28. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1721/2025 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, ikerketa batzordeetako kideak izendatzeko eta ordezteko sistema bat ezartzen duena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak sexu-jazarpena eta/edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta esku hartzeko duen protokoloaren esparruan.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 12ko 750/2024 Ebazpenaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren eremu bakoitzeko ikerketa batzordeko kideak izendatu ziren, sexu-jazarpena eta/edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta esku hartzeko protokoloaren esparruan. Ebazpen hori 2024ko 163. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 9koan.

Ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 14ko 402/2025 Ebazpenaren bidez (2025eko 96. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 16koa), aldatu egin zen ikerketa batzorde horien osaera, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak berdintasunaren eremuan proposatutako pertsonaren ordezkapena onartzeko.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta esku hartzeko duen protokoloak ezartzen du ikerketa batzordeak sindikatuen bi ordezkari izan behar dituela (titular bat eta ordezko bat). Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileria Batzordeak 2024ko uztailaren 1ean egindako bilkuran, erabaki zuen une horretan kasuan kasuko batzordeko burutza duen sindikatuari dagokiola ikerketa batzordeetan ordezkaritza sindikala beren gain hartuko duten pertsonak izendatzea (titularra eta ordezkoa).

Beraz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileria Batzordearen proposamena kontuan hartuta, eta administrazio eraginkortasuna helburu, egokitzat jotzen da ordezkaritza sindikala eguneratzeko sistema bat ezartzea, ikerketa batzordeen osaera aldatzeko ebazpenak etengabe eman beharrik ez izateko. Horretarako, ezartzen da ezen Langileria Batzordeak Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzari jakinarazi beharko dizkiola ikerketa batzordeetan aldi bakoitzean parte hartuko duten ordezkari sindikalen izenak, eta hark, gero, gainerako eremuetako profesionalen zuzendaritzei jakinaraziko dizkiela.

Era berean, ikerketa batzordeen jarduera jarraitua bermatzeko, eta saihestearren postu jakin batzuetan (bere karguagatik edo profil profesional espezifikoagatik izendatzen diren kideen kasuan) pertsona-aldaketa bakoitzerako ebazpen berri bat emateak ekarriko lukeen administrazio karga, beharrezkoa da batzordeak osatzen dituzten pertsonak izendatzeko eta ordezteko sistema bat ezartzea, non halako kasuak gertatzen direnean aski izanen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzari jakinaraztea.

Azkenik, prozedura ahalik eta gardenena izan dadin, eta bermatzearren interesdunek ikerketaz arduratuko den organoaren osaera ezagutzeko duten eskubidea, funtsezkoa da komunikazio formalerako mekanismo bat ezartzea. Horregatik, jokabide onartezin bat edo sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpeneko egoera posible bat jakinarazi ondoren, hala badagokio, kasuan kasuko eremuko ikerketa batzordea eratuta, haren osaeraren berri emanen zaie prozedura hastea eskatu duten pertsonei, haren xede den pertsonari eta osaeraren berri izan behar dutela irizten den beste interesdun edo unitate batzuei.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak emandako txosten-proposamena ikusirik, eta irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsi diren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuetan eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ordezkari sindikalak izendatzeko eta ordezteko sistema ezartzea, honelakoa izanen baita:

1.–Txandakatze-sistemaren arabera une horretan kasuan kasuko batzordeko burua den sindikatuari dagokio ikerketa batzordeetako ordezkari sindikalen izendapena egitea.

2.–Langileria Batzordeak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzari jakinarazi beharko dizkio ikerketa batzordeetan aldi bakoitzean parte hartuko duten ordezkari sindikalen izenak, eta hark, gero, gainerako eremuetako profesionalen zuzendaritzei jakinaraziko dizkie.

3.–Txandakatze-sistemaren ondorioz ordezkari sindikalak aldatzen badira, ez da beharrezkoa izanen ebazpen hau aldatzea, ez eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea ere, eta, izendapena eraginkorra izan dadin, nahikoa izanen da aurreko puntuan aipatutako jakinarazpena egitea.

4.–Aurrekoa gorabehera, ikerketa batzorde bat abian jartzen denean, izendatutako ordezkari sindikala mantenduko da kasua bukatu arte, kasuari jarraipena emateko. Kasua ebatzi ondoren, sindikatuen ordezkariak aldatu beharra badago, orduan aldatuko dira.

2. Ikerketa batzordeetako gainerako kideak izendatzeko eta ordezteko sistema ezartzea, honelakoa izanen baita:

1.–Beren kargua dela-eta batzordean parte hartzen duten kideen kasuan (eremu bakoitzeko profesionalen zuzendaritzen ordezkariak), une horretan karguaren titularra den pertsona izendatuko da automatikoki. Kargurako izendapena egiteak berekin ekarriko du batzordean behar den eguneratzea egitea.

2.–Beren profil profesional espezifikoa dela-eta izendatzen diren kideen kasuan (psikologiako, zuzenbideko eta berdintasun arloko langileak), profil hori hasieran proposatu zuen edo langile horien gaineko eskumena duen organoari edo unitateari dagokio kide izateko pertsona zehatzak eta haien ordezkoak izendatzea, hots, Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuari, Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzari eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, hurrenez hurren. Izendatutako kideak aldatuz gero, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzari jakinaraziko zaio, eta hark gainerako eremuetako profesionalen zuzendaritzei jakinaraziko die. Hala, ez da beharrezkoa izanen aldaketa bakoitzean ebazpen bat onestea.

3. Berdintasunaren eta genero-indarkeriaren arloko ezagutza:

Ikerketa batzordeak azkar eratzen direla eta haien jardueran etenik ez dagoela bermatzeko asmoz, batzordekideak batzordeetan parte hartzen hasten ahalko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eskaintzen duen prestakuntza-ekintza espezifikoa egin gabe edo bukatu gabe badago ere, nahiz eta komenigarria den batzordekide guztiek prestakuntza hori izatea izendatzen diren unetik bertatik.

4. Kasuan kasuko eremuko ikerketa batzordearen osaera interesdunei jakinaraztea:

Jokabide onartezin bat edo sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpeneko egoera posible bat jakinarazi ondoren, ikerketa batzorde bat eratzen bada, kasuan kasuko eremuko profesionalen zuzendaritzak bost egun balioduneko epea izanen du batzordearen indarreko osaera jakinarazteko bai prozedura hastea eskatu duen pertsonari, bai prozeduraren xede den pertsonari eta bai, hala badagokio, osaeraren berri izan behar dutela irizten den beste interesdun edo unitate batzuei.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko esparru guztietako profesionalen zuzendaritzei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuari eta Profesionalen Garapen eta Parte-hartzerako Zerbitzuari, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileria Zerbitzuari eta ikerketa batzordeak osatzen dituzten kideei, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Auzolanen argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko abenduaren 22an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Juan Antonio Guajardo Remacha.

Iragarkiaren kodea: F2516989