2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
SAN ADRIÁN
Lan-egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa 2026rako
06/2026 Ebazpena, 2026ko urtarrilaren 12koa, alkate udalburuak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2026. urteko lan-egutegia eta jaiegunak San Adriango Udalaren zerbitzuko langileentzat.
Ezarrita baitago Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2026ko jaiegunen egutegi ofiziala, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiaren ekainaren 5eko 390/2025 Ebazpenaren bidez.
Bat etorriz abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legearen 4. artikuluan xedatutakoarekin (foru-lege horren bidez aldatu zen 13/2012 Foru Legea, ekainaren 21ekoa, hizpide duena presako zenbait neurri hartzea Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloan), ezartzen baitu Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen urteko benetako lanordu kopurua 1592 izanen dela.
Horrenbestez, eta esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,
Horiek horrela,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Onestea 2026ko lan-egutegia eta izanen diren jaiegunen egutegia; hona hemen:
–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.
–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.
–Martxoaren 19a: San Jose.
–Apirilaren 2a: Ostegun Santua.
–Apirilaren 3a: Ostiral Santua.
–Apirilaren 6a: Pazko astelehena.
–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.
–Uztailaren 24a: herriko festak.
–Uztailaren 25a: herriko zaindariaren eguna.
–Uztailaren 27a: herriko festak.
–Uztailaren 28a: herriko festak.
–Uztailaren 29a: herriko festak.
–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.
–Irailaren 8a: herriko jaieguna.
–Urriaren 12a: Espainiako Jai Nazionala.
–Azaroaren 2a: Santu Guztien Eguna.
–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.
–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.
–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.
Orobat, baliogabeak izanen dira, 2026. urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak eta epigrafe honetan adierazitako jaiegunak.
Bigarrena.–San Adriango Udalaren bulegoetan, eguneko lanaldia 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da, astelehenetik ostiralera, 245 benetako lanaldi edo egunetan. Urteko lanordu kopurua 1.592 izanen da, eta lanerako ordutegi orokorra, 07:40tik 15:00ak artekoa.
Jendea hartzeko eta aurrez aurreko Erregistro Orokorra irekitzeko ordutegia izanen da 08:30etik 13:30ak artekoa. Erregistro elektronikoa urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan egonen da erabilgarri. Uztaileko herriko festetan, Udalaren bulegoak itxita egonen dira uztailaren 24tik 30era, biak barne.
Ezarritako lanaldiaren banaketa ez zaie aplikatuko, zerbitzuaren beharrak direla eta, lanaldi berezia duten langileei, ez eta ordu konpentsazioren bat dutenei ere (txandakako lana, gauekoa, etab.), horiek lan egutegi berariazkoa izanen baitute.
Hirugarrena.–Gazteriaren asteburuan (uztailaren 18a eta 19a) eta uztaileko herriko festetan (uztailaren 24a, 27a, 28a eta 29a) egin beharreko zerbitzuak jaiegunekotzat joko dira, soil-soilik ordainsariei dagokienez. Herriko festak egiten ez badira, uztailaren 24a, 27a, 28a eta 29a langileen opor-egunei gehitu zaizkie.
Laugarrena.–Oporrak 2026. urtean hartu beharko dira nahitaez, eta 2026ko abenduaren 31n azkenduko da opor horiek hartzeko eskubidea. Zerbitzuaren beharrek hartarako bidea ematen badute, 2027ko urtarrilaren 31ra arte hartzen ahalko dira, gehienez.
Bosgarrena.–Ebazpen hau langileen ordezkariei igortzea, bai eta Kontu-hartzailetzara eta Langileria Alorrera ere, eta argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta San Adriango Udalaren gardentasun atarian eta iragarki-taulan, eta horren berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran.
Hori guztia aditzera ematen da, jakin dadin eta gainerako ondorioak izan ditzan, eta ohartarazten da ebazpen honen aurka, administrazio bidea bukatzen baitu, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daitekeela zuzenean, egoki den Iruñeko administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, edo, aldez aurretik eta hautara, bi errekurtso hauetako bat: edo gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian, edo berraztertzeko errekurtsoa, Alkatetza honi zuzendua; biak ere hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
San Adrianen, 2026ko urtarrilaren 12an.–Alkate udalburua, Marta Ezquerra Martínez.
Iragarkiaren kodea: L2600368