26. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MIRANDA ARGA

Ordenantza fiskala, gimnasio zerbitzuaren prezio publikoa arautzen duena. Behin betiko onespena

Miranda Argako Udalak, 2025eko urriaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Gimnasio zerbitzuaren prezio publikoa arautzen duen ordenantza fiskala. Hasierako onespena 2025eko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 18an.

Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Miranda Argan, 2026ko urtarrilaren 8an.–Alkatea, Maria Pilar Ibero Pérez.

ORDENANTZA FISKALA, MIRANDA ARGAKO GIMNASIO ZERBITZUAREN PREZIO PUBLIKOA ARAUTZEN DUENA

Miranda Argako Udalaren ustez, helburu garrantzitsua da kirolaren bitartez osasunaren zainketa sustatzea. Kirol-praktika hainbat modutan egin daiteke, gaitasun eta beharrizan pertsonalen arabera; udal honek horretarako bideak eskaini nahi ditu.

Udalerriko hainbat herritarrek adierazi dute ez dagoela gimnasioko kirol-jarduera egiteko kirol-espaziorik. Udalak gimnasio-gela bat prestatu du herritarren eskaera horri erantzuteko, eskura diruen baliabideak aztertu ondoren.

Arau honen bidez gimnasio-zerbitzua erabiltzeagatik ordaindu beharreko prezio publikoa arautu nahi da.

1. artikulua. Xedea.

Arau honen xedea da erregulatzea Miranda Argako Udalak antolatutako gimnasio-zerbitzuaren prezio publikoaren arau orokorrak.

2. artikulua. Gimnasio-zerbitzua.

1. Udalak gimnasio-zerbitzua eskainiko du Kultur Etxeko aretoetako batean, zeinak sarrera indibiduala izanen baitu urteko egun guztietan.

2. Zerbitzua astelehenetik igandera emanen da, 07:00etatik 00:00etara.

3. Aretoan gehienez ere 10 pertsona egoten ahal izanen dira aldi berean.

3. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau ezarri da babes duelarik Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa.

4. artikulua. Zerga-egitatea.

Zerga-egitatea sortzen du gimnasio-zerbitzua emateak.

5. artikulua. Prezio publikoaren zenbatekoa.

Hauek izanen dira gimnasio-zerbitzuaren prezio publikoak:

ABONU MOTA

Egunekoa

2,00 euro (1,5 orduko erabilera)

Hilekoa

15,00 euro

Urtekoa

150,00 euro

Hileko eta urteko aldiak aplikazioaren bidez izena ematen den unetik hasiko dira. Osorik fakturatuko dira, eta zenbatekoa ezin izanen da zatikatu.

6. artikulua. Ordaintzera behartuak.

Prezio publikoa ordaintzea dena delako aldia hasi aurretik eskatuko da.

Gimnasio-zerbitzuaren erabiltzaile guztiek ordaindu beharko dute zerbitzua, edozein modalitatetan: eguneko sarrera, hileko bonua edo urteko bonua.

Onuraduna bertaratzen ez bada udalari leporatu ezineko arrazoiengatik, berdin egonen da behartuta tasa ordaintzera.

7. artikulua. Prestazioa kentzea edo azkentzea.

Erabiltzaileei zerbitzua emateari uzten ahal zaio honako arrazoi hauengatik:

–Erabiltzaileak eskatuta: zerbitzuan baja ematen denean, erabiltzaileak nahitaez ordaindu beharko du zerbitzua ematen hasi denetik benetan baja eman arteko aldiari dagokion zenbatekoa.

–Prezio publikoa ez ordaintzeagatik. Horrek ez du galarazten sortu eta ordaindu gabeko zenbatekoak kobratzea, premiamendu administratiboaren bidez.

–Aretoa zein eraikina erabiltzeko arauak sistematikoki ez betetzeagatik.

–Zerbitzua guztiz kentzeagatik, udaleko Osoko Bilkurak hala erabaki ondoren.

8. artikulua. Prezio publikoa ordaintzea.

Tarifa "Miranda de Arga Servicios" aplikazioaren bidez ordainduko da, eskatutako erabilera-aldia hasi baino lehen.

Borondatez ordaintzeko epean tarifak ordaintzen ez badira, aplikatuko dira Nafarroako toki ogasunen eta tributuen araudi orokorrean adierazitako errekarguak, eta eskatzen ahalko dira premiamenduzko prozedura administratiboaren bidez, uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.

Erabiltzaileak eskatu nahi duen baja idatziz jakinarazi beharko zaio udalari, erregistroan eskabide orokorra aurkeztuta, eta ondorio ekonomikoak izanen dituzte, jakinarazpena udalean jaso eta hurrengo hilabetetik aurrera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki erakunde honek onetsitako Ordenantza Fiskal Orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da Udalak behin betikoz onetsi ondoren, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitako epea iraganik.

Iragarkiaren kodea: L2600146