26. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LAKARKO KONTZEJUA

Ordenantza, arautzen dituena herri-lurretako aprobetxamenduak. Behin betiko onespena

Lakarko Kontzejuak, 2023ko urriaren 3an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea udal ordenantza bat, arautzen dituena herri-lurretako aprobetxamenduak. Erabakia argitaratu zen 2023ko 215. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 17an.

Jendaurreko epean ez zen oharrik egin, eta, beraz, ordenantza behin betiko onesten da, eta osorik argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko foru legea), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Lakarren, 2026ko urtarrilaren 14an.–Kontzejuko burua, Juan Miguel Bugallo Eguaras.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arau batzuk ezartzea, herri-ondasunen administraziorako, xedapen-egintzetarako, defentsarako, berreskurapenerako eta aprobetxamendurako, Lakarko kontzeju-mugartean.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Honako hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak (Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, herri-lurren ordenantza hau, eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe xedaturik dagoena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan, zehazki, 40. artikuluko hirugarren apartatuan.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN-EGINTZAK

5. artikulua. Lakarko Kontzejuari dagokio ahalmena herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko, ordenantza honetan ezartzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Lakarko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek beharko dute Nafarroako Gobernuaren baimena, Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egin dadin, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du haien onura publikoa edo soziala, eta, horren aurretik, Lakarko Kontzejuak justifikatu egin beharko du bilatzen den helburua ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren kasuetarako edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Lakarko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Horretarako, jarraikiko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Lakarko Kontzejuak begiratuko du herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetu daitezen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiakerari, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua. Lakarko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Lakarko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela-eta. Lakarko Kontzejuak hartu beharko du komunikazio horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Lakarko Kontzejuak beharko du Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena, transakziorik egin nahi izanez gero, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren.

11. artikulua. Lakarko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du, beti, suntsitzeko baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, eta baliatuko da ahalmen hertsatzaileez. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Lakarko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, galarazi gabe kontratisten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Lakarko Kontzejuak ez baditu bidezko diren ekintzak sustatzen herri-ondasunak defendatzeko, posible izanen da auzotarren akzioa, zehaztuko den moduan. Lakarko Kontzejuak, ekimen horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei.

IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Ehizaren aprobetxamendua.

e) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Lakarko Kontzejuak begiratuko du herri-lurren ekoizpena abian jartzen dela, herri-lurrak hobetzen direla eta egoki aprobetxatzen, eta hori dena bateragarri eginen du haien izaera sozialarekin.

16. artikulua.

1. Oro har, Lakarko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Lakarko Kontzejuaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea urtebete lehenagotik.

c) Bertan bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.

d) Kontzeju honekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin haien diru-sarrerak apalagoak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino.

3. Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak Lakarko Kontzejuak argituko ditu banan-banan.

17. artikulua. Herri-lurrak ixteko, ezinbestekoa izanen da aldez aurretik baimena ematea Lakarko Kontzejuko lehendakariak. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inola ere batera hesitu.

18. artikulua. Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu baldin interesdun eta ukituek ez badute aldez aurretik eskabide bateratua egin eta ez baldin badute euren adostasuna erakutsi eta Kontzejuaren baimena jaso.

19. artikulua. Kontzejuak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, sustatzen dituenean zuhaitzak landatzea nahiz Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak, baldin eta eragiten badiete onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei, behin-behinekoz nahiz behin betiko. Hori egin baino lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.

Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

20. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Lakarko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, azaldutako ordenaren arabera.

1. ATALA.–HERRITARRENTZAKO LEHENTASUNEZKO APROBETXAMENDUAK

21. artikulua.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek bete beharko dituzte 16. artikuluan ezarritako baldintzak eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

2. Familia-unitatean baldin bada ezintasun fisikorik edo psikikorik duen kiderik, agiri bidez frogatuta, kide horietako bakoitzeko zenbatu beharreko diru-sarrera izanen da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren parekoa.

3. Errenta mailak zehazteko aintzat hartu beharreko irizpideek datu objektiboak izanen dituzte oinarri, hala nola: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak edukitzea errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren kapital zergapegarria –norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta–, eta horren gisako beste edozein datu.

22. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreak baldin badira, eta Kontzejuak baimena ematen badu, epe hori luzatzen ahalko da laborearen balio-bizitzaren arabera.

23. artikulua. Kontzejuko batzarrak urtero onetsiko du herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu behar duten kanona, aprobetxamendu modu honetan. Kanona ez da gutxiago izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %50 baino.

Kontzejuak finkatuko du herritar bakoitzari adjudikatutako laborantzako lurraren azalera, kontuan harturik zenbat herri-lur dauden.

24. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.

Onuradunei adjudikaturiko lurzatien laborantza batzuen artean egitea ere hartuko da zuzeneko laborantza pertsonaltzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan eta kide guztiek betetzen badituzte 16. artikuluan adierazitako baldintzak.

25. artikulua. Ordenantza honen ondorioetarako, norberak zuzenean landutzat hartuko da baldin adjudikaziodunak berak nahiz haren familia-unitateko kideek egiten badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu horretara behartzen badituzte urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko baldin, kontzeju honen iritziz, soldatapekoak hartzen badira laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun batengatik edo aldi baterako beste arrazoi batengatik. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean komunikatu beharko zaio Lakarko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Baldin ezintasun fisikoa edo besteren bat behin betikoa bada Kontzejuaren iritziz, eta ezin bada egin herri-lurren zuzeneko laborantza pertsonalik, aplikatuko da 26. artikuluan ezarritakoa.

26. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Kontzejuak adjudikatuko ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamenduaren bidez. Lakarko Kontzejuak lurzatien titularrei ordainduko dizkie adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak, kanona kendu ondotik.

Kontzejuak du eskumena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo besteren bat, eta, horretarako, egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

27. artikulua. Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kendu eginen zaizkie, adjudikazioaldia bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Kontzejuaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

28. artikulua. Lakarko Kontzejuak noiznahi egiten ahalko ditu egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak, ziurtatzearren laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela.

Honako kasu hauetan, ulertuko da ez dela lurra zuzenean eta pertsonalki lantzen:

a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez erabiltzea adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.

b) Nekazaritzako etekinik ez aitortzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, aitortu beharra izanik.

c) Adjudikatutako herri-lurzatiak ez sartzea familia-unitateko kideen nekazaritzako politika bateratuaren laguntzen aitorpenean –edo hura ordezten duen aitorpenean, kasua bada–, horrek ondorioak baldin baditu ustiategien erregistroari dagokionez.

d) Adjudikatutako lurzatien barnean lantzeko modukoak diren lurren %80 gutxienez ez lantzea. Halakoetan kanona ordaindu beharko da nolanahi ere.

e) Laborantzako lurren jabe izanik, horiek errentan ematea hirugarren batzuei.

f) Kontzejuak hala eskatu arren (egiaztapenak egiteko), ez aurkeztea pertsona fisikoen errentaren gaineko aitorpena edo nekazaritzako politika bateratuko laguntzena, edo ustiategien erregistroko ziurtagiria.

g) Honako alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta ez aurkeztea agindutako epean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzea, berek eginak edo Kontzejuak baimendutako pertsonek.

Zuzeneko laborantzatzat hartuko da:

a) Belarrak eta bazka: moztu gabe saltzen ahal dira, baina adjudikaziodunak berak egin beharko ditu ereintza eta gainerako lanak.

b) Laboreak: onartuko da kontratatu dadin herbizida botatzea, uzta biltzea eta fardoak egitea.

2. ATALA.–HERRITARREI ZUZENEAN ADJUDIKATZEKO APROBETXAMENDUAK

29. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoan, gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira, 16. artikuluan eta ondokoetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titular diren herritarren artean.

30. artikulua. Udalak finkatuko du herritarrei zuzenean adjudikatzeko loteen azalera, eskura diren lurren arabera.

31. artikulua. Adjudikazio epea izanen da 22. artikuluan esan den bera. Loteak zozketa bidez adjudikatuko dira.

32. artikulua. Kontzejuko kideek onetsiko dute herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona, aprobetxamendu mota honetan, lur motaren arabera. Kanona ez da izanen gutxiago antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino.

Zenbateko horiek kanonari dagozkio, eta urtero proposatuko da kanona, hura eguneratuz, aurreko urteko Nafarroako kontsumoko prezioen indizearen arabera (gora egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; behera egiten badu, berriz, bere horretan utziko da).

33. artikulua. Adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki eginen du laborantza eta, horretarako, jarraikiko zaie 24., 25., 26., 27. eta 28. artikuluei.

34. artikulua. Kontzejuak beretako gordeko du laborantzako azalera bat, gehienez herri-lurren azaleraren %5, onuradun berriei adjudikatzeko.

3. ATALA.–KONTZEJUAK ZUZENEAN USTIATZEA EDO ENKANTE PUBLIKOA

35. artikulua. Baldin laborantzako lurrik sobera baldin bada behin lehen eta bigarren ataletako prozedurak aplikatu ondoren, Lakarko Kontzejuak enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta, hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, jarraituko zaio 24., 25., 26. eta 27. artikuluetan xedatuari.

Kontzejuak ezarriko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa, eta hura izanen da inguruko gisako lurrak errentan emateko prezioaren antzekoa. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren (kontsumoko prezioen indizea) arabera.

Baldin enkantea egin ondoan laborantzako lurra sobera gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

36. artikulua. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartuta, eta ediktua jarrita Lakarko Kontzejuaren iragarki-taulan, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, herri-lurzatien adjudikazioa eska dezaten eskubidea dutela uste dutenek.

37. artikulua. Eskaerari erantsiko zaio honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazio bat:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez urtebete lehenagotik, eta Kontzejuan bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen.

b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak egunean izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork duen ezintasun fisikorik edo psikikorik.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai kontzeju honetan bai beste batzuetan; zehaztuko da lehorreko lurrak edo ureztatzekoak diren.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak lantzen dituen lurrak, errentan edo jabetzaz besteko titulu baten bidez, bai kontzeju-mugarte honetan bai beste batzuetan; zehaztuko da lehorreko lurrak edo ureztatzekoak diren.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai mugarte honetan, bai beste batzuetan.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Lakarko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatu beharrez; haiek oinarrituko dira agirietan eta datu objektiboetan, 21.3 artikuluan zehazten den bezala.

38. artikulua. Onartuen zerrenda onetsiko du Lakarko Kontzejuak, adjudikazio mota bakoitzean: lehentasunezko adjudikazioarena edo zuzeneko adjudikazioarena. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

39. artikulua. Kontzeju honen iragarki-taulan jarriko da aprobetxamendu mota bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda, hamabost egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa izanen da.

40. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda, modu bakoitzerako.

41. artikulua. Ikusita herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrenda, adjudikatuko dira ordenantza honetan ezarritakoaren araberako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Kontzejuak, zozketa bidez, laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrentzako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia-unitateen titularrei. Ordenantza honen araberakoak izanen dira loteen ezaugarriak eta azalera.

Lurzatien adjudikazioa burututa, jendaurrean paratuko da onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurzatien zerrenda, behin-behinekoa, 15 egunean, iragarki-taulan. Kontzejuak onetsiko ditu zerrendak.

42. artikulua. Alegaziorik baldin bada argitaratutako zerrenden aurka, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendurako onesten dituen oinarrietan, finkatuko da adjudikazioaren hasieran ordaindu beharreko fidantzaren zenbatekoa; zenbateko hori adjudikazioa bukatutakoan itzuliko da.

III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

43. artikulua. Lakarko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modalitate hauetan eginen da, lehentasun ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrei zuzenean adjudikatuz.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

44. artikulua. Larreen aprobetxamendua zuzenean herritarrei adjudikatzearen onuradunak izanen dira ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak. Aziendak alta emanda egon behar dute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, eta ustiapen liburuan ere jasota.

45. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea. Hori dela eta, Lakarko Kontzejuak interpretatuko du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen baldin familia-unitatearen bizilagun titularrek beren azienda kentzen badute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Aziendaren Erroldaren Erregistrotik.

46. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria izan behar du, frogatzen duena betetzen dituela indarrean dauden arauetan eskatzen diren baldintzak.

Bertan larratzen ahal dira Nafarroako Foru Komunitateak baimentzen dituen abeltzaintza-espezieak.

47. artikulua. Lakarko Kontzejuak, aurretik onuradunei ohartarazita, eraginik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien adjudikazioak, herri-lurretan hobekuntzak egitea bultzatzen duenean.

48. artikulua. Baldin herritarren arteko banaketan larrerik sobera gelditzen bada, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, Lakarko Kontzejuak erabakitzen duen denborarako, eta jarraikiz indarrean dagoen araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari.

49. artikulua. Aprobetxamenduaren banaketa zehazteko, honako baliokidetasun hauek finkatu dira azienda moten artean:

a) Behor-aziendako buru bakoitzeko behi-aziendako buru bat.

b) Behi-aziendako buru bakoitzeko ardi-aziendako 8 buru.

c) Ahuntz-aziendako buru bakoitzeko ardi-aziendako buru bat.

Kontzejuak onetsiko du herri-lurzatien onuradunek ordaindu behar duten kanona, aprobetxamendu modu honetan.

Proposatutako kanona urtero eguneratuko da, aurreko urteko KPIarekin (kontsumoko prezioen indizea). Gora egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; behera egiten badu, berriz, bere horretan utziko da.

IV. KAPITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA

50. artikulua. Mendian aski baldin bada, eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Atalak markatu ondoan, Lakarko Kontzejuak egur-loteak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

51. artikulua. Lakarko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko egur-loteen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Lakarko Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

52. artikulua. Egur-loteak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.

53. artikulua. Egurra banatzerakoan, Lakarko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emanen die egoera ekonomikorik apalena duten familia-unitateei.

54. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Lakarko Kontzejua irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 21. artikuluan islatzen den bezala.

55. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du egur-loteen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona, aurrekontu arruntean.

56. artikulua. Onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; hondar horiek ezin dira pilatu bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bestelako tokietan. Ingurua garbi utzi beharko da, hondarrik eta adarrik gabe.

Eskatzaileek urtebeteko epean egin eta bildu beharko dute egur-lotea, hurrengoa eskatu aurretik.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

57. artikulua. Egurretarako aprobetxatzen ahalko dira, salbuespen gisa, haizeak edo elurrak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsitakoak, baldin zura egiteko aprobetxatzerik ez badago. Betiere beharko da basozainaren eta Lakarko Kontzejuaren onespena.

Zuhaitz berberei buruzko eskaera bat baino gehiago badago, izen-emateen araberako zerrenda bat sortuko da, eta, ahal bada, banaketa bidezkoa eginen da eskatzaileen artean. Ezinezkoa bada, aipatutako ordenaren arabera banatuko da.

Baldin izena eman dutenetako batek mota horretako aprobetxamenduren bat jaso badu eskabidea egin duen urtean bertan edo aurrekoan, automatikoki igaroko da zerrendako azken postura.

V. KAPITULUA.–EHIZAREN APROBETXAMENDUA

58. artikulua. Herri-lurrak sartuz eratutako barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da jarraituz gaiari buruzko araudian ezarritakoari.

59. artikulua. Orobat, une oro aplikatzekoa den arauei jarraikiz eginen da usategien aprobetxamendua. Enkante publikoz adjudika daitezke, usadio-ohituren arabera.

VI. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK

60. artikulua. Kasu bakoitzerako Lakarko Kontzejuak prestatzen duen baldintza-agiriaren arabera eginen dira herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du.

VII. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

61. artikulua.

1. Lakarko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, laguntza emateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

2. Proiektu horiek Kontzejuak nahiz bizilagun interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan izanen den prozedura:

a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuak onestea.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordainduko zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

62. artikulua. Toki-erakundeak onetsiko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Kontzejuak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

63. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, aprobetxamendu modua edozein delarik ere.

d) Aprobetxamenduaren %80, gutxienez ere, ez egitea.

e) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.

f) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.

g) Lurrak lantzea Kontzejuaren adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

h) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Kontzejuaren baimenik izan gabe.

i) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

j) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta hura garatzen duen erregelamendua.

k) Animalia hilak abandonatzea, ingurumenari eta osasunari buruzko arauak urraturik.

l) Larratze-eremuak ez errespetatzea.

m) Herri-lurra itxi, okupatu edo bertan eraikitzea.

n) Herri-lurren sarbideak okupatzea.

o) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egitate edo egintza.

64. artikulua. Arau-hausteek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d) eta l) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea, eta errealitate fisikoa lehengoratzea, aldatu baldin bada.

–i) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko eskubidea.

–Gainerako arau-hausteetan, ordaindu beharko da egindako kaltearen balioa halako bostetik halako hamarrera bitarte, eta errealitate fisikoa lehengoratu beharko da, aldatu baldin bada. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko da 60,10 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko zehapena.

–Zehapen-prozedura bideratuko da jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuari (lege horrek tratatzen du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

Xedapen indargabetzailea.

Ordenantza hau behin betiko onetsitakoan, indarrik gabe geldituko dira Lakarko Kontzejuaren lehenagoko ordenantzak, arautzen dituztenak Lakarko kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua.

Azken xedapena.

Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2600469