26. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Suteak prebenitzeko udal ordenantza behin betiko onestea

Eguesibarko Udalak, 2025eko ekainaren 25ean egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea suteak prebenitzeko udal ordenantza.

Aldaketa horren hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko aldiaren iragarkia argitara eman zen 2025eko uztailaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (150. zk.) eta udaletxeko iragarki taulan.

Eguesibarko Udaleko Osoko Bilkurak 2025eko abenduaren 17ko saioan aurkeztu zituen aldaketaren gaineko alegazioak ebatzi ondoren, suteak prebenitzeko udal ordenantza behin betiko onestea erabaki zen.

Hala bada, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, behin betiko onetsirik gelditu da, honekin batera ematen den testuaren arabera.

Argitara ematen da, hala xedatuta baitago Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzekoa den gainerako legedian.

EGUESIBARKO SUTEAK PREBENITZEKO UDAL ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Baso-suteak, gaur egun, baso ondareari eta herri basoei ez ezik, natura baliabideei eta landa inguruneko giza jardueraren mantentzeari eta garapenari ere eragiten dien mehatxu bat dira.

Azken urteotan, suteak ugaritu egin dira, eta gero eta bortitzagoak, arriskutsuagoak eta kontrolatzen zailagoak izaten ari dira.

Egoera horrek agerian utzi du ikuspegi orokor berri bat behar dela Nafarroako eta, zehazki, Eguesibarko baso-suteen aurkako prebentzioan eta borrokan, fenomeno horretan eragiten duten faktoreak kontuan hartuko dituen tratamendu batetik abiatuta.

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta lege oinarria.

Ordenantza honen xedea da hiri inguruneetan eta hiri/baso interfazean suteak prebenitzea, eta, horretarako, dagozkion administrazio publikoekin koordinatutako prebentzio politika aktiboa sustatzea, hiriguneetan eta inguruko eremuetan jardutean oinarritua.

Eguesibarko Larrialdietarako Udal Planaren eta Nafarroako Larrialdietarako Lurralde Planaren tresna osagarri gisa txertatuko da, suteak prebenitzeko eta suteei erantzuteko jarduketen koherentzia are gehiago indartzeko. Eguesibarko Baso Suteen aurkako Udal Jarduketa Planean eta Nafarroako Sute Planean ere txertatuko da.

2. artikulua. Esparru subjektiboa.

Ordenantza hau nahitaez bete beharrekoa da Eguesibarko udal-mugartean dauden finken, lursailen eta orubeen jabe edo erabiltzaile diren pertsona fisiko eta juridiko guztientzat. Halaber, entitate publikoak arduratuko dira beren titulartasunekoak diren lurzatiak mantendu eta belar-sastrakak garbitzeaz, ordenantza honetan ezarritako printzipioei jarraikiz.

Horrez gain, ordenantza honetan jasotako xedapen zehatzaileak aplikatuko zaizkie, orobat, ondasun higiezinen jabe izan gabe ere, beren egintzez sute arriskua eragiten duten edo larrialdi taldeen etorrera eta lana zailtzen duten pertsonei.

II. KAPITULUA.–PREBENTZIO NEURRIAK

3. artikulua. Erantzukizunen araubidea.

Ondasun higiezinen eta landa zein hiri izaerako partzelen jabeak izanen dira beren ondasun higiezinen garbitasun eta kontserbazio eta segurtasun egoera egokiaren erantzule, bai eta ondasun horiek segurtasun, osasungarritasun eta apaindura publikoko egoeran mantentzearen erantzule ere, hargatik ukatu gabe Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 85.1.b) artikuluan ezarrita dauden betebeharrak.

Ondasun higiezin baten zuzeneko jabaria duten pertsonak eta jabari erabilgarria dutenak desberdinak badira, edo gozamen edo errentamenduko eskubideak badaude, azken horien gain gon daiteke ondasun horiek sasitzarik, zaborrik, eta obra hondakinik edo hondarrik gabe mantentzeko erantzukizuna, ukatu gabe horretarako xedatuta dagoena Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legeak eta Landa Errentamenduei buruzko azaroaren 26ko 49/2003 Legean.

Oraindik zatitu eta adjudikatu gabeko jaraunspenak dituzten ondasun higiezinen kasuan, aski izanen da jaraunsle ezagunetako bati jakinaraztea, jaraunspen komunitatearen ordezkaritzat hartuko baita pertsona hori, ondorio horietarako.

4. artikulua. Hirigunea.

4.1. Hirigunea udalerriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean halakotzat definitutakoa izanen da.

4.2. Eremu horretan, debeku eta betebeharren araubide hau bete beharko da:

1. Eraiki gabeko lurzatiei dagokienez: lurzati horiek garbi egonen dira, sutze arriskua izan dezakeen obra hondakinik eta material sukoirik gabe. Behar adina aldiz garbitu eta moztuko dira belar-sastrakak, landarerik gabe eta garbi egon daitezen.

2. Lurzati urbanizatu eta eraikiei dagokienez: lurzati horietan ez da erretxina ugariko espezierik landatzen ahalko, suak aise hartzen baititu, hala nola altzifrea, pinua, etab., ez lurzatiaren itxiturako heskaietan, ez lurzatiaren barneko zuhaiztietan ere. Lurzatiaren mantentze lan egokia eginen da, sasiak agertzea galaraziko da, eta kanpoan ez da metatzen ahalko sua edo sugar azkarrak sor ditzakeen materialik edo objekturik.

3. Egurtegiei dagokienez, kanpoan badaude, ez dira etxeetako teilatu hegalpeetan jarri behar; eraikinetatik aparte dauden lurzatietan ahalik eta urrunen jarri behar dira, eta sukoiak ez diren gauzez estali.

4. Mantentze lan egokia egin behar da teilatu, erreten eta zorrotenetan, eta garbitu beharko dira, material begetal, hosto, adaxka eta abarren metaketak kenduta.

5. Herriko kaleetan pasabidea libre utziko da eta debeku da irtenbiderik gabeko karrika estuetan aparkatzea, larrialdiko ekipoek eta ibilgailuek sarbidea izan dezaten.

6. Debekatuta dago seinaleztatutako ur-harguneak eta ureztatze ahoak oztopatzea, nolanahi dela ere, (ibilgailuak aparkatuz, gauzak eta materialak pilatuz, etab.), eta horien erabilera eragoztea.

5. artikulua. Hirigunearen perimetroarekin mugakideak diren hiri-periferiako eremuak.

5.1. Hiri antolamenduko planak zehazten duen hirigunearen perimetroarekin mugakide diren lurzatiak sartzen dira eremu horretan, edo, mugakideak izan gabe, mugatik 50 metrora baino hurbilago daudenak ere bai.

5.2. Eremu horretan, honako debeku, betebehar eta gomendio hauek bete beharko dira:

1. Nekazaritzako finketan 2 ekintza nagusi ezarri dira:

a. Gomendatzen da 50 metroko zerrenda bat uztea lugorri, edo belar laboreak edo antzekoak jarrita, betiere bilketa goiztiarrekoak, NPEren barruan sartzen direnak.

b. Nahitaez betebeharrekoa da lursail osoa luberritzea, uzta biltzeko lanak egin ondoren.

2. Laborerako erabiltzen ez diren lursailak 2 urtez behin garbituko dira, landare gai lehorren metaketa saihesteko.

3. Debekatuta egonen da motordun ibilgailuekin ibiltzea hirigunearen perimetroko landabideetan, bide publikoetan edo zortasun eremuetan, sute arrisku handiko aldietan. Muga horrek ez die eraginen oinezkoei, bizikletei edo motorrik gabeko bestelako garraiobideei. Eguesibarko udal-mugarteko bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza xedatutako gainerako guztia.

6. artikulua. Nekazaritza-basogintza eremua.

6.1. Eremu horretan sartzen dira hirigunetik eta hiri-ingurumaritik kanpo geratzen diren udal-mugarteko landa lurrak.

6.2. Eremu horretan, debeku eta betebeharren araubide hau bete beharko da:

1. Araudia zehaztuta dago Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ekainaren 16an eman zuen 222/2016 Foru Aginduan, hartan ezarri baitzen sua lurzoru urbanizaezinean erabiltzeko arautegia, baso-suteen prebentzioa helburu.

http://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=5937630

2. Espresuki debekaturik dago baimenik gabeko ibilgailuekin ibiltzea bidetik kanpo, zirkulazio librerako itxita dagoen eremuan, Eguesibarko bide publikoen eta finken sarbideen erabilera arautzen duen ordenantzaren 10. artikuluan zehazten dena aintzat hartuta.

https://www.valledeegues.com/wp-content/uploads/2018/09/9nofiscal.pdf

6.3. Landare hondakinak kudeatzea. Lurzatietan kendu, moztu edo garbitzen diren belar-sastraketatik datozen hondakin guztiak behar bezala kudeatuko dira, hots, tokitik kendu eta txikitu, edo garbigune baimendu batera eramanen dira. Debekatuta egonen da hondakin horiek lurzatietan pilatzea, isolatuta eta tratatuta daudela bermatzen bada salbu. Udalak jasotze agindua emanen du muturreko arrisku egoeretan.

7. artikulua. Udal-mugarte osoa.

7.1. Udal-mugarte osoan, inork sute edo su foku baten berri badu, nahitaezko betebeharra du horren berri ematea berehala. Halakorik ezagutzen duen pertsona orok harremanetan jarri beharko du, lehenik, larrialdietako zerbitzuarekin, 112 telefonoan, edo Baso Suteen aurkako Udal Jarduketa Planean ezartzen den Krisiak Kudeatzeko Batzordearekin, eta Eguesibarko suteen aurkako tokiko jarduketarako protokoloari jarraikiz.

Udal-mugarteko lurzoru urbanizaezineko eremuetan, gainera, nahitaez bete beharko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ekainaren 16an emandako 222/2016 Foru Aginduan ezarritako neurriak, hartan ezarri baitzen sua lurzoru urbanizaezinean erabiltzeko arautegia, baso-suteen prebentzioa helburu, edo hura garatzeko ematen direnak.

7.2. Ondoko jarduketa hauek debeku dira Eguesibarko udal-mugarte osoan:

1. Sua duten edo sua eragin dezaketen suziri edo artefaktuak botatzea (salbu jaietako suziria edo Udalak baimendutako bestelako ekintzak).

2. Piztuta dauden pospoloak, zigarrokinak edo bestelako objektuak botatzea.

3. Nonahi uztea sua sortzea errazten ahal duten zaborrak, obra hondakinak edo bestelako hondakinak.

4. Baimenik gabe erabiltzea txinpartak sortzen ahal dituzten erremintak edo makinak.

5. Obrako elementuak (materialak, makineria, aldamioak, edukiontziak edo antzekoak) baimendutako lekuetatik kanpo jartzea, edo eremu publikoa okupatzeko baimenik ez dutenak, eta suteak itzaltzeko edo larrialdietako ibilgailuen pasabidea galarazten ahal dutenak.

6. Bideetan uztea traba eragiten ahal duten gauzak, behin betiko nahiz behin-behinean, eragozten edo zailtzen ahal dituztenak basogintzako lanetako edo suteak itzaltzeko ibilgailuen joan-etorriak edo maniobrak, trafikoari buruzko arauen beste arau-hauste batzuk gorabehera.

7. Nonahi uztea beirak, botilak edo hondakin sukoiak edo sua eragin dezaketenak.

8. Lurzatian uztea inausketaren eta bestelako baso tratamenduen hondarrak.

9. Edozein hondakin mota kontrolik gabe botatzea edo deuseztatzea, ingurumena larri kaltetu edo hondatu gabe, edo jendearen osasuna arrisku larrian jarri gabe.

10. Edozein hondakin mota kontrolik gabe botatzea edo deuseztatzea, kalte larria eraginda ingurumenari edo pertsonen osasunari.

11. Sastraka, belarra edo baso hondakinak erretzea horretarako berariazko baimenik gabe edo, berariazko baimena izanda ere, bete gabe erreketa modu kontrolatuan egiteko ezarritako eskakizunak (behar den lagun taldea, palak eta bizkarreko itzalgailuak, motoponpa duen ibilgailua, haizearen gehieneko abiadura eta abar).

12. Baso Suteen aurkako Udal Jarduketa Planean (2.4 artikulua eta lotutakoak) aurreikusten diren interfazeak ez betetzea.

7.3. Partikularrek sua erabiltzea. Partikularrek sua erabiltzean, bai nekazaritza jardueretarako, bai aisialdirako, bai barbakoetarako, honako baldintza hauek errespetatu beharko dituzte:

a) Hiri lurzoruan, segurtasun neurriak dituzten instalazio finko baimenduetan soilik egiten ahalko dira barbakoak.

b) Nekazaritza eta baso lurzoruan, edozein errekuntza egiteko berariazko baimena jaso beharko da, eta 222/2016 Foru Aginduan eta horren ondorengo aldaketetan eskatzen diren baldintza teknikoak bete beharko dira, ordenantza honetan xedatutakoaz gain.

c) Debekatuta egonen da edonolako suak egitea haize handiko egunetan, muturreko tenperaturekin edo sute arriskuaren indizea altua edo oso altua denean, Babes Zibilak emandako abisuei jarraikiz.

d) Xedapen hauek ez betetzeak zehapena ekarriko du ordenantza honen zehapen araubidearen arabera.

III. KAPITULUA.–ZEHAPEN ARAUBIDEA

8. artikulua. Ikuskatzeko eskumena.

Eguesibarko Udalak, udaltzaingoaren, alkatearen edo hark eskuordetutako zinegotziaren bidez, ordenantza honetan arautu eta ezarritako jarduerak eta betebeharrak betetzen direla ziurtatuko du, eta kapitulu honetan jasotako zehapenak ezartzen ahalko ditu, dagokion zehapen espedientea izapidetu ondoren.

Alkatetzak, ofizioz edo pertsona partikular batek eskaturik, eta udalaren zerbitzu teknikoen txostena eskuratu ondoren, edo, behar bada, Nafarroako Gobernuak, dagozkion nahitaezko laguntzako eginkizunak betez, eskaintzen ahal dizkion zerbitzu teknikoen txostena hartuta, ebazpena emanen du, lursailetan dauden akatsak adierazita eta horiek zuzentzeko behar diren neurriak agindurik.

Emandako epea neurri egokiak hartu gabe iraganez gero, alkateak zehapen espedientea irekitzeko aginduko du, eta indarrean dagoen Administrazio Prozedurari buruzko Legearen arabera izapidetuko da. Ebazpenean, gainera, jabeari edo administratzaileari eskatuko zaio emandako agindua betetzeko, eta hark betetzen ez badu, udalak eginen du lan hori, betebeharra duenaren kontura, betearazpen subsidiarioko prozedura baliatuta.

9. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak hauek dira:

a) Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea, eta, oro har, ezarritako prebentzio neurrien kontrako jarduketa oro.

b) Sua erabiltzea, Nafarroako Gobernuak ezarritako araudia urratuta.

c) Lurzatietan belar-sastrakak edo baso landaredia garbitzea edo moztea baimenik gabe. Aldez aurretik jakinarazi beharko zaio udalari lurzatietan belar-sastrakak garbituko direla, urteko garbiketa egutegia betez jarduten bada salbu. Ez da berariazko baimena eskatu beharko esku hartze bakoitzerako, baldin eta jarduketa udalak ezarri dituen irizpide orokorrei jarraituz gauzatzen bada eta ez badie elementu babestuei edo gune sentikorrei eragiten.

d) Suteen prebentzio eta konponketa lanak oztopatzea.

e) Udal-mugarteko hiri/baso interfazearen barruan sutea eragiten ahal duen edozein ekintza.

9.1. Ordenantza honen ondorioetarako, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izaten ahal dira.

9.2. Arau-hauste arinak hauek izanen dira:

Arau-hauste arintzat joko da 4. artikuluan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

9.3. Arau-hauste astunak hauek izanen dira:

Arau-hauste astuntzat joko da 5. eta 6 artikuluetan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

Halaber, arau-hauste astuntzat joko da hamabi hilabeteko epean arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea, edo arau-hauste horiek egitea eta, ondorioz, ingurumenean kalte edo narriadura larria eragitea edo pertsonen osasuna arrisku larrian jartzea.

9.4. Arau-hauste oso astunak hauek izanen dira:

Arau-hauste oso astuntzat joko da 7. artikuluan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

Halaber, arau-hauste oso astuntzat joko da arau-hauste astunak behin baino gehiagotan egitea edo arau-hauste astunak egitea eta, ondorioz, ingurumenean kalte edo narriadura larria eragitea edo pertsonen osasuna arrisku larrian jartzea.

10. artikulua. Zehapenak.

1. Titulu honetan agertzen diren arau-hausteei honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:

a) Arau-hauste arinak: 100 eurotik 600 eurora arteko isuna.

b) Arau-hauste astunak: 601 eurotik 3.000 eurora bitarte.

c) Arau-hauste oso astunak: 3.001 eurotik 30.000 eurora bitarte.

2. Zehapenen zenbatekoa zehazteko, honako irizpide hauei jarraituko zaie:

a) Arau-haustearen astuntasuna.

b) Eragindako kaltea: pertsonen osasunean edo segurtasunean, ingurumenean edo legez babestutako bestelako ondasun edo interesetan duen eragina edo garrantzia.

c) Erruduntasun, intentzio edo partaidetza maila.

d) Lortutako onura: zehapenak ezartzean kontuan hartuko da, betiere, arau-haustea egitea ez dadin izan onuragarriagoa arau hauslearentzat hautsitako arauak betetzea baino.

e) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

f) Arau-haustea errepikatzea, arau-haustea egin edo egiten hasi baino bi urte lehenago, arau beraren eta izaera desberdineko arau-hauste bat egin zelako, ebazpen irmo baten bidez halakotzat zehatu ondoren.

g) Aringarritzat hartuko dira arau-haustearen erantzuleak zehapen espedientea ireki aurretik neurri zuzentzaileak bere ekimenez hartzea, eta orobat, araua urratzen duen jarduera bertan behera uzten badu arau-hausleak, bere borondatez.

3. Zehapenaren zenbatekoa % 50 murrizten ahalko da, kasu bakoitza baloratuta, arduradunak errekerimenduak betetzeko behar diren jarduketak hamar eguneko epean egiten dituenean.

11. artikulua. Zehapen prozedura.

11.1. Eskumena:

Ordenantza honetan jasotzen diren manuak urratzearen ondoriozko zehapenak ezartzea alkate udalburuaren eskumena izanen da, edo hark eskuordetutako zinegotziarena.

11.2. Izapidetzea:

Nafarroako Foru Komunitatean dauden agintaritza agenteen salaketek, zaintza eta kontrol eginkizunetan ari direnean, frogaren balioa izanen dute, ukatu gabe haien betebeharra dela salaketaren egitateen gainean izan litezkeen froga guztiak aurkeztea, eta ukatu gabe, orobat, salatutako pertsonek beren defentsarako aurkezten ahal dituzten frogak erakusteko eskubidea.

11.3. Zehapen prozedura izapidetu eta ebaztean, gaiari buruzko oinarrizko legedian horretarako ezarritako arau guztiak beteko dira.

12. artikulua. Betearazpen subsidiarioa.

Hemen aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, udalak ordenantza betetzeko eskatzen ahalko die jabeei. Horretarako, 1 eta 15 egun arteko epea izanen dute, egoera zuzentzeko. Epe hori unean-unean dagoen sute arriskuaren arabera zehaztuko da.

Larritasuna agerikoa den kasuetan, Eguesibarko Udalak beharrezkotzat jotzen dituen ekintzak egiten ahalko ditu, atzematen badu egoera luzatzeagatik pertsonen osasunerako edo ingurumenerako berehalako arriskua sortzen ahal dela. Ekintza horien justifikazioa interesdunak eskaturik eginen da, eta ekintzak abiarazi ondoren.

Errekerimendua jaso duen pertsonak agindua ez badu betetzen, agindutako lanak Eguesibarko Udalak eginen ditu modu subsidiarioan, eta, horretarako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 102. artikuluan ezarritakoa hartuko du aintzat. Kasu horietan, betearazpenaren ondoriozko gastuak betebeharra duen pertsonaren kontura izanen dira, Eguesibarko Udalaren ordezko betearazpenen tasak eta betearazpen aginduak arautzen dituen ordenantza fiskalean ezarritakoaren arabera (2022ko uztailaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 133. zk.).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honek ezartzen duen araubideak ez ditu deusetan eragozten Administrazioko beste organismo batzuei dagozkien eskumenen esparruan egin beharreko esku hartzeak; esku hartze horiek zehazten dira 222/2016 Foru Aginduan, eta 237/2017 Foru Aginduan aldatu ziren, non hobetu beharreko alderdi batzuk zuzendu, epeak egokitu, akatsak zuzendu eta izapide sinplifikazioa egin baitzen. Eta orobat, 152E/2022 Foru Aginduaren bidez egindako azken aldaketan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egunen buruan jarriko da indarrean, eta bertako manuen kontra egiten duen udal xedapen oro indargabeturik geratuko da.

Sarrigurenen, 2026ko urtarrilaren 5ean.–Alkatea, Xuriñe Peñas López.

Iragarkiaren kodea: L2600023