengatik komeni bada edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badute.

Gainera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, hitzarmen bat izenpetuz formalizatuko da beste administrazio publiko bati egindako kudeaketa-esleipena, bai eta beste administrazio publiko batek Foru Administrazio Publikoari egindakoa ere. Hitzarmenean, artikulu horren 5. apartatuan aurreikusitakoarekin bat, honako hauek aipatu beharko dira: esleipenaren araubide juridikoa, zer jardueratan eragina duen espresuki adierazita, indarraldia, esleitutako kudeaketaren izaera eta hedadura, eta kudeaketa-esleipenaren hartzaileak bere gain hartzen dituen betebeharrak. Halaber, 6. apartatuan ezarrita dagoenez, kudeaketa-esleipena formalizatzeko hitzarmena eraginkorra izan dadin, osorik argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren 8. artikuluak emandako ahalmenez baliatuz, Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legearen 2. artikuluarekin lotuta,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Ezkabarteko Udalarekiko lankidetza araubidea, goi saneamendurako hiriko hondakin uren arazketarako instalazioak sustatu eta egiteko.

2. Onestea lankidetzaren baldintzak zehazteko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak eta Ezkabarteko Udalak sinatuko duten hitzarmenaren testua, ebazpen honen eranskin gisa jaso dena.

3. Ebazpen hau Ezkabarteko Udalari eta Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri (NILSA) igortzea.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Ezkabarteko Udalaren arteko kudeaketa-esleipenerako hitzarmena, goi saneamendurako hiriko hondakin uren arazketarako instalazioak sustatu eta egitekoa, bi aldeek sinatu ondoren.

Iruñean, 2025eko abenduaren 18an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

LANKIDETZA HITZARMENA, TOKI ADMINISTRAZIOAREN ETA DESPOPULAZIOAREN ZUZENDARITZA NAGUSIAREN ETA EZKABARTEKO UDALAREN ARTEKOA, HIRIKO HONDAKIN-URAK ARAZTEKO INSTALAZIOAK SUSTATZEKO, EGITEKO ETA ERABILTZEKO, UDAL HORREN ESKUMEN-EREMUAN

Iruñean eta Ezkabarten, 2025eko abenduaren 30ean.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Jesús María Rodríguez Gómez jauna, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia den aldetik, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkion ahalmenak erabiliz.

Pedro María Lezáun Esparza jauna, Ezkabarteko Udaleko alkatea, udalaren izenean eta hura ordezkatuz.

Bi aldeek ordezkatzen dituzten erakundeen izenean obligazioak hartzeko gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta horren guztiaren ondorioz, honako hau

ADITZERA EMATEN DUTE.

1. Hondakin uren arazketa oinarrizko jarduera da herritarren ongizaterako, ingurumenarekiko errespeturako eta, azken batean, gizartearen aurrerapenerako; arlo horri dagokionez, autonomia erkidegoaren eskumenak bat datoz toki araubideko legeetan udalei esleitu izan zaizkien eskumenekin.

2. Estatuko oinarrizko legeriaren esparruan, Nafarroari dagokio ingurumenari eta ekologiari buruzko legeria garatu eta jarduerak betearaztea, NFEBHLOren 57.c) artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. Bestalde, toki entitateek eskumen propiotzat dituzte etxeko edateko uraren hornidura eta hondakin uren ebakuazioa eta tratamendua, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 25.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

4. Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legearen 3.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, Nafarroako toki entitateei dagokie plan gidarian toki mailakotzat jotzen diren saneamenduko obrak eta zerbitzuak egin eta kudeatzea. Aurrekoa gorabehera, 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, Foru Komunitateko Administrazioak plan gidarian zehaztutako inbertsioak eginen ditu eta zerbitzuak ustiatuko ditu, baldin eta toki entitateek beren eskumenak gauzatzeko lankidetza eskatzen badiote.

5. Bestalde, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste administrazio bateko beste organo edo zuzenbide publikoko entitate batzuen esku uzten ahal dira, betiere jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, baldin eta eraginkortasun arrazoiengatik komeni bada edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badute.

Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, hitzarmen bat izenpetuz formalizatuko da beste administrazio publiko bati egindako kudeaketa-esleipena, bai eta beste administrazio publiko batek Foru Administrazio Publikoaren alde egindakoa ere, aurrekontu kreditu nahikorik dagoela egiaztatu ondoren. Hitzarmenean, artikulu horren 5. apartatuan ezarritakoarekin bat, honako hauek aipatu beharko dira: esleipenaren araubide juridikoa, zer jardueratan eragina duen espresuki adierazita, indarraldia, esleitutako kudeaketaren izaera eta hedadura, eta kudeaketa-esleipenaren hartzaileak bere gain hartzen dituen betebeharrak. Halaber, 6. apartatuan ezarrita dagoenez, kudeaketa-esleipena formalizatzeko hitzarmena eraginkorra izan dadin, osorik argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

6. Bestalde, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 63 . artikuluak xedatzen duenez, Foru Komunitateko Administrazioaren eta toki entitateen artean lankidetza hitzarmenak egiten ahal dira guztien intereseko obrak egin eta zerbitzuak emateko.

7. Horrez gainera, Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legearen 5. artikuluak zehazten duenez, Foru Komunitateko Administrazioak enpresa publiko bati esleituko dio isurketen saneamendurako eta zerbitzuaren ustiaketarako beharrezkoak diren obrak egitea; erakunde hori, hain zuzen, Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) da, otsailaren 2ko 27/1989 Foru Dekretuaren bidez sortua.

Gainera, agindu horren arabera, sozietatearen berezko eginkizuna da Foru Komunitateko Administrazioak lankidetza- edo subrogazio-eginkizunetan esku hartzeari datxezkion jarduketak egitea, bai eta oinarrizko toki azpiegituretako inbertsioei eta kasuan kasuko zerbitzuen ustiapenari dagozkienak ere.

NILSA Nafarroako Gobernuaren kapitala baino ez duen enpresa bat da, Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikia Nafarroako Gobernuaren 2023ko azaroaren 28ko Erabakiaren bidez, eta Foru Komunitatearen Administrazioaren erakunde instrumental izendatua Nafarroako Gobernuaren 2016ko maiatzaren 18ko Erabakiaren bidez, lau urteko aldirako, zeina luzatzen ahalko baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erakunde instrumentalak arautuko dituen foru dekretua onetsi artean, martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren bidez (1/2020 Foru Lege-dekretua, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (Covid-19) osasun krisiak eragindako eraginari aurre egiteko).

8. Ezkabarteko Udalak, 2025eko urriaren 30ean egindako osoko bilkuran, Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) sozietateak aurkeztutako proposamena onetsi zuen, udalaren eskumen-eremuan hiriko hondakin urak arazteko instalazioei buruzkoa, eta erabaki zuen Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari eskatzea bi entitateen arteko lankidetza-araubidea onestea.

Horregatik guztiagatik, aipatutako araudiaren arabera, hitzarmen hau sinatzen dute, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehena.–Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Ezkabarteko Udalak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eskatutako lankidetza gauzatzeko modua ezartzea, haren bidez hiriko hondakin urak arazteko instalazioak sustatzeko, egiteko eta erabiltzeko, udal horren eskumen-eremuan.

Lankidetza NILSA enpresa publikoak hartuko du bere gain, eta jarduketa hauek egin beharko dira, Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legearen 5. artikuluak xedatzen duenarekin bat:

a) Proiektuak eta baldintza-agiriak erredaktatzea.

NILSAk, zuzenean edo hirugarrenak kontratatuta, kolektore orokorren eta arazketarako instalazioen proiektuak eta baldintza-agiriak erredaktatuko ditu, eta, era berean, datuak hartzeko aurretiazko lanez eta beste datu osagarri batzuez arduratuko da, hala nola topografiaz, geologiaz, analisiez eta ur-emarien neurketez.

b) Baimenak eta lizentziak.

NILSA arduratuko da obrak egiteko eta hondakin uren arazketarako jarduera gauzatzeko behar diren baimenak lortzeko behar diren prozedurak izapidetzeaz.

c) Desjabetzeen kudeaketa.

Horren barnean dago behar diren kudeaketak egitea obrak gauzatzeko beharrezkoak diren ondasunak, aldi baterako okupazioak, zortasunak eta pasabide baimenak lortzeko. Horien onuraduna, kasu guztietan, obraren jabe den toki entitatea izanen da.

d) Obren kontratazioa.

NILSAk kudeatuko du obren kontratazioa, kasuan kasuko prozedura sustatuz eta ebatziz.

e) Obren zuzendaritza teknikoa.

NILSAk eginen ditu obrak gauzatzeko zuzendaritzaren eta ikuskapen teknikoaren lanak, bere baliabideekin edo hirugarrenekin kontratatuz, obren harrera egin eta instalazioak martxan jarri arte.

f) Obren eta gastuen ordainketa.

NILSAk ordainduko ditu proiektuari lotutako obrak eta gastuak, horretarako sinatutako kontratuekin bat. Plan gidariaren baliabide ekonomikoekin eginen dira ordainketa horiek.

Azkenik, instalazioen titulartasuna toki entitateari eskualdatzeak BEZa aplikatu behar zaion eragiketa bat dakar. BEZ hori kengarria izanen da toki entitatearentzat, eta NILSAri ordaindu beharko zaio.

g) Instalazioen jarduera eta mantentze-lanak.

Arazketarako instalazioak gauzatu ondoren, haien jardueraren eta mantentze-lanen plana proposatuko da.

NILSAk kudeatuko ditu instalazioen jarduera eta mantentze-lanak, eta plan gidariaren baliabideekin finantzatuko dira oso-osorik.

Bigarrena.–Ondorioak eta indarraldia.

Hitzarmena eraginkorra izan dadin, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, bat etorriz xedaturik dagoenarekin Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14.6 artikuluan.

Esleitutako jardueraren izaera kontuan hartuta, esleipen honek hamabost urteko indarraldia izanen du, eta epe berdinetan luzatzen ahalko da, bi aldeek hala adosten badute.

Hirugarrena.–Hitzarmena aldatzea eta azkentzeko arrazoiak.

Hitzarmena aldatzeko, haren eranskin bat eginen da, bi aldeak ados badaude.

Hona hemen kontratua suntsiarazteko arrazoiak, ezertan eragotzi gabe legez aurreikusitakoak:

–Sinatzaileek beren gain hartutako betebeharrak ez betetzea.

–Sinatzaileek hala adostea, idatziz jasota.

–Aldeetako batek kontratua salatzea idatziz, gutxienez hiru hilabete lehenago.

–Hitzarmen honen xede diren azpiegituren ustiapena kudeatzeko udal ekimena.

Hitzarmena suntsiaraztearen ondorioak urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52. artikuluan ezarritakoak izanen dira.

Laugarrena.–Izaera eta jurisdikzioa.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta aplikatzekoa zaio, beraz, Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa.

Hitzarmen honen interpretazioaz, aldaketez, ondorioez edo suntsiarazpenaz aldeen artean sortzen diren eztabaida eta auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioak ebatziko ditu eta haren eskumenean geldituko dira, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedaturikoari jarraikiz.

Aurreko guztiarekin ados egotearen frogagarri, hitzarmen hau sinatzen dute.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.–Ezkabarteko Udaleko alkatea, Pedro María Lezáun Esparza.

Iragarkiaren kodea: F2517265